30 Erreala-Real Madrid- oroitzirriak

Erreala-Real Madrid

 

Urte hartan ere , bertso txapelketaren finalaren egunean denok belodromora abiatu ginen.Egun bere horretan Erreala ,Real Madriden aurka Anoetan ari zen .Nahiz eta futbolzalea izan,are gehiago errealzalea , belodromoko bertso festara joatea deliberatu genuen, Hondarribiko lagunekin batean,Izaskun,Maddi,Miren eta Enrike,Kontxi eta Endika,Erratzuko Joxe, Papax eta nere emaztea.Goizeko saiora tenorez iritsi arren leku gehienak hartutak zeuden eta Endikarekin batean sahetseko goiko esertokietan eseri ginen,goi goien,azken lerroetatik hurbil.Emaztea eta lagunak aldiz,libre gelditen ziren beheko azken lerroetan eseri ziren.

Jaialdia hasi orduko, leku hortatik ez nuela ezer entzungo ohartu nintzen,oihartzun ozena baitzegoen eta nere belarritako barne narrioa gero eta nabariago egiten zitzaidalako.Lehen agurreko hitz erdiak ulertu ez nituenean, azken urteetan galdutako entzumena egun horretan pairatu behar nuela konturatu nintzen . Zortziko txikiko gaiak ongi hartu ez nituenean ere, nere barne amorrua haunditzen ari zitzaidala Endikari adierazi nion,ez behin bakarrik baizik eta bera aspertu arte.

Goizeko saioa ahal bezain ongi iraun nuen bainan arratsaldean tokiz aldatu behar genuela erabaki genuen eta egia aitortzeko osoki aldatu genuen,Anoetako esertoki galanta batean futbol partida ikusten bukatu genuelako.

Aspalditik Izaskunek bazkaria Aniceto jatetxean manatu zuen eta han behar den bezala jan eta edan genuen,ardo ona bereziki eta kafearen ondoko ttottak,txokor eta guzi.Sebastian Lizaso,orduko txapelduna zena gurekin bazkaltzera etorri zela oroitzen naiz eta bere goizeko saio kaxkarraren ondotik,gure heinera edan zuela ere bai.Beharbada ez zuen horregatik irabazi ?Ez dut uste ,urte hartan Andoni Egaña aurkari handia baitzuen.

Muturra bero xamar, Anizetotik atera ginen eta Endika eta biok emeki emeki atera ginen guziak aurrerantz segitzen utzi genituen.Han,lehiarik gabe,Belodromoko bidea hartu genuen Endikak ekarri zuen larruzko petakatik puro bana harturik.…eta hola ,hala eta holaxe ,ele ata ele,bertsoetara iristeko hain lehia gutxi genuen aretora nahiko berandu ailegatu ginela, gorantzaldeko lekuetara berriro abiatuz. Dena beterik zegoen.Danba beteta.Hala ere bi leku kaxkar harrapatu genituen eta lehen ariketa hantxe jarraitu genuen,adi adi,beno ia ia.

Laster belarriko entzumena ez zitzaidala bazkariarekin konpondu konturatu nintzen eta ez zidan denbora askorik behar izan Endikari hitz egiteko,ondoko jendea kexatzeko eta borondate osoz kanpoan egoteko.Nere laguna konbenzitzeko asti haundirik ez nuen izan behar,Endika egiazko bersozalea baino jokozalea baitzen eta ni ,entzuteko baldintza kaxkar horietan ,errealzalea Sebastianzalea baino.

