4 Novela (pasajes)

Gernika 81

Txoria badator txoria badoa

Hirugarren arloa: Eleberria

XABIER SOUBELET

"Xubiltz"

Nire begirada bizirik iraunaraziko duen trumilka datorren errekan neraman sorgaia naiz, behin, begiak itxi arren. ( Frédéric Tristan)

Sarrera

1937-2017

Espainiako gerla zibila pil-pilean zegoelarik eta Bizkaiako frontea irekita, Francok, alemanen laguntzaz, Gernika bonbez suntsitzea erabaki zuen eta, Durango, Eibar, Otxandio eta beste herriak bezala, Euskal Herria helburutzat hartu zuen, probintzi traidoretzat zituelako eta Euskal gobernuaren gudariek Errepublikarrekin bat egiten zutelako.

1937ko apirilaren 26an Gernikaren aurkako erasoa burutu zuen, Euskaldunen herri sakratua xehakatuz.

2017 bonbardaketaren 80. urteurrenaren urtea izanik, hiru zatiko obra orokorra antolatu behar nuela bururatu zitzaidan eta istorio pasionagarri hau halaxe hasi zen.

Irakurtzaileari

Amak sabela bigarren aldiz beterik izan zuenean zoriona ezpainetan nabaritu zitzaion, baina haurra jalgi zenean irri gozo hura itzali zitzaion eta, lehen aldiz, ustegabeko heriotzak gogorki jo zuen. Bi urteren buruan, berriro -eta hirugarren aldiz- espantxatan egon zenean, zoritxarrez, bere sabeletik mundurat jalgiarazi zituen bizki sorberriak berriz ere zendu zitzaizkion eta ama eurekin batera betiko atsedenera eraman zuten.

Bizia dakarren haurduntzak, berarekin heriotza dakarkeela betiko argi agertu zitzaidan eta, eleberri honetan, babestokia ez dela beti zorionaren aldaba erakutsi nahi izan dut ere, Gernikako bonbardaketa lekuko.

Hegazkin bat zeruan ikustean, hantxe jarririk legokeen emazte anonimoaren egoeraz nork pentsa lezake? Inork ere ez! Herri baten argazkiak ikustean, ageri den elizan jendea mezetan otoitzetan legokeela nork pentsa lezake? Nehork ere ez! Gerlako bonbardaketa baten irudiak ikustean, bonbak merkatu batean erori eta baserritarrak herioztu dituela nork pentsa lezake? Inork ere ez! Beno, normalki, gehienetan, irudi abstraktu orokorrak baizik ez baitira agertzen.

Bainan Gernikan ez, sarraskia gure herrian gertatu zelako, lehenik, gure tarteko askok edo gure familiako ugarik Francoren diktatura jasan zutelako, gero, eta Picassok merkatuan erori zen basakeria horren irudi margotuak munduaren aitzinean azaldu zituelako, George Steer kazetari britaniarrak Francoren gezur ustela denen aurrean agerian utzi zuen bezala.

Txikia nintzenean Aita Noeli gutun bat idatzi nion, frantsesez, errusiar panpin batzuen eskaera eginez. Bitxi zen mutil batentzat halakorik eskatzea eta, horregatik ez zizkidan, beharbada, ekarri, bera hain ar eta bizardun, edo sinpleki, eskaera gutuna amatxiren sakelean isil-isilik gelditu zelako, erabat ahantzita edo ahantzia eginda.

Eta nik, ea Santa Klaus gorri horrek ez ote zuen denetarik bere zakuan? Ez nuen ulertu. Txikitik kasko gogorra nintzelako, amatxiri esan nion gutuna nire Bilboko izebari emateko, ea bi asteren buruan erregeek gogoan neukana ekarriko zidatenez eta, agian hiri handian denda gehiago zelako, bihotzean hain gutti nituen erregeei eskatu nien oparia ekarri zidaten eta pozik nengoen.

Geroztik, eta jakin gabe zergatik oraindik, panpin horiek nire joko maitagarriena bilakatu ziren: Bakarrik zirudien ama handiena irekitzen nuenean, bertan ezkutaturik zegoen amatxo bihurtuko zen ttikiagoa ateratzen zen, bere baitatik oraino ttikiagoa jalgitzeko, eta berriz ere, alaba eta ama, azken alaba ttikia agertu arte, agorra, haurrik izateko aukerarik gabe, erabat itxita eta amatzeko adinik gabe.

Panpin horietan, nahiz eta bizitik heriotzera doan jokoa bizi mugatuarekin bukatu, amatasunetik aparte, gai nagusia ezkutapena liteke. Panpintxoak denak batean elkarrekin bizitzeko sortu balira, bakoitza bere aldetik hiltzera kondenatua legokeela argi dago, hiltzera eta bizitzera ere bai, leku hilkor bateko pertsonaia biziak izaten diren antzera.

Panpin errusiar horiek gustokoak nituen, obsesio neukazkien, jakin gabe zergatik oraino, agian fikziozko bizi batean, senideak errusiar jatorrikoak izan nituelako? Ez dut uste.

Eleberri hau idazterakoan, haurtzaroan bizitako egoera guztiek berriro gainditu ninduten eta Gernikako bonbardaketaren 80. urtemuga izanik, lan artistiko hirukoitz batean sartzeko hautua hartu nuen, bonbardaketa gaitzat harturik.

Lanbropean isuririk eta argirik gabe dabian erreka gorde baten pare, izkuturik dagoen jendearen patu desberdina argirat atera izan nahi dut, orokorraren baitan dagoen bereztasuna agertaraziz, mundu handiak barneratzen duen mundu ttikiari garrantzia emanik, abstraktua nolazpait gizakiturik. Beraz, liburu honen barnean agertuko diren pertsonaien patu desberdinek, eleberriaren ildoa marka dezaten nahi izan dut, beharbada bonbardaketa berak baino gehiago.

Hodei bat zeruan agertzen denean eta bere baitatik, euria isurtzen denean, aro nahiko hitsa izaten da, are gehiago hodei asko daudenean. Euri langarra eta erauntsi gogorra anai-arrebak dira, bat lasaia eta emankorra, bestea, aldiz, hasarre bezain mehatsuz betea. Furia gorrian dagoenean, suzko tximista du adierazle bortitza, gorderik dagoen eguzkiari izpi hasarre bat ebatsi izan balio bezala. Baina batzutan, hasarrea bazterturik, ezpainen artean, euriondokoak ortzadar irrifartsu bat jalgi lezake, eder bezain argitsu.

Anai-arreba batzuengandik zer zori desberdinak atera daitezkeen ideia tematu zitzaidanean idazten hasi nintzen.

Obra hirukoitza lantzeko, menperatzen ditudan hiru arloak baliatu nahi izan nituen, hau da, musika, idazkera eta margolaritza, lehen- lehenik kantuz eta musikaz eginiko emanaldi bat sorturik, antzerkiz eta dantzaz hornituta, « Txoria badator, txoria badoa » izenekoa. Hirukoiztasunaren bigarren aldea margolan erraldoi bat egitea izan zen, Gernikako bonbardaketa zerakutsan margolan abstraktoa, eta azkenik, trinitatearen azken zatitzat harturik, eleberri hau idaztea; hirurek, luzerako preso giltzatu ninduten, Francis Baconek margoturiko kristalezko kabina batean sartu baninduten bezala, ni uros uzteko sorturiko kartzela emankor batean preso.

