Zuzendariak
Beste haurrak bezala, eskolan lau urtetan sartu nintzen eta oraindik ez naiz atera. Sartu nintzenean halakorik ez nuen uste, sekulan ez zaidalako eskolako giroa gustatu. Lehenik, Donibane Lohizuneko San Joxepen, San Jondoni Bataiatzailean, Santa Marian, Baionako San Bernarden,Villa Pian, Largenten, Marmandeko Tersakeko gazteluan, Paueko eta Bordeleko unibertsitateetan, Baionakoan, Baztango ene kurtso partikularretan, Hendaiako Irandatzen, Donibane Lohizuneko Maurice Ravelen eta Xantakon, San Joxepen eta Santa Marian irakasle, berriz ere, eta azkenean San Tomas lizeoan, beti apez edo seroren artean, fakultatean ez beste. Beharrik inoiz ez nautela seminarioan sartu, apezondo guziek zer itxura duten badakidalako, kanpotik eta barnetik, eta halakoa ez nukeelako inoiz izan nahi.( Lagunei barka)
Soldaduska egin nuen urtea izan ezik, beste berrogoita zortzi urteak eskolan, ikasten eta irakasten. Eta eskola ez dudala inoiz maite izan, gaztetan irakasleak zorrotzak eta gaixtoak zirelako, heldutan zuzendariak eta gainerakoak sozial errebantxa hartu nahi zuten gizonttoak zirelako eta azkenik eta garrantzitsuenik, larderiaren aurka betitik zutitu naizelako. Bitxi izan daiteke irakasle batenganik hori entzutea bainan hala da eta nere ikasle ohiek hori egia dela badakite, beti irakasle berezia izan naizelako.
Nik, aldiz, izan ditudan fraile, serora eta eskola zuzendariekin sufritu dut, amodioa baino gehiago gorrotoa predikatzen zutelako. Txikia ginenean irakaslearen irudia txantxetakoa ez baitzen eta beti uzkur nengoen, larderiaren bildurrez, zigorraren bildurrez, aitaren bildurrez, biziaren bildurrez. Ikasle nintzenean, eskola guztietan ezagutu ditudan zuzendariak gorrototik nazkara iragan ditut, higuinetik izura; eta irakasle izan naizenean berdin, azkena izan ezik. Denborarekin eta haur eskola aroak oroitaraziz, izu handiena sartzen ziguna Arño Ager, Santa Mariako apez hura izan zen, haren zaflak animalekoak baitziren, baina emeki-emeki maitatzen ikasi nuen, harenganako bildurra lekuaraziz eta une onez soilik gogoratzen. Arñoz, gizon zorrotza zenik aparte, gauza irringarriak baizik ez ditut gogoan, hala nola latinezko kurtsoetan lokartzen zitzaigula.
Bere zuzendari-lanetik landa latinezko kurtsoak ematen baitzizkigun eta egiten genituen itzulpenak harrigarriak ziren. Gelan sartu, lekuak hartu eta jarri, liburuak ireki eta gehienetan Mattin Dargains donibandar laguna itzultzaile izendatu, Zizeronen testuak itzul zitzan. Inoiz ez dut ulertu zergaitik beti bera izendatzen zuen, gure arteko txarrenetan txarrena baitzen. Taktika bat baizik ez zitekeela uste dut, Mattin itzultzen hasi orduko, Arño mahai gainean lokartzen zitzaigulako, besoak kokotxa sustengatuz, orenbete bateko kuluxka batean sartzeko. Gu bitartean apez zurrunkari hura ez iratzartzea entsaiatzen ginen, Mattin mututaraziz eta isiltasun osoa eginik, sekulan beste klaseetan entzun ez zitekeen isiltasun osoa. Eta hala ordu guzia, irri isilen artean, danba lo, tirrintak jo arte. Bat-bateko atzarpen hark ez zuen ere gizona ahalketzen, futitzen baitzen, eta beti erran berarekin kurtsoari amaiera ematen zion: Milesker Dargains jauna. Eta denok gelatik irri zirtzilez ateratzen ginen poz-pozik. Horrez aparte, gizon zorrotza zen. Behin baino gehiagotan ohartu naiz, zuzendari lanetan aritzen direnean, gizon zorrotzenak irakasle gisa ahultzen direla eta ikasleen aintzeneko irakasle lanetan nahiko goxoak bihurtzen direla, haien aginte funtzioa erabat baztertuz.
