Prose

51 Batena eta bestearena- Gure Herria liburuan

Maiz euskalduna izatea zer den izan dugu solaspide euskaldunek.
Dudarik ez da euskara mintzatzea dela euskaldun izateko abiabide bakarra bainan erdeldunek ez diote eritzi bera eta mila itzuli emanen dizkie izaitearen definizio horri.
Ez da hain erresa,bakoitxak uste baitu bere egoerak izaitea markatzen duela eta nola adierazi ez dela hala.Zaila,benetan zaila.
Batzuen arabera euskalduna izateko behar da Euskal Herrikoa izan,hemen sortua izan.
Beste batzuentzat,hemen bizitzea da garrantzitsuena eta horrekin aski da.Beste askok
Diote lan munduak adierazten duela izana edo ez izana.Gusto guztientzat badago,batzuk españolak direla euskaldunak izan baino lehenago,besteak abertzaleak direla,beste hainbestei berdin zaiela,ez direla ezer beste batzuk,mundukoak direla....
Ez dut errepikatu nahi hastapenean aipatu dudana bainan beste antzeko zerbait burura etorrtzen zait :Beste hainbeste interpretazio badaudela esateko zer den euskaldun(ez euskaradun)bezala bizitzea.Hau bai zaila agertzen dela, batez ere bi erresumen aldeko influentziak aztertuz edo sinpleki horietaz ohartuz.
Zer da euskaldunago,eguerdi t´ erditan bazkaltzea edo bietan? poteatzea tabernaz taberna edo ohitura hori ez eukitzea,potajea lehen plateratzat edo haragia laguntzeko gisan jatea,lentejak lukainkarekin jatea bigarreneko edo bazkaria hasteko hartzea?
Ez da euskaldunagoa potxa plater on bat jatea baino ala arrozekin egindako odolki sendo bat bazkaltzea.Eta zer esan Farias zaporetsu bat erretzea bazkal ostean.Jantzi sufritu batzuk eramatea,ilun doinukoak eta ez kolore bizi bizikoak,larruzko zapata mokasinak eta ez kiroletakoak,eta zer esan galtza motxetaz edo txandalaz,horiek bai ez zirela euskaldunak.Bizarra,bibotea,zigarroa edukitzeko manera,kea botatzekoa,esku eta aurpegi keinuak...zoin dira euskaldunak,zoin ez?
Ez dakit, bainan badakit,badakit ohartzen naizela bat ez dela bestea baino hobea,ez dela bestea baino euskaldungoa eta bakoitxak dituen influentziak onargarriak izan daitezkela besteak egiten dituenak begi trufaz ikustea baino,Hau izan beharko litzateke deitzen den adimena.

Xubiltz