Hiru seme

Hiru seme

                HIRU SEME

                     Eleberria

                     Xabier Soubelet

                             “Xubiltz”

                                        Ed Xubiltz                                         

                                          Irakurleari

                                                Funtsa  

2000. urtean Oroitzirriak (Maiatz) kronika liburua argitaratu nuenean, Berrian idazten zuen artikuluan Andu Lertxundik kritika baikor bat egin zidan, bereziki, bere buruaren hain azalgarririk, Euskal Herrian ez zelako sekulan agertzen, euskaldunak hain pudikoak omen baigara.
Bertan, neronek bizitako abenturak kontatzen nituen, batere eragozpenik gabe, batzuetan egia krudela argitaraziz, beste batzuetan neure burua irrigarri agertuz.

Nik barnean nituen oroitzapenak agertu nahi nituen, hersturarik gabe eta horixe izan zen Anduk lerro haietan ediren zituenak. “Hiru seme” eleberri honetan gauza berdina gertatzen da eta irakurriko dituzun lerroetan, ene bizi intimoa dager, emozioak eta sentimenduek bultzaturik, bizi izan ditudan pairamen guztiak azaldurik. 

Bost urte nituenean, ama hil zitzaidan, erditu eta berehala, baita ere argira mundura ekarri zituen bikiak. Bi urte lehenago, baldintza beretan, beste alabatxo bat zendu zitzaion ere.

Ama hil zenetik bost urtera, aita berriro ezkondu zen eta heriotzaren mailuak betiko jo ninduen, sufrimenduaren iltzea bihotzeraino sar araziz.

Amarena inoiz ez dut inoiz onartu eta Hiru seme” eleberri honek ongi derakutsan bezala, literatura izan da ene salbatzaile bakarra.

Asmatu dudan azti baten magiaz, atzera- aldeko bidai korapilatsu batean, amaren bila itzuli naiz, xede bakar bat gogoan, heriotzatik libratzea.
Besterik ez dut azalduko. Pasarte labur bat ezik, liburuan esaten ditudan guztiak benetan bizi izan ditut, bai ama hil aurretik gertatzen direnak, baita ere arotan zehar aipatzen ditudan senide guziak.

Anduk kritika hura egin zuenetik, beste aitormen libururik euskaraz ez da idatzi, hori uste dut behintzat. Ea beste hogei urte ez diren iragaten, idazleek bizi izan dituzten pairamen sekretuak jendearen aurrean azal ditzaten.

                                            Forma

Bi hitz! Euskal herriak Euskadi dirudi eta ez baldin bada hitzaldi politiko orokor abertzaleetan, EAE-ri beste herrialdeak bost axola zaizkio, bai Nafarroa garaia, baita ere mugaz gaindi dauden hiru herrialdeak.

Autonomiarekin laket, euskara jakin baina ez egin.  “Horixe doakit” ala “hauxe gustokoa daukat” diote gehienek, eta nik diet ezetz, hauxe ez dela gurea. Sabino de Aranaren abertzaletasun murritza bazterturik, Eneko Aritzarena xedetzat hartu beharko genuke, Nafarroa, Lapurdi eta Xiberoak bat eginik, Nafarreria ala Euskal herria izeneko herri berriari EAE erantsirik. Sakona.....
Orain, dena aurreikusia dirudi eta literatura eta idazteko manera ildo beretik doa ere.  Olerkaritza hits eta eztian erorita gaude eta gaurko euskal literatura uniformea iruditzen zait, oro idazteko era berdintsuez egina, apala, euskalkiek daukaten aberastasunik gabekoa, elite batek beste sasi elite bati eskainia.
Komunikabideetan heda arazita izan nahi baduzu, tehenka bereko autopista hori baizik ez dezazula hartu, zuzen- zuzen abiatzen den molde bereko errepidea.

  • Hauxe ez da idazle guzien aurkako auzia, euskal idazkera berriko burbuilak sortzen dituenaren aurkakoa baizik.
  • Hauxe ez da ere Euskara batuaren auzia edo euskalkien defentsa amorratua. Ez! Batere ez! Aberastasun eta sinonimoarena baizik!
  • Hauxe ez da ere ene idazteko eraren defentsa, ez baitut hain ona, enea filosofia eta olerkaritza baita, baina nik bederen xeheki aitortzen dut eta aitormena sasi pudorea gainditzetik pasatzen dela jakinez, hauxe da batzuek egin beharko luketena. Baina ez! Euskaldunak harro gara! Batez ere euren buruaren pozik dauden idazle modernoak.
    Beste herrietan bezala, gurean pello asko badago, baina Euskal Herria txikia izanda, zoritxarrez agerian daude, Euskadik formatu dituen aho bereko intelektualak, euren zilborrari begira baizik ez daudenak. Txarrena, fama irabazi dutela. Beno, normala da, denek bat egiten baitute, famatuak eta fama emaileak.
    Nahiz eta alfabetatuak eta arras ikasiak izan, ez ditut gogoko, kurtsi batzuk direlako eta nahiz eta gehienak hiritarrak izan, euren jakintzaren laudorioetako belai txukunetan larratzen ari dira, behin eta berriro, zapore gabeko literaturaren belardian. Euskal artaldearen aho bateko marraka dantzut ozenki.
    Marroek ez ditzatela ene ur biziak auzian sartu, harropuzkeriaz ez baitaude kutsatuak eta hauxe edo beste hura aurretik epaitu baino lehen, euren artilea desorraztea hobe lukete, orekaren desoreka eredutzat harturik. Nik hizkuntza ez dut arerio, bere erabilpen aurreikusia baizik.

Beraz, liburu hau modu lasai batez irakur, akademismorik gabe, idatziriko erreka baten isurmenaren desorekaren parekoa den saiakera xumea izan nahi baitu, inolaz ez aintzira, are guttiago putzua edo iztila. 

Hala ere, “Funtsa” partean  aitortu dudana bizian sufritu duen edozeinen parekoa izan daitekeela diot ere, narrazio unibertsala izan litekeen antzeko aitormena baizik ez delako.

                                              Aitzin solasa

 Matematiketan ez naiz inoiz trebea izan. Gaztetan sekulan ez nuen ulertu zertarako balio zuten ere. Hainbeste formula, ekuazio eta enigma, ezertarako! Dena matematiketan oinarrituta dagoela orduan norbaitek adierazi balit, agian euren balioa ulertu izan nuke, baina ez, ez nuen halako suerterik izan.
Agian hobe aitaren urratsak segitu izan nituzkeelako. Inondik ere! Hala ere, ene sasi matematikak,  “Aitzin solas” honetan baizik ez ditut erabiliko.

 Nahiz eta oraingoz ulergaitza izan, liburuaren irakurketak formula honi leiho berriak irekiko dizkio, ekuazio bitxi hau ulergarria bihurtu arte. Are gehiago, emozioetan murgilduta dagoen artista bat bazara, pairamenetan zigortutako haurra izan bazara edo amodioz eskas bizi izan zaren umea izan bazara, lerro horietan zeure burua atzeman dukezu.
Gorago aipatu dudan esnobismotik urrun bazabiltzan irakurle normala bazara, hobe eta agian, ni bezala, asmatutako ekuazioa, zure gorrotoak eta mendekuak gauzatzeko modu arrunt batez balia zenezake.

                                             Aitona

Aitti naiz, izenez Kepa Zumel Askibar, Bobby eta Maiteren semea. Bi alaba eta lau biloba dauzkat, bihotzeko Zuhaitz eta Oiz, Gehienaren alabatxoak, seme sorberria duen Ekain eta Ekiaren semea, Olat biloba maitagarria.
Periko eta Maria Josefa nire aitona-amonak ez ditut ezagutu,  aldiz aitonaren arreba, nire bataioko amatxi izan zen Julitxo asko.
Bost urteetan ama hil zitzaidanean eta elizak manatzen zion bezala, ordezkari lanetan hasi zen, laurogeita hamahiru urtetan ataka hautsi arte. Orduan, nerauk eman nion berak bizi guzian eni emandakoaren antzekoa, zaintza eta babesa eta hori ehun eta bat urtetan hil arte.

70 urte berriki bete izan ditut eta bronkitis kronikoa, orkatila eta bizkarreko minetik aparte, nahiko osasuntsu nago. Halere neguan, eztulak gain erasotzen nauenean, hatsa hartzeko zailtasunak agertzen zaizkit, eta “asma” tankerako bronkitisa argira jalgitzen zait. Medikuek diotenez, hobenduna, gazte denboretan erre nuen guztia omen da. Parranda gustokoa daukadala aitortu behar dut ere, modu gozoan bizi behar baita ere...
Covidak sortutako konfinamenduan eta Donibane Lohizunen itsasoa etxetik nahiko hurbil izanda, etxetik atera gabe, bere joan etorriak irudikatzea erraza izan zait eta parez pare ezin ikusi arren, olatuen soinu neurtuak gogoan entzun izan ditut, baita ere, erdi ametsetan nengoelarik, itsas bazterreko ohiko ibiltarien solasak.

Etxean preso, oharmenari eta so egiteari ekin diot, apartamendu zaharrean dauzkadan puska eta altzari zahar guztiei arretaz tinko eta berezia emanik, amatxi Julitxok kontaturiko gauza bakoitzaren istoria gogoan.
Egongelako marmolezko mahaitxoaren gainean whisky untzitxo zahar eramangarri bat badago, larruz inguraturiko edalontzi dotorea, aitatxiren oroitzapena gogora ekartzen ohi didana. Amatxiren esanez, Tolosatik ihes egin zuenean berarekin atzerrira ekarri zuen hura, beti bere soinean zeraman eta ezkutuan, noizean behin, hurrupa bakanak ematen omen zizkion.

Aitatxi gazterik zendu zen, berrogeita hamahiru urtetan eta zilarrezko tapoi ederrez grabaturiko ohiko petakatxoak bere Lapurdiko bizialdiaren lekukotasuna eman ohi dit. Geroztik beti etxeko mahai borobilean egon da. Argazkiak lekuko, aitona biziki dotorea zen.         

Berez, abokatua eta legez, Gipuzkoako diputazioko diputatua, 1913 eta 1917 etan Bergarako herrialdekoa izana.
Maria Josefa Irurtzun Gortari nire amona iruindarra zenarekin bi alaba izan zituen, Miren eta nire ama izan zen Maite.
Denen iritziz, Miren nahiko pertxenta zen ttikitan, aldiz ama ezin traketsagoa. Diotenez ere, Maite ttikiak aitonaren haserrea piztu arazten zuen, bere panpina jostetetan, trapuzko neskatxen egarria asetzeko aitonak altxortzat zeukan edangailua erabiltzen zuelako.
Beraz, esan bezala, denek bazekiten aitonak gordean edaten zuela baina ez-ikusiarena eginik eta haurraren trastekeria baliatuz, etxekoek pattarrez betetako edalontzi zaharra husten zioten eta urez beteta, berriro mahai gainean uzten.
Bi arbasoak ni sortu baino lehen hil zirelako, aitona 1941an eta amona 1946an, halakorik ez dut ezagutu eta marmolezko ohiko mahai borobilaren gainean, urontzi dotorea apainduratzat baizik ez dut ikusi. Mende erdi baten buruan, pattarrik gabeko petakatxoa leku berean dirau, neronek urtean behin aldatzen diodan urez beteta.
Bekatu! - Oihukatu  lidake aitonak, euskal zahatoaren ardoaren antzeko, altxor hori, whisky-a baizik edukitzeko ez zen egina, ura biziki arrotz izanda.
Halere, ur lerden hori ez zen nolanahikoa, ezta kañutik bilduriko ur arrunta, Legateko kaskoan bilduta baizik. 
Nahiz eta bekatu izan, azken boladan honetan azti batek bilduta zegoela aitonak baleki, pozik egongo litzateke.

                                              Altxorra

Aita Izko eta biok aspalditiko lagunak ginen eta ni nardatzeko asmotan, agure maitagarriak, bere kokotxeko biloak konta niezazkion eskatzen zidan, irriz, bere bizarreko bilo txuri bakanak urte bakoitzeko hileak baizik ez omen baitziren, ez bat gehiago, ez guttiago ere.

Elkarrekin mendira maiz abiatzen ginen eta nahiz eta fraideak laurogeita hamar bat urte ukan, maldan gora zaluki zebilen, haren ohiko ortozizko sandalia marroiez jantzita eta gerriko kordoi txuriz loturiko alba marroi luzez estalita.

Egun horretan, frantziskotarrak, ur azti guztiek zerabiltzaten ohiko makila eskutan tinko helduta zeukan eta urki zurez egindako habaila dantzan ezarri nahiez, berak bakarrik zekien non eta nola erabili behar zuen.
Legateko mendi kaskotik hurbil zegoen gurutze-bideko azken geldialdira iritsi ginenean, elizgizona otoitz isiletan hasi zen, eskuartean zeukan zurezko igarleak bere lana trebeki bete zezan.

Itsasbegi bat balitz bezala, haren ezker eskuineko begirada urbegi gordearen bila zebilen eta makiltxoak hango bidea tinko erakutsirik, urrun xamarrean zeuden zuhaitzei so geldi luze bat bota zien.
Oihanera hurbildurik, enborretan zerantsien goroldioari begirada zizelkatu bat bota zion, hezetasun orlegi hark iparra erakusten zuela ongi bazekielako eta, bere bizarraren biloen antzeko, zintzilik zeuden haritxo orlegiek arbolaren adina zerakustela bazigarrielako ere.

Urki makil igarlea gogor tinkaturik, ur sakonaren bila hasi zen eta ahurretan zatxizkikien hirukiaren bi aldeak heldurik, fraideak, ea zur txuriko erdiko makiltxo erakusle luzea, noiz dantzan hasiko ote zen hautematen  *ari zen.
Bezperako euriez, lurra zipatuta zegoen eta ttapattan- ttapattan, zuhaitzen azpiko eremu itzaltsu eta lohitsuetarantz abiatu zen, magiak hurbiltasun gehiena behar balu bezala. Tinko begiratzen ari nintzaion. 

* bazigarrielako: igartzen zuelako

*Hautematen: ikertzen

Neure buruan nenbilen ea makilaren ahalmena baino gehiago, haren indar mentala uraren bila ez ote zebilen, izak eta garunek bat zegizkiotela* ageri baitzen, lurrak eta gizakiak batto eginez.

Funtsezko biziaren pare, isuritako ur guzien ohiko bidea goitik behera zihoan, urbegi baten lurrean sorturik, iturri berriaren malkotik ibaiaren negarrera isuririk, itsasoko misterio zabalean murgildurik.

Bat- batean, zuhaitzen arteko lur hezetik indar berezi bat igo balitzaio bezala, makil igarlea higidura ero batean hasi zitzaion eta lur zolan legokeen urbegi ezkutatua iturri bihurtu zen. Makiltxoa gora- behera mugitzen ari zitzaion, lur azpian gordetako iztil sorginduren bat zegoela erakutsiz.
Arretaz beterik, ez nekien zer hasi ote zen lehenago borborka, irakitan zegoen aita Izkoren burumuin beroa ala lurpean zegokeen ur gordearen sor gogo hotz bezain bizigarria.
Dena den, eskuarekin zulotxo bat eginda eta ezezaguna ohikoa bihurtuta, iturri hartatik isurmenak bere bidea kausitu zuen, beheranzko itsas bide arrotza helburutzat harturik.

Bere ama-lurra abandonatzeko xangrina eman balio legez eta borbor  baten antzera, irakitan zegoen iztila putzu bilakatu zen eta emeki-emeki, malkoka, patuak markaturiko bide estutik isurtzen hasi zen, sorberri baten pare, lur-amaren kobazulotik ihes egiteko irrika tinkoa erakutsi nahi bezala.
Urduri nengoen. Ahurrean bildutako uretik, lehen hurrupatxoa edan nuen eta aho barneko lehorra emozioz freskatuta, etxetik ekarritako aitonaren ohiko kristalezko edangailu zaharra sakelatik atera nuen eta fraideari luzatu nion.
Iturritxoa lur hondarrik gabe egon zedin, zuloa berriz ere zabaldu zuen, eskuarekin putzu garden bat lortu arte. Urontzia goraino bete izan zuenean, Aita Izkok eskua luzatu eta altxor hura dasta nezan manatu zidan, nolabaiteko indar berezi bat barneratu zen modura. Mendi hartan bizi genuen unea nahiko berezia izan zen, misterioz beteta.

*Zegizkiotela: egiten ziotela

Lehenengo hurrupa edan baino lehen, fraideak belarrira hauxe xuxurlatu zidan: “-Begira lagun, ohartu zara aurkitu eta bildu dugun ura ezta? Ba entzun ongi, jaso dugun urak benetako botere magikoak ditu eta zure aitonaren urontzi honetan sartuta dagoenak aukera berezi bat emango dizula jakin ezazu. Zazpi aldi desberdinez hurrupa edan bitartean, denboran atzera itzultzeko indarra lortuko duzu, alderantziz den bidean sartuta, gazteria eta haurreria gozoki ferekatuz, eta adinean atzera joateko aukera emango dizu. Hurrupa  bakoitzean eskaera berezi bat egiteko aukera izango duzu, zuk nahi duzuna lortzeko. Baina kontuz! Zurruta neurtuak edan beharko dituzu, urontziak zazpi irentsi aldiko neurria baizik ez baitauka eta husten denean betirako hustuta geldituko zaizula jakin ezazu. Orduan eta orduan bakarrik, magiari esker atzera kurritutako urte guztiak zeronek hartuko dituzu, zaharrerian sakonki sarturik-“

Banekien Aita Izko txantxetan ez zegoela. Baztango bailarako istorio  zaharrek kontatzen zuten bezala, beste batzuei ere halako bitxikeriak gertatu omen zitzaizkien aspaldi, batzuei urari lotuak, besteei zeruari edoazkenei mendiarekin zerikusirik bazeukatenari erantsiak.

Denek bazekiten, inkisizio aroan, hainbat andre erre omen baitzutela halako  sorginkeriatan aritzeagatik eta Legateko mendiko urek botere berezi bat bazeukatela ere, atzera itzultzeko indarra ematen omen zutena. Sinesmen zaharrek zioten ere, errandakoak ez betetzeagatik eta aholkuak gaizki erabiltzeagatik, ur edaleak bat- batean zahartzen zirela, gehienek gizakiak ohi daukaten adina gainditurik eta bertan bera bizia galdurik.
Baina horiek erran zaharrak baizik ez baitziren…

“Bi bizi baditugu- esan zidan elizgizonak- eta bigarrena, lehenbiziko

funtsezko bizia dugula ohartzen garenean hasten da. »

Berehala ulertu nuen fraideak esan nahi zidana eta erran zaharrak nire biziaren isurmen mugitua aldatzeko aukera eman lidakeela ere bai.

Hain zaila bezain interesgarria iruditu zitzaidan gibela aldera abiatzea, abentura horretan murgiltzeko prest nengoela berehala sumatu zuen. Ulertutakoa baieztatu nahirik, iraganaren igarlea zen fraideari bitxiki so egin nion eta filma baten antzeko, nire haur bizian jasan nituen pairamenak ikusi nituen. Denak aztertzeko aukera ematen ari zitzaidan.

- “ Nahi berezi bat botatzeko aukera bazenu, zein izango zenuke?- luzatu zidan serioski.

Aurpegia argitu zitzaidan, aspalditik banekielako zer erantzun.

 – Andre batekin nahiko nuke elkartu.- esan nion gozoki.
- Batekin bakarrik?- erantsi zidan apezak, ustekabekoan.
- Bai, ama bat baizik ez dugu ezta?
- Eta non dago bada?”- luzatu zidan aita Izkok.
- Hil zen!-
Fraideak dena bazekien eta ama berrikusteko gogoa neukala ere, baita ere zendu zitzaizkidan hiru ahizpekin elkartzeko neukan gutizia.

-Bai, denak ezagutu nahi nituzke, Miren Maite ni bi urte nituenean zendu zitzaidan arreba, baita ere bi urte geroago amarekin batean hil ziren biki sorberriak, Miren eta Maite-, erantsi egin nion.

Lurretik isurtzen hasi zen urbegiari begira, fraideak, bere baitan zeraman meditazio sakon bat helarazi nahi zidan, aurrera zihoan uraren beheranzko bidea, etorkizunarena baizik ez zela, baina, atzera aldekoa, ikusgaitza hauxe, goranzka zabiala*, menditik lainoetara igotzen zen lurrinarena, iraganarena.
Agian hortxe zegoen magiaren sekretua, atzera joateko ur azti baten igarpen bitxia, aurretik atzera zihoana.
Zalantzarik gabe, ur magikoaren indarra preseski niretzat egina zegoela zagerren*, atzera joateko ahalmenean sartuta, neure bizian izan nituen lau pertsona maitatuenak berriro aurkitzea, euren heriotzak oztopatzea eta nire bizia ildotu zuten pairamenetatik ihes egitea.

*Zabiala: abiatzen zela
*Zagerren: agertzen zen

                                         Ondorioa

Menditik jaitsi eta eskertu ondoren, aita Izko Lekarozeko komentua zeukan meditazio kabi egokian sartu zen. Aitzinera abiaturik, bide nagusiko gurutzeraino iritsi nintzen, “La Baztanesa” autobusa hartzeko asmotan. Han geltokirik ez zegoen, Legateko harrobitik, errotik ateratako harri morezko pareta bat baizik.
Eguzkitan hantxe eseri nintzen, bi bizi horien erran zaharraren funtsa aztertu nahirik baina, astirik gabe, autobusa laster iritsi zen. Gipuzkoarantz deraman bide mehar eta bihurdikatua harturik, Bidasoako errepidea hartu zuen, Irunera iritsi arte. Mugaren gaindiko Santiago zubia oinez zeharkatu nuen eta Hendaiako geltokira iritsi nintzenean Donibane Lohizune alderako trena hartu nuen.

Donibane nire herria zen eta zorionez, nire bi alabak bertan bizi ziren, bat Ziburun, bestea Lohizunen. Eki izeneko gazteenak berriki  seme bat ukan zuen, Olat eta behin baino gehiagotan, bilobatxoa badiatik barna sehaskan ibiltzea tokatzen zitzaidan, zapore gozoko jardun atsegina irudituz.
Etxera iritsi nintzenean, Olatxok bota zidan irriak urtu egin ninduen. Alabak ea semetxoa oinezko itzuli bat egitera atera nezakeen eskatu zidan eta ttikia sehaskan jarririk, hondartzara deraman Garat karrika igotzen hasi ginen. Eguzkiak bere ilunabarreko argi gorrixkez badiaren inguru osoak betetzen zituen. Itsasoak ispilu bat zirudien, kolore beroko izpiak zeru alderantz islatuz, zein gorriago, zein laranja edo horiago. Aldizka, hotz itxurako kolore bat edo beste, euren tartean trabatzen ausartzen zen, zein more edo ubela, zein ilunago edo hotzago. Trabatzailea baino, gorri-aldearen mendratzaile gozoa zirudien. Ohiko ibiltoki xarmanta erdi hutsik zegoen. Non zeuden bada xinaurriak bezala udan dabiltzan turista guziak?  Santa Barbara patarrerantz abiatu ginen. Miraila baten pare eta edertasunari kolore ikusgarriak eskainiz, itsasoa ekiaren logalearen parekoa zen, barea bezain jabala, noiz amets gorrixkak erakutsiz, noiz loaren doinu hitsak adieraziz.
Txikia aho zabalka zegoen. Jakin gosez beterik eta bere behatz erakusleaz edertasuna igarri nahi bezala, Olatxok urrutiko doinu koloretsuak ukitu nahi zituen, -“AAA”- bere urte eta erdiko hizkuntza berezia baliatuz eta sentitzen zuen harridura nolabait adierazi nahiez.

Itsasertzera pasaietara hurbiltzen ginen aldiro, begiradaz, itsas uhinak hausten itzatzen* zituen, nondik zetozen galdetu nahi bezala, itsasoaren jabalaldiaren oreka hausten zuen higidura hosdun hura bitxia irudi baitzitzaion. Nik, aldiro, urrundik zetozela hondarrean hiltzeko esateko gogoa neukan baina ulertzeko ttikiegi zen.

Laster eta gozoki lokartzeko lehen keinuak agertzen zitzaizkiolarik, sakelatik ur ontzi magikoa atera nuen. Petaka eskutan hartu nuenean, hurrupa bat botatzeko gogo eroa sartu zitzaidan baina edateko beharrik ote neukan oraintxe, nire biloba maitearekin itsas bazterrean bainengoen, ezin urosago?
Tinko begiratzen hasi nintzaion. Nere aurpegi-aire handia zeukala behin baino gehiagotan esaten zidatelako, bere keinuei maiz lotzen nintzaien, gure bien arteko antza lagerkidan*, batez ere begiradan geneukana, ene haur denboretako argazkietan agertzen zitzaidan bera. Ni harro.
Gutiziaz jana, urontziaren tapoitxoa ireki nuen eta ezkutuan eta jakin gosez beteta, lehen ur hurrupa magikoa irentsi nuen. Lehen eragina noiz jasoko nuenez ez nekien batere, ezta jasoko nuenik ere. Erotu nintzen. Zertarako oraintxe halako ergelkeria egin behar?  Atzera aldeko bidaiarik egiteko gertu ez bainintzen eta horretarako une berezia ez baitzen.

Han urrunean, itsaso zabalean eta itsas uhain hauskorren artean, izurde tropa baten antzera, konbinazio beltzez jantziriko surflari andana bat uretan zebilen. Hondartzatik hurbilago hausten ziren olatuak zeharkatzeko gertu, beste batzuk euren besoen indarrez itsas zabalerantz urruntzen saiatzen ari ziren.

*itzatu:iltzatu, tinkatu
*lagerkidan:agertzen zitzaidan

Bi itsas uhinen lerroen artean, misterioz beteriko igerilari bat zegoen, bide erdian, bakar- bakarrik. Hurbileko lerro deseginaren eta urrutiko surfari ikasien artean zigerien*, inorekin  ezer ikustekorik nahi ez balu bezala. Helburua itsas-muga zeukala berehala sumatu nion.
Esku keinuka agurtzen ari zitzaigula zirudien eta besoa berriro goratu zuen momentu zehatz horretan Olatxo sehaskatxoan lokartu zen.

Nor ote zen igerilari bitxi hori? Nahiz eta ezezaguna izan, ez zuen arrotza ematen, agurka ari baitzitzaigun. Ibilbidean beste inor ez baitzebilen.
Aita Izkok esandako guztiak gogora etorri zitzaizkidan, batez ere alderantziz egin behar nuen bidaiarena, baita ere nire ama eta arrebak ezagutzeko aipatu nion azken borondatea.  Jakin gosez beteriko hurrupa behin edanda, iraganaren bila igerika ote zegoen surflari arraro hura?
Eguzkiaren kolore gorrixkak histen ari ziren bitartean, jaso nuen deiak  nire patua bere eskutan ezarri behar nuela ziokeen.
Mirari tximisgarriaren modura, nire amaren aurpegi argitsua zeru haren erdian agertu zitzaidan eta ur aztiarekin izan nituen gogoeta guztiak gogora etorri zitzaizkidan. Ulerkorra bihurtuta, igerilari haren esku keinu deigarri hark fraidearen esanei ikusbide berri bat ireki ziela zirudien eta iraganerantz joateko aukera gauzatzen ari zitzaidala ohartu nintzen.

Nere muinak itzulipurdika hasi ziren, ea hau guztia edan nuen lehen irenste-aldi gorde horren ondorioa ote zen? Zalantzarik ez neukan, fraideak ongi ulertu zuen nire nahiaren esanahia, hau da, amaren bila igo nahi nuela eta argi zegoen ordezkari bat igortzen zidala, bi olatuen lerroen artean erdi galdurik zegoen surflaria. Bitxi egin zitzaidan ikustea igerilaria gibelerantz joateko, bide okerra hartzen ari zela, zerumugarena ez baitzen atzera-aldera joateko zuzena, haren bide bakarra ibaietan eta erreketan zegoelako.

Bitxiki so egiten ari nintzaion. Itsaso zabala ene urruneko aurrealdean zedaen*, iturritik eta errekatik behera jaisten ziren ibai eta erreketatik

*zigerien: igerikan ari zen

*zedaen: hedatzen zen

urrundu nahi bezala, ur gezitik ur gazira zeraman ortzi-muga zuzenerantz abiatu nahiez.

Gorriz tindaturiko zeruertz gorri hura zabaltasun hutsean galtzen zen, argi-muga helburu, baina  inolaz ez atzera joateko bidea erakutsirik. Ez nuen ulertzen. Amaren aurpegia oraindik lainoen artean zagerien, gero eta txikiagoa, guri deika,  ezkutaketa joko batean balego modura, esker eskuineko lerro argitsu hartan desagertu nahiez baina ezin.

Hark igerilariari garbi adierazten zion zerumugatik landa zuzen jarrai zezan eta ilogiko izan arren, agindu horrek garbi zioen hutserantz segi behar zuela.  Nik ere huts izugarri bat sentitu nuen nire baitan.

Eskuak sakelan sarturik, bat- batean eta norbaitek ebatsi balit modura, urontzi magikoa eskas neukala ohartu nintzen, Nola zitekeen halako misterioa? Oraintxe hurrupatu bainuen eta patrikan sartu. Hala ere desagertu zitzaidan.
Ispilu gorrixka haren erdian, beltzez jantziriko surflaria aurrera zarraien*, bizkar gaineko igerian, geroa ez ikusi nahi bezalako aitzinerako abian. Badia babestutik urrunduta eta bere erroak abandonatzeko ikara biziak gordeta, itsaso mugituetan sartu zen, itsu  erako bizkar igeri hark aurrerakako bidetik libratzen balu bezala.

Bere jatorria bistatik galdu nahi ez zuelarik, gibelean utzi zuen kostaldeari so egiten zion, itsasoa zen balizko bihotzetik, gorakako biderantz zihoazen zain urtsuak miatuz, ibaiak, errekak, baita ere iturriak eta urbegiak ziren zaintxo arinak, bere sortzearen habiara zeramaten guztiak. Bizkar igeriketa hark funtsa ez zuela galdu nahi zerakutsan*!

Bizkar gaineko atzera aldeko hura benetako aurrealdekoa nuen, aita Izkok esandakoz beteta, bigarren bizia ezagutzera eramaten ninduena, nire ama eta arrebak aurkitzekoa, hain hurbil eta hain urrun neukana, eta Olatxotik hain urruti jadanik zegoena.

Ni bera nintzen antzera, surflaria “neu” bilakatu egin zen. “ Ni”eta “Neu” ortzi-mugaren lerroaren azpian jadanik ezkutatu zen ama

*zarraien: jarraitzen zuen
* zerakutsan: erakusten zuen

gorrixkaren bila geunden. “Ni”, Olatekin, ibilbidetik etxerantz zigoen* ibilaldian, “ Neu”, bizkar igeriketak zerakuskion patutik aurrera.

Indar etsai batek oztopo egin nahi zidala ohartu nintzen, arerio batek nire aurka igorri zuen korronte izugarria, aitzineko leku misteriotsua hura babestu nahi balu modura, galderez hantutako igerilaririk
hurbil ez zekion. Ipar-haizea aitzinera joateko debeku bat bezala altxatzen ari zitzaidan. Nere etorkizun arrotzaren geldi arazleak bihurturik, Enbata eta ur biziak parez pare nituen. Amaren aterpe gordearen aingeru armatuak ziruditen, Edenaren atean zeuden ezpatadun zaindari izugarrien antzekoak.

Begiak ur gaziz hantuta ene bizkarreko igerialdian, zeruari begira aurrera nindoan, ortzi-muga ezin ikusiz. Aurrean neukan patua aurrez aurre ikusi nahiez, oraindik orkatilari lotuta neukan surf oholaren gainean igo nintzen, sabelaren gainean etzan, eta besoen indarrez aitzinera jo nuen.  “Ni” eta Olatxo bistatik galdu nituen.

Zenbat denbora igerikan ibili nintzen ez dakit batere bainan hain luze iduritu zitzaidan une haren buruan, ezkerrean zegoen harrizko kai- mutur babesle bat ikusi nuen. Kostaldean, harkaitzen aurka jotzen zuten itsas uhinak errebotean ari ziren, arroketan ozenki jo ondoren, hagunez beterik berriro itsasoratu nahiez, izugarriko desoreka sortaraziz. Aparrez beteriko higidura nire aurka zaltxan*, itsas barneko korronteari laguntza bat ematen balio bezala. Hondartza xume batera zeraman pasabide mugitu bezain arriskutsu horretan, uhain gotorrak zurrunbilotzen  ziren, joan-etorri arriskutsuak sortuz. Norbaiten babesa segurtatzen ari zirela gogoan hartu nuen.

Bi itsaslasterren arteko hondartzarantz jo behar nuen! Arraunlariek olatu ona hartzen duten erara, sekulako hartan lerratzera lortu nuen eta ia indarrik egin gabe, hondarreraino garraiatu ninduen. Belaunak arraspatuta, uretatik ihes egin nuen, orkatilako korapiloa laxatuz.

* zigoen: igotzen zen
*zaltxan: altxatzen zen

Basa-hondartza zirudien, ur harriez estalita. Arroketatik salbu, egun berriaren eguzkipean etzan nintzen, izpi beroek ene gorputz zipatua fereka zezaten. Emeki- emeki logale salbatzaileak eraman  ninduen eta denboraren nozioa galdu nuen.

 “Bi bizi baditugu, eta bigarrena, lehenbiziko bizi bat dugula ohartzen garenean hasten da”.
Aita Izkoren hitzak gogora heldu zitzaizkidan eta haien dilindan, arrotz ez zitzaidan sor ezkila baten deia ozenki entzun nuen.

Bitartean, Donibanen, jadanik etxean, Olatekin batean lokartu nintzen.

                                      Bigarren hurrupa 

“Ni”, besaulki luzean lo, bero-bero eta  “Neu”, hondartza hotzean, etzanik, ametsetan geunden. Biok bat eginda, iraganaren bila genbiltzan, bat burusi gozo baten azpian gogoetetan murgilduta, bestea ur- harri bustien gainean atsedenaren bila lokartuta.

Neure benetako ametsetan, hondarrean, itsas uhinak hausten ziren leku hurbileko oihartzun handiko apur-tokian, are-bihi garraiatuei hauteman egiten nien. Pikor ñarro erotu horien etengabeko mugimenduari arreta hartu nion, nola, itsasaldera erretiratu baino, itsas uhainak bortizki erakartzen zituen gune heze abandonatuan uzteko, beste olatu garraiolari bat hautsi arte eta baztertu arte, berriro bestea heldu arte eta galdu arte. Eta halaxe,  berriz eta berriro! Bihi gaizoak. Ustez eta hondartza bustian tinkatuta egon betiko, olatu berriaren kantidurak berriz hartzen zituen, jaso, altxa eta eraman, etengabeko higidura zoroan berriro murgiltzeko.

Hala dirau, zarrast eta brau, hiru eta lau, zer eromena hau!
Eskerrik itsasbeherak hondarrean itzatuko nau. 
Eta garunetako lainoetan gogora kanta bi edo lau.

                                                             Eromen nekez

Bortxaka uhainak narraz eramaten nau,
gogoaren aurka laster, zarrast ta brau,     
hondartza bustian kurritzen egun eta gau
Are bihiaren patuak hala dirau.

Mugiturik uhainetan arinki badoa,
olatuz olatu dabilki. Zer  bizi eroa!
Nahiago lokartu. Enea bizi erosoa!
Higimenari aski! Joan etorriari orroa!

Argiak demakit asma gogoa, Riau Riau!
Sortzeko behar dudan gogoa ta argira nerau
haziaren begitik sor izpiak hozitu nau, 
gauari esker, eguzkiak eskainiz gutizi hau.

Itsas ertz horretan ez dut betiko bizi nahi,
Geldigaitzezko joan etorriari, benetan blai,
nahiago egon ur apal eta atsedenaren zain 
ilunaren ondotik iratzar nadin alai.                             

Pausa  gabe, ez da deus lortzen, inolaz ez   
Uretan itorik, are bihiak ez baitu errez,
higituta, eroturik, itsasoak geldigaitzez,
daramakio betiereko eromen nekez.

  • Entzuteko soubeletxabier.com / kantu egile

Erabat atzarri nintzenean, itsasoaren zabaltasunari so egin nion eta nekez josia, ur magikoaren lehen irenste-aldi hark eman zidan indarra agortzen ari zitzaidala ohartu nintzen. Sei hurrupa baizik ez zitzaizkidan gelditzen. Hauxe zitekeen aita Izkok aipaturiko bigarren bizia, ulermenarena.
Lehena agortuta zegoen. Donibaneko hura, enea, alaben eta bilobarena, baita ere lotsarena eta isilmenarena.
Orain ustekabeko denboraren atzerakako abiaduran nenbilen, batere indar berezirik egin gabe, aitona eta amonaren biziak topatzeko asmotan.
Familiaren istorioa ezagutu nezan eta nire haur eta gazte denboretako pairamenak uler nitzan, arbasoen gerla denboretako ihesari lotu behar niola banekien, atzerriaren baldintzak ezagutuz eta Lapurdin bizi izandako bizimodua aztertuz. Amaren heriotza  ulertu behar bainuen, baita ene hiru arreba ttikiarenak. Horiek ziren ene bidaiaren funtsezko arrazoiak.

Ur magikoak emandako indarrez, patua aldatu behar nuen bigarren zurruta bortxazkoa agertu zitzaidan. Lehenak itsasoa zeharkatzen lagundu ninduen baina orain, hondartzatik jalgita, hain ezaguna bezain arrotza zitzaidan herri berri horren atarian nengoen. Ordua zen. Ene plastikoko ur-jantzi beltzetik atera nuen edangailu magikotik bigarren hurrupa zintzurretik barna isuri zitzaidan.

Hogei bat minutuen buruan, mirakuluzko uraren eragina nire baitan sentitu nuen, benetako iraganera iritsi ote nintzenez jakin gabe.
Ohola besoetan helduta, hurbil zegoen ibilbideraino igo nahi izan nuen. Harrigarria! Begi aurrean Ziburuko herria zagerkidan, ene sorlekua, Donibanetik hain hurren eta hain urruti zegoena. Baina, ortzi-mugatik landa egindako bidai luzea behar ote zen Ziburura iristeko? Nahiz eta ulergaitza izan, zalantzarik gabe, hala zen.

Zokoa aldera zeraman kosta bide ederra autorik gabe zagerien, Bordagain mendixkan, baserriak eta soroak zedazen* eta badiari begira zeuden patarretan aberatsen etxe gotorrik oraindik ez zegoen. Gain-gainean, Bordagaineko dorrea, Ziburuko eremu garaietan eraikia, eder bezain bitxia, alde batetan pareta zaharreko militar jauregi baten hondarrak zituena eta bestean, bertako fededunek 16. mendean eraikitako eliza. Oro zut-zuta.
Zibururat iristeak argi eta arbi erakusten zidan eginiko ur bidai luzea denbora alderantziz betetzeko egina zegoela, batere ez distantzia kurritzekoa.  Hondartzan zutitu egin nintzenean, gora aldera zihoan “Citroen traction 15” beltz batek arreta deitu zidan, baita ere malda beheiti zebilen, kamioi militar bat.
Urrundik, Muskoako ama birjina zeikien* tokitik oihu ozen batzuk entzun nituen. Beste nehor ez baitzen, niri bidaliak zeudela segur nengoen. Laster bi militar armatu hurbiltzen ari zitzaizkidan, armak niri begiztatuta. Zer egin? Nere ohol luzea eskutan eta konbinazio beltzez jantzita, estralurtar bitxi bat nirudien*.
Oihuek jarraitzen zuten, gero eta ozenago. Ur hegira hurbildurik,  handik lekutzea erabaki nuen eta beste urrats bat egin orduko, buila bizien artean, metraileta tiro batzuek ene ohola mila zatitan hautsi zuten. Buru murgiltze laster batez, uretan sartu nintzen eta itsas uhinen babespean handik apur bat urruntzea lortu nuen. Bi alemanek tiroka zirauten*. Zer nekien okupazio garaietan kostaratu nintzenik ere?  

*zedazen : hedatzen ziren
*zeikien: jeikitzen zen 
* nirudien iduri nuen
   
*zirauten.irauten zuten

Urrundik zetorren etorkin galdu baten antzeko, gordeka nenbilen, euren zakur errabiatuetatik ezkutatu nahiez. Itsasargiaren azpiko arroketan kukuturik, parez pare neukan Ziburuko herria nekuskeen.
Holandar estiloko etxe handienetik piano baten soinua heldu zitzaidan, eta leitmotiv baten pare  errepikatzen zen doinu hura belarrian zizelkatu zitzaidan. Soldaduak hantxe zarraiten* nire bila.
Ahal bezain zaluki portuko bidea harturik, kaiaren azpiko parte ilunean leizeratu nintzen. Handik, zubi azpitik igarotzea erraz izan nuen eta ur gezia ene ahoan sentiturik, Urdazubi ibaiaren gainean zegoen txalupa kotor batera igo nintzen. Hari lotua, battelatxo bat dilindan zegoen. Barkutxoak kabina txiki bat zeukan eta gordetzeko leku aproposa iruditu zitzaidan, baita ere ezkutatzekoa eta pausatzekoa. Kabinaren ateari ostiko bat emanda, ixtekoa hautsi nuen eta hark, bi lo-leku luze arrunta bazituela ikusiz, irritxoa itzularazi zitzaidan. Babeslekuaren toki gehiena hartzen zuen mahaitxo baten gainean, galtza pare urdin ilun zahar bat zegoen, lanerako utzita, baita ere xira hori bat, arrantzaleek janzten ohi duten horietakoa. Nere konbinazioz erantzirik, arropa salbagarriak jantzi nituen. Hantxe etzan nintzen. Oihurik ez nuen entzuten jada eta militarrek miaketa zorrotzari etena eman ziotela pentsatu nuen. Biharamun goiz arte hantxe egon nintzen.

Ama 1958.an hil zen. Zer egiten nuen nik Ziburun hamahiru urte lehenago, oraino hemeretzi urteko neska gazte bat zelarik? Nola sinetsi magiaren akatsa izan zitekeenik? Ni urte hartan Zibururat erakartzeko arrazoi berezi bat zegokeela susmatu egin  nuen. Igartzekoa!

* zirauten : irauten zuten

 *zarraiten:jarraitzen zuten

                                            1936-1953

Bederatzi urte jadanik, reketeek Tolosatik bota egin zituztenetik. Egun hartan, San Francisco kaletik Izaskun mendia amanita muskaria gorriz beteta zagerien eta etengabeko tiroak entzuten ziren, menditik iritsitako nafar rekete tradizionalistek, euren orden berriko Espainia Gipuzkoaratu nahi baitzuten. “Antes roja que rota”, zioten tiratzaile amorratu haiek.
Nafar espainol amorratu haiek, besteen artean ere, aitona Periko begi miran zeukaten, 1913 eta  1917an EAJ-ko diputatua izan zela bazekitelako, emaztea nafarra izateagatik lehenik eta haren senideen artean frankista hutsak bazirelako ere. Txapel gorri madarikatu haiek malda hura jaitsi baino lehen, herritik ihes egin behar zuen lehenbailehen, zigor paretako lehen lerroan aspalditik egon zitekeelako. Soravillako Azelainera iritsi zirenean, osaba Juan Larretak besarkada bat emanda, Getariaraino eraman zituen, handik “Frantzia”ra ihes egin zezaten.

