Prose

75 Izotzetik izanera A

A

Horma bortitzak guritzen hasi ziren. Urtze berri haiek lurra

urez bustitzen hasi ziren eta gu, ohitura zaharren jarraitzaile

izanik, zorigaitz izugarri hura ezin onartuz inondik,

zurrupita nardagarri haiek ezin jasanez oraindik, mendi kasko

hartako leize hartan bizi ginen.

Toki ilun hura egoitza berotzat genuenean hautatu, arbasoen

erranak genituen jarraitu. Harpeko sarreratik hurbil zegoen

hutsarte zabal hura bizilekutzat hartu genuenean,

aukera zuhur bat egin genuen; eta, nahiz eta hantxe egotea

keinuka eta oihuka erabaki, debaldeko aukera ez zen izan, eta

mila arrazoirengatik egin genuen, kanpoko argia balia behar

genezakeen hartzuloa zelako, haize hotz eta indartsuaren lasterpe

gogorretatik babesturik egon gintezen harkabia zelako

eta beharrezko bero-iturri gozoa zen sua ahal bezain errazki

pitz genezakeen harsabela zelako ere. Beste hainbeste arrazoi

baziren ere; hala nola, euriaren babesean egotea edo basapiztiek

urrundik sua ikustea, besteren artean. Suaren inguruan

jartzen ginenean, gar bizien joko saltokariak, gure gaineraino

jauzirik, desafioz beterik, pindarrez erre nahi gintuen,

handik lekutu behar genuela azaltzen baligu bezala. Denek

bat eginez, gure gorputz izoztuen berotzera biltzen ginen,

senideen arteko basaki bazka erretzera, denek hura horzka

13 –

Izotzetik_BARRUA 26/11/08 17:02 Página 13

irenstera eta elkarrekin lo egitera. Suak nola piztu eta iraun

behar zuen bagenekien, eta jai alai gorri hura itzali arte hantxe

egoten ginen, gure irri basa argi gabeak histu arte.

Batzuetan, nire artista izatea azaldurik eta adar argitsu bat

eskuetan harturik, leize barne ilunperaino abiatzen nintzen,

zuhurki, zalantzazko urrats arinez, orain dela ilargi batzuk

lurperatu nuen aitari irakaspen aberats guztiengatik esker beroenak

eman niezazkion. Askotan, nire seme txikia nirekin

zetorren, eta egur ikatzaz behatzak zikindurik, pareta hantu

bezain zurixka haietan marrazki oroigarriak tinkatzen nituen,

hantxe zizelkaturik utzita, urte luzaz egonen zitezkeela

ez ohartuz ere.

Tindatzen nuenean aita gogora heltzen zitzaidan, maiz

ihizian harrapatzen genituen basabereen iduriak burura etortzen

zitzaizkidalako, hala basahuntz nola basa-behor ala basahartz.

Behin, semeari irri eginarazteko, marrazki txiki bitxi

bat egin nuen, eta paretaren hantzea behor haren uzkornoa

egiteko baliatu nuen, izadia ni bezain egile bihurturik.

Bizpahiru marraz semearen irudia behorraren gainean margotu

nuen, eta gehien irri eginarazi ziona berehala ondoan

zutik tindatu nuen gizona ni nintzela ohartu zenean izan zen.

Abere baten urin epelduarekin marrazkia bernizatu genuen,

bernizik gabeko babes koipetsu hura lehunki gainetik ferekatuz.

Hastapenean, bertzeek ez zekiten misterioz beteriko nire

barneratze horien arrazoia, behin marrazkiak ikusi arte. Egun

hartatik aurrera, beste haurrak ere nirekin sartu ziren, asmatzen

nuen guztia atsegina baitzitzaien, eta haiek ere edergintza

mota berrietan hasi ziren.

Leizetik arras guti jalgitzen ginen, hala erakutsi baitziguten

guri ere; noizean behin ihizira, eta besterik ez!

14 –

Izotzetik_BARRUA 26/11/08 17:02 Página 14

Gauza bera erakutsi behar ote genien gure haurrei? Ez!

Batez ere hormaren urtze berri hark arbasoen esan zuhurren

aurka jotzera bortxatzen gintuelako. Ur madarikatu hura leizeratzen

baitzitzaigun, eta paretetatik beherantz ur errekatxo

sotil batzuk isurtzen hasi zitzaizkigun; eta haiek zekarkiguten

hezetasuna gero eta trabagarriagoa bilakatzen ari zitzaigun.

Iraupenik gabe, suak ere indarra galdu zuen, noiz xorta bat

gainean erortzen, noiz ur haritxo bat azpitik bideratzen.

Leizeko biziak moteltzen gintuelako, baina ere keinuz eta

oihuz aritzeagatik, erabaki zuhur hura hartzen denbora ugari

galdu genuen. Hainbeste, ur jariotsu horren txistu nardagarriak

belarriak zauritu zizkidala, entzumena erotu, eta ene

baitan betiko zizelkatu zitzaidala.

IZZZZZZZ... IZZZZZZZZ... IZZZZZZZZ... Soinu madarikatu

hori bizi guziko nirekin izan nuen, goiz eta arratsaldez, egun

eta gauez. Belarritik ahora pasatu zitzaidan, eta emeki-emeki

hitza bihurtu zen. Mingaina betiko busti zitzaidan, eta gure

hizkera uretik bizigai bilakatu zitzaigun.