22 Euskal etxe klasista_ oroitzirriak

Euskal etxe klasista.

 

 

Kebeken ondotik,2003garren urtean Donibane Lohizuneko Begiraleak euskal kultur elkartea Argentina eta Uruguaiera abiatu zen,dantza,kanta,musika,hizlari eta sukaldari talde batekin.Buenos Airesen lurreratu ondotik,Montevideora ferryz pasatu ginen gure lehenbiziko emanaldia eman genezan.Ezin hobeago errezibitu gintuzten nahiz eta lehenbiziko zalapartatxoa bizi gure dantzari gazteek « Presoak etxera »lema peko bandera bat dantza saioan erakutsi zutelako,bainan garrantzirik gabeko istilluttoa izan zen.Handik,berehala, iparrerantz jo eta Salto herriko euskal etxera autobusez igo ginen .Bidean bazkaltzera bide bazterreko jatetxe batean bazkaltzera gelditu ginen.Ustegabean euskaldun jatorrizko jabe baten ostatuan sartu ginen eta berarekin solas bizitan hasi ginen.Barrenetxe bere izena euskalduna zela adierazi genionean ,izen hori asturiar jatorrikoa zela erantzun zigun eta ez dakit sasietatik atera genuen arrosa ederra sobera gustatu zitzaion.Garagardo eta ardo guzia bukatu geniola aldiz bai gustatu zitzaiola.Handik Saltoraino hiru orduz iritsi ginen gure bigarren dantza eta kanta emanaldia eman genezan eta euskal sukaldearen erakustaldi bat egin genezan ere.Euskal etxe eder hartan gure sukaldariek Lapurdiko piperrada gozo bat egin zuten eta denok,umore onean bi egun horiek iragan genituen.Handik,biharamunean,berriro Argentinan sartu ginen eta mugan dagoen Concordia herrian hiru egun pasatzeko sartu ginen.Inoiz ezin ahantzi gertatu zaizkigun guzia.Zentral hidraulika baten gaineko zubimuga hura iragan ondotik,kontatzekoak ugaldu zitzaizkigun,bestela lekuko.

Lehen aldikotz euskal delegazione bat Concordia herri kozkor hortara hurbiltzen zitzaiela eta gertakizun garrantzitsu hura markatu hahi izan zutela nabari zen,zorigaitzez haien modura,haien haundiputz modura.

Argentinan sartzeko zailtasunak izan genituen gure arteko zonbaitzuek herritik atera behar zen paper agiria galdu baitzuten eta beharrik Concordiako euskal haundi horietako batzuk gure bila etorri zirela eta haiei esker denak muga gurutzatu genuen.Bainan ez genuen espero gure zai zegoen har-komitiba guzti hura.Suhiltzaileen jeep gorri bat eta sirenadun kamioi bat bidea ireki zezaten gure aurrean abiatu ziren,zirena jendeari gu heldu ginela ozenki tutukatzen.Hor ginen,haien atzetik,autobus batean sarturik,ikurriña aitzineko beriñean zabalik, denek jakin zezaten nor ginen.Kongreso etxe batera ereman gintuzten eta han denak gure zai zauden,Diputatua,Udaletxeko arduradunak,turismo bulegoko agintariak eta gehien harritu gintuzten bi multzo haundiak :lehena majorette gazte batena,ongi etorria emateko dantzan hasi zena eta bigarrena , sinisgaitza egiten zitzaiguna,Argentinako armadaren musika banda eder bat,bertako kuartelko Konpañiko musikalariez osatuta,uniforme eta guzi,zut zutik ezarritak,koadratutak, gu autobusetik atera ginenean.

