A
Nahiz eta hartzaren arriskua nire gogoan bizirik egon,
handik lekutu baino lehen, leizeak bisitatu behar nituela bururatu
zitzaidan, ea gureen araberakoak zirenez. Malda hura
igotzea gogorra egin zitzaidan eta ez nuen gustukoa izan,
mendian ibiltzeko ohitura galdu nuelako eta harpeak aspalditik
ahantziak izateagatik atzerapauso handi bat egiten ari nintzela
iruditzen zitzaidalako, baina oroitzapenaren indarrak
gainditu ninduen. Zol-zolaraino sartu nintzen, eta gurearekin
parekotasun berezia ikusi nion, eskas zuen bakarra marrazkiak
ziren. Kanpora hainbeste ateraz, imajinatzeko
denborarik ez zeukatela gogartu nuen; edo, xinpleago, artistak
ez zirela, eta kito! Leize zahar batzuk iruditu zitzaizkidan,
modatik kanpokoak. Sarreraren ondoan zegoen su-lekua ikusi
nuenean, oroitzapen gozoak etorri zitzaizkidan, baina kanpotik
hurbilegi zegoela ohartu nintzen, guk
lehen-lehenagoko denboretan egiten genuen bezala. Gero,
– 73 –
Izotzetik_BARRUA 26/11/08 17:02 Página 73
barrurago sartu ginela oroitu nintzen, hotza eta haizearengandik
babesturik egon gintezen. Bizitoki eta ehorztoki zen
sabel ilun hark ama oroitarazi zidan. Lantokia nahasia zeukaten,
moda gabeko tresnez estalita, eta horrek desorekatu orekatua
izan nintzela bururat ekarri zidan. Uzten nuen lekuan,
hura banekien non zegoen, eta nire orden desordenatua denen
gustukoa ez zela oroitu nintzen, batez ere emazteena,
denak predestinatuak izan bagina bezala. Handik atera baino
lehen, lurrean aurkitu nuen harri gogor batekin pareta zuri
hartan marrazkitxo bat egin nuen, ezer esaten ez zuena, abstraktu
hutsa zen forma eta bolumena. Pozik gelditu nintzen,
ea etorkizunean norbaitek aurki zezakeen tradiziotik kanpo
zegoen abstrakzio hura. Hobekiago begiratuz eta txoko bazter
batean, denborak ezabatu zuen marrazkitxo bat ikusi
nuen, biluzik zegoen gizon baten arrastoak nabaritu nituen,
pareta ilun batean irudikaturik, zakila xut, burua apal, lainoetan
agertzen zen emazte eder baten aitzinean. Nire gauzak
izan ez balira, hala zirudien bederen. Nahiz eta lainoetan
egon, emea garbiki zagerien; gizona, aldiz, fier eta harro zegoela
asmatu behar izan nuen. Luzaz izan nuen gizeme gosea
garbiki azaldu zitzaidan. Hor ohartu nintzen zein izan zitekeen
nire atzealdera joateko arrazoi inkontziente bortitz hura.
Beharbada horren bila nenbilen? Ez nekien.
Kanpoko arroka baten gainean eseri nintzen, hausnartze
une bakarti bat ukan nezan. Ohitura eta ilaunaren arteko aurkaritzaz
pentsakor egon nintzen, nola ilauna ohitura bihur
daitekeen edo desagertzera joan daitekeen. Gure hizkuntza
burura etorri zitzaidan; eta, bat-batean, leizea gure bizitik
ezabatu genuen bezala, asmatzen ari ginen gure mintzagai
hura deuseztatu zitekeela pentsatu nuen, beste hitz egiteko
ohiturek itota edo klimatologiaren menpe ginaudelako mur-
– 74 –
Izotzetik_BARRUA 26/11/08 17:02 Página 74
gilduta. Denbora epeldu zen antzera, berriro hoztera joan lezakeela
gogartu nuen, edo beste populu zelaitar moderno bat
aurkitzen bagenu gure aitzinamendu linguistiko guztiak bertan
behera eror zitezkeela. Gure biziaren aurrerapena besteen
menpe zegoen ideiak gogoa gainerasotu zidan, baina emazte
ahots isilak errealitate hutsera erakarri ninduen, osatzen ari
ginena mende luzerako genuela eta inork inoiz ez zuela sortzen
ari zen espresamolde berezi hura hilaraziko. Besterik gabe
eta nostalgia apur batekin, beste lagunengana jaitsi
nintzen.
