28 Mickael eta erregea

Mickael eta erregea

Aspaldiko lagun honen ixtorioan bere izena ezin diat agertu, ez eta bere herria ere, nahiz eta esango ditudan guztiak egia zintzoak izan. Ohiko adiskide hori Euskal Herritik kanpo bizi den medikua da eta aspalditik jende ospetsua beregana sendatzera etortzen da, bereziki kirolariak. Hezur konpontzaile paregabetzat hartzen dute eta gehienek diote Europan dagoen hoberenetarik bat izan daitekeela. Adituek esaten dute artikulazioak sendatzeko asmatu duen modu berri bezain berezia medikuntzan biziki garrantzitsua dela, baina gehiagorik ez dut esango, badaezpada ere. Halere sendagile paregabea zalantzarik gabe.

Behin, omen, Europako uharte batean oporretan zegoelarik hartu zuen hotelean lasaiki pausatzen ari zela telefonozko dei bitxi bat jaso zuen bera zenik galdeginez eta norbait ospetsua berehala operatu behar omen zuela esanez. Egun hartan erdaraz egin zen elkar hizketa modu honetan bil nezake:

- Bai!

- Mickael Horse Alkikabe al zara?

- Bai, nor zaitut?

- Nor naizen ezin dizut esan bainan norbait ospetsua operatu behar duzu!

- Nola? Bainan nor? Ni oporretan nago.

- Ez,ez, gauza arras garrantzitsua da eta elkar ikusi behar dugu pertsona hori

opera dezazun.

- Bainan nola, oporretan nago eta nere klinikara lanera itzuli baino lehen

operaziorik ez dut egingo.

- Bai,bai, presako afera bat baita eta ezin dugu itxoin, beraz ea bihar elkar

ikusten ahal dugun?

- Bale ba, bihar non eta zer ordutan?

Zehaztasunak eman zizkion eta biharamuneko hitzordua hartu zuten.

Astelehen hartan Mickael Horse Alkikabe leku berezi hartara tenorez iritsi zenean bi gizon auto beltz batean bere zain zeudela ohartu zeneko bertan igotzeko esan zioten, zalantzaz beterik berebil eroso haren atzeko partean esertzeko. Berehala eta beste hitzik gurutzatu gabe, urgentziazko afera zela esan zioten, aste horretan egin beharko gauza eta beste erremediorik ez zeukala aitortu zioten. Beste galderarik egiten utzi gabe uharte horretan zegoen klinikan operatu behar zuela luzatu zioten. Medikuak lehenik ezetz erantzun zien, berak ebakuntzarik ez zuela praktikatzen bere lantokitik aparte, han zituela bere laguntzaileak, bere tresneria berezia, bere leku ezaguna eta handik kanpo ez zuela inoiz operatzen, batez ere beste kliniketan berean zeuzkanak ez zeudelako. Bost axola ziela erantzun zioten, dena ekarraraziko ziotela, bainan ebakuntza hura derrigorrezkoa zela. Oraindik ez zioten aipatu ere eriaren izena eta zer operazio mota egin behar zion ere ez, bainan azkenean gai hori mahai gainera ekarri zutenean sorbaldako ebakuntza bat zela aitortu behar izan zioten.

Nere lagun medikua harriturik zegoen, batez ere nola ezagutzen zuten ikustean, zehaztasun guztiak atera baitzizkioten, nor eta noiz behin edo beste operatu zuen, ebakuntza haiek nola atera ziren, zer ondorioak izan zituzten... eta azaltzen zioten guztiaren arabera aspalditik berak egindakoak kontrolatzen zituztela ageri zen, galdeketetan ari izan zirela nahiko garbi utzirik, informazio guzti hura nolanahi ez baitzen lortzen ahal. Ezezagun misteriotsuaren egoitza hotelera ereman zutenean sekretu handi bat zela aitortu zioten eta han esanak inoiz ez zituela kontatu behar esan zioten ere. Mehatxurik ez omen zioten egin bainan aski garbi adierazi zioten estatuko arrazoin bat zela eta bortxaz ebakuntza hura egin behar zuela. Ongi pentsatzeko erantsi zioten eta baiezkoa ematea baino beste erremediorik ez zuela adierazi ziotenean, zerbait garrantzitsua izan zitekeela gogartu zuen. Azkenean, egia esan zioten, Espainiako erregea sorbaldaz operatu behar omen zuen!

