25 Errumaniarrak ospitalean- oroitzirriak

Errumaniarrak ospitalean

 

Hogoi urte baino gehiago bizkarreko minez pasatu ditut,medikuz mediku eta ospitalez ospitale.Bi operazioneren ondotik hirugarrena hurbiltzen ari zitzaidan,zerbikaletakoa.Bainan operatu baino lehen sendagile ospetsu gehienen konsulteetara jo nuen haien erizpidea jakin nezan.Halako batean eta « Senegas »profesorearengana hurbildu nintzen.Lehen aldiz operatu nindutelarik bere Bordeleko zerbitzu ezagunean egin zdaten, hango zuzendaria baitzen eta berarekin zegoen Lavignolles medikuak sendatzera entsaiatu zen bainan debaldetan.Gutxiegi irabazteagatik ,Senegasek publiko arloa baztertu zuen eta klinika pribatu bateko izarra bilakatu zen, Pessac herriko San Martin sendatokikoa .

Pessac herria han dago,Girondan, Bordeletik aski hurbil,bainan aski urrun ere,Euskal Herritik berrehun bat kilometrora,tren bide zuzenetik kanpo,Euskal iparraldetik nahiko galduta eta zer esan hegoaldetik,

beste mundua ,nunbaitetik ezagutu behar den beste mundu hura han bertan agertzeko ,are gehiago klinika zehatz hartan agertzeko ere.

Egun hartan Pessac herriaren mila itzuli eman ondotik San Martin klinikako sartokira eguerdi t’erditako iritsi nintzen ,asperturik eta izerditan.Medikuarekin hitzordua ordu bi t’erditan neukalako egongelan itxoitea deliberatu nuen.Ogitarteko prefabrikatu horietarik bat bi sosen truke makinatik atera nuen,ur botoila frexkoa bat ere eta hango besaulki kaxkar hartan eseri nintzen denbora iragan zedin.Oraindik ordu t’erdi falta zitzaidan neure mediku famatu haren bulegoan sartzeko bainan laster pasa egin zitzaidan.

Nere parean,zutik zegoen gizon talde hark nere bista gainerasotu

baitzidan.Solas bizitan zeuden eta harritu ninduen lehenbiziko gauza haien ahoa izan zen,urrezko irri dirdiratsuz horniturikako aho aberatsa.Nahiz eta denek pobre itxura ukan,urrezko hortzak zituzten,zahar ala gazte,emazte ala gizon.Denek !Aski agerian erakutsi nahi izan balituzte bezala, ijitu errumaniar haiek solas beroetan zeuden,haien hizkuntza eslabo bizi hartan, ahoak nahiko irekirik, hortzen dirdirak zinpartez beterik.Nornahi ez zirela erakutsi nahi zuten eta haien arteko sailkapen soziala aski argi nabari zen.Berehala nere besaulki hurbiletik klan mafioso baten antolakuntza zeukatela iduritu zitzaidan:Zaharrena agintari ohia zuten, errespetatzen zuten adineko gizon burusoila,denen begirada jasotzen zuena,lehenago aginduak beste guziei eman zizkiena eta hortz guztiak naturalak zituena.Bigarrenak, betiko markatu ninduen gizon beltxarana,adinekoaren semea izan zitekeela pentsatu nuen,egiazko agintaria,denak bere menpean zituena,ondokoak aginteak betetzera bidaltzen zituena bai kanpora nola klinika barnera.Dirdirez beteta,urrezko agintaria.

Gaixto aurpegiko gizona zen hura dudarik gabe,beldurra eragiten duenetarik horietakoa.Azkar azkarra,ile beltz beltza,begirada zorrotz bezain hiltzailea,ezpainek doi doia ikusten uzten zituzten urrezko irri pozointsua,zinez beldurgarria  !Beste guztiak morroiak ziren,beste seiak,antolakuntza horren mutil zerbitzariak.Haiekin zegoen andre bakarra ere bai.Zer negoziotan arituko ote ziren neure buruan errepasatu nuen bainan ondorio bat baizik ez nuen atera,mafia bat zela. Beharbada ferietan ibiltzen diren familia ijito horietakoa ?Bainan begi aurrean neukan antolakuntza soziala horrena baino, mafia batena baizik ez zitzaidan iduritu.

Gainera klinika hartan egoiteak arrazoin bortitza bazeukala laster ohartu nintzen:Haien antolakuntzako norbait klinikan sartuta zegoen, edo labainkada batez zauriturik edo zauri mota itsusi batez kolpaturik,eta han ,errespetuz bezala,isilik egon behar zen,edo zaurituta klandestinoa izan zitekeelakoan.Aski kexaturik zeuden.Noizean behin agintari gazteak beste gazteago bat klinika barnera berrietara igortzen zuen eta beste morroietatik bat kanpora ea zerbait bitxi gerta zitekeenez.Parkinerat soaldi bat eman eta berehala itzultzen zen deus zehatzik gertatzen ez zela esanez. Zalantzarik gabe kanpoko zerbaiten beldurrez zeuden ere,poliziaren etortzeaz

beharbada?Agian beste banda baten agertzeaz ?Ez dakit.