Emeki-emeki handik ateratzeko, laguntza behar nuela konturatu nintzen, eguzki bat osatzeko izpi anitz behar direlako eta denak batean, bakoitzak bere nortasun berezia ekarririk, euri lerden erdian, ortzadar ekitsu bezain lillugarri bat pizteko gogoz agertu ginen.

Nat aspaldiko lagun gitarlariari ea lan horretan lagunduko ninduen bi hitz luzatu nizkion. Baiezkoa eman zidanean aitzinera abiatzea erabaki nuen. Folk tankerako talde bat osatzeko, beste musikari batzuk behar genituen eta fite, Watson kantari gitarlari trebea, Maddi abeslari gozoa eta Erika trikitrilari fina elkartu genituen, oinarrizko kalitatezko talde bat osaturik. Horri abesbatza batzuk gehituz eta herriko musika talde ezagunak elkartuz, proiektua tinkoki aurrera zihoala kontutan hartu nuen. Antzerkiak eta arteak ere bere lekua izan behar zutela garbi neukan. Orduko, sorkuntzaren hari guztia jadanik idatzita neukan.

Donibane Lohizuneko herriko etxeari proiektua aurkeztu nionean, begi onez ikusi zuen eta diru-laguntza mordo baten hitza eman zidan.

Hirurehun pertsona inguru sartu ziren ikusgarri horren ideian, ia gehienak donibandarrak, eta horrek pozez bete ninduen.

Mendien artean kokaturik dagoen Gernikari omenaldia egitea bururatu zitzaidanean bi olerki jadanik idatzirik baneuzkan eta baten tituluak sorgai zegoen obra artistikoaren titulua izan behar zuela erabaki nuen:

" Txoria badator, txoria badoa - Gernika 80".

Urkiolatik barna, Oitz mendiaren aldera hegazkin eraileak agertu zirenean, txori madarikatu batzuen antzera, hegaldaka, herriaren gaineko zerua belzaturik, errainen barneko zirina bota zuten eta ondotik, motorrei indarra emanda, handik lekutu ziren, deus gertatu ez balitz bezala.

Hodei ilun hura garbitzeko asmoz eta eguzkiaren antzera, aitzinera joatea hartu nuen xede, ortzadarraren koloreak lekuko.

Eta Durangoko eremu zabalean, ohiko Txontxongilo tirano krudela erail zuten ezpata dantzariak, noizbait, berriro agertu beharko liratekeela pentsatu nuen...

Aitzin solasa

Iragana eta oraia elkar zitezkeen eleberri honen idazkeran sartu nintzenean, Gernikarat joatea derrigorrezkoa nuela pentsatu nuen, batez ere, eleberriak oinarri geografiko eta historiko tinkoak ukan ditzan.

"Txoria badator Txoria badoa- Gernika 80" agerraldia bertan aurkeztu niezaien, kultur etxerat abiatu nintzen eta bertan topatu nuen jendea ezin aberasgarriagoa izan zitzaidan, bai Rikardo, kulturako teknikoa, baita ere hantxe topatu nuen Luis Iriondo adineko idazlea, "El Chico de Guernica" liburua idatzi zuena. Bere liburu horretan bertan, ezaguturiko aleman gazte baten ixtorioa kontatzen zuen, Otto gaztearena hain zuzen, 1935-eko Gernikara uda pasatzera etorria. Haien adiskidantzaren ixtorioa hain ederra iduritu zitzaidan, nire liburuaren ildoa haien antzeko bikote ugariz hornitzea pentsatu nuen, itzalaren pareko bikote banaezinak sortaraziz, izan zitezen lagun ala etsai. Lehen bikotea Koldo eta Otto bi adiskidez osatu nuen, beraz, bigarrena Marlène eta Ju semearena, kate baten gartzaren antzeko, Julitxo eta Mirentxu, Katalin eta Zubiltxo, Kota eta Amale, Xabier eta Picasso, Utrillo eta Arrue, Biduka eta Helmut, Saseta eta Bergamin, Maria eta Alejandro eta halaxe, izpilu batek islatzen duen irudiaren modura, nor eleberriaren beharretarako asmatua, nor egiazko bizitzatik hartuta.

Eleberri idazlea sendimenduen lapurra izatea bezalakoa da, egoeren ohoina edo bizitakoen ebaslea, baina, hein berean, esku zabala agertzea da, nor bederatik beste pertsonaien nortasunak osatzen eta bizi berriak osatzen direlako. Gogoeta bat, sekretu bat edo sendimendu berezi bat norbaiti hartzen zaionean ondotik beste bati emateko, edo idazlea, egoera berri bat asmatzeko edo pertsonaien nortasuna agertzeko bere nortasunaren apurrez baliatzen denean, lapurketatik karitatera iragaten da, dakigun eta garen gehiena besteenganik heldu zaigulako.

Kondairan oinarriturik den eleberri batean, gertakariak hortxe agertzen dira, memorian gelditu diren bezala eta idazleak sorturiko fikzioa egia apaintzera badator, kondaira literatura bihur dadin izaten da, nahiz eta gertakizunak gure herrian gertatu izan.

Idazten hasterakoan, bonbardaketa orokorretik aparte, garbi neukan zer kontatu nahi nuen, adibidez, Lunoko baserritarrek astelehen hura nola bizi izan zuten, nola batzuk, zoritxarrez, bonbapetan harrapatuta izan ziren eta beste batzek ihes egitera lortu zuten. Baita ere, hegazkin eraile haien "cockpit"-etan nor sartua ote zegoen, zein ziren haien sentimenduak....azken finean, egoera orokorrari zehastasuna erantsi behar niola interesgarria iduritu zitzaidan.

Are gehiago, 2017a Gernikako bonbardaketaren 80. urtemugaren ospakizunetan bertan, Condor legioaren Von Moreau teniente alemanaren ilobak parte hartu zuela irakuri nuenean, ustegabean, aspalditik bonbardaketa pertsonalizatzeko neukan gogoa gauzatzen ari zitzaidalako. Aukera ezin hobea neukan, fikzioaren bitartez, orokortasun eta zehastasunen arteko zubia errezki eraikitzeko eta egiazko gertakizuni esker, Ottoren ixtorioa, alde batetik, eta Von Moreauren Gernikaratzea, bestetik, mundu handitik mundu ttikira iragaiteko okasioa argira etorri zitzaidan. Eta hola sortu zen JU, Ottoren anai premua, gaizto bezain krudela, Condor legioaren gidaria eta Marlene bere amaren izpilu laguna.

Sorkuntzari askatasuna osoa emateko, ametsa baliabide maiz hartuko nuela erabaki nuen, errealitatea eta fikzioa aise lotuak izan zitezen eta irakurleari ulergaitzak egiten zaizkionak bide erreza batez onarkorrak bilaka zekizkion. Beraz, lapurrak esku zabalari eskua emanda orriz orri ibiltzen hasi nintzen, nireak besteei emanez eta besteenak nireak eginez.