- Bainan zer errege! ---erantzun zien Horse Alkikabek

- Juan Carlos Espainiako erregea. ---luzatu zioten.

Une isil batez Mickaelen aurpegia ikertzen aritu ziren ea lehenbiziko erreakzionea baikorra ote zuen, bainan, esan ziotenaren arabera, derrigorrezko ebakuntza hura jadanik programatuta zegoen eta besterik ez zegoen.

Biharamunean, dena jadanik prest zegoela baieztatu zioten, uharteko klinika bakarra ostiralerako errekisizionatu baitzuten. Ordurako material guztia ekarri zioten eta isil-isilik, bezpera egun hartan, erregea kontsulta pribatu hartara hurbildu zitzaionean bera sendatzeagatik esker beroak eman zizkion. Alkikabe harriturik zegoen Juan Carlos erregea, erdi bilutsik, bere sorbaldaren haustura erakusten ari zitzaiola konturatu zenean.

Ostiral goiz hartan ebakuntza-salan sartu ziren eta jadanik anestesiatuta zegoen erregeari hezurrak konpondu zizkion. Alkikabek ez zidan zehazki kontatu ixtorioa nola bukatu zen, erregea klinika hartan zenbat egun egon zen eta abar baina Madrilera laster eta zuzen itzuli zela bai, sekuritate aferengatik denbora gehiago uharte hartan ez zitekeelako egon.

Dakidan bakarra ixtorioak eskas duen buztana da, hilabete batzuen buruan gertatutakoa. Hiruzpalau hilabeteren ondotik errebisioa egin behar ziola eta, La Zarzuela jauregira deitu zuten eta, bere ohiko lana utzirik, Madrilera abiatu zen, hezur hura nola zihoan azter zezan. Dena ongi pasatu zela suposatzen dut baina beste hainbeste hilabete iragan ondotik, Mickael gure medikua harriturik zegoen oraindik ordaindu ez ziotelako, ez eta zenbat zor zioten galdetu ere. Berak ere inoiz fakturarik ez zuen igorri, erregeak bazekiela operatua izan zela pentsatuz eta haren ordaina errege-etxeak zor zuela.

Urte batzuen ondoren Mickael Horse Alkikabek ixtoria kontatu zidanetik oraino ez zuen zentimorik jaso eta gauzak hala ez zituela utzi behar aholkatu nion bainan laguna ezagutzen dutenok badakite ez duela sekulan ezer eskatuko.

Afera ez da hori, ni, erregeak ezer ez dakiela seguru bainago, gauza horiek ”La casa Real”, errege-etxearen eginbeharrak baitira eta iduriz, inoiz inor ez ordaintzearen ohitura omen dute. espainol subjektoek erregeari dena zor baliote bezala, bainan arazoa da Horse Alkikabe berez ez dela espainola...

Gaizo saltzailea erregina bere dendara badator, gaizo jatetxea errege familiakoak afaltzera badatozte eta gaizo medikua erregea sendatzera ausartzen bada. Sinesgaitza egiten bada ere, gertakizun horiek halaxe gertatu zitzaizkion eta norbaiti bururatzen bazaio aitormen hau plazaratzea, Mickel Horse nor den igarriz, hori ez egiteko aholku bat emanen nioke, Mickelek halakorik ez duelako nahi. Beraz, badakit gaizki egiten dudala hauxe idazten, baina hainbeste urte iragan direnez eta izenik ez emanez...barkatu Mickael.

Gaur, 2011ko abenduaren hogoita zortzia da, Inozenteen Eguna eta ETB2ko Klaudio Landak aurkezten duen arratsaldeko programa begiratzen ari naiz, Espainiako erregearen alabarekin ezkonduriko Urdangarin jaunaren desmasiak gaitzat harturik. Errege-etxeak ainitz gastatzen duen gaiaz mintzo dira eta telefono zenbaki bat harat deitzeko dager. Hiru aldiz markatu dut izengabeko ene ixtorioa kontatzeko baina ez didate telefona hartu eta gaiaz aldatu dute, beraz ezer ez, baina pena, hortxe aitzaki ederra bainuen jendeak aspaldi gertaturiko egiazko ixtorio bat jakin zezan.