06 Jainkoa ez dago ipar mendebalean

 Jainkoa ez dago ipar mendebalean

Oteizak Jainkoa ipar mendebalean dagoela zioen,

Nik, aldiz, ezetz badakit, ez daitekeelako

odol gorrian Jainkoa itotzea, jotzea, banatzea

bitan, bi kolpetan, bat eta bestea, banaezinetan,

eta gizona hortik kanpo ibiltzea, kotxez, motorrez

sosez eta maitasunik gabe, txitxi gorritan, plaza erdian

hainbeste bide, kale eta ibai datozen plaza bizian.

Ipar mendebalean ez dago, ziur.

Agian ipar ekialdean? Indarra hartzen den lekuan?

Paletaz, xisteraz, xarez, zesta puntaz eta eskuz,

indartzen ari da, han baldin bada, behintzat.

Gehiago hori sinisten diat bainan ezetz diote

batez ere indardunek eta etsiturik kantatzen,

elizan, eskolan, etxean, otoitz larritan.

Hego mendebalean ote den galdetu didate?

galtzerdien artean, usainez beterik galduta.

Ez dela posible hantxe preso egotea erantzun diet.

Zertarako merexi ote zuen semea hala sakrifikatzea

larruzko kartzela usaindutan bizitzeko, ez, ez eta ez!

Hego ekialdeak aldiz, ekialde guztiak bezala, energiaz beterik,

indar gehiago badauka, bereziki haurrak eta baloinak jotzeko

munduak jautsi emateko eta dantzan aritzeko.

Bainan hain urrun dago, batez ere ipar mendebaletik urrun.

Iparrak eta hegoak aldiz, denei begira daude, bat gainetik bestea azpitik

Eta Jainkoak, zuzenki, hor hartu izan lezake egoitza,

batez ere goien, handik dena dominatzen delako,

manatzen eta zuzentzen delako.

Bainan nola sinetsi garunen artean bizitoki hartzea?

Hain bigunak baitira, hain likidatsuak eta goxoak,

Kontuz!! Gaixtoak, gehienak.

Agian goititik dena ikusteko eta barkatzeko?

Hainbeste lekuko hori ukatzeko baita, sinesgaitza ezta ?

Nik gehiago uste diat hegoaldean bizi dela,

marroi eta beltzen artean, husturik, urturik

irtenbidea harturik, asperturik, trumoiez beterik

jarririk, zikinkerian itorik, paperik gabeko idaztokian geldirik.

Nola adierazi bestela hainbeste gaixtokeri, basakeri,

berekoizkeri eta erailkeri,

kakeri eta tirriteri!

Airea harturik badoa, Jainkoa, gora,

laino artera, lurrinen artean amaren etxera.

Ez uste, berak ere ama maite bat izan baitu,

berea, ez bere semearena, eta kotxea harturik,

zeruko izotzaren gainean lerratzen dabilki,

buru buztanki,

beherantz begira, irriz. Zer pena !