Marmont eta E.B.Retan
1973ko urrian soldaduskara joan beharra izan nuen.Etxetik mila kilometrora eraman ninduten eta hori eginahalak egin nituela hurbil egon nendin.Nere osaba,Urruñako auzapeza eta kontseilari orokorra izan zenari ea zerbait egin zezakeen Baionan edo Lapurditik hurbil egon nendin eskatu nion eta nahiz eta berak esan mintzatu zela eta ez zela arazorik hura ardiesteko,aste bat lehenago bide-orria eskuratu nuenean harriduraz ikusi nuen Seine et Marneko erdi -disziplinarioa zen batalloi batera igorri nindutela,euskaldun abertzalea izateagatik naski .
Lehen egun hartan Donibanen trena hartu nuen Pariseko Austerlitz geltokira iritsi eta handik ekialdeko geltokira abiatu,beste tren bat hartu eta Provins hiriraino bidaiatu.Han kuartelako autobusa gure bila etorri zitzaigun eta Sourdun herri tristeraino ereman gintuen, beste laspost kilometro egin baino lehen kaserna zikin hartara irits gintezen.Orduan zegoen Europako kuartel modernoarena omen zen hura,etxetik mila ta hiru kilometrora neukan egoitza haizetsu bezain hotz hura. Gabriel Garcia Marquez idazle kolonbiarraren “la Hojarasca” eleberrriaren deskribapenak eredutzat hartuko nituzke kuartelaren berri emateko eskatzen balidate.
Berehala,lehen egun hartan, lerroz lerro pasatu ginen ,noiz paperak bete,noiz galderei erantzun,batean ileak pikatu bestean medikuaren aurrean iragan eta hola agertu zitzaidan lehenbiziko zoria,zori ona dudarik gabe,beharbada urte guztian ukan nuen suerte on bakarra.
Nere aintzinean soldaduskara deiturik zegoen bati,soldadu batek musika bandan sartzeko zer egin behar zuen adierazten ari zitzaion eta ni ,buru belarri ,neri ere komeni zitzaidan hura entzun nahian gogoan hartu nuen.Edozoin musika tresna jotzen zuela esan zezan explikatzen zion,musika bandan tronpeta,adarra,danborra eta bonboa baizik ez zutela jotzen eta hoberena zuela horiek baizik, denetarik jotzen zuela esatea.Egia aitortzeko,solas isil hura ez zen gor baten belarrian sartu eta nik ere hala erantzun nien egin zizkidaten galderei.Txistua,kitarra,harmonika,flauta eta pianoa jotzen
nituela paper hartan idatzi nuen eta musika bandan sartu nahi nuela aipatu ere.Hura irakurtzen zuenak pentsa zezakeen izugarrizko musikaria nintzela,inun ez baitzen ageri denak ongi ala gaizki ,belarriz eta solfeorik gabe jotzen nituela.
Lehen hilabetea gogor gogorra izan zen,ibilaldi luzeak,lasterketa bortitzak,armen irakaspenak,garbitasunak,lisaketak,ordena,
oihuak,oihuak eta ordena.
Abenduan sartu ginenean,”klaseak” bukatzear genituen,berri ona etorri zitzaidan,musika bandan nonbratu nindutela.
Bandakoak leku berezi batean bizi ziren,gela eroso eta txiki batzutan,launaka,permiso bereziak zituzten eta inoiz ez ziren gudari lanetan aritzen.Zer zoriona izkin hartan zeuden barrakoi haietara iritsi nintzenean.Esan ziguten guztia egia zirudien eta Landesetako Iñaki Etxeberria,Senpereko Hourcastagné,Ageneko Desvaux eta Niorteko Jarraiz ni bezalako soldadu berriak gelakide ikusi nituenean pozik gelditu nintzen.Pozik ere jakinez besteak baino ateratzeko baimen gehiago genituela,gehiago beharbada bainan desorekatuago ere,astean zehar ateratzen baikinen, igandeetan musika bandarekin inguruko herrietan jotzen baikenuen , batez ere Provins hiriko instituzionetan ,orduan hango auzapeza ministroa baitzen,frantses gobernuko justiziako ministroa hain zuzen,Peyrrefite jauna.
Nik tronpetarik jotzen ez nekien bainan denak bezala laster ikasi nuen haien metodo zuzena segituz.Etorberri guztiek aste bat genuen “Do” nota garbi bat tronpetatik atera genezan ,bestela ateratzeko baimenik ez .Pentsa zer laster ikasi nuen, bai “do “hura baita ere beste asteetan erakutsi zizkiguten nota guztiak.Irteteko baimenarena ez zen txantxetakoa eta lortzen ez zutenak kuartelean bi asterako gelditzen ziren.
