36 Stockolm sindromea

                                                                                Stockolm sindromea

Lehenago lurra formarik gabekoa omen zen, hutsa, ilunpetik gertu
Baga, biga, higa, laga, boga, sega eta zazpigarrenean…..bi Prozak hartu.
Jainkoak, depresioan sartu zenean, gizakia zuen asmatu
eta bere antzera, Edenean sartu.
Stockolm sindromez joak aita zuten gurtu.
Bahituak Jainkoa defenditzen hasi ziren, bekatu !
eta berarekin ezkondu
eta ahantzi mehatxu eta mendeku .
Zer arima!
Eskerrak emateko Jainkoak ez zekien nora begira
Non ote arima ?
Bihotzean ala muinetan erina ?
Zer ote? Ideia ala haragia?
Kimikak parekatu zituenean arima eta haragia
Jainkoari beste Prozak pare bat eman zizkion, egia.
Ea bazuen gizaki lasai bat asmatzeko ausardia.
Erantzuntzat bere bihotza erakusten hasi zitzaigun, gorri-gorria,
amodioa hantxe gordeta egon balitz bezala, irria.

Atean joka Willis heldu
eta bihotza zen jomuga zagita batez zauritu,
erima muinetan dagoela oihukatuz,
haragia baizik ez dela builatuz eta denak mutu,
eta Canterburyko arzipestreak dena barkatu .
Lagun onetan beti behar baita kontatu...
Bere ondotik seme bilobaz jantzirik Darwin agertu
Ai ama, aintzinetik hori jakin balu
kreazioaz segur litzatekeela damutu.

Eta berehala, biek egin ikertzaile mutur luzearena
Aitaseme zintzoen pare, zalantzan ezarri Adanen ADNa.
Jainkoaren antza ote? Ebak Adanen saihetsarena ?

Aitzakitzat, ohiko antidepresibo pozioa urrupatuz,
Jainkoak bere curriculum vitae zuen azaldu
Moisesi manamenduak oihukatuz ,
eta gaizoak, Sinain, erdi xoraturik, besoetan harria ezin goratuz
nahas- mahas, eta bere baitan, saltsa honetan nork ote zuen sartu?
Eta ero begirada tinkatuz
Hil -hurren baten antzera, menditik behera arima amildu
ea alderantzizko biziaren haria ote zitzaion tximistatu,
eta hantxe agertu.


Giza sortzeaz Jainkoa hortxe zen damutu,
Stockolmeko sindroma denei zaielako sortu,
eta erauntsi gogorra gainera bidaldu
eta garunak garbitu.
Gora Brainwasha! Mendi kaskoan, ortotsez zipatu.

Holakoak egiteko Jainkoak bere buru guzia ba ote?
Adinekoa baino iduri gazte?
Gizonek asmaturikotik aparte,
kopetako kortexa osoki formatua ote?
Sor ekintza horren irriskuak ikusten ba ote?
Edo gazte xoriburu baten antzera berebila hartu
eta 200 km/h bide hestu jendetsuan abiatu,
eta tipustapaneko istripuaren arriskuz ez ohartu

Eta hori, zer ote?
Gizaren aldeko amodioa ala gorrotoa?
Biak! Aldi berean maitatzeak eta gorrotatzeak gizaren nortasuna baita
hori da gizaki egiten gaituena.

Eta, aintzinera begira, harri baten gainean lo zegoen aingeruari ostiko bat emanez, galdezka hasi :

  • « Hi , lekuko, gizaren sortzea instinktiboa ala luzaz pentsatua izan ote ? » 
    Baina jada Stockolmeko sindromez josia, zer erantzun ez jakin
    Gibeletik, dena ikusten dezakeen Jainkoak bere eskuko itzal-piztekoa bat- batean hartu

eta “Pausa” botoina zapatu,

aingeru lekukoak ez zezala aitortu

pausa egunean mundua zuela asmatu

eta dena depresio baten eraginez zuela sortu.

Eta animazioko filma larria doinu eztiez bukatu,
mehatxuak ahaztu eta bazterturik hainbat mendeku
eta ikusleek Stockolm sindromean betiko sartu
eta « in the end » Jainkoa maitatu.