Aste baten buruan, Hendaiako portura iristerakoan, familia guztiak ez zekien batere belaunaldi luzeetarako bizi berrian murgiltzen ari zirela eta Tolosara ez zirela sekulan itzuliko.
San Francisco kale hartan zegoen  “Azelain txiki” etxetik atera zirenean, hilabete bateko afera izan zitekeela pentsatu zuten, gerla bertan bera ito ondotik, gobernu legalak berriz ere gaina hartuko zuela eta dena ildo txukunera itzuliko zela. Nere aitonaren ama, Victoria, Larreta, Juanen arreba zen, denak Soravillatarrak, Azelain etxaldekoak.
Frankistak, reketeek eta falangistek ongi bazekiten nola jokatu nazionalista madarikatu horiek bide zuzenean jartzeko eta armak hartzea deliberatu zutenean helburu tinko bat bazeukaten, euskal herrialdeak euskal zirin ideologiaz garbitzea eta Espainia  apostolikoaren izenean dena purifikatzea. Euren euskaltasunaren aurkako gorrotoa izugarria zen, baita ere ezkertiarren  kontrakoa, batez ere elizaren kaltetan jotzen zuten komunista eta anarkisten aurkakoa.

Aurretik ikusitakoa orain nabarmena zagerien. Espainian gertatu izan ziren elizen sute probokatuak jasangaitzak izan zituzten baita ere gobernu errepublikarraren dekretu laikoak. Gainera, Hitlerrek eta Musolinik eraikitako orden zibila eredutzat zeukaten.  

Zazpi urteetako neskatxa hark ez zuen ulertu ihesaldi horren arrazoia, are gutxiago Tolosa utzirik, Ziburun haztea, hantxe ezkontzea eta Lapurdin seme alabak izatea. Beno, eurentzat, Lapurdi baino gehiago hura Frantzia zen, libertatearen herria, ihesaldiaren ondorio segurua eta Euskal herria izen bat baizik ez zen, erabat geografikoa, Francoregandik libratu zituen erbestearen lur preziatua.

Lur berrian ezagutu zuten euskaltasuna erabat baserritarra eta arrantzalea zen, inolaz ez hegoaldeko hirietako burgesi aberats fededunaren antzekoa. Gipuzkoa eta Bizkaiatik etorritako jende gehiena EAJ-koa zen, batzuk nahiko aberatsak, ontasunez hornituta, besteak kostaldeko arrantzaleak edo lur barneko nekazariak, hori bai, denak fededunak. Jendeen arteko muga handiena dirua zen beraz, alde batetik Ziburuko jende xehea, arrantzale eta langilea, eta bestetik bertako burgesia, batez ere Donibane Lohizunekoa eta eurekin batean bizi nahiko erosoa zeramaketen etorri-berriak. Halere, ez denak.

Aitona-amonak gazterik hil ziren, biak bihotzekoak jota, amona 43 urteetan, eta aitatxi 54etan, biak gerla mundialaren aro madarikatu bete-bete hartan.
Suerte txarrez eta nahigabean, gerla batetik beste bietan sartu ziren, batto alemanen aurkako mundu osokoaren larritasunean, bestea, epe motzean familiak jaso zuen hondamenean.

Errefuxiatu zirenetik bi izeba baizik ez ziren bizi, Julitxo eta Rosarito, Amatxi eta Txitxi deitzen nituenak, baita ere nire ama, Maite eta bere ahizpa Mirentxu. Ez luzarako.

Gerra nagusia bukatu ondoren, ama, Gurutze gorriko erizain lanean sartu zen eta gehienetan, medikuaren ordez, etxez etxe zebilen, batez ere ziztadakoak ematen.
                 Ama, goiko lerroan ezkerreko lehena

Denek asko maite zuten, batez ere atsegina, preziatua eta andre ederra zelako. Nire aitari ez zitzaion hori eskapatu eta ikusi zuen lehen alditik, neska hori gustatu zitzaion.

Aita ziburutarra zen, jatorriz itsasuarra, eta aitatxik sorterria utzi zuenean, Ziburun negozio bat jartzeko asmotan kostaldera etorri zen. Iturriaren karrikan, “Denez bat” izeneko etxean zabaldu zuen ardotegiak arrakasta handia fite hartu zuen. Etxe horren lehen estaian bizi ziren eta nahiz eta etxeko lanetan laguntzeko neskame bat ukan, amatxik, edo mamik, aski lana bazuen sei semeak hazteko.
Aitatxik Xaia erosi zuenean, ardoak, limonadak eta ur gasadunak saltzen  zituen, alde batetik OKER izeneko ardo arrunta eta Zumel izena zeukaten sifoi urdinetan saltzen zuen ur-indartsua. Urte batzuen buruan Cuende familiari entrepresa saldu zion, arrain kontserbategi  bat jartzeko. Orduan hamahiru kontserbategi zeuden Ziburun, portua itsasontziz beteta baitzegoen eta mila eta bostehun bat arrantzalek, herri langile bezain aberatsa osatzen zuten.

Amaren ahizpa zen izeba Mirentxuk gizongai bilbotarra zeukan, Jose Maria Zaldun, estatuko abokatua izango zena. Horren aparte, margolaria zen, akuarelari trebea, maiz Ziburuko inguruak eta portuko barkuak margotzen zituena. Mirentxu ezkondu zenean Bilbora bizitzera joan zen eta bere familia guztia hantxe hazi zuen.

Berrogei eta hamabost urte zituelarik, aitaren aldeko aitatxi hil zen, zerri- hiltze baten ondotik egindako ase eta zalapartaren ondoren omen. René, seme zaharrenak arrain lantegiko zuzendaritza hartu zuen eta nahiko trakeski kudeatzeagatik, administrazio kontseiluko lehendakaria zen bere amak, Mamik, nire aita zuzendari izendatu zuen, bigarren gerla mundiala atean joka zegoelarik.
Fite, SSek preso harturik Bobby Alemaniara eraman zuten STO laneko zerbitzuetan izerditan aritzeko. Nahiz eta bi aldiz ihesaldietan parte hartzeagatik, hiltzera kondenatua izan, maiatzeko 8ko armistizioak libratu egin zuen eta 1945ean Ziburura itzuli zen.

Bost urte geroago, lantegiak 350 langile izan zituen eta haren ardura edukitzeagatik, aitak nahiko ospe hartu zuen herrian. Haren ezkontza ez zen oharkabekoa gertatu. Amaren familia ere nahiko aberatsa zen, aitatxi Tolosan abokatua eta diputatua izana, amatxi Iruñeko familia ezagun batekoa.

Orduko ohiturak manatzen zuen bezala, jendeen arteko topalekua eliza zen, igande goizeko meza eta haren ondoko elkar hizketak bazter- ezinak ziren. Patuak edo sozial ohiturek halaxe idatzia zeukatelako, aita-amek hantxe elkar ezagutu zuten. Bakoitzaren bizimodua besteari interesatuko balitzaio bezala, burges familia guztiak elkar ohiko solasetan aritzen ziren, eliza-atearen aitzinean, nor jakintsuago, nor dotoreago. Frantses eta espainol senideen arteko gorabeherak solasgai zeuzkaten, Askibarrentzat Zumeldarrak frantsesak baitziren, Zumel familiak Askibartarrak espainoltzat hartzen zituen erara. Ohi bezala, euskotarrak hegoaldekoek ziruditen.
Elizako solasak, portukoak, haurren eskolakoak zituzten mintzagai, beti frantsesez, orduko dotorekeriak manatzen zuen bezala. Elkar ongi ulertzeko mintzaira bakarra zuten euskara baztertua zeukaten.
Hegoaldeko hiritarren artean erdaraz aritzea ohikoa zen, are gehiago tolosarren artean. Nire familian, amona iruindarrak euskara ez zekielako, etxean erdaraz egiten zuten, eta nahiz eta bihotza biziki euskotarra izan, orduko abertzaletasuna ez zen, orain bezala, euskaratik pasatzen.

1952an, gurasoak behin ezkonduta, etxean lehenbiziko eztabaida isilak politika arlokoak izan ziren, Maite EAJ-ko euskaldun amorratua baitzen, inolaz ez espainola, aita aldiz, Lapurdiko benetako kostaldeko euskal-frantsesa. Gainera, gerla eta alemanen inbasio hilgarri haren ondotik, oilarraren aldeko patriotismoa erabat gehitu zen.

Aitamen arteko elkar hizketak gehienetan hitzik gabekoak ziren, aita beti isil-isilik baitzegoen, eta euren arteko amodioa “politessez” eta “galanteriez” egina zegoen, amaren bizi eta pentsamoldearen errespetuan eraikia, dena “Mersiz” eta “silbuplez” osatuta. 
Bere baitan, orduko maitasunak horixe zekarren ere, manera batez burua makurtzea eta mutu bihurtzea. Andregaiaren bihotza xarmatzeko sinesgaitzeko gauzak egin zitezkeen, hala nola, aita euskal frantses amorratua, Enbata mugimendu politikoko lehen bilkuretan parte hartzea, baita ere astekari abertzaleko orrietan, Ziburuko bere kontserbategiaren publizitatea argitaraztea.
Halere, familian gertatu zen gauza garrantzitsuarena, ama haurdun egotea izan zen.

                            ETS JP SOUBELET   ( ZUMEL)

                                                  Odol taldeak

Gurasoak, odol talde desberdinetakoak ziren eta amarena ezezkoak
 (O-) bateraezintasun anitz sortzen zituen, batez ere nire aitaren baiezkoarekin (O+). Hura ez zen arrazagatiko eztabaida filosofikoa ezta ere Sabino de Aranaren euskal puruen teoria, baizik eta osasun tankerakoa, bi odol mota horietako jendeek ezin zutelako elkarrekin haurrik ukan. Ama ezezko talde batekoa izanda, lehen umea arazorik gabe jaiotzen zen, gehienetan amaren odol taldea jalgitzen zitzaiolako, beste haurride guzien bizi berria aldiz, heriotzara edo herbaltasunera zigortuta zegoen.

1953ko maiatzaren hogeian sortu nintzen, batere oztoporik gabe. Amari, bigarren umearekin kontuz ibiltzeko esan arren, espantxetan* amildu zen eta zoritxarrez, Miren Maite, 1956an izan zuen alaba hil zitzaion, nik hiru urte nituelarik.
Ama batek haur bat galtzea gerta litekeen gertaera larriena omen da, bere baitako zerbait ezeztatzen eta eman duen bizia husten zaiolako.
Amari inoiz gehiago haurdun ez egotea aholkatu zioten, haurraren heriotzaz gain, berak ere bizia arriskuan ezar zezakeelako. Baina, iritzi guztien gainetik, urte eta erdi baten buruan, berriz ere haurdun gelditu zen.  Nor hobendun? Amaren balizko axolagabekeria edo aitaren berekoikeri ikaragarria edo xinpleki bien sexu gosea? Orduan, andreen eginbeharra haurrak ukatea zen, etorkizunaren arrazoi bakarra. Elizak manatzen zuen bezala, Jainkoaren nahiak bete behar baitziren eta giristino giroan familia jori bat eraikitzea zen legezkoa.

Hala ere, debeku guztien gainetik, ama berriz ere haurdun gertatu zen eta ustekabean, balizko drama bati bigarren osoa erantsi zitzaion, bere baitan bikiak baitzituen. Berria luzatu ziotenean ikara izugarria sortu zitzaion. Medikuak hilaur- araztea aholkatu zion, arriskutsuegi zuelako umeak edukitzea, are gehiago bikiak erditzea.
Bekatu mortala izan balitz bezala, Miarritzen zegoen hilaurtzaile* batengana hurbiltzeko kontseiluari uko egin zion, hobe zelako hiltzea

* espantxetan(ip): haurdun, esperantzetan
*hilaurtzailea: abortatzailea

Jainkoaren erranen aurka altxatzea baino. Eta bere sabela hantzen ari zen, dena lehertu arte.1958ko urrian, zortzi hilabeteko ernaldian zegoenean eta hilaur-arazteko ideia aspalditik bazterturik, erditzea baino beste irtenbiderik ez zeukan.
Azaroaren batean, Maite eta Miren Maite izeneko bikiak sortu zitzaizkion. Egia aitortzeko, hastapenetik euren itxura ez zen batere ona eta daldara hotzetan zirauten*. Hiru egunen buruan kolore txuriko izakitxo mehar gaixoak zendu ziren, biak, eta negar egiteko denborarik gabe, “ikterizia” larri batek hartuta, ama ere joan zen.
Aita isilik. Halere, heriotza horien arrazoi zuzena, berak soilik zeukan, ongi bazekielako noiz eta nola ama haurdundu egin zen. Amari igarri zioten arriskua bost axola zitzaiola zirudien eta bere behar fisikoek gaina hartu zuten. Fededun hutsa zen amak Jainkoaren eskutan haurren bizia utzi zuen eta sekulan irakurri ez dudan gutun batean, adierazpen guztiak idatzi omen zizkidan.
Medikuak ezik, nehork ez zuen igarri ama hil zitekeela ere. Bere sekretua berarekin eraman zuen, inork ere ez zuen inoiz jakin heriotza haren funtsezko arrazoia, nahiz eta, bere ahizpa Mirentxuk, zahartzerakoan idatzitako kofesio batean eta bere ahizpaz mintzaturik, haurren atxikipena fedearen aldeko itsukeriaren kontutan ezarri.

Bost urteko haurra nintzenari ez zidaten sekulan esan drama hori gertatu zenik ere, ama bidai batera joan zela baizik. Bitxi bada bitxi, inor bizirik ez nuen inoiz ikusi, ez larritasun horretatik itzulitako amarik, ezta aingeruek eraman omen zituzten arrebarik ere. Nola konturatu behar ote nintzen amaren sabelaren barneko haurrak desagertu egin zirela, hain ttikia nintzen eta dena hain abstraktua zitzaidan. Hala ere, behin baino gehiagotan eta nik ez entzuteko moduan, euren artean nire patu tristea aipatzen zutela nabaritzen nuen eta begi belarri egonda, jakin nahi ez nuena igarri nuen.

Bere bizi guzian aitak ez zidan sekulan aipatu ama heriotzak eraman zuenik ere, ezta ere hiru arreba ukan nituenik, ezer ez, beti mutu.
Alabaina, senar eta aita batentzat, emaztea eta haurrak modu horretan hiltzea ez zen txantxetako afera eta aitaren barneko sentimenduak 

*Zirauten: irauten zuten

betiko zapuztu zirela sinetsi nahi dut, agian mutu bilakatu arte.
Posible liteke ere, nik jaso nuen blokapen izugarri baten pareko dramak bere muinak ere betiko gain-erasotzea. Ez dut uste, bi urte lehenago, Miren Maite lehenbiziko haurraren herioa gertatu zenean,  jadanik muturik zegoelako, ama bizi-birik egonda.
Ez! Aita berez hala zen.

Halaxe hazi izan ninduten, aitaren isilpean eta egia aitortu behar banu, 74 urteetan nire aitzinean hil zenean ez nuen batere penarik sentitu, ezta ere negar malkorik bota, bizia usteldu egin zidan hark merezi zuena jaso zuelako, eraileak hil kondenaz zigortzen baitzituzten oraino orduan. Aitormen gogorra bezain atsedengarria.
Nire bizian ez nion inoiz aitzakiarik bilatu eta gorrotoak bultzaturik, eta mendeku gogoak eramanik, aita erailetzat hartzea errazago izan nuen.

Senideen artean, amaren heriotza sekretu isil bat bezala izan zen eta inork, ez aitak, ezta Julitxo izebak ere, ez zidan, sekulan galtze izugarri hori sekulan aipatu, batez ere haurra eta nerabe nintzenean. Isileko hutsa izan zen.

Dena den, amaren heriotzaren biharamunetik aurrera, nire aitatxiren arreba zen izeba Julitxo bere eginbeharretan sartu zen. Ni bere bataioko besoetakoa izateagatik, nire amaren lekua hartu zuen, geroztik jaso nuen begirada tristea nolabait alaitu nahiez.

Lau urte halaxe iragan ziren, Teresa sehia, aita eta hirurok Donibanen bizitzen, Julitxo eta bere ahizpa Rosarito aldiz, Ziburuko betiko etxe zaharrean. Julitxo egunero zetorkidan bere ordezkoak betetzera eta, nahiz eta ezer esan, bere begirada zorrotzez, aitaren bizia iroi isilez usteltzera.

Biziak eguneroko bide lasaia hartu zuen eta dena beharrezko ildotik zihoan, aitak berriro ezkontzeko xedea zeukala proklamatu arte.

-Nola??? Eta ama??? Eta haurra???- zioten. Amatxi Julitxok ez zion traizio ustel hori inoiz barkatu, batez ere andregai berria haurdun zegoela jakin zuenean. Ezinezkoa! -Eta Maite?- Eta orain bortxaz ezkondu beharra! Orain arte zeramazkien iroi isilak laidoak bilakatu zitzaizkion eta bere begirada gozoa betiko zorroztu zitzaion, baita ere nire aitaren aldeko gorrotoa. Akabo errespetua! Fini formen atxikitzea! Judas bat baizik ez zen.

Ni babes nazan, amatxiren bihotza nire aldekoa bihurtu zen eta ene aitzinean baizik ez zuen irririk egiten. Aita gehiago ez ikustea erabaki zuen eta hortik aurrera niri zegozkidan * gauzaz mintzatzeko, gutunez egingo liokeela deliberatu zuen.

Eta halaxe iraun zuen biziak, alde batetik aita, beti laneko pentsamenduetan  murgilduta, mutu, bestetik amatxi Julitxo isiltasun berrian sartuta eta erdian, ni, isilkor, aita eta amaordearen desinteresaren aitzinean, txiro.

Nahiz eta isildu, ezkontza berri horrek aita beste bizimodu batean sartu zuen, agian amarekin ezkondu baino lehenagoko berdintsuan, frantses bizi hutsean. Bikote berriak ez zekien neure aldeko amodio eskaseko bizi hura betiko gorrotatzen hasiko nintzela, ez bakarrik sufrimenduz betetako hura soilik nazkatzera, baizik eta bere inguruan zeuden gora-behera guztiei hozka hartzera. Haiekin nengoen bitartean ene begirada ilundu egin zitzaidan, are gehiago, amaordearen salapen ohien ondotik, aitari eskua arintzen hasi zitzaionean. Betiko beldurra hartu nion eta nire eguneroko biziko egiak aitortu beharrean, gezurtia bihurtu nintzen.

Gezurtia izatea ez zen berezkoa, defentsa amorratua baizik. Ene kasuan, aitari egiak ez aitortzea, ausardi faltako eguneroko gora-behera izan zen. Errespetua semeen arteko arau bakarra izan balitz bezala, etxean, edozein gauzetarako beldurrez nengoen.
Gazteegi nintzen eskolan neukan portaera nahasien zergatiez ohartzeko. Nota txarrak ateratzeagatik eta eskolan nerakutsan * jazargoarengatik, arduradun sotanadunek gogorki zigortzen ninduten, maiz, beti, ene portaera bihurria, amodio eskasean ondorioa baizik ez zela ohartu gabe. Larderia zuten lege!
Hainbeste urte behar izan ditut nik ere egoera horren mamiaz konturatzeko. Behin irakasle bihurtuta eta adin heldura iritsita, ni bezalako haur zirtzilen portaeraren arrazoiak ulertzen hasi nintzen, larderia konponbide bakartzat ukaturik.
Aita ene orduko bizibideaz trufatzen zen, berarentzat irakasle izatea ez zelako legezkoa, are guttiago letrazko filologiarena. 

*Zegozkidan:egokitzen zitzaizkidan
* nerakutsan: erakusten nuen

Behin, bere mutu egotetik alde eginda eta hamalau bat urte nituelarik, etorkizunean zer egin nahi ote nuen galdegin zidan. Nire erantzunari irribarre krudela erakutsi zion, irakasle izatea trufagarria baitzitzaion.
Zer nazka! Zer uste zuen bada, bere lantegian aritu beharko nintzela lanean edo? Neronek, hamasei urteetan edo, letrazko ikasketak jarrai nahi nituelarik, gestioa eta kontabilitatea erakusten zuten irakaskuntza adarrean sartu ninduen, gogoz kontra, bi urte oso galdurik.

Aita beti aurka neukan. Eta ni oro gorroto. Baita ere aitaren senideak.
Inoiz inor ez dut maite izan, ez osabak, ezta ere lehengusuak, are guttiago ene amaordea eta bere familia. Zer esan nire heziketaz arduratu ziren apezez, serorez eta irakasleez, denek gazteak hezteko zer ez zen egin behar erakutsi baitzidaten.
Orduan, garbi neukan, ulermena eta maitasuna dauden tokian, autoritatea, larderia, zorrozkeria eta barkamenik gabeko begitarte gaiztoa baztertu behar zirela. Denak gaitzesten nituen, baita ere frantses moduko ohiturak. Aitaren etxea, nire eskolako lagunak, Donibane Lohizuneko giroa, baita ere euren eguneroko elikadura eta janaria prestatzeko modua. Bakarrik nire amatxi Julitxorena eta nire izeba Mirentxuk udan prestatzen zutena neuzkan gogoko. Hegoaldeko euskal bizimodua neukan salbagailu, besteak itsas-uhin itogarri.

Aita beti lantegian sartuta zegoen, hamabi eta erditarako bazkaltzera etorri eta ohiko isiltasuna nagusi, biak laurden gutxiagotan lantegira zihoan. Etxean, boza goratzen zuen bakoitzean ni haserretzeko zen, hauxe gaizki egin nuelako edo beste hau ez zelako hala egin behar. Bozaldi askoren iturria ohiko salataria zen, amaorde zitala. Zer jakin behar zuen aitak, ni ongi edo txarki portatzen ote nintzenez, edo nire burua modu honetaz edo horretaz gobernatzen nuenik, bere gogoa lantegian baizik ez baitzuen sartua eta nire bizia bost axoletan baitzeukan.

Benetako beldurra nion eta horrek bazkaritan mutu egotea neraman, amaordearen sinplekeriak entzuten eta noizean behin aitaren oihuak jasaten, beraz gezurra legetzat hartu nuen.
Haien arteko bat zizelkaturik daukat oraino gogoan, hamabi urteetan bosgarren kurtsoan nengoelarik montatu nuen saltsa.
Behin, Dona Maria eskolako hileroko noten karneta eskuratu nuelarik, espero nituen nota txarrak agertu zitzaizkidan eta aitak kalamidade hura izenpetu beharrean zegoen. Etxean ezin nuen hori erakutsi, batez ere matematiketan jaso nuen huts borobila. Horrek garbi esan nahi baitzuen ez nuela emandako eginbeharra ikasi eta aitaren oihuak eta masailekoak jaso ez nitzan, zerbait bitxia bururatu zitzaidan. Borobil horren aparte, beste hainbeste nota txarrak zagerizen* ere, hogeien gaineko lau eta bost ugari, denak tutoreak, eskuz eta tinta urdinez karnetan idatzita.
Zero borobil hura faltsifikatu behar nuela bururatu zitzaidan! Antzeko koloreko Bic hura daldarez eskuratu nuenean, zeroaren aitzinean batto bat idatzi nuen. Asmaturiko hamarkada hura ezin makurrago atera zitzaidala oharturik, izugarrizko ikarak jan ninduen. Zer egin? Aurkitu nuen erremedio bakarra nota haren gainean tinta tatxa zikin bat egin nezan. Ai ama!!! Aita, etxea… Zer ahalkea! Bakar- bakarrik negarrez hasi nintzen, ikarak burua galtzea zekarkidala *eta. Saltsa hori nola konpondu ez nekien.
Alde batetik aita noten eske, bestetik eskolan karneta izenpetuta itzuli behar nuela. Aitak gezurretan nenbilela bazekien eta ni buru makur.
Dena argira azaldu zenean, bi aldeetako zigorra jaso nuen, lehenik aitarena, sudurra odoletan utzi zidan alimaleko zafla bat eman zidanean, gero eskolan, tranpatia eta gezurtia izateagatik, ikastetxetik atera gabe ostegun ugariz zigortua egon nintzelarik.
Hori ez zen izan makurrena, betiko gezurtitzat hartuko nindutela baizik eta hori ezin nuen jasan, inork maite ez ninduela iruditzen baitzitzaidan. Negarra nuen salbabidea.

Bi urteren buruan eta hamalau urte nituenean, amaordearekin bat eginda, etxetik urrundu ninduten, Baionako St Bernard barnetegian sarturik. Nere lagun hoberenak urruneko egoiliarrak ziren, urtean behin baizik etxeratzen ez zirenak, Madrildarrak batez ere, ni ere asteburu askotan hantxe zigortuta banengoen.

Orduko anai arrebak banituen, bi, aitaren egiazko seme-alabak, beste familia batekoa nintzela aski ongi erakusten baitzidaten, gurasoen

*Zagerizen: agertzen ziren
*Zekarkidala: ekartzen zidala

amodio osoa eurek soilik jasotzen baitzuten. Euren hobena ez zen batere, hain txiki eta maitagarriak ziren. Zoritxarrez, etxera itzultzen nintzenean, Arnaud eta Maiderrekin jostetan ez zidaten uzten egoten, batez ere amaorde gaiztoak, zainetan ezartzen  omen nituelako. Ama batengandik legezkoa zitekeen haiek gehiago maitatzea, baina ene aitarengandik?  Azken finean, ni ez nintzen existitzen. Ene gogoaren salbagarri, hegoaldearekin lotuta neukan bizia arras desberdina zen, amatxi Julitxo, urtean behineko Arraiozko etxea, nire Bilboko izeba eta lehengusuak. Hura senideen artekoa iduritzen iruditzen zitzaidan baita ere euskal giro nazionalistan murgilduta. Eta horixe nuen gogoko. Zalantzarik gabe bi familia desberdinak ginen, batto frantses kutsu aldekoa, bestea euskal munduari lotuta.

Udan Arraiozera joaten nintzen eta irailean, handik Donibanera itzultzen nintzenean, atzerrira nentorren, barnetegiko pareten arteko bakartasunera, aita-amaordearen argirik gabeko etxe nazkagarrira, gorrotatzen nuen Euskal Herri ez zen Frantzia hartara. Gainera nola pentsatu eremu hori Euskal Herrikoa izan zitekeenik ere? Ez hitz bat euskaraz, ezta eskolan ere, debekatutako mintzaira basa bihurtu zutelako. Eta karriketan, frantsesa baizik ez baitzen entzuten. Orduko errefuxiatuentzat berdin, Lapurdi Frantzia baizik ez zen, atzerriko lur sakratu ukiezina.
Toki euskaldun bakarra eliza zen eta atzerriraturiko familia jeltzale fededun guztiak euren aterpe harkorra hortxe aurkitu zuten.
Noizbait, aita ez ote zen damutu euskal mundu atzerritar horretan sartzea bururatu zitzaidan. Agian bai. Ez dakit.

Amatxi Julitxok leitmotiv ximixtari bat zeukan gogoan, aita ezkontzeko asmoa aipatu zuen eguna. Zikloi izugarri baten pareko kaskak jo zuen, are gehiago andregaia haurdun zegoela azaldu zuenean. Gauero muinak itzulipurdika ezartzen zitzaizkion eta ezin lorik hartu, etengabeko hagapuru pisu baten pareko kolpeak jasaten zituen. Nola irain zezakeen modu horretan galduriko emazte ohia, nola hain laster ahantzi zendutako hiru alabak eta nola ukatu era horretan bere hamar urteetako semea? Hura ez zen bizi berri batean sartzea, traizioa, ukazio galanta eta amaren memoria zapuztea baizik.
Hortxe bukatu zitzaizkion  aitaren aldeko aurrez aurreko begiradak, eta ni, egun hartatik aurrera, benetan berea bihurtu nintzen, baita ere lehengusuekin batera, Baztan Arraiotzeko etxeko semea. Bihotza baztandarra egin zitzaidan betiko.

1960-etik aitzin Nafarroara oporretara abiatzen nintzen beraz, nik uste nuen izebaren etxera, etxearen erdia nirea zenik ere jakin gabe. Geroago zerbait entzun izan nuen, amak eta bere ahizpak familiari etxea erosi omen ziotela, biek, uda elkarrekin pasa zezaten. Zoritxarrez amak etxeko konponketen gauzatzea ez zuen ezagutu…

Eta halaxe, Mirentxuren etxera nentorren, nire adineko lehengusuekin egotera, batez ere Pellorekin, ni baino urte bat zaharragoko konplizearekin.

Franco zendu arte, hain kasko gogorra zen Amatxi Julitxok ez zuen muga iragan nahi izan eta inoiz ez zen Baztanera etorri. Rosarito, bere ahizpa eztia aldiz bai eta uda Barrenetxeberrian gurekin egoten zen.
Buruilean, Donibanera itzultzerakoan, ahizparen agindutara zetorren, haurrideen arteko gogorrena eta zorrotzena Julitxo zelako.

Gazteria osoa beraz halaxe igaro egin nuen, negua goibel Donibanen edo Baionako barnetegian, uda eguzkitsu Arraiozen. Eskerrik ere Eguberritan eta Pazko aste sainduan izebak bere Bilboko etxera konbidatzen ninduen ere eta horrek tarteka nire begirada tristea alaitzen zuen, hegoaldeko biziak Frantziakoari ostiko galanta emanez.

Aita, ni izorratzeko ideia tinkoan, zerk min gehiena egin lidakeen ongi bazekien, hauxe, Arraiozko udarik gabe zigortzea.
15 urteetan beraz, eskolan kurtsoa errepikatzera kondenatu nindutenean, aitak Goihenetxe izeneko apez zorrotzak kudeatzen zuen Domixineko barnetegi garratzerat bidali ninduen uztaila osoa iragan nezan. Eskola hartan, uda guzian ikasle bihurri guztiak biltzen ziren.
Ongi bazekien nik udan maite nuen bakarra Arraiozera joatea zela eta halere, bere odol-gaiztoa erakutsiz, hortxe sartu zuen ni zauritzeko eztena. Amaordeari aldiz, berdin zitzaion han edo hor egotea, etxean trabarik egiten ez banengo bederen.
Nik uste dut aitari urte hartan hartu niola benetako gorrotoa, ni sufriarazteko teman, nire amaren mundutik berriz ere urruntzea izan zuelako grina. Zer ekarriko lidake hilabete osoa barnetegi batean egotea, ene bihozmina zorroztea baizik?  Pairamenez pairamen, nerabe aro tristea aurrera joan zitzaidan.

Hogei urteetan neska batekin harremanetan hasi nintzen, ene adineko baztandar gazte batekin. Bi urteren buruan ezkonduta geunden. Orduko zehaztasun krudel batzuk bururat heldu zaizkit.
Lehena, aitarena, semearen ezkontza ez zelako bere afera. Ez zidan batere lagundu, ez eraztunak erosterakoan, ezta ere antolatu behar omen zituen guztietan. Nere kabuz erosi nituen, baita grabatu ere.

Bere semea ezkontzen ez balitz bezala, urrundik zekusan* gertatzen zen guztia.  Diru kontuko gauzetan, egoera ez zen asko aldatu, gazte denboretan sekulan ez zidalako sosik eman, ezta ere hilabete saririk, ezta ere arropa erostekorik. Deusik ez! Ez Arraiozeko beharrak bete nitzan, ezta ere Donibaneko eguneroko bizian iraun nezan. Dena nire amatxi Julitxoren gain zegoen eta bi hilabetetarik behin zor zion faktura pasatzen zion, nire heziketaren gastuak bortxaz ordain zitzan.
Hitzik gurutzatu gabe eta nire bitartez sosa luzatzen zion. Hori baitzuten etxean ni hazteko bidea.
Batzuetan Julitxok ez zituen gertatutakoak jasaten ahal eta bere iloba Maitek aitari utziriko diruaren izenean, aholku mendekatzaileak ematen zizkidan, hala nola nire aitaren lantegiaren izenean kontuak irekitzea. Behin, halaxe egin nuen.
Dominixinen uztailan egon ondotik, aitak abuztuan Arraiozera joan gabe zigortu ninduen ere. Ez nion inoiz barkatu. Donibane Lohizuneko hondartzara lagunekin joaten nintzen eta nahiz eta sinesgaitza izan, hantxe aspertzen nintzen. Hondartza oinez kurritzen zuen izozki saltzaileari ene lagunek egunero izozki bana erosten zioten, ni bakarra deus gabe egonda. Amatxiren aholkuak jarraituz eta gezur galanta esanez, Lopez izeneko saltzaile hari, aitaren lantegiaren izenean kontua irekitzeko baimena banuela luzatu nion. Ene onerako. Horretatik aurrera izozkiez hanpatu nintzen, lagunen artean esku zabala bihurtuta eta gustukoa nuen neskatxa konbidatuta.

Hogeita bi urteetan ezkondu nintzen beraz, eta Maria Teresarekin, berehala, Arraiozera bizitzera joan ginen. Laster eta bizia irabazteko gisan, Donezteben Frantseseko kurtsoak ematen hasi nintzen. Hor bai ohartu nintzela etxearen erdia nirea zela eta bikote bizi berrian, ene partea osoki goza nezakeela.

*Zekusan: ikusten zuen

Sekulan ez naiz damutu hain gazterik ezkontzeaz, ezta ere hogeita bi urteetan pertsonalitate handiko emazte bati modu horretan lotzea. Amodioz beteriko zorrozkeriaz jositako andrea, bigarren ama bezala neukan, jenioz beteta, zer nahi zuen beti bazekiena.

Oraingoz haurrik ez genuela izan behar deliberatu zuen, oraindik ikasketetan ari ginelako. Niri, axolagabe eta nerekoi, horixe berdin zitzaidan eta ene amaren eskasak zorroztu zidan haurren gutizia gero eta biziago neukan. Umerik gabe, malerusa nintzen. Ama izan nahi nuen! Hamar urte luze iragan ziren Gehiena lehen alaba sortu arte.

Geroago, zenbat aldiz  ez diodan galdegin ene buruari zer aldatuko nukeen berriz bizitzeko aukera izan banu. Zalantzarik gabe ama ez hiltzea eta beste haur guztiak bezala bizitzea, familia baten bihotzean babestua izatea. Hala ere, alde txar bakoitzak bere albo onak badituelako, bizian izandako pairamenak ondorio on bat ekarri zidala orain badakit, sentsibilitatea eta emozio zorrotza, artista izateko grina eman zidatenak.
Bien artean  hautatzekotan, ama hautatuko nuke, baita ere hiru arreben ondoan bizitzea, nahiz eta jakin horrek bizia erabat aldatuko lidakeela. Agian beste aterabide konplitu bat aurkituko nuke…

                                          Hondartzatik iturrira

Txalupako simaur gogor hartan iratzarri nintzenean dena bare- bare zirudien. Aire freskoa zebilen. Nire ahurrean ibaiko ur pixka bat bildu nuen eta ur gezi xamar hark edateko gogoa eman zidan baina gatzaren hondarrek ez irenstea hobe nukeela etsitu ninduten.  Uren dirdirei eta joan etorriei begira egon nintzaien.
Geziak eta gaziak borrokan ziruditen, ea nork indar gehiago azaltzen zuen. Menditik zetozen erreken urez hantuta, ibaia itsasaldera zihoan, bere erroak nolabait galtzeko asmotan. Han, urrun garaian, denak erne zeuden, bai urbegia iturria eta ur jauzi gazteak. Biziaren ildoak markatutako malda beherarako ur isurmenean zetozen, euren adiskidetasuna erakutsiz. Aldiz, arroken aurka jotzen zuen itsasgora, uhin erasotzaileen sortzailea zen, aldizka etsaia, ene pareko korronte izugarria bidaltzeko gai zelako, aldizka lagun, leunki portura sartzeko lagundu ninduen olatu handia igorlea izan baitzen.
Magia bitxi batek abandonatzen balu modura, haren indarra akitzen* ari zen eta itsasbeheraren gaina ilauna* legezkoa zen.

Txalupatik uren higidurei tinko begiratzen ari nintzaien eta bat- batean, norbaiten agindua segitzen balute bezala, bi korronteak aurrez aurre eginda, kolpez itzatu ziren, bat bestearen aurka indarka, ea nork irabazi eta bere aldera isurmena eraman. Geldialdi motz hura ilaun-aldi ikaragarria izan zen eta goraka zetozen korronte gaziak geldiaraziz, ur geziz osaturiko behe-aldeko mugimendu naturalak, itsasaldera bultzatu zituen. Ibaiak gaina hartu zion, trikadura* zehatz bezain llabur hari bukaera emanda.

*Akitu: bukatu
*ilauna: efemeroa
* Trikadura: geldialdia

Behin idatzitako olerki kantatua bururat etorri zitzaidan eta hitzak gauzaturik, ene abestiak isurmen higituari neurkera berezi bat ematen hasten zitzaion:

                                            Gezitik gazira

Denbora nardatzen ari, bere bidea lastertu nahirik
baina nik ez dut horren beharrik
lekukoa ez baitut izan nahi, nik, ziurrik.
Agur, agur, ni banoa
hegaldaka, suzko loreak eskutan
igerika, heriotza ezkilak ahoan.
Haizeak urrunera eraman nazan, banoa,
uhinek ortzi-mugara eraman dezadaten, badoa,
bustia bezain idorra, ene gorputz xaloa.
Ene gogoak erreketan egon nahi luke, isurturik
harriz harri doazen ur jauzi basetan, txinpartaturik,
ezker, eskuin itsaso egarritsurako bidea harturik,
ene zain dagoen ur gaziaren bihotzez haunturik.

Xo! Gustu samina dasumat, gero eta gehiago.
Ibai-beheak gezitik gazira narama, haratago.
Itsasgoraren indarra bortitz eta bortitzago.

Xo! Hor nago geldirik, ezin aitzinera joanik,
atzetik bultzaka, aurretik indarka.
Behingoz, denbora da gelditu
Eta hatsa du hartu.
Lasai dago
Hemendik aurrera
bere denbora hartzera
badoa, badator, badago.

Xo! Urik irentsi ez dezadan
ene gorputzari itzulia eman diot, bat-batean.
Bizkar gaineko igerian banabia, atzeraka, igeri itsuan,
geroa  ikus ez dezadan.
Auskalo itsasoa gustukoa izango dudan....

                                                   *

Une berezi honetan olerki abestu hau sortu nuela irudi arren, kantu hori aspaldi asmatua neukala ohartu nintzen. Igeriak, uraren isurmenak, errekak eta ibaia, itsasoa eta uhinak, uren arteko borroka eta euren arteko itzaldi* tinkoa ez neuzkan berriak.  -Agur, agur, ni banoa-  Bai bazihoan gezitik gazira, txikitik handira, errotik mugagabera, izatetik galtzera. Bazihoazen hitzak, letrak banan-banan, aparrean dantzan, bazihoazen,  gez, giz, dirdiretan labaintzen, bazihoazen, iz, oz, ur- abian lerratzen, Xo iza ibiltariari so, hedamen higituari begira. Bi uren arteko gudukak biziaren ohiko isurmen bortitza zerakutsan.
Txalupatik  atera behar nuen. Kabinan aurkitu nuen “mahon”-eko galtza urdin ilun zahar hark Gasteizeko gazte denboretako txistulari oroitzapenak  zekarzkidan. Sokatuta zegoen battelera igo nintzen eta hantxe zetzan* arraun bakar haren indarrez, Ziburuko ibai ertzera iritsi nintzen, “La poterie” delako buztin olaraino, hain zuzen. Hango bista zabala Urruña aldera zedaen* eta malda gainean, Camieta zagerien, aita eta bere familia bizi ziren etxe ederra.

* itzaldi: itzatu, iltzatu aditzetik: tinkatu
*Zetzan: etzanik zegoen
*Zedaen:hedatzen zen
 
Neure atzean zegoen portuari azken soa bota nahi, kolore guztietako arrantza barku handiak begiratu nituen eta euren motorrak berotzen entzuten nituen. Arrantzara abiatzeko ordua zen eta kaia itsasgizonez beteta zegoen. Kasu eman behar nuen nahiko agerian nengoelako eta edozein soldadu patruilak ikus nindukeela gogoan hartu nuen.
Ibaiko beste ertzean porturaino zedazen *Donibaneko eremu aintziratsuak tren geltokiraino iristen ziren. Beste eraikinik ez zegoen. Urrunago, eskuinean, Fargeot eta Errepira auzotegiak ikus nitzakeen eta hantxe, emankor, eraikin gotorra zen “Soluco” arraintegia. Ni Ziburukoetatik aski hurbil nengoen, batez ere J.P Zumel izeneko lantegi ezagun hartatik. 
Aita bertan ez zegoen, alemanek preso harturik, STO laneko zerbitzuetara Alemaniara bidali zutelako. Orduan, ohikoa zen entrepresen* arduradunak, langile bereziak, hala nola zurginak, harginak, iturginak eta halako, Hitlerren herrira  bidaltzea euren industriarentzat lanean aritzeko, langile gazte guziak armadan sartuta zeuzkatelako. Hala ere, gerla*ondoko errekonozimenduetan, bitxi da ikustea nola lanean aritzeko preso egondako jendea, gudari ohi bezala ez gogoratzea eta kolaboratzaile xamartzat hartzea. Denborarekin gauzak aldatu dira.  Eskerrik hilabete batzuen buruan errusiarrak Hitlerren tropak suntsitu zituztela eta guduari etena ematen zion 1945 haren maiatzaren 8ko itunak aita etxera erakarri zuela.
Beraz, trenbidetik landa, ezkerrean, elizatik aparte, Louis XIV erregearen etxea zaltxan*, Infantaren dorre gorrixka miresgarriari keinuka. Errege “Eguzki” haren ospea gogorat heldu zitzaidan, euskal

*Zedazen:hedatzen ziren
*entrepresa: lantegia, enpresa
*gerla:gerra
*zaltxan: altxatzen zen

instituzioen aurkako etsai amorratua izan zen hura, baita ere, hainbeste emakumeen hiltzailea, sorginen aurkako obsesioak jotako “de Lancre” abokatu begi-tinko haren igorlea.

Horiek guziak gogoan, nire helburua Ziburu zela ez nuen ahazten, une zehatz honetatik aparte, han bizi baitziren oraino ezkongabeak zeuden aita, Camietan, eta ama, ihes eginiko senideekin batera, kiosko pareko etxe zaharrean. Hori uste nuen bederen.

Nehork ez zidan aipatu, Hitlerren eromenaren aginduan, juduak, komunistak, homosexualak eta eritasunez joak, begi miran zituztela, eta harrapatzen zituztenak Drancy kanpamendura zeramatzatela, ezta ere, Furherra eta Francoren Hendaiako bilkuraren ondotik, gerlatik ihes egin zuten euskal errefuxiatuei ere tratamendu bera atxikitzen zietela eta euren eskutan erortzen zirenak Gurs kanpamendurantz zihoazela, handik Drancy ala beste toki salbai batera joateko. Aitona eta bere senideak Ziburuko erdigunean alokatzen zuten etxea utzi izan behar zuten beraz eta leku babestu batean ezkutatu.
Eskerrik, nengoen tokitik hurbil, “Gaztelu zahar” etxea zegoen, Besselere familiaren egoitza. Aita, Pariseko gortean abokatu zen eta Ziburun zeukaten etxe ederra Urdazuri ibaiaren hegian zegoen, buztin olatik nahiko hurbil. Aitona-amonak hantxe gordeta egon ziren okupazioaren bitartean eta bi legegizonek bazeukaten zer elkar solastatu.