2017eko udaberri honetan, Lunora* igo nintzenean berehala ikusi nuen zer baserriez mintzatu behar nuen, eta zalantzarik gabe Bastegieta, Atximita eta Elorrieta aukeratu nituen, lehena Urkiola aldera zabal- zabalik dagoelako eta Gernikako bidean kokatzen zelako, bestea, Lunora baino, Errigoitira begira zegoelako eta azkena, Bastegietatik hurbil, bien artean kokatzen zelako. Batekin eta bestearekin solasten, nire pertsonaiak eraikitzen hasi nintzen, eleberriko ildoa gero eta garbiago ikusirik. Bideak, bidexkak, baserrien izenak, laburbideak, bonbetatik ihes har zezaketen ihesbidea, errefugioak, Errenteria zubia, Esperanza eta Unceta Astra armen lantegia, babestokiak eta beste hainbeste ezagutu nituen apirilaren egun haietan, orduko errealitatea ahal bezain hurbiletik ulertzeko.

Eleberrian, Parise ere agertu behar nuela aurretik banekien, margolaritza lan hirukoitzaren bigarren partea zelako, lehenik, baina ere, orduan, Frantziako hiriburuko arte mundua pil-pilean zegoelako eta 1937 hartan Picassok hantxe Gernika margolan erraldoia burutu zuelako.

Eta zer hobe Xabier Zaldun margolari gernikarra hantxe kokatzea, Javier Cigaren ikasle ohia, Ramiro Arrue, Utrilloren adiskidea eta beste margolari batzuk, denak Picassoren lagunak edo sinpleki ezagunak.
Margolaritzak margolariaren baitan sortzen duen zirrara adierazteko, Xabier bizkaitarraren sendipenak erabiliko nituela erabaki nuen, zergatik eboluzioak margolaria estilo batetik bestera daraman, nola haustura gogoak eta espresionismoak bat egiten duten, zein izan ziren modernismoaren lehen urratsak eta zergatik arte abstraktua hain pertsegitua izan den.

Jose Bergamin idazle errepublikarrari toki berezi bat behar niola laster ikusi nuen ere, Hondarribian bere ondoan ehortziriko Candido Saseta gudarien komandantea bere izpiluko bikoz ezarriz. Jose, Pariserat maiz etortzeagatik, Picassoren adiskidea eta errepublikako arduraduna izateagatik, eta Candido, Jose Antonio Aguirrek Gernikako Arbolapean eginiko zin hartze egunean hortxe egoteagatik. Biribila!

Errigoitira begira dagoen Atximita baserrikoak ttantta original bezain bitxia sartzeko asmatu nituen, irritxo bat sortzeko gisan, ohituretatik ihes egiteko eta nekazal mundua hirikoarekin modu batez lotzeko ere. Drama eta irria elkar lotzeko asmotan, Atximitan, kokatu nuen liburuan gertatzen den gertakizun larriarena, bonbardaketatik aparte, noski.

Eleberriaren gorputza osaturik zegoen eta horrekin hirukoiztasun artistikoaren azken zatia gogoan gauzatuta ere. Idazkeraren gorabeherak pasionagarriak bihur litezkeela banekien, batez ere ixtorio desberdin horien arteko lotura, txikienak, handienak, koropiloz beteriko guztienak.

Orainak eta etorkizunak eskua emanda joan behar zutela garbi neukan ere eta hori lortzeko "Hiruburu" deituriko pertsonaiak baliatu nituen, lehena, oraina eta geroa adierazten duten hiru buru dituzten ihauterietako izate donibandarrak, ekainaren musika sorkuntzan dantzan arituko zirenak.

Hari kronologikoari nolabait uko eginez, fikzioari aurrera ekin nion.

Iragana, oraina eta etorkizuna amets batean agertzen bailitzaizkidan, apustu ederrari bidea zabaldu nion eta, pintzelak eskutan, bigarren arloari txanda ireki nion, aipaturiko margolan erraldoiari lehen isipu kolpe koloretsuak emanez. Horixe zen eskas neukana!

Eta Gernikako bonbardaketa erakusten zuen margolan ikaragarria buruan egosten hasi zitzaidan, koloretsu bezain odoltsu, Picassoren lanetik hain urrun eta hain hurbil legokeena.

Aitzinera abiatzeko puzzlea beteta zegoen, lan hirukoitza argi printzetan dirdiratzen balitz bezala eta ene aitzinean, urte osoa neukan itzala eguzki bilaka zedin. Errusiar panpinen antzera, proiektua haurdun zegoen, agerraldi musikala, ekainan erditzeko gertu, margolan handia Ziburun antolaturiko udako erakusketan azaltzeko prest eta eleberria, 2018-eko Durangoko azokan urte azkenerako argitaratzeko listo.

Eskaintzak

Lehen eskaintza

Lehenik, 2016 ean, eleberria idazten hasi nintzenean sortu zen Izadi nire bilobari, Aitti! ikas berria duen ni deitzeko hitza erabilzen duenean urtzen naizelako.

Gero, 2018 an, eleberri honi azken puntua ezartzen diodalarik, Laia sortu berria den bigarren biloba txikiari. Maiteak !

Bigarren eskaintza

Elorrieta baserriko Amaiari eta Bastegietako lagunei, Lunora agertu nintzenean laguntza aberasgarria eman zidatenei.

Azken eskaintza

Donibane Lohizuneko ikusgarrian parte hartu zuten guztiei:

Antolatzaile: Donibane Kantuz

Partaideak: Donibane Lohizuneko Udaletxea eta EKE

Dantza

Dantza klasikoa: Gladys Cazeaux

Dantza modernoa: Cours Dominique Le Cazoulat

Euskal dantzak: Begiraleak, Primadera.

Peio Labeyrie.

Antzerkia

Théâtre Scaramuccia

Théâtre des Planchettes( haurrak)

Kantariak

Maddi Zubeldia( Donibane kantuz)

Inaki Maritxalar eta Beronika

Nat eta Watson (Donibane kantuz)

Xabier Soubelet( DK)

Erika Lavillard(DK)

Abesbatzak

Arin korala

Beltza Gorria korala

Tximi txama gazteen korala

Musika:

Estudiantina taldea

Herriko musika eskola

Kaskarot banda

Artea:

Ilargi

" Regie" lanetan

Dominique le Cazoulat

Txomin Etxevers

Michel Paillot

Michel Sedes

Bideoa eta argazkiak

Kanaldude, bideoak

Soinu eta argileak

DCI .

Txomin Etchevers

Oharra: Liburu honetan agertzen diren olerkiak eta kantuak irakurri eta entzun nahi badituzu www.soubelet.xabier web orrian sartu eta Gernika hirukoiztasuna sekzionean ( trilogie Gernika, trilogia Guernica, Guernica trilogy) kabitu. Gauza berdina margolana eta kapitulu bakoitxari doakion argazkiak ikusteko.

Hirukoiztasuneko bigarren arloa den "Gernika" margolan erraldoia arretaz begiratzea aholkatzen dizut, bere baitan dauden zehaztasunak eta adierazpenak obra ongi ulertzeko beharrezkoak baitira.

Azkenik, ikuskizunaren afixa eta egindako eskultura ttikia aipaturiko web orrian agertzen dira ere eta on liteke ikusalditxo bat ematea, baita ere eleberriaren sintesia islatzen duen argazki marrazkituari.

Eleberrian zehar maiz agertuko den hitz baten adierazpena hasieratik ematea komeni da: Luno hitz zaharra erabiltzen dudanean, gaurko Lumo da.

