33 oilarrak hiru aldiz kukuruku- oroitzirriak

Oilarrak hiru aldiz kukuruku bota zuen

 

 

Orain berrogei urte Marc Legassek Donibaneko Larramendi auzapezari gutun zabal bat idatzi zion , « Oilarrak hiru aldiz uko eginen du. »izenekoa, itxialdi batean , lokal munizipal batetik errefuxiatuak bota zituelako,ongi oroitzen banaiz bederen, eta auzapezak hirugarren aldikotz hitza jan zuelako .Piarres apostoluak oilarrak hiru aldiz kantatu baino lehen Jesusi uko eginen zionarekin parekatasun ironiko bat idatzi baitzuen.

Sozialistei ere hirugarrena egiteko gutti falta zaie eta gure herriaren oroimena aski laster ahanzmenean sartzen baldin bada nerea ez.

Halere gogoak edozein jokotzar jo dezakeelako hirugarren hitz jatearekin pozik hasiko nintzateke,oraino gertatu ez delako eta ene iduripenaren asmaketak baizik izan daitezkeelako eta gainera « Oroitzirrietan » kokapen berezi bat merexi duen bakarra lehenbizikoa delako,eta azkeneko utzirik garrantzi gehiago emanen diodalako,beste biek luzaz aritzeko saririk ez dutelako irabazi.

 

Hirugarrena beraz,oraintxe gertatzen ari dena,hitz ukazio ederra izan daiteke eta hala izanen denik susmo txarretan nago,Espainiko sozialistek hainbeste burrunbaz bake prozesua bultzatuko zutela eta…hutsa.

Zer gertatuko den ez dakit bainan beste urte andana batean,beste okasio berri baten zain egon beharko dugula iduritzen zait.Orduan , beste kukuruka baten zain egon beharko garenez ez dakit ere bainan pazientza izan beharko dugula aski garbi dago.

Nork daki Piarres apostoluari laugarren kurukuan beste gaistokeria bat egiteko ideia etorri zitzaionez,kondairak ez baitu ezer kondatzen.

 

Atzera begira, bigarren kukurukua euskal departamenduarekin etorri zen,denek sozialistek eta Mitterandek hura eraikiko zutela hitza eman zutenean sinetsi baigenuen.Bainan euskaldunen bozkak ukan ezkero,ezer,fitxik ez.Gezurti galantak.Hitz jale faltsu zikinak.

Euskal mugimendua bide horretan buruz behera sartu zen,IKak bere ekintzei amaiera eman zien eta ezkerreko indar abertzaleak departamenduaren aldeko borrokan hasi ziren,beste gehienak bazterrera utzirik.Denak arras sinetsiak baiginen bainan deusetako.Desilusio gogorra !

 

Niri dagokidanez eta pertsonal arloan,atzera begira gertatu zitzaidana dut beraz pollitena .

1980 ean ginauden eta publiko lizeoan begirale nengoen.Urte hartan kolegio pribatu batean euskarazko sei oren egin nitzan galdegin zidatenez,publikoaren gaineko zerbitzutik gehizko orenak ekaina

arte onartu nituen.

Urte bereko irailean,Donibane Lohizuneko Saint Thomas lizeoan denbora erdi bat eskaini zidaten eta begirale lan haren erdiari utzi nion.Egia esateko zer egin ez nekien nere orduko helburua publikoan euskal irakaslea izatea baitzen eta pribatuan sartu ezkero aukera guziak galtzen nituela banekien.Bainan laster Frantzian,zerbait berezia izan behar zen.

1981ean Frantses hauteskundeak zirela eta,Mitterandek bere burua aurkeztu zuen Giscarren aurka eta sozialistek irabazteko egiazko aukera bazuten.Bere hauteskanpainan promesa ainitz egin zituen, batez ere eskola pribatuak nazionalizatuko zituela .Maiatze hartan gorabehera haundiak izan ziren eta azkenean Mitterandek irabazi zuen,lehen aldikotz ezkerreko munduari itxaropen izugarri bat emanez.Eta nik ere hortxe ikusi nuen nere aukera.Irailean denbora osoa eskaini zidatenean zalantzarik gabe baiezkoa eman nien,jakinez laster eskola pribatu guztiak estatutuko zituztela.