Hilabete baten buruan, bandarekin jotzeko gai nengoela erabaki zuten,pieza batzuk behintzat,erresenak bederen,bereziki,”le joyeux trompete”eta beste halako aire nazkagarri batzuk.
Nola pasatzen zen gure bizia?Larunbata eta igandeetan ibilaldietan jo,igande arratsetan ateratzeko baimena ukan eta asteazkeneko berriz kuartelean,beste guztiekin batera entsaiatzen beste asteburuan berriro jo genezan.Batzutan osteguneraino kanpoan egoten ginen eta hala suertatzen zenean bideko mila aneurkinak pozik egiten nituen,batez ere Lapurdira hurbiltzen nintzenean.
Bi gertakari bitxi kondatu behar ditut,lehena Mitterand eta Giscarren arteko hauta lehia gertatu zenean.Presidentzialak zirela eta,bi hautagai horien arteko lehia bigarren itzulian erabaki behar zen eta zerbait harrigarria gertatu zitzaigun.Musika bandatik aparte,gure pelotoia kuarteleko kolonelaren hurbileko guardia baitzen,hala zioten bederen,eta une garrantzitsuenetan beti lehenak ginen.
Bozketako igande hartan eta adierazpenik eman gabe,Marmont izeneko kamioi haietan sartu gintuzten,gudu jantziez,motorrak marmarez.Gu ,iziturik,isil-isilik,gure txuskeroaren bozaren agintearen zain,espantu haren oihuen menpean.
-“Gau guztia kamioetan pasatuko duzue,hauteskundeen lehen emaitzak jakin arte eta beharraren arabera,Pariserantz abiatuko gara,ez dut besterik esateko!!!
Harrigarria,Mitterandek bozkak irabazten balitu, prest omen ginen Parise garbitzera abiatzeko.Ezkerrari hainbeste beldur zioten iduritzen zitzaiela komunismo gogorra etortzen ari zitzaigula eta horren aurkako zerbait egin behar omen zuten.
Zoin izan zitekeen gure egiazko xedea ?Inork ez zuen inoiz jakin,Giscarrek irabazi baitzuen. Eta emaitzak alderantzizkoak gertatu izan balira?Zer egitera bultzatu behar gintuzten?Edo dena espantu? Sourduneko musika bandako alferrak haien eskuineko Frantzi sakratua salbatzeko.Pentsa!
Kuarteletik bi orenetara zegoen Parisera iritsi eta zer ?Putx bat egin ?Guk ?Putz bat behar bada bainan putschik segur ezetz.Noren agintean,gure koronel haren menean?Eta hura norenean.Benetan bitxia !
Dakidan bakarra gau guzia hala pasatu genuela eta biharamuneko eguna ere bai,arratseko zortziak arte telebistak berri on ofiziala eman arte.Nik,gure adjudanta eroaren espantukeria bat baizik ez zela pentsatu nuen,bainan gero koronela jakinaren gainean zegoela jakin genuenean denak harritu gintuen.Bederen orain kontatzeko aukera eman zidaten eta nahiz eta egun hartan egiazki sufritu eta gaizki pasatu,gaur irriño maltzur batez kondatzen dut egun haietan iraganak.
Igandeetan musika jotzen genuen beraz eta maiz larunbatetan egoitzatik ihes egiten genuen Jaraiz lagunak ekarri zuen berebil hartan.Lehen urratsak garageraino egiten genituen beti,han aparkaturik zeuden jeepetatik errekina lapurtzeko .Hura bai abentura zela,izigarria.
Batek guardia egiten zuen eta beste bik jeep bat hautatu ondotik eta tubo berezi batean hatsa harturik ,errekina ebatsi.Gero edozoin herriko jaitara abiatzen ginen.
Zorionez,inoiz ez ginuen arazorik izan.
Arazo bakarra igande batez pasatu zitzaigun,apustu bat egin
baikenuen.Gure kuartela Europako modernoarena omen zen,ibilbide zabal batzuz hornituta,belardi txukunez inguratuta.
Igande hartan txuskero axudant zahar hura,asteburuko guardian zegoean eta ohiko alkoholeko plazerrean ito zen egun hartan ere. Igande goiz hartan Provinsera joan ginen ibilaldi militar batean jotzera eta ordu bietako kuartelaratu ginen.Egun hartan zergaitik ez ginuen ateratzeko baimenarik izan ez naiz oroitzen,dena dela ibilbide zabal horiek erdi hutsak zirela bai,gu baizik ez ginauden egoitza hartan,igande arratsalde nazkagarri hartan.