Anoetarantz abiatu ginen.Futbol zelaiako kanpoko aldea jendez trumilka zegoen,ezker eskuin,xinaurritegi bat izan balitz bezala..Zuzen zuzen txarteltegira joan ginen, bainan zintzikilik zegoen txatelak jada sarrerarik ez zegoela adierazten zuen,dena agorturik bait zegoen.Betiko lekuan zeude bigarren saltzaileei hurbildu gintzaizkien bainan bost mila pezeta eskatu zizkiguten,orduko prezioa bi mila pezetakoa bait zen.Nik halako prezio bat izan behar zela banekien,behin baino gehiago futbolera etorri nintzelako eta ordaintzeko prest nengoen bainan Endika ez . Bere berezko kazkarkeria erakutsiz,sekulan ez zuela prezio markatua baino gehiago inun ezer pagatu ,eta horren arabera,ez ginuen « reventa »ko sarrerarik hartu.Azkenean zelaira sartu gabe geldituko ginela susmatuz,sarrera haiek har genitzan insistitu nuen bainan debaldetan.

Horri halaxe erantzun zion :Baietz urririk zelaira sartzen garela ?

Hura esan zidanean bigarren salmentako txartelaren ideia hobe nuela ahanztea jakin nuen,zerbait buruan sartzen zitzaiolarik ez baitzitzaion txantxetan sartzen eta hala izan zen.

 

Nola sartu ez genekien eta gure entsaio eroetan hasi ginen.

“ VIP” sarrera ikusi genuen eta harantz abiatu behar genuela luzatu zidan :

“Eh,Xabier hator hona”eta mutu-muturik Endika haundiaren itzala bihurtu nintzen.

Han barnean ,txapel urdineko guarda batek berehala ea nora joaten ginen galdetu zigun eta zalantza izpirik gabe Endikak ea Joxe Mari ikusi zuen erantzun zion–« Le has visto a Joxe Mari ? »ausart batez .

« Zer Joxe Mari ? »erantzun zigun harriturik.

“Ba Joxe Mari,nor izan behar da ba,Joxe Mari“,erantzun genion deplauki.

-“A pues ,ez dakit hainbeste jende ibiltzen baita hemendik,ez dakit“

-“Bale,bale,ea aurkitzen dugun“…Eta estadio barneko tunel horren azpian abiatu ginen,irriz,eta gainera zetorkiguna zuhurki prestatzen..

Bapatean tunelaren irtenbidea agertu zitzaigun bi adarrezko aterabidez egina,ezkerrean berriro kanpora zihoan bide argitsua,eskuinean aldiz beste guardia batek zaintzen zuen burdinezko sartzeko ateka elektroniko baten bide arriskutsua,Errealako kide txartel bereziaz baizik irekitzen ez zena.

Eskuinekorantz abiatu ginen eta naturalki , belodromoan eskuratu genuen Lazkao Txikiren egutegitxo hura ateka zabal zedin tresna argitsu hartan sartu nuen,ea argi gorritik orlegira pasatzen litekenez .Hura ibiltzen ez zela kexatzen bezala irriz lehertu nintzenean,guardia hurbildu zitzaidan lagundu nahiez,txartela beharz en bezala sartzeko keinua eginez,egutegi bat baizik ez zela oharturik.Katxondeo gutxigo eskatzen,handik berehala ateratzeko erregutu zigun,jendea oztopatzen ari ginela eta txartelak kanpoan salgai zeudela.Gure irriak gehiturik, ezkerreko biderantz jo ginuen.Patxaranaren eraginez gengizkien guziak irringarriak iduritzen zitzaizkigularik,beste ausardi baterantz abiatu ginen.

 

