Guardia zibil faltsuak
Joseba aspaldiko laguna dut, adiskidea. Noizean behin elkarrekin parranda bat egitea suertatu zaigu, gutxi halere. Behin, Baztango Arraiozeko etxera egun batzuk pasatzera etorri zitzaidanean, bertako kooperatibara baso bat edatera hurbildu ginen. Hantxe zegoen etxeko jabe anderea, Justa maitea, betiko gizonen gehiegikeriak ahal bezain ongi jasaiten, halako taberna bat eremaitea ez baita erreza. Nahiz eta orai erabat aldatua izan, Arraioz herri nahiko bortitza izan da eta gazte denboretan gertaturiko guziak kontatzen banitu, bat baino gehiago harrituko litzateke. Horrekin ez dut esan nahi herritar guziak basak zirela, familia batzuetakoak baizik, beti berdinak, Migel Beltza eta horienak adibidez.
Egun hartan bi pertsona zeuden ostatuan, batto nahiko gaiztoa zen Mugairiko adineko gizon mozkorra, eta bestea betiko Juanito, herriko gizon ezaguna. Biak baso bat arno edaten ari ziren tabernan sartu ginenean. Hura denda zelako ere, zerbait erosi genuen eta ardo bana eskatu. Bezperan eginiko parrandaren baporeak oraindik bizi- bizirik genituen eta, ardo pare bat aski izan zitzaigun zozokeriatan aritzeko gogoa berriz ere bizteko. Mugairiko gizon hark, betiko frankista izanez aparte, iraintzaile fama bazuen eta nahiz eta nik bistaz ezagutu, ez nintzen berarekin inoiz suertatu. Solas zakarretan ari zela nabaritu genuenean, asperturik zegoen Justa konpainia txar hartaz libratu behar genuela erabaki genuen, nere mustatxa guardia zibil batena izan balitz bezala. Eta ni Josebari erdaraz hasi nintzaion:
- Bueno sargento, tomará otro vino no? ( Beno serjenta, beste arno bat?)
- No gracias mi teniente, que ya he tomado dos y tenemos que volver al
cuartel. ( Ez milesker, bigarrena hartu baitut eta kasernarat itzuli behar
dugu)
- Esté tranquilo sargento que otros han bebido más que usted y pretenderán
conducir... ( Lasai egon, beste batzuek zuk baino gehiago edan dute eta
kotxea hartzeko aursarkaria izanen dute..)
Mugairitarrak ez bagintu begiratzen ere, esaten ari ginenetarik ez zuen ttantta bat galtzen eta Justak egiten zizkidan keinuak adierazgarriak ziren, hura izitzen hasi zela esanez.
- Mi teniente, que le parece si controlamos a los coches que pasan delante
de este establecimiento?((Zer iduritzen zaizu kontrol bat ezartzen badugu
ostatu honen parean?)
-
Bueno, pero sepa sargento que no tenemos mucho tiempo y que hay que regresar al cuartel.... ( Bale baina jakin ezazu denbora askorik ez dugula eta koartelera izuli behar dugula)....
Eta une luze batez halako sasi solasetan aritu ginen, gizon gaizto hura izitzeko asmotan. Justa irria ezin gordetuz zegoen eta Juanito, isil-isilik, gizon haren aurpegia ikertzen. Nahiz eta ez ezagutu gizon hura, Baztanen, frankista aurpegiak baziren oraino, herrietan Francoren alde izandakoen itxura zakarra bezain gaiztoa bazutenak eta baztandar irakurleari berehala bere herrian dagoen halako baten izena gogorat etorriko zaiola segur nago. Mugairin eta Arraiozen halakoak izan dira, euskara erabat ukatu dutenak, errepide nagusiak erakarri zuen hiritar espainolkeria osoki barneratu zutenak, euskaldunak biziki kontrakoak izan dituztenak eta beren jatorriari uko eginik, guardia zibilekin nahiko lagunak izan direnak. Eta segur, nolazpait, gure gizona horretaz harritzen zela ere, ez baigintuen ezagutzen eta Baztan nahiko ttipia da..... Elizondoko guardia berriak izan gintezkeela pentsa zezakeen eta Josebak eta biok ginuen itxurak horretara laguntzen zuen, batez ere nereak, guardia zibil gehienek nik nuen bibotearen antzekoa baitzuten, edo lagun batzuek dioten bezala, alderantziz, ni naizela guarda zibil baten mustatxa omen duena.
Berdin da, gure solasetan segitzen baigenuen gizon zakar hura komunera abiatu zenean eta libroki mintzatzeko bidea irekirik, Justarekin irriz aritu ginen, hark halakoa aspalditik merexi zuela esanez. Bat-batean mobileta baten soinu zakarra entzun genuen, kanpoan zebilen halako batena eta Justak berehala:
-
Horra, bera da, mobileta hartu eta inori esan gabe hemendik lekutu!
Iziturik zegoen eta horregatik, modua bilatu zuen gu --hau da, guardia zibilak-- konturatu gabe, ostatutik alde egiteko. Isilpean ihes egin zuen balizko kontrol hura ez jasotzeko asmoz. Ahal bezain laster ostatutik atera nintzen eta ate kantoinetik bere itxura lodiak hango bira estua hartzen zuela ohartu nintzen, betiko desagertu arte. Bai bera zen dudarik gabe! Zer irrifarrak egin genituen. Josebak eta biok Justak eskainitako beste baso arno bana edan genuen, gizon haren sendimenduak aztertu nahiz. Pentsa, denbora luze hartan zer itzulipurdiak eman ote zizkion bere muinari, handik nola ihes egin asmatu nahiez, bere ohiko lagunenganik nola denen gordean eskapatzeko. Handik hiru kilometrotara zegoen Mugairira iritsi zenean, segur, aski gorderik atxiki zuela gertatu zitzaiona, halako kilimiska bat jasotzen denean inori ez baitzaio aitortzen, are gehiago guarda zibilen aldeko amorratua izanez. Justak zioen bezala, besterik ez zuen merexi.