Ai! Une berezi hartan jakin banu, ene aitona ezagutzeko parada izango nukeela ohartu nintzen, baina ezer ez nekien eta txalupatik irten nintzenean, zuzen kiosko parean zegoen etxe zaharrerantz oinez abiatu nintzen.

Gerla denboran, aitona eta amona “Gaztelu zahar”-en zendu ziren eta amonaren ondotik aitona berehala hil zenean izeba Julitxo, nerabeak ziren Maite eta Mirentxuren zaintzen hasi zen

                                   Gaztelu zahar 1945

   Rosarito Laskibar                              Amatxi Julitxo Laskibar

                Besselere jaun Andrea,        Amona Maria Josefa

Orain banekien magiak urte horietara zergatik erakarri ninduen! Izeba Julitxoren benetako oneziaz ohar nendin! Geroago babestuko ninduen itxura gogorreko andre hark, bere ohiko lanetan hasirik, Maite eta Mirentxuren ardura bere gain hartu behar baitzuen.

Erdigunera iritsi nintzenean Askibarren etxe zaharra zabal zabalik ikusi nuen. Laster ulertu nuen Alemanek egoitza orokortzat hartu zutela eta euren agintari guziak hantxe zeudela ere. Haraino hurbildu gabe, itsasargiaren gibelean gorde nintzen.

Julitxoren tema hautemateko aukerarik ez neukan oraino, “Gaztelu zahar”-en zirauelako*. Itxoin beharko nuen. Halere ez aunitz, haurren bi zaintzak laster hasiko zirelako, Maite eta Mirentxurena lehenik, nirea geroago.

*zirauelako:irauten zuelako

Aita Izkok luzatutako xedea hariltzen ari zen eta prestatutako sarea ongi ehunduta izan zedin, amaren heriotza baino askoz lehenago Ziburura iritsi behar nuela bazekien, amatxi izango nuen Julitxoren nortasunaz ohar nendin, baina ere aurretik, amaren heriotzara zeramaten guziak banan – banan azter nitzan.

 Xoratzen ari nintzen. Berriro nire helburuaren xedeak errepasatu nituen eta aita Izkori mendian eskatutakoa betetzen ari zitzaidalako poztu egin nintzen, agian ene sufrimendu guztien arrazoia aldatzeko aukera ematen zidalako.

Denen gainetik, amak ez zuen hil behar eta heriotzaz salba zedin, nire aurrean aski denbora baneukan. Hori zen neure misioa. Baita ere sortuko ziren nire arrebatxoak hiltzetik libratzea. Oraino jakin gabe nola, nolabait, gurasoen arteko lotura hautsi behar nuen.

Julitxo ezagutu nuenean gizon baten tankera hartu nion. Haren orrazkera motza, xuri- xuria, zangosagar gotorreko hanka gihartsuak, eta bere janzteko modua, emakume ohiko itxura apainetik urrun zegoena. Hantxe zegoen, Muskoako aulki baten gainean zutik zegoen mutil koxkorraren lepoa xamurki heltzen, itsasoari begira, zerbait erakutsi edo igarri nahiez.
Orain dena garbi zagerkidan*! Mendiko ur freskoari esker eskatu nuen nahia betetzeko gertu zegoen eta atze-aldeko itsasaldi zehatz haren bidez, hogeita hamar urteetako amaren bila etortzea lortu nuen.

*Zagerkidan: agertzen zitzaidan

Amatxi Julitxo eta ni.

Okupazio denbora nahiko laburra egin zitzaidan eta astia izan nuen Julitxo ongi ezagutzeko baita ere haren bihotz handiaz ohartzeko. Agian bihotz zabala baino, andreak eginbeharraren nozioa garbi zeukan eta nire amatxi bihurtu baino lehenago zeukan misioa argi eta garbi erakutsi zien ama eta izeba Mirentxuri ere.

Behin, igande goiz batez, hirurak mezetara elizara zihoazelarik, aleman patruila batek gelditu zituen.

-Papiers, s’il vous- plaît!-

Julitxo urduritzen hasi zen txikien dokumentuak etxean utzi zituelako.

-Schnell! Schnell!, “Laisser- passer”! - Agudo ibiltzeko oihukaturik.

Kontrolaren arduraduna laster ohartu zen  paperetan zagerien zuzenbideaz:

- Baina zure helbidea Komandanturrena da, nola daiteke? Gure agintariak baizik ez dira bizi etxe horretan.

Zozo aurpegia erakutsirik, lehen han bizi zirela eta agirietan oraindik zuzenbidea aldatzeko aukerarik ez zuela izan erantzun zion

Susmo txarra erakutsita, guardiak halaxe jarraitu zuen:
- Eta haurren paperak?-

-Begira, mezara goaz eta ahantzi ditugu.- esan zion bere frantseseko azentu bitxiaz.

-Non ahantzi dituzuela? Non bizi zarete bada orain?-

Julitxok ez zekien zer erantzun eta familiaren etorkizuna igartzen balu bezala, bat- batean bururatu zitzaiona deblauki luzatu zuen:

- Camietan jauna, Zumeldarren etxean.-

- Oh ! Kontserbategiko jabearen etxean?-

- Bai jendakiak gara eta hantxe gaude.-

- Ba azken aldia paperik gabe ateratzen zaretela eta Komandanturrera hurbil zaite baimena horren zuzenbidea aldatzeko eta haurren dokumentuak ekartzeko.-

Julitxok, ttikien izialdura apaltzetik aparte, Besselerretarak kontrol zorrotz batetik libratu zituen, agian deportazio latz batetik ere. Inori ez zion kontatu abentura hori eta bi ilobei isilik egon zitezela zin egitea eskatu zien. Hortik  aitzina, etxetik guttiago atera ziren eta halaxe iragan zuten okupazio guztia.

                                                 Kezkak

1955ean geunden eta denbora iragan ez balitz bezala, hondartzan nengoen, lo. Azkenean atzarri nintzen. Udan geunden. Nire inguruan nahiko jende bainu jantziz eguzkia hartzen ari zen, batez ere andreak. Ene galtza urdin eta xira horia soinean, arrantzale ohi baten itxura neukan eta handik lekutzea erabaki nuenean inork ez ninduen arretaz itzatu. Harrizko kai-muturraren gainetik, errepidera atera nintzen.
Gogoan neukan orain dela hamar bat urteko okupazioa, soldadu armatuak, kontrolak eta batez ere gure ohiko etxea ofizialez beteta, baita ere euren senideak izan balira bezala, aitona-amonak Besseleretarren hobian lurperatu zituztela.

Hirugarren hurrupari edan ala ez, zalantza betean nengoen.  Bigarrenak indar asko izan zuen, hondartzatik hainbeste urte gibelerantz joatea, hamar urte ezkutatuta iragaitea eta orain arte, Ziburun egotea inor konturatu gabe.

Nire ama oraino ehortzia ez izan arren, patar gorantz zegoen Zokoako hiltokira hurbildu nintzen, kanposantu horrek, badiaren gainean zeukan bista izugarriarengatik jendeen jakin-gosea pizten baitzuen. Ezkerrean zeraikien gotorlekutik harantz, ur zabala Donibane Lohizuneraino zedaen.  “Zaldien” dikea berehala begiztatu nuen, nire bidai luzearen irtengune bitxia, Aittiri  agertu nintzaion surflariez betetako toki hura, “Neu” eta “Ni”-ren arteko lehen topagunea, abentura magiko honen hastapena, gaur, kanposantu honetara erakarri ninduena.

Leku zoragarri horri luzaz egon nintzaion begira, noiz Besseleren hobi garaitik,  noiz eskailetatik ezker zegoen Zumeldarren ehorztokitik. Denek bista bera zeukaten, denek antzeko zulo bera, denek isiltasun berdina.  Zumeldarren familiaren hobia ederra zen, marmol beltzez egina. Aitaren aldeko aitatxi ezik, oraino aski hutsik zegoen, aitona eta amona Besselerren hobian lurperatu zituztelako, inork ez zezan jakin Askibartarrak zirela ere.
Bat- batean, egun hartan zeru gorrian ikusitako amaren aurpegia gogoratu nuen. Dena metatzen ari zitzaidan, ama, aita Izko, aitona- amonak eta denen erdian, neu, hantxe. Gauza bat garbi neukan, ehorztoki hura ez nuela inolaz ere bete behar eta ahal nituen guztiak egin behar nituela huts- hutsik egon zedin.

Orduan aita Izkoren bozaren doinu karraskatua nire baitan entzun nuen:

-Lasai egon lagun, zure ordua iritsiko da. Zoaz Zibururat eta igandea denez, eliza-atean senar- emaztegaiak aurkituko dituzu. Zoaz eta nitaz fida zaitez.-

Konfiantzaz beterik, hiltokitik jaitsi eta Muskoatik barna Zibururat iritsi nintzen. Eliza-atarian hizketan, andre eder bat ikusi nuen. Nerabe aroa utzita, hogeita hamar bat urteko andrea bihurtu zen. Nire helburuari irtenbidea aurkitzera nihoala zirudien.

Olatek hamar urte zituen jadaneko baina Donibaneko aireak hain urrunekoak baitziren…

Alemanak joan ordutik Ziburu emeki- emeki betiko bizira itzuli egin zen, arrantza eta portuko lanak, Bordagaineko lurretako baserriak eta kontserbategi lantegiak, aitatxik sortutako “Ets JP. Zumel” hura, baina ere, Legrand, Corrihons, Bouhana, Elissalt izenekoak ere.

Hogeigarren mendeko erdi hartan, arrantza eta arrain lantegiak aro jori batean bizi ziren, Donibane Lohizune atunaren Frantziako lehen portua zelako, antxoa udaberriko arrantza bihurtu zelako eta neguan xardinaren arrantza orduan deskubritu zutelako. Urte guztian zehar arrantzan zenbiltzan, udazkenean itsasontzien konponketari lekua uzteko.
Aita beraz, lantegi horren burua zen eta Zumeldarrak Ziburuko herriko familia ospetsuetatik bat. Aita Izkok esan bezala, eliza-atarian aurkitu nuen andrea ama zen. Aita ere han zegoen.

Hirugarren hurrupa irentsi nuen.

                                       Hirugarren hurrupa

Hurrupa hori elizaren aurkakoa izan zen, gurasoek hantxe ez balute elkar ezagutu, ama ez litzatekeelako hilko. Agian, arriskurik gabeko beste odol talde batetako norbait aurki zezakeen. Aukera ederrak  izan zituen bada. Gizongai desberdinekin ibili baitzen eta euren artean batto, Inaki Aguirre, Jose Antonio Aguirre lehendakariaren anai zintzoa. Bizirik jarrai zezan bederen, hobe izan zukeen harekin ezkontzea eta bere bizia osoa erabat aldatzea. Lehena, ez zitekeen hilko, ezta ere bikiak zenduko, baina hori baino lehenago nerau ere, ez nintzateke sortuko. Ama Bizkaira bizitzera itzuli izango litzateke, Bilbora hain zuzen. Gainera Errealekoa, oroimena baizik ez zatekeen izango eta Athletikekoa izanda, San Mamesera joan zitekeen.

Desagerturik egon nintzen aroan, nire helburua zilegi ote neukan askotan gogora heldu zitzaidan. Haur eta gazte denboretan sufritu nuela zalantzarik ez zegoen baina ez ote zen hainbat jende ni baino gehiago pairatzen ari zenik? Amaren eskasa, ados, arrebena ere,  familia arrotz batean egotea, bai, amodiorik gabeko bizia erematea, ere bai, baina nahiko ote zen halako bidai mendekatzailea antolatzeko? Pentsa zenbat jende munduan gosez hiltzen ari zen, zenbat umezurtz eta alargun eta zenbat bakardadera kondenatuak, eta Ziburu berean zenbat jende txiro zegoen. Bakoitzaren barne bizian sartu izan banintz, harrituko nintzateke.

Gure familia aldiz nahiko aberatsa zen, bai aitaren aldetik, inoiz deus eskas ez zeukana, baita, itxurez behintzat, amaren aldetik, aitatxi legegizon eta Tolosan hainbeste ontasun omen zituzten. Nire atzera-aldeko bidaia irrigarria liteke askorentzat, diruarekin erositako pribilegio bat zirudielako.

Nik hala ez zela banekien eta aita Izkok emandako aukera edonork balia zezakeen euren arbasoen bila joateko, are gehiago ama hilen arteko mundutik ateratzeko. Baina  hauxe magia zen, niri eskainia, ez beste inori eta halako gogoeta damutsuetan ez nintzela erori behar erabaki nuen. Gainera baneukan zerbait aitortzeko, hauxe eleberri bat baizik ez zen eta idazleak asmatzeko daukan askatasuna nire kabura baliatzen nuen, edozein idazlearen eskutan legokeen irtenbidearen parekoa.

1956an geunden. Orduko, Ziburuko bizian buru belarri sartu nintzen. Alokatu nuen etxea arrantzale auzo batean zegoen eta ibaian neukan batelari esker, besteekin batean arrantzara ateratzen nintzen, batez ere txipiroietara. Goiz-goizik lerro zuzenean eta barkuko argitxoa piztuta, motorrak martxan, ordu erdi batera edo zegoen arrantza tokira abiatzen ginen. Egia aitortzeko, eskerrik beste guztiak nire aitzinean zeudela, bakarrik, leku berezi hura aurkitzeko gai ez nintzelako. Arrantzale kaxkarra nintzen eta neguan, nagikerian itota, besteak, gogorik gabe jarraitzen nituen, lehen txipiroia harrapatu arte.

Lehen aldikoz eliza-atean aitaren solasean ikusi nuelarik, amorru handia sartu zitzaidan, batez ere elkar hizketa horiek amaren heriotzarekin bukatuko zirela banekielako. Halere hurbildu nintzaien. Jakin balute euren semea nintzela...Julitxo eta Rosarito izebak hortxe zeuden ere, nik ezagutu nituen baino aise gazteagoak, berrogei eta hamar  bat urtekoak. Arrosario beltz bana esku batetik zintzilik zeukaten, meza liburuxka ongi tinkatuta bestean eta buruaren gainean mantelina beltz apain bera zeramaten, amak ere bai. Mirentxu, amaren ahizpa hizketa bizian zegoen.

Gurasoen arteko lehen topaketatik bat zela banekien eta hildako amarengandik aitarengadik urruntzeko oraino nola jokatu jakin gabe. Handik lekutu baino lehen, irritxo bat egin nien.
Sobera denborarik galdu gabe, erabakia hartzeko uste baino denbora guttiago neukan eta gurasoen arteko sortzear zegoen lotura zapuztu behar nuen. Aukera mota desberdinak nituen.
Lehen- lehena haien arteko harremana bertan bera moztea zen, baina nola jokatu? Modu erradikalenean erori gabe, hau da, aita erailtzea eta era horretan nire mendeku ezkutua zehazki gauzatzea, ama bahitzea zitekeen, baina hori ere berehala baztertu nuen, berari min gehiegi egiteaz aparte, senide guziak ukituko nituelako. Bigarrena zitekeen amarekin ezkontzea. Ediporen konplexua bizi bizirik, harekin harreman berezitan sartu beharko nukeen, aitaren jeloskeria sortu eta gizon hura betiko baztertu. Baina zuzen ote zen seme batek ama andregaitzat hartzea?  Ez, inondik ere! Gainera irtenbide intzestutsu horrek haur etorri berrien bizitza berriro arriskuan sartuko zituzkeen, eta hori ez zen nire benetako helburua, ama salbatzea eta bizi gozo bezain erosoa eskaintzea baizik.
Agian atzerago jo behar nuke eta aitona-amonak Ziburutik lekuarazi.   Horretarako Tolosara itzuli beharko nintzateke, agian aitona diputatu  izan zen arora, atzerrira ekarri zuen arrazoia inork ez ziezaion   leporatu, hau da euskal nazionalismoarena, baina zailegi neukan denen bizia berriro aldatzea. 
Errazago nuen denak Donibanera erakartzea, hango eliza-atea  desberdina zelako eta elkar ezagutzeko parada gutxiago izango  zutelako. Bi herriak hain desberdinak ziren eta hain hurbil bezain urruti zeuden. Bat langilea, arrantzalea eta baserritarrez betea, bestea bertako burgesiaz hornitua eta jende dotorez apainduta. Hantxe bizi ziren saltzaileak, medikuak, han bazeuden farmaziak, denda ezagunak eta itsasoa bere hondartza ederrarekin, turistentzat termetako bainuak,  kasinoa eta bigarren egoitza ugari, ezer ikustekorik Zibururekin. Abokatu bezala aitona erdigunean instalatu nezake eta bulego bat ireki baina, halakorik Baionan baizik ez zen, gainera frantses hizkuntza ongi ez zekien eta hura ikasteko jadanik berandu zen. Berandu ere, berrogeita hiru urteetan heriotzak aitonari eraso egin ziolako, balizko irtenbide zentzudun hura pikutara eramanik.

Hortik guttira hartu nuen erabakia denen mesederako izan zen eta amaren azken une zoriontsuei minik sortu gabe, nire aita-amak ezkontzen utziko nituela deliberatu nuen. Denbora izango nuke gure sortzeak oztopatzeko, bai Miren Maite nire arreba nagusiarena, baita ere ama heriotzara eramango zuten bi bikiena. Horixe zen bidea eta gauzatzeko modu berezi bat aurkitu behar nuen, oraindik zein jakin gabe. Bikotearen etxetik hurbildu behar nuela pentsatu nuen, bertan sartu gabe baina bai amaren lagun-mina bilakatuz. Gauza erraza zen asmatzeko baina gauzatzeko aise zailagoa, gizona bainintzen eta konfiantzako lagun arrarik amak ez luke inondik ere onartuko. Beraz andrea izan behar nuen. Bide hoberena erizain baten rolean sartzea eta amaren lankidea bilakatzea zitekeen.

Denbora asko beharko nuelako nire planoa eraikitzeko, nolabaiteko lotsak gainditu ninduen. Dena hain zaila zagerkidan, lehenik, amaren laguna izatea lortzea, baina batez ere emakume bilakatzea. Horrek mila arazo zekarzkien, transexual baten  egoeran sartu beharko nintzelako. Halere magia, magia baitzen eta bururatzen zitzaizkidan zehetasunak ahantzi nahiez, aurrera jo behar nuen. Nire burua ez nuen osoki ikusten emakume bezala, batez ere aro zehatz horretan, andreek askatasunik gabeko bizia zeramatelako, libertaterik gabeko egoera pairatzen eta ikasketarik gabeko garaia igarotzen zutelako, hitz batez,  senarraren menpeko egoera jasaten zutelako.
Nola iraun andre baten gorputz batez jantzia, titi, alu eta guzti, hileko odolezko isurietan sartuta edo haurdun erortzeko ahalmenez egina. Korapilatsua. Nahiz eta ondorio fisikoek beldurra eman, nortasunekoekin bat nentorren, sentsibilitatea nahiko zorroztua neukalako, baita ere negar egiteko ahalmena.

Nola jokatu bada? Norbait ezagunaren tokia hartu behar nuen. Oiharzabaltarra zen Adelitarena agian, amaren lagun mina, medikuaren alaba edo Begoña Apaolaza, Anton Iralaren emaztea, bere bihotzeko adiskide mina?

Adelita Oyarzabal amarekin

Ezin lorik nengoen. Gorabehera guzti horiek urduri ezartzen nindutelako batez ere kaiola baten antzeko ene apartamendu eskasean nengoenean, muinak eta hankak geldi ezinezko jirabiran jartzen zitzaizkidalako. 

Hartu nuen hurrupak nahiko indar izango ote zuen irtenbide zuzen bat erdiesteko? Atzarri nintzenean, gosaldu eta urontzi magikoa mahaiaren gainean utzi nuen.

Donibanen « ni»-ren berririk ez neukan. Jakin balu Ziburun nengoela bere erdiarekin bat egingo luke eta hainbeste maite nuen Olatxo berehala nireganatuko nuke. Baina txikiak halako beharrik ez zeukan bere ama eta aitatxi “ni”rekin zegoelako. Arazoa “neu” nintzen, “ni”ren pentsa muinak batzuetan nituelako, “ni”-ren ohiturak maiz nituelako, “ni”-ren tradizioak nituelako. Hala ere ez beti. Batzuetan biok bat egiten genuen, besteetan bi aurkari ginen, han eta hemen. Hala ere, “Neu” kanpoan jakiteak urduri jartzen zuen, batez ere amaren bila joan nintzelako, bai berea, baita ere nirea.

                                                   *

Konfiantza osoz,  ene bidaia errepasatu nuen, lehenik surflari Donibaneko uhinetan, gero igelari itsaso zabalean, azkenean ikerlari Ziburuko hondartzan,. « Neu » nintzen, bidai izugarri hori egitera abiatu zen presuna berria, ortzi-muga begi miran, surflariz jantzirik Santa Barbarako uretatik atera zena, itsu, nire abiapuntua batere ezagutu gabe.
Ur magikoak helburu tinkoa bazeukala banekien, agian jirabirez, eskasez eta hutsez beteta, baina tinkoa, alderantziko bide luzeak markatutako patuaz egina.
Zeren bila gindoazen biok? Pertsona biziduna zen amaren xerka ala bere muin eta garunen bila? Naski biak, baita ere lurrean bizi izan zituen egoerak konpontzera eta bere heriotzak jaio zituen ondorioak alderatzera. Nire buruari galdera bat nioen: Ziburura etortzekotan, oinez etor nintekeela ez ote zen hobe, nahiz eta modu berdinean “neu” bilakatu?  Zergatik itsas zabaletik hainbeste arrisku paira arazi?
Erantzuna hortxe neukan, biziak bere baitan zituen zailtasunak erakusteko, dena ahaleginez konpon zitekeela azaltzeko eta neure biziaren erroak uler nitzan denbora ukaiteko.

Oraintxe nulerren* ongi zergatik hain laster ekarrarazi ninduten amaren arorat. Hura ez zen akatsa izan eta horren hobendunik ez zegoen. Ez ur magikoa, ezta ere aita Izko ere, hark magia gure eskuartean ezarriz, amarengana atzera aldera aukera baizik ez zigun eskaini.  “Timing”-en errurik ez zegoen batere  eta, amatxi Julitxoren oneziaz ohartzetik aparte, soberan nuen urte andana gogoan izango nituen ene galdera filosofikoak argi nitzan. Oro aurrez egina zegoen eta amatxirena entrenamendu  bat baizik ez zen.
Nire bidaiaren lehen partea hementxe bukatu zela ohartu nintzen eta Ziburuko ibai ertz hartatik ez nintzela gehiago mugituko nigarrien*. Hala ere handik lur barnera urruntzen zen ibaiari so tinko bota nion, nire bidaiaren balizko jarraipena imajinatuz.

Nahiz eta jakin ama Ziburun zegoela, dei filosofiko batek deituta, mendirantz jo behar nuen, berriro atzera alderantz, nire, bere eta gure biziaren funtsa uler nezan.
Jatorriaren bidea beti aldapaz gora doalako, mendiko atean jotzea nuen misioa, itsasotik iturrirantz, gazitik gezirantz, baretasunetik ur jauzirantz eta zabaletik ttikirantz eta agian aita Izkok emandako ahalmen guztiak urbegi haren ondoan ulertu.
Itsaso zabala zitekeen bihotz emankorretik jalgitzen ziren zainen pare, imajinatzen nituen ibaitik sor unera zigozen errekak, ur- jauziz ur jauzi, putzuz putzu, aparrez apar, iturrira eta urbegira iritsi arte

*nulerren: ulertzen nuen

*nigarrien: igartzen nuen

zihoazenak. Horixe neukan balizko helburua. Hori neukan sobran nituen urte horietan Ziburutik ihes egitekoa.

Nire igotze filosofikoa ez zen izan behar nire jatorriaz harro egoteko eta arrazakeria lekarkeen edozein teoria bazkatzeko. Ez! Zer axola zeukan euskalduna, beltza, mairu edo asiarra izateak. Nire bidaia denen bidaia zen, orok ama badaukatelako, eta ni bezala, suerte txarrez haur denboretan galtzen dutenek herioaren zergatien adierazpen zehatzak jakin beharko lituzkete. Hala ere, nirea enea zen eta ez beste inorena.
Zuzen zer ote zen? Berekoitasunaren afera, egozentrismoarena edo  nazionalismoarena?  Batzuentzat erroen bila joatea joko kaxkarra zirudikeen, enetzat ez, atzekoa ulertu behar bainuen eta bost axola aurreikusitako iritzi murritzetan lagunak erortzea, ez nien gehiagoko adierazpenik eman behar.

Ene ur geziko balizko bidaian, zer igeri mota aukeratu beharko ote nukeen gogartzen ari nintzen. Itsasoan bezala, nire aurrean zeudenak ez ikusteko moduko atzera aldekoa edo gibelekoa ahaztuta, aitzinera begira eramango ninduena? Zalantza guztiak bazterturik, zuzen- zuzen abiatzea deliberatu nuen eta atzerako igeri lasterra itzulerarako uztea. Halere, han ez zen igeri motarik, ene gogoan neuzkanak baizik. Agian, behin erreketara iritsi, hoberena ertzetik oinez igotzea zitekeen, beherantz zetozen adar eta enborrek minik egin ez ziezadaten.
Oraino ibaian nengoen eta balizko Azkainera iritsi nintzenean, ohiko portu zaharra zeharkatu nuen, urak nahiko biziagoak sumaturik.

Eskuineko aldetik zetozen errekei ezikusia egin nien, Nirea, mendi garairantz zihoana zelako. Emeki- emeki, ibarretako ordokia itxita ikusiz, neure erreka zuzenari hurbiltzen nintzaiola banoharren.*

Parez pare gorantz zihoan azken ur bizi hartara iritsi nintzenean enea zenik zalantzarik ez nuen izan. Horixe neukan neure, geure sorbidea.

Zeren bila nindoan zuzen ez nekien. Aita Izko gogoan, aurkitu zuen urbegiaren xerka ote nenbilen? Agian preseski ez hura, baizik eta gizakiak lituzkeen ororen xerka. Nirea denena baitzen eta ororena, enea.

*banoharren: ohartu nintzen

Ene obsesioari tinko eginda, han goien amaren herioaren arrazoia aurkituko nukeela pentsatu nuen, baina denbora galtzea ez ote zen? Ongi nekien zerk eta nork erail zuen baina aita erailetzat hartzea ez zen txantxetakoa eta beste hil iturri baten bila joatea errazago neukan, ez asmatu nuen nire auziaz damutzen nintzelako edo Bobbyk pena ematen zidalako, baizik eta neure betiko obsesioa zelako.
Erreka hura nahiko luzea izan zen eta hantxe nenbilen noiz itzal arteko eremu misteriotsuetan, noiz eguzkiaren izpiek argitzen zutenetan. Gora iritsi nintzelarik, bihotzeko hertsi batetik irten ziren hainbeste erreka esker-eskuin bazoazela ohartu nintzen.
Han gainetik itsasoa ez zen ikusten baina haren baitan igerian egon nintzelarik izan nuen iduri bera burura heldu zitzaidan, hau da, bihotz zabaletik gorantz zihoazen zainarenak. Gauza bat argi nuen orain, benetan oro alderantziz zela eta goititik beherantz zihoazen zainek itsasoa zen bihotz zabala bazkatzen zutela. Gainera, ez zuen garrantzi handirik, azken finean, denek patu berdina izanik, urbegi eta iturrien urak hodeietara zeramatelako, batzuk euriak ekarritako urez ur- zabalera isuriz, besteak hantxe, itsaso gazian, denek bat egin dezaten, geziaren igurian.
Hedoiak ur lurrinduen egarri zeuden eta alderantziko bidaiaren pare, joan- etorri bizigarriak nahasten ari ziren. Oro borobil borobila.

Biziak heriotzara zeraman. Herioak bizira. Agian deus ez. Agian dena. Horrengatik balizko patuak gorantz eraman ninduen, luzea zen goraldi laburrera. Une batez urteak iragan ziren eta berriro Ziburun agertzeko gertu nengoen.

                                          Laugarren hurrupa   

Gosaria mahai gainean neukan, bi arrautza egosi, kafe huts sendoa eta bi kiwi, baita jogurt naturalaren hondarrak ezti apur batez ogi xigortuan hedatuak. Urontzi magiko zaharretik  hurrupatxo bat ezpainetara eraman nuen. Hiru irenste-aldi baizik ez zitzaizkidan gelditzen eta geroa hain ezezaguna neukan…  Egin nuen lehen gauza apartamentu bat alokatzea izan zen. Ziburu zaharra aukeratu nuen eta zorionez, hark bi kaleetara zeman*. Alde batetik, Donibane eta portuko bista leihotik agertzen zitzaion eta bestetik, Pocalette kaletik eliza-atarian zagerren * gurutze handia parez pare zaltxan*. 
Gogoan izan nituen aukera guziak bazterturik, betiko adioa esan nien bai balizko transexualitateari, baita balizko erizain lankide hari, adio ere Adelita maiteari.  Agur handiena, buru hauste jasangaitzari.

Ezuste ikaragarri bat hartu nuen. Ur magikoak apaiza bihurtu ninduen! Ni, apaiza?  Hala ere, amaren konfiantza irabazteko, erabaki hori ezin hobea zela laster kontutan hartu nuen. Zalantzarik ez zegoen! Amak deliberatutako guziak elizak manatuak izan baitziren batez ere eliza-atariko solasaldietan aitaren ezagutza eta heriotzara kondenatu zuen erditzeko erabaki zentzugabea. Biak fedeak gidatuta.
Zailarena ni benetako apeza izatea izango litzateke, baina tira, xedeak bitarteak baino balio gehiago zuen.

Hemendik aurrera, gerta zitekeen guztia nire menpe egon zitekeela banoharren* eta elizaren barnean ni kokatzea ideia miresgarria izan zen, hantxe, denen lekuko, ororen testigu, baina ere traba guzien oztopo.

*Zeman: ematen zuen
*zaltxan: altxatzen zen
*zagerren: agertzen zen
*banoharren: ohartzen nintzen

Etxeko leihotik amaren joan etorri guziak kontrolatuko nituen, baita  ere Zumel familiarenak, aita ikusmira berezian egonik. Beste abantaila preziatuak bazituen ere, kofesioa izan zitekeelako ama aholkatzeko modu hoberena. Denen jakinean gainean egonen nintzatekeen.

Ama hain ona, emankorra eta atsegina zen erraza izango nuela bekatuak egitera bultzatzea, apezaren hitza Jaungoikoarena baitzen. Baina nola jokatu? Ama noizean behin “La tabernera” deitzen zutela oroitu nintzen eta hori bekatu iturri izan zitekeelako, ildo hori sakontzea deliberatu nuen baina horretarako leku aproposetan egon behar nuen eta Ziburuko ostatuetan ama ikustea, ezinezkoa zen,  Madame Zumel, pentsa, Bobby enpresariaren emaztea, herriko tabernetan…

“Ni”-k eta “neu”-k bat eginda, oroitzapen berdinak genituen. Biok gogoan geneukan nola gazte-gazterik ezkondu nintzenean, amaren istorioak niri kontatu beharrean, amatxi Julitxok, MariaTeresa, nire emazteari luzatzen zizkion, bai amaren senideen gorabeherak, bereziki bere anaia Periko, aitona diputatu ohiaren abenturak, baita ere ene Iruineko amonaren familiaren bitxikeriak. Bazuen kontatzeko.

Gerra zuen gustuko solasgai, bereziki Tolosatik nola egin zuten ihes, baina ere Nafarroako bere familia zuzenekoak ez ziren Irurzun eta Gortari senideen arteko desberdintasun handiak azpimarratzea. Maria Teresak amatxiren aitorpen guztiak jasotzen zituen.

Perikorenak aparte, amatxirengandik beste anai-arreben kontakizunak biltzen zituen ere, Azkaineko atzerrira etorri zen Adrian medikuarenak, Ventura arkitektoarenak, zendu zen Loretorenak gutxiago, askoz gehiago parrandazalea zen Angel gaztearenak. Bereak eta bere ahizparenak nahiko isilduta zituen.

              Ventura, Rosarito, Periko aitona, amatxi Julitxo, Adrian

                  Angel, Maria Victoria Larreta ( berramatxi), Loreto

Nostalgia nagusi, bihotzean gakotuta zeuzkanak askatzeko bide egokia aurkitu zuen eta orain arte debekatuta zirudiena, plazara zateran*, Maria Teresa emazte ohiaren belarrien enperantzara, eta azken finean, nirera. Ororen gainetik, aitak egin zidana jakin behar nuen. Horixe zeukan helburua, niri deus esan gabe, inork kontatu ez zizkidan guztiak jakin araztea.

Beste hirugarren gai bat maiz ateratzen zitzaion, amak aitari utzitako diruarena. Familia nahiko aberatsa izanda, amak Tolosan ondasun batzuk bazituen eta behin, aita laguntzeagatik, etxe ohia saltzeko erabakia hartu zuen, lantegiko egoera hobetu zedin eta, mailegu baten antzeko, diru mordoa usinaren kutxa orokorrera sartu zuen.
Maria Teresari istorio hori maiz aipatzerakoan, amatxiren helburua zuzen zein izan zitekeen ez nuen inoiz jakin, sosa aitaren eskutan betiko eror ez zedin asmotan edo xinpleki, nik ororen jakinaren gainean nengoela hari erakustea, zozotzat har ez nendin bederen.
Egia esateko, diru laguntza horrek ez zuen lantegiaren egoera hobetu, bere jardunbidetzeko maneran, aita, onegi  eta sozialegi omen zelako. Irritxo bat atera zitzaidan ongi banekielako egindakoek sozial tanta

*Zateran: ateratzen zen

bat ere ez zeukatelako, jendearen aurrean garbi mintzatzeko ausardia eskasa baizik.
Ildo horri jarraiturik eta behin aita zenduta, halako batean, berarekin lanean zegoen Jacques izeneko anaiak aitortu zidan lantegi hori ez zela sekulan errentagarri izan, lehenik jende gehiegi lanean zegoelako eta aitaren kudeaketa despotikoa zelako, inoiz familiari konturik ez ziolako aurkezten, hauxe izanez leporatzen zioten akats handiena. Denek, erantzun bera beti jasotzen omen zuten, hainbeste jende kanporatzeko bere burua ez zuela gai ikusten eta ziburutar familiak ez zituela lanik gabe utziko. Berdintsu hondarribiakoekin, hango andre pila bat lantegian lanean baitzegoen.

 “La Tabernera” hori zuen amak bekatu bakarra, jendeen arteko poteoa, hauxe bekatua izan balitz bederen. Gainera  Atotxako irtenaldietan ezik, tabernetan inoiz ez zebilen eta hori nahikoa ez neukan zerbait leporatu niezaion.

  La Tabernera:  Lagun bat, ama, Louis, Evelyne, aitaren koñata eta bere anaia Louis.

Zuzen nola jokatu ez nekien. “Ni”ri idaztea deliberatu nuen, Maria Teresa ene emazte ohiarengana hurbil zedin ea bere ohiko istorioari zerbait erants liezaiokeen, agian oroitzen ez zen zehaztasun bat edo, izengoitia noizkoa ote zeukan, nork eman zion, eta halako…

                                                   *

Donibanen gutuna jaso nuenean, Olat ttikiarekin, Azkainera hurbildu nintzen bere amatxi ikustera, ea zerbait gehitu lidakeen. “Neu “ zubiko beste muturrean zegoela ez nion batere aitortu eta jakin-goseak bultzaturik galdera batzuk egitera bereganatzen nintzaiola, horri buruzko olerki bat idazten ari nintzela asmaturik. Gauza berririk ez zidan luzatu, tabernetan pintxoak eta ardoak jatea eta edatea gustatzen zitzaiola, batez ere Atotxara hurbiltzen zirenean Errealeko partidak ikustera, baina hori banekien, ez aldiz ama betidanik izan zela Errealeko kide. Donostiara joaten zirenean beti toki berean bazkaltzen zutela esan zidan, “La espiga” jatetxean hain zuzen. Sanferminetara abiatzen zela ere erantsi zidan baina hori, amona bertakoa izanda, gauza normala zidurien. Maria Josefa erdigunean dagoen Garcia Castañon plazan bizi zen eta ama, Asirondar Maribel bere lehengusinarekin,  han ere tabernaz taberna ibiltzea laket zuela zioen.

Garcia Castañongo etxean: Birramona Maria Gortari, ama, Mercedes izeba,aita,Manolo asiron osaba, Valeri ostiz izeba, Miguel Gortari osaba, F Javier eta M Antonio Asiron .

Bekatukorik gabe, hegoaldeko ohiturak bereak baitzituen baizik. Aitari aldiz zaila egin omen zitzaion horretara ohitzea eta ostatuz ostatu ibiltzerakoan berak ezarri izan liokeen euren arteko izengoiti sekretua susmoa hartu nuen.

Besterik gabe, “neu” ri berri handirik ez nuela jakin idatzita azaldu nahiez, bere helbidea ez nuela ezagutzen konturatu nintzen. Gutuna Ziburuko erretoretzara postaz igorri nuen.

                                                     *

“Ni”k kontatzen zidan lerroetan ez zen ezer damutzerik, ezta leporatzerik, inoiz horditzen ez zelako, noizean behingo parrandazale fina baizik ez zen. Afera hori erabat baztertu nuen.

Amaren heriotzaren aitzineko arotik hurbil nengoen, larritasun izugarriak hasi baino lehenagoko urteetan. Laugarren hurrupa garrantzitsuaren txanda hurbiltzen ari zitzaidan eta egin beharrari lotzeko prest nengoen.

                                                Ziburu         

Ama benetan ezagutu nuenean, Ziburuko “patronage” delakoan izan zen, elizak antolatzen zituen kristau ekitaldi berezietan eta horretan Maite, haurrei morala erakutsi ondoren, dantza irakasle bezala hasi zen, ziburutarrei fandangoa eta arin arina erakuts ziezaien.

1954an ginen eta emeki- emeki doktrina zabaltzeko grina gogoan, ama nire bertako pastoral lanetan laguntzen hasi zitzaidan, txikien ardura bere gain harturik. Laster gure harremana konfiantzakoa bihurtu zen eta edozein gaiez mintzatzeko gai ginen. Nik Ttune nirekin neukan eta nahiz eta gazteenekoetakoa izan, aitzaki asmatu nuen aitaren anai gaztea nire ikaslea egon zedin. Laster, nirekin solas egiteko ttikiegi zelako, irtenbide idortzat utzi nuen, Halere, aitaren haurridea izanik, familiaren hurbil egoteak laguntzen zidan, “Mami” zen bere ama bere bila zetorkiolako eta kasu bakan batzuetan, bere anaia ere, nire aita zen Bobby.
Aitatxi jadanik zenduta, René izeneko anai zaharrenari lantegiko zuzendaritza eman zioten baina laster, arduratik baztertuta, “Mamik” Bobbyri entrepresaren kudeaketa osoa eman zion eta horrek, emeki- emeki, maila sozial berezi bat eman zion. Kontakizunak kontakizun, orduan Ziburun ez zegoen auto askorik eta medikuetatik eta beste kontserbategiko zuzendarietatik aparte, aitak zeukan bakarretarik bat, “Citroen traction” beltza bat.

“Patronage” hartan ezik, zaila nuen nire apez lanetan aritzea, sotana eta guzi. Agian zailena meza zuzentzea zen, jendearen aurrean itxura ematea. Kofesioan aldiz, jendearen bekatuak lasai entzuten nituen eta irrigarria neukan barkatzea eta absoluzioa ematea. Berehala lan horretara laketu nintzen. L’abbé Aitti, batzuentzat, Monsieur l’abbé, huts – hutsik gehienentzat, frantseseko izena eman zidaten, “L’abbé” ene abizena izan balitz bezala.

Maite kofesatzera etorri zen egun handia laster gertatu zen. Bere bekatuak entzun nituenean barneko irri ezkutatu bat jalgi zitzaidan, aitortzen zizkidan guztietan, ez baitzen ezer barkatzeko. Ttikitan ikasitako zerrenda errepikatzen zuela iruditu zitzaidan, hogeita hamar bat urteko andre bat gezurretan aritu izan zela aitortzea ez baitzen
normala. Hori bai gezurra zela. Horren aparte, katiximako* haurrekin zorrotzegi izan zela zioen, baita senarrarekin haserretu egin zela ere, eta halako...
Tabernetakoa batere aipatu gabe, isil- isilik, eman behar nion absoluzioaren zain egon zen, penitentzia eta guzti. Eskaini nizkion bi Ave Mariak gutti iruditu zitzaizkion. Zer zigorra eman behar ote nion bada? Ez baitzuen bekaturik batere. Geroago etorri zen aldiro eta tankera berdineko aitormenak eginda, benetako barkamenaren igurian zegoela sumatzen zitzaion, Jainkoaren hitza itxoin balu bezala. Nire xedea betetzeko itxoin beharko nuke.

Behin, aita bere atzetik elizan sartu zela ez nintzen konturatu eta damu-kaiolan sartu zelarik ustekabean hartu ninduen. Entzun beharrak onartuta, bere emazteaz kasu ematea aholkatu nion, nahiko nekatuta ikusten nuelako, besterik ez. Lehen aldi hark ez zuen ezertarako balio izan baina niregana itzuliko zela banekien eta noizbait ene txanda etorriko zitzaidala ere bai.
Katixima egunetan, haurrak jostetan ari zirenean, amarekin elkar solasetan sartzen nintzen baina ez nekien batere gai egokiak nola aurkeztu, ezta nola aipatu ere. 

Nahiz eta bere bi gurasoak berriki galdu, bere burua nahiko pozik zerakutsan*, etxean zeukan nini txikia hainbeste maite baitzuen.  Batzuetan bere bi izebez hitz egiten zidan, baita ere Tolosatik nola ihes egin zuten. Inoiz ez nire helburua betetzeko behar nuen bere senarraren berriz. Nire eginbeharra oso zaila ikusten nuen eta denborari bere lekua uztea deliberatu nuen, behin edo, igurikatzen nuen solas-aldia argira aterako zelako. Nire lehen arreba noiz sortuko litzatekeen aurretik jakinda, erraz kalkulatzen ahal nuen gurasoek  noiz gauzatu zuten, 1956ko  martxoan.

San Joanetan geunden jadanik  eta kopulazio garrantzitsu hura oztopatzeko deus ez nuela egin ohartu nintzen. Ezinezkoa agertzen zitzaidan eta asteak hain laster iraganda, epea oharkabean pasatu

* katixima( ip):, doktrina, katekesia
*zerakutsan: erakusten zuen

zitzaidan. Huskeri bat iruditu arren, nire axolagabekeriak ama bere alaba galtzera zigortu zuen eta bakar- bakarrik apartamenduko nire
gelako ohe hotz hartan, gauero damutu egiten nintzen, arreba salbatzeko ez nuelako erria* mugitu ere. Agian oker nengoen eta nire buruari botatzen nizkion iroiak debaldekoak ziren.