Beti oroituko naiz nola behin Péré Nano lagunari, Antoine kantariak abesten zituen elukubrazioneak bost ehun aldiz kopiatzera eman zizkiola, jolasordutan, bere bulegoaren aurreko mahai txikian, dena bukatu arte.
Arñori bildur genion, animaleko maisalekoak ematen zituelako eta aro hartan ohikoa zen burasoek protestarik ez egitea eta semeak ez defenditzea, are gehiago, zanpateko bat hartzeak bigarren bat erakartzen zuen etxean, ongi egina! --azken hitzarekin batera. Gauzak debaldetan ez baitziren eta eskolan hartutakoa zerbaitengatik izan zitekeen ideia etxe guztietan nahiko zabaldurik zegoen, batez ere, aiten ikuspegian. Hala zen orduko hezkuntza.
Santa Mariatik Baionarantz joan nintzenenean, Arño Baxenafarroako herri ttiki batera erretor izendatu eta igorri zuten, bainan laster emazte ixtoriotan sartuta zegoela eta, apezpikuarengandik zigorra jaso zuen eta Uruguaira bidali zuten. Hogei urte izan nituen arte ez nuen bere berririk ukan, Seine et Marneko departamenduan soldaduska egin nuen arte. Noizean behin, Parisera abiatzen nintzen, etxeraino itzultzeko baimena laburregia bainuen, eta Euskal Etxera lo egitera abiatzen nintzen. Eta hara nun, gure Arño, hango omonier, Uruguaitik itzulia eta Pariseko euskaldunen kapelan edo omonier. Hain zorrotz ezagutu nuen apez bildurgarri hura ezin gozoago bihurtu zitzaidan eta ohearengatik sosik ez kentzetik aparte, ondoko jatetxean bazkaltzera gonbidatzen ninduen, maiz, nentorren aldiro. Harrigarria ! Nola diren gauzak !
Baionako San Bernarden izan nituen zuzendariak zapore gabekoak izan ziren, batzuk zorrotzak, besteak ohargabeak, eskola handia izateagatik gehienak ez baigenituen sekulan ikusten. Bigarrenean aldiz, Baionako Villa Pia eskolan nintzenean izan genuen zuzendaria oroitzapenetik sekula ez zait joanen, Duverger izeneno apez bitxia. Bera ere aginte lanetan zorrotza baina irakaskuntzan eroa. Frantses hizkuntzan eta literaturan genuen irakasle. Gelan sartzen ginen unetik eta txirrintak jo arte, berak esan eta egindako zozokeriez irriz ari ginen. Bi ixtorio bereziki gogoratzen ditut.
Gela bakoitzean hamabost urteko hogoita bost ikasle ginen eta denak eskola desberdinetatik etorriak. Ni bezalako batzuk San Bernardetik, besteak Baionako San Louisetik eta lehen aldiz neskak zeuden gurekin, Miarritzeko Santa Dominikatik eta ondo-ondoan zegoen San Amand eskolatik etorriak, hain zuzen. Azken honetatik etorriak lau neska triste bezain itsusi zeuden gurekin, bat Bailloux izenekoa, bestea Jouan, hirugarrena Lamont eta azkena Cabet, lauak lagun banaezinak ziren. Baten amantal urdina ikusten genuenean beste hirurak mamu batzuen itxuraz agertzen zitzaizkigun, beti elkarrekin, hala kurtsoetan nola kanpoko orduetan. Azken hiruak San Amanteko barnetegian zeuden eta etxeko lanak maiz elkarrekin egiten zituztelako haien eginbeharrak berdintsuak izaten ziren. Egun hartan Duverger apezak manatu zizkigun frantseseko ebaluaturiko erredakzioak itzultzera zihoala eta, baten azterketa eskutan harturik, Calabajou izena oihukatu zuen, denen harriduren aintzinean. Nor ote zen inork ezagutzen ez zuen Calabajou hura? Laster haren begi biziek salatzen zuten eta ezpain artean zagerion irri maltzurrak zozokeriatan ari zela adierazten zigun.Eta berriz ere, « Calabajou » hitza ozenki esanda entzuten genuen aldiro, denok irriz hasten ginen.
