05 Telesforo-Oroitzirriak

Telesforo

 

 

 

1967ean Baionako katedralean gose greba bat egin zuten eta Telesforo Monzon jaunak bertan parte hartu zuen.Euskal errefuxiatuen aldeko mugimendu hark arrakasta haundia ukan zuen eta goselari gazteen artean adineko bakarrak Telesforo eta Marc Legasse ziren.Azken honen inguruan ,ixtorio bitxi bat sortu zen elizdorrera igo baitzen eta egun horietaz biziki ongi oroitzen naiz,nahiz eta hamalau urte ukan.

Telesforo nere familiaren oso laguna zen, Donibane Lohizuneko gerla denborako multxo horietakoa ere ,Durañona-Larrañagatarrekin batera,Iralatarrak,Epalzatarrak,eta nereak Laskibartarrak.

Denbora batez denak EAJkoak ziren, ANVrekin batera orduan besterik ez baitzegoen ,bainan ETA erakunde berria sortu zenean eta lehenbiziko errefuxiatuak Iparraldera agertu zirenean,Telesforo PNVtik urrundu eta mugimendu berri hortara hurbildu zen.

Batzuek ez zioten barkatu,besteek,eta batez ere betiko Donibaneko Klan horretakoak,nahiz eta politikoki lagunak ez izan,Telesforo errespetatzen zuten eta inoiz ez zioten agurrik ukatu .Noizean behin ere beregana etortzen ziren fabore batzuk eskatzera.

« Anai artea  »sortu zelarik ,Telesforo lan horri lotu zitzaion buru belarri,Arregui,Larzabal eta beste zonbait abertzalerekin.

Ni gazte gazte nintzen gose greba hori egin zenean ,hamalau urte edo ,eta Baionako St Bernard eskolako barnetegian nengoen.Telesforo eta errefuxiatuak Jainko txiki batzuk bezala nituen eta nahiz eta,familiarengatik EGI erakundetik hurbil egon,aski argi zagerien gazte mugimendu berri hark lilluratzen ninduela.

Orduko Euskal Herrian, kultur talde berriak muntatzen hasi ziren,frankismoaren aurkako mugimenduak muskiltzen ari ziren ere, « Ez dok amairu »ren lehen urratsak doinu berriez euskal jendea lilluratzen hasiak ziren ere…..

Nik bihotza pilpilean neukan,abertzaletasuna pupurian baitnuen eta gose greba horren inpaktoak sakonki hunkitu ninduen.

Barnetegi gogor batean ginauden,larderia nagusi.

Aski bihurria nintzen eta maiz larunbata eta igandeetan zigorturik nengoen eskolatik ezin ateraz eta etxera ezin itzuliz.Ai zer negar saminak ez nituen egiten zigortzen nindutenean!

Bolada hartan beraz, katedraleko okupazioenea zen berri haudiena eta oroitzen naiz nola, etxera itzul nintekenean,nere amatxi maitearekin, gaueko hamaiketan “Radio Paris”aditzen

genuela,itxialdi haren berri ukan genezan.

Astelehenetan,gure eskolako leihoetatik,parez pare zegoen katedrala begiratzen nuen begirada minkor batez,hain hurbil zegoen eta…

Zigorturik nengoen asteburu horietako batean,bapateko ideia bururatu zitzaidan,Telesforo ikustera joan behar nintzela. Nola?Hori nuen arazoa.Eskolatik ihes egitea ez baitzitzaidan inoiz ere gogoan sartu!Ez bainekien zer zen halakorik egitea ere!Bainan hura bururatu zitzaidan eta gogoa gainerasotu zidan.

Arratsaldeko seiak aldera,gure geletan ginauden bitartean,dardarez beterik, etxe ilun hartatik atera nintzen,ttapattan ttapattan,kanpokorduko eremutik ezin emekiago iragan eta bildurrez beterikazkenean eskolatik jalgi.

Zer poza nerea!Ez dakit halako bihotz ximikorik sekulan senditu dudanez!Ikara eta pozaren arteko sendimendu hura oraino gogoan baitaukat.

Karriken artetik eliza nagusiraino ailegatu nintzen eta hartan sartzeko zer eta nola egin ez nekien.Azkenean barneraino iritsi nintzen.Hango eskuinaurreko bazter argitu hartan berehala ikusi nituen eta Telesforo gaixoak izugarrizko pena eman zidan,han lurrean erdi etzanik.Hurbildu nintzaionean segidan ezagutu ninduen eta muxu bat ematera gerturatu nintzaion.Ea zer ari nintzen tenore hartan , bakarrik, Baionan galdegin zidala oroitzen naiz.

Barnetegitik ihes egin nuela aitortu nionean irri goxo bat ezpain artetik atera zitzaion eta solasetan hasi ginen.Elkakarrekin zer esan genuen ez dakit bainan nere begiak bere buru makurrera joaten zitaizkidan,ohaburukorik ez zeukala ohartu bainintzen.Nola egon zitekeen holako adineko gizon bat burdirik gabe?Deus erran gabe handik lasterka lekutu nintzen eta ahal bezain fite eskolaratu nintzen kale ilun bezain huts haietatik,kasu haundia emanez, ea inorrek ikusten ninduenez .Barnetegian berriro sartu eta nere oheko burdia eskuratu nuen bezain laster handik axeri baten trebeziaz berriz ere atera egin nintzen.

Karriketan gurutzatzen nuen jendeek bitxiki begiratzen zidaten bainan ni,harro-harro ohaburukoa eskutan,nere bidea jarraitzen nuen urrats bipil baten neurrian.

Katedralean sartu nintzenean,Telesforo beste batzurekin hitz egiten ari zela ikusi nuen eta,ahalkez beterik bazter batean gelditu nintzen,burdiaren gainean belauniko,otoitz egiten banu bezala.Azkenean bakarrik gelditu zenean burditik altxatu eta hurbildu nintzaion.

-Telesforo tori!-esan nionean hunkiturik zegoela ohartu nintzen,are gehiago eskolara nere ohaburukoaren bila joan nintzela aitortu nionean.Berehala lepoaren atzean ezarri zuen eta eskerrak eman zizkidan.Nik ere atsedena hartu nuen.Hola bai egon zitekeela,behar den bezala,eta ez hastapenean ikusi nuen bezala.

Berandu egiten ari zitzaidala eta,lasterka eskolara abiatu nintzen eta nere gelan sartu.Berehala afaltzera deitu gintuzten.Inori ez nion hura kondatu,ez lagunei,ez amatxiri ere.

 

Behin,hilabete batzuren buruan,Telesforok nere amatxi Donibane Lohizuneko karriketan aurkitu zuen egun horietako batean gertatutakoak kontatu zizkion.Etxera etorri zenean bihotz ximiko bat sortu zion abentura hura ,zergaitik ez nion kontatu galdegin zidan.Zer erantzuna eman nion ez dakit,beharbada eskolatik ihes egin nuela aitorgabea neukalako,ez dakit.Gauza bat banekien seguru, gertatutakoa betiko Telesfororen gogoan gelditu zela eta gure arteko harremanetan, egun hartan ikusi nion irritxoa bere ezpainen artean beti agertuko zitzaiola eta nik ere ,betiko ,zizelkaturik gogoan edukiko nuela. Xubiltz.