18 Annie Intxauspe- oroitzirriak

Annie Inchauspe

 

Annie gazte denboretako laguna izan nuen.Hamasei edo hamazazpi urte genituenean ,Baionako Largenté eskolan elkarrekin ginauden,orduan kontabilitate eta idazkaritza ikasteko sortu zen G sekzio berrian.Orduan euskal giroa pilpilean zegoen.Politikan Burgoseko auzia eta Aguer omonier apezari esker, hurbiletik bizi izan genuen Beilh kontsularen bahiketa .Kultur arloan Iparraldean Gaby Oiharzabalek eta beste batzuk sortu zuten « Amaia » gazte mugimendua ,Baionako abertzale ikasleen artean hainbeste arrakasta izan zuena.

Annie euskalduna izanez eta abertzaletasunean lehen urratsak emanez,« Amaian  »zegoen eta nahiz eta ni mugimendu horretan sekulan ez egon,laster gure adiskidea bihurtu zen,Txomin Laxalt,Bixente Eguiazabal,Ander Barrutia, Patrick Delprat «Tintin »eta beste eskolako lagun talde batekin bat eginez.Nere gogoak okertzen ez banau,eskolako euskal giro hartan,neska bakarra zen,beste gehienak beste arloetan sarturik bait zeuden,nor apaindura arinetan,nor ikasketa sakonetan,nor ere bietan.

Kanpoko orduetan solas bizietan aritzen ginen,maiz kantuetan ere ,nere kitarra egunero eremaiten bainuen.

Annie laster bistaz galdu genuen,ikasurteko bigarren

hiruilabetean,martxoan oker ez banago.

Inork ez zekien zergaitik ez zen eskolarat gehiago agertzen eta azkenean egia jakin genuen :Haurdun zegoela.Pentsa serora garratz haien arteko kalapita,pentsa aro horretan halako berriak sor zezakeen gaitz bidea,pentsa ere mihi gaixto guzien zoriona.

Guk ezer ez genekien,aidean hartzen genituen berriak baizik,iparraize gaistoaren berriak gehienbat :Haurra ez zekiela norena zen,Baionako ferian zegoen feriante batena zela omen,egiatik urrun zeuden hainbeste gaistokeri entzun genituen, zer pentsatu ez genekiela.Bagenekien gauza bakarra,Annie eskolatik kanpo bota zutela eta serorek hitz gaistoz hitz gaisto beren eskolaren arrakasta salbatu nahiez ozenki iraintzen zebiltzatela.Guri,Annieren egoerak pena ematen zigun esandako gehienak ez baikenituen sinisten.

 

Urteak pasa izan ziren eta beharbada bospasei urteren buruan gure Annie berriz ere agertu zitzaigun.

Orduan,Donibane Lohizuneko tabernaz taberna ibiltzen baiginen, errefuxiatuekin batera poteoa egiten eta gure orduko ostatuak Juan Jose Etxaberena,Sabin Etxea,Mingo,Denen kanttua eta Berzetxe ziren.Nahiz eta errefuxiatuak baino gazteago izan, gehienetan Etxaben nengoen,batez ere Laxaro,Zubillaga,gipuzkoar ile argi bat eta Andoni donostiar luze bibotedun bat. Sabin etxean ere beste hainbeste hegoaldeko lagun batzuekin,solasean edo musean.

Behin , bixtaz galdu nuen Annie, Laxarorekin batean, tabernan sartu zitzaigun eta zoin ez zen izan gure elkar ikusteko poza besoetan besarkada bero bat eman genuela.Nola ez,hainbeste denbora ikusi gabe.

Solasean hasi ginen eta euskal liburu denda bat Donibanen irekitzeko asmoa zeukala esan zidan eta aspalditik ikusi gabe nuen Annie berriro hain hurbil ukateak zorionez bete ninduen.Laxarorekin harremanetan sartu zenez,maiz ikusten nituen Larrunen gertatu zenaren arte.

Ostatuetan zebilen langile espainol baten eskutik,Larrunera abiatu ziren Laxaro eta Zubillaga eta sos ahur baten truke Patxi extremeñar hark saldu zituelakoan,guardia zibila han goian gure hirukotearen zai zegoen,Laxaro tirokatuz,Zubillaga preso hartuz eta Patxi mugaz landa babespean gordetuz.

Nik ez dakit horrek gauzak aldatu zituenik edo haien arteko harremana eten zenik bainan Laxaro eta Annie elkarrekin ez nituen gehiago ikusi eta liburu denda hura betiko itxirik zen gelditu.1973.urtea zen.

Urte baten buruan gutxi gora-behera , berriro Annie agertu zitzaigun.Batallon vasco-español denbora baitzen,errefuxiatuak bildurrez zebiltzaten,haien biziaz kasu emanez .Anniek orduko

lagun mina vietnamita zeukan ,ofizioz argazkilaria,maiz berarekin ostatuetara etortzen zena.

Behin,eta Annieren desagertzearen bezperan,asiatiko hura builaka Etxabe tabernan « Scoop »bat bazeukala esanez sartu zela oroitzen naiz,Batallon vasco español hartaz berri izugarri bat lortu omen zuela oihukatuz.Beti oroituko naiz ere nola jende guzia inguratu zitzaion,batez ere errefuxiatu guztiak,eta nola ,ongi oroitzen ez naizen hura kontatzen hasi zela.Bere argazki tresnak sorbaldatik zintzilik begi aintzinean oraino daukat,solas bizitan,bainan batez ere bere tabernan sartzeko manera,edozein informazioaren bila zegoen norbaiti arreta deitzeko eginik bezala zegoena.

Pentsa zer belarritan erori zen gaixo hark hain pozik bota zuen berria :

Inork gehiago ez zituen gehiago ikusi,ez bera ez Annie ere

.Biharamunean,elkarrekin bizi ziren itsasondoko apartamendu hartatik desagertu baitziren nehork orain arte deus jakin gabe.Annieren berririk sekulan gehiagorik ez !Asiatiko haren arrastorik ere ez !Nahiz eta aro hartan Sud Ouest egunkariak afera horren berri eman,inork ez du fitxik gehiago egin ixtorio hori osoki argira jalgi dadin,eta gerla zikinaren kondaira egiten denean inoiz ez da gehiago horretaz mintzatzen ,nik dakidanez bederen .Zergaitik ?

Annieren familiak ez du inoiz berririk ukan,lagunek ere ez,haien gorputzak ez dira sekulan agertu,geroztik egunkariak beti isilean egon dira.Zergaitik ?Nahiz eta askotan aipatu orduan desagertu ziren,Pertur,Naparra eta halakoak,Annie eta bere lagunaren kasua inoiz ez.

Ixtorio hori ez da irringarria eta beharbada ez luke deus egin behar besteen artean bainan hainbeste ordu goxo elkarrekin pasatu genituen,batez ere eskolan, oroitzapen berezi bat ukaitea merexi duela eta ea behingoan norbaitek kasu horretan sudurra sartzen duen.