Bikarioak elizatearen parean zegoen apaizetxean bizi ziren, baita apez gazteak, denak kalostrapearen gurutze handiaren itzalean. Pocalette karrikako nire etxea aldiz, elizarena ez zen.
Denbora gutxiz, elizako zutabea bilakatu nintzen eta meza ondoko fededunen arteko harremana, naturala bilakatu egin zitzaidan. Kofesioa bazterturik eta behin edo beste ikusirik, nire aita halaxe ezagutu nuen, hantxe, hiru urteko umea eskutik helduta. Kepatxok modu bitxi batez begiratu ninduen, antzerkiko pertsonai bat banintz modura. Adin horretan, zer jakin behar ote zuen nor nintzen.

Nik aldiz, bera ni nintzela banekien, eta aitarekin ez nuelako pozik egoteaz batere oroitzapenik, Kepatxoren irriak hunkitu ninduen. Aitarekin, noizbait uros egon izan ote nintzatekeen? Damuetan erori gabe, aita zigortzeko nire xede tinkoari gogor ekin nion, benetako mina eginen zidala banekielako. Hark bildots antza eman arren, bere baitan aker beltz gaiztoarena zeukan eta haren irri faltsuaren jokoa jendeen aurrean salatu behar nuen. Ez nion ezer barkatuko! Nire sotana beltza baliatuz, aita zigortu behar nuela argi zegoen eta hobe nuen gehiegi ez ezagutzea, hunkigarriegia izateagatik, harremanetako une zehatzetan biguntzen ohi nintzelako, baita ere presuna bakoitzak alde onak beti ukan zezakeelako. Kepatxo aitari helduta ikusirik, nire oroitzapenetan zerbait eskas neukala ager arazi zidan.
Beti uste izana nuen bizi guzian jaso nuen blokapen izugarria, amarenganarekikoa izan zela bakarrik eta oraintxe nasuman* nire lehen hamar urteetan aitaz ere ez nintzela batere oroitzen, nire bizitzatik kanpo egon balitz bezala. Lehen bost urte haietaz ez nintzen ezertaz gogoratzen, ez ama bizi izan zelarik, ezta neu, bizirik egon

*erria: behatza ( Lapurdin behatza azkazala da eta erriaeuskara batuaren behatza)

*nasuman: sumatzen nuen

nintzenik ere. Amaren heriotzak eraikitako izugarriko horma ez zen bakarrik bere oroitzapenetik ihes egiteko egina, aro guzti hura ene gogorapenetik lekutzekoa baizik.

Ene aitaren aldeko oroimen bakarrak 10 urteetan hasten zitzaizkidan, hau da, 1963an, nire anaia sortu zen egunean, azaroaren 19an,
Kennedy presidentea erail zuten aro berezi hartan.  Hortik aurrera benetako abandonua sentitu nuen eta nire ohiko bizi tristea hortxe hasi zela erran nezake. Hor ere ohartu nintzen maitasunez beteriko harremanak, nire amaren aldeko senideen artekoak baizik ez zirela, bai amatxi Julitxorenak, bere ahizpa Rosaritorenak baita ere Arraiozera eta Bilbora neraman Mirentxu amaren ahizparenak. 
Zenbat aldiz ene buruari galdetu izan nion ea aita maitatzeko gai zenik ere, bereziki, 22 urte bete nituenean. Amak lantegian ezarritako diruaren berri jakiteko nire ohiko emaztea zen Maria Teresarekin  aitari hurbildu gintzaizkionean, batere lotsarik erakutsi gabe erantzun izugarri bat eman zidan, hau da, nire aldeko zorrik ez zeukala zioen, enekin diru aunitz gastatu zuelako. Baita ere gogoan hartu behar nuela, bere familiarekin bizi izan nintzela eta nire heziketa kario atera izan zitzaiola. Azken finean, eskerrak eman behar omen nizkion. Alua!
Halako odol gaitzeko aitormenak hainbeste min egin zidan, bere esanak betiko gogoan zizelkatuta atxikiko nituela. Argi eta garbi zegoen, familia hartan bere semetzat hartzen ez ninduela. Nik, bere etxean ene burua kanpotarra sentitzea ez zen gauza berria, baina parez pare aita batek halakorik bere semeari aitortzea, beste gauza bat zen.  Nola zitekeen bere semea modu horretan ukatzea? Horrek esan nahi ote zuen ea maitatzeko gai ez zen ene kezka benetakoa zela?
Ustekabean aitzakiak bilatzen ari nintzaizkiola irudi zuen, baina berriz ere, geroago bizitutakoek gogor egin behar nuela erakusten zidaten. Hala ere, Stokholmeko sindromez josia, oroitzen nintzen nola igandeetan Hendaiara abiatzen ginen, itsas bazterreko ibilbidean gurpileko patinetan ibiltzera. Nahiz eta une gozoak irudi, tristeziaren negarra begi barneetan neukan, sekulan joan ez zitzaidan penez bustiriko testigu dirdiratsuetan. Orai berean, hauxe idaztean, malkoak begietara datozkit. Irudi krudela horren aparte, gazte denboretako aitaren beste oroitzapenik ez neukan, ezta amarena noski, ezta norbaitek haren heriotzaren berri eman zidanik ere. Ni ere 1963ean sortu nintzela zirudien, ardi xurien arteko beltzena, artalde arrotz batean marraka aritzeko gertu.

Eliza atean ezagutu nuen egun hartan aitak ez ninduen ezagutu, bere gogotik desagertu izan banintz bezala. Nik, mendekua pil-pilean neukan, amaren herioaren hobenduna izan zitekeelako.
- Erailea!- Oihu egiteko gogoa sartu zitzaidan.  Ongi ikasitako irritxo batekin agurtu ninduen, frantses elegante baten pare, eskua emanda, “Bonjour” Monsieur l’abbé batez kunplituki agurtuz. Egun hartan
ama bere bigarren haurraz espantxatan* zegoela ohartu nintzen eta nire axolagabekeriaz berriro ere lotsatu nintzen, ni ere erailketa baten konplizea bihurtu nintzelako. Arreba hilko zitzaidala jakin arren ez nuen heriotzatik libratzeko ezer egin. Aitzaki bat aurkitu nahiez, patuak eskatu zidana ez zela hori nioen, ama eta bikiak heriotzatik libratzea baizik. Miren Maitek hainbeste garrantzirik ez zuen, zinez inork ez zuelako ongi gogoratzen. Benetan irudi zuen ama ez zela inoiz bere haurdun egon eta denek zentzera eraman zuten bikietatik aparte, lehen alaba hura gezurrekoa izan zela zirudien.
Orain, nire xedeari irtenbide serioa bila nezan, bi urte oso neuzkan.
Nire burua egozten ezin nuen denbora pasa eta ezin nion damuari nire zuhurtasuna zapuzten uzten. Miren Maiteren sakrifikatzea ahantzi behar nuen nire helburuari lotu nintzaion.

Egitasmo makiabelikoa eraikitzeko prest nengoen, lasai, aterabide hoberenak aukeratuz. 1958eko azaroaren  1era arte denbora baneukala iruditzen zitzaidan baina oker nengoen, amaren heriotzaren data zehatza ez zelako abiapuntua, bibiroak *konzebitu zituztenena baizik, hau da, otsaila. Uste baino denbora guttiago neukan.

*bibiroak ( Baztan): Bikiak, bizkiak

                                     Galderak eta saiakerak

Aita-amak nahiko hurbil nituen. Hala ere, gertaera larri guzietatik urrun arazteko ez nuen igartzen nola jokatu. Amari aholkuak ematea zaila zitzaidan, baita kofesioan ere, apez batengandik sexu kontuetan aritzea ez baitzen zuzena. Amaren mesfidantzak sortu gabe, mota horretako elkar hizketa nola gure tartera ekarri? 1956an geunden eta sexua tabu osoa zen. Zer ausardia bere sexu portaeraz berarekin hitz egitea ikusle maltzur bat bezala pasatu gabe. Intromisio lizuntzat baizik ez zirudikeen. Ezinezkoa. 

Beraz, bikotearen arteko harremanak zapuztea neukan hoberena, emeki- emeki, nolabaiteko susmo txarrak amarengan sar araziz.

Astearte guztiz aita Parisera zihoan, lantegiko aferetako bilkuretara.
Behin Donibanen izandako pentsamenduak buruan, aitak Parisen maitale bat ukan zezakeenik gogora etorri zitzaidan. Bigarren emaztearekin halako jokoetan aritzea legezkoa iruditu arren, nire amarekin gezurretan aritzea inondik ere. Nahiz eta geroko kontuak izan, oraingotu behar nituen eta aitari zerbait leporatzeko aukera ireki zitzaidan. Balizko desleialtasun hori nolabait baliatu behar nuen.
Baina halako akusazioa nola sines arazi, aita, hain herabe eta serio hemen eta gonakari han? Hori uste araztea zaila egingo zitzaidan. Mendekua bizi-bizirik, aita izorratzeko edozein bide balia nezake. Baina nola jokatu?

Bat-batean hamaseigarren mendea gogorat heldu zitzaidan. Ai aro hartan bizi bagina! Margarita de Foix Nafarroako erreginak, Heptameron liburua idatzi zuenean, Nafarroako gortean gertatzen ziren gona abenturak kontatzen zituen. Berriki irakurritako liburu horrek beste zerbait zekarkidan ere, aro eta leku berdinean, Bernat d Etxepare apezak idatzitako lehen euskal liburua, “Linguae vasconum primitiae”. Jainko eta euskararen aldeko olerkien artean, emakumeen abenturak aipatzen zituela ere gogora heldu zitzaidan, sexua gora eta behera. Eihelarreko erretoreak idatzitako “Amorosen gaztigua” eta “Emazteen fabore” olerkien gaia, apez batengandik, bitxia baitzen, baita ere “Amoros jelosia” eta “Amorosen disputa” beste bi bertsoena.

Nahiz eta orduan gai normalak ziruditen, Bernati apezpikuak iroi merezia egin omen zion, ea nondik ezagutzen zituen hainbeste emakumeen intimitate. Gure apez idazle famatuak sekretuak entzuteko  konfesio zeukala iturri zerantzukion. *
Beraz, hamaseigarren mendean bezala, zerbait idatzi beharko ahal nuke amak testua irakur zezan? Ideia miresgarri hura koropilatsuegia, erabat baztertu nuen, eleberri bat idazteko aroa ez zitzaidalako eskura oraino jalgi.
Berriro Ttune osabaz gogoratu nintzen, katiximan eta dantza kurtsoetan nire menpe zegoen aitaren anai gazteena. Joko bat balitz modura, Pariseko istorioa luza niezaiokeela pentsatu nuen gezur solasek bere bidea egiten dutelako. Agian gazteegi zen halakorik ulertzeko eta sinesteko eta Maite nire ama hainbeste maite zuen…

Kezka eta zalantza handiak nituen, alde onak beti txarren batek bere baitan zekarkeelako eta ni, berez, kezkati nintzelako. Apez rola berri horretan dena korapilatua zagerkidan *eta ez nekien zer erabakia hartu. Agian Maria Teresa nire bikote ohiari deitu beharko nioke aholkuak eman ziezazkidan. Aro batez, hura izan baitzen nire kezka guzien salbatzailea, deliberapenak kolpez hartzeko ohitura zeukalako, nahiz eta ez beti zuzenak izan.

Azken leiho bat zabalduta ikusi nuen ere, erabaki gaizto bezain zorrotza, hau da, aitaren ahalmen sexuala bide makurrean sartzea, baina horretarako asko hurbildu behar nintzaion, egunero bromuroa edalontzian sartzeko. Hauxe liteke irtenbide errazena, amarekin  sakonki adiskidetu eta apezetxe baino, Zumeldarren etxean egunero bazkaltzea.
Apeza izatea gustatzen zitzaidan, jendeen hurbiltasuna gauzatzen zitzaidalako. Elizgizon aldeko errespetua handia zen orduan eta inori ez zitzaion inoiz bururatzen apez batek esandakoari ezetz esatea. Ene garaitasun posizioaz baliatuz, Maiteri hurbiltzea ezin errazago egin zitzaidan, batez ere katiximan, biok ginelako pastoralaren doktrinako arduradunak. Nire esku zegoen.
Doktrina ezik, elkarrekin maiz egoten ginen, bai ostegunetako gure haurren eginbeharretan, baita ere astearte arrats batzuetan,

*zerantzukion: erantzun zion.
*zagerdidan: agertzen zitzaidan

erakaspenen prestakuntzak aurreikusi behar genituenean, umeen galderei, aho batez nola erantzun genitzakeen.

Suertez, astearteetan aita Parisetik berandu zetorren eta Maitek nirekin luzaz egoteko baliatzen zuen. Ez nuen nire ama inoiz ezagutu han bezala, modu desberdin batez, ez ama eztabaidaezin baten modura, baizik eta solaskide zen andre lagun baten erara, bi gauzak hain desberdinak baitziren. Horrek lagunduko ninduke bizi guzian izango nituzkeen hurbiltze laudatutik urruntzea, gazterik hil zen emakumearen oroimen intsentsatuetatik aldaratzea eta agian, izan nuen ahanzpenaren blokapen hura gainditzea. Ama pertsona normala zen, ez argazkiek erakutsi zidaten edertasun paregabekoa, ezta ere beste mundu batetik etorria. Bere on eta txar guziekin ama, denak bezalakoa zen. Nahiz eta txar gutti izan, bere zalantza handiak bazituen, seme- alabek sekulan ama batengan ikus ez zezaketenak. Beti arrazoi ez zuen eta horrek, bera egiazko ezagutzeko aukera eman zidan.

Harritu nintzen zer heineraino zigoen* bere sinesmena. Fedea denen gainetik zeukan eta irudi zuen biziko gauza guziak, ttikienak izan arren, Jainkoaren borondatez gertatzen zirela. Ni nahiz eta apeza izan, hala ez zela banekien eta sinesmena beste arlo batean ezartzen nuen. Amak zerua eta infernua egiazki bazirela sinesten zuen eta beretzat zitekeen “Ona” betetzeko, ahal zuen guzia egiten zuen. Bere izateko arrazoi bakarra hori zen, baita ere bere erizaina lana aukeratzeko motiboa, jendea laguntzeko hautatu baitzuen, behartsuei bihotz onez,  on eta mesede egin ziezaien.
Katixima misio baten antzekoa zeukan, Jainkoaren bidean haur guziak sar zitezen eta aingeru txikiek fedearen bidez zerua irabaz zezaten. Hala ere jendea maitatzetik aparte, agian gainetik, Jainkotasuna zuen jokabide eta helburu. Denak maite zituela bihotzetik eskertzen zioten, denek preziatzen zutelako.
Zer esan bere familiaz? Bere gurasoak hil ondotik, izeba Julitxo eta Rosarito adoratzen zituen eta zer esan nitaz, Kepatxo, bere semeaz, baina horretaz ez nintzen oroitzen…

*Zigoen: igotzen zen

“L’ abbé Aittik” ezagutu ninduenean, bi urte nituen jadanik eta bere besoetakoa bezala hartu ninduen. Nire osaba bezala bihurtu zen eta bera ere, ni bezala, bikoitza izateko dinamika hartan murgildu zen, oro binaka geundelako, batez ere bi seme, bat apeza, bestea haurra, Donibanen zegoen hirugarrena aipatu gabe. Beraz, hiru seme.

Behin, elizan nengoen halako batean, Bibliak erakusten zituen bat eginiko hiru buruko hura bururatu zitzaidan, hau da, trinitate saindua, denak batean bilduak. Antzeko zerbait baikinen, baina gurea ez zen asmaturiko ipuina, benetakoa baizik, hirurok bat ginelako, muinez, sortzez, odolez eta askaziez.

Kepatxok hori guzia ez zekien, ezta amak ere. Ama salbatzeko saiakera lanetan nengoela sekretua baitzen. Batzuetan, hogeita hamar bat urteko andre atsegin bezain eder hura bizia galtzera zihoala noharrenean*, izugarriko pena ematen zidan. Zerbait egin behar nuela gero eta gehiago etsituta nengoen.

Biziki zaila neukan katiximaren bitartez amaren lagun mina bilakatzea, emakume baten aldekiko harremanak hain itxiak baitziren orduan. Sexu bereko pertsonen artean aise errazago zen, bi emakumek elkar aise mintzatzen zutelako, konfiantzako tratua elkar zutelako, inolaz ez gizon baten aldekiko. Nola ezagutu bere sekretuak? Kofesiotik aparte, besterik ezinezkoa nuen, bereziki sexu aholku aitortza bereziak, orduko aroa horretarako ez baitzegoen. Eta hori zen nik jakin behar nuena, euren arteko gorputzeko harreman krudel hura oztopatu nezan. Zinez, burua galtzekoa.

Ezinezkoa ere nik aitaren Pariseko balizko abentura emakumezaleak salatzea. Horretarako desleialtasun horretaz segur egon behar bainuen eta nekizkienak, jendeen arteko erranak baizik ez ziren. Zer funtsa zeukan, behin norbaitek andre batekin aita Parisen ikustea?
Semetzat ezagutzen ez ninduen aitaren laguna bihurtzea ez zen nire buruan sartzen ere, hain sekretua eta  bakartarra baitzen.
Behar bada modu bakarra eta Maiteren heriotza aitzakiatzat harturik, kofesioaren bitartez, aitari kontseilu batzuk eman niezaizkiokeen,

*noharrenean: ohartzen nintzenean

medikuak esandakoen araberakoak, hau da, berriz ere emaztea haurdun ez egotea. Baina nor nintzen ni horretan sartzeko eta gainera nola erakuts amaren herioa igarri nezakeela? Hil misteriotsu hartaz nekizkien guziak amatxik kontatuak ziren eta, ezin nuen nire sekretua argira salatu, inondik ere, are guttiago, ama salba nezan, apez baten itxura hartu nuelarik.

Egoera oso korapilatsua zagerien eta burua itzulipurdika neukan. Mezatik aparte, aita ez zen etxetik inoiz ateratzen, lantegira, bilkuretara eta Parisera ezik. Halere, bidexka bat irekirik ikusi nuen.
Amari gustua egin ziezaion, bikotea hilabetean behin Donostiako Atotxa zelaira futbol partidara abiatzen zen. Nahiz eta futbol zale amorratua ez izan, Maitek Andoni Elizondo jokalaria ongi ezagutzen zuen, bere adiskide baten gizongaia zelako. 1936an, Tolosatik ihes egin zutenean, Laboa familia pasaiatarra betiko lagunak ziren jadanik eta Errealeko futbolari esker, aspaldiko laguna zuen Karmele ikusteko parada zuen, baita ere urtean behin, Bartzelonan jokatzen zutenean, mediku ikasketetan zirauen Mikel anaia ikustera elkarrekin hurbiltzen ziren.

“La tabernera!” Bat-batean izengoiti maltzur horretaz gogoratu nintzen eta zerua ireki zitzaidan. Horra nola jokatu beharko nuen: Bikotearekin Donostialdera abiatu. Aurretik banekien Maitek onartuko ninduela. Nola ukatu apez lagun bati futbol partida batera etortzea. Aitak ez luke ezer esatekorik aurkituko ere.
Horixe nuen irtenbide zuzena, ohitura berri batzuk sar arazi eta bide horretatik bikotearen intimitatean sartu. Astearteetatik aparte eta laneko egutegia nagusi, aita igande batzuetan Parisera trenez abiatzen zen ere, astelehen bakan batzuetan bilkurak omen zituelako. Beraz, egun horietan Errealeko partidari uko egiten zion eta aterabide hauta- hauta hori baliatuz, buruz buru, Maiterekin Donostiaratzea bururatu zitzaidan. Horretarako Errealeko bazkide egin behar nintzen.

Nire plana aurretik gauza nezan, bakar- bakarrik eta denen ezkutuan, Donibane Lohizunen, Donostiako autobusa internazionala hartu nuen, eta Gipuzkoako hiriburu berrirantz abiatu nintzen, hainbeste aldiz entzun bainuen etxean Tolosa zela egiazko hiriburua eta ez Donostia. Nahiz eta  1854an gertatu, etxean kontu berria zirudien baina,   bakoitzak eta bereziki tolosarrek bere etxe aldera jotzen baitzuten.

Gipuzkoako plaza jadanik beteta zegoen. Eguberri zen eta jaiotza eder baten pertsonaiek inguru guztiak betetzen zituzten. Nire apez lanari lotu behar ote nintzaion ene buruari galdegin nion, hau da jaiotzari hurbildu eta bi agur maria errezatu. Baina nehork ez ninduen ezagutzen eta hura baino, Bidasoa tabernara hurbildu nintzen ardo bat hartzera. Hantxe sarrerak eros zitezkeela banekien, aldiz  bazkidetzarik harpidetzeko, Atotxara hurbildu behar zela esan zidatenean harantz abiatu nintzen eta Errealeko bulegoetan nire ametsetako txartela lortu nuen. Aupa Erreala! Ene plan bereziari leihoa zabal- zabalik nekuskion.* Amari nire errealzale grina  handia bazkidetzan gauzatu nuela aitortuko nionean, poztu egingo zela banekien. Nola ez!
Hegoaldeko apez errefuxiatuak ospe handikoak ziren orduan, bai Don Alberto Onaindia kanonigoa eta Txomin bere anaia, biak Markinakoak. Nik ere tankera horren itxura hartu nuen eta bertako apez xumea baino, konfiantza osoa lortuko zuen apez gipuzkoar baten antza hartu nuen, sotana, meza liburu  eta guzi.

                                  Don Txomin Onaindia

*Nekuskion: ikusten nion

Nahiz eta gizona izan, amak, buruz buru futbolera nirekin joateari ez zekidakeen ukatu, apeza nintzelako. Aitari ez lioke grazia gehiegirik egingo banekien baina, bere emaztearen nahiak bete zitzan bere ezpainetan irria atxiki egin zuen. Mersi, silbuple!

1957ko urtarrila horretan, Real Madriden aurkako partidua ikustera abiatu ginenean amaren konplize galanta bilakatu nintzen. Batzuetan bezala, aitaren autoa hartzen genuen eta ohiko bidetik, mugara iritsi. Gipuzkoan sartu ginenean, bihotz ximiko izugarria sentitu nuen.

Alde zaharrean bizpahiru ardo txuri edan ondotik, “La espiga” jatetxera bazkaltzera hurbildu ginen. Lehen ateraldi hartan, nire helburu bakarra zen ama begiztatzea eta bere ohitura eta grinak kontutan hartzea. Nahiz eta erabilgaitza izan, “La tabernera” izengoitia ongi zeraman, tabernetako bizia gustukoa zuelako, batez ere jendeen arteko harremana. Hala ere, ama ez zen batere edalea, jendeen artekoa baizik eta elkartze sozialak gustukoak zituen. Ni ere hala nintzen eta apeza izan arren, ardoa ongi sartzen zitzaidan. Tabernetan egon arren, sotana beltzak errespetu handia sortzen zuen eta toki guztietan burua apaltzen zidaten.

Real Madridek bi eta bat irabazi zuen. Eskerrik aita gurekin ez zegoela, bere barnean eta Europako partiduetan, merengeen aldekoa agertzen zelako, eta hori ulergaitza nuen. Halere futbol ona gustukoa zeukalako, Gento, Di Estefano, Kopa, Puskas eta halako jokalari famatuak bihotzean edukitzea bai ulertzen nuela.

Nire helburua erdi lortuta neukan. Donostiatik itzultzeko ordua iritsi zenean, aparkalekuraino hurbildu eta etxera itzultzeko bidea hartu genuen. Orain banekien nola izango ziren partidu egun horiek baita ere aitaren presentziak ez zuela ezer aldatuko. Halere nahiago nuen Maiterekin bakarrik joatea, ama izan arren, lagun gisa ezagutzeko parada ematen zidalako eta harreman estuetan sartzeko bide egokiarena hauxe izango zelako. Nire  Edipo konplexua sortzen ari zitzaidan.

Aldiz, aitaren frantseskeri hutsak haserretzen ninduen, eta bizitako pairamen eta ukapen guztiak burura heltzen zitzaizkidanean bere aldekiko nazkak gain erasotzen ninduen, baita ere amaordearen eragin ezkorrak oroitzen nituelarik. Aitari soilik gorrotorik ez nion, bere mundu eta giro guztiari ere, bai bere familia, frantses hizkuntza, Donibaneko bizia, lantegia, barnetegia, amaordea eta anai-arrebak, denak higuintzen nituen, denengandik pairamenak bizi izan nituelako. Nire bertako lagunak ere ez nituen preziatzen  ezta herrian ezagutzen nuen giroa, dena.
Aldiz amaren mundua, euskara, hegoaldea, Arraioz, Bilbo, lehengusuen hiria, abertzaletasuna, errefuxiatuak, Radio Paris, denak  laudatzen nituen.  Existenzialismo hutsa! Askatasuna hegoaldeko giroan neukan. Presondegia Frantziakoan.
Ai! Euskal giro abertzalea izan balitz gazte denboretan Lapurdin, ez nintzateke hala hazi izan. Hamazazpi urteetatik aurrera gauzak aldatu zitzaizkidan, Begiraleak dantza taldean giro euskalduna bazelako. Lapurdiko  ihauteri berpizteko lanetan, Donibaneko taldeak gazte pila bat inguratu zituen eta hantxe abertzaletasuna pil-pilean zegoen, bai ETA-ko lehen errefuxiatuen eraginez, baita ere EAJko jendeen seme alabak bertan zeudelako dantzan. Hortxe lagunez aldatu nuen eta nire betiko frantsesak hantxe berean baztertu nituen. Zer salbazioa! Donibane Lohizune berean euskal giroa sortzen ari zen.

                                                   Donibanen

Olat zaintzen nengoen. Eki, bere ama etxean ez zegoenean txikiak ez zuen inoiz ongi bazkaltzen eta nire ardurapean zegoelarik, gauzak okerrera zihoazen, deus gutti irensten zuelako. Zalantzarik gabe, urduri zegoen. Ni ere hala nengoen, lehenik Olatxok jan behar zuelako baina ere, Ziburun “Neu” zer ari zen ez nekielako. Aldiz, denetarako ausart zitekeela banekien eta horrek erabat kezkatzen ninduen. Itsas uhinetan igerian galdu nuenetik Ziburura iritsi zela baizik ez nekien, amarekin topo egin ahal zuenez aldiz ez. Baietz iruditzen zitzaidan, zerbait buruan sartzen zitzaionean, muturreraino eramaten zuelako, baina kezkak bizi- bizirik egosten ninduen.
Gauza bat zen aita Izkoren urari esker, bete zuen atzerakako itsas- bidaia, bestea Ziburun bizitzea. Herri txikia izanda, ama bilatzea eta aurkitzea erraza litekeela pentsatu nuen. Bere helburua lortzeko eta azken xedea betetzeko, ahal guziak saiatzen ari zela banekien ere.

Ama ez zen hil behar! Nire aitzinean bizi- bizirik ikusi izan nahi nuke zerbait berri proposatu niezaion: “Neuk” heriotzatik salbatzerakoan, senide guziak elkar bizi gintezen, bera, salbaturiko bikiak eta hirurok, ”Ni” eta “Neu” bat eginda, denok betiko elkarrekin.

Helburu bakarra ama eta zendu ziren bikiak salbatzea izateagatik, izugarriko pena ematen zidan Miren Maite gaizoa, ene axolagabekeriaz sakrifikatua izana.
“Neu”ren ordez, “ni” egon banintz, nola jokatuko nukeen pentsatzen hasi nintzen eta berehala amaren onezia famatua gogora etorri zitzaidan, amatxi Julitxok eta Ziburuko jende ezagunak hainbeste errepikatzen zigutena. Bere bihotz ona baliatzea zitekeen jokabide egokiena. Horretatik hasiko nintzela nioen, ondotik nola jokatu jakin gabe.

Baina “Ni” nintzen eta bera “Neu”, eta nahiz eta biok bat eginik, bera Ziburun zegoen eta ni ez.
Hantxe eta aita Izkok emandako urontziaren eraginez, urte andana bat gutxiago zituela banekien, baita ere aukera aunitz sakelan.
 Zenbat hurrupa egin ote zituen? Lehena nire aurrean, itsas uhinen artean, baina besteak? Argi zegoen magiarik gabe ezinezkoa zeukala ezer lortzea, beraz Ziburun, egoera aldatzeko bigarren bat edan zuela segur nengoen ere.

Olat lokartu zenetik, titia eman ondotik ama batek bere semea tinko eta luzaz begiratzen ahal lukeen bezala, hari so nengoen, haren mugimendu guziak aztertuz, zehaztasun guziak ikertuz, gero eta gehiago ezagutuz eta maitatuz. Nork ezagutu lezake haurtxo bat ama batek baino gehiago. Inork ez!  Agian nik. Inondik ere gehiago baina aunitz bai.

Ezkondu nintzenetik, nire haur goseak gainditzen ninduen, ene amaren eskasak, ama maitagarri baten rolean ene burua ikusten nuen, maitasun emaile zintzo batenean, ene bizi guztian ezagutu ez nuen tankerakoan.
Halere, ene burua “Neu”ren tokian irudikatuz, kezka bat sartu zitzaidan, ea Ziburun zegoen ama gazteak ez al ninduen berehala ezagutuko, nahiz eta itxurez aldatu eta mila mozorro ezarri. Ez al zuen ere amak “Neu” erraz ezagutuko, ama batek bere barneko izatez sortutakoa denen gainetik banandu zezakeelako. Apezarena ez jakin arren, zalantza bizian nengoen. “Neu” arrisku bizian egon zitekeela bururatu zitzaidan baina Olatxok iratzartzeko lehen keinuak eginda, pentsamen guziak hegaldan joan zitzaizkidan.

Nire alabek abentura guzi honetaz ez zekiten batere, ez aita Izkorena ezta ere “Neu” igerilariarena. Nere baitan neukan denak biltzeko  ideiak ez baitzituen gazteak barne sartzen, belaunaldien arteko desberdintasuna handiegia iruditzen zitzaidalako. Bat-batean ororen arteko bizi elkartuaren gogoeta buruan, ate berri bat izan zitekeela ikusi nuen, denok bat Donibanen egitea.

                                                Katixima

Asteartea zen eta apaizetxean Maite eta biok bildu ginen, osteguneko eginbeharrak elkarrekin presta genitzan. Eguberritako elizkizunak hurbiltzen ari ziren eta txikiei Jesusen sortzea kartsuki adierazi behar genien. Ez edozein modutan.
Amak lepo inguruan zeukan bere urrezko kate fin haren puntan, betiko gurutzea zintzilik zeraman. Hari lotua, Kristo euskalduntzen zuen lauburu bat zeraman. Gehienetan jantzien barnean sarturik, ikusezina zerabilen, batzuetan aldiz, igandeetako mezetan bezala, agerian.
Gaur eta menperatzen ez nuen arrazoi batengatik, katea arroparen gainean zeukan, apaindura baten antzeko.
Denek zerbait esaten zioten: - Zer kate ederra- Maite, - Zer gurutze polita daukazun hor- Eta lauburua? Ez nizun inoiz ikusi, benetan dotorea – edo -hor dituzu zure biziko arrazoi guziak – hobekiago ezagutzen zutenek, eta mila halako.
Denei gauza bera erantzuten zien, bere amonarengandik jaso izan zuela eta hura hil zenean berari utzi izan ziola. Katea jaraunspenaren ondorio izan arren, lauburuarena ez zen hala, txikitan, “Souvenirs”- eko Donibaneko saltoki batean izeba Rosaritok bi ilobei euskal gurutze bana erosi baitzien.
Maite oroitzen zen bai izeba Rosaritok nola zeraman halako berdintsua lepoan, bere bularren arteko arropen gainean. Aldiz, inoiz ez zion galdetu Julitxori ea berak beste ezkutaturiko bat bere jantzietan azpian bazeukanez, bazekielako agerian zitezkeen apaindurik ez zuela sekulan eramango, ez hori ez besterik ere. 

Bi ahizpen arteko diferentzia nagusia horixe zen, zaharrena, eztia, gozoa, emetsua eta apainduren aldekoa, gazteena aldiz, arrunta, gizon baten pareko orrazkerakoa, jantzi zahar bezain xinpleen aldekoa, sanoa eta harro. Hala zen amatxi Julitxo.

Nik ongi neukan amatxiren izaera gogoan eta agian berak bere arrunkeriaz  kutsatu ninduen, lehenik ama eta gero ni.

Astearte hartan, Maitek bere ohiko nortasunaren aurka, katea bularren gainean agerian zeraman eta egun horretan pitxia erakusteko arrazoi berezi bat bazuela pentsatu nuen.

Dena den, eguberritako kontuak aipatu ondoren, doktrinatik aparteko solas bizitan egon ginen, bai arrantzaleez eta Ziburuko giroaz, gerlako errefuxiatuen inguruko istoriotxoez, baita ere beste apez batzuen jokaerez, baina egun horretan gure elkar solasetako gai nagusia Lezo lagunaren bitxikeria izan zen. Gerla denboran nola barkuak armatu zituen, nola gudariak laguntzeko eta armatzeko, Bizkaia eta Frantziaren artean egiten zuen armen kontrabandoa, horiexek izan genituen mintzagai. Baina bitxiena eta irribarretan murgiltzen gintuena, betiko abentura zen, hau da, uharte galdu bat erosteko asmotan, nola Mexikoko lehendakariarengana abiatu zen eta Presidentziako jauregian harekin bildu, Euskadi independiente bat sor arazteko urrungo uharte libre hura lortzeko asmotan. Bere asmoa argi plazaratzen zuen, hemengo agintari arrotz bezain zanpatzaileek ez balute gure herria askatu nahi, Ameriketan salgai zegoen uharte hartan Euskal herriaren burujabetza lortzeko aukera bazegokeen. 

Amak ez zekien nik, Lezo erotzat hartzen zuten istorio horiek aspalditik banekizkiela, amatxik kontatuak. Are gehiago, Miren Urreistieta Lezoren alabaren aspaldiko laguna nintzela eta behin “Jagi Jagi”ri kantu bat egin niola ere, Lezo beste lagun guzien artean aipaturik.

                                             JAGI JAGI       

Jagi, jagi, Bizkai mendizale taldearen kazeta gudari,
Jagi jagi, jeltzainletik bereizitakoen  aldizkari.
Jagi jagi Agirretxe, Etarte, Lezo eta  Gudari,
Jagi jagi  espetxera orduan  hainbeste buruzagi.

Espainar gobernu errepublikarrak aldizkaria egin zuen itxi, 
Egin eta Egunkariaren itxialdia  dirudi, dirudi.
Jagi jagi  “ Lehenago bi» eta «Zergaitik ez» bi batalloi gudari,
Jagi jagi baina indar ahulez,  ezin ziren geiho bizi.

Zer gertatuko ote litzateke desagertu izan ez balitza?
Talde armatu bat orduan izango ote gudu atearen giltza?
Berba politikan sartu abiatzen ezker abertzalearen hitza,
Gudari,Txanka, Oraitz, Errotari, Txirrika zer jende bortitza.

Jagi Jagi, Euskal herriko lehen indar independentista.                                
Jagi jagi,  Zumalabe!, Arregui Aresti eta Astobitza.
Jagi jagi, Agirretxe, Etarte, Lezo eta  Gudari,
Jagi jagi,  espetxera orduan hainbeste  buruzagi.

Kartzelan egongo  litzateke segurki gaur egun jagi jagi,
ezkerreko abotsa litzateke zalantzarikgabe erne ta bizi .

Gora Jagi, gora Jagi, gora  Jagi jagi.

Amak zer zen Jagi Jagi bazekien, bere ahizparen senarra euren  batailoi batean sartu baitzen gudari. Halere ez zituen gehiegi maite, elizatik urrundu zirelako eta EAJ ukatzen zutelako. EAJren nazionalismoa Jainkoa bezain nagusi zeukan amak, etxean ikasia, bere aitak ihes egiteko funtsezko arrazoi hura betitik familian sartua izan zelako. Ni aldiz, Franco hil zenetik, EAJren altzoetatik erori nintzen ezker abertzale mugimenduari hurbiltzeko. Baina aspalditik hil zitzaidan amak hori ez zekien. Bere ahizpak aldiz bai eta horixe zitekeen gure urruntzekoaren arrazoietatik bat.

Amak zer iritzi neukan galdetu zidanean ez nuen jakin zer erantzun. Alde batetik fedetik urrundu ziren Jagi Jagi eta ANV-tik nahiko hurbil nengoela ezin nion aitortu, nire lehengo bizian jabetu zitzaizkidan ideiak zirelako eta orain hementxe nengoen, apez. Une berean, konturatzen nintzen Donibanen izandako biziak oinatz handiak utzi zizkidala eta nire nortasuna funtsez oinarritu zutela, baina orain halakorik ez zitekeen, amaren munduan bizi nintzelako, 1957an, eta bertako giro sozio politikoan sartu behar nuelako, are gehiago apaiz izanda.  Zokoako eliza ez zegoen oraino eraikia eta hango arduraduna izango zen Mikel Epalza apeza*  haur bat baizik ez zen, familia adiskide abertzale horien seme zaharrena. Gotzainak arrantzaleen “omonierra” izendatu ninduenean, Mikel lagun ona bururatu zitzaidan.

Amari ez nion aitortzen ahal nire ohiko errebeldia, bere adiskidea izateko xedea hartu nuelako. Nola esan gainera ene jazar- gogoa bere heriotzaren ondotik gertatu izan zitzaidala, urte haietan bizi izan nuen egoerak sor arazia, batez ere aita berrezkondu zelarik eta ama-ordearen menpean, pairamenez pairamen egon nintzelarik.
Ez nion inongo susmorik eman behar. Bere adiskidea izan behar nuen eta horretarako gezurretan hasi nintzaion, euskal apez guztien modura, euskaldun fededun arrunta nintzela. Besterik ez zitekeen.

Aperitifa gisa, hantxe zeuden oliba batzuk jan genituen eta baso bat ardo irentsi ondotik mahaitik altxatu ginen, bere etxera joan zedin.
Familia, Besselere Gaztelu zaharretik atera zenean, Ziburu erdigunera zegoen etxe zaharrera itzuli zirelako, gerla denboran Komandanthur bilakatu zen hura, Maite oinez etxeratu zen, izeba Julitxo bere zain zegoelako.

- Zer dira ordu horiek etxera etortzeko. Ez duzu ikusten ilundu duela

 eta zu bezalako andre batek ezin duela Ziburuko karriketan ibili. Non

zeunden bada?- Amatxi oihuka.

Berehala Aitti apezarekin osteguneko katixima prestatzen apaizetxean egon zela erantzun zion.

*Omonierra: Kapellana
* Apeza: apaiza

Izebak ez zekien batere nola hartu behar zuen ilobaren erantzuna. Alde batetik ongi, ez zegoelako ezer esatekorik, apaizarekin katixima prestatzen ari izan zelako, baina bestetik, ezin txarkiago, buruz buru
gizon batekin egotea ez zitzaiolako legezkoa iruditzen, apeza izan arren.

- Eskerrik zure senarra Parisen dagoela eta haurra hemen daukazula lo!
- Bai izeba arrazoi duzu, ez dut gehiago egingo- xumeki erantzun zion, damuturik eta haur bat izan balitz bezala. Izeba Julitxori errespetu handia zion, baita ere beldurra, adinekoak esan behar zituen guztiak garbiki ateratzen zitzaizkiolako eta gehienean oihurik egin gabe, bere borondatea nahiko argi azaltzen zuelako.

Ni ez nengoen lo eta sehaskatik ama entzun nuenean deika hasi nintzaion.
- Ama! Ama!-  Garrasika.
Gelako atea bultzatu zuenean urtu egin nintzen eta bere besoetara jauzi egin nuen.
-Ez zaude lo maitea? Berandu da. Afaldu al duzu? Baina, Kepatxo, otoi…
Nahiz eta txikia izan, galdetu zidana ongi ulertu nuen eta buruarekin baietz esan nion. Egongelara eraman ninduenean Julitxo protestaka hasi zen, ez txikia han ikustea gaizki iruditzen zitzaiolako, baizik eta berez hala zelako eta beti zerbait erantsi behar zuelako. Ene emazte ohia zirudien. Begietan  haserre ez zegoela nabaritzen zitzaion eta berehala eskutan zeuzkan jostorratzak bildu zituen eta lana harilean sartu.
Ttikiegi nintzen niretzat egiten ari zen kaikua eskertzeko, baina hura, behin eta berriz probatzera bortxatu ondoren, niretzat zela banekien. Gustukoak nituen ponpoi urdin eta gorri horiek, bular partetik  zintzilik zituenak, irrigarriak iruditzen zitzaizkidan. Urte guzia nire euskal jantzi hura josten iragaten zuen, baita ere galtzerdiak, neguko txapela eta esku larrukoak, denak artilezkoak, bere iloba maitea bero- bero egon zedin. Amaren besoetan lokartu ondotik, gozoki sehaskaratu ninduen. Egongelara itzuli zeneko amatxik berriro bere lana esku artean zeukan eta eguneko gorabeherak kontatzen hasi zitzaizkion. Izeba Rosarito aldiz, bakarrik, jan mahaian jarrita, solitario bat egiten ari zen, asko gustatzen baitzitzaion bakarka halaxe kartetan aritzea. Ahizpak aldiz, kartak gorroto zituen.

                                               Ama

Asteazkenetan amak etxez- etxe injekzioak edo ziztakadak emateko lana zeukan eta atsegintzen zuen eginbide horretan pozik zegoen, bereziki etxeetan sartzen zelako eta Ziburuko familiak hurbiletik ezagutzen zituelako.

Batean, arrantzale bat itsasontzian hoztu egin zela eta alimaleko mafrundia* harrapatu zuela, beste batean emaztea etxeko lanetan kanitabetarekin* zauritu zela, baina gehien-gehien gustatzen zitzaiona emaginarena egitea zen.
Zenbat andre haurdun ez zituen bisitatu eta kasu horretan bere lanari eskerrak ematen zizkion. Ea haurra bere lekuan zegoenez, amagaien sabela haztatzera zindoan, liluratuta bezala, baita ere sorturiko ume txikien sukarra apaltzera lortzen zuenean.
Gehienetan, emakumeen arteko elkar solasak baizik ez ziren eta horixe zuen gustukoena, jendeen harremana, lagunen artekoa, eta inoiz eta inori ez zitzaion bururatzen Zumel lantegiaren zuzendariaren emaztea izan zitekeenik ere. Besteak bezala baitzen eta gainera euskarari esker, elkar ongi ulertzen zuten. Nahiz eta gipuzkoarra izan, ez zuten ulermenaren batere arazorik, eletan poliki- poliki aritzen omen zelako, denek esandakoak ongi ulertu ditzaten.
Halere frantsesez bazekien, zortzi urte zituenean Lapurdira iritsi zelako eta Ziburuko apez eta seroren eskolan ikasi zuelako, beretzat izan zen hizkuntza arrotza ongi ikasirik. Hala ere, inork ez zion kendu azentu edo doinu berezi hori, hegoaldekoek frantsesez beti daukatena, kontsonante eta bokale itxi batzuk ahoskatzeko zailtasuna ager araziz.

Izeba Julitxo horretaz ez zen konturatzen eta Askibar senideak euskaraz mintzatzen entzuten zituztenean, ulertzen ez zuten ziburutarrek frantsesera lerratzen ziren. Beste frantses huts batzuk ere, entzundakoa erdara zela ustez, espainolerat jotzen zuten, amatxi Julitxoren amorrua sor araziz.

