04 Teilatuetan-Oroitzirriak

4-Teilatuetan

Aro hartan St Bernard eskola arras famatua zen. Nere aitak ni han egon nendin nahi izan zuen,bera gazte denboretan han egon zelako segurki.

Baionako barnetegi hartan denetatik bazen,bereziki frantsesak eta espainolak eta horien ondoan euskaldun bakar batzuk ere,gutxi.

Adibidez Madrileko Levy izeneko batek nere gelaren ondoko gelan zuen egoitza eta urrun bizi ziren horien bizia ez zen batere gozoa,oporretan baizik ez baitziren etxera itzultzen,hiruilabetean behin soilik. Parean Lacaberatz neukan,Baiona bertako laguna,gero eta hogoi urteetan oberdosis batez herioztu zena. Ezkerrean,Christian François,Biriatuko « Bakea » jatetxe famatuaren semea,bere parean Parritzky, Penide eta Quiniou,Lasarteko Michelineko goiburuen semeak.Denak barnetegi haren azken pisuan ginauden,bakoitxa bere gelan ,eta orduko bizitza txantxetakoa ez zen .

Nere herriko lagunak Nano Péré Donibane Lohizuneko farmazilariaren semea, Alain Geneze La Hutte kirol dendakoarena, Philippe Issaly,gazterik hil zitzaiguna ,ere estai hartan nerekin zeuden,baita ereVarela,Dantxarineko benta bateko semea, De Ryvoire,noble batzuen semea,behin oina goitensioneko kable

batzukin osoki erre zuena,eta beste hainbeste barnekide, orain erabat ahantzi ditudanak bainan idazterakoan beharbada berriro gogora itzuliko zaizkidanak.

Hirugarren pisuko galeria korridorre hartan gelak ezker eskuin zeuden,eta erdi erdian , presondegi ez hain katoliko hura zaintzen Kanix anaia, baberoduna.La Salleko fraile bitxi hark Fermin Otegi zuen izena,geroxago barnetegia utzirik Erromara igorri zutena,gurekin denbora galtzen ari zen teologo haundia,zazpi hizkuntz bazekizkiena eta Aita Sainduaren kontseilaria izendatuko zutena.

Egunez,fraile burutsu hura espainolezko irakasle genuen,irakasle txarra benetan,nardatzen genuena eta arratsetan,bere gogoaren kontra gure pasillo hotz bezain triste hura zaintzen orduak pasatzen zituen,irakur ta irakur.Gizon hura ez zen hortarako egina,ez gu zaintzeko,ez eta ere irakasle izateko.Halere han egon behar,gure haur zirtzilen gogoen plazerrerako.

Bertako arauak biziki zorrotzak ziren eta behin bakarrik gelatik ateratzeko baimena bagenuen batez ere komunera joateko.Gelako bakardadean ikasten egon behar ginen edo ,gehienetan egoten ginen bezala,ohearen gainean ezer egin gabe.

Halere,elkarrekin egon gintezen zer egin laster ikasi genuen eta hirugarren pisu haren leihoetatik landa salbabidea ezagutu genuen.,beharbada beste lagunekin egoteko baino, arau zorrotza haiek urratzeko.Halako barnetegietan egon direnek badakite zer den hori,zer den mutikoen arteko giro salbai hori,nola legeak haustea eta zigorretatik ihes egitea den helburu bakarra.

Egiazki lanjerosa zen teilatu gainetan ibiltzea bainan gela batetik bestera pasatzeko bide bakarra hura genuen. Leiho zahar haietatik atera eta argirik gabe,kanalizazioen gaineko teilatu apur bezain ustel horren gainean ibili,polliki -polliki,hamabost bat metroko altura izigarri hari irain eginez.Eta hala,harro-harroturik eta beldurrez beterik,leiho batetik bestera ttapattan-ttapattan igarotzen ginen,laupattaka.