Lau neska haien izenen lehen silabez asmaturiko izen berriaz pozik baitzegoen eta gure irribarreen artean, ia kurtso guzia gai horretaz aritu zen, lau silaba haiekin hitz jokoak asmatuz eta gu joko horretan sartuz. Zacajouba zioen batek, Joucabaza besteak, Cazajouba hirugarren batek, Bajoucaza gure arteko baten batek eta hala konbinazio guziak pasatu arte. Bat-bateko irribarrez lehertzen ginen denak Duvergerk Kouillabajou laxatzen zuenean. Nahiz eta hura lau silabarekin soilik egindakoa izan, antzekoa eta irringarria zen eta probokazione horretan erori gabe ezin egon gure irakasle zoroa. Berdin zitzaion, haren afera irri egiteko zen eta erakusteko neska haien banaezinezko zozokeria. Duverger hura erdi eroa genuen, ikasgelan behintzat, naski zorrotza baitzen bere gidari lanetan.
Behin, bat-batean, testu batek Western-etan agertzen ziren saloonak deskribatzen baitzituen, taberna animatu haien zoko batean txistutegiak ere bazirela adierazi zigun, tua botatzeko untzi bereziak alegia, eta unai baten itxura harturik, gure ikasgela zokoan ezarri zuen zakarruntzirantz berak urrundik igorritako tua barneratzen entsaiatu zen, gure baldituriko irrien artean. Makurrena izan zen gu ere joko hartan sartu gintuela. Gelatik norbait aterarazi eta cow-boy baten antzera atea irekitzera erematen gintuen, tua zakarruntziraino igortzeko. Pentsa zer zalaparta kurtsoan.... Bat eta bestea tuka, barnetik ekarritako kerru nazkagarriak botatzen, behin untzi barnean, gehienetan eta nahiez lurrera edo pareta gainera igortzen genituenak. Han zeuden, zintzilka ostren antzeko muki horaila lingardatsuak, paretatik zintzilka, ezin eroriz. Irria baizik ez genuen harekin egiten. Aldiz, eta berriz ere, zuzendariak bere bulegora deituta ginenean, oihuak baizik ez genituen entzuten, eta bera belarritik tiraka, ileak errotik hartuz, animaleko zartak aurpegian jasoz, ezin gehiagozkoa...
Hau eta hura, presuna berdinarenganik !
Villa Piatik Largentera joan nintzen, beti Baionan, eta hantxe ukan nuen zuzendarisak, La Chatte, katama edo katu emea, zuen izengoitia. Beste motako pertsonaia zen, lehenik emaztea izateagatik, baina ere berez zorrotza bezain faltsua zelako, hitz gutxikoa, zigortzaile paregabekoa eta edozoin maltzurkeria ofizial egiteko prest zegoena. Gazteak ez zituen maite. Guk ere ez, eta beldur genion.
Ezagutu ditudan besteak eta, jadanik, ikasle mundutik aparte, mota ainitzetakoak izan dira, puteroengandik hasita homosexualenganaino, handiputzengandik biziki arruntenenganaino, gisakoengandik zozoenenganaino.
