00 "Oroitzirriak" liburuaren aintzin hitza

                                                                      « Oroitzirriak »

 

                                                        Baztaneko lapurtar baten leihotik

 

 

Aintzin hitza

 

 

Oroitzapenak bizi baten lekukoak izaten dira,une onekoak gehienetan,txarrenak gogotik aise ezabatzen baitira.Liburuxka honetan agertzen direnak ixtorio zehatzak dira,behin gertatutakoak eta nolabait nere gogoa markatu dutenak.Ene ustez, « Oroitzirriak » tituluak nahiko ongi erakusten du ixtorioen arteko hari gidaria umorea eta oroitzapenak direla.Gogorapenean zizelkaturik eta irriz gertaturik biko banaezin horretan osaturik daude,gehienak bederen,beste batzuk,

gutxienak,oroitzapenean tinkatutako ixtorio politak bezain bitxiak

baizik ez dira,umore hutsa alde batera utzirik.

Oroitzirriak eta Oroitirriak bi tituluen artean zalantza bizian egon naiz.Niri hastapenetik Oroitzirriak gehiago gustatzen zitzaidan bainan Oroitirriak hitzaren barnean “tirria” agertzeagatik,eta hitz horrek betitik kondatzeko izan dudan gogoa aski ongi erakusteagatik, zalantzan egon naiz, bainan orain, “Aintzin hitza “honen bidez, baztertu dudan hitza aipatzeko aukera eman didatenez,

”Oroitzirriak,Baztaneko lapurtar baten leihotik”hautatu dut.

Ixtorio horiek ahanzpenean geldi ez daitezen azkenean argitaraztera erabaki dut,baita ere lagunek, ezagunek eta kronikatxo horietan agertzen diren guztiek liburua irakurtzean une goxo bat pasa dezaten.Hala uste dut bederen.

Kontatzeko manera ez dut osoki literarioa,nik erabiltzen dudan euskaran idatzita baizik ez da,ixtorioak lagunen arteko afari batean kondatutak izan balira bezela, une berezi bateko ahozko umore batetik jalgitak.

Ixtorio batzuk nere haurtzaro eta gaztaroan bizi izan ditudanak dira,beste batzuk Begiraleak iparraldeko euskal kultur elkartearekin gertatutak eta azkenak parrandan jasotakoak.

Azken bi arlo horietan sartzen diren kronikak ez dira batere gazte denboretakoak,nahiz eta hala iduri .Mende erdi bat gainean daukan haur baten unetakoak baizik ez dira. Azken finean eta berriz ere, haur haundi baten abenturak dira,nereak,gogoan tinkaturik ditudanak, pirata bati biziko itsasoan gertatutako ekaitzak,bataila puntualak,

entzule ta irakurleekin une gozo bat iragaiteko gogoratuak izan direnak.

Kronika horien lerrokatzea zaila egin izan zait ere,kronologia ez

baitzait era egokiarena iduritu,beraz trumilka doazte,irritik seriostasunera pasa zaitezen,gazte denboretakoetatik orain dela gutxikoetara jauzi egin dezazun,azken finean ez aspertzeko moduan irakur ditzazun. Nik ,buruhaundien aintzinean laster egiten duen haur baten sensazioak nere baitan nabari izan ditudala uste dut:

Beldurratik desafiora,harrokeriatik poz handira,kitzikeriatik adiskidantzara...zer ordenean aldiz ez dakit.

Milesker lagundu nautenei,esan nahi dut inori ez.Eskerrik asko idaztera bultzatu nautenei,esan nahi dut inori ez.Milesker aldiz ordenagailuari eta lo ez egiteko gogoari.Eskermila ere irakurriko nautenei, agian ez inorri.

Halere, milesker beroena sendikortasun amari ,sorkuntzari eta irri egiteko gogoari eta agur berezi bat nere amatxori,zoritxarrez hain gazterik hil zitzaidan hari,bere heriotzak horrela eraiki baininduelako, amodio eskasak horrela eraiki nauelako eta bestela beste norbait izanen nintzatekeelako.

 

 

Xubiltz