41 San Lorenzo- oroitzirriak

San Lorenzo

 

 

Iruñeko haur denborako oroitzapenak lainotsuak izan arren,San Ferminetakoak ezin argiago agertzen zaizkit.Amatxi bertakoa nuen, etxea Garcia Castañon kalean zeukaten,izen berdinekoa dagoen plaza txikian.Nik amatxi ez nuen ezagutu bainan hil zenean,bere ahizpa Mercedesek Iruñeko bizitza hori eskuratu zuen eta ni, Sanferminetarako,harat joaten nintzen.Oroitzapen horiek aski lainopean ditut,aldiz gogoan zizelkaturik daukat Ines inudearekin nola plazara jesten ginen ziganteak, buruhaundiak eta zaldiko-maldikoak ikustera.

Momentu txoragarriak,batez ere zaldiko-maldiko harekin,Inesek ongi ezagutzen zuen gizon atsegin harekin.Honek beldurrik ez zidan batere ematen,buruhaundiak aldiz bai,bainan hala ere bihotzez maite nituen,ziganteak maite eta errespetatzen nituen bezala.Sekulan ez dut ahantziko Iruñean bizitako une goxo horiek.

Nere bizi guzian sendimendu horrekin bizi izan naiz eta oraino eta urtero ,bihotza hunkiturik, goizetan konpartsak egiten duen ibilaldia jarraitzera zintzoki murgiltzen naiz,Sanferminetara hurbiltzen naizen aldiro gauza bera eginez.

Berrogeita zazpi urteren buruan, hara nun,oroitzapenak eta sendimenduak bultzaturik, etxebizitza txikitxo bat eskuratzen dudala Iruñean,San Lorenzo kalean eta bihotza dardarez eta ilusioz beterik berriro maiz Iruñera etortzen naizela ,bai Sanferminetan bai jaietatik kanpo.

Nere berrogeita hamar urteetan Peña batekoa,Broncekoa hain zuzen, egin naizelako lagunek irri egiten didate,eta Iruñeak bizi dituen besta berezi gehienetara hurbiltzen naiz ere,nere etxean eta herrian egon banintz bezala.Inork ez diezadala esan bertakoa ez naizela,batzutan ere, jatorriz PTV(de Pamplona de Toda la Vida) sentitzen naizelako.

Aurten ere nere San Lorenzo kaleko jai ikusgarriak abuztuaren hamarrean izan dira.Erabat herrikoiak !Kalekoek kalekoentzat eginak.Kaleko auzapeza eta bere komitiba han daude ,bertako dantza talde eta bertsolariak ere ,suziri eta guzi, ,zigante eta buruhaundiak ibilaldietan, eta nola ez bazkari,afari eta taberna ugariak ezin falta.

Kale txiki horretan ,eta ez banaiz oker, hamar taberna badela iduritzen zait :Cazuelitas,La Cepa,Erburu,Gotor leku,Pixkolabis,Lanzale,Askartza,Iruña taldearen egoitza eta beste elkarte batena ere,denak Sanlorenzotan irekitak,karrikako mugan dauden 83,Txiki eta Paris kontatu gabe.

Festa eguerditan hasten da,oren batean hain zuzen,bestetako afixen arabera auzapeza tenorez iristen bada bederen, ibilaldi- komitiban ,denak San Lorenzo elizatean txupinazoa botatzera abiatzen gara.Ohorezko Aurreskuaren ondotik,alkatesak pregoia irakurtzen du eta PUN!Txupinazoa.

Jaietako lehen eztanda !Benetan txupinazo elegantea,eta denak irriz.Honen ondotik Recoletas plazan,bertsolariak ,Ortzadar dantza taldea eta nola ez ziganteak eta buruhaundiak.

Kaleko buru haundiek zerbait berezia badaukate eta maiz pentsatzen dut haurra banintz ez nituzkela inoiz ez ahantziko,pertsonaia ezagunak antzezten baitituzte,kaleko jende ezaguna. Lehena alkatesa eta bere senarra zena,bertako auzokide parrandazalea,gero Soledad, kalekoa ez dena bainan karrika guztia bere leihotik kontrolatzen duena,Jarauta kalean dagoen azken etxeko leihotik San Lozenzo guztia ikus daitekeelako.Horregatik bere aurpegia leiho baten inguratuta buruhaunditzat egin zioten eta ahanztezina,noski.

Bertso eta dantzen ondotik aperitibo berezi bat badago,taberna bakoitxak « rellenoa » kalekide guztiei eskaintzen baitie,esku soinu,gaita eta txistuaren soinuaz alegeraturik.

Kalearen erdian,Komitibak bazkari bat badauka eta neri ere aurten bertsoak botatzeagatik han egotea tokatu zitzaidan.Bazkal ondoan,berriro Recoletas plazan bertako dantza taldeek dantza saio bat eskaintzen dute eta buruhaundiak haurren atseginarendako ezker eskuin dabiltza ere.