-Milesker zuzenketa lanean lagundu nauen Joseba Aurkenerena lagunari

Atala : Eleberriaren bilduma plastikoa

Ene argazki baten gainean egindako konposizioa :

- Hegazkinak

- Bonbak

- Baserriak

- «  Argitzalak »

- Oitz, Urkiola edo beste edozein mendia

- Pariseko Montmartre

- Margolariak

- Gernikako arbola berritua

- Itsasoa

GERNIKA 81

Txoria badator, txoria badoa

2107ko apirilean.

Lehen ametsa

Nekatuta zegoen larunbata arratsalde hartan, goiz- goizik jeiki zelako eta Bilboko presoen aldeko manifan ere parte hartu zuelako. Pottokaren kantu batek zioen bezala: "- Ibili ta ibili, nekatu nintzen......"

Bizi osoan erretzen aritzeagatik, Bidukak aspalditik arnasa hartzeko zailtasun handiak zituen eta gaurko haizego epela nahiko itogarria zeukan. Goiz jeikitzea, lagunen artean bazkaltzea eta pote batzuk edatea, gehituz gero, nekeak gainerasotu egin zion, benetako nekea, osasun ahuleko gizonei jasangaitza egiten ohi zaiona. Etxerat itzuli zenean, laster ohera sartu zen eta berehala loak hartuta, lehen ametsari leihoa ideki zion.

Gaurko, edo atzoko, politika egoera erakusten zuen amets batean murgiltzen hasi zen, errealitatearen idurikoa baino, manifaren giroak eragindakoa. Arnagako parkeko istil sakon batean, kristalezko aquarium erraldoi bat zegoen, eta haren barnean igerikan Biduka, arrainez inguratuta, manifan entzun ziren oihuak botatzen. Denak Ma! Ma! eta Ma-ka.

Oroitzapena nagusi, denek, aho batez, Urkoren "Zer eskatzen du herriak" kantatzen, presoena ez zela hobetzen zioten eta Rajoy-ren Espainia, arlo horretan, nahiko gogorra zela eta izango zela batera zoihukaten, atunek hori ETAk aspalditik bazekiela irriz zioten bitartean. Legatzek, errealitatez kanpo, Xabier Leteren "Eta Poeta" ezpainetan, eta presoen egoera hobetzeko asmoz, azken urratsa egiteko tenorea ez ote zen, kantzatzen ari ziren. Eta hala, istilkideak Ma! Ma! eta Ma-ka Euskal Herriko politikaz eritziak ematen agertzen ziren, bakoitxak berea, Benitoren "Zenbat gera" kantuaren leloa denek batean errepikatuz, " Zer egin degu ezer ez! Zer egiten degu alkar jo! Zer egingo degu alkar hil!".

Amu baten puntan zintzilik zegoen krabarrokak gerla bat galduta dagoenean, benetan galduta dagoela esaten saiatzen ari zen, eta saskian sartuta egon baino lehen, bere bi begi borobil txuri hitsez, irtenbiderako urrats bat egin behar zela zioen. Ur barnetik kanpoan gertatzen zirenak ez baitzituen ikusten ahal.

Itsaso bilakatu zen istilaren arroken artean igerikan zegoen xapoak, ezetz zioen, borrokarako denbora ez zela bukatuta eta Michel Labeguerieren "Haurtxo haurtxoa" kantuaren azken kopla abesten jarraitzen zuen:

" Zeruan izar bat dago, mila ta mila izango dire, aita libratuta gero".

Bisiguak, uhainez uhain, Kataluinan gertatzen ari zenez kantuz ari ziren, Xabier Letek euskaraturiko Lluis Llachen "l' Estaca" abesten, konfliktoak bide baketsuz bideratzen ahal zirela esanez, bainan han urrunean, oraindik zintzilik zeuden amu mehatxatzailei begira, izokinek hori gezur ustela zela bazekitela zioten, erreka batek itsasoaren batasuna, ez zezakeela hautsi hitzez baizik.

Azkenean, hondarraren azpian maltzurki izkutaturik zegoen platuxak, lurrikarik gabeko ametsa alferrikakoa zela oihu egiteko gogoa zeukan: Ma! Ma! Eta Ma-ka, arrainen hizkuntzetara itzulirik eta batere kantatzeko gogorik gabe.

Arrain ametsetatik bat-batean alde eginez, Biduka zurrunkaka hasi zen, bronkitis asmatikoak, gauero, harrabots sekretuetan murgiltzen baitzuen, ametsari neurkada berezi bat eman nahi bezala. Lillura amaitzera zihoan berriro irudiak hasi zirelarik eta, gau emankorrretan bezala, bere burua bat- batean Madrileko ostatu batean agertu zitzaion, euskaldun karlista lagunez inguraturik, gitarra bat eskutan, berriz ere kantuz aritzeko gertu. Ikastola batean zeuden, ikasle guziak Gernikako Arbola abesten eta irakasle zahar batek olerkiaren pasartea errepasatzen ari zitzaien, Arbola, euskal lege zaharren sinboloa baizik ez zela adieraziz…...

1918 eko ekainan

Ju eta Otto

- Haurdun nago Hanz

- Zato, maitea, zer poza, azkenean aspalditik nahi genuena.

- Musu! Eta Hanzek besoen artean hartu zuen orai hamar urte hartan inguru emazte zuen Marlene Bauer.

Gazte- gazterik ezkondu ziren, hogoita bi urtetan, eta hortxe hasi zen haien arteko desadostasuna, Hanzek haurrak nahi baitzituen ahal bezain laster, eta Marlenek ez, oraino ez, aukera izan balute bezala. 1914 an hasi zen gerla nagusiak desadostasun horiek ezabatu zituen, ez baitzen haurrik izateko une hoberena....

Hanzek Alemanian gelditzeko parada izan zuen, Dresdeneko Komandanturren bulegoetan lan eginez. Orduko, gazte guziak militar lerroetan bortxaz sartzen zituzten eta barneratu zieten Alemania handiaren aldeko harrokeria ezinbestekoa zen.

Lau urte geroago, gerla galduta, ohorea xehatuta, gazteria suntsituta, berehala errebantxaren gogoa buruetan sartu zitzaien eta nazional sozialismoak horretan zeukan iturri gardenaren indarra neurgaitza izan zen.

Hanz bakezalea zen eta gerlarik ez zuen gehiago nahi, bere emaztea eta laster sortuko zitzaien Ju semearekin bizitzea zeukan helburu bakarra. Dresdenen egonik, Marlene egunero ikusten zuen eta hilabete batzuen buruan hau haurdun gelditu zen. Holaxe sortu zen Ju. Hanzen poza izugarria bazen ere, Marlenerena ez hainbestekoa, nahiz eta afera horietan haur baten sortzeak, azkenean eta berez, zoriona sortzen ohi duen.

Hanzek neska nahi zuen, Marlenek mutila, bainan Ju sortu zenean

ez zuten batere zalapartarik izan elkarren artean, ongi etorri zelako eta egoera berriak zoriona baizik ez zielako ekartzen.

Amaberriak aspalditik izena gogoan zeukan, Otto, bainan aitak Ju nahiago zuen, Junker bere abizenarekin bat zetorrena. Nahiz eta amak hasieran Otto deitu, Ju Junker izan zuten semea, betiko, eta aitak esandakoaren arabera, denek hala ezagutu zuten, Ju!…...