Nik,ezin gintezkela zelaiera urririk sartu banekien bainan Endikak beste ate batetik entsaiatu behar genuela behin eta berriro zioen,kazkarretan kazkarrena baitzen nere ohiko laguna.Abiadura mantsoz,ate nagusirantz abiatu ginen,maratoiko korrikalariak sartzen ohi diren ate zabal hortarantz, ea bide hura sartzeko egokia genuenez..Han urrunean,tunel azpiko atea zabal zabalik ikusi orduko hortik barneratu behar genuela erabaki genuen.Nik ez dakit ezker eskuin zeuden polizi bi lerro luzeetaz konturatu ginenez edo garrantzirik eman ez genionez.Hastapenean behar bada ez ,bainan berehala guri begira zeudela oharturik gure abenturari grazia gehiago eman behar geniola bururatu zitzaigun.Lasai lasai lehen urratsak egin genituen,Patxaranak emandako ausardiaz bultzaturik eta ezagunak bagenitu bezala iepaka polizi nazionalak agurtzen abiatu ginen eta emeki emeki estadio barneko giro bero beroa gero eta hurbilago nabaritzen.Oihuen artean ginauden eta “grisak“ denak atzean utzirik , korrikalari ospetsu batzuen pare, barneraino iritsi ginen,iduriz guretako ziren txaloak eta builak entzuten.Bozkarioz beterik,gure puruari hats luze bat eman genion, eskubian hurbil-hurbil geneukan tribuna hel errez hartara gure begi dirdiratsuez so eginez..Zailtasun bakarra, tribunera igotzeko oztopo egiten zigun burdin hesi urdin hura genuen. Huraxe hankaratu orduko,errealeko txapel urdin guarda bat hurbildu zitzaigun,oihuka, ea han zer ari ginen galde eginez.

Ba,gure lekura igotzen ginela esan genioneneko txartelak eskatu zizkigun eta esku hutsik ginaudela baieztatu zuenean handik bota eta bide zabaletik kanporantz berriro igorri gintuen.

Ezker eskuineko polizi nazionalak guri begira harriturik zeuden,gure mogimendu guztiak segitu baitzituzten,eta begiak borobildurik,ea halako bikote xelebrea nundik atera ote zen, zelaiean urririk sartu nahi zuena,gazte insolbente batzuk izan balira bezala.Gazteak izan bagina ,segur polizia ez zela geldirik egonen bainan aski adinean sarturik ikusirik ez ziren batere mugitu.

Gure helburua,nerea behintzat ,ez zen diruarena,desafioa baizik.Endikarenaz ez nago segur .

Une normaletan bihotz ikara sor zezakeen polizi lerro horien erdian,nere begirada,

ezkerrean zegoen polizia batengana abiatu zitzaidan,agintaria zirudien pertsona serio horrengana.Talky-walky baten bitartez beste agintari batekin solasean ari zen,noiz belarrira noiz ahora komunika tresna eramanez.Irria sartu zitzaidan eta bat-batean hari bereganatu nintzaion.Belarrian entzuteko tresna zeukalarik boz ozen bezain serio batekin galdegin nion:

-Como va el Barcelona?Zer ari da Barcelona?Irrati bat eskutan ukan balu bezala eta Carrusel deportiboaren segitzaile amorratu bat izan balitz bezala.

Harriturik so egin zidan,zer egin eta zer esan ez jakinez.Endika farrez lehertu zen.Berriro galdera bera egin nionean mesedez handik lekutzeko aholkatu zidan,gure ausardiari irri zorrotz izkutatu bat eginez..Horko arriskuaz eta lanjerraz oharturik eta irratizaleak eritziz aldatu baino lehen, korrikalari baten pareko urrats arinez handik atera ginen,gure maratoi partikularra alderantziz eginik.

Eta gu oraindik kanpoan,eta partida hasteko zorian.Zer egin?

Berriro VIP atera joatea deliberatu genuen,eta berriro guarda berdin hari Joxe Marirena aipatzea.Bide berdina hartu genuen bainan bat-batean Endikari argia piztu zitzaion: Tuneleko bi adarrezko irtenbidera iritsi baino lehen,eskubian bi ate txiki zagerizen,biak itxitak, eta Endikak gure salbabidea horretan asmaturik, zuzen zuzen hura irekitzera eraman ninduen.Zabaldu zenean harriturik gelditu ginen. Korridore ilunxko bezain luze batera ematen zuen.Endikak,bultzada bat emanez,laster sartzeko agindua luzatu zidan eta ezkerrerantz ,azpiko galeri bitxi hartatik abiatu ginen,gure atzean atea zuhurki itxita utzirik. Gure aintzinean zenbiltzen hiru gizon mixteriotsu batzuen urratsak segitu genituen.Barneko giroa,gero eta ozenagoa nabaritzen genuen,gero eta handiagoa,gero eta gure gainekoa.Tribunen azpian ginaudela aski garbi zagerien eta hiru gizon bitxi horiek jarraituz, tribuna txiki batera iritsi ginen,inork ezer galdetu gabe,nehork fitxik eskatu gabe,eta han gazte herbail andana baten artera sartu ginen.