*Mafrundia: katarroa
*Kanibeta: nabala, labaina

-Zer uste dute horiek erdaraz mintzo garela edo? Gure hizkuntza euskara da eta gu euskaldunak gara- zioen haserre. Hura antzerki bat baizik ez zen, etxean eta lagunekin beti erdaraz aritzen zirelako.

Amari halako axolagabekeriek irria jalgitzen zioten, ziburutar erdaldunek ez zutelako gogo txarrez egiten eta, agian, bi hizkuntzetako hegoaldeko doinu bera banatzea zaila zitzaielako. Eurentzat, beste zerbait zen Lapurdiko euskalkia erabiltzea eta entzutea, eurena, frantsesen pareko “R”ak agertuz eta oharkabean frantseseko hitz pila bat sarturik. Hori bai zela euskara garbia, eta ez “espainolek” zerabiltzatena.  “Dit” eta “Det”, baita “Dot” ere, zer ote zen hura, “Nau”* hain erreza esateko baitzen. Eta denek bereak uste ongi erranak zeudela, besteenak aldiz ez. Batzuek hau edo hura ez zela ontsa esana, besteek hura edo hau ez zitekeela esan.
Dena den, leku guztietan hala zen, Euskal herrian, bakoitzari beti iruditu zaiolako euskara mintzatzeko bere era euskalkietako hoberena dela, batez ere tolosarrei, jakin gabe eurek ere erdarakada ugari erabiltzen dituztela. Beno, tolosarrei eta bizkaitarrei, baita ere xiberotarrei, azken finean ia denei.
Orduan, apaizak ziren alfabetatu bakarrak eta “Neu”, ordenetan sartu nintzenean, laketu izan behar nintzen ahal bezain gertuko euskara egiteko, herrikoa, arrantzaleen tankerakoa. Beste bizian ikasitako Euskara Batuak erabilitako hitz berriak baztertu behar izan nituen, nire aitzinagoko egoera islatu ez nezan. Nire ohiko munduan euskaldun alfabetatua nintzen, irakaslea gainera, baina ez bertako euskalki arruntaren erabiltzailea, ezta ere arrantza lanbidean erabiltzen den hiztegiaren jabea, euskara berriarena baizik.

*Hondarribian eta Oihartzunen bezala, Lapurdiko kostaldean, “dit”edo “daut”  formaren partez “Nau” nor- nork  forma erabiltzen da,  ustez eta horixe dela erabili behar den zuzena.

Igerian bete nuen itsasoko bidaiak nire ohiko euskara hornitua galtzera ez ninduen eraman eta egoera berriari laketzeko gai nintzen.

Ama, lan eguna bukatzen zuenean, bere senarrarengana abiatzen zen, amatxi Julitxok etxera eramaniko semearekin bat egiteko. Aita aldiz, egunero lanean zazpi eta erdiak arte edo Parisen bilduta. Etxera etortzen zenean, haurra oheratuta zegoen orduko eta neskameak prestatuta, afaria beti gertu zegoen.

                                                Teresa

Teresa etxeko neskatoa zen, beratarra. Orduan, familia burges guztietan bezala eta etxeko lanak egin zitzaten, halako neskatoak bazeuden, asko Nafarroakoak, denak  egoiliarrak, etxe berean lo egiten zutenak.
Camieta etxean, bi bizitoki baziren, bat Mami, aitaren amarena, bestea aita, ama eta nirea. Teresa gure etxean zegoen, garbiketan eta sukaldeko lanetan. Orduko ohiturak manaturik, zerbitzariak, arratsaldeko bi ordutako pausa gelan iragan ezik, egun guzia zerbitzuan zeuden, afaria bildu arte.
Zenbat ordaintzen zuen aitak ez dakit batere baina lantegiko langile bat balitz bezala zegoela etxean uste dut, nahiz eta gauza sinesgaitza bezain ilegala izango gaurko egunetan. Legez kontrakoa ere hainbeste egun eta ordu lanean egotea, tenoreen arabera, soldata txiro baten truke, ohea eta jatekoa kontatu gabe.

Ez dakit zergatik une honetan hain zuzen eta hainbeste denboraren ondoren, Teresaz oroitzen naizen. Agian Olat nire aurrean lo ikusteagatik?  Askok diote Olatxok nire antza daukala eta neronek ongi badakit ene txikitako eite handia baduela, batez ere begiradan.

Teresa andre gisakoa zen eta beratar batentzat bitxia izan balitz ere, erdalduna. Beno, orduan hainbeste “carabinero” baitzegoen mugako herri guztietan, ez zela harritzekoa baten bat herriko neska batekin ezkontzea eta Teresa halako familiako baten alaba zen. San Miguel zeukan deitura eta egia esateko, herrian, nahiko ezagunak ziren, lehenik, herriko plazan bizi zirelako, gero aita mugetako zaindari bezala, nahiko xelebrea eta atsegina zelako, azkenean eta beranduago, anaia herriko alkate izan zelako.
1957-ko urte hartan Teresa etxera etorri zen eta laster, amatxi Julitxorekin harreman onak lotu zituen, batez ere ama okupatua zegoelarik biak nitaz arduratzen zirelako. Nahiz eta guardia zibil baten alaba izan Julitxok eta Rosaritok bihotzean zeukaten. Berarekin beti erdaraz mintzo ziren eta zuka, baina horrek ez zien traba askorik egiten, euren artean ere halaxe aritzen baitziren, are gehiago Tolosatik Donibanera etorri zirenean, nire egiazko amona Maria Josefa iruindarrak euskaraz ez zekielako. Aita ezik, denak Ziburuko etxe zaharrean gehienetan egoten ginen.

Lau urtetan eskolan hasi nintzen. Ziburuko giristino eskolan sartu ninduten eta goizeroTeresaren eskutik nindoan, ostegunetan ezik, amak erizain lanik ez zeukalako eta katiximara etortzen zelako. Goiz guztia, Maite doktrinaz arduratzen zen bitartean, jolas toki babestuan pasatzen nuen, beste haurrekin batera, agian besteek baino zoriontsuago, amatxo hurbil neukalako. Oraino gazteegi nintzen Jainkoaren hitza ikasteko, haurrak sei urteetan beharrezko konbertsioan hasten baitziren. Hau guziaz ez naiz batere oroitzen.

Teresa luzaz gelditu zen etxean eta ama hil zenean, Julitxok bere laguntzaile bezala hartu zuen. Bataioko amatxi izanez, izeba zaharrak Jainkoak markaturiko rola osoki jantzi zuen eta erlijioak manatzen duen bezala, ama ordezkatzera etorri zen. Nahiz eta berez nire aitonaren arreba izan, beti deitu izan dut Amatxi, eta ez izeba, Bilboko lehengusuek zioten bezala.
Amatxi bat bakarrik dago eta nirea bera zen eta merezimendu oroz. Teresa haren eskuineko eskua bilakatu zen eta bien artean zaintzen ninduten, izeba Rosaritok aldiz ezer ez, Bilbo begira gehiago zegoelako eta Miren betitik bere iloba kuttuna izan zelako.

Beraz ama hil zenean Amatxi eta Teresa nire bihotzeko maiteak bihurtu ziren, lehen baino gehiago agian, nitaz arduratzen ziren bakarrak baitziren. Aita berriro ezkondu arte.
Geroztik jakin nuen Teresa aitaz maiteminduta zegoela eta amaren herioaren ondoren, berarekin ezkontzeko aukera irekitzen zitzaiokeela uste izan zuen, baina debaldetan. 
1963an, Fanchou, andre berri frantses hura haurdun zegoela jakin zuenean, mundua gainera erori zitzaion, bere ametsa betiko itotzen zelako.

Niregatik eta bakarrik niregatik, Donibaneko Temuco izeneko etxe berri hartan beste bizpahiru urte egon zen, aitaren zerbitzua bertan behera utzi arte. Herriko hotel batean lanean hasi zen. Ni denak gorrotatzen hasi nintzen, ama-ordea, bere senideak, sortutako anai ttikia, etxea, auzoa, eskola, hitz batez Donibane osoa, baita ere niretzat egiten zituzten Santa Barbarako paseoak, igandeetako Hendaiako ibilaldiak, eliza, dena, egoera berriak aitaren eta bere giro nazkagarrian egotea bortxatzen ninduen guztia.
Ama zenduta, Teresa aldegina eta amatxi Julitxo Donibaneko beste etxe batera bizitzera joan izana, nire burua galduta ikusi nuen. Aitaren familia ez nuen maite ere, mami izeneko amona frantses nazkagarria, bere anaiak, beno, agian ez denak. Teresak ongi egin zuen handik joatea eta niregatik ez balu lehenago egin, hiru urte egon zen Fanchou izeneko kankailu hura jasaiten.
Urte bat lehenago, 1962an, Amatxi, Ziburu utzirik, Donibanera etorri zen bizitzera. Ziburuko auzapeza zen etxearen jabeak, Jean Poulou, higiezinen proiektu bat eraikitzeko asmotan, egoitza zaharra botatzea erabaki zuen apartamenduak eraikitzeko, zinema eta guzi. Julitxok 66 urte zituen eta geroztik horixe izan nuen amatxiren adina, betiko zizelkatua gelditu zitzaidana.

Hamahiru urte hurbil izango nituen amatxiren etxe ondoan Garaialde familiak kudeatzen zuen Hotel de la Plage izeneko hotelean Teresari lehen bisita egin nionean. Han jadanik lesakarrak eta Baztaneko jendea lanean zegoen eta ezagutu nituenean, Teresaren iloba bezala hartu ninduten. Hurrengo bi urte horietan maiz joaten nintzen ikustera, Berarat itzuli arte. Herriko plazan dendatxo bat ireki zuen, nafar herri ttikietan denetatik ohi saltzen zuten saltokien tankerakoa, batez ere haurrentzat gozokiak. Denda hori luzaz ukan zuen. Oroitzen naiz nire bi alabatxoekin, Baztango bidetik gindoazelarik, hantxe gelditzen ginela, haurrak gozokiz hanpatzera, hain esku zabala baitzen gure Teresa maitea.

                                                 “Neu”

Denbora tximista bezala iragaten zen eta amaren heriotza hurbiltzen ari zitzaidan. Alde batetik Miren Maite alabatxoa sakrifikatu nuen eta bestetik, nahiz eta harreman estuetan Maiterekin egon, nire helburua beteta ez zegoen. Gertakizunei bultzada berezi bat eman behar nien nahiz eta, Amatxi Julitxoren haserreari kasu eginda, apaizetxeko astearteko bilkurak agortuak izan. Nolabait lortu behar nuen berriro has zitezen, buruz buru berarekin egotea nire irtenbide bakarra baitzen. Amatxiren susmoak apaltzeko, beste norbait prestakuntza horietara gurekin batean ekarri behar nuela gogoan hartu nuen, baina nor? Gu biok bakarrik baikinen doktrinaren emaileak.

Behin, kalean, Julitxo gurutzatu nuenean hurbildu nintzaion eta agurtu.

- Zer moduz Julitxo? Esan nion ahal bezain gozoki

- Ongi, M l’abbé, esan zidan

- Esan nahi nizun Maite ezin hobekiago konpontzen dela katiximako kurtsoetan, badakizu, haurrekin halako fluido magiko bat badauka eta pertsona egokia da.

- Bai, nire iloba ongi ezagutzen dut eta hori badakit.

- Halere, batzuetan prestakuntzaren eskas gaude eta astearteetan on liteke apezetxera etortzea ostegunekoak elkarrekin ikus genitzan, ez bazaizu gaizki iruditzen behintzat. Badakizu egun hartan elkar hizketa luzatu egin zitzaigun eta berandu egin ere. Berarekin mintzatuko naiz baina eskolatik landa adibidez, arratsaldeko bostetan lanean has gintezke, zazpiak aldera bukatzeko. Zer iruditzen zaizu?-

Zer ari nintzen ni? Haur bat balitz bezala izeba zaharrari Maite etxetik ateratzeko baimena eskatzen. Jokoz kanpo nengoen. Maite ezkonduta zegoen, haur bat jadanik bazuen eta Julitxori ez nion deus esan behar. Hala ere banekien andre horren senideen arteko eragina handia zela eta hark zioena amak Jainkoaren hitza bezala hartzen zuela ere. Dena den, ez zuen gaizki hartu.

-Lasai M l’abbé,  nik bakarrik esan nion ilundu ondoren bera bezalako andre batek ez zuela kanpoan ezer egitekorik eta lanjerosa izan zitekeela ordu horietan karriketan ibiltzea, deus gehiago.-

- Bihotzez eskertzen dizut beraz, Maiteri gaur berean aipatu egingo diot berriro bilkurak hartzen ditugula eta lasai egon, tenorez bukatuko ditugu. Julitxo, benetan milesker.-

Elkar hizketa horren ondoren, Maite apaizetxean berriro ikusi nuen eta gure prestakuntzak berriz hasi genituen.

Bospasei astearte iragan ondoren, zerbait aipatu behar niola erabaki nuen. Udaberria gainean genuen eta 1957-ko urte haren erdia ia agortuta ere. Inoiz ez nintzen ausartu zer edo zer esatea, hain zaila neukan bikotearen bizian sartzea. Jadanik Donostiako bost partiduetara joan ginen eta “La tabernera” aitzaki hura ez nuen inoiz baliatu ere. Ez bainintzen ausartzen.
Behin, ea Arraiozera berarekin joan nintekeen eskatu zidan. Ziburun nengoenetik ez nuen inoiz entzun Baztanen etxe bat bazeukatenik ere, ezta ere konpontzeko lanetan zirautela. Orduko, Maitek gida baimena atera egin zuen eta aitaren kotxean abiatzeko asmotan zegoela, baietz erantzun nion. Bidean kontatu zidan nola Iruineko bere amaren senideek Arraiozen etxe bat zeukatela eta belaunaldiz belaunaldi, etxea jende askorena bilakatu izan zela ere. Uda elkarrekin pasa zitezen, Barrenetxeberria izeneko egoitza hura bi ahizpen artean senide guziei erosi zieten. Zoritxarrez amak apaila lanak bukatzen ez zituen ikusi.
Amonaren familia Iruinekoa izan arren, urruneko jatorria Arraiozen zeukaten eta aspaldidanik etxe hura baliatzen zuten oporrak pasatzeko.

-Badakizu nire anaia Periko hantxe ezkondu izan zela?-esan zidan gidatzen zuen bitartean. Nik zerbait banekien argazkiak ikusi nituelako eta euren arteko batean aitona txapela dotore bat jantzirik, etxeko atarian zagerrela oroitzen nintzen ere.

-Ba, orai bi urte Mirenekin etxea erosi genienean bi sorailu desberdinetan antolatzea pentsatu genuen, bakoitxak bere familia egoizteko, beheko parte guztia amankomuna bihurturik, bakoitxak bere jangela eta sukaldea ukanez.

Isil- ilsilik nengoen. Etxe maitagarri horretan haur eta gazte denboretan pasa izan nituen zorioneko uneak oroitzen, haur eta nerabe aroko uda guztiak. Geroago ere, ezkondu ondoren, zer egonaldi urosak pasa nituen, zalantzarik gabe nire biziko une zoriontsuenak etxe hartan iragan nituen, baina xo…..” Neu” bainintzen.

Arraiozera iritsi ginenean etxea hankaz gora zegoen, hautsez beterik, bigarren estaia oraino egitekoa. Terrazan egon ginen hantxe zegoen belaiari begira. Pena bat zela adierazi zidan amak, belaia ez zela etxekoa eta hura noizbait eurenganatu beharko zutela.

-Badakizu zenbat irabaziko luke etxeak belai hau jardina bilaka baledi? Ezer ikustekorik, ezta?
Ni nire baitan patua krudela zela pentsatzen ari nintzen, banekielako belai hori lortuko zutenean ni kanpoan utziko nindutela, izeba Mirentxuk aitari erostea proposatu ziolako eta aitari halako aferak bost axola zitzaizkiolako, nahiz eta nire etorkizuna jokoan egon. Nik banekien ama hil ondotik eta Arraiozko etxea apailatuta egonda, laster permuta bat proposatu zigutela, urrunxeago zegoen lur zabal baten truke. Erran bezala, aitak ezezkoa eman zuelako ni ez nintzen trukaketan sartu eta belaia izebaren izenean jarri zen.
Aitak, ez ikusia eginik, ez zen oroitzen, amak, urte bat lehenago, ahizparekin erdi bana zeukaten aitonak emandako Tolosako etxea saldu zutela, gaizki xamar zebilen Zumeltarren lantegian dirua sartzeko. Debaldetan! Amaren laguntza hegaldan lurrindu zen.
Egun guztia Arraiozen iragan genuen, nik nire xedea batere aipatu gabe, hain zaila zitzaidan gai hura ukitzea.

Bideak behingoan ireki zekizkidan, urontzi magikotik bosgarren hurrupa hartzeko ordua iritsi zitzaidan. Zoritxarrez, gertakari bitxi bezain larri batek nire xede guziak hautsi egin zituen, aitak istripu izugarri bat izan zuelako eta koman zegoelako. Zer gertatu zitzaion bada? Patuak ene xedeak hain errazki beteko ote zizkidan?

Apirileko astelehen hartan, euria leher eta zalapart* zegoelarik, lantegirat abiatzeko etxetik ateratzerakoan, aitak bere ohiko euri jantzi luze berdea soinean ezarri zuen, militarrek eta poliziek zeramaten horietakoen antzekoa. Bere bulegoan goiz erdia pasa ondoren, langileak lanean zeuden eremu zabalera jaistea erabaki zuen, zerbait konprobatu behar baitzuen. Hantxe, produkzioko ardura zeukan bere anaia Jacques aurkitu zuen. Berarekin hitz egin ondoren eta arraina idortzen zegoen leku batera hurbildu zirenean, haizea zabaltzen zegoen alimaleko haizagailuak, ur- jantziaren zintzilikadurak irrikatu eta aita hankaz gora botaz, borobil izugarri horren hegaletan jirabiraka ezarri zuen. Langile emakumeen guzien ikarako oihuen artean, hantxe itzulika aritu omen zen tresna madarikatua itzali arte.
Handik erauzi zuteneko, zentzua galduta zeukan eta berehala klinikara eraman zuten. Xardinen odolaren artean, aitarena ere isurtzen zen eta langile guziak isiltasun ikaragarrian sartu ziren.  Kepatxok ez zuen gertakizun larriaz inoiz ez deus jakingo, etxe horretan dena isilpean baitzegoen. “Neu”k aldiz bai.
Aita ohiko Pariseko bidaietan zegoela esan ziotenean ez zuen ezer gehiagorik galdegin. Egoera izugarri horren aitzinean kezka handiak sartu zitzaizkidan, ez nuelako ahanzten bere semea nintzela. Hala ere, apeza izanda, isil- isilik egon nintzen eta sendatu arte, Maiteri,

* Leher eta zalapart: gogor erauntsika

haren berriak galdetzen nizkion. Asteak iragan ziren eta aitaren egoera ez zen hobetzen.
Koma hark Maite erabat tristatu egin zuen eta Kepatxo besoetan hartzen zuenean, inoiz bezain ferekatsu sumatzen nuen. Maite mezetan ikusten nuenean urtu egiten nintzen eta ni nintzen txiki hark pena eman zidan, berriz ere ezer ez nekielako. Lehen aldiz, hura ni nintzela benetan kontutan hartu nuen eta gu bien arteko begirada tristearen antzak errealitatera eraman ninduen.

Argi zen ama heriotzatik salbatzeko, nire xedea aita desager araztea zela baina ez edozein modutan. Nahiz eta berezkoa, koman murgildu zuen istripu hura baliatzea larriegi zen, inguruan sufrimendu eta kezka gehiegi sortzen zituelako. Beraz, laster senda zedin izan nuen xede bakarra eta ene helburua ahaztu egin zitzaidan.

Ekainaren batean atzarri zenean, denok betiko irria berreskuratu genuen eta begirada alaiak begitartetara itzuli zitzaizkigun.
“Ni” deitu nuen eta Kepatxo eta hirurok bat eginda, lehen aldikoz, agian azkenekotz, pozik geunden.

Nola demontre jokatu behar ote nuen ama salbatzeko? Aukera paregabeko hori ihes eginda, zaila zitzaidan orain edozein bide hartzea. Zalantzarik gabe, korapilo hori laxa zedin, hurrupari egin behar nion.

                                       Bosgarren hurrupa

Nondik jokatu ez nekien. Hurrupa hartu behar nuela aldiz bai, baina zertarako? Orain arte hartutakoek euren esanahi osoa zeukaten, lehena, igerian egitera bultzatu ninduena, bigarrena Zibururat iristeko indarra eman zidana, hirugarrena ama aurkitzeko bidea erraztu zidana,  eta azkena apeza bihurtu ninduena, baina hauxe?  Aldiro aitzinetik banekien zer eskatu behar nion Aita Izkok emandako urari baina honetakoan ez eta horrek urduri ezartzen ninduen.

Aita bere letargiatik esnatu zen, Kepatxo bere ama hain pozik egoteagatik zoriontsu ikusten zen, amatxi Julitxo eta senide guziak ezin urosagoa zeuden, dena bere ildora itzuli zelako. Inork aldiz ez zuen igarri ni kukubilko nagoela nire txandaren zain.

Helburu tinkorik ukan gabe, ur gutti gelditzen zitzaion urontzitik irenste- aldi bat egin nuen, txikitxoa,  gelditzen zitzaizkidan azken biak asetzeko nahiko ur behar behar nuelako, batek, ama heriotzatik libratuko zuena eta nire bizi normalera eramango ninduen azken- azkena. Hauxe ez banu lortzen,  dena hankaz gora joango zitzaidala banekien, pentsa, hainbeste abentura deusetarako. Aita Izkorengan neukan fedea itsua izanda, helburua lortuko nuela etsiturik nengoen.

Txupito baten antzeko hurrupari ekin nion. Ondorioaren zain, nire besaulki zaharrean lokartzea aukeratu nuen ea zer gertatzen zitzaigun, niri edo familiako beste norbaiti. Edozein gauza gerta zitekeen. Aita berriro koman sartzea, amatxi Julitxo eritzea eta hiltzea, ttikia desagertzea edo nire apezgoaren bukaera gertatzea. Baina ez! Magia beste bide batetik abiatu zen.

                                                   *

-Drin, drin! – Donibane Lohizuneko Garat karrikako atean txirrinta.

Interfonotik ea nor zen galdetu nuen eta ama zela entzun nuenean, leihora atera nintzen atea joka nor ote zegoen begiztatzeko. Ikusi nituen hainbeste argazkietan itxura bera zeukalako, elaire egin zitzaidan. Harritu egin nintzen eta zer egin jakin gabe elektroniko botoia zapatu nuen. Atea ireki zen.

Ziburuko “neu” haren magia bat izan zitekeela berehala pentsatu nuen eta ezin urduriago etxeko atea ireki nion. Besarkada luze batean elkar erori ginen. Negarrez hasi nintzen. Nola zitekeen denboraren zehar, hogeita hamaika urteko amak atzerakako bidaia egitea orain, ni hirurogeita bederatzi urte bete izan nituenean? Erabat hunkiturik,  etxeko egongelan sartu ginen eta besaulki luzean eseri, bat bestearen ondoan eskutik hartuta. Nondik hasi mintzatzen ez genekien.

- Kepa maitea - hasi zen- nola daiteke hainbeste denboraren ondoren, zurekin elkartzea gaur, ez dut ezer gogoratzen, hil nintzen edo?

- Nik negarrak ezin menperatuz berriro malko jario nengoen, bizi izan nituen pairamen guziek tximista batek bezala nire muinak zeharkatu zituen bitartean. Azken orduan ikusten omen den bizi osoaren ibilbide irudikatuaren pareko, bat- batean inoiz oroitu ez nintzen bere heriotza irudien artean ikusi nuen eta nire aurrean ikusita, berriz ere begiak busti egin zitzaizkidan. Gogorra, benetan gogorra.
Zaila zitzaidan ulertzea zergatik hil ote zenez galdetu zidanean, bat- batean ongi oroitzen zuelako zendu zela eta bost urteko haurra amarik gabe utzi zuela ere.

- Kepa, maitea- berriro negarrez.

Agian magiak ez zion zehazki adierazi aurrerako bidai luze bat egiteko aukera eman ziola eta noiz eta non zegoen ongi ez zekien. “Ni” nintzela aldiz bai. Ateko txirrinak jo zuelarik ongi bazekien bada non bizi nintzen eta zalantzarik ez zegoen Donibaneko etxe hau ez zuela inondik ere ezagutzen. Igar misterioari leihoa ireki nahirik, arnasa sakonki hartu nuen.

- Bai ama hil zinen. Baina- esan nion uzkurki- benetan zu zara? -

- Bai ni naiz maitea, hain ttikia zinen orduan, bost urte ezta? Eta zure arrebatxo gaizoak, hantxe dakusazkit* klinikan ezin hatsa harturik, tuboz beteta. Zer pena eman zidaten. Eremu esterilizatu batera eramateko, gelatik nola atera zituzten ongi oroitzen naiz orain. Berina handi haren atzetik urrutitik ikusten nituela ere. Erditze zailarengatik  ezin ibiliz nengoelako, gurpildun besaulki hartan ekarri nindutela daukat gogoan, baita ere, otoitzetan, orduak neramazkiela* bikiak ez hil zitezen. Baina debalde, hantxe Jainkoaren laguntzarik ez nuen jaso.  Ez naiz ongi oroitzen aldiz zehazki noiz zendu nintzen –

Ez nekien zer esan, nire aurrean neukana benetan ama neukalako, erizaina, tabernera, fede zabaltzailea, baina batez ere gutun famatu hura utzi izan zidana, sekulan irakurri ez nuena, amatxi Julitxok eni pena ez emateagatik mila zatitan hautsi izan zuena.

Patuak hala nahi balu modura, - Nire gutuna jaso zenuen maitea? – esan zidan deblauki.
Nik ere ez nion penarik eman nahi, are gutxiago hainbeste maite ninduen amatxi Julitxori minik egin nahi, eta une arin batez  gezurretan aritzea bururatu zitzaidan, baina hobekiago pentsatuz ezetz erantzun nion.

- Nola ezetz- ihardetsi zidan,- eskura eman nion zuri luza ziezazun. Betiko izeba! Agintari bezain kasko gogorra! Nola ez zizula nire idazkia eman? Hiltzera nindoala nizun, barkatzeko nire hautua eta esku onetan uzten zintudala. Ai ama! Jakin banu hau guztia ezertarako egina izan nuela. Jainkoaren esanak betetzeagatik, bizirik gabe eta haurrik gabe gelditu nintzen, zu, nire biziaren arrazoi bakarra, hainbeste maite nuen ttikitxoa. Total ezertarako! Badakizu zerbait, han, balizko zeru horretan, ba, Jainkorik ez dut aurkitu.

* Dakusazkit: ikusten ditut
* neramazkien: eramaten nituen

- Zer diozu ama?-

- Bai, seme, ez dago Jainkorik, nigandik ez bada ezkutu bederen, baina zergatik egingo zidakeen hori, niri, izan naizen fededun hutsari, beregan itsuki sinetsi izan dudanari? Ez, ez, sines nazazu seme, Jainkorik ez dago. Nire bizi guztia irudikatu zuen argira zeraman tunelaren ondotik, argi bat baizik ez zen eta behin zuk idatziriko liburua burura etorri zitzaidan, oroitzen zara, “Izotzetik izanera” izenekoa, non zenduen eremura igotzen zinen, Euskararen sortzaileen bila eta nola jendearen gogoaren burbuila eta puxika guziak biltzen ziren tokira iritsi zinen, oroitzen zara?

-Bai ama nola ez banaiz oroituko bada?-

-Ba halako zerbait gertatu zait, denak bat bestearen kontra, oxigenoko burbuilen artean, ur lingirdatsu baten barnean sartuak, ezin mugiturik, ea tokitik gabe. Behin gorputzetik bananduta, gogoa tuneleko irtenbidetik argira iristerakoan, hutsaren bidea hartu eta muinen arteko biltzarrean beste guziak topatu, iritsitako unearen araberako lerroak osaturik. Geroxeago, leku horretara laketu zarenean, garunen arteko gora-aldera abiatzeko aukera badaukazu, zure senideen bila joateko eta hantxe aita eta ama kausitu nituen, nire biki maiteak aldiz ez.  Bitxia, ni baino egun batzuk lehenago hil baitziren. Agian haurrek beste toki berezi bat ote zeukaten? Ez dakit.

-Dakidan bakarra hantxe ez zegoela, ez Jainkorik, ez Allahrik, ezta ere Jehovahrik, aginterik gabeko lekua baitzen, zuri komeniko litzaizukeena, zalantzarik gabe. Gorantz abiatu nintzenean ez nuen ere ez Adanik ez Ebarik topatu, lehen gizakiaren aldeko fedea gezur galanta lirudikeen bezala.-

-Eta zure fede maitagarria beraz?-
-Ezer ez! Baina gauza bat dizut ere, zerurik gabe, infernurik ez dela ere, ezta mendekurik eta hori gauza ona zitekeen, nahiz eta gaiztagin guziak zigorrik gabe egon. Oroitzen naiz Kepa, idatzi zenuen une hartan zer zalantzak ukan zenituen, geunden lekutik hurbileko gizaki guzien gogoetak jarraikitzen genituelako eta orain bai gogoan daukat izeba Julitxok nire idazkia ez zizula eman. Hala ere jakin zure onerako izan zela, nahiz eta bide okerretik joan.-

Kontatzen ari zitzaizkidanak biziaren funtsa ukitzen zuten eta behin, aunitz maite nuen pertsona bati idatzitakoa gogoan ote zuenez galdegin nionean, irriño bat jalgi zitzaion.

                                            Mendekua

Malko urdin urtuak
Nigar xotin izutuak.
Itsas aldera dabiazkit
eta hegaldan dairazkit

Zinez andre, amodioa galtzen denean
Ba al dakin norat dabian?
Zaude! Zerbait behar dinat esan:
Hi baino lehenago hiltzen banaun
Hi baino lehenago jakingo dinat nun.
Eta ez kexa ordun!
Hitaz gogoratuko naun,
eta gelditzen zainnan bizia betiko
dinat izorratuko.
Nola?
Nun nagoen ozenki aitortuz,
heriotzaren huskeria salatuz
gezur pisua kondenatuz,
hire sinesmena izorratuz
eta egia plazaratuz.
Hago lasai, ez haut ahantziko!   Kitto!

* Entzuteko www.soubeletxabier.com/ kantu egile web orrian sartu

                                                     *

Aspaldiko olerkia izan arren, oso- osorik gogoz banekien eta emazte ohiari orduan idatzi nion hura, amak muinetan zeukan sartua, lerro horietan zagerren mendekua erabat filosofikoa zelako, oraintxe amak kontatu zizkidan tankerakoa.

Bat- batean Olaten negarrak entzun genituen.

- Nor duzu hor negarrez, ttikiren bat?- esan zidan amak.
- Bai ama, zure birbiloba Olatxo, nire alaba gaztearen semea. Itxoin, banoa bila-
Txikia besoetan harturik egongelan sartu nintzenean amaren harridura izugarria bilakatu zen.

- Baina zu zara!- zotinen artean isuri zitzaion.

- Bai hala diote, nire antza handia omen badauka.

- Ez, ez, ez bakarrik zure antza, zu zara, berriz ere. Ongi oroitzen naiz azken aldiz ikusi zintudalarik, bikiez erditu baino lehen, han zinen izeba Julitxo eta Teresarekin batean, etxean, eta nik hil behar nuenaren susmoa gogoan. Nola daiteke hainbeste eite izatea? Irudi du hirurogeita lau urte debalde iragan direla.

Malkoak xuka zitzan zakutik zapi bat atera zuen  eta begiak igurtzi. Ez genekien elkar zer esan. Bere altzotan haurra harturik, bi muxu eman zizkion eta Olatxok ohiko senidea balitz bezala irritxo bat egin zion.

- Zer irri polita. Zure antzetik aparte, noren irudia dauka?

- Ba bere amarena ez dut uste, agian bere izebarena, denek diote gure eitea daukala.-

Bat- batean atea kolpez ireki zuten eta – Ni naiz. Non zaudete?- esan zuen Ekik, Olaten amak.
Erakutsi nizkion argazkiei esker, ama berehala ezagutu zuen eta zinez harritu.
- Begira Eki, hauxe nire ama da, inondik etorritako mamu miresgarria, ezagutzen duzu ezta?

- Ba bai, baina nola daiteke bada?

- Magia! Inork ez du adierazpenik emateko, ez berak ezta nik ere, baina hementxe dagoela gauza ziurra da.-

Gezurretan aritu arren, ez nion bat- batean adierazten ahal bidaiarena,
“Neu”ren existentzia, ezta ere aitortu ama nola hemen legoke . Isilik egon nintzen.-

Olatxo jostetan ari zen bitartean, hirurok luzaz hizketan egon ginen. kanpora jalgi gintezen amaren begi keinua ikusirik, Ekiri ama eta biok hitz egin behar genuela luzatu nion, bakarrik utz gintzan.

Itsasaldera abiatu ginen. Zer edertasuna! Donibane Lohizuneko badia, udaberriko giro gozo batek haizatua. Santa Barbara aldera gindoazelarik gure solasekin jarraitu genuen:

- Kepa maitea, konta iezadazu zer gertatu zen ni hil ondotik-

- Ba- uzkurki esan nion- txikiak zendu ondoko bi egunen buruan, utzi gintuzun, familia guztia izugarrizko mailukada batez joak, denek bost urteko umea umezurtz uztearen drama buruan. Lehenbiziko egunez eta lehen urteez ez naiz batere oroitzen, blokapen psikologiko batek muinak hertsitu balizkidan bezala, baina eskerrik ni zaintzeko izeba Julitxo hor zegoela. Nik uste dut gutunarena barkatu behar diozula, ni babesteko isildu baitzen. Aitari aldiz ez. -

Aitaren aurkako auzian hasteko ez nintzen berehala ausartu eta gure orduko bizia kontatzen hasi nintzaion, Amatxi Julitxo, Teresa, Txitxi… aita inoiz aipatu gabe.

- Bai, badakizu idatzi nizun gutun hartan hiltzera nindoala esaten nizun, hilaurrik ez bainuen inondik ere arazi nahi eta salbabide fede-gaitz hari uko egin nion, Jainkoaren izenean. Ai ama, jakin banu! Eta esaten didazu izebak ez zizula idazkirik luzatu?-
Buruarekin atera zitzaidan ezezko damugarriak amatxi Julitxori barkamenaren xerka zihoala nabaritu zuen.

- Beno, segi, hainbeste gorabehera kontatu behar baitizkidazu. Eta orduan?

- Ba, aita eta Teresarekin Camietan bizi ginen- luzatu nion- laster Mamik salduko zuen etxe eder hartan, bigarren solairuko bizitegian, oroitzen zara ezta?  - Bai bai, nola ez naiz oroituko bada, zu hain txikia zinen…- zehaztu zuen.

- Bai horixe, parke handi baten inguruan, gogoratzen?-

- Barkatu mozteagatik maitea, baina ez dakit zenbat denborarako nagoen hemen eta garrantziko gertakariak baizik ez kontatzea eskatuko dizut, ados? Gero denbora gehiago baldin badugu, hobe… Eta Arraiozko etxearekin zer gertatu zen?-

- Ba begira, eskerrik etxe hura erosi zenutela, nik nire uda guztiak hantxe lehengusuekin iragan izan nituelako. Zure ahizpa Mirentxuk lau seme- alaba izan zituen eta bi, nire adinekoak, hori badakizu. Hantxe izan zen nire biziko salba-toki maitagarria, nire altxor preziatua.

- Zergatik diozu salba-tokia izan zenuela? Noren kontra libratu behar zinen ba?
Ez nion erantzun. Berak baitzekien ongi.
- Ama otoi, utzazu Arraiozko etxe hori eta entzun ongi: Bost urteen buruan, aita berriro ezkondu zen.

Nahiz eta aurpegian keinu txar bat agertu, hauxe luzatu zuen:

- Beno hori gauza zuzena da, zergatik ez zuen halakorik egin behar bada?

- Ez ama, ez da ezkontzea, horrek zer ondorio latzak izan zituen baizik. Lehen-lehenik jakin andre hura haurdun ezkondu zela eta horixe izan zen amatxi Julitxo eta familia osoaren drama.-

- Nola? Haurdun?- Esan zuen deblauki.

Amari zerbait larria nabaritzen zitzaion, han goien, oxigenoko burbuilen artetik aita ez zuela ikusi, senideetatik at eginda bezala. Nahiz eta lainoetan, aitaren arrastorik ez zegoen, arrotz kanpotiar bat izan balitz bezala.

- Bai, ongi entzun duzu eta konturatu izeba Julitxoren nahigabea.- esan nion-  Bihozminez zaurituta, nire betiko ardura hartu behar zuela deliberatu zuen eta nik, nahiz eta txikitxoa izan, nire ama hura izanen zela erabaki, izan nuen ama-orde nazkagarria bazter batera utzirik.
Zuk ez dakizu ongi horren aurretik zer izan den nire bizia, aitaren etxean arrotz bat bezala, andre horrek gorrotatua, batez ere bigarren haurra sortu zitzaionean, familia berri bat eraikitzen hasi baitziren eta euren artean niretzat lekurik ez zegoen. Eskerrik amatxi Julitxo hortxe zegoela.-

- Ez esan bada, gaizo hori. Eta?-

- Ba nire haur eta gaztedi guztia halaxe pasatu zen. Arrazoi ezezagunengatik, Teresa etxetik joan zen eta bi izebek, 1962 tik aurrera, Donibane Lohizuneko Garat karrikan hartu zuten bizitoki, oraintxe egon garen etxean hain zuzen*. Geroago, 14 urteetan Baionako barnetegian sartu ninduten eta hantxe gakotuta, gutxitan ateratzen nintzen. Zigorturik ez nengoenean asteburua Donibanen pasatzen nuen, ofizialki aitaren etxean baina beti amatxi Julitxoren etxetik hurbil, hauxe izan baitzen ene benetako salbabidea.
Jakin ere aro horrek bihurri bihurtu ninduela, baina baita ere artista. Baina adi, aitak euskaltasunari eta zure bizitzeko arrazoi handi horri

*Idazten dudan une honetan etxe horretan sartuta nago

uko egin zion, erabat kaskoina* bilakatuz, ama-ordearen bizian murgilduz.  Pentsa Enbata aldizkarian zeukan kontserbategiko publizitateari, 1963an, etena eman zion, ezkondu zen urte hartan zuk erakutsitako guziari ezezkoa eman baitzion. Ez da gauza handira, badakit baina bai adierazlea ama.
Higuin nituen, bera, bere emaztea, aldiz nire anai arrebak ez hainbeste, batez ere txikiak izan zirenean.
Eskerrik eguberri eta aste sainduko pazko oporretan Bilbora abiatzen nintzela, izeba Mirentxu eta nire lehengusu maitagarrien etxera, baita udan Arraiozera, zoragarrizko bi hilabete libreak iragaitera.-

Ama bere heriotzak halako zorigaitzera ni eramatea harriturik zegoen.

- Badakizu maitea- erantzun zidan- oraintxe denez damutzen naizela? Hain fededuna izatea, edukazio tradizionala halaxe defenditzea eta ez hiltzeko erabaki tinkoak ez hartzea. Dena Jainkoaren izenean. Kontatuko banizu…. Baina ez da unea. Ai jakin banu halako bide ilunean sartzen zintudala hilaurtu izan nuke, hiltzetik ihes nendin behintzat. Baina gizartea hala zen, gurea bederen. Kasu egin banio Monsieur l’abbé Aittiri, berak, nahiz eta ez sobera ausartu, zerbait esan nahi zidala ohartu nintzen, ni heriotzatik salba nendin, zerbait, baina  ezin, eta emeki- emeki hil-bidean sartu. Nola zekien hark bizia galduko nuela, azti bat zirudien, dena aurretik ikus balu bezala. Ezagutu zenuen apez hori? Ziburun jarraitu zuen ni desagertu ondotik?-
- Ez ama, orduan ez nuen ezagutu, aise geroago aldiz bai. Elizan halako jendea balego beste zerbait izango litzateke, beti belarri prest eta ulertzeko gai, altxorra, benetan altxorra.-

* Kaskoina: frantsesa ( pej). Gaskoina izan liteke Gaskoinakoa

Ez zidan batere erantzun eta nire baitan neukana igarri balu bezala, ortzi-mugari begirada iheskor bat bota zion. Ni, “Neu” igerilaria ortzi-mugan desagertu zenetik ez nintzen itsas ertzera itzuli eta amak zerbait bitxia neukala ohartu zen.

- Nola maite zaituen Olat ttikiak ezta? Aizu, Kepatxo, zure beste alaba non dago? Nahi nuke ezagutu-.

Bitxi egin zitzaidan Kepatxo deitzea, nire adinak ez baitzuen ttipizale maitekorrekin bat egiten jadanik, baina halaxe zuen ni deitzeko ohitura txikia nintzenean eta tira ba, nik ere gustokoa nuen.

Nire mugikorra eskutan harturik Gehienari whatsapp bat bidali nion. Berehala erantzun zidan ea zer nahi nuen. Sorpresa bat baneukala esan nion baina hiru haurren ama izanda, halako gauzetarako denborarik ez zeukala esan zidan.
Amak ez zuen sekulan telefono mugikorrik ikusi eta harritu egin zen mezuak halaxe bidali izatea, jendearekin hain errazki harremanetan sartzea ere. Etxeko ordenagailua ikusi zuenean ere zerbait galdetzekotan egon zen, horretara ausartu gabe. Mugikorraren ibilbidea  eta internetena adierazi nizkionean, zientziaren aurrerapen izugarria iruditu zitzaion, agian azken mendeko garrantzitsuarena. Autoa, hegazkina, telebista edo telefonoa baino askoz gehiagokoa.

Santa Barbarako patartxo hura igo genuen eta oinez, Arxiloako gurutzeraino abiatu ginen, nire aita eta ama-ordearen ohiko etxe aurrean pasatuz.

- Begira ama, hemen bizi izan naiz. Etxe horri gorroto diot. Hortxe nengoen, haien menpe eta kaskoinkerian preso, ez dut gehiago ikusi nahi. Aita hil ondoren, ama-ordearen bizitokia izan da, baina bakartasuna sentitzeagatik etxea saldu zuen eta herrira bizitzera joan zen. Badakizu, oraindik bizi da-  Eta ene baitan, biziak bere baitako injustiziak dituela, batzuk bizirik zaharreriak kolpatu arte, besteak aldiz gazterik hil…

Gurutzetik zegoen eskuin aldeko bista zoragarria zen, Erromardi, Getari, Bidarte eta Miarritze, dena hain hurbil agerian. Ezker aldean, Hendaia, Hondarribia eta Higuer kaboa, lurraren azken muturrean.

Urratsak atzera, itzultzerako bidean abiatu ginen. Itsas bazterreko bidexkan sartu ginenean orduko oroitzapenak heldu zitzaizkiola nabaritu nuen, batez ere, han urrunean Ziburu agertu zelarik.