 

Aurtengoa benetan ez nuen batere espero !Bat-batean German,kaleko antolatzaileetako batek esaten didala : « Aizu Xabier,ez duzu momentu batez buruhaundiarena egin nahi ? »Nere poza ezin gorderik,baietz esan nionean, elkarteraino joan ginen eta beztitzen hasi nintzen,hobeto ,hasi ninduten,ez baita batere erresa buruhaunditzea .

Inork ez zuen nabaritzen ahal nere barneko dardara, kalera atera nintzenean,ez eta ezpainetan nuean irrifar alaitsua.Nere txikietako ametsa,berrogeita hamar urteren buruan gauzatuta,sinesgaitza.Han ibili nintzen,kalean gora eta behera,dantzarien artean Rekoletak plazan,amaren besoetan zeuden ume txikiak goxatzen,ea izua baztertzen nieken,neska gazteak zanpatzen,haur bihurrien atzetik korrika ibiltzen,Mutxikoak eta fandango-jota dantzariekin batean dantzatzen,denda barnetaraino mutiko zirtzilak segitzen eta gibeleko haur oihuei bapateko itzuli bat emanez izutzen…..Gozamena,benetan historikoa !

Eguna edo gaua kalean ospatzen den afariarekin bukatzen hasi ginen.Bakoitxak etxeetatik jetsitako mahaietan jarririk eta kuadrillen artean afariak gozoki zaporatuz,denak solasean,irriz,lagunen artean….ametsa.

Afariak ez du ainitz irauten,hamabietako Jarauta 69 txarangak dantzaldia hasten baitu eta mahai guziak biltzeko lehia haundia izaten da.Goizeko laurak arte jotzen aritu ziren,jendea dantzan edo tabernetan denak berriro Recoletas plazaraino joan baino lehen ,San Lorenzori aurorak kantatzera hasi baino lehen .Horra kantuaren hitzak : San Lorenzo en la parrilla,San Lorenzo en la parrilla,tiene los huevos frios,San Lorenzo en la parrilla tiene los huevos frios…

Goizeko bostetan etxeratu nintzenenan ohean sartu eta ezin lorik egin,buruhaundiz jantzirik bizi nituen momentu guztiak errepasatzen hasi bainintzen.halako bihotz taupadik ez baita maiz izaten,amari eskerrak eman nizkion senideak Iruñakoa edukitzeagatik.

 

 

Xubiltz

 

 

Urte bat pasa da eta berriz ere abuztuaren 10a ,2006koa.Urtero bezala

eguerditan kalera iritsi eta aperitibo bat hartu Rikardo nere lagun bertsolaria ailegatu arte.Ordu batean altxafueroa bota ondotik eta aurreskuaren ondoren bertso llaburretan aritu ginen.Nereak gogoan ditut oraindik.

:

Dama gazte xarmantaren doinuan:

 

Ongi etorri denei,hau da herrikoia

Bainan zuentzat ez da “hoi“gauza berria

San Lorenzo baitugu egun berezia

Hurbildu den guztiari ongi etorria

 

Hemen zuen aurrean botatzen bertsoa

San Lorenzo delako gure jai goxoa

Festa berezi hontaz auzoa dago harroa

Bihotzetan sartzen digu jaitako gogoa

 

Eskermila haundia hurbildu denari

Milesker berezia neska mutilari

Eskerrik asko ere eta hau bereziki

Laster gobernua uztegatik gure Sanz jaunari

 

Azken urtea dugu horiekin poltronan

Horrek ezartzen nau ni umore onean

Bota behar ditugu herritarren artean

Ta pozik egongo gara datorren urtean

 

 

Sartuko dena ziur izango berria

Ea maitatzen duen berak bere herria

Emango diogu denek ongi etorria

Onartzean Nafarroa dela Euskal Herria

 

Gure hizkuntza dugu betitik euskara

Bazter ezazue beraz behingoan erdara

Dakitenek mintzatuz,besteak ikastera

Ea datorrenean denok euskaraz batera.

 

Orain datoz gazteak,alde hemendik zaharrak

Dantzan hasiko dira,arin su ta garrak

Jauziz erakutsiko dizkigute indarrak

Horra hemen zuen aurrean gure Ortzadarrak.

 

Ortzadar dantza taldearen dantzen ondotik iaz bezala,ohiko “rellenoa” jatera tabernetara abiatu ginen eta aspaldiko partez txistua hartu nuen.Poteoaren ondotik kalean bazkaltzera jarri ginen Soledad leihodunak egindako potxa lillugarriak jateko. Atseko hamarretan mahaiak kalean ezarri eta han bertan afaldu geronek egindako afaria.Giro aparta,San Lorenzori aurora kantatzera joatea ahantzi gabe.

Aurten ere mundiala bainan zinez zerbait eskas,buruhaundiarena egitea.Pena bat inork ez proposatzea.Egia aitortzeko ,prest egongo nintzateke agertzea bakarrik hori egiteko.Zinez.

 

Xubiltz