Erdi leizetar haien arteko batzuek gazte odol berotzat hartzen
gintuzten, zentzugabeko gazte ergel batzuentzat, pentsatu
gabe gauzak egiten dituzten horietakoentzat; baina
besteek ez zela batere hola bazekiten, eta neure baitan nuen
xedea hori baino urrunago joaten zela suma zezaketen.
Halere, misio bat betetzeko banuela eta bururaino eraman
behar nuela jakinezin osoan zeuden, hura ez bainion inori
garbiki azaltzen.
Haien neskek erotzen ninduten. Batek, bereziki. Berak ere
sentitzen ninduen. Ziur. Hala uste nuen, bederen. Begiak beti
iltzaturik genituen; bereak, nireak. Haien irriek beste ikuspegi
bat eman zieten gure biziei. Gureak berriro piztu ziren.
Gure sexuak, nirea behintzat, ase egin zen, gorputz gozoz,
amodioz. Beti elkarrekin ginen, noiz bat bestetik hurbil, noiz
bat bestearen gainean, gu biok, beti biok, besteak ere bai...
Bizimodua goitik behera aldatu zitzaigun.
Poliki-poliki, zokozale bihurtzen ari ginela ohartu nintzen,
eta han nabaritu nuen egiazko gizaseme bilakatzen ari
nintzela. Ederra, benetan ederra! Neska hura benetan maite
nuelako, esaten zituen guztiak jarraitzen nituen, duda gehienak
ezabatzen zizkidalako. Beregan konfiantza osoa hartu
– 75 –
Izotzetik_BARRUA 26/11/08 17:02 Página 75
nuen, eta, emeki-emeki, berea bilakatu nintzen. Ez dakit gu
ezagutu baino lehen edo, baina EMIZ zuen izena, EME, AMA
eta IZaren arteko kontzeptuak loturik. Nahiz eta jende berriek
soinu hori gureganatu, aspalditik oharkabeko M soinu
hori emazteaz mintzatzeko guk ere erabiltzen genuen, EME,
AMA. Haurrek betitik haien amak “ama” deitzen zituztela
konturatu nintzen. MA sakonki eta luzaz ahoskatuz, mintza
sokak dardarez ezartzen zitzaizkigula oroitzen naiz, eta, asmatu
genuenean, ezpainen arteko dardarak sentimendu sakona
sartzen zigula ere, soinuek maitasuna erakutsi balute
bezala. Besteen influentziaz eta emazteen eskasak soinu horiek
ahantzarazi zizkigutelako, MAITA berriz ere erabiltzen
hasi ginen, AMA eta AITAtik jalgia, AIT, batez ere IT, aitatasuna
markatzeko erabiliz. Guk ala haiek asmatu, berdin zitzaidan.
Horrek itsas arteko eremu zabalean ginauden
populu guztiok soinu berak asma genitzakeela erakusten zigun,
sentimendu fonetikoa orokorra baitzen. Segur nintzen
sorturiko izen horiek eragin handia izango zutela guregan,
besteengan, ondorengoengan eta ondoko hizkuntza anitzetan,
zein jendeen arteko espresamoldeetan.
Lehengo larru jotzeaz urrun nengoen. Emizekin gertatzen
zitzaidana gorputzen arteko estaltzea soilik ez zen, eta, aspalditik,
sentimenduek gidatzen gintuzten. Beste gehienak ikusten
nituenean, abereak iruditzen zitzaizkidan, lehen gisako
larru-joleen antzekoak. Bere gizona bihurtu nintzen, bera nire
andrea bezala. Posesio horrek sentimendu berriak sortu
zizkidan, batez ere jelosia. Erreakzio horiek posesioaren lekukoak
ote ziren ala berez sortzen zitzaizkigun ez nekien,
berari gauza bera gertatzen zitzaiola adierazi zidalako.