..Ordurako Ju Junker hegazkin gidaria bihurtu zen. Airean ez zegoenean eginbehar isil bezain aitorgaitzetan aritzen zen, bainan hori aitak ez zekien. Pilotoa izatea begi onez hartu zuen, gaiztokeria zabaltzeko aukera gehiegirik ez zuelako izango iduritzen zitzaiolako bainan laster, Condor legioaren bigarren agintari gisa sartu zutenean, aitari begitartea betiko ilundu zitzaion…..

1936 eko abenduan

Ju eta JU

Uztailaren 18an gerla zibila hasi zenean, Francoren aginpean zeuden tropak Marokon jazarri ziren, Espainiatik gorriak botatzeko asmotan. Errepublikar gobernuari irain eginez, jeneralak ere altxatu ziren eta Mola, Iruñeko jeneral ospetsuak "Norte"-ko agintea bereganatu zuen.

Bitartean, negu hartan, Alemanian, hegazkin berri baten lehen prototipoa aireratu zenean denak harro- harro zeuden, haren itxura ikaragarria zelako, dena metalikoa eta W-en egindako hegal berezi batez hornitua…..

...Ottok, bere eginbeharra laster ikasi zuen eta mekanikari nahiko trebea bihurtu zen.

1937ko apirilaren 26a , astelehena

Julitxo

Egunero bezala, goizeko bostak ziren Julitxok begiak ireki zituenean eta lau orduko gaua bete ondotik, osoki esnatu zen. Orai zazpi urte bere ama Rosario hil zenetik, bizia gogorragoa egin zitzaion, sentimendu latzak bizi- bizirik zituelako oraino, bainan ere eguneroko lana izugarri gehitu zitzaiolako. Halere, emeki- emeki egoera berriari laketu zitzaion. Ama Rosario ohiko baserritarra zen, kanpoko lanetan trebe, bereziki baratzekoetan hala nola etxe barneko sukaldekoetan edo garbitasunekoetan ere. …...

.Udaberria zen eta astelehen horretan ere, jeikitzerakoan eta arrosarioa eskutan hartu baino lehen, gelako atea ireki eta parean zegoen komunera joan zen. Bere goizeroko beharrak egin ondoren, berriz ohean sartu zen, amaren azken nahiak errespeta zitzan. Errezatzera bazihoala, arrosario santua aldameneko mahai ttikitik falta zitzaiola ohartu zen…..

..Inork ez zekien oraindik Molak eta bere hegazkin eraileek, gaualdian Eibar bonbapetan estali zutela, inork ez entzun ere bonba haien burrunba. Ez ote zuen Txuri txikiak hori guzia sumatu eta goiza arte airean gelditu zen eztanden oihartzun geldigabea entzun?

Gau euritsuen ondotik….. Merkatu egunetan, Lunoko kaskotik jaisten ziren nekazariak ez ziren arratsaldetan berehala baserrira itzultzen eta plazako lana bukatu ondotik, batzokian elkarrekin bazkaltzen zuten, asteko berriak gurutza zitzaten, baserriko kontuak batek besteari ekar ziezaizkion edo Gernikan gertaturikoak elkar gurutzatu zitzaten. Gero, andreak paseorat ibiltzera zihoazen bitartean, gizonak pilota pardidarat eta gazteak dantzara abiatzen ziren, neskak behintzat…...

.Bi egun lehenago, gaineko eremuetatik, lunotar guziek ongi ikusi zuten Gernikako herriaren gainean nola, hegazkin batzuk hurbildu eta papera euria bota zuten, hura zer ote zen jakin gabe. Zer demontre ote zen erauntsi txuri hura? Ez ote zen Mari Anbototik Oitz mendira bizitzera etorri, ixtorio zaharrek zioten bezala ? Hala balitz, gauza onik igartzen ez zuela segurra zen, zazpi urtero egoitzez aldatzen zuenean, ezbehar bat gertatzen omen zelako...

1937eko apirilaren 20a

Parisen

Hiritarrak hiritar eta haien artean margolariak margolari.

Montmartreko argia txuri-txuria zegoen eta etxeko paretetako "argitzalek" begiko mina egiten zuten. Mantso- mantso zebiltzaten pasaiantek, Tertre-eko plazan zeuden margolarien lanei so egiten zieten, nork arretaz eta argi ikertzaile tinko baten moduan, nork itsasargi iheskor baten pare, soaldi arin bezain zabalez. Denek, bakoitxak bere gisara, koloreen indarrak zehazki aztertzen zituzten, bereziki bizi- bizirik agertzen ziren Maurice Utrillo margolari baten lanak. Montmartreren nortasuna sendikortasun sakonez margotzen zuela somatzen zitzaion, auzo honetan sortu zen margolari bakarra zelako, agian…..

Hemeretzigarren mendeko azken urteetatik, Parise margolaritzaren urrezko hiria bilakatu zen eta Utrillo bezalako frantsesetik aparte, nazionalitate guztiko artistak aurki zitezkeen, ainitzek bertan egoitza hartu zutelako, orduan Parisen egotea pur-purian zelako. Edergintzaren mundua modan zegoen hiria pil-pilean zegoen eta margolari asko, denak inpresionisten ildotik jalgiak, Parisen zegoen.

Hantxe, La mère Catherine ( arg web ) izeneko tabernako terrazan jarririk Ramiro Arrue Le Monde egunkaria irakurtzen zegoen, Euzkadin eta Espainian gertatutako berrien gose, hantxe, orai bederatzi hilabete gerla bizi- bizirik hasi zelako. Berarekin, Xabier Zaldun artista gernikarra eta ohiko errepublikarra zen Jose Bergamin. Hirurak Parisek bere baitan zekarren libertateaz eta egoera politika orokor krudelaz mintzo ohi ziren…...

2017eko ekainaren 22a

Txoria badator, txoria badoa

.Aintzin solasean nioen bezala, eta Gernikako bonbardaketaren larogeigarren urtemuga kari, "Txoria badator, txoria badoa" agerraldiak sormen artistiko hirukoitzari hasiera eman zion, musika, dantza eta antzerkia elkarturik….. ….Aspalditik asmatu nituen bi kantu, obraren zutabeak bihurtu ziren, biak banaezinak, batto desolazioa eta lazkeria erakusten zuena, bestea, Francoren diktadurak luzaz iraunen zuela, damuz kontatzen zuena. Lehena,"Txoria badator, txoria badoa" eta bestea "Beti astelehena" izeneko olerkia…..

...Azkenik, ene muinetan, margolana itzulipurdika zebilen abtsrakturantz jotzen eta Picassok egindakoaren alderantzia egin nahiez, urdin grisez baino, kolorez beteta marrazteko gogoa sartu zitzaidan, dena gorriz, odolez beterik. Gernikako Arbolaren ikurra nonbait agertu behar zuela garbi neukan orai ere, bainan ez ohiko itxurekoa, itxaropenez beterikoa baizik, argiz beteta, orlegi nabarmenez hornitua, euri langar egun hura denek ahantzi nahi balute bezala eta udaberriz jantziriko hostoz apainduta.

Bai horixe, sakramendurik gabeko zuhaitza librea, tradiziotik at zegoena, itxaropena erakusteko baizik zutunik ez zegoena.

Halere, zerbait eskas neukala banekien eta geroko utzi nuen....