Axerikeria beharbazen ere , zetorkiguna arras garbiki ikusten nuen eta betiko funkzio publikoan sartzeko aukera ere.Lizeo publikoan nuen begirale lana utzirik,euskara irakasteko lizeo pribatu hartan sartu nintzen.Halere hark abantail haundiak bazituen,nere herrian nengoelako,etxetik ehun metrotara eta gainera katoliko arloan murgiltzeak izialdurarik ez zidalako batere ematen,nere haurtzaroa eta gazteria guzia mundu horretan iragan nuelako eta nahiz eta eskoletan eduki nindutenek gorrotatu izan,hango giroa ezagutzen nuen eta batere bildurrik ez zidan ematen.Gibelera botatzen ninduen gauza bakarra amodioaren eskasa zen,nere gazte denboretan fraile eta serorek erakutsi zidaten maitasunaren faltan ni ere erortzea eta nere buruari zin egin nion haurrak eta gazteak bihotzez maiteko nituela,haien bihurrikeriak ulertzen entsaiatuko nintzela eta jokabide zirtzil edo gogor guzien arrazoina ikertzen sartuko nintzela eta horrek gaistokeriatik salbatu nauela uste dut.

.

Sozialisten xedea kolokan ikusi nuen eskuin indarrek eta elizak animaleko manifak antolatu zituztenean eta laster eta hainbestepresionen aintzinean,Mitterandek bere hitza ukatu zuen edo ukatu behar izan zuen , eskola pribatuen arazoa geroko uzten zutela esanez.Geroko baino inoizerako zela pentsatu genuen.

Nere asmoa arras urraturik ikusten hasi nuen eta utzi nuen publikoa gero eta urrunago ikusten nuen.Egin nuen astokeria gero eta argiago zagerizkidan.

Oilarrak lehenbiziko kukuruku ozena bota zuela denek entzun genuen bainan nik are gehiago,nere ezkerreko bihotz hura betiko eskuineko munduan kokaturik ikusten nuelako.

Egia esateko eta denborarekin ez naiz batere kexatzen,hogoita sei urte lizeo berean daramazkidan urteetaz ,ikasleak bihotz bihotzez maite izan ditudalako,lankideak biziki lagunak ditudalako eta libertate osoz,inoiz nere gogoaren aurka zegoen zerbaiten egitera ez nautelako bultzatu.Oroitzapen txar bakarra lehengo zuzendariarena dut, Recalde gizontto horrena, bainan nere zentzu onak hura ahanztea eramaten nau,sekulan ez dudalako ulertu nola halako jende zikoitza gazteen bidea jorratzeko egon zitekeen.

Gero eta denborarekin,gauza guziak errelatibizatzen dira eta gazte denboretan sentitzen nuen iraultzaren dei hura emeki emeki itzali zaidalako ere.Gauzei sobera kasurik ez egiteko,beste arrazoin nagusi bat badaukat ere,artelanetan murgidurik nagoela eta irakaskuntzako heren zatia utzirik,pentsamen hauskorretan murgiltzeko ez dudala ez gogorik ,ez astirik ere.

 

 

 

Hirugarren kukurukuaren oihartzuna mendien artera badator,gezur kantu ozenez,ahal bezain nota zuzenez dilindan .Lehengo bietan bezala hitza ukatu ez dutela lehengo esanen digute,gizarteak halako gauzarik ez duela nahi,eskolen nazionalitateekin gertatu zen bezala,edo bertako hautetsieak departamenduaren aurka zeudela….Orain ere ez dute ,begi bixtan dena, onartuko hainbeste hilabeteetan ezer ez dutela egin,ezta ere urrats txiki bat .Gezurra eta iruzurraren olerkiari musika ezartzea aski diote .

Frantziako presidentarako hauteskundeak direla eta ,beste zerbait asmatuko dutela guk haien hitza sinets dezagun eta haiek jan dezaten pentsatzen ari naiz.Joko bat bilakatu baita,ohiko joko suntsiarazlea noski.

Denek nazka ematen didate ,Zaharkozik,Zegoenek,  « zahar » eta « zegoen » artean gurekiko iragana baizik ez dutelako erakusten .

Agian egun batez inorrekin ez dugun deus ikustekorik eta bakean uzten gaituzten.Laster eta ,ukaziotik urrun,oilarrak euskaraz kantatuko du .

 

Xubiltz