Halere zerbait bitxiaz,legearekin gutxi ikusteko zeukan zerbait arraroaz.

Eta ni,hor,zain,gertatutakoak hautemaiten,beste ordut’erdi oso bat eta horretan beste laspost aldiz berrien bila igo ala atera ziren .

Zauritua arras gaizki zegoela nabari zen ,azken zorian ala operazione batetik doi-doia ateraturik .Baten keinuarengatik aski garbi ohartu nintzen labankada baten ondorioz operatu zutela eta nahiz eta haien solasak errumanoz edo hizkuntza bitxi horretaz eginak izan,kexadura ez zitzaien batere aurpegi ilun haietatik ihes egiten.

Nere begiak batetik bestera abiatzen ziren,haien keinu guztiak zehazturik eta hainbeste begiratzen nituela nolabait ere gorde nahirik.Agintariaren begi gogorrak aldi oro guruztatzen nituen eta izuten hasi nintzen.

Banekien bakarra hauxe zen : horren aurpegia betiko begietan zizelkaturik geldiko zitzaidala, betiko markatu ninduela.

Azkenean nere hitzorduko tenorea iritsi zenean medikuarengana sartu nintzen eta modu batez ijito guzti horiek nolazpait ahantzi.Klinikatik atera nintzenean jadanik ez zeuden eta nere trena harturik Euskal Herriratu nintzen lehenbailehen.Trenaren hots monotonoaren erdian berriro irri dirdiratsu aurpegi ilun haiek gogorat etortzen zitzaizkidan,baten eta bestearen aurpegia oroimenaren zolan kokaturik,batez ere agintari gazte harena .Etxera iritsi,betiko bizian sartu eta errumano haiek ahaztu,betiko.Ez ba !Unaien ezkontza arte.

 

Unai aspaldiko laguna dadukat.Gizon bitxia benetan.Bitxia bezain bihotz onekoa.

Bihotz kontutan, bakoitxaren aferak arras pertsonalak izaten direlako bere berextearen arrazoinetan ez naiz sartuko,lehenik bere lehengo emaztea arras laguna dudalako eta bestetik halakorik egitea ez dagokidalako.

Dena dela eta, Unai berriz ezkontzera zihoala bere eztai berrira konbidatu ninduen,Pasaiko Camaran ospatu behar zuten eztai xelebre hortara.

Andregai berria ,Marimas, ijitoa zen,ijito errumaniarra eta bere famili guztia ere bai,kito hutsak.

Unaik berriro ezkontzen zela esan zigunean lagunen artean hasarre ugari sortu zen , batzuek bere lagunak jarraitzen zutelako eta besteek lehengo emaztearenak,bainan gehienek bienak eta zozokeria batzuengatik egun hartan ezkontzara jende gutxi agertu zen.

Unairen Iruñeko eta Gasteizeko lagunak,berarekin Madrilen ikasi zutenak,Felipe Donibaneko adiskidea eta biok.Unairen aldeko senideak ere hor zeuden bainan hastapenatik jendea bi zatitan berexi zela ohartu ginen.Euskal Herrikoak eta ijitoak.Jatetxeko mahaiak era berean okupatu genituen,ezkerreko mahaian errumaniarrak,eskuinean gu eta bien artean ezkongaiak eta haien hurbileko senideak,aitamak eta anai arrebak.Berehala nere begiak mahai nagusian zegoen baten gainean pausatu zitzaizkidan,nunbaitetik ezagutzen nuen haren gainean ,nundik aldiz jakin gabe.Ahoa ireki arte ! Bere urrezko hortz haundiak erakutsi zituenean berehala Frantziako klinika hartan urte bat lehenago aurkitu nuen gizon bildurgarri hura izan zitekeela.ohartu nintzen. …Bera ote zen ? Berak,nahiz eta bera izan, ez nindukeela ezagutu banekien eta bazkal ostean bitxikeria horren berri galdegin behar niola pentsatu nuen.Denak kasta berekoak ziren,urrezko irriarenak,nor ta dirdiratsuago,nor ta hortz gehiago.

Gizonak,emazteak,haurrak,zaharrak,gazteak,denak urrezko hortzez horniturik ,dirdirak estatus soziala erakutsiko balu bezala . Denak han zeuden,harro harro, beren hortzen erakusten ,beren irriak bortxaz zabaltzen.Nere gizon hura orain dela urtebetekoa zela orain banekien,bere begi beltz gaisto horiek beste inork ez zituelako ukaiten ahal,inundik ere !

.

Eztaia arras ongi pasatu zen,ederki jan ,xarmanki edan,solas ugari,irri nagusi eta dantzan,denak dantzan ijituek ekarri zuten musika bandaren doinupean.Eta nola jokatzen zuten,zigariar aireak orobat jotzen,kriolin arinak ,kitar sendoak,baxoa eta kontrabaxoa, neurria behar bezala ematen.Kategorikoak.Greziako sirtakiak ziruditen,bai airetan bai dantzatzeko maneran.Lehen lehenik errumaniarrak baizik dantzan ez ziren aritu bainan berehala Unai ere errondan sartu zen eta benetan ohiko dantzari trebe bat zirudien,itxura eta guzi,ile ta bibote beltzak,gorputz azkarra,urratsak emateko ijitoen aire berdina eta harrokeri bera erakusten, aspaldiko dantzari ijito bat izan balitz bezala.Hortzak baizik ez zitzaizkion falta !

