06 Itziarren semea- Oroitzirriak

                                                                                                               Itziarren semea

 

 

Denbora hartan,Telesforo Monzon ezker abertzalera zeramazkiten lehen urratsak zegizkien,edo azkenak beharbada.Donibane Lohizunen ETAko errefuxiatuak bere etxetik pasatzen ziren,Anai artea elkartea bizi bizirik zegoen eta familiek bere semeen berri jakiteko Mendeberri etxetik iragaiten ziren Telesforok halako guztiak argitzen baitzituen.Hala ere bere ohiko familia politikoarekin harreman sendoetan segitzen zuen,batez ere Mikel Isasi lagunarekin eta maiz Mikelen etxean biltzen ziren.Telesforok « Itziarren semea » kantua idatzi zuen, preso baten ixtorio kontatzen zuena,inoiz lagunen izenik eman ez zuena,denek oraindik gogoan daukaguna eta Euskal Herri guztiak ezagutzen duena.Bainan Euskal herriak ez dakiena da kantuaren lehenbiziko titulua ez zela batere Itziarren semea , Arantxaren semea baizik.Arantxa EAJko Mikel Isasiren emaztearen izena baitzen eta kantua asmatu zuenean titulu horrekin egin zuen,hain adiskideak zirela eta.Bainan politikak bere bidea egin baitzuen eta Telesforo Mikelekin hasarretu egin zenean etxe horretan egiten ziren bilkurei etendura gogor bat eman zitzaion eta horrekin EAJri eta Mikeli lotzen zizkion gauza guztiak ere bai. Nik aski hurbiletik bizi izan nuen azken haserraldi horretan ,Arantxa izena kantuari kenduko ziola oihukatu ziela oroitzen naiz eta hala izan zen.

Geroago eta kantua « Carrere et Ospital »en ahotik atera zenean Itziar izenak Arantxarena hartu zuela ohartu nintzen, Itziar ,kartzelan zegoen ETAkide baten emaztearen izena zelako,iparraldean errefuxiatuta zegoena …bainan beste batzuek ni baino zehatzago bigarren kapitulu hori konda lezakete.

Urte batzuen buruan Peio eta Pantxorekin hizketan ixtorio hori kontatu nien eta ez nintzen harritu ikustea batere ez zezagutela ,haiei emandako kantua Itziarren semea izan baitzen,batere adierazpenik gabe eta kitto.

Ixtorio polita,gogoetan gelditzeko gisan idatzita. Xubiltz