Nori bururatu zitzaion ere ez dakit,beharbada neri,beharbada beste ni bezalako bihurri bati,ez dakit,dena den apustu bat sortu zela bai,lasterketa bat egin behar genuela ,bainan ez oinez,txirringaz edo berebilez,ez,ez,tankez.
Egia aitortzeko ez zen gauza erresa,tankeak lapurtu behar
baitziren,garagetik atera bederen,gure arteko bi gidari ausart atseman eta beharrezko irrati gizonak ere aurkitu.
Gure helburua egoitzaren itzuli osoa egitea genuen bainan nola ?Gure musika banda,koronelaren guardia izategatik bere tankeak bazituen eta Jaraiz eta Desvaux lagunak ohiko gidariak ziren.Txoferrak bagenituen beraz eta gainera E.B.Rrak eskuratzeko prest zeudenak.Bainan ez zen aski,gidariek ez zutelako halako tankerik gidatzen ahal gainetik irrati gizonak ez bazien irratiz esaten norantz abiatu,ezkerrera edo eskuinera,bira edo zuzen,gidariak bere aintzinean baizik ez baizuen ikusten eta dorrean egoten zen irratilaria ezinbestezkoa baitzen.
Bainan irratirik ez !Denak ongi gordeturik bait zeuden eta guk ezin eskuratu !Nola egin ?
Bati ideia argitsu bat bururatu zitzaion,eskartza luze baten bitartez irratilariak bere gaineko metalezko dorre hortatik gidaria bideratzen ahal zuela ,ezkerreko partean kolpeak emanez ezkerrerantz abia zedin,eskuinean eskuinerantzako bidea har zezan. Froga batzuen ondotik hura posible zela ohartu ginen.
Dena prest genuen :Bide zabalean bi tankeak,bat bestearen ondoan,motorrak marmarez,gidariak haien metalezko harpeetan jarririk,gainean,E.B.Rrraren dorrearen gainean, zutik,eskartza eskutan irratilariak,irrifarrez,ni,hasieraren emaile ,trapu zahar bat eskutan eta lagun guztiak irriz lehertzen gure barrakoiaren aintzinean.
Dena prest ?Go !Eta bat-batean ,gure tankeak ,esker eskuinka ,eskartzaren aginpean abiadura iñarroskatu batean,batzutan hurbilegi besteetan urrunegi,elkar jotzeko irriskuan nola bazterreko belardia jan nahian eta gero berriro,gero eta lasterrago.Eskartzak haizearen indarrez goraldera airatzen ziren eta gure gidari gaixoak oihuka ,deus ez zutela ikusten eta aginterik ez zeukatela. Berriz ere eskartzak dantzan,ezkerreko partean jo nahiz bainan ezin,eskuinekoa erakuts nahiz bainan ezin eta gidariei kasko gainean isetsarekin jotzen.Zirkoa,hura bai zirko galanta.Eta gu,tankeetan ez ginaudenak jeep batean igoak,gure lagunen atzetik,martxa gogorrean,ikusaldi hura ez galdu nahian.
Kuarteleko goiko partetik pasatzen ari ginenean ezuste txar bat bizi izan genuen.Han,ostatuaren aurrean,begiak itzaturik,guardian zegoen txuskero adxudanta zut- zutik guri begira,harriturik.
Gure izialdura animalekoa izan zen eta ikus ez baginu bezala gure bidea segitu genuen,aurpegia ahal bezain bat gordeturik, garageraino zalu.
Instant batez tankeak bertan utzi,ateak ongi itxi eta gue barrakoiera lasterka joan ginen ezer gertatu izan balitz bezala,gure geletan sartu eta irriz lehertzen, zerbaiten berri.
Nahiz eta harritzekoa izan,adjuanta ez zen agertu.Bere berriak biharamunean eduki genituen , kapitainari eta koronelari txosten bat idatzi ziela jakin genuen :Bi tanke ikusi zituela bere aurrean pasatzen lasterketa bat egiten,ez zekiela zer batalloikoak ziren,gainean eskartza batzuk eskutan, bi gazte bazirela eta ez dakit zer gehiago....
Inork ez zuen sinistu !Denek pentsatu zuten mozkor arraildurik zegoela eta aluzinazioak izan zituela.Gure subofizialak galdetu zigun ea guk hartu genituen tankeak,besteei ere galdera bera egin zieten erantzun berdinak ukanez Nehork ez zuen halakorik egin eta gure guardiako adxudant edaleak izugarrizko hasarreak hartu zituen beti bezalako mozkorrak hartzeagatik .Egia da animalekoak harrapatzen zituela… Xubiltz