Edozeinek hitza hartu baino lehen Uruguayeko himnoa jotzen hasi ziren,handik etortzen ginelako eta Saltoko jendea gurekin etorri zelako ere.Denak isilik,errespetuz beterik doinu hori aditu genuen.Urrats bizi eta neurtu batzuen ondotik bigarren doinuari ekin zioten eta hura Argentinako himnoa,denek harro harro aditzen zuten bitartean.Ni ez ,urduri bainengoen nere buruari galdegiten ea zer himnoa joko ziguten.Donibane Lohizunetik etortzegatik,Marsellesa behar bada ?Zer zalaparta sor litekeen pentsatzen hasi nintzen,batez ere gure gazteek ez luketeelako halakorik jasango,pentsa ,denak ezker abertzale sutsuak.Begiratzen nituen eta inork ez zuela ezer sumatzen konturatu nintzen.Nere zainak bero beroak zeuden bainan ez nuen ezer egiten ahal.

Argentinako himnoa bururatu zenean eta hasperenik hartu gabe himno berriaren

musika bat-batean hasi zen eta « Gora ta gora Euskadi,aintza ta aintza gure goiko jaun onari… »aideari ekin zioten.Beharrik !

Alde batetik hasarre gure himnoa ez zelako,pentsa,gu iparraldekoak,himnorik gabekoak eta Eusko Jaurlaritzarena guretzat jo,bestetik pozik euskal herriko zerbait jotzen zutelako eta Marsellesa edo Espainiko himnorik jotzen ez zutelako.

Denak tente,denak zut.Eta gu isil-isilik.Gure gazteak ere bai,inork ez zuen keinurik ere egin.Eta nik nere buruan nituenak :

-Edo errespetuz isil isilik daude….

-Ez dut uste,ez dakite zer ari diren jotzen…

-Euskal doinu bat militarren ahotik ateratzen….

-Denak tente euskal herriaren ohorez…..

Zuzen zer pentsa ez nekien.

Halere inor ez zen mugitu,inor ez zen higitu.Hobe!

 

Gure artekoak arras desberdinak ziren.Gure gazteetatik aparte Oskarbi kanta taldekoak gurekin ziren ere ,Begiraleko kanta taldea izan balitz bezala eta Oskarbikoak,edo haien arteko gehienak behintzat EAJkoak.Eta hara nun ,Carlos ,himnoa bukatzen denean militar musika bandaren kapitainari eskua ematera doala,zerbait harrigarria egin balu bezala.

Bera,gipuzkoarra izaitez eta EAJekoa gainera ,naturalki atera zitzaion eskueman hori egitea bainan ohartu gabe gu lapurtarrak ginela eta himno hori gurea ez zela,inundik ere.Zerbait onartzekotan Gernikako arbola izango litzateke,nahiz eta jakin ez dela gurea,bainan beharbada denek onartzen dutena,batez ere iparraldean.

Garrantzirik eman gabe,irritxoa ezpainetatik atera zitzaidan eta kitto.

Denek bat egin genuen,diputatuek,Euskal etxeko arduradunek,ekologistek,majoretek,

bonberoek,bertako parasitoek,musikariek,militarrek ,gure dantzari gazteek

eta gu,taldeko zaharrenek eta Begiraleko arduradunek.

Aperitibo horrekilan denak amiñi bat berotu ginen,batzuk txanpainez,besteak garagardoz eta gehienak bertako ardo txuri berezi batez.Gehienak han erdi moxkortu ginen.Gure arteko irrizko komentarioak suhiltzaileetaz ziren,haien sirena tutuez,gure sarreraz,antolatu zuten haundiputzeriaz.

Halere berdin zitzaigun.Gu han ginen,Argentinan,Concordian,eta aperitibo haren eraginaz,umore onean.Hitzaldiak izan ziren eta niri ere,Begiraleko lehendakari gisa,zerbait esatera tokatu zitzaidan ere.Ezer esan nuenez ez dakit,betiko zozokeriak noski,gure bidaiaz,Uruguaiez,egin ziguten harreraz,euskaldun emigranteez,eta Concordia herriari eskerrak emanez .