Ai ama norbait erori izan balitz !Bainan ez, nik ezagutu nituen hiru urte haietan ez zen batere istripurik izan,behatz topatze txiki batzuen aparte eta gaueko gure bisitak lasaiki jarraitu genituen.

Nahiz eta barnetegietan tradizioneak beti segitu , ez dut uste gure ondoko ikasleek halako astokeriarik egin zezaketeen ,inoiz ez dut halakorik entzun geroztik,bederen.

Argiak hamarretarako itzali behar genituen eta harritzeko zen nola bederatzietarako lau edo bost lagunen gelak jadanik argirik gabe gelditen ziren. Kanpoan argirik ez bait zenez,ez genuen batere erresa ilunpeetan kaineri hartatik gelara itzultzea ,beraz beste leihoetatik jalgitzen zen argia gure bideko baliatzen genuen.Nik uste dut Kanix,egiazki «  caniche »,txakurtxo,fraileak ez zuela asmatzen ahal zer babak egosten ziren gela horien ateen atzetan,nola pentsa zezakeen leihotik atera ginatekela,altura horrekin,teilatu zati mehar haren gainean,kañeri zahar hura zapalduz,azkenean ezer egiteko,legeak hausteko baizik.

Bainan zer poza behin eta peril hura pasatu,behin eta dardar guziak lagunaren gelan sartu…Eta hori nik suertea neukala,gure arteko bilkura guztiak nere ondoko gelan egiten baitziren bainan beste batzuek lau edo bost gelen arteko tartea oinez eta beldurrez egin behar zutenak, haien bizia jokatzen zuten,leihoen artean lau edo bost metroen aldia baitzegoen eta hogoita bost metro teilatu gainetan egin behar txantxetakoa ez zen,benetan astokeria .Orokorki hamabi leiho zirela oroitzen naiz eta Varelaren gelaraino joateko ,batzuek distantzia osoa kurritu behar zuten,beharbada hogoita hamar metro.Zangarkeri hutsa.

Gu, hamabost urteko inkontzientzia nagusi, ez ginen horretaz konturatzen eta gure helburu bakarra lagunen arteko zozokerietan aritzea bait zen eta nola ez, berriz ere diodan bezala arauak haustea.

Batzutan,itzultzeko beldurrez ginenean,nekatuta edo logaleturik ginelako,pasillotik itzultzea erabakitzen genuen,komunetatik itzultzen bagina bezala.Atea doi doia ireki ,Kanixi isilka so egin eta bat-batean korridorean agertzeko ezer pasa ez balitz bezala.Abantail haundi bat bagenuen,zaindaria beti irakurtzen ari zela eta aski hurbiletik gainera,meza liburuxka ilun hura eskutan,sudurraren gainean,eta gainera beti ibilki,korridoretik alde batetik bestera.Aski genuen bizkarra ematen zigularik gela hartatik ateratzea,bainan ez zen irriskurik gabekoa,belarri fin finekoa bait zen gure fraile itsu maitagarri hura.Aise hobekiago eta seguruago genuen leihotik gelara itzultzea bainan batzutan irrisku gehiagoari aurre ez egiteko gisan,pasilloa hartzen genuen.

Bere ondotik iragaiten ginenean begirada soil batez begiratzen gintuen zer ari ginen galdeginez.Beti erantzun bera entzuten zuen : « komunetatik heldu naiz nere anaia »,bainan frailea ez zen hain zozoa iduri zuen bezala eta erantzun zorrotzak egiten zizkigun,hala nola :

« Nundik ateratzen zara ? Ez zaitut komunetara joaten ikusi »,edo

-« Komunetatik ?Bainan komunak beste aldean daude!”

Kasu horietan botatzen genion ohiko erantzuna erdi lo ginaudela zen eta konturatu ez ginela.

Edozein erantzunak balio zuen,nahiz eta gehienetan ez sinestekoa izan, inoiz ez zukeelako pentsatzen ahal teilatutik abiatzen ginela.Beharbada burua desbideraturik zeukan , despistatu txoriburu bat baizik ez baitzen ,bainan sekulan ez zuen pentsatzen ahal kanpotik pasa ginela.Hura bai sinesgaitza zela.