Gu ere errondetan sartu ginen,ahal genuena eginez.Gure hortz didiratsuko gizon beltzarana dantzara ez zen inoiz heldu eta nere aurrean segitzen zuen,patrarka bat bezala,purua ahoan,parez pare bere aulkitik mugitu gabe.Klinikako irudiak gogorat trumilka zetozkidan eta bera zela gero eta seguruago nintzen.Gaur ere agintariarena egiten baitzuen batez ere haurrekin,emazte guziekin ,azken finean han zeuden gehienekin.

Dantzen ondotik berriro gure aulkietara itzultzen ginen eta nere ondoan zegoen Felipe lagunari gertatzen zitzaidana kontatu nion, « Bai zera ! »batez erantzuna emanik.

Harengana hurbiltzea erabaki nuen.

-Aizu,zu Marimasen anaia zera,ez da hala ?

-Bai jauna eta zu nor zara?,erderaz.

Ba,ni,Unairen laguna naiz ,bainan nahi nizuke zerbait galdegin.

 

-“Zu ez zinauden Pessac herriko klinika famatua hartan,Saint Martin duen izeneko hartan iazko apirileko 19an?

Berak zer erantzun ez zekien ,bat-batean nik esandakoa egia zela ohartu zelako.

-“Bai bainan zu nor zara bada?“

-“Ni Unairen laguna naiz eta egun hartan hain zuzen han nintzen.“

-“Bainan han zinela nola ,bada?

Eta nik bizi izan nuen guztia kontatu behar izan nion,klinikan hitzordua baneukala,lehenago iritsi nintzela,neure parean errumano tropa bat zegoela eta dena ikusteko parada izan nuela,zauritu bat izan zutela eta berak,agintari haundi bat bezala jendea gorantz bidaltzen zuela zaurituaren berri jakiteko.Hortzen dirdirarena ez nion aipatu.

Marimasen anaia harriturik zegoen ,nola zitekeen bere arrebaren ezkontzan zegoen batek beste munduan zegoen St Martin klinikan orain urtebete gertatutakoa jakitea eta kontatzea .

Gertatzen zitzaiona ez zuen sinisten ahal,nik han ikusi nituenak berriro kontatu arte,zenbat ziren,zer ari ziren,zertaz solas egiten zuten,nola iritsi eta joan ziren....

Nik esaten nuena sinistera etsi zuen ,inork ez zuelako hori asmatzen ahal han egon gabe. Etsitu izan behar zuen eta ni haien egonaldiaren lekukoa izan nintzela ezin ukatzekoa zuen.Unairi gertatutakoa kontatu nion.Harritu egin zen ere.Marimasi ere,harrigarria iruditu zitzaion.

Bere anaiarengana elkarrekin hurbildu ginen berriz ere eta gertatutakoak berriro aipagai izan genituen.Azkenean osoki etsitu zelarik eta nerekin arazorik ukan ez zuela izango baieztatu zuenean, solasean hasi zitzaidan.

-“Aizu,zuk frantses nazionalitatea duzu beraz,ezta?”

Baiezkoa esan nion

-“Ez zenuke auto bat zure izenean ezarriko,ezta?”

Harritzekoa!

-“Bai,Audi berri bat badut eta nere izenean ezin diat ezarri,zurean ipini liteke?”

-“Begira ,zergaitik ez, bainan zer kotxea da , eta nundik heldu da?”erantzun nion

-“Ba,lagun batek eman didan Audi bat da eta nik paperak berritzen ditudanez, beste norbaiten izenean ezarri nahi nuke.“

Luzeak eman nizkion esanez elkar mintzatu behar genuela bainan aurretik ezezkoa emango niola azpimarratuz.

Orduan nere tinduraz hasi zitzaidan,margolaria nintzela lehenago esan bait nion..Nahi banu, nere margo guztiak Italian sal lezazkidala eta ezin errezagoa zela,nik berari ehun margola eman diezaizkiodala eta berak han arazorik gabe salduko zizkidala.Harritzekoa hau guzia ere,ezta?

Marimasi aholkuaren eske hurbildu nintzaion eta proposamen berriak kondatu.Bere erantzuna aski garbia izan zen:

Begira Xabier,Italiarena, berarekin joan beharko zinateke margoak saltzeko,bestela adio eta autoarena ez zaizula burutik pasatu ere.

 

Bere anaia bazezaguen,bere kastako ohidurak ezagutzen baitzituen ere. Geroztik hortz diridiratsudun anaia ez dut gehiago ikusi bainan ez dakit zergaitik iduritzen zaidan hirugarren aldikotz nunbait aurkitu behar dudala.Ea horrek berriz idazteko parada ematen didan.

 

Xubiltz