Ukan dudan azkenaurrekoa izanen dut solasgai bakarra, orain dudan azkenaren aurka gauza handirik ez baitut salatzeko, aditua baita. Bestea ez, hainbeste urtez San Tomas eskolan zuzendari izana, Recalde izenekoa. Ene zentsuak bere izena ematera erematen bainau, berak eginiko gaixtokeriek nolazbaiteko mendekua merexi baitute. Irringarriak ez diren batzuk aipatuko ditut. Berez, Izturitzekoa edo Donostirikoa, lezeen atean sortua, hango hurbileko etxean, hamairu arreben ondotik seme bakarra, burasoek aingeru ar bat bezala goitatua, etxeko altxor berezia eta, pentsa, hamalau emazteen artean hazia. Hori jadanik haren nortasuna ezagutzeko eta agian zonbait iritzi izateko. Formakuntzaz fisika eta kimikako irakaslea eta Donibane Lohizuneko serorek, lizeoko zuzendaritza laiko bati uztera erabaki zutenean, milikari baten mereximendu guziz izendatu zutena. Senideen arteko hamalau nesken kuttuna izana, berriz ere, beste hainbeste seroren Jesus haurtxoa bilakatua, lezetik harpera bide laburra baita. Zuzendari lanetan pozik zegoen, Marivaux-ek zuen Le paysan parvenu-ren antzekoa, euskararen ukatzaile fina, sasi hiritar bilakatua, hitz batez, zozoa.
Ni lizeora iritsi nintzenean euskarazko irakasle lanetan sartu nintzen bainan euskara ofiziala ez izateagatik, estatus berezia baneukan, lan ibilbide mailan ezin aintzinatuz, ezta lan neurrian eta soldatan ere. Horretarako ni bezalako irakasleek beste gai bat irakatsi behar zuten eta ene egoera hobetua izan zedin, zuzendariak hitza eman zidan espainolezko postu bat libratzen zenean neretzat izanen zela, batez ere, legeak sortzen zuen injustizia nolazpait konpontzeko. Bi urteren buruan, libratu zen bai postua, eta bi eta hiru eta hitza ukatu eta ni ongi izorratu, euskara soilarekin aitzinamendurik ez nuelako ukaiten ahal. Bainan herrian politika abertzalean sartuta nengoen eta aski ezaguna eta hori ez da barkatzen! Pentsa gaur egun, erretretatik hurbil nagoela, alukeria horiengatik, besteak baino %15a guttigo irabazten dudala...... Ez ninduen batere maite bainan egia aitortzeko bildurrarazten nuen, eskolatik kanpo politika rengatik noski baita Kitzik izeneko aldizkari satiriko baten arduradunetarik bat nintzelako ere.
Bere eskolako zuzendari lanetan, berak hobekiago mana zezan, irakasleen artean ezin ikusiak sortzen entsaiatzen zen eta gehienetan lortzen zuen, batez ere, emazteekin. Bere lege nagusi hori hogoita hamar urtez aplikatzen segitu du, postu horretan hainbeste urtez iraun baitu, alukeriatan itoa. Behin, kurtsorik ez nuen arratsalde batez, ekainean eskolako besta ospatzen den egun hartan, azken arratsaldeko bestara etorri ez nintzelako, ni zigortzea erabaki zuen, bainan berak ohi zuen bezala, niri ezer esan gabe. Irailean, beste ikasturte bat hasi baigenuen, lanean hasi nintzen, beti bezala, eta otsaila aldera zuzendariaren notak jaso genituenean, urteroko bikain-en ordez, urte hartan puntualitatean ertain ezarri zidala ohartu nintzen. Adierazpenak eman ziezaizkidan bere bulegora hurbildu nintzaion. Atea itxi orduko bere begirada faltsua nabaritu nuen, nere hor egoteak traba egin balio bezala, bainan ni horretara joan nintzen eta nere ertain horren berri galdegin nion.