Zer probidentziarengatik ez dakit bainan tribuna batean ginauden, gutxituen tribuna berezi batean .Harriturik,gibeleko paretaren kontra gelditzea erabaki genuen.Ez luzarako !Errealak lehen gola sartu zuenean inguruko guztiak mugitzen hasi ziren eta toki batzuk hutsik gelditu

ziren.

Hor zegoen jendea begiztazen hasi ginen:Aurrean lehen lerroan, hiru gazte gutxitu zeuden,beren eserleku berezi eta guzti,Errealaren alde oihuka , aldamenean beste hiru pertsona, iduriz horien laguntzaileak ala zaintzaleak, elkar solasetan ari zirenak,ezkerrean laspost gizon serio gure aldera begira zeundenak,ondo ondoan beste bi gizon ere,itxura berberakoak,horiek ere guri begira .

Lehen zati osoa pozik ikusi genuen,Errealak bat eta huts Real Madridi irabazten ari zitzaiolarik.Lehen lerroan libratu ziren bi eserlekuetan jarri ginen harat abiatu ginen eta han erregeak bezala,beste puro-txokor eder bat pizten ari ginen bitartean,Errealeko txapel urdin guarda serio bat hurbildu zitzaigun,hasarre aurpegi batekin,begirada gorrotoz beterik,

ea gure txartelak erakusten ahal genioken. Nere ezkerrean zegoen Endika lagunak,berari egin baitzion eskaera,nere aldera itzuli esanez:”-Xabier,atera txartelak!”

Zer alua,pentsatu nuen. Nik zer egin ez nekien eta eskuak nere paltoaren sakeletan sartzea

bururatu zitzaidan,txartelen bila nenbilen bezala.

-“Aibala ,etxean utzi ditut“,luzatu nuen deplauki bururatu zitzaidan bakarra esanez,handik modu txarrez momentu berean lekutu behar gintuela pentsatuz.

Bildurrez eraginda ginaudenen,halakorik ez baigenuen aintzinetik pentsatu.

-“Que sea la ultima vez” –erderaz,azken aldia izan zedila esan zidan oihu motz bezain gaizto batez,eta handik lekutu zen gure harridura lekuko.Eta bitartean besteak bersotan....

.

Ez nuen ezer ulertzen,han egoteko baimena ematen ari zitzaigulako .Egitan ez nuen ezer ulertzen. Harriturik ginauden.Hau ere ezin hobehiago atera.Urririk sartu,tribunetan jarri eta gainera baimena lortu,harritzekoa!

Erdi denboran ondo ondoan zegoen tabernara hurbildu ginelarik eta nahiz eta alkoholik gabeko edariak saldu,guretzat egina zegoela zirudien.Lagunak ere egin genituen,ondoan zutik zeuden gizon haiekin solasean hasi baiginen elkarrekin garagardo bana harturik.Konbidatu genituen.Bigarren denbora hastera zihoala eta,lehen lerroak betiko libratu zirela oharturik, poz pozik hartu genituen eta leku apropos hortatik Errealaren bigarren gola gozatu. Gure aintzin aintzinean,paretaren kontra eta beste tribunaren azken lerroan , tronpeta jotzen ari zen Daniel gaztea zegoen.Futbolera erematen diren plastikozko tronpeta luze horietako bat eskutan,gogorki tutuka ari zen Daniel txiki hura.Gutxitua zela ere pentsatu genuen,bere aldamenean eseritak zeuden beste hamar urteetako gazteak bezala. Beste egun batez urririk sartzeko aitzakia ukan dezagun bere laguna egitea bururatu zitzaigun,Danielen lagun zaindariak ginela behin edo beste esan genukeela pentsatuz…Berarekin solasean hasi ginen,plastikozko tronpeta luze horrekin jostetan eta partiduaren gaineko komentarioak egiten. Pipa pakete bat erosi genion ere.Ezin atseginagoa zela iduritu zitzaigun,gu ere berarentzat noski.Noizean behin, urrun xamar zutirik zegoen guarda txapel urdinaren begirada zorrotza gurutzatzen nuen. Orain ere gorrotoz beterik sumatzen nuen soaldi zorrotz hark bildurra eman zidan eta ulertu nahi nuen bere sendimendu gaisto horren arrazoina,bainan ezin.