1937 eko martxoa

JU

Ottoren bila etorri zirenean espainera mintzatzen zekielako izan zen eta eskaera berezi harekin etorri zitzaion ohiko erakasleari baietz erantzun zion. Elkarrizketa sekretu bat zela esan zioenean, esandakoa inori ez ziola esango zin egin zion. Eta erakasleak halaxe luzatu zion:

- Begira, egingo dizudan proposamena arras interesgarria litzaizuke zure aintzinamendu pertsonalean, dakizun erdara agintariei baliagarria izango zaielako, bainan ere, esan dizudan bezala, mekaniko trebea bihurtuko zarelako eta hori, geroan ere, zure mesederako izango duzu.

Badakizu Espainian gerla bat badagoela, ezta?- esan zion- eta beste herriekin batean, gure Alemania maiteak, horretan ez sartzeko hitzarmen bat izenpetu duela ere. Bainan han, gauza asko jokoan dago eta gure Furher-ek ez du inolaz ere nahi komunismoa Europan nagusi bihurtzea eta horixe da gertatuko dena Espainiako gerla gorriek irabazten badute. Horrengatik Condor legioa osatu da, zuk ongi ezagutzen duzuna, zure anaia bertan buruzagi delako. Ulertzen duzu orain gure sekretuaren arrazoia ezta?……..

1937eko apirilaren 25a

Gernika eta Berlin

Hitlerrek, jadanik, Italian agintzen zuen Musolini laguntzen zuen, fazistek nazien ideologi berdina zeukatelako. Francori, gerla zibila hasi zuenean, Furheren poza berehala jakinarazi zioten, baita ere bere laguntzaren eskaintza eta komunismo zikina suntsitzeagatik edozein gauza aizu zutela adostu zuten.

Alemanek entrenatzen hasi behar zutela argi zegoen eta Frantziaren aurkako balizko errebantxa pil- pilean egonda, lehen gerla galdua naziren gogoetan zirauen. Beste aldetik, Frantzian Leon Blumek antolaturiko "front populaire" delakoak eskuindar deseginzale ainitz bazituela ageri zen eta Hitlerrek horrek bere aurkako erresistentzia ahulduko zuela uste zuen, frantsesak denen gainetik frantses direla ahantziz.
Garbiketa
gardena egiteko asmotan, lehenbiziko asteetan hamabost mila soldadu Espainiarantz bidali zituen, hogeita sei Stuka motako hegazkinekin batean, denak espainol ziren Marokoko lurraldetarantz. Eta hantxe hasi zen Francoren oldarmena. Ju haien artean zegoen, Rudolf Von Moreau tenientearekin batera, biak hein desberdinetako agintari gisa. Alemaniako "Estatu Mayorreko" burua zen Walter Warlimont, agintari nagusi bezala Espainiara iritsi zen, Francoren aholkulari gisa, Alemaniatik, Hugo Sperrle  mariskalak Condor legioaren gorabeherak zehazki gainbegiratzen zituelarik…...
aurkakoak, azken finean mundua galtzera eraman behar zuten horietakoak. Hori bai esan zien.

1937ko apirilaren 5a

Parisen

.Xabier tinda-estudiora sartu zenean oihal erraldoiaren aurrean gogoetetan hasi zen. Agian handiegi zen hura gogoan zuena tinda zezan? Ez! Ez zuen uste! Berak pentsaturikoa gauzatzeko oihal egokia zen.

Etxeko zoko batean gorderik zeukan Javier Cigaren margoaren argazki galduaren bila joan zen, 1912ean Pariseko "Le grand salon" erakusketan domina irabazi zuena eta aldizkari batek berriki argitaratu zuena. Orain aste batzuk, irakurritako artikulua moztu eta, argazkiarekin batean, leku seguruan atxiki zuen. Azkenean aurkitu zuen. Orain zen, beraz, argazki hura ateratzeko une zehatza eta bere ohiko ikatz makiltxoa behatzen artean harturik, nolanahika margotzen hasi zen. Maisuaren margolana biziki ederra zela berriz ere ohartu zen, batez ere bere argitzalez osaturiko konposizioa.( arg web )

Lehen planoan agertzen ziren pertsonai zaharrak, batez ere emazteak, bere izeba Julitxo eta beste lunotarren antza zutela gogorat etorri zitzaion, denak nahiko triste, zerbait latza haien baitan balute bezala. Kaikuak, eskalapoinak, sagarrak eta beste fruituak, barazkiak, saskiak, oiloak eta arrautzak, merkatu batean salgai aurki daitezkeen guztiak haien aurrean zeukazkiten ere…..

1937ko apirilaren 26a

Gernika

.Zeruan, bat- batean, inondik etorriak bezala, metalezko txori batzuk agertu ziren, hegaldan. Herria alde batera utzirik, lerroz lerro, itsasaldera, abiatu ziren, heriotzez gose. Haien helburu tinkorantz jo baino lehen, kostalderaino joatea erabaki zuten, iparretik hegorantz zihoan haizearen indarra itzuleran baliatu nahi balute bezala. Hain behera zihoazen, harritzekoa zela ikustea belaietan sortzen zuten itzal tinkoa, ardi beltzez eginiko artalde baten parekoa, denak zentzua galdurik eta burutik joanak, ezin geldirik egonik, deabruak harturik bezala. Eta gaineko metalezko txoriak, tripa beterik, haien zirina lagatzeko gertu zeuden…..

Gernika 2016/ 1975ean

Txoria badator, txoria badoa

Gernikara joan nintzen egunean, hainbeste oroitzapen nere baitan baitzerabiltzan... Ez zen lehen aldia Gernikaratzen nintzela…..

1937 ko martxoa

Otto eta Ju

Ottok baiezkoa eman zionean, Herr Smith irakasleak Von Moreau tenientarengana eraman zuen. Honek galdera batzuk egin ondotik hauxe esan zion:

- Gazteleraz mintzatzen duzula esan didate, hala da?

- Bai jauna

- Non ikasi duzu?

- Lehenik eskolan Dresdenen eta gero Espainian.

- Espainian egon zara beraz, ezta?

- Bai, Euskal Herrian

- Euskal Herrian? Zer bitxia, laster interbentzio bat izango baitugu han, non egon zinen bada?

- Gernika deituriko herri batean, Bizkaian. Nere osaba batek hantxe dauka enpresa bat eta uda bere etxean iragan nuen.

- Gernikan?

Von Moreau altxatu zen eta hurbiltzeko esan zion…...

1937ko martxoa

Parisen.

Sormen eta Hilmen

Xabierrek horixe zeukan odolean, isurmena! Cezannen osaketaren funtsa aspalditik aurkitu ondoren, askatzeko libertate osoa zeukan orain eta bere sormenaren nortasun askearen erdian, libreki margotzen zuen. Hamalau urteko nerabe batek bizi duen nerabezaroko oldarraren pare, bera ere amari jazartzen zitzaion, nahiz eta ama zela jakin, eta ez zuela inoiz ere ukatuko. Horixe zen bere baitan Xabierrek sentitzen zuena, funtsa eta oldarrarekin prestaturiko salda, Elorrietako sukaldean egosiriko arte eltzekaria, euskal barazkiez egina, baina, Atximitako ez ohiko belarrez sukaldatuta….

1937ko apirilaren 26a

Gasteizen

Aireportuan mugimendu asko zegoen eta garajeko atetik Ju ikusi zuenean poztu egin zen. Egia aitortzeko, bere anaiaren itxura ez zen txantxetakoa, bere larruzko palto beltzaz, kaskoz eta betaurrekoz eta bota luzez hornituta. Benetan inpresioemangarria!
Ju deitu zuenean bi anaiek elkar agurtu zuten, hegazkinetan bonbak kargatzen ari ziren bitartean…..