- Ai, begira Ziburu! Zer hunkidura!  Beha, etxe hartan sortu zinen, hango urdin hartan, La Caravelle izenekoan, parean daukagun apal hartan-  esan zidan behatzarekin keinu eginda.

- Begira, han Joseba eta Aurora Rezola* bizi ziren, eta hantxe gorago, Ibarlotzak, ezkutuan dagoen beheko hartan, Zubeldiak, denak gutarrak eta elizeako zutabe nagusiak. Leihatila orlegi iluneko etxe handi hartan lan egiten nuen, erizain, Hapette medikuak kudeaturiko eritetxean.

Joseba Rezola, Aurora, Mirentxu eta ama

Bera ere hortxe bizi zen, goiko solairuetan.

- Ama, badakizu gaur egun Gehiena nire alaba zaharrena zehazki etxe horretan bizi dela ere ?

-Ez esan ba, nire lantoki berean, zer kasualitatea.

- Bai , bai  hala da.

Ama ez zen ohartu geunden lekutik Ziburuko hiltokia ikusten zela, bera eta bere alabak lurperatu izan zituzten hobia, baita ere Besselerren ehorztokian zeuden bere gurasoak. Ez nion ezer esan eta nire solasa beste alde batera eraman nuen, amatxiren betiko etxea bota egin zutela esanez.
- Kanporatu zituztenetik, hau da 1962ean,  amatxi Julitxok eta bere ahizpak Donibanen orain den nire etxea erosi eta bizitokitzat hartu zuten.-
Ez entzuna eginda, bere burutazioetan zebilen, bai ohartu zelako hantxe zegoela hiltokia eta galdu zuen Miren Maite bere lehen alaba gogora etorri zitzaion. Berak ongi bazekien non lurperatu zuten, bizi- bizirik baitzegoen oraindik.
- Zure bi arrebatxoak hantxe egongo dira Miren Maiterekin batean ezta? Eta ni eurekin ere hantxe, ez?-
Nola erantzun halako galdera bati.
-” Entzun al didazu? Hantxe lurperatu ninduten ttikiekin batera ezta?-
- Bai ama, hantxe zeunden, denak eta aita ere bai.
- Denak elkarrekin beraz, - esan zuen ironia puntu batekin.
Nola adierazi amari, aita ehortzi zutenean eta hobia ireki, bi txikien hilkutxak ikusi nituela, baita berea ere.

 -Zu txikia zinen baina imajinatzen dut zer kolpe handia izan zitekeen nire heriotza Ziburun, denek ezagutzen eta preziatzen baininduten.-

 Amatxi Julitxok kontaturiko apurrak oroitu arren, isilik egotea deliberatu nuen.
Santa Barbarako pantoka* jaitsi genuen itsas bazterreko ibilaldira itzultzeko. Eguzkia sartzen ari zen eta kolore gorrixkek zerua estaltzen zuten jadanik.
Halako azken aldian, “neu” igerilaria ortzi-mugan desagertu zelarik, ama hedoien artean agertu zitzaidala gogoratu nuen. Berari esker,

*Pantoka, Donibane Lohizunen esaten dioten maldaxkari

oraintxe hemen zegoen eta biok pozik. Amarekin oraintxe zer gertatuko ote zen pentsatzen hasi nintzen. Noiz arte egonen litzateke gure artean? Eta non egingo zuen lo? Nire beste alaba ezagutu beharko zuen ezta?
- Ama-  kolore beroz beteriko zeruari so egiten zion - Ba al dakizu noiz arte zauden Donibanen?-
Amak ez zekien zer erantzun ezta ere zenbat iraungo zuen bere egonaldiak. Magia ezezagun batez, hementxe zegoen eta agian magia berak bere instanteko* etorkizuna erregulatuko luke.

Besterik gabe, etxeratu ginen.

Eki eta Olatxo gure zain zeunden eta Ziburutik Gehienak, amari gela bat eskaintzen ziola hots egin zuen.

-Hara ama! Dena bideratuta!- Eta denok pozik, bihar ere amarekin egoteko parada izango genuelako.
Autoa hartuta, Ziburura eraman nuen, leihotik orduko zubi ohia desagertu zela oharturik. Hapette medikuaren etxe parean aparkatu genuenean, hainbeste oroimen helduta gogora, amari ezin gordetako bi malko atera zitzaizkion.

Alabak atea ireki zigunean lehengo sentimendu berak errepikatu egin ziren, harridura, emozioa, sinesgaiztasuna… eta denen gainetik hiru biloben ezagutza, Zuhaitz, Oiz eta sorberria zen Ekain. Biharamunean jakin nuenez, berandu arte solas bizitan egon ziren.

Goizean, amaren bila joan nintzen gure garrantziko solasaldiari segida luzea emateko. Ziburuko itzuli guztia eman genuenean bere adineko jendea aurkitzen ahal genukeen izua sentitu nuen. Ez bere adinekoak soilik, berriki harategiko jabe zaharrak aipatu baitzidan nola amak fandangoa erakutsi zien. Edozein izkinetan halako bat ager zitekeen eta hori ezinezkoa zen, pentsa aspaldiko izate hila gure karriketan

*Instanteko: Mementu bereko

ibiltzen. Mamutu den herri bat irudiko luke eta hori gerta ez zedin, kale ttikienetatik ibili ginen, inork ikus ez genezan. Suertez berriro Donibanera alderako zubia hartu genuen eta merkatutik barna etxeratu ginen.

Nahiz eta berak gauza pila bat argitzeko bazuen oraindik, nire aldetik, beste handirik ez neukan, hura « neu »-ren afera zelako eta hari zegokion amaren heriotza deuseztatzea eta ez niri. Zer lortu ote
zuen orain arte, Monsieur l’abbé Aitti hain atsegina eta gizon ona izaitez aparte? Ezer ez! Hemendik aitzinera nola jokatuko zuen ez nekien batere eta denbora murrizten ari zen, amak erditzeko urte bat baizik ez zelako gelditzen. Urte bat eskas. Oraindik haurdun ez zegoela ageri zen, baina zenbat falta ote zen ama gaizoari aitak bere hazi hilkorra sar ziezaion?

Zerbait ongi banekien, “neuk” ez zuela azken hurruparik edan, itzultzekoa, ama oraindik Donibane Lohizunen zegoelako. Behin Zibururat itzulita, oraino gelditzen zitzaion lana izugarria zen. Azken finean, ez zuen ezer erabakigarririk lortu hona bidaltzea baino. Benetan zein izan zen horren arrazoia? Eta zertarako bidali ote zuen? Bere semea ezagutu zezan eta ni amarekin egon nendin ezik, antolatuta ez zegoela zirudien, baina ba ote zen zerbait gehiago? Ez ote ginen denbora ugari galtzen ari, amaren heriotza hain fite hurbildurik? Ederra bezain zirraragarria zen Donibanera igortzea denekin topo egitera baina bere xedea lortzeko balio ote zuenez? Ez nekien, bera zelako amaren patua aldetzeko arduraduna, ez ni.  Agian, ezintasunez josita, bere eskuetatik alde egin arazi berak ezin zuena nik egin nezan? 
Muinak itzulipurdika, gauza batez etsitzen ari nintzen, ama gure artean egongo zitekeela nik zerbait lortu arte, beraz harekin herabe edo lotsati izateak ez zuen deusetarako balio eta “neuk” Donibanera igorri izan balu, motibo tinko batengatik izango zitekeen. Ausardiaz behar nuen jokatu eta horixe zen goiz hartan erabaki nuena.
Kafetxo bat egin nion eta berehala, bere burua besaulkian eroso sentitu zuenean galdezka hasi zitzaidan.

- Ea, Kepa, hainbeste galdera egiteko badut ez dakidala nondik hasi. Aizu, nola dakizue andre hura haurdun zegoela, tripa hantua ageri zitzaiolako edo sei edo zazpi hilabeteen ondoren haurra izan zuelako?-

Galderaren funtsagabekeriari kasu ez eginik, beste zerbaitera pasatu nintzen, Fanchouren tripa ez zelako batere garrantzitsua eta ez nuen horretan denborarik galdu behar. Halere arinki erantzun egin nion.

- Biak ama. Ni ttikia nintzen eta gauza guzietatik aparte uzten ninduten, baina hauxe bai, entzun ongi otoi: Inork ez zidan inoiz esan zu zendu zinela ere. Hilondoko egun bat lainoetan oroitzen dut, etxe zaharrean hainbeste jende zegoela eta ni, eskaileretako pausa lekuan, ezkiltxoa zintzilik zegoen tokian, denek atsekabetuak aurpegi tristez agurtzen, eta ni zu bidai batera joan zinela arrunt sinetsita. Hori da oroitzen dudan bakarra. Jakin ere ama, bere bizi guzian, aitak ez didala zure izena aipatu ere, inoiz ez. Are gutxiago arreben heriotzarena. Bitxia da ezta? Hura bere muinetatik ezabatu balu bezala. Ama, hitz ematen dizut hala izan zela, sinesgaitza irudi arren.

- Ez dut  sinetsi nahi maitea, halako gizon batekin ezkonduta egon  nintzenik- esan zidan damututa- Ez balizu sekulan nire existentziaz mintzatu, bere bizitik erabat ezabatu bazintu eta ama-ordea aitzaki, zure aurka beti jokatu izan balu, hitz batez, uko egin zidan, niri, zuri eta nigandik ukan zituen guztiei. Hor ez dago besterik! Zerbait aitortuko dizut seme. Miren Maite hil zenean eta medikuak berriro sekulan ez haurduntzeko manatu zidanean, ez zuen ahoa ireki ere. Sines ezazu Kepatxo, inoiz ez genuela gai horretaz mintzatu, bi bikiak sabelean izan arte. Beranduegi noski!

- Baina nola ama? Zure bizia jokoan ezartzen zenuela bazekien bada, zer gertatu zen orduan?-

Ohituretan ez zegoen idatzia ama batekin halako intimitateetan sartzea baina beharrezkoa nuen jakitea eta berak, agian magiaren indarrez, horixe sumatu egin zuen, berez zetozkion aitorpenak isuriz.

-Ba, gure harreman sexualak ez ziren ohikoak, orduan bakoitzak bere ohe banatua bazuelako eta gure gorputzak elkartzeko arrazoi berezi bat behar zen. Ez gauza handirik, agian igandea izatea, edo ardoaren eraginez, futboleko bueltan sexu gogoa sentitzea, baina gehienetan ez zen ausartzen, hain Jainkozale ikusten baninduen. Egia da nire fedea mugagabea zela eta etxean erakutsi bezala, Jainkoa eta Euzkadi geneuzkan bizitzeko arrazoi bakarrak. Aitak lantegia baizik ez zuen gogoan eta hain nekatuta heldu zen etxera, afal ondoan berehala lo egitera zihoala, gure elkar solasak ezertara erakarriz.
Hura ez zen bikote zuzen baten bizia. Behin, Monsieur l‘abbé Aitti gai horretaz mintzatzen hasi zitzaidan, zerbait bitxi lortu nahiez segurki, baina moztu egin nion, ez zitekeelako apez bat andre baten barneko  bizian  sartzea. Konfesioko sekretupean ez zitekeen ere, emakume guztien aitortzak berdintsuak baitziren, deus graberik, deus mamitsurik, deus mingarririk, denak Jainkoak aise barkatzen zituzkeenak, beste kontukorik ez baitzegoen. Gainera, sexu arloko bekatuak bakarrik gizonek egin zezaketen, bai pentsamendu lizunen kontukoak, baita, grabeenak, alkoholaren eta matxismoaren eraginez, gazte batzuk bortxaz egin zezaketenak. Batzuetan bortxaketak, baina gehienetan indarkeri basak, bortxazko musuak eta ukituak, batzuetan ere heziketarengatik inoiz ez baimenduak. Eta zer esan ezkon-egoitzaren barneko senar-emazteen arteko indarkeriaz?  Emaztearen borondatea ez zen sekulan errespetatzen eta gizonak gogoa zuenean, andreak hankak zabaldu eta larrua jo. Zuk badakizu ongi aro hartan emakumea umegile baizik ez zela, are gehiago gure familia giristinoetan. Ez bakarrik hori, pentsa zer desberdintasun handia zegokeen bi mentalitateen artean, frantsesa, aski irekia zirudiena, nahiz eta Parisen ondoan, Euskal herria nahiko gibelatua izan, eta gurea, hegoaldetik etorritako neskek geneukan itxia bezain atzerakoia.-

Amak bere sekretu handiak botatzen ari zitzaizkidan, hala nola izan zituen nobioak edo ezkongaiak, Iñaki Aguirre adibidez, gizon zintzoa eta emakumeak errespetatzen zituena, benetako gizongai izan zuena, eta beste bakan batzuk bezala, ezkongaiak baizik ez zirenak, argazkietan ikusi dudan ezaguturiko zozo aurpegi ausarta* bat adibidez, San Ferminetako itzulian hartuta.

-Apeza bai atsegina zela.- luzatu zuen amak-  Behin edo, zerbait aitortu behar zidala uste izan nuen baina eskerrik ez zidala sekulan deus aipatu.

- Nor zen hura ama?-
- Ba, Monsieur l’abbé Aitti, ahal zuen guztia nireganatzeko egiten zuena .
- Ama! Nondik ateratzen dituzu halako zozokeriak, seguru zuregana hurbiltzeko beste arrazoi ezkutatuak zituela, ez duzu uste?-  Bere semea zenik isil- isilik gordeta.

Gai horretan luzatu gabe, ez zidan erantzun. Nik banekien ongi amak ez zuela igartzen ahal haren arrazoi nagusia, “neu”-k egiten zuen guztia ama eraila izan ez dadin obratzen zuelako. Bat- batean eta gure solasak arindu nahiez hitza hartu zuen:

- Eta Erreala zertan ari da? Atotxara joaten zineten noizbait ?

- Bai ama, baina Atotxa bota egin zuten eta orain Real Arena deitzen da, Amarako hango puntan eraikia, lehen Anoeta izena zeukana. Bikain, ligako hirugarrena doa une honetan, Bartzelona eta Real Madriden ondotik, eta hori jokalari hoberenak zaurituta dituela, Oyarzabal adibidez. Gainera Europako kopan sartuta dago eta bere taldeko lehen postuan bukatu du. Orain finaleko zortzigarrenak jokatu behar dituzte. Beraz ezin hobekiago ama.-

-  Jokalari arrotz aunitz izango ditu orduan, ezta?

- Beno, ez hainbeste, gehienak bertakoak dira nahiz eta japoniar bat, Take izenekoa, orain bertan Mundialean Japonekin aritu dena. Horren aparte, bi frantses eta noruegiar ezkor bat baditu ere, baina izpiritua bertakoa da, Zubietan sor arazia.-

Azken ordua beste halako galdera arinetan iragan genuen, irriz eta umore onez. Bitartean Ziburun denak kexu.

                                      Miaketak

Harritzekoa zen Maite ez agertzea bereziki Miren Maite bere alabaren urtebetetze egunean, baita igandeko ohiko mezan. Herenegundik, Ziburutik eskas zela eta inork ez zekien non zegoen. Denak desesperatuta zeuden, Amatxi Julitxo lehena.
Ostiral gauean ez zen etxera itzuli eta atzo eguerdi arte inork ez zuen ezer jakin, aita isilik egon zelako eta desagertze bitxiaz ez zuelako berririk eman. Aldiz atzotik herria dantzan zegoen.

- Baina Bobby-  urduri amatxik- ostiraletik eskas dagoela eta zuk ezer esan??? Etxeratu ez zela ikusirik, nehori ez zenion deus erran?? Haurra etxean dago bederen?-
- Bai, bai lasai Teresarekin dago.
- Eta Maite?-
Aitak ez zekien zer erantzun, bitxi egin zitzaion emaztea etxera ez etortzea ostiralean, ezta atzo ere, baina garrantzi handiko zerbait egiten egon zitekeela pentsatu zuen.
- Zuekin ez dago? luzatu zuen, herabe.
- Nola nahi duzu gurekin egotea, familia bat badu, seme bat, senarra eta etxea. Eta Teresa ez al zen ohartu ?
- Ez dakit batere, nik zuen arteko zerbat zeneukatela pentsatu nuen, baina irudiz ez.
Aitaren axolagabekeri izugarriaren aurrean, amatxi bero- bero zegoen.  Inork fitsik ez zekien. Non deabru zegoen?

Larunbata eguerdian miaketak hasi ziren, inguruko oihan guztiak, batez ere Bordagainekoak, toki abandonatu ilun orok, dorrea, ibai ertzean zeuden gatzaga lohitsu gehienak. Goizeko itsasaldi apala baliatuz, Urdazuriko urak jadanik begiratu zituzten baita ere arroken aurkako itsas bazterra. Arratsaldean arrantzaleei abisua pasa zieten eta portura sartzen ziren guziak, badia begiztatu zuten ere, denak Maiteren xerka baina berririk ez. Inon ez! Sekretuan zegoen bakarra l’abbé Aitti zen baina ez zuen ezer salatzen ahal. Batzuetan solasaldi larriak jendeen artetik beregana heldu zitzaiolarik, Maite ongi ezagutzen zuela eta bera baino pertsona zuhurragoa ez zuela erantzuten zien.

Batzuek hiltzat hartzen zuten. Gogoeta ergelenak zabaldu ziren ere,  euskaltasunarekin loturiko zerbaitengatik desagertu zitekeenez galdetzen zuten, GAL-en aro bizi bagenu bezala.  Frankismoak gogor jotzen zuen hegoaldean orduan, baina ETA ez zen oraino sortu et gainera zergatik bera? Diputatu baten alaba izateagatik izan zitekeela zioten bertako batzuek, besteek aldiz misterio latz baten ondorioa izan zitekeela. Inork ez zekien ezer! Agian Iruñera bere familia bisitatzera joan ote zen? Tolosara segur ezetz, handik ihes egin baitzuten. Arraiozko lanak aurrera zoazenez, Baztan aldera joan ote?

Apaizak zerbait asmatu behar zuen baina zer? Egun erdi bat edo eskas egotea, ados, baina bi egun oso? Aitak ez zuen ezer esaten eta bere lantegiko lanetako pentsamendutan jarraitu zuen ezer gertatu ez balitz bezala.

L’abbé Aitti oroitu zen asteburu hartan Lurdesen hainbat erizain elkartzen zirela, eri gaizoak zain zitzaten. Frantziako leku guztietatik bolondresak Lurdetaratzen ohi ziren, bakoitzak besaulki gurpildun baten ardura harturik, eriek ama birjinari otoitz egin zezaten.
Horra aitzakia! Ezin hobea! Berarekin bat zihoan estakuru* galanta.

Amatxiren etxera hurbilduta, Monsieur l’abbé Aittik tirrinta jo zuen.
Balkoietik Julitxok oihukatu zuen : - Bai nor da?-

Ni naiz Julitxo, apaiza,  Maite non dagoen badakit.-

*Estakuru: aitzaki

-Zer? Non dago bada?
- Lurdesen, eriak zaintzen.
- Eta nola ez du ezer esan?
- Ba azken uneko gauza bat izan zen. Jadanik asteburu hori antolatuta zegoela bazekien baina …Umea amarik gabe utzi behar zuelako zuei esatea ez da ausartu eta ezer esan gabe Jainkoak manatzen ziona egitera joan da.
- Eta Bobbyri ez dio ezer esan? Ez daki ezer. Lurdesera diozu? Ados baina ezer esan gabe? Begira zer zalapartak narritatu dituen!-
- Begira, gaur arratsaldean bukatzen da beraz, zortzi edo bederatzietarako hemen izango duzue, nik gehiagorik ez dakit.-

 Julitxo Camietan agertu zenean, Teresa etxeko atarira jalgi zitzaion eta amatxiren aurpegi etsitua ikusirik, berri onak zekarzkiela igarri zuen.
- Madre mia, Teresa, sabe donde està? En Lurdes. Cuidando enfermos. Y Bobby que fundamento, ni mù. Digame, el niño?-
- Sigue dormido- erantzun zion Teresak.

Orain jende guztiari egia esan behar zitzaion eta apaizak arratsaldeko bezperak baliatu zituen berria emateko. Ziburu herri txiki bat zen eta biztanle guziek elkar ezagutzen zuten, are gehiago Zumel familia, kontserbategian hainbeste ziburutar enplegatzen zuena.
Orduko  auzapeza, amaren enplegatzailea zen, Docteur Hapette eta laster berria banatu zitzaion, bihotzeko pisu handi bat zuriturik. Amatxi Julitxo bere etxera agertu zenean, jadanik bazekien.

Arratsaldeko laurak ziren bezperetatik jendea atera zenean. Eliz-atarian dagoen Kristo gurutzatuari irritxo bat nabaritzen zitzaion, ama ustezko hain konplizea baitzuen. Denek atseden handia hartu zuten eta herri guztiak Maiteren itzuliaren zain urduri iraun zuen.

L’abbé Aitti apez-etxera sartu zenean, berriro « neu »- ren rolean osoki sartu zen eta « ni »- ri deitu zion. Presbiterioan, telefonoa berriki ezarrita zeukaten eta lehen aldiz horren behar handia sumatu zuen.

-“  Bai ”- erantzun nion uzkurki.

“ Neu” naiz. Zer moduz? Entzun ongi, gaueko bederatzietarako Maite bere Ziburuko etxean egon behar du! Nahitaez! Hemen denak bere bila egon dira, bi egunetako salba espedizioak muntatu dira ere eta gezur bat asmatzeko beharra izan dut, Lurdesen eriak zaintzen asteburua iragan duela. Zergatik ez duen ezer esan inork ez du ulertzen baina bortxaz bederatzitan hemen egon behar du, eta oroitu Lurdesena, esaiozu ildo horretatik jarraitzeko otoi. Ados?

- Eta nola nahi duzu nik Zibururat ekartzea, nik ez baitaukat aita Izkoren edari magikorik. Beste hurrupa bat egin beharko duzu. Zenbat gelditzen zaizkizu?
- Ba hauxe seigarrena izango da, azkena beraz, zazpigarrena zure lekua hartzeko erabili beharko dudalako.
- Ba zalantzarik gabe edan beharko duzu. Ni, bitartean amarekin luzaz solas eginen dut ea haurdun behingoan ez zen gelditzen.
Bere asteburu osoko desagerpena aitzaki ederra liteke aitarekin betiko haserretzeko ezta? Ulertu ongi, aita haserretuko zaiola segur da, ba aski dio esatea Jainkoaren zerbitzua bere senarra baino lehen pasatzen dela, ea honetatik banantzen diren behingoan, nahiz eta jakin oso zaila izan daitekeela. Halere, aski du amak egoera puntaraino eramatea eta berak banaketa antolatzea, aitaren ulergaiztasuna estakuru izanik. Edo hobe, erran dezala aitak bazekiela Lurdesen zegoela, inork ez du bere hitza zalantzan ezarriko, aitarena aldiz bai.-
- Bikain, horixe da egin behar dena! Aitak bazekiela eta ama betiko haserretzea eta etxetik joatea.
Badakizu gutti falta da, ama 1958eko martxo aldera haurdun erori zen, beraz, betikoa ez bada, haserreak zortzi  edo bederatzi hilabete oso- osoak iraun behar dio. Etxe desberdinetan egoteak sexu harreman guziak zapuztuko dituela segur gaude,beraz aurrera! Nik uste dut halako zerbait antola genezakeela, gaur berean sartu eta senarrarekin haserretu, uste baino gehiagoko haserrea muntatuz. Zer iruditzen zaizu?
- Bai ba, ez da gaizki eta haserretzeko arrazoia garbi- garbia dager. Nola utzi familia guzia kezkatzen, herri guztia miaketetan aritzen ezer esan gabe? Motibo ederra gogorki samurtzeko. Eta Lurdesen zegoela ez zekiela erantzuten badu, ba, izorra dadila, denek Maite sinetsiko dute, bai familiak baita herri guztiak.
Begira, itxura salbatzeko, aski du esatea agian  bera ohartu gabe, emazteak esan ziola Lurdesera joaten zela eta ez zuela entzun. Amak ere horixe erran dezala eta zalantzarik gabe denek halaxe hartuko dute..-
- Eta zer gertatuko da Hapette medikuarekin, berak antolatu baitu Lurdeseko ateraldia. Eta beste erizain ezagunak?
- Lasai egon, hauxe hurruparen barne sartuko dut eta inork ez du ezer galdetuko. Beno, entzun ongi, orain lau ordu dituzu ama konbentzitzeko, ados?-
- Bai, bai lasai, amak edozein gauza egin izan luke bere bi txikiak hil ez zitezen, zalantzarik gabe. Ez dut uste zaila izango dudanik, gainera bere heriotzak zer eragin larria izan zuen guregan erakutsiko diot. Bizi batean nor maitatzen dira gehienik? Dudarik gabe seme-alabak, beraz egina dago.

                                  Seigarren hurrupa

                    Armairuko ateak ireki nituenean, nik ere Ziburun denbora gutti neukala ohartu nintzen. Lehen aldiz, hurrupetatik batto, hauxe, baitezpadakoa bilakatu zen, beste gehienak nire borondate osoz hartu nituelako. Jantzi multzo bat mugiturik, azpian gordeta neukan urontzi magikoa agertu zitzaidan, aspertu xamarra.  Uste baino ur guttigo zeukan eta azken itzulirako zerbait atxiki behar nuela gogoan hartu nuen. Egia esan, Donibanetik Ziburura etortzeko ur gutti beharko zuen.
Arratsaldeko bostak ziren eta amari lau ordu baizik ez zitzaizkion gelditzen Donibaneko etxetik ateratzeko. Urduri nengoen. Ongi zenbakitu behar nuen eta hurruparen eraginak hogei bat minuturen buruan hasten zirela jakinda, bederatziak hogei gutitan beranduenez irentsi behar nuen.
Hauxe txantxetakoa ez zen. Ama heriotzatik libratzen nuen, bi arrebatxoei bizi berri bat ematen nien eta nire buruari pairamen guztietatik ihes eginda, ohiko bizi zoriontsua eskaintzen nion.

Bitartean “nik” ama bere eskaintzetara bildu behar zuen eta denak agurtuz, Maitek Donibane behingoz utzi.

Sartu zitzaidan kezka, handia izan zen: Bizi berri uros horretan murgilduta, sufrimenduak luzatutako bihotz hunkidura zorrotza galduko ote nuen? Ene emozio liluragarriaren iturria pairamena nuela banekien eta hori ez nuen galdu nahi, ez ene sormenaren ahalmena, ezta ere hunkidurak eman zidan nortasun berezia.

Beldur nintzen, dena ez zitekeelako eduki, alde batetik ama, arrebak eta zorionez betetako bizia eta bestetik, alde txar guztiek on bat lekarketela jakinda, sufrimenduak erakarri zidan ondorio aberatsa. Aukera bat egin behar ote nuke? Zer izango litzateke ene bizia margolaritzarik, idazkerarik eta kantu ekintzarik gabe? Nire alaben eta biloben sortzearekin batean, hauexek izan baitziren ene izatearen arrazoi nagusiak eta nire biziaren funtsa sendoak.
Hala ere eta denen gainetik, ama libratu behar nuela garbi zegoen. Gerokoak gero. Orain zagerkidan patuari lotu behar nion, besterik ez.
Zer gertatuko ote zen artista ahalmenekin? Ikusiko! Zer une horietan ene baitan sentitzen nuen dar-dar paregabekoarekin? Begi eman!
Zer maiz gainditzen ninduen emozio izugarriarekin? Beha egon! Oraingoa, heriotzatik ene senideak libratzea neukan, ama eta bi arrebatxoak eta berekoikeria alde batera utzi behar nuen.

Biziak ekartzen dituen ustekabekoak gogoan, denbora iragaten ari zen eta laster urontzitik edateko ordua bazurbilkidan.*
Bitartean, Donibanen…

- Ama, gauza serio bat aipatu behar dizut, zalantzarik gabe harrituko zaituen zerbait, gauza larriak entzuteko prest al zaude? Eta mesedez, esan behar ditudanak erraten utz nazazu batere moztu gabe, gure biziak  jokoan baitira-.
- Esan, ba maitea, oro belarri naukazu.
- Badakizu Aitti apaiza arras ongi ezagutzen dudala? Jakin behar duzu Ziburura iritsi zela nik igorri nuelako. Begira, nire bizi guztian zure eskasa pairatu izan dut, bai bi bikiekin batean hil zinenean, baita ere aita ezkondu eta ama-orde nazkagarri hura ene bizian sartu zenean. Nola esan, maite ez ninduten aldiro negarrez hasten nintzen eta nire baitan obsesio bat bihurtu zinen. Eskerrik amatxi Julitxo beti hortxe

*Bazurbilkidan: hurbiltzen zitzaidan

zegoela, nitaz arduratzen eta bihotz- bihotzez maitatzen. Baina hori guztia badakizu jadanik. Hauxe aldiz ez.
Aspalditik adiskide on bat daukat, aita Izko deitzen den frantziskar aztia. Ura du bere bereiztasuna eta maiz urbegi ala iturri berri bat aurki dezan deitzen dute. Nik ere halaxe egin nuen eta elkarrekin urbegi baten bila Legatera abiatu ginen. Zer ustekabea! Han atzeman zuen iturriaren urak podere magikoak zituen.
Nire tema bakarra zu izanda, eskaera sinesgaitza eskatu nion, zuregana bidaltzea eta heriotzatik libratzea.-
Ezin gehiago isilik egonez amak hitza moztu egin zidan esandakoak ongi uler zitzan:
- Zer esaten didazu. Eta nola egin zenezake hori?-
- Ba ama, entzun ongi, hori lortzeko, mendiko urak, atzera-aldeko bidai batean sartu ninduen, lehengo Zibururat eramango ninduena, zehazki bizia galdu zenuen arora, ea zu hiltzeaz libratzeko bide egoki bat aurki nezakeenez. Eta hortxe agertzen da apaiza, Monsieur l’abbé Aitti, “neu”, atzera-aldeko bidetik Ziburuko elizara etorria. Bai ama, “Neu”,  ni nintzen. –
Amaren begiek baldidura ikaragarria zerakusten, orain arte ulergaitzak egiten zitzaizkionak ulerkorrak bihurtu zitzaizkiolako.
- Gure asmoa zu ez hiltzea zen et horretan biok bat egin genuen-“Neu” eta “Nik”.- Aitortu niona hain eroa zen ez zekiela zer erantzun.
- Futbolera zurekin joatea, katixima nirekin erakustea, meza ondoan elkar mintzatzea, apez-etxean elkar solasak edukitzea, beno, biok bat egin genuen guztia... Oroitzen zara ezta? Dena aurre ikusia zegoen, baita istripuaren ondotik aita koman sartzea.
Zazpi hurrupa edateko gaitasuna emanda, ur magikoak bakoitzari egoera berri bat sortzeko aukera eskaini zion, hala nola Donibanetik Ortzi- mugarainoko igeria, Ziburura iristea, Monsieur l’abbé Aitti sor araztea, eta azken hurren hau, zu nire etxera erakartzea eta oraintxe hemen egotea. Dakusazun bezala denboraren nozioa galduta, atzera eta aurrera ibili gara, ni lehenik, apezez jantzia, dramaz beteriko zure aro larrira eta zu, orain, nire etxeraino erakarri zaituena.  Hiruren artean eta zure heriotzari uko eginda, bizi berri batean sartzeko xedea daukagu, heriorik gabeko argian, zu, “Neu”, “Ni” eta bi bikiak. Miren eta Miren Maite. Bihotzean, pena izugarri bat daukat bakarrik, “Ni”, “Neu” bilakatu nintzenean, lehenbiziko Miren Maite heriotzatik libratzeko beranduegi zela, 1957an zureganatu bainintzen.
Orain zuri dagokizu hau guztia onartzea eta daukagun plana hitzez hitz betetzea. Aita Izkoren urontzitik “neuk” edo Aitti apaizak hartuko duen azken hurrupak zilegi izan behar genukeen bizira itzuli araziko gaitu, denborak atzera eginez, zure haurduntzaren arora berriro erakarriz. Laurak bat! Aita ez, ez diodalako inoiz barkatuko bere portaera oker eta gaizkina. Zuri egindakoak lehenik, ongi bazekielako medikuek debekatu zizutela berriro haur beharretan gelditzea, gero nireak, hainbeste urte luzaz ahantzita eta ukatuta.
Entzun amatxo, eni min izugarria egin zidan zerbait kontatu behar dizut oraintxe, oroitzen zara, lantegia salbatzeko omen, aitari dirua utzi zenionean? Ba, hogei urte geroago eta ni ezkondu nintzenean, lantokiko diruaren berri eskatu nion eta zein izan zen  bere lotsarik gabeko erantzuna, kito ginela. Are gehiago, bera eta ama-ordearekin bizi izan nituen urteek kostu handia izan zutela, haurrerian nola gazterian eta joanpide* horretan zure sosaren hondarrak agortu zirela. Ukatu egin ninduen ni hazteko premia ukaturik. Benetan ukatu, beraz oraintxe zigorra doakio. Ez dakit zer pentsatuko duzun baina inoiz ez zaitu merezi izan. Hutsean egon dadila!-
Ama harriturik zegoen. Nola zitekeen aita batek semea halaxe ukatzea? Dirua itzultzea ez zen batere kontua baizik eta esatea bere semearen heziketa aurrera eramateko zuen  premia* garesti egin zitzaiola. Harrigarria!

*Joanpide: gastu
* premia: obligazioa

- Entzun ongi ama,- esan nion ordulariari begira,- ordu bat baizik ez zaigu gelditzen erabakia hartzeko. Jakin behar duzu ere l’abbé Aittik, bere kabuz, asmatu duela Lurdeseko erromesaldi arraroa, zu hementxe zauden bitartean aitzaki bat ukan dezazun. Ez dakizu baina zure desagerpenaz denak kezkatuak baitzeuden, ez bakarrik senideak, Ziburuko herri guztia baizik. Oro zure bila, mendian, itsasoan, ibaian, nonahi. Aitari eginkizun txarra utziko diogu, zozoarena, zuk esandakoa oroitzen ez dena. Zure Lurdeseko egonaldia aipatu zeniola esan behar diozu eta bere axolabekeria modu gogorrez leporatu. Gerokoak gero!

Berarekin konpondu beharko duzu, Ziburu guztia bere Maite politaren bila egon baita eta denak zure zain daude. Gauza bat eskatuko dizut halere, niregatik behintzat, bere aurrean ez biguntzea eta merezi duenarekin zigortzea. Plana ongi ateratzen bazaigu Bobby han berean utziko dugu, ondorioak eman zion zigorrean, gibeleko minbiziak eraman zuen hartan, eta oroitu, nahioz eta neure aita izan, egingo ditugun guztiak gure mendeku hutsa izango da, ez nirea bakarrik, gu biona.-
Ez entzuna eginik amak jarraitu zuen: - Baina seme, aitak ez du sekulan edan ezta gehiegikeriarik egin, ezta ere bizi okerrean sartu. Nola daiteke zirrosis batekin hiltzea?
- Ba ez dakit ama, agian bakoitzak merezi duena jasotzen duelako.

Amak ongi ulertu zuen eskatzen niona eta bizi berri bat egiteko prest azaldu zen, hiru haurren zorioneko argi urosean, bizirik. Nik banekien zer zen hori, bi alaba izan nituelako, baita ere lau biloba, bereziki  aro zehatz horretan sortu zen amak ezagututako Olat txikia.

- Ama, denbora hurbiltzen ari zaigu. Bederatziak hogei guttitan “Neuk” bizi berrira erakarriko gaituen azken hurrupa edango du, bizi berrira erakarriz, zuk hogeita hamaika eta nik lau urteko arora. Amatxi Julitxoren harridura handia izango da baina gurekin atzerantz ekarriko dugu. Aurretik poztu egingo dela zalantzarik ez dago.-

Ama balditurik zegoen.

- Amatxo, oso gutxi falta zaizu bat dagiten bi semeekin bizitzeko.  “Neuk” bere hurrupa edan ondoren, gu biok desagertuko gara eta halaxe, Kepatxo den zure seme bakarrarekin elkartuko zara, gurekin.
Badakit zuri ez zaizula gauza askorik aldatuko, l’abbé Aitti zure semea zeneukala ez zenekielako, baina egiari egi, berari esker bizian izan duzun sufrimendu handia ezabatuko zaizu eta zure biki maiteekin bizitzeko ahalmena izango duzu betiko. Badakit ere Miren Maite eskas izango duzula, dugula, baina beste erremediorik ez da izan, helburu bakarra zu heriotzatik libratzea zelako. Entzun elizako ezkilak, bostak dira. Apaizak urontzitik edango zukeen jadanik. Hogei minutu baizik ez dira gelditzen.-

Atzerakorik ez zegoen jada eta amatxi Julitxoz pentsatzen ari nintzen. Bere bizi guzian niregatik sakrifikaturik iragan dituen urte guztiak betiko desagertuko zitzaizkiola itzulika neukan buruan. Bataioak fededunei ematen dien eginbide zuzena, besoetakoa, ama hiltzen denean bere lekua hartzera eramaten dituena. Dena akabo! Maitasunez estali izan zituen guztiak galduko zituela oraindik ez zekien: Ni txikia, ene babesa, bertako lagunak, bere errefuxiatu giroa, bere Donibaneko etxea, oro….eta zeren truke? Ez zekien. Denok bat egiteko asmoa geneukala jakin balu, lehentasun horri baiezkoa emango lioke baina goizegi zen eta oraindik ez zuen gogoan hartzen ahal.
Zer zoriona! Denok bat, bera, bere ahizpa, Maite eta hiru seme alabak.

Zoratzen hasi nintzen. “Neuk” hurrupari eman ziola banekien, halakoetan aldiro, muinetako higidura sentitzen bainuen.
Goibel nengoen, nire tristeziaren ondoko une urosak galduko nituelako, ene bi alabak eta bilobak, haur eta gazte denboretako Arraiozko bizia, geroagoko Arizkunekoa, margolaritza eta literatura, musika eta sormena, lagunekin parrandak, Begiraleak... Ama eta arrebak salbatzeagatik, bizian maite izan nuen gehiena zapuztera zihoan. Halere, aitzinera jo behar nuen.
Parez pare neukan amari azken soa bota nion, ia ezagutu ez nuen andrea hainbeste maite ote nuenez galdeginda. Aldare baten gainean ezarri nuen zendu zitzaidan amak merezi ote zuen orain neronek bi alaba eta bilobak galtzea? Inor ez zen konturatzen magiarik gabeko mundu batean benetan galduko nituela, zendu gabeko ama biziarekin, ez nintzatekeelako inoiz hain goizik ezkonduko, ezta ere ene emazte ohia ezagutuko. Bi alabak izango ote nituen? Agian bai, baina ez horiek eta hori zaila zitzaidan. Izugarriko beldurrak eraso egin zidan. Eta Olat? Gehiago ikusi gabe? Berandu zen gibelerantz egiteko, zoramena gero eta handiago nabaritzen bainuen.
Ziburun aitzineko senideak biltzeko ordua iristen ari zen eta horren irrikan nengoen. Amak begiratzen ninduen isil- isilik, bere baitan zer naraman ongi bazekielako. Kepatxo bihurtzen ari nintzen.

- Denaz ziur zaude seme?-

Ziur egon gabe, amari bizia emateko edozein gauzarako gertu nengoela banekien, gainera hau guztia ez genuen funtsik gabe antolatu. Aitzinera jo behar genuen, denen onerako aterabide bat aurkituko genukeela iragarriz. Nik baneukan neure gogoeta sekretua, behin Ziburun lehengo bizian elkartu, beste zerbaitetara pasatzea, magiak soilik lor lezakeen zerbaitetara.
Azken atsedenaren zain, nire gelako ohe gainean eseri nintzen, pentsamenduz beterik. Geure artean bat, Jainkoa. Zer egin behar genuen berarekin? Donibanen amak aski garbi azaldu zuen hil ondotik ez zuela aurkitu, ez zeruan ez beste inon ere. Existitzen ote zen behintzat? Agian kreatzaile gisa, mundu guziaren prezisio zehatza Big- bang bakar batetik ez zitekeelako soilik heldu. Eztanda bai, noski, baita gure lurraren osaketa, baita kosmosarena, baina horien  zehaztasuna eta gure munduko izadiaren doitasuna? Zer esan gizakiarena konplitasunaz eta oihana eta itsasoa betetzen duten abere, marmutxa eta arrainen eginbide bikainena?
Ni egiazko apaiza ez nintzen beraz halako gogoetak zilegi nituen, are gehiago amaren aitorpena gogoan. Banekien bizi berrian, amak izango zuen zalantza handiena hauxe izango zela, ez daitekeelako sinetsi lekuko izan zaren gabezian. Hala ere, burutik ezabatu beharko lituzke gogoeta fede-gaitz guziak bere betiko munduan bizi izan nahi balu. Ziburun eta bizi zen giroa ezinezkoa zen, aro hartan oraindik gehiago. Amatxi Julitxo nola etsitu bere bizitzeko arrazoi bakarra gezur galanta zitekeela? Zer nahigabe izugarria jasoko luke. Amak  halakorik ez liokeela aitortzen ahal ziurra zen, adineko andreak nahiago lukeelako bizia galdu lauza pisu horrekin bizitzea baino.

1958ra itzultzea oztopoak baizik ez zituen ekartzen. Alde batetik ama eta arrebak bizirik ikusteko zoriona, bestetik bizi berriak lekarzkeen eragozpen guziak. Berandu zen zalantzetan aritzeko, azken hurrupa edana neukalako. Halere urontzian ur ttanttatxo bat gelditzen zitzaidala banekien Donibaneko eta Arizkuneko nire ohiko bizira itzultzekoa, “Neu” , “Ni” bilakatzeko.

Donibanen “Nik” beste zerbait neukan buruan. Desagertu ondoren, margotu nituen bi mila eta bostehun margolanekin zer gertatuko ote zen? Ziburuko edo Donibaneko ohiko bizira itzultzea gauza bat zen, bestea gauza materialen etorkizuna. Beti gogoan izan dudan posteritatea zapuztera zihoan ere, agian debaldetan, atzera aldeko bidetik jalgita, ez nuelako inoiz ezer margotu izan eta geroa hain desberdina izango nuen.
Hauxe zen kezkatzen ninduen gauzetarik bat eta nola jokatu jakin gabe, magiak, horretan ere, bere eragina  gauzatzeko gai izan zitekeela pentsatu nuen. Une berean, “Neuk” nire gogoeta susmatu zuen baina berandu zirudien. Bost minutu baizik ez zitzaizkigun gelditzen. Ai ama! Ezin minberago geunden, urduri, kezka eta larriduraz beterik, hitz batez, damuturik.

