35 Etorkil

Etorkil *1

 

Etorkizun beltzaz naiz josia,
bizi premia dut legea,
luxureriazko mundu txuriak nela*2 herritik joatea.
-Iep Kapitain!!! Hire patera ederrez itsasoan bogatzeak zer prezioa dauka? Bost mila euro ezta?
Esan ezak!
Zenbat denez badaki, zenbat izan gaitezkeen ezin jakin inola,
trumilka baitatozkiote, merke, garesti, otoi, negar, bost axola.
larogeita hamar abere tinko, hilkutxa estuan jarririk, hasi da tonbola,
haizeak gogor dultza*3, itsas joairak*4 bidetik urrundu nahiz eta hiperbola.
Bainan zer bidea? Inork ez daki nondik iragan, norantz joan behar gondola
eta goseari arroza, egarriari ura, bainan eskas geneukana agortu da eta nola.
Urik gabeko itsasoan boga, gernuka, negarka, edanka, ez lokartzeko hola,
loa eta heriotza anai-arrebak direla badakit, baita zortea hor dagola,
itsasoan burbuilez marrazteko leinu beltzaren erredola.

Itsas sabelean burbuxa* 5 da ito, biziak duen azken hatsarena.
Noiz tokatuko eni? Ekiz deskonposatzea baino, hobe izan sirena,
besorik gabekoa, marrazoek jandako buztan bateko herrena...
Hau barbaria! Elkar laguntzik ez! Bakoitxa berea, krudela eta ..gangrena.
Kapitaina ezin kondena Nor beste argiaren timoi eta antena.
Eta oihuak, bortizki, eta negarrak, isurki, SOSka, oi orro ozena!
Nori? Nora? Lurartzea baizik ez dugu aurrean, hori da dena.

Kanarias! Bihotz nahas, urratuok baizik ez doihukagu!
Hobe hobi humean bizirik nabal bazka izan baino, hori badakigu.
Heriotza arrebaz gara anaitu, bere irudi errea gugan daramagu.
Bihotz hilik geldien*6 guk, mintzo, mingain beltza dantzan daukagu.

Neska ederrak hondartzan titiak erretzen,
gizon harroak tabernan whiskya gozatzen,
azal beltxaran gazteak nor gehio ligatzen,
itsas bazterreko uhainak dilindaz asetzen.
Eta gu oihuka eta haiek builaka, izuturik.
Hor girits*7 goroitzak, itxaropenez beterik,
bizi gabeko bidean sarturik, eta guardiak irririk
eta turista guztiek argazki pila harturik.

Gorrotatzen ditut, denak, bainan bereziki desordena,
bizi lasaia astintzen duen inbasio morena,
desdoinukatzen ahal duen gaueko berbena,
hits dezakeen luxureriaren eszena.
Kar-kar! Erroen arteko kapitainaren faena.
Kar- kar! Isilik atsegabeturik nagoen indigena.
Kar-karra! Itzulian pasatuko dudan lotsarena.
Kar- karra! Ta irrifarra! Herrian gelditzeko arrazoinik eman ez digun harena.


*1 Etorkil: Etorkin eta hil
*2 Helatzen nau
*3 Bultzatzen du
*4 Korrontea
*5 Burbuila
*6 Gelditzen garen gu
*7 Iristen gara