Behin,denak Varela lagunaren ondoko gelan bildu ginen,betiko lau edo bost lagun deabruak eta zirtzilkerietan eta Kanix probokatzeko asmotan,gela batetik ateratzen eta beste batean sartzen ginen berak deus ikusi gabe.Baten batek,emeki atea ireki eta oihu egiten zuen,behin eta berriro atea zuhurki itxi baino lehen, ezer pasa ez balitz bezala eta… Berriz berdin ,bi,hiru,lau aldiz gauzak puntaraino ereman artio, Kanixek liburuaren gainetik debaldetako begirada zorrotzak botatzen zituen bitartean.Berak bazekien gure joko irringarriarena bera nardatzea zela eta arrazoina zeukan, inoiz ez genuelako hobeto pasatzen.Eta berriz ere oihu eta inor ez….

Francisco Varela Dantxarinekoa zen eta mutiko serio serioa.Gure ixtorioetan inoiz ez zuen parterik hartzen bainan egun hartan ederra etorri zitzaion gainera.Hainbeste soinu eta ahotsen artean Kanix, susmo txarretan,isili isilik,egiten zituen ohiko gauzetatik urrunduz,pasilloan zeuden beste puntako azken geletaraino hurbildu zitzaigun,nehor ohartu gabe,Franciscoren gelako inguruko atera, eta gu, gau hartako irriekin segitu nahiez eta oihu egiteko jokoarekin jarraituz,ondoko atea berriz ere ireki genuen beti bezalako zuhurtze handiarekin eta hor,gure aurre aurrean,ile txuridun pelo pintxo aurpegi hura, parez pare aurkitu!Kanix!

Zer izialdura eta zer irriak bai-batean eta indarrez atea bultzatu zigunean! Barnean ginen bostak zizpaka atera ginen bere begi harrituen aurrean.Nola egon zitezkeen bost horiek gela hartan ez baldin bazituen pasillotik pasatzen ikusi? Misterio.Hori baizik ez zeukan buruan.Lasterka gure geletarantz abiatzen ginen bitartean, hainbeste hots eta harrabots senditzeagatik,Varelak atea ireki zuen korridorrean pasatzen zenaren jakin gosez bainan konturatu gabe Kanix ondo ondoan zeukala,ezohiko leku batetan.Eta bat-batean,bi aldiz pentsatu gabe animaleko zafla bat masailera ailegatzen zaiola,Kanixek igorria,atzelari batek pilotari eman ziezaiokeen pareko horietakoa.

Ate kantoinean gure Varela zintzoa,eskua aurpegian,masaila gorri-gorririk harriturik esan zion:

-Bainan nik ez dut ezer egin”.Anai baberodun hark bere ezintasuna nolabait irentsi beharrez,oihuka hasi zitzaion,ea nundik atera ginen builaka..

Eta Varela gaizoa ,deus ez egin eta zanpatekoa berak hartu,deusetan ez aritu eta hasarreak berak jasan.Eta gu,gure geletako ateetatik irrifarrez Kanixen desesperazioaz eta Varelaren zoritxarraz gozatuz.

Denak zigortuta egon ginen,gela hartatik atera ginen bostak,gelako jabea eta nola ez Varela eta asteburu horretan barnetegian gelditzera kondenatu gintuzten,ateratzerik gabeko zigor zorrotzera.

Eta hala iragaiten zuen gure barnetegiko biziak,nor bihurriago,nor zirtzilago.Zirtzilkeri hark mugarik ez zeukan eta orain,berrogoi urteren buruan St Bernard eskolara oroitzapenen bila hurbiltzen naizenean eta kanpotik gure gelen kokapena ikusten dudanean,eroturik ginaudela pentsatzen dut,hirugarren pisuko hamabost metroko alturian nola ibiltzen ginen oroituz.

Inkonzienteak,benetan inkontzienteak. Xubiltz