Donibanen, amak nire bi alabak agurtzeko denborarik ez zuen izan, Eki Olatxorekin badiaren itzulia egitera joan baitzen eta Gehiena lanean baitzegoen, bere alabak Zuhaitz, Oiz, ikastolan. Ekain bere amatxirekin lo. Zer pena, ez zituen gehiago ikusiko.
Itzultzeko azken minutu presatuetan, ama ametsetako bidai magiko horretaz ez zela batere damutzen gogoan hartu zuen, nire bi alabak eta euren seme-alabak ezagutu zituelako, amatxi Julitxok orduan erositako etxea eta bere hil ondoko neure biziaren ikuspegi osoa menperatzen zuelako. Hori guztia oinarritzat hartuta eta zeruko esperientziaz baliatuz, bizi berrian sartzeko gertu zegoen.
Ongi gogoratzen zen orain egun batzuk nola nire etxeko ateko txirrina jo zuen, batere zoramenik gabe, beraz, bidai berriari beldurrik gabe begiratzen zion eta lasai zegoen. 
Bere senarraren irudia lainoen artean itsasoan imajinatu zuen eta euren arteko elkar konplizitateko azken begirada bota zion. Hauxe bukatu zen. So-aldi horretan senarrari aurre egiteko indarraren bila zihoan,  gezurretan aritzeko sendotasunaren eta haren balizko axolagabekeria leporatzeko bide hoberenaren xerka.
Argi eta garbi zeukan. Azken unean, Lurdesera abiatzeko asmoa   aitari aipatu ziola sines arazi behar zion. Erraza zirudien, Bobbyren  artegatasuna famatua zelako, bere gogoa lantegiko aferetan beti sartuta zeukalako.
Ama ez zen maiz gezurretan aritzen baina salbabide bakarra hori zeukan, senide eta herri guztiak bere eskasa barka zezaten eta aldi berean aitari hoben orok aurpegiratu zitzaten.

Etxeko eskailerak trumilka jaitsita, ama Garat karrikatik gorantz abiatu zen. Itsasoa bare – bare zegoen, bere zabaltasun osoa eskainirik. Zer zekien amak “Neu” itsasotik barna ortzi-mugaraino bizkar gaineko igerian abiatu zela eta magia lilluragarriaren bitartez, hain urrun bezain hurbil zegoen Ziburura iritsi izan zela ere. Ezer ez zekien.
Agian berak ere bide bera hartuko luke? Itsasoa ikusteko azken grina ikaragarriak arrazoi berezi bat baitzeukan baina gogoeta horiek buruan zeuzkalarik, bere gorputz osoa jadanik bustirik nabaritu zuen, uretan murgilduta baitzegoen.

Zeruan, lainoen artean olerki musikatu hau zagerkion:

                                  Atzerantz   

Begira, so igotzen den izpia.                  
Lurretik argira doana                               
Loretik ekira dabiana                               
Denbora atzerantz derama.

Behin eta berriro , betitik haboro                                          
hainbat belaunaldiko, urte eta mende oro                                 

Izpi sokatik gorantz argira.
Arbasoen argitik piztera,                         
Askaziaren geroa argitzera.                     
Erakaspen argiz, zerutik lurrera

Behin eta berriro, betitik haboro                                         
hainbat belaunaldiko, urte eta mende oro.                                 

Izpitik ekiraino argitzera                             
Ikastera eta erakastera                            
gaztearen gogoa aberastera                    
Egin dezan hobego berbera.

Nork idatzia? Berak? , “Neuk”, “Nik”, ala konplize zeukaten itsasoak?

                                             Hogei minutu

Ziburun, azken hurren hurrupa irentsi nuenean, ama bidaiatzeko gertu legokeela pentsatu nuen. “Ni”- ren urduritasuna neure baitan nabaritzen nuen, nirekin bat egiteko prest zegoelako. Biok bat jadanik egin genuela ez nintzen ohartu ere eta inork ez zidan esan istorio guzti hau halaxe bukatu zitekeenik. Helburua betetzen ari zitzaigun. Ama, bizi berritik nahiko hurbil zegoen eta bi bikiak bere sabelean bat besteari lekua kendu nahiez zebiltzan jadanik. Benetan ederra baina zentzurik gabekoa “Neu” gabe? Eta zer “Ni” gabe, berak dena asmatu baitzuen. Kepatxo hantxe zegoela bagenekien baina gertatu zen guztia aztertzeko gai ez zen, bost urte baizik ez zituelako. Gu ginen nahas-mahas honen sortzaileak eta antolatzaileak eta gorabehera ororen emaitza bizitzeko irrikan geunden, bat Ziburun, bestea Donibanen. Nahiz eta muinetan bat egin, bi gorputz ginen, denetarako gertu, magiak edozein ustekabeko irtenbidera eraman gintuzkeelako. Besterik ez zenez gertatuko zen orotatik hurbil egon behar genuen.

Gu ginen bi semeen patua argi ez neukan, Kepatxorena aldiz bai,  bere amarekin bat egitea eta bere haurreria eta gazteria zoriontsuak ezagutzea.
Kepatxorekin batean beraz, bi seme baino, hiru ginen. Azken leitmotiv existentzialean murgilduta nengoen. Lau eta hiru berdin baten pare, hauxe, liburuaren hastapenean dagerren ekuazioak, bi gehi bat berdin bat zemala* zerakutsan*:                                      

* zemala: ematen zuela
* zerakutsan: erakusten zuen

Bat- batean haren adierazpen misteriotsua agertu zitzaidan:

Mendekua= Bi seme + bat berdin bi ama karratu +amatxi zati hiru seme - aita, = Zorion infinitua. Ala

Biok bi aukera bagenituen: Bizi edo ez!
Nire gogoak “Ni” rekin bat egiten balu eta denen ezkutuan, Donibanera betiko itzuliko nintzateke, gure adina berriro harturik eta Ziburuko familia berria eta euren egunerokoak eta etorkizuna euren artean antolatzen utzirik.
Bigarrena, ez desagertzea eta Ziburun Monsieur l’abbé Aitti bezala jarraitzea. Beste aldetik, Donibanen Kepa Zumel bertan segitzea. Horrek abantaila handia ager lezake, Ziburuko familia zorionean nola hazten zen ikustea, hurbiletik begiratzea, gu biok denen lekuko, batez ere “Neu”,  hurbileko begirale sekretu baten lanean sartuko nintzatekeelako, Maiteren konplize gordea, agian etxe horretan eskas zegoen gizonaren lekua hartuta, senar birtuala, beti hor, testigu eta  aholkulari gisa, hurbil legokeen “Ni”rekin harreman sendoetan sartuko nintzatekeelako.

Hamar minuta jadanik ura irentsi nuela eta erabakia hartu beharra neukan. Ongi pentsatuta, Ziburun gelditzea ongi iruditzen zitzaidan, baita Maiteri ere, ” Ni” bere semeak bidaiaren gorabehera guztiak aitortu baitzizkion.
Egia aitortzen banu, gisakoa liteke halako esperientzia bitxian sartzea. Arazo bakarra zen, bat egin dezagun, Donibanen itxoiten nindutela eta alabak eta bilobak ikusteko gogo handia neukala. Baina zer axola? “Ni” hantxe nengoen.
Bikoiztasun larri bat neukan gogoan, ama eta arrebak edo alaba eta bilobak?  Hauxe neukan ateka gaiztoa, hauxe bai ala ezaren galdera larria.

Jadanik imajinatzen nuen Maite irriz, zorionez beterik, Zokoako itsas bazterrean bere bikiak sehaskan eramanik, aitona eta amona egon ziren egoitza zahar bezain ederra gozatzen. Baina amak orain bazekien etxe horretatik bota egingo zituztela eta 1962an, Amatxi eta Txitxi, bortxaz Donibanera joango zirela bizitzera. 

Eta Ziburun, une zehatz honetan irtenbide egokiarena gogora etorri zitzaidan, denak elkarrekin bizitzea. Belaunaldiak nahasiz eta urontziaren azken tanteei esker, denok bat egin beharko genukeela pentsatu nuen eta horretarako leku aproposa Donibane zen, jadanik amatxik erositako etxea hortxe zegoelako, Eki bizi zen bigarren estaia erabil genezakeelako eta agian, hirugarren solairua erosiz etxe guztia gureganatu eta denentzat lekua egin.

Donibanen ama zentzua galtzen hasi zen eta “Ni” ezin xoratuagoa nengoen. Une baten buruan Zibururat itzuliko zen. Ez senarrarekin bizi izan zen etxe dotorera, hauxe Camietara, betiko etxera baizik, alemanen denboretan, Besselertarren etxean gordeta egon zirenean hegoaldetik ihes egin ondoren alokatu zutenera. Baina laster zendu ziren eta ez zioten etxeari behar zuen zaporea atera. Amak horixe zor zien bere gurasoei, euren ordez han egotea. Horretarako senarrik ez zuen behar, gainera aise jasango zuen bananduta egotea. Ez zen lehena izanen, batez ere Ziburun, herria jende xehe laikoz eta langile ezkertiarrez beteta zegoelako. Alargunetatik aparte, giristinoen artean ez zen usu eta ama izango ote zen elizkideen arteko banandutako emakume bakarra?
Ordu latza iritsi zen.” Neuk”, Ziburun gelditzea erabaki nuen.

Donibane utzita, ama etxe zaharreko eskailerak igo zituenean, parez pare amatxi Julitxorekin topo egin zuen. Besarkada tinko bat elkar emanda, Lurdesetik zetorrela esan zien, baita ere Bobbyk ongi bazekiela eriekin hantxe zegoela. Arrats hartan eta patuak Camietan kokatu zuen gisara, aita lantegitik ez zen etorri. Amaren sabela nahiko hantuta zegoen jadanik eta erditzeko bi hilabete baizik ez zaizkion gelditzen. Amatxi Julitxo pozik zegoen. Biharamun goizean, ama, aitari adierazpenak ematera lantegira hurbildu zitzaion.
- Bazen ordua! Non zeunden bada?-Oihukatu zuen gizonak.

- Nola non nengoen? – erantzun zion deblauki gezurtiak. Esan nizun bada Lurdesera joaten nintzela.

- Niri?- Erantzun zion aitak- Noiz esan zenidan hori?

- Ba ostiralean, lanetik etorri zinenean.-

Aitak ez zuen gogoan hartzen ahal bere emaztea gezurretan aritzea, ezta ere berarekin samurtzea. Aldiz burua beti lantegiko kudeaketan sartuta zeukala bai eta edozein unez emazteak edo beste edonork esandakoak entzun ez zitzakeela bazekien. Ontzat hartu zuen bere axolagabekeria eta damutu egin zen, batez ere herri guztia emaztearen bila ibili zelako. Bost axola zitzaion herritarrek zer pentsatuko zuten, beti lanean zegoelako buru belarri. Maiteren desagerpen bitxi horretaz, edozeinek pentsa lezake beste gizon bat izan zitekeela haren bizian, maitale ezkutatu bat edo, baina ez, Jainkoa ezik, halako besterik ez zela bazekien.
Behin txoriburu bat zela onartuta, eta barkamenak eskaturik, emazteari berriz ere ea etxera lo egitera etorriko zenik galdegin zion.
-Ez Bobby, ez, gure elkar bizitza bukatu da. Begira nire sabela. Ongi badakizu zer gertatu zitzaidan azken aldian, Miren Maite galdu nuelarik. Geroztik mediku guztiek berriz haurdun ez gelditzeko debekatu zidaten eta erabaki gogorrak hartu izan genituen, baina zuk, beti zurea eginez, bortxez hartu ninduzun, bikote baten artean gerta daitekeen odol berotasunaren ondorio, batek ezetz esanez eta besteak indarrez baiezkoa lortuz. Nik ez nuen nahi! Halakorik debekatu zidatelako. Batere babesik gabe gainera. Beti ulertu izan ditut zure gorputzaren beharrak, baita ere zure arra muinarenak eta mila aldiz isilik egon naiz.
Zer uste duzu ez dakidala Parisen astearteetan andre batzuekin egoten zarela edo, zer uste, itsua naizela edo? Jakin ba kontatu didatela noiz, non eta norekin elkartzen zaren baina ni isilik, balizko haur baten agerpena babesteko, ezeztatzeko, biziak herioari gaina har ziezazkion.
Zergatik uste duzu Lurdesera joan naizela- lehen gezurrari, plomu guztiarekin bigarren larria- Ama birjinari otoitz egiteko, sabelean ditudan haurrak heriotik libra ditzan.

Hilko naiz! Horixe idatzi diot Kepa txikiari eta barkatzeko eskatu diot. Aholku guzien gainetik espantxatan nagoelako, eta medikuek  igarri duten bezala, ni baino lehentxeago, txikiak hilko direlako. Horixe da ene patua, patu larria, eta hobendun bakarra zu zara!  Orduan Camietako bizia bukatu da. Bi hilabete baizik ez zaizkit bizirik gelditzen eta nahiago ditut nire seme eta izebekin  iragan. Eraile bat zara! Utz nazazu bakean!- Aita isil- isilik zegoen.

 Ziburuko etxera iritsi zenean eta gure elkar hizketa entzun balu bezala, etxe atarian Teresa aurkitu zuen, Camieta utzirik, eurekin bizitzera etortzea erabakia hartuta.
“Neu”, M l’abbé Aitti eskaratzearen aitzinean nengoen ere eta amari lasaitzeko aholkatu nion, urontzitik edan nuen azken hurrupak hiltzetik libratuko zuela segurtatuz, hori zela loturiko tratua eta besterik ez zegoen.

Amak hori bazekien baina kezka handiak zituen, behin denak heriora eraman zituen egoera berdintsua bizi izan zuelako, nahiz eta ”Neu” bere semearengan konfiantza osoa eduki, izialdurak garunak dardarikatzen zizkion, tunela behin ikusi zuelako eta honetakoan halakorik ez zuen gehiagorik nahi, batez ere bere bi alabatxoak bizi zitezen.  Halere zerbait izugarriz, bere ikuspegia itzulipurdikatzen zitzaion, Jainkoaren eskasaz, bizian izan zuen bere ohiko jokabidearen helburu bakarra galduko ote zuenez? Fini*sinesmen itsuak! Fini fideltasun krudelak! Fini bortxaketa larriak! Aki*, erailketa bortitzak! Bera ez zen sortu herioa sor arazteko, ezta ere hobiak bazkatzeko.
Bere burua zeruko lurtartzat harturik, Ziburu izan zitekeen purgatorio itsastiarrean gelditzeko agindua jaso zuen, bere bekatu bakarra purgatzeko, senarrari esan zion gezur galantaz hobentzeko. Nahiz eta berpiztutako bere semea egiaren gainean egon, haren konfesio kaiola zaharretik iragan beharko luke, imortalak zitezkeen bekatu mortalak* aitortzeko baino, berarekin modu seguru batez mintzatzeko.
Mortala baino, benetako imortala bihurtu zen, hiltzetik libro, erailetik urrun eta bizi urosean zoriontsu. Bai!Imortala eta erdi!

Jadanik olerki hau gogoan neukan, “Imortala eta erdi ” izenekoa:

Errekak une zehatzaren eternitatea gozatzen badu ere,
heriotzaren ezagutza arrotz izanda,  isurmena du ele.
Inoiz geldirik ez dago, beti dantzan, ur jarioa erne,
itsasoko uhinak bere aterbe zabaltzat betiko hartu arte.

Gizakia mortala eta bizira erdita, beti hilkor eta erdi,
Oreka ere hilkorra, aldiz desoreka imortala ta erdi.

Ekaitzak hedoia ikaratuz, desoreka osoa sortaraz lezake,
euria eta kazkabarra jaurtikiz lurrera, hazi bihurtu arte.
Orekak dauka  lurpean,  isiltasun  oso, heriotzaren kide
beherantz, aldiz ur jauzia desoreka ern erremediorik gabe.

* Fini eta aki: buka
* imortala: hilezkorra( haiez halaxe erabilia)

Orekak gure biziaren hilkortasuna  gozatzen badu ere,
Desorekak  ur bizietan mugikortasuna du .
Lurrina gorantz badoa,  ikusgaitza, hedoi bustiak erne,
haziz bizia erdituz,  isurmena hilgaitz izan  arte.

Olerki hau amak “Ni”rekin plana harilkatu baino lehenagokoa zen, patuak aspalditik markatu zion bidetik zihoana eta erditzerakoan heriotzara kondenatuko zituena, bera eta bere bi alaba ttikiak.
Mortala eta erdi esaldiak, hilkor sortuta, beti hilkorrak garela esan nahi zuen, heriotzak sortarazten dituen ondorioak kontutan hartu gabe, eta erdi….. Erditzerakoan ama hilko zen baina guri esker hilezkortasuna lorturik, zeruko lurtarra bilakatuz.  Oreka eta desorekaren borroka zerakutsan, desorekak oreka desegiten duelako, berriro desorekara eramango duen oreka berria bilakatuz.
5a zenbakia desorekaren zenbakia da, oreka osoenaren 4 etik etorria, 2 gehi 2 ren ondotik datorren pare gabekoa.

Goiz-alba, goiza, arratsaldea eta ilunabarraren ondoan gaua baita, bosgarren misteriotsua, orekaz betea, goizeko desorekaren ama. Horixe bera, amak erditzen duen umea, behin erditua, erabat mortala…eta erdi, hilkor eta erdi, eta piko, hainbeste ondorio sortzen baititu biziak. Oreka beti hilkorra, noizpait desorekak erailko duelako, eta oreka guzietatik desoreka dagerrelako.*

Horra beraz esaldi ulerkorra bihurtuta: Gizakia mortala eta bizira erdita, beti hilkor eta erdi, Oreka ere hilkorra, aldiz desoreka imortala ta erdi.  

*Dagerrelako : agertzen delako

                                           Erditzea

Sabeleko lehen oinazeak sentitu zituenean, La Caravelle klinikara eraman zuten, hiru aste edo, erditzeko eskas zituelarik. Aste oso bat han egonda, lehen kontrakzioak biziki mingarriak egin zitzaizkion,  garratzak bezain mingotsak. Halere beldurrik ez zeukan, bizia jokoan ez zeukalako. L’abbé Aitti bisitara etorri zitzaionean, eskua eman zion  eta leihotik ageri zen itsasoari begiratu zioten, hainbeste iturrien hartzailea baitzen. Seme zintzo baten pare, errukiz beteriko hitzak bota zizkion, batez ere lasai egon zedin.
“ Neuk”, ama, errukiz beteriko begiradaz itzatzen* nuen, bi amoros tinkoak elkar begirada baten moduko soaz, amodioa zinez pasa arazten duten tenkada* zuzen horietaz. Hitzik gurutzatu gabe, emaginarekin gelatik erdi-tokira eraman zutelarik. azken agurra eman nion, Biok ongi bagenekien lana bukatzear berriro elkartuko ginela, hirurak, bikiak salbu.
Erditzeko lana bukatuta, bi neska koxkor haien negarrak entzun nituen, malko zoriontsuez eginak, haiek ere bi egunen buruan ez zirela hilko bazekitelako.
Ama, behin zendu zen eta heriotza ez da inoiz ahanzten. Halako ahalmenik txikiek ba al zuten? Ez! Amak ongi bazekien ezetz, han goian, muinen leku lingirdatsu hartan, haurrik ez zegoelako eta hura pentsamenen tokia baizik ez zen. Oroitzen zuten bakarra amaren sabelean bizitako uneak ziren, egiazko leku lingirdatsua,  bizirat daraman egoitza gozoaren egonaldi beroa.

* begiradaz Itzatu: iltzatu, tinko begiratu
* tenkada: tinko-tinko begiratzeko manera

Bere izialdura guziak hegaldaka, ama lorietan zegoen. Bera hil zenik ez zen gehiago oroitzen, ezta ere, bera joan baino lehen zendu ziren bi txikien herioaz. Bizia zeukan argi bakarra. argi gardena, tuneletik at ikusten den antzekoa, benetakoa, ez erlijioak bereganatu duen betierekoa.  Donibanen “Ni”rekin izan zuen elkar hizketa gogoratzen zuen, ea hil zenez galdegin ziolarik. Tunela luze hura ezik, besterik ez baitzuen gogoan atxikitzen orain ere.

Geroa garbi zagerren, bi bikiena, berea, Kepatxorena, baita ere bere heriotzak Ziburun utzi izan zuen hutsa eta semearen umezurtza larria, dena desagertua, ezabatua, muinetatik ihes egina.
 Bi semeei esker, hirugarrenaren bizia zoriontsua izango zen.

                                        Klinikatik etxera

Erietxetik ateratzeko eguna iritsi zenean jadanik sehaska bikoitz hura gela aitzineko korridorera ekarri zuten eta Miren eta Miren Maite ttikiak eroso etzan zituzten, maindireen artean bero-bero. Azaroaren 5a zen eta bi heriotzen eguna jadanik betiko iragana. Denak biziko ziren!

Amari ibiltzeko baimena eman zioten. “ Neu” hurbildu zitzaion erietxetik etxera zegoen kilometroa elkarrekin oinez egin zezaten. Amatxi Julitxo hortxe zegoen ere, haserre. Nori bururatzen ote zitzaion erditu ondotik hainbeste bide oinez egitea ? Ez zioten kasurik egin. Ama eta apaizaren irriak konplize batzuenak ziren, euren poz neurgaitza ezkutatuz.
Amatxirena aldiz nahiko hitsa, sorberririk gabe bizi izan zituen aroak modu desberdinaz bizi izango zituela oharturik. Adio bere Kepatxo kuttuna, bere bihotza gaineratu zuen haurra, amarik gabe bizi izan zen maitea. Adio, besoetako lan gozo bezain aberatsa! Zer bihurtuko litzateke Kepatxorik gabe? Amak, hori guztiak igartzen zituen eta isilik egotea deliberatu zuen. Isilik ere egon beharko luke ere igandeko erritoak iraun ditzaten, bizitzeko arrazoi nagusia piztuta jarrai zedin eta Kepatxo bertako eskola giristinoan sar dadin. Tradizioei ostiko galanta ez emateagatik, amatxi Julitxori txikiarekin egindako guztiak eskertzeagatik eta “kandiraton”* haren aurka ez altxatzeagatik, ama sasi sinesmenetan murgildu zen, orduan ezin baitzuen dena ukatu.
Apaiza zelako, “Neu”rena zailagoa zen eta jendearen aurrean antzerki lanetan aritu beharko luke… 

*Qu’ en dira-t-on: zer erranen dute?  Jendeen solas-moralak.

                                             Halere

Aitaren berririk ez zeukaten batere. Nola izan behar ote zituzten bada, amak pikutara bidali baino lehenagoko bizi berri honetan, berean eta neurean, hil zelako, 1983ko maiatzean, hirurogeita lau urtetan, bat- bateko gibeleko minbizi baten erasoz. Atzera aldeko bidea har lezakeen “Nik” edo “Neuk” ginen sortzaileen baimena jaso behar luke eta hala ez zen. Denen onesmenarekin, bere denboraren nozioa sakabanaturik*, Camietan abandonatu zuten, bere zigor handienean, ez jakitea noiz bizi zen.
Bere gabeziaz amatxi Julitxo erabat poztu zen, bere biziaren lauza pisuena ez zuelako gehiagorik ikusi nahi eta nahiago zuelako betirako ahantzi.
Lantegia nahiko gaizki zebilen. Anaiek aspalditik abisatu zioten, halaxe ez zitekeela jarraitu, langile gehiegi zegoela eta Maroken barkuak izateko ideia baztertu behar zuela, baina aitak itsasontzi hormagailu bat edukitzea zeukan buruan, batez ere beste kontserbategiak baino guttiago ez izateagatik.  Beti berea zegielako, hala izan zen eta Urdazuri izeneko itsasontzi gotorra erosi zuen.
Amak bere buruari galdetzen zion ea berriro ere dirua eskatuko ote liokeen, ea Tolosako etxea berriro saldu beharko luketen. Magiarengatik, aitak ez zuen ezer gogoan atxiki et horrek benetako  susmo txarra zeman*. Zerbait kaskoan sartuta bazeukan. Hala zirudien behintzat. Zalantzarik gabe, diru eske etorriko litzateke, amak orduan borondate onez eskainitakoa oroiturik.
Badaezpada ere, oroitzen nintzen zehaztasuna denei kontatu nien. Orok jakin behar zuten 1964ean, ene ama-ordearekin bizitzeko

* sakabanaturik: banandurik
*Zeman: Ematen zuen

eraikitzen ari ziren Pantoka izeneko eraikinaren aitzinamendua behatzera elkarrekin joaten ginenean, langile guztiak ezagutzen nituen, bai harginak, zurginak edo iturginak, denak lantegiko langileak, aitak, ene eskolako etxeko lanak egin nitzan lantegira joatea zigortzen ninduenean ezagutuak. 

Hori zuen ohitura, bere etxean egon zen Teresa  neskamea langile kopuruan sartzen zuen modukoa, dena zor bazioketeen bezala. “Villa” eder hura urririk lortu zuela orok jakin behar baitzuten.

Azken atsedeneko atean zegoelarik, 1983 ean, aitak erietxean morfinaz hanpatua azken egunak iragan zituen eta igarri zizkioten hamaika egun zehatzen buruan nire aurrean hil zen. Nire begirada tinko – tinko bere gainean neukan ezarrita eta azken atsedenera pasatu zelarik ez zidan batere penik eman, han, bere ohe hobiratuan, begiak itxirik. Halere zerbait bitxi hauteman nion, hilzorian eskuarekin bere barrabilen bila zihoan,  modu zakar batez, eskutan hartu eta erauzi nahi balitu bezala. Berehala bururatu zitzaidan ea damu keinu bat ote zenez, zakil madarikatu horrek hainbeste heriotz eragin baitzituen... Isilik zegoen, beti bezala, baina orain hitz egin ez zezakeelako, morfinaz burua erdi galduta zeukalako. Barrabiletik tiraka, tuneletik gertu zegoen. Laster bere biziaren irudi guziak iragaten ikusiko zituenean agian damutu egingo zen, niri emandako tratu gaiztoarengatik behintzat. Ez! Halakorik ez zitekeen! Harroegi baitzen.
Bederen ama libre biziko zen eta, senarrik gabe bere bikiekin, amatasun eztia gozatuko zuen, orain dela hirurogei bat urte ahantziz, errekaratu* ziren guztiak ahaztua eta haurrideen arteko familia batean biziaz loriatuz.

* errekaratu: amildu

Halere aita ez zen oraino hil, atzera aldeko bidean sartuta zegoelako eta denak izorratzeko gogoan zerbait zeukala amak susmatu zuen.
Inork ez zuen ezer jakin bere emaztea lantokira deitu zuelarik, are guttiago ama sakralizatua daukaten seme- alaben iritzia alda arazteko prest zegoela. Mehatxuka hasi zitzaion:

-Maite, aspertu naiz hemen doilorkumetzat denek hartzea. Badakit ongi nire erruak izan ditzakedanik, baina hitz egiteko ordua etorri zait. Jakin ezazu beti isilik egon naizela, berez hala naizelako, bai, baina ere zure beldur egon naizelako, beti arrazoi, beti egia, Jainkoaren hitza balitz bezala. Maite izan zaitut eta oraino maite zaitut, baina orain nire txanda da. Nik uste dut zure fedea, psikologiko den behar baten ondoriokoa daukazula, bizian egindako guztien aitzaki galanta, zure garunen aterpe goitatua*, inoiz zalantzan jartzen izan ez zaituena. Nahiko nuke oroitzea otoi. Errazena da ni erailtzat hartzea eta joan den egunean esan zenidan bezala bortxatzailetzat kontsideratzea, baina hala ez dela badakizu. Utzi Jainko lekukoa bakean eta azter itzazu zureak, behingoan, benetako kontrizio ekintza bat bezala.
Inork ez zuen jakin zer baldintzetan sortu zen Kepatxo, inork ere ezkondu baino lehenago izan genituen harreman beroen ondoko fruitua izan zenik ere eta ezkondu baino lehen haurdun zeundenik. Nola pentsatu behar zuten ezkontzeko izan genituen lehiak* arrazoi zehatz bat bazutenik ere.  Erraza dute Julitxok eta apaizak esatea ni, haurdun zegoen emakume batekin berrezkondu nintzela eta denak abandonatu nituela. Egia da, baina zuk oroitu ongi zurea ere? Dena salatzera bultzatuko ote nauzu? Maite adoratua bezain konplitua, gazterik larrua jotzen, bere sexu beharrak gordeka betetzen, bere ardoaren aldeko zaletasuna ezkutatzen, hura izan baitzen ohera erakarri izan gintuena, gogoratzen zara ezta?-

* Goaitatua: igurikatua
* lehiak: lasterrak, presakeriak

Nola pentsatu behar zuen amak Bobbyk ilunpetatik halakoak argira atera zitzakeenik? Eta Kepatxok jakin balu? Inork ez zuela bere senarra sinistuko bazekien ere, esperientzia oneragarria bizitu izan baitzuen Lurdeseko istorioa asmatu zuenean. Baina… Halere, sortu zitezkeen zalantzen aurrean, hobe luke hura betiko mutu araztea.
Zer pentsatuko lukete hain gora zegoen aldarean betitik ezarri zuten “Ni” eta “ Neu”k. Ama, hortxe konturatu zen seme- alaba guzien itsukeriaz, ama izanda, semeek zalantzarik gabeko hitza sekulan ez dutela eztabaidatuko, ez eta menturan jarriko.
Zer egin behar zuen? Aita bere betiko mutukeriarat itzuli arazi baina nola? Mehatxuka ari baitzitzaion, bera mundu berrian onar zenezaten.

Horrek zentzurik ez zeukan eta hauxe erantzun zion:

-Begira Bobby, zuk badakizu zer bizia izan zenuen nire desagertzetik landa, berriro ezkondu eta beste mundu arrotz batean sartu zinen, seme alaba berriak ukan zenituen, eta nahiz eta ez aitortu, Kepatxo osoki ahantzi izan zenuen, amatxi Julitxoren eskutan utzirik. Horrek ez zaitu batere barkatzen, semea ukatu zenuelako. Zure burutik hainbeste ezabatu zenuen. Lantegian sartu nuen diruaren berri semea etorri zitzaizunean, kito zinetela esan zenion, bera hazteko gastu guztiak zor zizkizula esanez. Uste duzu hori maite den seme bati egiten zaiola?

-Bai, orain nire axolagabekeri hura leporatzen didazu baina zer garrantzia dauka orain? Denok akats aitorgarriak ditugula esana dizut, zuk behingoan beti arrazoi ez daukazula onar ezazu otoi-

-Ez Bobby, ez, hori ez da axolagabekeria, ukazioa baizik eta lotsa eman beharko lizuke.-
- Agian,- erantzun zion- zentzu onean zaude baina jakin bere emaztearekin kitapenak egitera hurbildu zitzaidanean, ez nekiela zer egin, lantegia errekaratzeko abian zegoen, nire anaiak iroika gainean nituen, nire biziko arrazoia eskutik kenduko zidatela beldurrez nengoen eta Kepa, bere andrearekin, zorren eske. Hain urduri nengoen erantzuntzat edozein gauza eskaini niola, agian inoiz esan behar izan ez nuena.-

- Bai, bai, eta bere lizeoko azken kurtsoko gastuak, eskola garesti hartakoak aipatu zenizkion ere, baita baxoa lortzen bazukeen agindu zenion autoaren prezioa, dena zure zorrak kitatzeko asmotan. Ez uste, egun hartan zure eskuz idatzitako zerrenda altxor bat bezala atxikitzen dut, hortxe daukat. Lotsagarria, benetan ahalkegarria! Baina denen gainetik, berriz ere, bere heziketarena, zuekin bizi zen urteen gastuen kenketa. Halako kontuak eginda dirua berak zor zizun, ezta?-
- Ba, barkatu Maite baina aro hartan zokoratuta nengoen.-
- Ez Bobby ez, gainetik kentzeko gupida apur bat eskatu baitzenion, egoera hobetuko litekeela eta denbora pixka bat uzteko erregutuz, hiltzerakoan oroituko zinela luzatu zenion. Jakin Kepa ez zela etorri zure egoera amiltzeko asmotan, baizik eta zuk zozotzat gehiago har ez zenezan. Eskerrak halako emaztea aurkitu zuela, zure aldekiko bere izuak aira zitzan. Eta azkenean zer? Zure Marokeko barku haren segurantzako zorrak ordaintzera kondenatu zenuen. Zure aurpegia zuritu zenezake urririk eraiki zenuen etxearen parte berezi bat semeari ematen, baina ez, ezkondu zinen urte berean, eta sortu zuten esposen arteko donazioaren legea baliatuz, Kepak arrotz zeukan andre horri etxea eman zenion, zure ontasun bakarraren baliapenetik betiko bazterturik. Hori da egin duzuna, beraz ez etorri orain zure aurpegia zuritzera!-
Aita, damuturik baino, bere ohiko harrokerian ukitua, erdi negarrez zegoen, amaren hitzak sakonki barneratuz.
Aitak: -Enetzat bikote berri hura birsortze berezi baten antzekoa izan baitzen, seme alaba berriak eman zizkidanak. Badakizu zer den hiru alaba galtzea ezta? Ba nik ere galdu ditut gureak eta nahiz eta sentimendu orok barnean atxiki, beti hortxe izan dut, lauza izugarri baten pare, ulertu beraz bizi berriak salbatu nindukeela.-

-Ez dut ezer horren aurka- oihukatu zion amak- berriz ezkontzeko libre zinen baina ez gure semea modu horretan ukatzeko eta modu txarrez tratatzeko. Zu betikoa zara!-

- Adi otoi- erantzun zion aitak- Gure arteko tratu bat tinka dezagun, zuk betiko ahazten nauzu eta nire Donibaneko bizi urosa izaten uzten nauzu, zuk txikia zurekin atxikiz. Eskerrik l’abbé Aittik denak atzera erakarri gaituela, bere amarekin batean Kepatxok bizi uros berri bat ukan dezan, zuk ni gabekoa jarrai dezazun eta denek bat egin dezazuen. Ez naiz zuen mundukoa. Zutaz maitemindu nintzen. Bukatu da. Idurikan daukat zer zoriontsu izango dudan Julitxoren presioa sentitu gabeko bizi berria, zure jendakien  errieta begirada zorrotzak iltzatu gabekoa ere. 
Ni, nire aldetik, isilik egoten naiz, bai zure haurduntza sekretuaz, baita ere l’abbé Aittirekin daukazun harreman bereziaz.-
-Zer esan nahi duzu horrekin???- Nire maitalea dela edo?-Oihukatu zion haserre.-
-Nik ez, baina jende gehienak horixe pentsatzen du, beraz gogoan hartu non dagoen zure aldare gaineko aurkezpen hori, paregabeko andrearen fama eta ohorea. Beraz ni isilik eta zu apaizaren harremanak moztu, jendeak ikus dezan okerreko bidetik doala.-

- Nola adierazi behar ote zion Aitti bere semea zela, aita Izkoren indarrak hona erakarria, atera aldeko bidaiari ausarta bezain salbatzailea. Beste irtenbiderik ez zeukan eta proposatu zion trukea onartu zuen. Bederen senarra bistatik baztertuko zuen eta ezezagun mundu batean sartuta, bakea emango zion. Gainera euren arteko isiltasunez betetako eguneroko bizia ikutzera zihoan, azken unean pentsio dezente bat luzatuko ziola hitz eman baitzion.

Euren artean geldituko zen sekretu erdia izan zen, “Neu” nintzen semeari trukea xuxurlatu zidalako eta “Neuk”, apez-etxean jarraitu nuen. Amak aldiz katixima utzi zuen, igandeetako meza-ondoko elkartze sozialetatik ihes egin zuen, iritzi ateorik plazaratu ez nahian aitzaki, eta “Neu”- rekin Atotxara“ gehiago ez joatea erabaki zuen. Gezurra, isilpean, azken derbyra hurbilduko zirela elkar hitz eman baitzuten...

“Neuk”, eliza-ondoko lege berri bat bultzatu nuen, bai hiletetan, baita ere ezkontzetan gauzatuko nuena, eliza barneko lana bete ondotik, eliza-atarira ez nintzela gehiago aterako. Beste apaiz batzuk ildo beretik jarraitu zuten, burges jendearen funtsik gabeko elkar hizketaz aspertuta baitzeuden.
“Neuk” ez nuelako inolaz ere amaren laudorioa ukatzen ahal, gure arteko konplizitateari segida disktreta eman genion.

                                             Ziburun

Eguneroko bizia egunerokoa bihurtu zen, ama bi egun astean, bere erizaineko lanetan jarraitu zuen,  Kepatxo Pocalette karrikako eskola pribatuan ikasten ari zen, bi bikiak, amaren bularretatik tinko zurgatzen, etxean zeunden, amatxi neguko hiru haurren arropak josten eta etxea bere gisara antolatzen segitu zuen. Nire ohiko kaikutik aparte, aurten, artilezko galtzerdiak josten hasi zitzaizkidan, “Neu” nini nintzenean josten zizkidan antzekoak, baina orain bi txiki gehiago zeuden etxean eta itxuraz behintzat, aitaren soldata ez zen jadanik etxean sartzen.
Bere burua desenkusatzeko* bezala, aitak hilabeteko pentsioa isilpean luzatuz, Kepatxoren gastuak kubritzen zituen. Halere amak ez zion ezer barkatzen. Atzokoak alde batera utzirik, ez zuen berarekin gehiago haserretzeko asmorik eta nahiago zuen Ziburun bizi, bere seme alabekin eta hainbeste maite zituen izebekin.
Amatxiren behatzak beti dantzan zeuden, egun osoa josten iragaten zuelako. Horren aparte berak zeukan afaria prestatzeko ardura eta gehienetan denentzat  perrexileko moleta* xinple bana zegien,  arrautza batekoa gehienetan. Amak irri egiten zion, hegoaldearen arabera, moleta horri  tortilla frantsesa deitzen ohi ziotelako, baina Ziburun... Askotan ere baratxuri salda bat prestatzen zuen, eguerditako

* desenkusatu: barkatu
* moleta: tortilla

leken edo azalorearen uretan egosia. Azken-buruko, denek holandar kutsuko “Mimolette” deituriko gasna laranjaren zati bana jaten genuen, hegoaldeko ohituretatik kanpo Frantzian baizik jaten ez zena. “Louise bonne” tankerako udarearen zaporeak afari xumea borobiltzen zuen.
Medikua zen Hapette Ziburuko auzapezaren etxean zeukaten dispensarioa eta goizero, erizainak hantxe biltzen ziren laneko itzulia hasi baino lehen. Denak andre gazteak ziren eta euren lana banatzen zutenean, amari Bordagaineko auzoa gustatzen zitzaion, euskaldunak baizik ez zeudelako, denak baserritarrak, arrantzale bakan batzuetatik aparte.
Bere burua ez zuen bulegoan ikusi nahi nahiz eta euren arteko batto hantxe egoten zen zaintzaren bila zetorren jendearen aiduru*. Amak halakorik ez zuen gustuko bere izatea biziegi zelako eta jendeen arteko harremana beharrezkoa zuelako. 
Itsas gizonen familiak herrian bizi ziren, Agoreta edo Pocalette kaleetan, eliza eta frontoiaren inguruko karrika orotan, Iturriarena, Bourousse  edo Okineta izenekoetanbaita ere Mariñela auzoan. Gustukoa zeukan egunero oparitutako dozena bat arroltze edo sasoiko barazki frexkoak etxeratzea, baita ere arrantzale bakanen etxeetatik, lupina edo berdel frexkoak bazkarirako ekartzea. Ia egunero zerbait zekarren eta Teresak prestatzen zituen bitartean, amatxik mahaia ezartzen zuen.
Behin, Bordagaineko etxe batean, odolaren kontuko istorio bat kontatu zioten, haurdun gertatu zen batean etxeko alabari gertatutakoa.  Orduan nesken eginbeharra horixe zen eta berez adostutako ituna haurrak edukitzea zen. Haurduntzaren lehen hilabeteak ezin gaizkiago pasa omen zituen, okaka, zoramenez beterik eta alimaleko buruko

* aiduru egon: itxoin
* zangartasuna: kuraia, korajea

minez. Bederatzi hilabeteren buruan haurra zendu zitzaion eta maiz gertatzen zen bezala, bi eskuen artean zangartasunari* eutsi eta aurrera egin. Entzun zutenez eta agian Miren Maite alabaren heriotza jakin zutelako, Maiteri halako zerbait gertatzen omen zitzaion, Bobbyren odolaren aurkakoa izanda, umeak izateko zailtasunak omen zituztela entzun zuten, baina amak ez zuen halako gairik ukitu nahi eta berehala moztu zien.
Jende guztiak ama maite zuen, atsegina, euskalduna eta zintzoa zelako eta ziztadakoen banaketan beti asmatzen omen zuelako. Inor ez zen inoiz kexatu min egin zionik edo leku txarrean orratza sartu zuenik ere.
Obra soziala zen “Kermeza“-ren antolatzaileen artean zebilen ere eta askotan, bere erizain lana baliatuz, etxeetako altzari zaharrak biltzen zituen  hilabetean behin eskolako kanpoko eremuan antolatzen zen merkatu zaharrean sal zitezen. Diru etekin hura, arrantzale txiroenen artean banatzen zuten, baita ere noiztenka herriratzen ziren etorri-berrien artean.
Egia aitortzeko, Ziburu betitik etorri-berrien herria izan zen, bai kaxkarotena, baita ere buhame edo agoteena ere. Donibane aldiz elegante eta dotorea.
Amaren auzia konpon zedin, “Neuk”, l’abbé Aittik denbora ugari neraman Ziburun apaiz bezala eta erretore zaharrak erretreta* hartu zuenean, apezpikuak haren tokian erretore izendatu ninduen. Bitxi egiten zitzaidan apezen agintari eta arduraduna izatea, hain zuzen orain, fedeari zalantza ugari erakusten nion unean. Halere, ezin nion eskaintza horri uko emaiten ahal eta Ziburuko eliza nire eskutan gelditu zen. Egia esateko ez zen gauza berria, erretore zaharrak ahalmen gehienak jadanik galduta zeuzkalako eta buru ez izan arren, eliza nire gain zegoen, adibidez meza ondoko ohiturak aldatu nituenean.  Herri xehe maitagarri horren bizian aspalditik laketuz

* erretreta: jubilazioa

aparte, sozial eraginak zabaltzen hasi zitzaizkigun eta ama auzapezaren konfiantzako erizaina bilakatu zen. Batzuetan ere Hapettek udaletxera zeraman, antolaketa zuzena egin zezan.
Tehenta* bereko egunen gorabeherak gainditzeko, isilpeko Atotxa geneukan, txuri-urdinen aldeko zaletasuna gauzaturik, Donostiara joaten ginelako.
Derbya egun berri horretan, “La espiga” tabernan geundelarik, norbaitek amari sorbalda ukitu zion eta bizian izan zuen ustekabe handienetakorik bat bizi izan zuen.
Ventura osaba! Bere alabarekin Tolosatik partidura etorri zena.
Zer egin? Ama hila omen zegoen!
Gerlatik* ihes egin zutenetik ez zuen Tolosako senide askoren  berririk jaso, nahiz eta aitonak sei anai arreba izan. Hiru jadanik Zibururat ihes eginak, Priko aitona, Julitxo eta Rosarito,  batto, Adrian, Azkainera atzerrian pasako hiru urte ondoren, hau da gerla bukatu arte, Gipuzkoara itzuli zena, Loreto ezkondu gabea eta hauxe,Ventura, arkitektoa.
Osaba eta bere senideak topatu zituen egun bakarra, bere aitaren hilketaren egunean izan zen, hamabost bat urte zituenean, Zibururat hurbiltzeko indar berezi bat egin zutelarik eta nola ez, bere hilketan baina egun horretan ez zituen aurkitu.
Tolosan ere frankismoak bere eragin zorrotzak izan bazituen eta Askibar familia nahiko ukitua izan zen, bai ontasunen aldetik, dena kendu baitzieten, baita ere herrian jasan izan zuten bakartze sentimenduarengatik. Agian horrek eraman zituen Venturaren alabak situazioko tipo batzuekin ezkontzera, edo bederen ezer ez omen ziren horietakoekin. Euskotarrak agertzeko beldurrez eta Ziburura ihes egindako senideak sozialki nolabait ukatu nahiez, isiltasuna nagusitu egin zitzaien.

