Poesía 2011 - 2012

Iza ote iza? liburuaren sarrera

SARRERA

 

Iza Ote iza? Olerki liburu bat ote? Gorputzez bai bainan bihotzez nork daki? Sendikortasunean olerki  bat denez neurtzen bada, zalantzarik gabe baietz, irudiz, alegoriaz eta metaforez bada ez nago hain seguru. Edertasunari lekua eman baino, oihuari gogoeta sakon bat egin nahi izan diot, batzutan  ulergaitza bihurtzen den oihuari, bainan berdin da, olerki ainitz ez direlako ulertu behar, sentitu baizik.

Gauza bera gertatu zitzaidan Jorge Oteizaren « Quosque tandem » liburua irakurri nuenean, baita ere « Existe Dios al noroeste » hitz laxozko olerki libretan oinarrituriko liburua.. Eta gaur, pozik gelditu naiz ene “olerki” bilduma xorta honetan, Oteizarekin gertatu zitzaidana honekin gerta daitekeelako ere. Maisuarekin parekatzea ez dut helburu bainan bai modu berdintsuz  gauzak transmititzea eta bere idazkerek erakusten dituzten ideiek bere zizelkatzeko manerarekin zerikusirik baldin badute, nik ere expresionismo hutsa erabiliko dut bietan, ene tindatzeko maneran eta liburu honetan erabilitakoan. Bihotzetik ateratzen zaidana dasurat, bai lumez baita ere isipuz, eta konbentzionalismoz aparte, giza(kia) eta bizi den lekua, hau da Euskal Herria, ditut egun salagai.

 

Batzutan nahiko gogorrak irudituko zaizkizun esanak agian ez dira  erreflexio baten ondoko eritziak, bizi gorriak eta amorruak bat-batean jalgi dituenak baizik. Berriz ere, “olerki” batzuk ulergaitzak egiten bazaizkizu, berdin da, garrantzitsuarena ez baita ulertzea, sentitzea baizik, Zer esan nahi dudan sumatzea da hemen garrantzitsua, une berezi batean isuriak izan diren olerkien inpresioa. Niri ere gertatu baitzait, batzutan ,olerki bat edo beste berriz irakurtzean ez ongi ulertzea neronek idatzi dudana. Aldiz, Inoiz ez zait eskapatu esan nahi dudana. Hori baita esana eta esan nahiaren arteko koropilo banaezina.

 

Margo abstraktu baten aintzinean senti daitezkeen dardarak dira, egun, hauxe irakurtzen sentitzea nahiko nukeena, funtsean sarturik, izean itorik, ezin igerikan bezala, itomen iragankor batean itorik, heriotzarik gabeko itomen batean sarturik…

 

Euskaldunek , ausardiz beterik, izotzetik izanera jauzi egin  genuenean, bagenekien zertan ari ginen, gure hizkuntza eta herria sortzen hasten ginela, izetik izera gure izaera ontzen ari ginela, eta geroztik euskara gure izaitea bilakatuko zela, sortu genuen hizkuntza gu bilakatuko zela eta euskararik gabe gure nortasun berezia galtzera joango zela. Zorigaitzeko galtze horrek garrasirantz abiatzen nauena da, euskararik gabe euskal gizakirik ez delako, euskal gizarik gabe euskara ez delako moduan. Hauxe da Oteizarekin lotzen nauen bigarren puntua eta horrek “olerki” liburu bat merexi zuen.

« Euskara berpizteko, giza berpiztu beharko eta pizten denak mintzaira pizten jakingo du, euskara »

 

 

 

Oteiza iza ote?

Jorge Oteiza  gure jeinu azkarra izan zen, gure itsaso zabala. Jabalalditik hasarrera iragaiten zen Iza, itsasgora bortitz baten unean sortu izan zitekeena, bere itsas ertzeko Orioko irail eta urriko itsasandi baten egunean. Gero, Euskal uhainek Zarautzetik Alzuzara eraman zutenean Nafarroan hazitako aparrez beteriko olatua bihurtu zen, uhain terrestrea egin baitzen, jabalalditik liskarrera hazi zen uhin jeniala, baretasunetik aharrera puztu zen onda paregabekoa. Ur gaziak, bere ohiko jazarpenari gehiturik, bihozmina koskortu zion eta  isilik ez egotea hartu zuen arautzat. Bere idazkiek eta ahotsek bide hartatik bat egin zuten, itsasotik itsasora zihoan bide gazia harturik, Eusko Jaularitzak eta Joseba Arregi kultura-sailburuak hartzera bortxatu zutena. Bere jenioa ez zioten barkatu, politikan sartu ziren artegabeko funtzionario haiek, Euskadiko itsaso gezi berritik bere semea botaz, batez ere Euskal Herria eta erroz beteriko edergintza  abstraktua inoiz ez zutelako ulertu. Pena bat! Batez ere, gaur egun nafar agintariek nahasten dutelako Euskal Herriaren ama den Nafarroa, Jorgeren alaba kuttuna eta bere obra guziaren harlea eta Nafarroarekin egin duten gauza arrotza. Beste pena bat!

OTE IZA OTE liburua Tobera huts bat baizik ez da, hemen dagertenak beren gradora hartzen dituztelako, denak, ikonoklastikaz beteriko liburua izanik, gizartean dauden estamentu gehienak ostikada galantak hartzen dituzte, agintariak, elizak,dirua bizi arrazointzat daukatenak,funtsarik gabdekoa, itxura baizik zaintzen ez dutenak, apaindurak, zintzilkadurak bainan baita ere kolonizadoreak,hitzaileak,kultur erailen erregeak,erreginak, printze eta printzesak eta poderea eta diruari saldu diren guziak, euskaldunak, kanpotarrak, euskaluak, españolistak…..Denak! Aspalditik banuen gogoa!

 

 

 

Liburuaren egitura

 

Liburu honen bi zatiak arras desberdinak dira nahiz eta urak, izak, itsasoak biak lotu. Lehena Oteizari idatzitako “olerkiak” dira, berak pentsaturikoei eta esandakoei omenalditxo bat eginez. Euskal izanaren ikerketan bere bide adituak segitzen entsaiatu naiz, batzutan berak esandakoak errepikatzen, besteetan interpretatzen. “Olerki” horietan, aldizka, berak zituen obsesioak argira ekartzen entsaiatu naiz, euskarari eta euskal gizakiari buruzko gogoetak eginez, aldizka , funtsa baino, berak erabiltzen zuen forma ikonoklastari lotuz, gorputza eta bihotza, biek bat egiten dutelako, biak bat direlako.

Bigarren partean ere oihua da nagusi, injustiziaren aurreko garrasia, etorkinek bizi duten egoera latza salatuz. Itsasoa, iza, da ildo nagusia, etorkinengan duen garrantzi handia, haiengan bihurtzen den peril handiarena. Eta hortik landa, etorkinek bizi duten eztabaida, haiengan bizi duten elkar gogo borroka, atera baino lehenagoko lurrean bortizki hasten zaiena. Etorkinen patua beste ikuspegi batez salatzen saiatu naiz, etorkin bihurtzeko dituzten  arrazoinak olerkituz, joateko arrazoinak mila izan dituztelako, gelditzekoak ere.

Ote iza ote ?

 

 

Xabier Soubelet