-Nere ihesa
Eskolako ixtorioak gogoan ditut eta batez ere onak,lagunen artekoak,bainan ere min egin zidatenak,gogotik ezabatu ezin izan ditudanak.
Hamairu urte nituen eta nere iduriko, etxean ez ninduten maite.Gero,nere irakasle lanetan murgildurik egonen nintzenean, jakin nuen hura izan zitekeela nere bihurrikeriaren arrazoina.Trakeskeria haundienak negizkien,ikasgelako zirtziletatik bat nintzaden eta beti zigorturik eskolatik ezin ateraz atxikitzen ninduten.Ez nintzen bakarra noski .Beste hainbeste baziren,barnetegian zeuden adiskideak,etxean ez edukitzeagatik han sartu zituztenak.Bakoitxak bazuen bere ixtorioa,behar bada ez hain latza neretzat,bainan latzarena beti norberari gertatzen zaiona izaten da eta kasu honetan neretzat nerea
.
Urte hartan lagun berri batzuk egin nituen eta egia aitortzeko espanttu batzuk ginen,adin hortan dena badakiten horietakoak,inguruko guziak zozotzat hartzen dituzten horietakoak,interesantea egiten egunak pasatzen dituzten horietakoak.Hamasei urteko « Ado » kaka batzuk,gazte harro batzuk.Ez dut uste nere harrokeria hura berezkoa nuenik,besteen kontaktoan hauntzen bainintzen,haiek nerean zegiten bezala.
Chistian nuen orduko lagun hoberena,Biriatuko ostatu ezagun baten semea , nerekin barnetegian zegoena.Aldrebeskeria guztiak elkarrekin egiten genituen.Gure denbora osoa horretan pentsatzen igarotzen genuen,kurtsoetan zozokeria haundiena nork egin,jangelan zikinkeria haundiena nork agertu,estudioan begiralea nardatzeko ekintza zorrotzena nork azaldu,logeletan debekatuak ziren gauza guziak egitera nor ausartu .
Animaleko biligarroak ginen eta orain ere St Bernardeko eraikina begiratzen dudanean harritzen naiz nola gauez pasatzen ginen logela batetik bestera hamabost metroko teilatu gainetik,bildurrik gabe,zentzurik gabe.Leihotik atera eta metalezko ur isurien gainetik nola gure geletatik besteetara pasatzen ginen debekatuta izateagatik,arauak hausteagatik,deus berezirik egitera ,desafioa sortzera baizik.
Hala ginen,mutiko bakarren arteko barnetegietan maiz gertatzen zen bezala, mendekuaren izenean,bihurriak Han sartu baikintuzten ?Ba tori !Ea gehiago maite ninduzuen !
Aita, bere laneko eginkizunen esklabo zegoen bainan hortaz ez nintzen ohartzen,ez ninduela kasorik egiten baizik.Ama aspalditik hila neuka eta aitaren emazte berria,arrotza,zozoa bezain gaixtoa iduritzen zitzaidan.
Amatxi,bederen nik hala deitzen nuena , Julitxo,nere aitonaren arreba eta nere bataioko amatxi zena,nitaz arduratzen zen bakarra neukan .
Ostegun eguerditan nere lagun guziak etxera itzultzen zirenean,haien bitartez krakada goxoa igortzen zidana,han preso sarturik nengoela nitaz oroitzen zen bakar bakarra.Aitak eta amordeak ez baininduten ateratzen uzten eta Donibane Lohizuneko bakarra nintzen ostegunetan barnetegitik ateratzeko baimenik ez zuena.Zer ostegun tristeak,bakartiak bezain ilunak.Inor ez baitzen eskolan gelditzen,nere lagun minetatik inor eta urrun bizi zirenak baizik,inor ez zen han egoiten.
Gauzak hala zirela eta ,behin,mendeka nendin, ekintza zorrotz bat egin behar nuela bururatu zitzaidan eta Christianek aipatu zuen hura test bat bezala erabili behar nuela pentsatu nuen.
Igande hartan bere burasoek Amotzen etxe bat bazutela gure artera azaldu zuen eta hark « Tilt »egin zidan eta ideia sortu .Biharamuneko astelehen goizean,eskolara joan ordez eta inori ezer aipatu gabe egoitza hartara abiatu behar genuela proposatu nion,zerbait probokatu behar bainuen.Gainera,bere gurasoak kanpoan zirelako Amotzen hiru egun pasatzeko aukera bagenuen eta han gu harrapatzeko arriskurik ez zegoen.Ideia gustatu baitzitzaion etxeko giltza ebatsi zuela.Beste bi lagunei aipatu genien,beste eskola batean zegoen aspaldiko lagun bati eta nere Bilboko lehengusuari, kasualitatez hegoaldeko jaieguna gertatzen zelako eta arazorik gabe hurbiltzen ahal zitzaigulako.