Iaz, badakizu eskolako besta egunean ez zinela etorri …. Uzkurki eta ukamilo baten zain egon balitz antzera. Ukamilorik ez, bainan entzun beharrak jaso zituen : Gizontto bat zela erran nion, nere egun hartako eskasak puntualitatearekin ezer ez zuela ikustekorik, egun hartan kurtsorik ez nuelako lehenik eta eskas hark irakaskuntza lanarekin deus ez zuela ikustekorik. Zernahi esan nion bainan ezertarako nota hura aldatu ez zidalako. Zerri bat! Nota horiek aintzinamenduan, soldatan, erretretako sarian, denetan balio dutela jakinez, nere aldekiko mespretxua ongi erakusteko modu errezena aurkitu zuen. Espainolezko postua eni ez emanez, lan baldintzan aintzinamendua galtzen nuenez aparte, ondorio berdina zuen nota ertain mendekatzailea ere ezarri zidan. Arraioa!
Deus egitekorik ez zegoela ikusirik eta gainetik begiratuz hauxe erantsi nion: Beharrik zuk duzula notatzeko luma, zure ordez nik izan banu, huts borobil bat emanen nizula jakin ezazu. Gorri-gorria, bere bulegotik bota ninduen bere faltsukeriaz ezin harroago.
Behin baino gehiagotan ere esan zidan nerekin ez zuela egiten ahal nahi zuen guzia, adibidez eskolatik bota, Donibane Lohizunen politikan ezaguna nintzelako, Kontseilu Orokorreko hauteskundeetara aurkeztu bainintzen orduan, eta bera baino gorago zeuden jendeak ezagutzen omen nituelako…harrigarria baina halako hitzak entzun nituen eta egia aitor behar banu, esanen nuke nahiko nukeela, orduan katoliko erakaskuntzaren agintean zegoen Dokelhar apezak lerro horiek irakur zitzan, nahiz eta aspalditik jakin nolakoa den gizontxoa, batez ere Santa Maria eta Santo Tomas eskolen arteko zalaparta denboretan. Pentsa berak alde bateko politika onartzen zuenez, behin, eskuindar muturreko Jean Marie Le Pen presidentzialetako kanpaina kari, Akizera joan baitzen meeting bat egitera, irakasle ultrek irakasle gelan afixa bat eman zutela, Akizera joateko zerrenda eginez. Harrigarria baina zuzendariak halakoei baimena ematen zien, denen agerian zegoen zerrendan izena emateko inork ahalkerik ez baitzuen erakusten ere. Pentsa! Eta horra nor ziren bidaia horren antolatzaileak, futitzera joan daitezela!: Jean Louis Castanet, Micheline Laureux, Louis Elissalt eta Marie Claire Elissalt, beste ardi tropa faxista aipatu gabe, orotara hogoi bat baitziren katexima irakasleak barne, Renoux anderea, lizeoko katexesaren arduraduna, tradizionalista ohia eta gaurregun Donibane Lohizuneko kultura zinegotzia edo adxuanta dena( zer ahalkea ene herri maitearentzat)
Oroitzen naiz ere nola, behin, zuzendariak, nik ezagutzen nuen libandar baten semea lizeoan ez zuela onartu musulmana zelako, nahiz eta estatuarekin duten kontratuak horretara bortxatu. Agian ene ezaguna izateagatik norbait lanjerosa izan zitekeela pentsatu ote zuen? Nork daki? Eta aipatu ditudan horiez gain ahanzten eta isiltzen ditudan guziak. Non izan dute horiek Jesusek azaltzen zuen amodioa? Non etsenplua emateko beharra? Non karitate eta bihotz ona?Agian igande goizetan, elizan, asteroko mezan, antzerki soziala egiten duten leku aproposean, baina egiazko bizian? Zin egiten dut hementxe, behin, beste hainbeste ixtoriorekin hirugarren liburu bat ateratzen badut, zalantzarik ez dudala izanen Saint Thomas d'Aquin eskola barnean gertaturiko guziak argitaratzeko, oraingo, liburu honetan ezinezkoa baitut hantxe oraino lanean ari naizelako .
