38 Gorriak eta beltzak

Gorriak eta beltzak

Euskaraz bi koloreen izenak bata bestearen ondoan ezartzen ditugularik, nahasketa ez da osasungarria bilakatzen eta zer esan nahi dugun ez da garbi azaltzen. Aldiz, kolore berdinaren izena errepikatzen dugunean trinko bezala erabiltzen dugu, hala nola xuri-xuria, osoki xuria dela esan nahi dugunean edo gorri-gorria erabat gorria denean edo urdin-urdina zeru oskarbiari esaten diogunean. Hori-gorria edo zuri-gorria darabilgunean bi kolorez nahasitako zerbaitetaz ari garela badakigu edo, aintzinetik, ohiturak tinkaturiko hitzak harturik, zertan ari garen badakigu, hala nola, txuri-urdinak, Errealeko jokolariak aipatzeko edo txuri-gorriak Atletikekoak. Gure hiztegia horretan aberatsa den ez dakit bainan maiz erabiltzen ditugun hitzak dira.

Behin, Ziburuko Tana tabernan koloreen gaia solasgai jalgi zitzaigun eta, baten batek kontatu zuen nola bere herrian, erran zaharrak biltzen zituen adineko gizon xelebre bat liburuxka bat idazten hasi zen, euskal espresioak jasorik eta nola ez, bere itzulpenak emanez, itzulpenik gabe ezer ez garela iduri baitu. Eta gure arteko solasak jarraituz, kontalariak zioen nola, bere herrian, agure famatu hark erran zaharren liburuxka bat idatzi zuen. Haien arteko batzuek koloreen arteko hitz multzoak adierazten zuten eta orrietan zagerien xelebrekeria handiena hauxe zen: « Gorri eta beltzak ikusi ditugu ». Denek ulertzen dugu zer esan nahi duen hitz multzo horrek eta euskaldun garbi batek berehala esango luke jasangaitzak pasa ditugula horixe entzutean. Zer irriparrak sortu zitzaizkigun gure lagunak hark idatzitakoa kondatu zigunean, erran zaharren liburuaren zerrenda luze hartan itzulpen guziak zagerizelako eta honen ondoko erdarak omen zioen: « Gorri eta beltzak ikusi ditugu »- «  Hemos visto claretes y tintos». Gizon zahar horrek ziur egun hartan arno sobera edan zuela halako gauzak idazteko, ezta? Zer ausardia liburu batean halako gauzak argitaraztea!

Euskara galdu dutenen artean eta batez ere Lapurdin, kultura sasi arduradun ugari bada, izan daitezke koral eramailea edo turismo bulegoetako enplegatua edo, txarrago oraino, herrietako kontseilaria edo zinegotzia. Gure hirietan, batez ere kostaldekoetan, halako jende ugari badago eta gertatu zitzaidan gauzatxo bat zabaldu nahi nuke. Donibane Lohizuneko Begiraleak elkartean 1991an sortu genuen kantu atelierra bizi-bizirik zegoen eta arrazoin bitxi batzuengatik, kantu arduradunak, jende andana batekin, handik lekutu, banandu eta gure taldetik berexi ziren. Sortu zuten talde berriari Kanta Donibane izena eman zioten, horrek euskaraz zerbait esan nahi izan balu bezala. Donibane kantuz, edo kantan edo edozein gauza bainan Kanta Donibane? Nondik? Bost axola! Haien kantu taldea gure modu berberera derabiltelako, Ku Klux Klan hitzaren ideia baliatuz, KKK deitzen ditugu, « Kopié, Kolé, Kanta». Gu euskaldunegiak eta abertzaleegiak ginelako gugandik banatu ziren, eta horrek KKK letrei beste erranahi bat bilatzen lagundu dit: Kaka Kolorezko eusKaltasuna. Frantsesak Frantziara eta Begiraleak bere kabira!