Hango ardoa eta solasak bukatu zirenean agurretan beste ordu erdi bat igaro genuen autobusera igo baino lehen ,eta nola ez ,gure aurrean suhiltzaileen ibilgailu bikote gorri bezain dirdiratsu hura ezarri zitzaigun,eta jeepa eta kamioia ibiltzen hasi orduko tutuak berriz ozenki hasi ziren.Gu ahalketurik ginauden,ehinta hirurogeita hamar milako biztanleen hiri guzi hura tutuka zeharkatu genuen eta denak gu ikustera ateratzen,langileak,jakin gosez, beren tallerretatik oinbidera ateratzen zirenak,saltzaileak haien saltokietatik harriturik gertatzen zena ikustera jalgitzen zirenak ere,pasaiantak beren urrats lasterrak emekitzen eta gelditzen zituztenak.Denen begiak gure gainean itzaturik,autobusean agertzen zen ikurriñari begira,zer gertatzen ote zen ulertu nahiz.Tutuak ez baitziren txantxetakoak,lantegietatik ateratzeko erabiltzen diren horietakoak baitziren edo su alarma haundia denean hiri osoa abisatzeko erabiltzen diren horietakoak.Nik ez dakit bainan denak harriturik zeuden,biak,so egiten gintuztenak eta gu,batez ere gu,lotsaturik,ahalketurik,izuturik.

Herriko plaza nagusira iritsi ginenean majoretak han zeuden jadanik gure zai ,gazte lerden arinak,minigona gorri eta urdin haietaz jantzirik,haien hanka luze bezain pollitak erakutsiz,aintzin lerrokoak bederen gibelekoak neska potol animalekoak baitziren.

Gure gazteei bainu terma batzuk antolatu zizkieten eta autobusez ereman zituzten.

Zer zoriona !

Guk,bitartean protokolezko bilerak egin behar omen genituela…kaka zaharra ! Herriko etxera ereman gintuzten,herriko seme kuttunak nonbratu omen gintuztelako.Aspalditik bertako euskal etxekoak udaletxearekin harremanetan sartu ziren gure harrera antola zezaten eta bertako auzapezak ,diputatua zena eta euskal jatorriko Urduña abizenekoa,

Concordiako ohorezko gonbidatuak eta seme kuttunak gu egitea deliberatu zuen.

Maria Claudia gure turimo gidariak irri egingo genuela belarrira xuxurlatu zidan .

Eraikin eder hartan sartu ginenean beheko salak erakutsi zizkiguten,lehen soilarukoak ere bai,bigarrenean Jaun auzapezak errezibitu behar omen gintuela eta denbora egin behar genuela etxe hura bisitatzen..

Azkenean sala ofizialaren aurrean metatu ginen eta berriro irri eginen genuela norbaitek esan zuen .Kazetariak,telebistakoak,herriko etxeko langileak,bertako parasitoak han ziren ere eta jaun alkateak atea ireki zuenean denak farrez hasi ginen.

Eskua luzatzera hurbildu nintzaionean berdin berdinak ginela ohartu nintzen eta horrek bertakoei eta gu denei, irrifarrak sortarazi zizkigun.Osoki berdinak ,bixkiak,adin berekoak,itxura berdinakoak,neurri berberakoak,mustatxadunak biak,begirada berakoak,egoiteko itxura berberakoak eta janzteko pareko airekoak.Harrigarria !Bera ere irritsu zegoen eta bere hitzaldian gure arteko antzari aipamen berezi bat egin zion.Nola ez, bigarren hitzaldia ere bota behar izan nuen, eta nik ere,eskerren artean, gure elkarren arteko eiteaz mintzatu nintzen.

Aperitiboaren ondotik kazetariak ere hurbildu zitzaizkidan gure berrien jakiteko eta gure parekatasuna aipatzeko.Biharamuneko egunkariek « Begiraleak  » alde guzietatik aipatzen zuten eta « Las noticias de Concordia »kazetak auzapezari eta bioi egin ziguten argazkia atera zuen azpi titulu honekin : « Quièn de los dos es el intendente ?-« Bietatik nor da gure auzapeza ? »

Eta gure gibelean,nola ez, majoretak!