1937ko udaberria

Parisen

...Xabier aurrera zihoan eta merkatuko margolana bukatu baino lehen, zerbait igarri zuela susmatzen zuen, zergatik bestela gernikar batek Cigaren merkatu hori absolutoki egin nahi? Zergatik Elizondo bazterturik, Gernikako merkatua egin gura? Zergatik pertsonaiak haien bizi lasaietatik errotik atera eta bururik gabeko baserritarrak tindatu nahi?….

1932 eta 1935en artean

Atximita

Atximita baserria nahiko bitxia zen, San Pedro auzoko elizatik urrunena, Ganaga mendiaren itzalean eta mendebalerantz Errigoitira begiratzen zuena. Bitxi bada bitxi, eta barneko herri batzutan bezala, bi eremu bazituen, lehena zibila eta hauxe Lunokoa zeukan, bigarrena eliza aldekoa, eta hauxe Errigoitikoa. Iparrekialderantz zeramaten leihoak beti itxita zituen etxe bakarra zen, hango argirik ez balute nahi bezala. Foru eta Errigoiti aldera ematen zituenak, aldiz, beti zabal- zabalik zeuzkan. Luno eta Gernika aldekoak, beraz, baztertuta zeuden…..

1937ko maiatzaren 1a

Parisen

Xabierri esan zioten Josep Renau-k, Espainiako Arte Ederretako zuzendaria, eta Jose Bergamin idazleak, Errepublikako gobernuaren izenean, Parisen ospatu behar zen erakusketa unibertsalerako, Pablo Picassori zerbait eskatu behar ziotela, baina beretzat gorde zuen, Picassok arratsalde hartan aitortu arte. Nola pentsatu behar ote zuen Zaldunek bere herrian gertaturiko sarraskia halako munduarteko ispilu izugarrian agertzekoa zela. Eskertzekoa zen, ahanzturan ez sartzeko, behintzat…..

1937ko apirilaren 26a

Julitxo

.Bonbardaketa bukatu zenean, bizirik irauten zuen jende eskasa haren babeslekutik ateratzen hasi zen. Inork ez zuen negarrik egiten eta haien aurpegietan harridura baizik ez zen agertzen. Ulergaitza zen begi aurrean zeukatena, ezustea! Laster gaua hurbildu zen eta pizturik zeuden su ugariek herria desolazioz beterik argitzen zuten…..

1937ko apirilaren 30a

Biharamona

Biharamon goizeko atzarpena, Gernikan bizi izan zuten latzarena izan zen, esnatzerik ez zelako izan, jendearen desolazioa herriaren parekoa baitzen…..

2018ko maiatzaren 4a, Kanbon

Erdiko ametsak

Jean René Etchegaray, Lapurdiko herri elkargoaren presidenteak konbidatu guziei ongi etorria eman zien. Kanboko Edmond Rostand-en Arnaga etxe ederrean, nazioarteko ordezkarien aurrean, ETAren bukaera gauzatu zen. Kazetari ainitz zeuden eta haien artean, isilik eta diskrezio osoz, John Steer, George-ren iloba. Areto handiko paretan, Picassoren Gernika margolanaren litografiak elkarrizketak gailentzen zituen. Atzo, Josean Urrutikoetxeak, alias Josu Ternera, ETAren izenean, azken komunikatua irakurri zuen, hirurogei urteko ekintza armatuei bukaera emanez. Bidukak, arreta handiz, bi emankizunak telebistan segitu zituen eta ETBk bere transmisioa amaitu zuenean, bere ohiko besaulkian goxoki lokartu zen, inoiz ez ziolako ametsetako ahalmenari uko egin…..

1983ko abuztuaren 20a

Bergamin eta Saseta

Kandido hondarribiarra militarra zen, errepublika denboran Espainiako armadan sartuta eta laster kapitaina izendatu zutena. 1936ko frankisten altxamendua gertatu zenean, errepublikaren aldeko leialtasuna erakutsirik, ez zuen Euskadi defenditzeko zalantzarik izan…..

.Jose Bergamin, aldiz, Madrileko malagartarra zen, intelektuala, idazlea eta faxismoaren aurkakoa. ( arg web) Libertatearen defendatzaile amorratu horrek fedea eta komunismoa elkartzen saiatu zen bere bizitza osoan…..

1976ko apirila, Iruñean

Buckenwald eta Iguazu

Helmut Eichner, Dresdeneko Ottoren adiskide-mina zen eta 1976an Iruñera etorri zen AUTHI Wolwsvagen auto marka ezagunak montatu zituen lantegira mekanikari gazteen irakasle eta formatzaile gisa. Otto bezala, motorreko lanetan aritzen zen, biak mekanikariak, batto autoena eta bestea hegazkinena. SEAT marka espainolari martxa eman ziotenean eta esperientziako mekanikari alemaniarrak ekarri zituztenean, Helmutek Nafarroara etortzeko erabakia hartu zuen, nahiz eta garai hartan hirurogei urte izan, Ottok ezagutu zuen Euskal Herriaren berri ukan zezan.
Beste arrazoi nagusi bat ere bazeukan, Ottori emandako hitza betetzeko aukera agertzen zitzaiolako eta Koldo ikustera joateko ordua azkenean iritsi zelako…..


1936ko iraila

Maria

Euri langarra ez zen gelditu eta leihotik begira zegoen Mariak xirimiria ez zuen maite. Agian euskalduna ez zelako eta 1920an bere gurasoak Malagatik Bizkaira etorri zirelako? Ez dakit. Orduan Bizkaiko industria gailurrean zegoen eta lantegiek ate berriak, han-hemenka, zabaltzen zituzten. Lana, lana eta lana, baina horrek beste hainbeste arazo sortzen zituen, Espainiako lurraldeetatik etorkin pilo bat erakarri zuelako. Horrela bi gizarte ziren, bertakoena eta kanpotik etorritako maketoena….

Errigoitian, 1942an

Atximita

Maiteren bigarren deitura Kandisky zen, kasualitatez noski, eta txikitatik esku lanetarako trebea zen. Katalin bere amari grazia egiten zion, marrazteko edozein gauza baliagarri gertatzen zitzaiola ikustean, are gehiago, kolorea sortzeko, lurra erabiltzen zuenean okreak lortzeko, belarrak orlegiak erdiesteko eta buztina gorriak egiteko…..

2007ko apirilaren 26a

Biduka eta Ju-ren paradisua

Euskal Herriko iparraldean eta Frantzia osoan, Bidukak bazituen lagun judu batzuk eta Hendaiako ohiko laguna zen Davidek talde berezi batean parte hartzen zuela jakin zuenean haiekin bat egin zuen. Serge eta Beate Karlsfeld arduradunen elkartea Parisen eta Israelen sustraiturik zegoen, geldirik gabe nazien bila zebiltzan eta pozik jarri ziren kide berri batek izena eman zuenean…..

2017ko otsailaren

Txoria badator, txoria badoa

Nere margolana lehen koloreak hartzen hasi zen eta zolako grisaren gainean konposaketaren elementuak kokatzen hasi nintzaion, ezkerrean, Picassoren zezenaren lekua hartuko zuen aberea, Gernikako Arbolaren toki orlegi berezia, derrigorrezko alde odoltsua, eraikinen errautsaren parte hitsa, kolorezko eztanda izugarriak, denek bat eginez, emeki- emeki "Txoria badator Txoria badoa" izeneko margolana aurrera zihoan….

