03 hauteskundeak- Oroitzirriak

Hauteskundeak

 

40 urteren ondotik,bozkatzeko eskubidea Hego Euskal Herrira itzuli zenean , alderdi politiko guziak lanean hasi ziren.Hautes-kanpaina gogorra izan zen,eta EAJ -PNVek,beste alderdi guztiek bezala bere bozka gehienak atera nahi zituen.

Nahiz eta gipuzkoarra izan,nere amatxi Donibane Lohizunen bizi zen,gerla denboran ihes eginik eta beste hainbeste bezala, berrogoi urte hauteskunderik gabe bizitu izanik.Sortzez,tolosarra zen eta beti zioen bere sorterrira ez zuela itzuli nahi paretak baizik ez zituelako maite.Ihesera bultzatu zuen jendea ez zuela gehiago ikusi nahi eta ez zela sekulan gehiago itzuliko.

Francoren heriotzaren ondotik eta bere burua bakarrik ez sentitzeagatik,Bilbora eguberritako bestak igarotzera joaten hasi zen, bere ilobaren etxera,nere amaren ahizparen etxera.Han politikan bizi ziren une berriak zaporez dastatzen zituela banekien,familiko guztiak,den denak EAJkoak baitziren,bera bezala,gure familiaren eritzi politikoaren jarraikitzaileak.Nere izeba eta bere seme alabek udaberriko hauteskunde berriak prestatzen ari zirela banekien , bainan ez zidaten pipik ere kondatzen ni haiena ez nintzela bazekitelako,itur beretik jalgia bainan ezker abertzalerantz berriki itzulia nintzelako.

Kanpaina hura erasoz erasoz pasa ondotik ,emaitzek erakutsi zuten gizarteak PNV lehen alderdia izan zedin bozkatu zuela eta amatxiren alderdia probintzi gehienetan nagusitu zen.

Pozik zeuden,ni ere bai ,hala ere,frankismoa agortu zelako eta libreki bozka zitekeelako.

Donibane Lohizunera itzuli zenean mingainak laxatu ziren.Hastapenean ez,batere ez ,bainan gero,polliki,polliki,ixtorioak etxeko plazara ateratzen hasi ziren,batzuk lotsaz,besteak irriz,batez ere nere emaztearekin zituen elkar hizketetan,nerekin halako politika gauzetan ez baitzen gehiegi mintzatzen nere erreakzioaren beldur omen zegoelako..

Nahiz eta egun hartan kondatzen ari zitzaiguna ez zitzaidan batere gustatu, irri goxo bat bihotz zolatik jalgitzen hasi zitzaidan ,lehen lehenik ixtorioa amatxik kondatzen zuelako eta bere ixtorioak argirat ateratzen zituelako ere .

Kontatzen zizkigun orduko hauteskundeetako abentura haiek nardagarriak bezain irrifartsuak agertzen zitzaikidan.

Batere ahalkerik gabe zortzi aldiz bozkatu zuela aitortzen ari zitzaidan,neri.Zortzi aldiz botoa EAJeri eman ziola lotsagaberik azaltzen,hor nere aintzinean,irrifarrez.

Bilboko izebaren klan horietakoek antolaturik,bulegoz bulego ereman zutela zioen, beste hainbeste jenderen ordez bozka zezan,beste hainbeste andre zaharren ordez botoa eman zezan eta beste hainbeste bozkaz bere alderdiko boto-paper kopurua gehi zezan .Zortzi aldiz !Harrigarria !

Sekulan bere bizian ez omen zuen hain gaizki pasatu,izerdi putzutan omen zegoen,bulego bakoitzean mozorro desberdin batez jantzirik.Batean, buru oihal zahar batez estalirik,ile txuriak izkuta zitzan,bestean makil batekin herrenka jendeari pena emateko gisan,

beste batean ere betaurreko zahar batzukin inork ezagutzeko moduan…..

Pentsa,amatxi gaixoa,nere hirurogeita hemezortzi urteko amatxi xaharra antzerkiz antzerki,ikaraz josita.

Ni harriturik nengoen ,alde batetik irri egiteko gogoz beterik, bainan bestetik nere politika eritziaren aurka aritzeagatik hasarre ,oso hasarre halere.

Hori guztia egiteko arrazoina garbi garbia zeukala aitortu zigun eta Francori zuzen zuzen hitz egiten balio bezala hala zioen :«  Horrenbeste denbora bozkatu gabe eduki bainauzu,ba orain tori ! Mendekua !Zortzi aldiz !

Eta ustegabean , faxismoaren aurka proposatu zioten mendekatzeko bide egokiarena,zinez erresena atseman zuen.

- Tori ba !Berriro zioen ozenki. Hor duzu orain !Katilurik ez baduzu nahi,katilu t’erdi !Hala !

Amatxik ehun urte beterik zituen hil zenean.

Abentura hori zinez ederra atxeman nuen,batez ere orain ,hainbeste urteren buruan,amatxi aspalditik falta zaigula eta,bainan ihauteri haren ixtorioa ez zait gogotik inoiz ihes egingo.

 

Xubiltz