Ordu baten buruan plazara jalgi ginen berriz ere eta berriz ere,nardatzen hasten gintuen majorette tropa lerrotan ezarri eta haien atzetik parez pare plazako beste aldean zegoen katedralera abiatu ginen,bertako euskaldunek bakearen aldeko otoitz bat antolatu baitzuten.

Apezpikua elizatera atera zitzaigun agurra ematera eta denak batean otoitz egitera sartu ginen.Benetan filmatzeko ikuspegia :Bi apezez inguraturik,apezpikua predikutan,haien atzean majorette tropa guzia guri begira,lehen aulkietan zutik Begiraleko arduradunak,herriko zinegotziak,herriko langile ospetsuak,euskal etxeko arduradunak,eta gibelean jendea,eliza abantxu betetzen zuena.Horri ere publizitatea eman ziotela nabari zegoen eta kazetarien argi eta lumapetan billera erdi sozial erdi katolikoa zen hark burrunba haundia jaso zuen.Bertako atso zahar batek munduan behar genuen bakeaz otoitz hitzaldi bat eman zuen eta benedikazioaren ondotik lerrotan plazaratu ginen berriro majoretten musikarekilan.

Azkenean autobusean sartu ginen..Guk, hango zirkoa bukatu zela uste genuen bainan inolaz ere.Orain Garat izeneko andere zahar baten etxera abiatu behar ginela omen.Ezpeletarra bera,ia ehun urteko anderea,bere ohetik ezin jeikiz zegoena,eta ikusi nahi gintuena.Dena unez une antolatuta zegoen eta etxe horretan hogoi minuta iragan behar genituen.Haren etxe aurrean autobusa gelditu zen eta Kepa,Alex eta hiruak kalera jeitsi ginen,Gustavo euskal etxeko lehendakariaren eta beste bi hango pisu batzuen urratsak segituz.Etxe Kolonial eder batean sartu gintuzten eta berehala andere zaharraren gelara ereman.Etzanik zegoen andrea arras elegantea zen,klaseko emazte hura apainki orraztatuta zegoen,zetaz jantzia eta erregin baten ohean sartuta.Gu ikusteagatik pozik zegoen.Bere aitatxi Argentinara etorri omen zela duela ehun urte,Ezpeleta utzirik eta Concordia bizilekutzat hautaturik .Euskal Herria gogoan zeukan eta bihotzean kilikak sortzen zizkion gu bere etxean egoiteak.Gernikako arbola eta Boga Boga abestu genuenean andrea erdi negarrez zegoen.

Bere ohe mahaitxoaren gainean zituen liburuak eta prospektuak erakutsi zizikigun, Ezpeletako herriaz eta biperrez mintzatzen zirenak,beste hainbeste Euskal herriaz.Segur hori ere antolaturik zegoela eta Gustavo eta horiek liburuak ohemahai gainean ezarri zizkiotela…

Egia aitortzeko pozik egon ginen.Bi muxu eman zizkigun eta sendipenez josita nigarrez utzi genuen.

Etxetik ateratzeko pasalekuan ginaudelarik beste ahizpa ikustera ezkerreko gela hartan sartu behar ginuela esan ziguten,oihuka ari baitzen eta berak ere ikusi nahi gintuela.

Sartu orduko burua arras galduta zeukala ohartu ginen eta zentzurik gabeko solasetan aritzen zen.Frantseseko irakaslea izan zela esan zigun eta Frantzia eta frantsesa zinez bihotzez maitatzen zituela.

Bat batean « La Marseillaise » berarekin kantatu behar genuela !Eta oihuka hasi zen,bakar bakarrik,guk halakorik ez baikinuen abestu nahi eta Kepa izan zen berarekin kantatu zuen bakarra.Zer lotsa gurea!!!

