00 Aintzin solasa

Aintzin solasa

Bi mila eta seigarren urtean, Maiatzek « Oroitzirriak » kontakizun liburua argitaratu zidan eta egia aitortzeko nahiko kritika onak eta arrakasta jaso zituen. Orain dagerren bigarren ale honek beste hainbeste ixtorio ditu, eta lehen liburuaren segida naturala izanez, Oroitzirriak II izena eman diot. Lehenbiziko alea bukatzerakoan ez nuen inoiz ere pentsatzen ahal beste hainbeste kronika asmatzeko gai izanen nintzatekela, baina oroitzapenak izan duen isurpena hain aberatsa izan denez, beste berrogeita bat kontaketa atera zaizkit.

Berria” egunkarian daukan zutabean, Andu Lertxundi idazleak euskal literaturan, nere lehen liburu hartan zagerren mamiren antzekorik inoiz ez zuela euskaraz idatzirik ikusi zioen, gauza hain pertsonalez mintzatzea ez delako usu gure idazmunduan, are gehiago hain zabalik bihotza irekitzea, euskaldunak horretan nahiko herabe baigira. Hori dela bi liburu horien balio handiena uste dut nik ere, oroitzapen eta irriaren bitartez, aitormenez jositako kofesio unkigarria egitea, bi liburutan dagerten larogeita bi ixtorio horiek, ahoz eta lagunen arteko irrisolasez kontatzen banitu bezala.

Jende ainitzek lehen liburua ateratzerakoan ea kondatzen nituenak egia ziren behin baino gehiagotan galdegin zidan, beti baiezko erantzun bera ukanez. Honetan ere hala da eta gertatukoari ene kondatzeko manerak bere saltsa egosten badio ere, kontakizunen mamia beti legezkoa da, egiazki gertaturikotik inoiz urrundu gabe. Beraz, irakurleak jakin dezan irakurriko dituenak egiazki gertatu direla, nahiz eta ixtorio batzuetan izenak eta lekuak aldatu ditudan.

Lehen “Oroitzirrian” erabili nuen azpi titulua “Baztango lapurtar baten leihotik” izan zen eta Niko Etxart lagunaren esana gogorat erakarriz, honetakoan, “Lapurdiko baztandar baten leihotik” erabiltzea erabaki dut, aspalditik kantari ezagunak Lapurdiko baztandarra deitzen nauelako Nafarroan ikusten nauelarik eta Baztaneko lapurtarra Donibane Lohizunen topo egiten dugularik.


Beste galdera bat gogora etorri zait, ea nola lerrokatu gaurko ixtorio horiek, kronologiaren arabera, haur eta gazte denboretan gertatuetatik azkenetaraino abiatuz edo denak nahasiz, eta denak koropilatzea erabaki dut, denborari kasorik eman gabe, nahiz eta haur denboretakoak lehenik ezarri, narrazioen oreka sentsazioarena izan dadin eta irakurlea asperkeria baztertuz, kontakizun desberdinetatik hegal dadin. Halere ixtorio bakoitxaren hastapenean, gutxi beherazko data bat aipatuko dut.

.

Esker berezi bat eman nahi nioke Maiatz argitaletxeari, bere funtsezko lanarengatik, ez baita erreza, Xiberoa, Behenafarroa eta Lapurdi diren gure hiru probintzi hauetan liburuak euskaraz argitaratzea, euskal irakurle ugari ez baitago. Beraz txalo eta erdi! Eta inoiz ez delako laudoriorik eskaerarik gabe, ene nahia hauxe liteke, behin, nere bi liburu hauetan agertzen diren larogoita zortzi ixtorioak liburu bakar batean biltzea, lan horrek bere osotasuna har dezan.

Hegoaldeko zonbait sasi-adituri esan nahi nieke Iparraldean liburuak argitaratzeko diren zonbait argitaletxe, (Hatsaren poesia eta Maiatz barne), bere baliabide laburretan ari direla, hemen euskal instituziorik ez dagoelako eta medio murritz horiek ahal bezala liburuak ateratzera bortxatzen dituztela, fotokonposiziozko antzeko lanetan arituz. Hemen ez baita zuzentzailerik, ez irakurle ainitzik, ez eta euskara batua ofizialki kudeatzen duenik ere. Beraz egiten denari agur eta ohore. Gure probintzietako euskal kultura podere publikoengandik abandonatuta dago, nahiz eta gero eskuak garbitu ematen duten apurrarekin. Beraz, zozoei kritika guttiago eskatuko nieke eskas bat dagerrenean, ortografiazko erratak dagozenean edota formazko akatsak daudenean, gehienetan holakoetan dabiltzanak ezer idazteko gai ez direlako.

Azkenik, liburu hau Mattin Olzomendi lapurtar gazteari eskainia dudala azaldu nahi dut, Euskal Herriaren alde aritzeagatik presondegian dagoen bitartean ene idatz eskaintza guziak beretzat izanen baitira, Peio bere laguna aske baitago jadanik.
Zuri beraz liburu hau! Zure ziega iluna argituko ez badu ere, ea zure aurpegia eta irria unetxo batez alai ditzakeen bederen. Nere eskaintza hau azkena izan dadin! Horrela izan bedi !

.