Levy eta Delage
Noizean behin gazte denboretako eskola uneak gogora etortzen zaizkit,gehienak goxoak.Hauxe aldiz ez da betere halakoa.
Iaz ,oroitzapen horiek zizelkatzeko moduan,Baionako barnetegiko margo haundi bat egin nuen,hain haundia gogotik inoiz ez ihes egiteko egin banu bezala.
Momentu latz horiek markatu ninduten,gure gaztaro guzia horietaz markaturik baitzegoen eta hori aspalditik banekien bainan margoa margotzen hasi nintzenean ,emeki emeki beste gogorapen triste bezain xamur batzuk bururatzen hasi zitzaizkidan eta neure ahalaren arabera oihalaren gainean formez eta kolorez adierazten hasi nintzen ere..
Margo horren gaiak, arratsetan izaten genituen estudioak erakusten ditu,lehen solairuko gela zahar bezain oroitgarri horretan,dena gaztain kolorez inguraturik,argizariaren usaina nagusi,batez ere oporretatik itzultzen ginen egunetan,armario haundiak presondegiko zaindari sendo bezain larri batzuk izan balira bezala. Libertatearen faltaren adierazle ohikoa eta denen babesle nagusia paretan zegoen ,itzaturik,guri beti begira zintzilik ,ohiko « inria» edo irria ,ez baitakit ongi,txuri txuria goiargi bat behar bagenu bezala.
Ikasle guziak ,buru makur, toki bakarreko bulego hits haien gainean ukondoturik,begiak abantxu ezin altxaturik,amantal gris bezain triste horietan bildurik, babero txurizko begirale zorrotz horren menpean jarririk,sotana urdindu horren usain txarraren itzalean makurturik Egoera latza bizitzen genuen,margoan agerrarazi dudan bainan aise makurragoa.
Ezkerreko ikasle hura beti iziturik zegoen Casimir izeneko frailea bereganantz hurbiltzen zen aldiro.Eta margoan ere ,Parritzky izeneko ikasle haren atzean, mutiko txiki bezain pollit haren atzean, fraide nazkagarri horren eskuak bere sorbaldaren gainean,moralezko solasak aitzaki.
Pedofilia nagusi baitzen, estudioan, barnetegian ,bainugeletan, futboleko aldageletan, nun-nahi,eta denak isil-isilik,izuturik .Oroitzapen latzak benetan.Eta nik sekulan ez dudala halakorik jaso.
Egunero gauza berdinak gertatzeagatik ez genien sobera garrantzirik ematen eta maiz irri egiten genuen betikoei tokatzen zitzaielako eta gure burua akoso hortatik libro ikusten genuelako, Parritzky eta Quiniou,gure adineko ikasle moñoñoenak baitzituzten helburu,ez bakarrik Casimir fraidearenganik baizik eta berdin Minon izeneko barnetegiko begirale batenganik.Eta gu,zer zozoak ginen,mutiko horiek erdi marikoi bezala hartzen genituzten,gizon heldu haien akosoa sufritzen zutela sobera oharturik gabe.
Bizi izan genuen errealitate hura margo hortan plasmatu nahi izan dut eta ohiko sorbalden gaineko ferekek mutikoaren begirada iziarazten zutela ere.Zaila espresio haiek oihalaraztea,benetan zaila.
Ez zen hori bakarrik eta tinduran agertzen ez dena ere aipatu behar dut:
Gauero,barnetegiko loleku hartan,denak oheratzen ginenean eta argiak itzaltzen zirenean gauero gertatzen zen gauza bera : Casimir fraile begiraleak Parritzky hura deitzen zuen eta bainu geletara erematen zuen morala egin ziezaion eta konketa lerro haien kontra hurbil hurbiletik parez pareko solas moralak egiten zizkion..
Guk behintzat hori uste genuen,mutikoak ere hori kondatzen zigun eta guk gauero ikusten genuena kontatutako araberazkoa zen.Bainan gaueroko morala,ordu bateko ohiko morala ,gorputzak bat bestearen kontrakoa zen,parez parekoa eta gure Parrizky,han mugitu gabe,hain beste denboraz egoten zen. Hura ez ote zen soberaxko morala ?
Guk hori hurbilagotik ikus genezan komunera jeikitzen ginen eta han,ilunpeetan bat egiten zuten bi formek ikusten genituen.Gure beharrak egin orduko,komunetik atera eta berehala berriak ematera joaten gindoazen, ohekide guziei zehaztasun gehiago emanik, nun kokaturik zegozen, nola zeuden….Informazioneek inor ez zuten harritzen ohiturak bere eragin haundia
baitzeukan geure barnetegi pisu hartan.Eta gu,erdi beldurrez edo kuriositatez beterik hura pedofilia hutsa zela ez ginen ohartzen, Parritzkyk hamalau urte soilik baitzituen eta zerri hark berrogoi urte pasatak.