Lehenbailehen handik atera eta autobusera abiatu ginen protokoloari bukaera emanik.Azkenean !Bazkaltzeko ordua hurbiltzen ari zitzaigun bainan hori baino lehenago afariko mozkinak erostera joan behar omen genuela erran ziguten,gure sukaldariek euskal etxeko afaria prestatu behar baitzuten.Dena erosi genuenean bazkaltzera joan ginen,azkenean bakarrik,bertako jenderik gabe.Gure gazteak ere jatetxe hartan agertu ziren eta batez ere Kissbai laguna,hor hasi baitzen bere ixtorio irringarria.

Maria Claudia gidaria gurekin zegoen eta hari esker herriko berri ainitz jakin genituen.Termetan gertatu zena ere bai.

Arratsalde guztia elkarrekin pasatu genuen eta Joseba eta Pello sukaldariak arratsaldeko bostetako afaria prestatzera euskal etxera joan zirenean,Alex eta Maria Claudiarekin batean herrian zehar ibili ginen.Afaltzera gonbidatu genuen eta hara joan baino lehen bere etxetik pasatuko zela jantziz aldatzera luzatu zigun.Suerte onez,gonbidapen papertxo bat bere gutun kaxan aurkitu zuen,bere lagun batzuen etxera afaltzera gonbidaturik zegoela gau hartan ere.Zer egin ez jakinez,bi lekuetara joatea erabaki genuen,lehenik bere lagunen etxera,gero euskal etxera,eta harantz abiatu ginen solas eta irri bizien artean.Auzategi herrikoi batean bizi ziren eta etxe hartan sartu ginenean bertako etxeak nola ziren ezagutu genuen,etxe xumeak noski.Sukaldea ezkerrean utzirik berehala kanpora erematen zuen egongela txiki batera sartu ginen eta handik berehala baratzera,lauze ilunez egindako « patio »xinple batera.Han,hamar bat pertsona zeuden,beltzaranak batzuk,indioak besteak,txuriak gainerakoak.Aurkeztu gintuzten eta segidan prestatzen ari ziren talo moduko arto irin gogorrak eskutan jarri zizkiguten.Haien izen guziez orain ez naiz oroitzen bainan bai antzerkilari batena,Zabala baitzuen hark bere deitura.berarekin idazle bat bazen,beste antzerkilari bat,hirugarrena langabezian zegoen eta besteak,denak lan arruntetan aritzen ziren.

Maria Claudiak esan zigun etxe batera joatean edaria ekartzea ohitura zela eta hurbilean zegoen supermerkatu txiki batera garagardoa erostera ereman gintuen.Botila andana bat erosi genuen eta berriro itzuli ginen.Nahiz eta haien artean gustora pasatu bainan orduak abisua eman zigun,beste afarira abiatu behar genuela,jadanik hasia zela susmoan ukan baikenuen.

Gurekin afaltzera etor zitezen denei esan genien ,euskal etxera gonbidatzen genituela.Neri,legezko konbidapena iduritzen zitzaidan geronek afari guzia erosi eta prestatu baikenuen.Bainan « amigo »,zer ez nuen esan !Berehala konturatu nintzen ez zutela etorri nahi,bertako euskaldunak goiko gizartekoak iduritzen baitzitzaiela eta ez zirela ausartzen hurbiltzera ere.Hamar haiitatik seik ezetz borobila luzatu ziguten eta beste lauek,Maria Claudian lagun minak zirenak tartean,hainbeste errezu eta otoitzen aurrean azkenean deliberatu zuten kafea hartzera etortzea. Hala ere bakarrik ez zirela etorriko eta haien bila etortzea erabaki genuen.

Azkenean joan ginen.Gure bideko solasek Concordiako eta modu batez ere Argentina osoko euskaldunak klasista batzuk zirela argitu ziguten,arrazistak eta herri xumearekin ezer ikusi nahi ez zutela .Burura etorri zitzaizkigun Gustavoren hitzaldiak,odolarenak,garbitasunarenak eta euskal arrazaren goititasunenak.