Solasgai ditut egun, hizkuntz astokerietan nagusi direlako, ikus bestela: Azken lau urte hauetan, herriko jaietan guk egiten dugun moduko poteo kantatu bat antolatzen dute ere eta herrian zehar kantuz ibiltzen dira, bainan irringarriarena ez da hori, baizik eta afixetan, egitarauetan, jaietako programan, prentsan , kalejira horri «  Erian kantuz » izena eman diotela. Bai, bai, harritzekoa ezta? Pentsa zer euskaldun garbia izan behar den halako astakeria idazteko eta ez nahiez, bistan da. « Herrian kantuz » idatzi beharrean eta erietxeetan kantuz aritzen balira bezala horixe dute leloa. Agian, eriak kantuz ari direla erran nahi dute? Edo eritasunean kantatzen hasi direla? Nork daki. Hain errexa baita euskaraz ongi idaztea bainan ausarkeriak eta kaskoinkeriak bat egiten dutelarik, batez ere euskarari dagokionez, ondorio irringarri bezain penagarriak gerta daitezke. Eta makurrena da lau urtez segidan gauza bera nunahi idatzirik egon dela, urtero inork zuzendu gabe, ez KKK-ko partaidek, ez Herriko etxeko sasi euskaldunek ez eta Turismo bulegoko arduradun arrotzek ere.

Agian gorri eta beltzak edanda « erian kantuz » arazorik gabe bilaka daitezke. Agian gure herriko beste abesbatza baten izenak pentsakor utzi nau behin baino gehiagotan: « Beltza-gorriak » Nahiz eta jakin hemen euskarazko akatsik ez dela agertzen, neretzat behintzat, askoz politago gerta liteke esatea « Gorri eta beltzak », Donibane Lohizuneko besta koloreak aipatzeko, bainan nere solasa horretara ez doa, baizik eta nola sor daitezkeen kolore horien interpretazioak, herriko koloreak izan balira bezala.

Badiola medikuak, herriko auzapez izan zenean, indar berezi bat eman nahi izan zien herriko bestei, San Juanei, eta egia aitortzeko, neurri handi batean lortu zuen. Aldakuntza horren artean jendeen uniformea mahai gainera etorri zen eta zerbait aurkitu behar zutela erabaki zuten. Lan horri lotzeko Jacky Velez laguna deitu zuten, turismo bulegoko donibandarrak ea zerbait atxeman zezakeen. Gure herriko kondairan jakintsua den adiskidea liburuak begiratzen hasi zen, batean Almirantadia-ren kolorea, hauxe da « l'amirauté »-rena, frantsesez, aurkitu arte. Hendaiatik Frantziako goiko puntaraino zegoen estamendu horri kolore gorri eta beltzak lotzen omen zizkioten, bandera eta guzi. Velezi ideia polita iduritu zitzaion eta Herriko agintariei Donibane Lohizuneko koloreak bezala aurkeztu zizkien, gure Lapurdiko herri maiteak euskaltasunean almirantekeriarekin zerikusirik izan balu bezala. Euskaldun eta abertzale ez zen gizonari hauxe bururatu zitzaionetik kolore ofizialak bihurtu dira eta herri guzia gorri eta beltzez janzten da ekainaren bukaeran diren San Juanetan. Bainan ederrena ez da hori, gaur egun inork ez baitaki nondik heldu den kolore horren izatea eta gehienek, agian politago delako, kortsarioen kolorea zela diote. Beste mila interpretazio badagerte ere, bakoitzak berea, zoin adituarena, ahantziz gorri eta beltza horiek armadari lotuak direla eta nik, xumeki aitortu behar dut arrazoin horrengatik ez ditudala gostuko. Nahiago arrantzaleen urdin jantzia, portuetan derabilena, Lekeitio, Bermeon edo hementxe beti erabili den arropa, espartin eta guzi. Bainan ez, hiritarrek hiritarren gauzak behar baitituzte, eleganteak, dotoreak, polit egiten dutenak eta ez zaizula bururatu ere egin besta egunean gorri eta beltzez jantzi gabe agertzea, aspalditik euskal kultura galdu dutenek berehala erranen dizutelako zer ari zaren beltza eta gorria soinean eman gabe eta ohitura errespetatu gabe. Zer kopeta!

Beraz, koloreak, hizkuntzak eta herriak, zerikusirik badutela lerro horietan baitager eta kilimiska eder batetik abiatu den solasa, agian apur bat bidean eritu delako, gozoki militarkeria bat bihurtu da. Nik bai gorri eta beltzak ikusi ditudala oroitzirritxo hau idazteko, ene asmoa inori min ez egitea izan baita, nahiz eta bihotz barnetik zozokeriari laido egin.