09 Josu- Oroitzirriak

                                                                                                               Josu

 

 

Hamabost urte nituen eta orduko politika egoera latza genuen:Betiko frankismoa nagusi,tinko eta gogor,horren aurrean ETA ren indarra kozkortzen ari zen,ezker ikuspegiak gizartean emeki sartzen ari ziren eta PNV beti isilik. Euskara hizkuntz abertzalea bilakatzen ari zen eta gure iparraldeko alderdi baketsu honetan,euskal kontzientzia pizten hasten zen ere.

Donibane Lohizunen bizi nintzelarik eta euskal famili abertzale baten semea izategatik egoera latza hura hurbiletik bizi izan nuen.

Orain urte batzuk lehen errefuxiatuak agertu zirela,ETAkoak esan nahi dut, eta beste hainbeste agertzen ari ziren,parrastan.

Nere Bilboko familia, EAJkoa ,mugimendu berrian ez zen batere sartu eta nere adineko lehengusuek hitzak baizik ez zituzten Euskal Herria salbatzeko.Halere,urte haietan ez zen hain gaizki.

Osabaren iturburuak Zeberion kokatzen ziren eta ondasunak ere bai.Haien zerbitzuko Juanita zeukaten,Ugaoko andre atsegina,eguberritan eta aste saindutan Bilbora abiatzen nintzanean ezagutu nuena eta asko preziatzen nuena. Bere senarrak harategi bat zeukan eta noizean behin Zeberiorako bidean bera agurtzera gelditzen ginen.

Seme bat zaukaten,Jose Antonio,unibertsitatean ikasten ari zena eta ezagutzen ez nuena.

Behin,eguberritan uste dut,berri izugari bezain hunkigarri bat etorri zitzaigun.Juanitaren semeak ikasketak utzi zituela eta banketxe batean lanean hasi zela, ez finantzia gustatzegatik ,ETAn sartu zelako baizik. Ikasketak utzi eta bere herriko banketxe batean lanean sartu, dirua ebasteko plan guziak behar bezala presta ditzan.Komandoa lapurtzera etorri zenean ,haiekin batean ihes egin zuen eta inork ez zekien nun zegoen .Bere familia biziki kezkatuta zegoen,semea desagertu zelako.

Bizpahiru hilabeteen buruan,Juanita nere izebarengana berriak ematera baino gehiago,laguntzaren eske etorri zitzaion. Semea kanpoan zegoela esan baitzioten eta Lapurdin nonbait errefuxiatuta zegoela.Biharamunean, Juanitaren etxera abiatu ginen ,Bilbon

bainengoen bolada hartan ere,eta Ugaoko pisu hartan sartu ginen,harategiaren gaineko pisu hartan,izeba,lehengusua eta hiruok.

Hango solasak ilun ilunak izan ziren,isilpean xuxurlatutak,hitz egiteko kode bitxi bat erabiliz.Azkenean, Juanitak bazekien izebak eta gure familiak Telesforo Monzon ongi ezagutzen genuela eta batez ere nere amatxiren laguna zela,gerla denboran elkarrekin ihes egin zutela,adin berekoak eta herri berean egoitza hartuta zeukatela.

Nere oporrak bukatzen ari zitzaikidan eta etxera itzul nendin urtero hartzen nuen trena baztertu eta izebarekin batean ,berebilez Donibaneraino etorri ginen.

Amatxi jakinaren gainean ezarri genuen eta berehala Telesforori telefonaz deitu eta hitzordua hartu.

Mendeberri bere etxera ez ninduten ereman eta gorabehera guztiak kanpotik segitu nituen Urduri nengoen bainan bizpahiru asteetan gehiagorik ez nuen jakin.

Nik kalean ,Etxaberen tabernan edo Sabin etxean errefuxiatu pilla bat ikusten nuen eta aste horietan ea norbait berri ikusten nuen igaro nituen bainan alferrik.

Egunero amatxiren etxera laspost aldiz sartzen nintzen,bere etxea Donibane Lohizuneko erdi gunean kokaturik baitzegoen eta kale hartatik pasatzen nintzen aldiro,eskailak igo eta amatxi agurtzera hurbiltzen nintzen,batez ere zerbait jateko eman ziezadan,gehienetan aintzinetik prestatutako arrozesne goxoa.

Bizpahiru hilabete pasatu ziren Juanitaren berririk entzun gabe. Behin,nere ohiko adiskide batekin nindoalarik eta nere errizesnekoaren bidea lasterka hartzen ari nintzelarik,amatxiren etxeko atarian,beheko Pantxoaren Etxezaharreta “Euskadi irratia“ dendaren aurrean,tabernetatik ezagunak nituen hiru gizon ikusi eta agurtu genituen, Fangio ,Tomas Perez Revilla eta orain oroitzen ez naizen hirugarren bat..Harriturik aditu nuen Tomasonen agurra,bere zintzur karraskatutik atera zitzaion iep hura.

Eskailak gora abiatu ginen komentario batzuk eginez. Amatxik jakin zezan ni nintzela,beti bezalako tirrinta luzea jo nuenean atea isilka zabaldu zidan,misteriozko ixo luze bat erantsiz. Barnebide luze hura inoiz bezain polliki hartu nuen eta eskuin muturrean zegoen egongela hartan,Bilboko Miren izeba, Juanita eta Jose Antonio semea ikusi nituen.Muxu bana eman nien.Jon nere lagunak iep batekin denak agurtu zituen.

Eta Josu aurkeztu zidaten.Hala baitzuen bere guda izena.Gero jakin nuen Ternera zela bere aitak harategi bat zuelako.Emozionaturik nengoen.Juanita erdi negarrez zegoen eta semeak beso tartean harturik hitz goxoak esaten zizkion.Erderaz ari ziren.Amak beti berdina zion : « Pero hijo,que va a ser de ti ? »-“ Bainan seme zer bihurtuko haiz?“ Eta berriz galdera berdina.,eta berriro fereka berbera.Jon nere lagunak eta zerbait esateagatik,bakoitxak bere erara herria zerbitzatzen genuela luzatu zien,zer zozokeria….

Ama negarrez jarraitzen zuen eta Josuk,bere ama kontsolatu nahirik eta fededun hutsa zenik jakinez, Jesusek ere gauza bera egin zuela esan zion,besteengatik sakrifikatu zela gizonak salbatzeko. Hitz horiek harritu ninduten ,harritu eta emozionatu ere bai. Oraindik gogoan ditut.

Berehala Josuk bere amari muxu eman zion eta bazihoala luzatu.Guk ere bide berdina harturik,berarekin jetsi ginen,beherean zeudenak agurtu eta adiskidetasunez bizkarrean eskualdi konplize bat eman niola oroitzen naiz oraindik..

 

Xubiltz