Euskal etxe hartara iritsi ginenean oraindik inor ez zegoen mahaiean jarririk eta hatsaldi haundia hartu genuen,nik bederen.Ea nun sartu ginen,gure zain zeudela,afaria prest zegoela,dietetikako unibertsitateko ikasle sukaldariek aspalditik bukatu zutela…esan ziguten…

Azkenean eseri ginen.Alex,M Claudia,Joseba eta beste batzuk mahaiaren buruan eseri ginen, jakinez besteak geroxeago kafea hartzera etorriko zirela.Afaria biziki ongi pasatu zen .Gure sukaldariek egindako « Ezpeletako axoa » ezin hobea atera zen eta ikasle unibertsitarioak zerbait berria ikastegatik pozik gelditu ziren.Haiek zerbitzatu gintuzten,txuriz jantzirik,amantal eleganteaz beztiturik,eta aurpegi harroaz estalirik.

Concordian dietetika eta elikaduraren unibertsitate famatu bat badago,Argentina osoan dagoen bakarra eta hango ikasleek ere,seme kuttun gisakoak nonbratu gintuzten Herriko etxearen bitartez,gure bazkarietara konbidaturik zegozen,lan egitera konbidaturik bainan pozik eta harrotasunez beterik,egunkarietan agertuko zirelako,zerbait berri ikasiko zutelako eta garrantzia ematen zitzaielako.

Axoa prestatzen gure sukaldarien morroiak izan ziren,piperrak xehatzen,tipulaz negartzen,patatak txuritzen…eta halako sukaldean dauden gauza interesgarriak egiten.Denek txaloka giroa hautsi ginuenean Pello,Josebare ondoan zorionez beterik ezarri ziren,derrigorrezko argazkia norbaitek har zezan . Pellok hitza hartu zuen plateraren egitekoaren zehastasunak emanez eta betiko txotxokeriak esanez,axoari berak indiolarra sartzen ziola,tipikoa zela Euskal Herrian eta halako bitxikeriak.

Gogora etorri zitzaidan Quebek herrian,Trois Pistoles herrian hain zuzen bost urte lehenago eman zuen hitzaldian esandakoak eta galdetutakoak.Atunaren errezeta bat ematen hasi zelarik batek nola galdetu zion,borondate onez noski,ea zer markako atun lata ireki behar zen …edo Pellok nola ,bixigoa egiteko,olio bero-beroa gainetik bota behar zitzaiola esplikatu zuenean,baten batek galdegin ziola zer tenperaturan behar zuen olioak egon eta Pellok,filosofi handiz josirik,erdi aroko ixtorio bat asmatu eta gazteluetan izaten ziren erasoen egoerak aipatu. :« Badakizue nola erdi aroan gazteluak erasotzen zituztenean ,barnekoek irekitan zegoen olioa isurtzen zietela ?Ba tenperatura horretan !

Hemen ere honako galderei,halako erantzunak.

Denak pozik zeuden,gu ere bai.Azkenburukoak hartu baino lehen gure lagunen bila joan behar ginela oroitu ginen eta hiruak harantz abiatu ginen.Hamar minuta behar izan genituen heltzeko eta harriturik gelditu ginen entzun genuenean ezetz,hobekiago pentsatu zutela eta lotsa ematen ziela halako leku batera etortzea.Insistitu ginen,gurekin zeudela,afaria guk egin genuela,elikadura geronek erosi genuela,eskubide osan ginaudela,gure gonbidatuak zirela,euskaldunak lagunak genituela…ez dakit zenbat arrazoin gehiagoren aurrean eta gure gidariaren errezuen aintzinean baiezkora iritsi ziren eta gurekin etorri ziren.

Horiek bazekiten zergaitik eta zozoak ez ziren.

