03 Atletismoa eta urruneko kirola

Atletismoa eta

urruneko kirola

Baionako barnetegian nahiko preso ginauden, ni batez ere, ostegunetan ateratzera uzten ez nindutelako eta asteburuetan maiz zigortuta egoten nintzelako. Nerekin ere, urrun bizi ziren ikasleak, Madrilekoak, Parisekoak, beste herri urrunetatik etorritakoak, eta gu baizik inor gehiago ez zen eskolan gelditzen, fraileez aparte. Nere herriko lagun guztiak ostegun eguerdietan etxeratzen ziren eta bakarra nintzen, jalgitzeko baimenik gabe, barnetegian gelditzen. Hori zen bizitzen nuen soportagaitzena, Donibane Lohizune Baionatik ez baitzen hain urrun ezta? Beharrik arratsaldeko bostetako denak itzultzen zirela eta Alain Genèze lagun donibandarrak ene amatxik emandako gozoak ekartzen zizkidan, beti zapore xoragarrizkoak, betiko mahats merlatuzko opil borobila eta ohiko Nestlé markako esne kontzentratuko kilo erdiko tutua. Haiek eskuratu orduko irensten nituen. Lehena, horzkada arin bezain zikintsuez, bigarrena titi gozo batetik xurgatzen ari banintz bezala, barneko esnea erabat agortu arte. Hura nuen aste osoko une maitagarriena, neukan begirada tristearen gozagarri handiena. Gainera altxor jangarri haiek zapora nitzan, kanpoko orduko eremuko txoko batean, beti berdinean, ezker muturreko platano sendopean bakartzen nintzen, zati bat eskatzera inor hurbil ez zitzaidan.

Krakada txoragarri hura baino lehen, bost ordu preso iragaiten nituen eta ateratzeko aukera bakarra kirola zen. San Bernard eskola zorrotz bezain famatu hartan futbola eta saski baloia ziren nagusi eta ikasle gehienok horretan aritzen ginen. Ni berdin, eta nahiz eta saski baloia ez maite izan futbolean aski trebea nintzen eta talde hoberenean nengoen. Denbora-pasa xarmanta genuen hura, gure bihozminaren apaltze gozoa, batez ere, eskolatik ateratzen ginenean, Donibane Lohizunera, Hendaiara, Uztaritzera eta halako inguruko herrietara futbolean aritzera abiatzen ginelarik. Arratsaldeko oren batean abiatuz, gehienetan hiruretan genuen partida eta bostetako berriro eskolarat itzultzen ginen, krakada txoragarri haren gose. Halere, kanpoan generaman denbora aski laster iragaten zitzaigun eta gure arteko batzuek salbabide izerditsu baten bila hasi behar zutela esaten hasi ziren. Futboletik aparteko beste kiroletan izena eman behar zutela bururatu zitzaien, bigarren mailako hamazazpi urteko ikasle zaharrenak hala aritzen baitziren. Hurbileko beste eskoletan egiten ez ziren kiroletan izena ematea zuten aterabide eta eskolak hori ohoretzat hartzen zuen. Partaide gutxiko lehiaketa izanez gero, errezagoa zen Akademiako sariak

irabaztea. Burasoentzat nahiko desiragarria zen eskolako aldizkarian agertzea eta eskolako arduradunak harro ziren kirola kartsuki zaintzen zutela erakusten zutenean eta, nola ez, txapeldun ainitz bazituzten.

Dinamika horretan De Vazey izeneko laguna xabalina edo sastakaia haiekin entrenatzen hasi zen eta departamenduko eskolen arteko atletismoko txapelketetan laster parte hartzen hasi ere. Mutiko nahiko azkarra zen, indar handikoa eta behin teknika apur bat ikasi, aski urrunera xabalina igortzeko gai zena. Laster saridun bihurtu zen. Hura ikusiz, Puyoo, Landesetako laguna, ziri luzeko jauzian, pertxan, hasi zen, kirol horrek ostegun arratsaldeetan oraino urrunago ereman zezakeela susmatuz. Eta hala izan zen, lehenik Akizera gero Bordelera eta Tolosara, behin edo beste, ereman zuten, beste akademietako txapeldunekin ari zedin, aldi oroz bere partaidetza erridikulo hutsa zela ohartu gabe, baina futitzen zen , bere xedea txapeldun izatea ez baitzen, ahal bezain luzaz eskolatik ateratzea baizik.

Bere ziri luze hura ikustekoa zen, aluminiozkoa, gotor-gotorra, pisu handikoa, exafodax edo andamioetan erabiltzen diren burdinen parekoa, abantzu eskutan sartzen ez zitzaiona eta bere jauziak ezin irringarriagoak ziren, ziririk gabeko jauzien parekoak baitziren, ezker-eskuin zeharka zegoen gainditzeko goiko makila sekulan ez baitzuen iragaiten, gehienetan haren azpitik pasatzen baitzen. Halere, meritua bazuen, ez zuelako maiz ukitzen trabeska zegoen neurri-makila.

Bordelera joaten zenean jeloskeriaz beterik begiratzen genuen, ostegun goizetan abiatzen baitzen, lau ordu klase galduz eta arratseko zortziak aldera zetorren beste hainbeste ikastordu berriro galduz. Eta Pauera, Orthezera, Akizera...toki guztietara eta total, deus ez egitera, ezer ez saltatzera, fitsik ez burutzera, eta inoiz ez irabaztera, beste atleten irribarrea ateraztera baizik. Bainan berdin zitzaion, fraileengandik urruntzeko baizik ez zen hura eta batzutan, xabalina igortzailearekin batera joaten zen, biak elkarrekin, jakin gabe nor zen igortzailea eta nor jauzilaria. Pentsa zer irriak, eta zer zoriona.....

Hori guztia ikusirik, beste lagun batekin atletismoko mailu jaurtiketan izena eman genuen eta kirol irakaslea arras pozik zegoen, apezak, aldiz, ez horrenbeste, urrutira joateko prest zeuden ikasleen kopurua handitzen ari zelako. Mailu batzuk erosi zizkiguten, sekulan ez genuen ukitu tresna haien jaurtitzaile komikoak bihurtu baiginen. Inoiz ez genuen ikasi, ez teknikarik ez eta kirol haren araurik ere, gure kirol-irakasleak horretaz batere ez zekielako. Beraz gu ere, eskolatik ateratzen hasi ginen, behin Akizera, beste batean Pauera bainan hura laster agortu zitzaigun, beste ikasle andana bat pertxan zein mailuan izena eman baitzuten.


Jadanik, apezek begi txarrez ikusten gintuzten eta bat-bateko hainbeste mailulari eta zirilari ikusita, egun batetik bestera ekitate bitxiak debekatu zituzten eta gure ohiko futbol eta saski-baloira itzultzera bortxatu gintuzten.

Halere, laster esku-baloi talde bat muntatu genuen eta ostegunetan pixka bat urrunagora joatea lortu genuen. Puyori eta de Vazey-ri, urruneko kirolaren bultzatzaileak izaki, haien sasi kirol haietan jarraitzeko baimena ez zieten kendu, beste guziok, berriz, baimenik gabe gelditu ginen. Gu bertan behera dena uztera behartu gintuzten, izen emaite hura haien legea hausteko baizik ez genuelako egiten ohartu baitziren eta mailuak eta ziri luzeak kiroldegiko armairuetan betiko sartu zituzten.

Pozik ginen, ez zigorra jasotzeagatik baizik eta, behin eta berriro, aginduak hausteagatik eta legearen aurka beste zerbait asmatzeagatik. Horixe zen gure nahia!