Margoa tindatzen hasi nintzelarik xehaztasun gehiago burura heldu zitzaikidan eta orduko irudiak etortzen,filma zahar bat izan balitz bezala.
Behin,hogoita hamabost urteren buruan gertaera bitxi batek oraindik gehiago oroitarazi tindatutakoak erakusten zuena.
Urtero bezala ,nere udako erakusketa berriaren prestakuntzak egiten ari nintzenean,hiru presuna atean joka agertu zizaizkidan .Atea zabaldu eta berehala Agurtzane,nere aspaldiko lagun psikoanalista ezagutu nuen,ea erakusketa ikusten ahal zuten.Baietz erantzun ondotik hirurak sartu eta bere adiskideak ziren beste bi psikiatra-psikoanalistak aurkeztu zizkidan,biak erdeldunak.
Batek,zaharrenak,ilerik gabekoak bat-batean erderaz esaten dit : « Tu eres Soubelet,Soubelet de St Bernard de Bayona,no ? »
Berehala hura Levy izeneko eskolakidea zela ohartu nintzen eta hala adierazi nion .Hala zen eta hogeita hamabost urteren buruzko besarkada bero batean elgar erori ginen.
Zer kasualitatea!Erakusketa dudan herrixka hortara hurbildu behar,Arizkunera hain zuzen,Andaluziako Granadan bizi den nere baztandar lagun baten laguna eta Bernard Levy,nerekin barnetegian zegoena izan behar.
Biak psikiatrak,psikoanalistak,kongreso batean elkar ezagutza egina,geroztik adiskidetuak eta Agurtzane elizondarrak Arizkunera erakusketa ikustera ekarri zituenak..
Hitzak,solasak,irriak ,-« Ai Dios ! »Berak esan arte…..barnetegiko margoa begi aurrean agertzen zitzaion. Isil isilik margoari begira,misteriozko aire bitxi batez inguraturik,harriturik. Ni,umore onez, ea gure arratseko estudioak gogoan zituenez galdezka,ea gelen itxura zaharrak buruan zituenez, ea margoan agertzen ziren guzietaz gogoratzen zenez, ea Parritzkyz oroitzen zenez ere eta Casimirren moralez eta ikumenez….Noski gogoratzen zela ,bainan ez umore onez ,berak ere halako eraso « sexualak » jasaiten hasi zela aitortu bait zidan eta.anai zaharragoa aintzineko kurtsoetan izateagatik ,horretaz salbatu zela kontatzen ari zitzaidan,berehala zaharragoari joan bait zitzaion berri ematera eta Levy haundiak fraidea izutu eta erasoak horretan bukatu.
Nik betiko bietatik aparte,Parritzky eta Quiniouren aparte, besterik ez zela uste nuen eta hara nun agertzen zaidan beste bat eta laster beste bi ere bai.
Erakusketa batek ezuste asko ematen baititu,jendeak iragarkiak ikusten baititu ,egunkariak irakurtzen ere eta bat-batean horrek beste eskolakide bat ekarri zidan,Baionako Delage izeneko ohiko lagun bat,hogoita hamabost urte ikusi gabekoa ere.
Solasean hasi,oroitzapenak aipatu,margoak banan banan ikusi,Levyren bisita kontatu eta
bat- batean berari ere, begi aurrean zeukan St Bernardeko kuadroak isilpena ekarri zion ,oroitzapen isilak noski .Nik Levyrena buruan neukan eta nik ezer esan gabe ,berehala frailearen eskuetaz ohartu zen eta horri buruzko lehen komentarioa frantsesez hau izan zen:
-Tu savais que ma mère m’avais retiré de St Bernard à cause des attouchements de Casimir ?
Ba al zenekien nere amak St Bernardetik atera ninduela Casimirren ikumenengatik ?
Harriturik utzi ninduen,hilabete batez bigarren lekukotasuna,nere margoak mihiak deslotzen balitu bezala .
Hainbeste denbora iragan ondotik,bi topaketa bitxiak,hilabete berean, gauza berdinak kontatzen zituztenak,gaurregun horrenbeste burrunba egiten duten pedofiliazko aferak gauza berriak izan balira bezala.Beti izan dira bainan haien zorioneko apez horiek ez zuten salatzerik ezagutzen,denak beldurrez josirik baikinauden eta gainera gauza horiek orduan ez ziren azaltzen.Gai « tabutaz » ez zen hitz egiten orduan .Beharbada margo bat behar zuketeen orduan ere mingainak deslotzeko eta behatzarekin erakusteko han barnean Casimirrek egiten zituenak.Hala ere uste dut noizpait norbaiten salaketarengatik Bordelera ereman zutela,kongregazioneak beste eskola haundi bat baitzeukan herri hartan.Hura egia zenez ez genuen inoiz jakin.Casimir ere ez genuen gehiago ikusi.
Xubiltz.