Euskal etxean sartu ginenean isiltasun hotz batek inguruak bete zituen eta beharrik mahai puntako lekuak,sarreratik hurbil hartu genituenak oraindik libre zeudela eta han eserrarazi genituen.Joseba eta lagunak aurkeztu genizkien eta azkenburukoa ekarri ziguten.Lau razio gehiago eskatu nituen,itxura oneko biskotx hura lagunei eman nahirik,kantitate haunditan unibertsitarioek egin zutela baigenekien .Nahiz eta gustora gure lagunak urduri zeudela nabaritu nuen.

Kafeak hartu genituenean,nere ondoan zegoen Maria Claudia gidariak bi peso bakoitxari kobratu nahi zietela esan zidan,azkenburuko eta kafearengatik noski,bi peso beraz bakoitxari euroko bost zentimoren balioa. Harriturik nengoen!Bi peso bakoitxari kanpotarrak zirelako bainan batez ere haien gustoaren aurkako itxura zeukatelako..

Gustavo,lehendakariarengana zutitu nintzen ea bi pesorena egia zenez edo zilimiskatxo zenez.Berehala nabaritu nuen irri egiteko gogorik ez zuela eta bost pesoak benetan eskatzen zietela. Beren explikazioek harritu ninduten.

-Parasito batzuk zirela eta halakojendea bertan ez zituztela nahi.

-Indiorik lokal hortan nahi ez zutela, esan zuen beste batek.

-Beltza potolo hura gustukoa ez zutela

-Konbidaturik ez zeudela

-Eta,afari hura kategoriko jendearekin osaturik zela

Harritu ninduen!

Behar zuen erantzuna eman nion:

Nere gonbidatuak zirela eta zerbait kobratzekotan niri kobratu behar zidatela.

Gustavo leku batetik bestera zihoan,batekin eta bestearekin hitz eginez.Berriz ere nereganatu zitzaidan eta bost peso ordaindu behar zutela errepikatu zuen.Berriro gauza bera erantzun nion,nik ordainduko nituela lau lagun horien biskotx eta kafeak,nere gonbidatuak zirela eta ez zutela batere trabarik egiten.

Guri ez,bainan dudarik gabe haiei bai!Zerbait bazekiten gure lagunek eta zerbaitengatik ez zuten etorri nahi.

Azkenean afaria giro txar batean bukatu zen,Gustavok,aurpegi txarrez, neri ezer kobratuko ez zidala luzatu zidan.

Dena bukatu zenean eta sukaldean laguntzen egon zen bertako euskaldun horietako bati agurtzera hurbildu nintzaionean,gorroto beterikako begiradaz esan zidan:

“Oye vasquito,cuando vengas a mi casa te vendras solo“.-Zu Euskalduntxo,nere etxerat etortzen zarenean bakarrik etorri!

Begirada berdintsua erakutsiz luzatu nion :

« Mira cuando tu vengas a mi casa a Euskal Herria y pegues a la puerta te quedaras en la calle.Agur !”-Begira zu nere etxera Euskal Herrira etorriko zarenean,kanpoan geldituko zara.!

Eta hala bukatu genuen gure afari xelebrea,euskal etxe klasista horren lokalean,Concordia deitzen den Argentinako herri horretan,eta aholku bat ematera ausartzen banintz,esango nuke bertako jendea gisakoa dela bainan euskaldun gehienak,euskal etxe hortakoak behintzat,lehendakariaz hasita,ez dutela ezer balio eta odolaren lehentasunarena hain garrantzitsua baldin badute,egon daitezela .Razista aluak!Euskaldunak bai bainan Zabala haren itxurakoak ez!

Handik atera ginen eta herriko plazaraino abiatu ginen.

Zer gaualdi txoragarria iragan genuen gure indio,beltz eta artista lagunekin,herriko tabernetan dantzan,herriko ostatutan parrandan,populuen arteko harreman goxoetan.

 

 

Xubiltz