Mila bederatzirehun eta larogoita batean, Frantziako presidentzial hauteskundeak zirela eta, berriki sartu nintzen Santo Tomasen eta nahiko eskuineko poderearen aurka egonik, Mitteranden aldeko bozka eman nuen, batez ere euskal departamenduaren alde hitza eman zuelako. Kanpaina gogorra izan zen eta gure zuzendariari garbi somatzen zitzaion Giscard d'Estaing eskuindarraren aldekoa zela, batez ere, bera bezalako kristau on bat eskuindarra baizik ez zitekeelako izan, komunismoaren deabrukeriaren aurka altxatzea beharrezkoa baitzen. Eta bide horretan ez zen txantxetan aritzen, bere koinatu militar ohia jadanik larderiaren agintari nonbratu baitzuen, eskolako disziplinaren arduraduna. Ni, harriturik, hankaz gora erori nintzen astelehen batez militarrak bere gibelean zegoen pareta xuria, animaleko afixa batez estali zuela, La France contre Mitterand erakusten zuen mezua adieraziz eta hautagai sozialistaren aurpegia marraturik zagerrena erakutsiz. Zuzendariak emaniko baimenarekin, hark naturalitate guziez, kristauen aldeko ustezko defentsa hartzen zuen, haren politika eritzia debaldetan gazte guziei erakusten, bulego hartan ikasle eta irakasle guziak egunero trumilka sartzen baitziren.
Haren aurkako salatzea egiteko gisan, zuzendariaren bulegora joan nintzen, protesta egiteko asmoz. Eta irri maltzurrez aritu zitzaidan ea afixak harritzen ninduen? Ea xokatua nengoen halako kartelarengatik? Iragarki hura ez zuten kendu eta Mitterandek hauteskundeak irabazi zituenean haren irri alua joan zitzaion, luzarako. Egun hartatik landa, eskolak erabili zuen politika desberdina izan zen, eskola pribatu guziena bezala, eta podere berriaren aurka hortzak tinko erakusten hasi ziren, nazionalizatzearen ideia airean baitzegoen, hautagaiak aurkeztu zituen 110 proposamenetan barne. Ordura arte lasai zena, presio handikoa bilakatuko zen, lehenagoko egoera eskutan berriz har nahi balute bezala. Baina nik erakusten nuen politika ez zen legezkoa, berea bai.
Lehen aipatu dudan Renoux andere tradizionalista lizeoko kateximaren buru izendatu zuten eta usu bere senar medikua hitzaldiak egitera ekartzen zuen. Orduan HIESA( sida) eritasuna jendeen artea hedatzen hasi zen eta haren aurkako hitzaldiak montatu zituen, bere senarra haien arduradun izanez. Behin baino gehiagotan entzun dut gizon gaizto bezain integrista hori ikasle gazteei esaten HIESA marikoi eta drogatuen gauza bat baizik ez zela, tous des drogués et des pédés esana erabiliz, baina hau ez zen politika, haien egia baizik.
Ikasle izan naizenean zuzendari gehienak zorrotzak ukan ditut bainan denok bagenekien haiekin nola jokatu, latzak baina nahiko justuak. Hau aldiz faltsua, konplexuz betea, milikari handia, eskuindar gaixto madarikatua, integristen ohiko lagun paregabea, hitz batez, errege bihurtu nahi zuen gizontto mendekatzailea. Bere helbururat heltzeko bitarteak berdin zitzaizkion gizona, eta enetzat izan daitekeen gauza itsusiena, irakasle lanetan sekulan bere ikasleek maite izan ez dutena! Esangarria, benetan esangarria !
Berriz ere, lerro hauek idazten ari naizen egunean, oraino eskola horretan irakasle naiz eta gaur egun dudan zuzendariarekin nahiko ongi antolatzen naiz, arrazoin batengatik bereziki, zozoa ez delako. Besteak aldiz, har dezala hitzez idatzitako muturreko hau, besterik ez baitu merexi!!