* Tehenta bereko: monotonia
* gerla: gerra

- Zu Maite zara ezta? – Hura ama izan zitekeenik zalantza osoa gaindituta. Eta Ventura ausartu? Azken finean, zendu zen hogeita hamabi urteko iloba, argazkiez baizik ez zuen ezagutzen baina hain gogorra izan zen,  denek amaren aurpegia gogoan sartuta zeukatela.
Beraz, nola agurtu behar zuen orain urte batzuk zendu zen amak?

- Barkatu baina oker zaude, ni Maite ez naiz, ez dugu elkar ezagutzen,- erantzun zion deblauki.

- Nola ezetz, nire Periko anaiaren alaba zara! Nola daiteke? Ez zinen hil edo? Zer da istorio hau?

-  Barkatu jauna baina beste norbaitentzat hartzen nauzu, uste duzuna ez naiz ni.

- Bai, bai, zu zara, eta hauxe Kepa zure semea!-

- Ezetz jauna- Aittiren sotana erakutsiz, -  ez duzu ikusten hauxe apaiza dela?

Ventura bere iloba Maite zela hain etsita zegoen, tranpa izugarri baten aurrean zegoela sinets arazita zegoen. Elkar topaketa larri horri bat- bateko etena eman nahiez, amak bizkarra eman zion eta handik alde egin zuen.

- Halako zerbait gerta zitekeela banekien- esan zidan. Ez dugu gehiago tabernetan ibili behar, partidu bakan batzuetara etorri eta kito, eta hori ere ikusiko!

Bidaia guztia isil- isilik iraun genuen, arazo latz hori nola konpondu pentsatuz. Zibururat itzuli ginenean abentura latza amatxi Julitxori kontatu genion.

-Ventura? Nire anaia? Eta ezagutu zaituela diozu? Ai, ama, zer saltsan ez ote garen sartu. Eta zer esan diozu bada?

-Ba, oker zegoela eta ez ginela batere berak uste zituenak-.

- Hau konpon ezina daukagu, pentsa zer solasak egingo dituzten Tolosan, familiaz trufatu garela pentsatuko dute, gezur larritan ibili garela eta ezkutatzeko zerbait bageneukala.-

Garbi zegoen inor ez zela nehorrez trufatu baina aita Izkoren magiarena asmaezina zen, atzera aldeko bidaiarena eta amaren berpiztearena, sinesgaitzak, batez ere aitorezinak.

Gelditzen zen denboraldi osoan ez ginen Atotxara itzuli eta giroa baretu zedin ahal guziak egin genituen, aspergarri bihurtu zen bizi ttur-ttur modu batera itzulirik. Halakoetara ez geunden ohituta, batez ere ama, hainbeste gorabehera ezagutu ondotik.
Azgi zegoen denek desoreka genuela gustuko, bareari higidura sartzen zion guztia. 5 zenbakia gureganatuta geneukan, frogatzat loterian, eta zozketa orotan. aldiro bere alde jokatzen genuela. Beti mugimenduan ginauden, bai amatxi Julitxo, bai ama, baita neu ere. Oroitzen naiz nola txikitan “ culo inquieto” deitzen ninduten amatxi julitxoren lagunek. Ezin ginen egon deus egin gabe. ADN-ean genuen idatzita. Sormena, asmakuntza, musika baina ere abestea, margotzea eta idaztea, higidurez beteriko bizia nuen nik gogoko. Nahiz eta Ziburuko senideen arteko bizia nahiko lasaia izan, horren aurka deus ez zen egiten ahal.
 Jainkoaren izatearen zalantzak gorri eta beltzak sortzen zituen arren,  ama maiz asperkeriatan erortzen zen, Jainkorik gabeko biziak zentzu gutti zeukalako. Amatxi Julitxori berdintsu gertatzen zitzaion, Kepatxoren benetako ardurarik gabe egoteagatik, bainan garrantzituena lortuta zegoen eta ama bizirik zegoen, bi bikiak ezin politagoak eta Kepatxo familia guziaz inguratua. Hori zen genuen helburua..

                           Ziburuko azken hurrenak

Eguneroko bizia ez zen hain erosoa, aitak luzatzen zien hilabete saria ez zelako horren handia eta amak erizaintzan irabazitakoa gutti zelako. Amatxik ez zuen inoiz lanik egin eta Tolosako ontasunak eskas ziren.

Amak, bisitatzen zuen lantegiko enplegatu baten bitartez, aitari gutun bat igorri zion erranez biziko gastuak aunitz gehitu zirela eta begi onez ikusiko lukeela Teresaren soldata lantegian mantentzea, mesede handia egingo liokeela. Aita, isil- isilik,  hori jadanik egina zegoela erantzun zion eta Camietako ohiko etxeko enplegatua izana sekulan ez zuela lantegiko langileen artetik ezabatu, nahiz eta azken boladan Teresak soldatarik ez eskuratu.
Egunero ematen zizkieten arrain, barazki eta arroltzeekin  moldatzen ziren, beharrak beteta zeudelako, bai materialak, baita ere moralak, umezurtz izandako haurra zorionez beterik eta ama bere ondoan egotea.
Bizi zuten egoeraz Kepatxo ez zen konturatzen eta apetaz beterik,  nahi zuen guzia lortzen zuen amak guriki hazten zuelako.
Amatxi Julitxo aldamenean zirauen eta familia osoa berotasun sendo batean bizi zen. Julitxo amak hazteko erarekin ez zegoen ados, umeari noizean behin ezetz esan behar zitzaiola zerrepikan* eta zorrotzago izan behar zuela. Mokoka aritzeko motibo ederra zeukaten, amatxi Julitxo ez zelako inoiz isiltzen eta iruditzen zitzaizkionak beldurrik gabe zitsan.* Halere, erabat etsituta, amaren aurrean burua makurtzen zuen, arlo horretan behintzat ez zelako berearekin aterako, nahiz eta

* Zerrepikan: errepikatzen zuen
*Zitsan: esaten zituen

besteetan azpitik bereak egin. Ez zitzaion batere erraza egiten lehengo bizian bete zuen lana ahanztea, bera zen orduko ama eta bere erranak ziren zalantzan behar ez zirenak, alta, bide zuzena jarraiturik, zezaguten hurbileko zorion baketsu horretan, haurrak emeki- emeki handitzen ari ziren.
Uste baino lehen, Mirenek eta Maitek bost urte bete zituztenean, Ziburuko beste haur guztiak bezala, eskolan hasi ziren, aspalditik hantxe zegoen Kepatxorekin elkarturik. Ukaezinezko fedearen ohiturari jarraituz, denak, apaizen  eskola kristauan zeuden. Nik uste dut hantxe zalantza isil batzuk nabaritu nizkiola amari, errazegi zelako neronek izan nituen fede kontuko arazoak aitari eta ama-ordeari leporatzea soilik. Egia da beste aro hartan eta hamahiru edo hamalau urte nituelarik, Donibaneko gure auzoko kapera berriko igandeko mezan aitak parte hartzea bortxatzen ninduela, noiz apostoluen gutunak irakurtzen, zer nazka, noiz komunioko lerroaren oreka zuzena zaintzen, oraino hihuingarriago!  Zalantzarik gabe, betebehar hura eurengandik zetorkidan eta elizako biltzar haiek nazkagarriak bilakatu zitzaizkidan, Baionako barnetegitik jadanik, apaizak eta serorak higuin nituelako. Agian amak azti bihurtu ninduen, nork zekien?

Lehen esan bezala, Donibane Lohizunetik bestez, Ziburu, herri langilea zen, nahiko ezkertiarra eta orduko auzapeza mediku eskuindar fededun izan balitz ere, gizon ona eta maitagarria zelako hautatu zuten, gehiengoa beti ezkerreko erradikalak zelako, langile, arrantzale eta jende laikoaren eledunak. Biziki interesgarria zen aztertzea gizartea nola zatikatuta zegoen, alde batetik ezkertiarrak, fedegabeak eta errugbi zaleak, bestetik eskuindarrak, fededunak, euskaltzaleak eta futbol zaleak.  Errugbia biziki laikoa zen, futbola apaizen aldekoa, euskara bezala. Gure hizkuntzak zeukan eremua eliza baizik ez zen, eta eliztiarren artean, hegoaldeko EAJ-PNV bere leku egokian kokaturik zegoen. Beti izan dudan pena bakarra Lapurdi eta iparreko herrialdeak ez zituztela batere Euskal Herri politikotzat hartu, Frantzia herri askatzaile bezain babesle bezala baizik. Pentsa, hegoaldera bakarrik begira izan ez baleude, zer etorbide zabala izan leukakete orduan, Ipar Euskal Herria euskaldun fededunez beteta baitzegoen….
Gerlaren ondoko urteak Frantses aberriaren aldeko grina hazi zuen, odola herri baten alde ematea ez baitzen txantxetako afera eta nahiz eta eskualdunak* izan, garbi zeukaten zer aldetan zeukaten bihotza, orduan alde bat baizik ez zelako. Horixe zen aitari gertatu zitzaiona eta agian, aurkitutako emazteak, pentsamendu orokorretik baztertu zuen eta hori, bere baitan, onar ezina zitzaion. Gauza bat zen emaztea maitatzea, bestea bere politika iritziak beretzat hartzea. Eskerrik muturik zirauela.
Donostian gertatutakoak ikara handia sartu zigun eta hemen, Ziburun,  magiak biztanleria ahanzpen sakon batean sartu balu bezala, inor ez zen amaren heriotzaz oroitzen. Herrian Maite hainbeste maite izan zuten bere heriotza gogoetatik erabat ezabatuta zegoen eta bizi berria eramateko ahalmen guztiak erne genituen. Agian magiak hedadura murritza zeukalako, Gipuzkoarren artean aldiz ez zen berdin et orok gogoratzen zuten.
Halere, Donibane arriskutsuago zen eta Donostian Venturarekin gertatutakoa berriro gerta zitekeen erosketak egitera etorritako edozeinekin, Gipuzkoako jende aberats xamarra, hau da, hirietako euskal jendea, edozein unean Gambetta kalean aurki zitekeen, Duralex edalontziak erostera etorriak edo, kalitateko jogurta eta gasna desberdinak hartzea edo berantago, “Euskadi Radio” dendan, Michel Labeguerieren diskak euskal diskak isilpean erostera.
Balizko ezusteko horri itzuri behar zitzaion.

* eskualdunak: euskaldunak (ip)

                                              Baztan

Arraiozen beranduago bizi izan nituen egonaldietan aldiz halakorik ez nuen izan, bertako aita Izkoren antzekoen fraideen ahalmenak mugagabeak izan balira bezala. Hala ere, hala ez zen nahiz eta nire haur eta gazte haren buruan, inork ez zion bestearen iritziari jaramonik egiten. Halaxe, Arraiozko barrideak ezik, nire ama zendu zenik inor ez zela oroitzen iruditzen zitzaidan, sekulan ez bainuen horren berri, eta neronek Baztanen bizi izan nituen une zoriontsuak liluragarriak izan nituen, udan  bizi nuen aro zoriontsuak neguan gogoan ohi neukan amaren desagertzea ahanztera eramaten baininduen.
Elizondon ezagutu nituen lehen parrandak, nesken aldeko lehengo dardarak, libertatea, eta pil-pilean zegoen euskal giroa, politika beroa, Baztandarren biltzarraren sortzea eta elkartearen kudeaketa... Egun batzuk eskola hasi aitzin hau da, irailaren bigarren edo hirugarren asteburuan, hantxe egoten ginen, urtero ospatzen zen jai handiko uda-mugako asteburua pasatzen, lehena 1963an. Hamar urte geroago, hantxe ezagutu nuen neure andregai erratzuarra, Olatxoren amatxi ohia.
Halere irailean, neguko bizi ilunean sartzen nintzen.
Nire urteroko azentuaren aldaketa ez zitzaidan gustatzen. Uda osoa Baztanen iragan ondoren, nire ahoa bokale irekietara egin berria zegoen eta frantses zerratua erabat galduta neukan. Donibaneko lagun batzuek trufa egiten zidaten, espainola nintzela esanez. Horri gorroto nion. Hala ere, horren aurka ezer egitekorik ez nuen, neguko giroan ahoa arroz araztea baizik. Urtero berdin. Aldiz, negu guzia frantses munduan eta hizkuntzan sartuta egoteagatik eta Arraiozera abiatzen nintzenean erdara eta bere doinu irekira etortzea zaila zitzaidan, batez ere, frantses  “e” mutuen indarra handia zelako eta erdaraz mintzo nintzelarik, doinu zerratu xamarra agertzen zitzaidalako, lagunen irriak  sor arazten. Frantses bati parekatzea nazka nion. Hiru hizkuntzak nahiko trebeki menperatzeak horixe zekarren eta  hirueleduna izateagatik harro egon beharrean, erabat lotsatzen nintzen.

Ziburuko gure arteko bizi berri hartan eta urte batzuen buruan, nire damua handitzen hasi zitzaidan ere, hamalau urteetan ez nuelako gitarra jotzen ikasi, hamazazpitan ez nuelako kantu izpi bat sortu ere, frankismoak sortu zuen euskal abertzaletasuna eta horrek zekarren emozio ikaragarria ez nuen ezagutu, hogei urtetan nire emazte ohiarekin ez nintzelako harremanetan sartu eta margolaritzan nire “mentor’-a izan zen Joxe Mari Apezetxea bere lehengusu margolaria, ez nuelako ezagutu ere. Inoiz ez nintzen margotzen hasi eta nire kreazio bizia suntsitu egin zen betiko. Alde onak beti txarrak baitzekarkien. Eskerrik Baztan hortxe zegoen eta Ziburuko bizi berrian eskas nituenak, Arraiozen berreskuratzen nituen, agian aita Izkoren uraren azken ttantten ondorioa.

Amatxik ere bi damu zeuzkan, Donibanera bizitzera ez zela joan eta nire zaintzaren protagonismoa erabat galdu izan zuela. Zenbat aldaketa! Batzuk jasangaitzak. Nahiz eta bizi berrian laketu, denek, uste baino gehiago galdu genuen, ohiturak ez baitira hain erraz  muinetatik ezabatzen. Berak agian gehiago, Baztanera ez zuelako etorri nahi, bederen Franco hil arte.

                                    Ziburuko azkenak

Fedea galdu arren, ama zirudien irabazle bakarra. Erraza! Hiltzea baino edozein gauza hobe zelako. Neu, bere ondoan ninduen eta berpiztu ziren Miren eta Maite hainbeste maite zituen ere. Denok zorionean bizi ginen.
Beste guziak ez hainbeste, batez ere “Neu”. Nahiz eta helburua osoki lortu, neu ez nintzen, l’abbé Aitti baizik. Kepatxo eta amak Frantsesezko zuka aritzen zitzaizkion, ni etxean bizi nintzen, neu ez . Hori bai, pozik nengoen ama heriotzatik libratzeagatik eta bikiak bizira itzuli arazteagatik, baina ez hainbeste erretoretza lanetan denbora galtzeagatik batere. Amak neurekin isilpean solas egiten zuenean zalantza orok hortxe zirautela elkarrekin genagerkien, bizi- biziak.  Hauxe erremediatzeko zerbait egin behar zen! Agian aspalditik neuk gogoan neukana. Erdi ametsetan ohean nengoenean,  zenbat aldiz ez ote nuen pentsatu bizituriko hainbeste gorabeherek benetan balio ote zutenez? Eta orain Donostiako arazoa gainean, pentsa! Ama eta bikiak berpiztea zen benetako xedea beteta zegoen,  baina bizi berri horretan oztopoak gero eta poxelagarriak genituen, lehen- lehena diruarena.

Ene ikuspegi zoragarrira denak etsitu behar nituen eta lehen aldiz, Ziburuko bizia uzteko gogoa aipatu nien. Donibanera joan behar genuen, “Ni” eta bere senideekin bizitzeko, gureak, bere alabak eta bilobak. Horixe zen eskas geneukana, denok bat egitea eta orok, belaunaldi desberdineko jendea, aro berdinean elkarrekin bizitzea. Beste arrazoi sekretu bat baneukan, sormenarekin bat egitea.
Aita Izkoren urontzian ur ttantta batzuk gelditzen zitzaizkidala oroitu nintzen eta, ortzi-mugatik barna Donibanera itzultzeko erabili baino,  azken hurrupari beste irtenbide bat aurkitu behar niokeela pentsatu nuen, botere magikoa beste era batez baliatuz. Hain hurbilean zegoen Donibane Lohizunera beti oinez joan gintezkeen, zubia zeharkatu eta kito. Eliza hartan ezin nuen gehiago iraun eta nire askazia eskas neukan. Amak berea lortu ondotik, bestearenaz ez zen ohartzen.
Amatxi Julitxo aldiz bai. bere bizi normalean, neure alabak ongi ezagutu baitzituen eta orain euren eskasa sumatzen zuen ere. Zer zoriona izango litzateke birbilobak ezagutzea ere, Olat, Zuhaitz eta Oiz eta Ekain. Zer poza bere betiko lagun minak berriro aurkitzea, aro zehatzaren barnean lotura korapilatzea eta denboran zehar gertatu ziren jauziei behingoan uko egitea. Pentsa. Larrañaga adiskideak berriz atzematea, Miren eta Izaskun lagun minak, biak tolosarrak eta gerla denboran berarekin muga pasatu zutenak, Carmen Solaun Miarritzen bizi zen adiskide ohia, “Emakume abertzale batza” elkartzeko elkar kide ohia, Monsieur Ponnier sofistikatuarekin ezkondu zen Isabel Peña, Alfonso errepublikarraren alaba, eta beste hainbeste… “Neu”, l’abbé Aittik, Iralatarrak gogoan nituen eta agian hori neukan ama oniritzira erakartzeko balia nezakeen motiboa. Begoña bere adineko laguna berriro ikustea, Filipinetan denbora asko pasatu ondoren, Donibanera etorri zena, baita ere Anton bere senarra eta euren sei seme alabak. “Neuk  nire adiskideak ziren Jon eta Andoni berraurkitzea neukan balizko irtenbide egokiarena.
Julitxo ez zen zozoa eta ongi konturatzen zen Maite iloba salbatzeagatik, bigarren bizi honetara buru makur erakarri zutela.

Behin, meza ondoren,  amatxi Julitxorengana hurbildu nintzen eta berarekin buruz buru mintzatu behar nuela esan nion. Adineko andreak berehala zerbait serio zitekeela nabaritu zidan. Eliza-ataria hustu egin zenean eta Maite haurrekin gozotegian lerroa egiten zegoen bitartean, amatxirekin solasean hasi nintzen:

- Aizu Julitxo, zer iruditzen zaizu zure bizia?-
Galderak harritu zuen, monsieur l’abbé Aitti halakorik egiteko ohiturik ez zeukalako. Noiztik halako ideia intimotan sartzeko ausardia hartu?

- Zer bizia? Erantzun zidan Julitxok.

- Badakizu ongi. Nik ere badakit. Nork uste duzu antolatu duela Maite eta bere bi alaben salbazioa bada?-
Zer pentsatu ez zekien baina ageri zen apaiz honek zerbait bazekiela eta egin zion proposamenari berehala baietz erantzun zion:

- Begira Julitxo, zer irudituko litzaizuke, denak batera, Donibanera itzultzen bagina, bi edo hiru belaunaldiak bat eginda, bakoitzak, bere aroko bizia betetzera eta denak elkar ezagutzeko, preziatzeko eta maitatzeko aukera izanda?
Nahiz eta ongi ez ulertu esan niona, lehengo bizirat itzultzeko irrikan zegoen eta zalantzarik gabeko baiezkoa eman zidan.

Pentsa Maite iloba eta biki txikiekin, Donibanen denok bat eginda, Bobby ezik. Liluragarria! - Bai, noski baietz!- Errepikatu zidan.

Apez hark zuzen zer zekien jakin gabe, bere menpean erortzea deliberatu zuen, irtenbide berri hori denentzat egokia zelako, bakoitzak bere kontua aurkitzen zuelako: Amatxi betiko bizira itzultzea, bere giroan berriro murgiltzea eta Kepatxo maiteaz arduratzea, Maite, izebarekin haserretu gabe, biloben eta birbiloben artean bere seme alabekin bizitzea. Kepatxo bere artista kutsuko sormenak berriro eskuratzea eta Donibane, aitarik gabeko maitasunez betetako bizia ezagutzea, ama-orderik gabekoa, barnetegiz eta presondegiz askatuta, baina batez ere amarekin eta arrebekin eraikitako bizia. Bikiei zinez berdin zitzaien, iritzi bat izateko ttikiegi zirelako, zer axola han ala hemen egotea, euren lehenbiziko bizia baitzen hura. Donibanen, «  Ni » eta Ziburun « Neu » behingoan bat eginda, desagertzera gindoazen, bi seme izatea ez zitekeelako zuzena, are guttiago hiru. Kepatxo hazten utzi behar zuten eta hiruen muinen artetik izugarrizko bati bidea ireki.
Gehiena eta Eki, pozik egongo ziren, benetako amatxi ezagutuko zutelako, baina bereziki, euren aita pozik eta zoriontsu betiko ikusiko zutelako, eurek nahi zuten desmasiarik gabeko aita eta, euren amarengandik banatzerik gabeko bizian egoteko aukera ematen zielako. Zuhaitz, Oiz eta Olat bilobak, uros, hainbeste jendeen artean, denen errege eta erreginak bilakatuko zirelako. Sortu zen azkena, Ekain, saltsa guztietatik libratuko zen.

Benetan, irtenbide horrek ez zuen galtzerik eta Amatxi Julitxori aita Izkoren urontzian oraindik ur ttantta bat baneukala erakutsi nion, proposatzen nizkion guztiak oraintxe berean gerta litezkeela adieraziz.

Harrituta zegoen. Balditurik baina pozik, bizi izan zituen orok adierazpen logiko bat bazeukatelako.

- Nor zara zu?- galdetu zidan deblauki.

- Neu Aitti, Kepatxo bera, Donibanen gelditu den beste Aitti berdina - erantzun zion, ni. Hiru semeetatik bat.

- Nola daiteke hori bada?-

Eta bi hitzez aita Izkorena, igerilari dotorearena luzatu nizkion, baita ere Ziburuko apaizarena baina bereziki ama eta bikien sortze berria. Muxu handi bat eman nion eta besarkada luze haren bitartez geure baitan generamatzan adiskidetasuna, maitasuna bilakatu egin zen.

Amatxi Julitxok bere buruari berehala galdegin zion ea nola antola zitekeen abentura hori guzia antolatzea,  bere kontrolpetik kanpo egotea ez baitzuen onartzen, hala baitzen, baina honetakoan, nahi baina ezin. Halere, Maite hil zenean bizi izan zituen sufrimendu eta pena izugarrien ondokoak baino, dena zen hobe.
Bere buruari apur bat pentsatzea tokatzen zitzaion eta pairamen guziak bazterturik, familia osoaren patua betetzera zihoan, heriotzarik gabeko bizian bizitzea.

-Besteei zerbait aipatuko diezu?- Galdegin zidan uzkurki.
- Ba, ez dakit batere, ura irentsiko dudan orduko, magiak azalduko dit bakoitzak pentsatzen duen modua eta horretan denok bat ez bagenu egiten kasuan, atzera joango nintzateke, zalantzarik gabe. Halere ez dut uste hori gerta daitekeenik, jakin ezazu denok etekin handia ateratzen dugula horretan, bakoitza bere adinera itzultzea jadanik, ez dela gutxi, nahiz eta batzuk heriotzatik aise hurbilago egonen direla kontuan hartu. Banan zuri berdin zaizu ezta?

- Bai, berdin zait benetan eta nahiz eta urte gutti aurrean izan, nik badakit zer nahi dudan eta zerekin gozatuko dudan. Edan ezazu berehala! Badakizu zer izango den enetzat Kepatxo bizi arrunta bat bizitzen ikustea, aita doilorrik gabe, ama-orde zitalik gabe, horixe dut bakarra. Nik nire bizia egin dut eta badakit gainera ehun eta bat urte arte iraungo dudala, beraz lasai.

- Ederki bada, zoaz etxera eta presta zaitez. Gu biok bat eginda, aro luze batez oraino jarraituko dugu. Maite zaitut amatxi.

                                       Azken hurrupa

Amatxi Julitxo konplize galanta ukanda, “Neuk” senide guztiak  Ziburuko etxe zaharrean bildu behar nituen. Aita ez baikenuen kontutan hartzen, etxetik kanpo zegoen bakarra neu izanda, arazorik ez zegoen.
Denek bat egingo zutela zalantzarik ez zen. Agian oztopoak ezarriko zituen bakarra ama izan zitekeen. Zergatik egoeraz aldatu berak nahi zuen guztia jadanik lortuta zuelarik, semea, alabak eta familia osoaren bizia. Behingoz aita botata, zoriona lortu zuela zirudien. Zergatik hautsi orain, ardiesten hain gogorra izan zen guztia?
L’abbé Aitti iritsi zenean, “Neu” hobe, amatxik dutea* prestatu zuen eta derrigorrezko solas arinak gurutzatu ondotik, neuk, apaizak hitza hartu nuen.
- Denek badakizue zein den egoera. Oro jakin duen azkena, amatxi Julitxo izan da eta egoera goitik behera adierazi izan diodan ondoren, ados azaldu da. Hementxe gaude seiak, batzuk zilo beltzetik heldu direnak eta besteak sare korapilatsu hauxe antolatu dutenak. Aukera paregabea daukagu oraintxe, Donibane Lohizunen denok bat egitea.

Urontzian ditudan azken ttanttak denok elkartzeko balia genezake.  Zuk ama esan diezadakezu horren beharrik ez daukazula eta ezin hobekiago gaudela hemen bainan pentsa ere besteen etorkizunaz. Zu heriotzatik libratuz ezin duzu zurekoia bihurtu. Bizi izan duzun bizi bakarrak esku zabalera erakar behar zintuzke, besteok bi bizi izan baititugu, gurea eta aita izkoren bitartez zure heriotzatik landa izan dugun berria. Zeronek hil ondokorik ez duzu ezagutu, baina guk, zu gabeko bigarrena bizi izan dugu, hauxe, orain elkarrekin bizitzen ari garena.

* Dutea: Iparraldean Tea, “ Du thé” hitz moltzotik etorria*

- Kepatxo, desadan guztiak* harritzen zaitu ezta? Bai, ni, zu naiz, atzera aldeko bidai bat eginda, berriz ere ume koxkor bat bilakatu zaituena, eta zu neu zara, ez l’abbé Aitti, “Neu”, Donibanen dagoen “Ni”ren bikia. –
Balditurik, Kepatxok ez zekien zer erantzun eta esandakoaz fidatzea baizik ez zuen.
 - Magia bere puntaraino erabil genezake- jarraitu nuen Donibanen denok bat eginda, bakoitzari bizi hobe bat eskainiz. Ama, konturatu zaitez Amatxi Julitxok Kepatxoren zaintzan iragan zuen bizitik aparte,  beste hoberik ez duela ezagutuko eta hemengoan makurrera joan dela, nahiz eta zu bizirik ikusi. Bere ametsa Kepatxok ahal bezain zoriontsu bizitzea da eta hori lortzeko modu bakarra, eskaintzen dizuedan xedea onartzea da. Donibanen, “Nik”- neurekin bat egitea eta ama ezagutzeko gogo handia badaukala aitor nizueke eta bere alaba eta biloben artean bizi arren, amaren eskasarekin bizi izan da eta ahal dugun heinean, zergatik ez bete bere nahia?
- Zer diozu? Beste anaia badudala Lohizunen? – Kepatxok
-Bai maitea,- esan zion amak- Zumeldarra den « Ni ». L’abbé Aittiren parekoa. Baina ez zaitugu sobera nahasi nahi, gure arteko erabakiaz fida zaitez otoi-
- Bai ama-
- Ama han duzu semea, badakizu, egiazkoa, hirurogeita bederatzi urtez zu gabe bizi izandakoa. Ezagutzeko gogorik ez daukazu?-
Amak ez zekien zer esan, jadanik ezagutzen zuela ez zuelako aitortu nahi, legez Lurdesen egon baitzen, eta ez zuen bere emozio izugarria besteen aurrean salatu nahi. Erabat galduarena egin zuenean, bere antzerkia egiteko ahalmenez harritu egin nintzen.

-Pentsa Gehienak eta Ekik euren odolezko amatxi ezagutzeko aukera izango luketela, are gehiago, hainbeste maite izan zuten amatxi Julitxo berriro ikusteko ahala berreskuratuko luketelako.-

* Desadanak: esaten ditudanak

Ez nion Kepatxori aipatu nahi zehazki bera zahartuta hantxe aurkituko zuela.
-Olat, Zuhaitz, Oiz eta Ekain bilobek, birramatxia eta haren izeba ezagutzeko parada lukete ere. Denok bat egiteko aukera zinez daukagu, Garat karrikako etxea aski zabala baita. Hirugarren estaia salgai omen dago eta denen artean eros genezake. Nire alabek, Azkainen bizi den euren ama hurbil lezakete, agian gurekin bizitzera etorriko litzateke...Eta halaxe, amatxi Julitxok, bere ohiko aitormenen hartzailea pozik berraurkituko luke.

Xedea lortuta, oro miresgarria.

                               Denboraren iraupena

Irakasle izan nintzen denbora luzean, ene ikasleei kontatzen nien istorio bat bururat etorri zitzaidan. Euskal herriko kondairaz hitz egiten nielarik, gizakien biziraupena orokorrena aipatzen nien ere, eurek, hain gazteak, denboraren nozioa arras laburra zeukatelako eta ni, berrogeita hamar urteetako haien irakaslea, ezin zaharragotzat hartzen nindutelako. Horretara zihoan nire adierazpena, denboraren iraupenarenarekin lotua, neronek hemeretzigarren mendeko amatxi bat ukan nuela, hau da Julitxo, 1898an sortua. Berak, eta gure denboraren zeharkaldi bitxitik aparte, bere birramatxi ezagutzeko parada izan zuen, hemezortzigarren mendeko azken urteetan jaioa, 1799an hain zuzen, baina baita ere eta aurrera begira, Maite, ni naizen bere semea, hogeigarren mendeko erdialdean sortua 1953an, baina ere nire bi alabak, gazteena 1988 an mundura etorria. Amatxi 1999 an ehun urteetan zendu zen.
Uler ezazue- esaten nien ikasleei-, nire amatxi Julitxoren istorioarekin denboraren iragatearen irauna eta ilauna nahi dizuet adierazi. Presuna bakar batek ezagutu litzakeela berrehun bat urteko balizko gizakiak, eta bera, erdian egonda, ehun bat urte aurrera eta atzera, sei belaunaldi ezagutzeko parada izan ditu. Harrigarria ezta? -luzatzen nien liluraturik zeuden gazteei.
- Eta ni zahartzat hartzen nauzue? Ongi pentsatu halako hamar Julitxo lerroz lerro ezarrita, gure aroko hastapenera igo gaitezkeela, Kristoren aro berriaren urteetara, orain 2000 urteko arora. Zer da denbora beraz? Ezer ez! Pentsa ezazue denboraren epeltzearengatik gizakiek, leizea abandonatu izan zutela eta azken beroketa hura kristo baino lehenagoko hamar milatan izan zela, beste ehun Julitxo. Hantxe sortu zen gure munduaren funtsa eta itxura, zuhaitzak, belarrak eta izadiak dauzkaten altxor guztiak, denak hormak urtzeagatik.- Nor da zaharra, beraz?- esaten nien.

“Neuk” halako zerbait banekien beraz eta bizi izan nuen atzera aldeko bidaiak horretara lagundu ninduen.  Hori guziak gogoan, Ziburuko etxean nonbaitetik agertu zen gitarra hura eskuartean hartu nuen eta  egindako kantua abesten hasi nintzaien:

                                   Atzera aldeko fandangoa

Atzera aldera baledi mundua egun hasirik
oraiaren zilbor hestea tinko eskuraturik,
leize sortzerainoko sokaz trezatu bidetik,
mendez mende atzerantz, gizakiari so eginik,
gizaz giza, adinez adin atzeraka abiaturik, aurreko bidea harturik

Betetzetik hutsera gure bizia atzerantz abiatuko litzateke
eta nondik gatozen ezin onartuz, inork sinetsiko luke,
Bixtan den balizko lokarri luzea egia bihur litzainguke,
Gazteek sinesgaitzaren frogak eskatuko lizkigukete.

Pentsa gizakia gaztetzen doakela, gaztearen indarra lortu arte.
Pentsa, gaztearen ausardiaz umearen inozentzian sartzea , bake!
Sortzearen atean joko luke ta ama ageriko litzainoke,
sabela beterik, erditzeko gertu, munduaren lehena geroaz bete .

Eta mundua gibelera, kondaira barnean aurrera ibiltzen,
dardarez aitzina iturrizko leize beltzeraino ailatzen,
harpeetan musuka ta elegabeko umeak erditzen
atzeraka etzanik, tente egoteko ohituretatik urruntzen.

Karboi hamalaurik gabeko ikerketan, lotsa, ahalkea, eleka,
merezitako zigorra datorkigu, mendekuz beteta,
zigortzat lezea, makiltzat harpea, zut egoteari ezetza,
mintzoari uko, mutu bihurtzea, giza betiko erreta,
ahanzpenaren eskutik atera aldeko munduaren ikaraz eta,
egin dugunaren aurrean, doluz beteriko aitorketa.

Atzera aldera baledi mundua egun hasirik ,

gizaz giza, adinez adin atzeraka abiaturik, aurreko bidea harturik.

Denak txaloka hasi zitzaizkidan, Kepatxo espantu kontuko oihuak botatzen, ama harrituta semea ez zuelako inoiz gitarra jotzen entzun, eta amatxi, hunkituta, begiak dardarez bere biziko hariaren gorabeherak aipatzean nituela oharturik. Eskerrak emanez, esandako guztiak baieztatu zituen, batez ere, berrehun urteen zehar bizi den jendea ezagutu izan zuela. Agur- kantu bat zirudien, Ziburu uzteko azken agurra.
Poz orroak mozturik, “Neuk” ordua iritsi zela esan nien eta urontzia eskutan hartuta, azken hurrupa motzari eman nion, denbora aurreraturik, familia osoak, egingo zuen urratsaren zain.
Fardelak bete zituztenean, amatxiri Tolosatik bizi izan zuten ihesaldia gogora etorri zitzaion, baita era Egiptora Jose eta Mariak egindakoa, atzerrira iheska doazen guzien sinboloa.

Zubian oinez abiatu genuenean denak urduri geunden, neu ere bai, geroa hain hurbil zegoen. Geroa, gibela, etorkizuna, atzea, denek bat eginda, Kepatxo, neu eta ni, hiru semeok batean biltzeko gertu geunden.

Miren Maite gogorat etorri zitzaigun, sakrifikatua izan zen gaixo hura. Magiaren ahalmena izugarria ez balitz, orain ere bikiak euren legezko adinera jauzi egingo lukete, hau da 64 urteetara. Eskerrik urak, bakoitzari bere gaurko adinean bizi zedin ahalmena eskaintzen ziola, edo, oraindik hobe, bakoitzak nahi zuenera etor zedin.  Ziburukoek Ziburuko adina aukeratu zuten, amak eta haurrak, “Neuk” aldiz, “Nik”- ek zeukana hartzea besterik ez zeukan. Amatxik ez zekien zer egin, ehun urtetara iritsiko zela jadanik. Bera ere 66 urteetan gelditu zen.Azkenean “Ni” eta “Neu” zaharrenak ginen baina hori zen aita Izkok eskaini ziguna.
Hogei bat minutuen buruan ttanttek euren ondorioa eragin zuten, zubia zeharkatzeko behar izan genuen denbora bera. Donibaneko etxean elkartu ginen eta une berezi horren agurrak, familiaren urrezko liburuetan idatziak betiko egon beharko lirateke.
Azken hurrupa irentsita eta aita Izkok esandakoaren arabera, atzera aldera kurritutako urte guziak neronek hartu nituen, gaur, idazleen Edenean, hementxe liburu honen azken lerroak idazten nagoelarik.

Olatxok begiratzen ninduen bere gogoan idazleen Edena zer ote zen galdeginez.
-Begira- esan nion, Eden hori bizia nahi zenukeen bezala bizitzea berridazten ahal duzun lekua da. Horixe da idazleen indarra, liburuaren azkenaldia asma dezaketela. Pertsonaiak sortzeko ala hiltzeko sinesgaitza lirudikeen indarra daukate eta nahikoa dute begiak ixtea biziaren ibilera aldatzeko, baita denboran atzera aldera abiatzeko. Eman muxutxo bat, maitea.

Eta esperientzia berriez hornituta, azken olerki kantatua abesten hasi  nintzaion:

                               Bortxaz igerikan.

 Enbor hilez jantzirik, ibaiko ohean isuriz bainabil,

Isurmenean dilindan ene gorputzaren adarrak doazte erdi hil.

Ikaraz josirik trumilka banoa,  ur mugituetan, istilez istil,

Ur jauzitik behera, harrien aurka, kolpe tan zauri mil.

Bortxaz igerian isurmenetik itsasora.
Sortu ondoren, lainoen egarritik bizira.

Uretan esker eskuin, kunka eta kanka, lekuko uregia

Zuhaitz itzalartetan izpiek didate, otoi ez gal bidea.

Itsasoa den patutik, hagunen oihua, deika ari zaint ordea,
Urikara gazia baino gehiago, nahiago dut neurea eta gezia

Itsasoan sartzean bizkar gainean, berpizkuntza gogoan
Bizi gezi mugitua, nekagarria bizi izan dut  erreketan.
Baina izana hala da, oztopoz betea,  ene soa dago hedoietan,
sortze berria badatorkidala, igertzen laino hantuetan, goiko hodei belteetan.

Lurrin bihurtu nahi dut, hedoiko bidean, igotze gardenean
lainoetan egoitza harturik, ene ohiko gorde, gordelekuan
tximista, ortzantza, eztanda, oldarra nigarra begietan,
zortaka erortzen natzaino mendiari, iturri berria asmoan,
bizi berria asmoan.

Zuhaitz, Oiz eta Ekain bilobek, Olatxoren inguruan eseri ziren eta geroari irri laztan gozo bat egin zioten.

                                           Epilogoa

Urteak betetzen ditugunean bizi izandako gertaera aunitzen arrazoia ulertzen dugu. Nik ere, heldu adinera iritsi izan behar izan nuen nire baitan neukan blokapen psikologikoa uler nendin eta ustekabeak ez zuela ezer ikustekorik horretan. Amarekin batean bizi izandako bost urteak nire oroitzapenetik erabat ihes egin zitzaizkidanaren motiboak ulertzen eta sakontzen hasi nintzen.
Ene azken berrogeita hamar azken urteak olerkiak idazten eta kantuak asmatzen iragaten izan ditut, gehienetan aro hartara erakartzen ninduten lerroak , nire barneko bizia erakusten zuten doinuak, balizko etorkizuna, ihes egindako iragana, egoera latza….Hitz batez, amaren eskasa eta gogorapena.

Denek ulertu duten bezala, eleberri hau erabat autobiografikoa da, bihotz zauritu batetik odolezko hitzez isuria. Nahiz eta liburuaren protagonista Kepa Zumel Askibar izan, “Ni” naiz, “Neu”,  eta kontatzen ditudan guziak gertatu izan zaizkit. Aldiz magia, eleberriak ematen duen askatasunaren iturria da.

Emakume psikiatra bat ikustera joatea deliberatu nuenean, sendatzeko jadanik berandu zen, ez baitzen nire xedea, aldiz barnean nituenak ziurtatzeko une hautua. Nire sendagile hoberena oraintxe baliatzen ari naiz, ordenagailuko teklatua behatzen puntan. Bitarte horren aparte, ez dut familiako inorekin gai hori inoiz aipatu izan, neska lagun ohi batekin edo, aldiz bai, orri zuria izanda ene salbabide bakarra.

Urteak eta urteak amaren heriotza gaitzat hartu nahirik, azkenean “Hiru seme” eleberri hau atera zait, hauxe baino lehenago agortu ziren beste hainbeste saiakera izan baititut. Batzuetan, planoa baizik ez nuelarik idatzi, besteetan lehen kapituluraino iritsi, dena hain  aitorrezina zela konturatu arte. Hainbeste titulu agertu baitira batzuk ahantzi ditudala, zaharrenak bederen, agian orain berrogei bat urte hasiak. Horiek aldiz gogoan dauzkat:
“100% negarrez”, “ Seme ukatua”,“ Pozoiez eraila”, “Odolez eraila”,   “ Ni eta nitarrak”, “Larrua eta erail”, denak eleberri-gai berdinaren tituluak, sei, munduaren kreazioaren egunen parekoak, behin benetako inspirazioa aurkitu arte, magiaz “Hiru Seme” lortu arte. Orain hil naiteke.

Oharra: Liburuaren hastapenean aipatu izan ditudan funtsa eta forma gogoan, berriro muinetara heldu zaizkit, baita Andu Lertxundi, lotsa, eleberri honetan erabat gaindituta dagerrelako.

                                              Eskerrak

- Nire bi alabei eta ekarri dizkidaten lau bilobei.

- Eleberrian gehien agertzen den Olatxo bilobari, idaz- aro hastapenean bera sortu izan zelako.

- Idazkeraren bitartean sortu zen Ekain txikiari.

-  Liburuaren azalean dagerren berpiztu dudan amari.

- Sei eleberri saiakeraren ondotik sortu dudan biziari.

- Aita Izko eta magiari   

-  Mendeku gogoari.

- Zuzenketak egiteagatik, Inesi.

                                           Iroiak

  • Aitari
  • Amaordeari
  • Orduko gizarteari
  • Frantziari
  • Elizari

                                         Zalantzak

-“Gertatzen diren gauza guztien sekretuak menperatu gabe, pentsamen okerrak sor daitezke.”                       

                                       Aurkibidea

Irakurtzaile ohiari 

Funtsa                              1o

Forma                              3.o

Aintzin solas                    5.o

Aitona                              7.o

Altxorra                           10.o

Ondorioa                        13.o

Bigarren urrupaldia        20.o 

1936-1953                      23.o

Odol taldeak                  29.o

Hondartzatik iturrira      39.o

Kezkak                           46.o

Hirugarren urrupa          50.o

Laugarren urrupaldia      56.o

Ziburu                            63. o

Galderak eta saiakerak  67.o

Donibanen                     75.o

Katixima                        73.0

Ama                               84.o

Teresa                            86.o

“Neu                             90.o

Bosgarren hurrupa       95.o

Miaketak                     114.o

Seigarren hurrupa       119.o

Hogei minutu             129.o

Erditzea                       137.o

Klinikatik etxera        139. o

Halere                        140.o

Ziburun                      147.o 

Ziburuko azken uhurrenak  153.o        

Ziburuko azkenak               158.o

Azken hurrupa                    163.o

Denboraren iraupena          166.o

Epilogoa                             171.o

Eskerrak , Iroiak eta Zalantzak   173.0                        

Aurkibidea                                 174