1945eko otsaila

Koldo eta Otto

1945eko otsailaren 13an Dresdeneko zeruan aliatuen hegazkinak agertu zirenean, Koldori igorritako Ottoren gutuna aspalditik posta-kutxan zegoen baina, gerra pil- pilean egonda, ireki zezakeen postaririk ez zegoen…..

1953ko maiatza

Kaixo Otto!

.1946ko udaberrian, Gernikako bonbardaketaren bederatzigarren urtemuga zela, eskutitza bidaltzeko ordua iritsi zitzaiola sentitu zuen bere baitan. Bere ohe ondoko mahaitxoko tiraderatik atera zuen eta azken aldiz irakurri zuen…..

1953ko apiril

Atximita

Bilboko barnetegia ezin hotzagoa zen, La Salleko fraide gona eta baberodunek eramana, eta Zubiltxori txikitandik amaren eskasa begitartean sumatzen zitzaion. Amama Katalinek Bilboko bere etxera ekarri nahi izan zuen, zentzugabekoa baitzen bera hain hurbil bizitzea eta mutil koxkorra barnetegi maitagaitz batean egotea, baina horixe zen bere aitaren erabakia, eta asteburuetan izan ezik ez zuen bere semea amamaren etxera ateratzen uzten. ….

1945eko urtarrilaren 25a

Gernika

Bost urte inguru behar izan zuten Gernika berriro eraikitzeko, baina hantxe bizi zen giroa ez zen batere atsegina. Nahiz eta gerla bukatua izan, Francoren diktadura puri-purian zegoen eta herri bakoitzak, guardia zibil eta falangistez gain, bere txibatoak zituen, gizartean. Alejandro Rojo Celon…..

1945eko udaberria

Julitxo eta Maria

Julitxok eta Mirentxuk baserrian segitzen zuten, betiko lanetan eta jadanik baziren bederatzi urte inguru, Bastegietaraino egunero joaten zirela Kota gaixoari eguerdiroko bazkaria eramatera…..

..Mariak ez zekien oraindik Juk Buckenwalden izugarrizko mina egingo zuela eta borrero bat izango zela eta poliki- poliki maitemintzen hasi zitzaion, nahiz eta bere herria bonben azpian josi….

1937ko maiatzaren 1a.

Parisen

Hiru hilabete behar izan zituen Picassok manatu zioten margolana egiteko!

Espainiako errepublikar gobernuaren izenean, Josep Renau Arte Ederretako zuzendaria, Parisera bidali zutenean, inork ez zekien Pablo Picassok jadanik gogoeta bat zeukala buruan, 1937ko Pariseko nazioarteko erakusketan ikusgai jarriko zutena…..

1944ko uda

Julitxo

Julitxok, denak bezala, urteak bete zituen eta sarraskia, oroitzapen bat baizik ez zen harentzat, ahanztezina, hori bai, baina, orainarekin baino, kondairarekin ikustekorik zeukana. Eguneroko biziak gogorapenari gaina hartzen ziolako, Gernikaren bizia geroari begira zegoen. Mirentxu, bere hogeita bat urtetan, herriko neska bikaina bihurtu zen, aditua eta ederra bezain atsegina….

Luno, 1953ko maiatzaren 20

Mirentxuren ezkontza

.Mirentxuk ezkontza Elorrietan ospatu nahi zuen, baina amama Katalinek Zubiltxori jasarazten zizkion presioak hain handiak ziren, Atximitan ospatzea erabaki zutela, oraingoz bederen. Bi arrazoi nagusi bazituen adineko andreak, lehena, ezkontzan, pianoa jo nahi zuelako eta Elorrietan halakorik ezin zen egin, bigarrena…..

..Txabiren sortze berriak ba ote zuen zerbait ikustekorik horrekin? Zerbait larria igartzen ote zuen? Kandelen argi beroak ez ote zuen altxor sakratua bere gordelekutik atera edo Anbototik jaitsitako aztiren bat hurbildu ote zitzaien arrosarioa ekartzera? Ezinezkoa zen eta, bere baitan, Zubiltxok, erantzun tinko baten eskas, izebaren fede handiari lotu zion mirari hori…..

1975eko azaroaren 20an

Telebista

1975eko azaroaren 20an, Espainiako lehen ministroa zen Arias Navarro, belarri handiko ipotxak, telebistan, larriki -Españoles, Franco ha muerto- (Espainiarrak, Franco hil da!) esan zuenean, tipustapan, txanpain botoilen kortxoak Euskal Herri osoan entzun ziren. Gernikan noski, baina baita Gasteizen, Donostian eta Bilbon ere, tabernetatik Codorniu-a desagertu zen arte. Donibane Lohizunen egiazko txanpaina edan zuten…..

2017ko ekainaren 18a, emanaldiaren hiru egun lehenago.

Odolezko malkoa

Biduka ospitalean sartu zutenean arnasteko arazoak zituen. Igarri zioten biriketako minbiziak metastasi ugari sortu zizkion garunean eta egia aitortzeko, planta txarrean zegoen. Hainbeste urtetan erretzeak ez zuen barkatzen, baina jakinaren gainean egon arren, bukaera arte Ducados paketea sakelan eraman zuen, bizioak bizia baino gehiago balio balu bezala. Bi hitzak ez ote ziren familia berekoak?….

2017ko ekainaren 22an

Gernika betiko

Begi negartsutik jalgitzen ohi den malkoa ur ttantta gazia da, Gernikan, hiru mila bost ehun pertsonek apirilaren 26ean bota zutena, isilik, oihuka, lasterka, etzanik, denek, haurrek, neskek, mutilek, gizonek, amek, amamek eta aittittek, orok, baita begiak itxita zeuden gorpu eraileek ere, odoleko malkoa, zalantzarik gabe…

2017ko ekainaren 22ko gaualdia

Azken ametsa

Azken dantza

"Txoria badator, txoria badoa" emanaldi musikalaren lan erraldoia behin amaiturik, dekonpresioaren ordua hasi zitzaidan. Ostegun horren gaua laburra izan nuen, hantxe, Begiraleak-en elkartean garagardo batzuk edaten egon ginelako goizeko ordu biak arte….

..Loiuko aireportuan ginen eta areto nagusian ispilu ugari ezarri zituzten, ezkerrean, eskuinean eta baita goiko zolan ere. Mirailei esker, handik ibiltzerakoan, jende askoz gehiago zebiltzala zirudien, egiazki zebilen kopuru osoa hirukoiztuz.

Ispiluak, norberak inoiz bere burua bakarrik senti ez zezan, ipini zituzten, jendea ahultasunetik jalgitzeko bezala. Hala zioten batzuek, bederen….

2018ko maiatz


Margolana ene azken begiradetan zegoen, batzutan, dena aldatzera erakar luketen azken soetan, eta hark, nolabait, argi gehiago behar zuela goiargitu zidan, ikusleek berreraikuntza, bersortzea eta erresistentziaren ikurtzat har lezaketena. Picassori gauza bera gertatu ote zitzaion?…..

Ea hirukoiztasun artistikoa osoki lortu dudan, hemen, hor, han. Nik gustukoa daukat. Esango didazue.

X. Soubelet