bainan nik ez dut horren beharrik
lekukoa ez baitut izan nahi, ziurrik.
Agur, ni banoa
hegaldaka, suzko loreak eskutan
igerika, heriotz ezkilak ahoan
haizeak urrunera eraman nazan, banoa
uhainek lurartzera eraman dezadaten, badoa
bustia bezain idorra, ene gorputz xaloa.
Ene gogoa erreketan egon nahi luke, isurturik
harriz harri doazten ur jauzi basetan, txinpartaturik
ezker, eskuin itsaso egarritsurako bidea harturik
ene zai dagoen ur gaziaren bihotzez haunturik.
Xo! Gostu samina dasumat, gero eta gehiago
Ibaibeherak gezitik gazira narama, haratago
Itsasgoraren indarra bortitz eta bortitzago
Xo! Hor nago geldirik, ezin aintzinera joanik
atzetik bultzaka, aurretik indarka.
Behingoz, denbora da gelditu
Eta hatsa du hartu
Lasai dago
Hemendik aurrera
bere denbora hartzera
badoa, badator, badago.
Eta ni urik irentsi ez dezadan
ene gorputzari itzulia eman diot, bat-batean.
Bizkar gaineko igerian banabia, atzeraka, igeri itsuan,
geroa ikus ez dezadan.
Auskalo itsasoa gustokoa izango dudan....