Partiduari bi minutu falta zitzaizkionean bitxikeria guzien arrazoina igarri genuen.

Bat- batean,gure atzean zegoen gizonetarik batek,agintariak noski,lehenago gure ondoan zegoen hark eta gurekin tabernan garagardo bat edan zuen berberak txistua ozenki jo zuen,sakelatik atera zuen kirol epaile baten txistu baten pareko hartatik soinu berezi bat ateratuz..Zoin ez zen izan gure harridura inguruan zeuden guziak,pipik esan gabe altxatu zirenean eta bere tokietatik lekutu zirenean.Denak!Atzeko paretako ate horren aurrean bildurik,astiko gizon guztiak zerbaiten zain zeuden,haien artean Daniel ,eta beste haur tropa osoa.Inor ez zitzaidan orain gutxitua iduritzen ,are gutxiago herbaila .Han,denek bat egin zuten, hogei pertsona bederen,lerro bat osatzen balute bezala eta kanpoko bidea hartu zuten, pardituari bi minutu falta zitzaizkiolarik,denak elkarrekin,lerroz lerro,beti urrun xamarretik gorrotoz begiratzen ari zitzaien guarda txapelurdinaren begi ilunen aintzinean..

Nor ote ziren bada ?Denak ezagunak,elkarrekin brometan,adineko bigote eta bizardunak, haurrak, denak senide edo adiskideak izan balira bezala.Nor ote ziren?

Poliziak!Bai,bai,denak polizi nazionalak!Tribuna hortara bere familiekin urririk sartzen ziren poliziak.Zerriak!,Gutxituen tribuna berezi hortara ausardi osoz etortzen zirenak,eta gu,zozo zozoak, ustez eta herbailak zirela. Gutxitu bakarrak gu,Endika ta biok.

Orain bai esplika nezakeela baten eta bestearen jokabidea,txapelurdin guarda harena,oraindik gu handik ez ateratzeagatik balditurik begiratzen gintuena. Polizitzat hartu gintuela ohartzen ginen orain ,txartelarik gabe gure lekuan egoteko baimenaren arrazoina ulertzen genuen ere, eta nola ez, botatzen zizkidan gorrotozko begiraden arrazoina ere bai.Pentsa Errealako guarda haren igande guziko poliziaren jokoaren aurreko nazka eta ezintasuna .Nola ez ulertu bada?

Benetan ulergarriak gureganako ikuspegi gordinak!

Eta gu elkar solasetan ea polizi horientzat zer ginatekeen gu ?Gutxituak?Herbail baten familiakoak?Beste gorputz bateko poliziak edo guardia zibilak?Ertzainak akaso?.Gure artean euskeraz egiteagatik,ertzainak ginela pentsa zezaketeen?

Txapelurdina beti gure begira ari zen, poliziak ez ginela oharturik.Zer ote ginen bada modu horretan txartelik gabe sartzeko?Burua itzul ipurdika zeukala nabaritzen zitzaion bainan debaldetan,ez baitzen hurbiltzera gehiago ausartu eta bere misteriozko galderetan zegoen bitartean epaileak azken txistua ozenki jo zuen.

Errealak bi eta huts irabazi zuen,futbol zelaira urririk sartu ginen,experientzia surrealista berri bat ezagutu genuen eta urte pila bat pasa ondoren oraino gogoan daukadan ixtorio hori inoiz ez dudala ahantziko badakit.

Hori bai oroitzirria,hori ! Xubiltz.