– 76 –
Izotzetik_BARRUA 26/11/08 17:02 Página 76
Besteen abere portaerarik ez genuen jadanik onartzen, bereziki
Emizek. Pozik nengoen, eta zorion hori nolazpait atera
behar nuela bururatu zitzaidan; kantuz hasi nintzen:
Eme izaren iz
Maita eme Emiz
Aitama Emiz
Eme izaren iz.
Nehork ez zuen ulertu abestu nuen hura, nik ere ez, nahiz
eta kontzeptu haiek garbi eduki. Ideiak nahasiz eta Emizek
ematen zidan indarrez, asmakuntza bitxiak jalgitzen zitzaizkidan.
Baten batek errepika nezan eskatu zidan, eta horretarako
gai ez nintzen izan, MMMM eta IZZZZ soinuak baizik ez
baitzitzaizkidan atera.
Gero jakingo nuen orduan gogora etorri zitzaidana olerkia
deitzen zela.
Udazkena ederra genuen. Haizea nahiko beroa ere.
Hegoaldetik etortzen zela han ikasi nuen; eta, zeruan, lehenago
inoiz ikusi ez nuena, alde berera abiatzen zen txori
pila hura beherantz haizearen aurka joaten zela konturatu
nintzen, hegal zabal baten itxuran, denak hegoalderantz
hegaldaka, haize beroaren indarra irentsi nahi balute bezala.
Eta berriz, beste talde bat atzetik zetorrela, eta beste
hainbeste. Begirada liluragarri batez, tropa horiek guztiak
hotzaren ihesiz abiatzen zirela kontuan hartu nuen, gure
mugimenduaren araberako zerbait egiten ari zirela oharturik.
Haien libertateak osoki hunkitu ninduen. Gure antzekoak
zirela gogartu nuen, abenturazale amorratuak,
beharrak bultzaturik bide berria hartzen zuten txori-aldi
ibiltariak, salbabide baten xerka zebiltzan hegan txori-alde
jakintsuak. Gorri eta hori koloreekin lotu nituen, hostoak
odolez eta eguzkiz janzten ziren aroaldiarekin, handik lan-
– 77 –
Izotzetik_BARRUA 26/11/08 17:02 Página 77
da askotan ikusi nituelako. Horrekin batean, denboraren
nozio berri bat hartu nuen, eta bizitzeko zikloak errepikatzen
zirela ere bai. Haize bero hura gehienetan hostoen
erorketarekin zetorrela ohartu nintzen, eta hura hala balitz
beste hainbeste sailkatze izan zitezkeela konturatu nintzen.
Urtearen eta sasoien nozioa ustekabean betiko sortu zitzaidan.
Nahiz eta jadanik sailkatze batzuk bizitzen genituen
eta biziaren partiduren arteko garrantzitsuena egunero bizitzen
genuen, hau da, egunarena eta gauarena, horri buruz
sekulan ez nuen ikuspegi zehatzik izan, inoiz ez bainintzen
fenomeno horretaz pentsatzen hasi. Nekeari lotzen nion,
eta automatikoki nekea sentitzen nuenean argia iluntzen zela
zirudien, niri bizitzeko ahalmena itzaltzen zitzaidan bezala.
Haize eta txori-aldi haren irudiak zikloen izateari
beste dimentsio bat eman zion, eta izadia hala egina zela
betiko konturatu nintzen, ziklo izadi batean bizi ginela.
Hortik landa, beste ikergai eder bat sortu zitzaidan, eta aspalditik
ezagutzen nituen hotza, beroa, euria, elurra, hezea,
lainoa, horma eta batzuetan itotzen gintuen sargoria sasoien
arabera errepikatzen zirela kontuan hartu nuen.
Benetan gauza ederra!