Urduri ginauden, gure helburua txantxetakoa ez baitzen :Eskolatik ihes egin gure gurasoek erreakzio bat ukan dezaten.Maitasun testa.Existenzialismo hutsa.Nere xedea bederen hura zen,Christianerena ere bai,hala uste nuen behintzat,bere aita biziki zorrotza zelako,bainan bera zen bere arazoa neurtzen ahal zuen bakarra..Halere inoiz ez zidan halakorik aipatu.Nerea aldiz garbi zegoen :Maitasun probokazione galanta.
Gure plana eraiki genuen. Ni, beti bezala, Donibaneko lagun baten aitarekin eskolaratu behar nintzen astelehen goiz hartan eta eskolan sartu baino ,Christianen motorrari hurbildu,arinki gaineratu eta biak, inor ohartu gabe,handik lekutu.
Han genbiltzen ,motorra a tope,eskolatik ihes egiten,atzera begiratu gabe,zuzen-zuzen,eskuak pardelez beterik.Zer ateraldi bikaina Honda beltz harena eta zer emozioa handik bi karriketara gelditu ginenean.
Aurrera joan behar ote genuen?Bi pardelak bien artean kokaturik eta zalantza izpirik gabe ,iñastura baten pare handik atera ginen .Lehen mementuko izialdurak gainerasotu baigenituen,eta nehork ez gintuela ikusi oharturik,pozez beterik bidean gindoazen.Oren baten buruan Amotzera ailegatu ginen,etxeko giltzak eskutan,gure ihes-aterbearen atearen aintzinean,hiru eguntako giltzaperatzeko prest.Libro !
Beldurrez eraginik bainan libre !Presorik bainan aske !
Hamasei urteetan sentitzen ahal den askatasun sensazio sakon horretan behingoz murgildurik ginauden eta hartzen genuen arnas bakotxak beste indar berezi bat bazeukan,emozio hatsarena,sakontasunarena.
-« Orain eskolan gure eskasa nabarituko dute, Ducul begirale nagusia gure etxeetara deitzen ariko da,nere gurasoak kolera bizian ezarriko dira »…eta halako pentsamenak buruan genituen eta nahiz eta irriz eta pozik egon ,hori guziak izitzen gintuen.
Sua piztu genuen eta sukaldean arraultze batzuk bazirela ikusirik ,atun lata batekin prestatu genuen.Nere bizi guzian ez dudala halako gauza goxorik jan uste dut .Haien gustua eta neure baitan senditu nuen poza oraindik ere ta berrogei urteren buruan gogoan ditut,atzo gauean hartutako afaria izan balitz bezala.
Etxeko sotoan arno onak atseman genituen.Ostatutik Christianen aitak ekarritakoak.Jada gosalondoko, erdi pizturik ginauden,Bourgogneko ardo beltz haren eraginez.
Eguerdia laster hurbildu zitzaigun eta gure gurasoen jokabideaz irriz mintzatzen ari ginen.Ea polizia gure urratsetan ezarriko zutenez hasi ginen ,irriz bainan izialduraz jositako irriz
Arratsadeko bietan Bilboko nere lehengusua agertu zen,bere berebil zaharrarekin.Gu baino ia bi urte gehiago baitzituen eta gidatzeko baimena ukan orduko bigarren eskuko Seat 600 gris horietako bat erosi zioten.Berebil bat eukitzeak izigarrizko poza sortzen zigun,hark adin zaharragokoak egiten baikintuen ,hemezortzi urtetakoak bederen,eta guretzat hori txantxetakoa ez zen.Laster Roger beste laguna iritsi zen ere.Nork esan behar zuen urte batzuen buruan bere burua ukatu behar zuela heroina hartze sobera baten ondotik.Gaixo Roger Lacaberatz.
Urduritasun guztiak ahantziak geneuzkan eta astelehen hura pozik igaro genuen,asteartea ere bai. Jan,edan,irri,berebilez ibili,oihanak motoz kurritu,errekan arrantzetan sartu,musika aditu,gorputzak dantzan higitu ,libertateak ematen zizkizun gauza gozoen artean bizitu. Bizi !Besterik ez.
Fite osteguna gainera jautsi zitzaigun eta gure gurasoen berririk ez genuen ukan,ezta ere eskolarenak.Ezagutu genuen gauza berri bakarra gauez lorik ez egitea izan genuen,urduritasunean loturik,maindireen arteko bakartasuneko koropilaren artean presorik.
Berriz ere libertatearen presondegian !
Goiz hartan pardelak prestatu eta etxera itzultzeko erabakia hartu genuen,pozaren gainetik ,damua eta izialdura nagusitzen baitzitzaizkigun.
Etxea itxi genuen eta denak Donibane Lohizune aldera abiatu ginen ,Roger ez bertze,bere Baionako etxerantz bere 750 zm3 Kawazaki indartsu hartan gu baino lehen atera baitzen.
Nere lehengusuaren berebilean ginauden Pello eta biok,Christianen motoak jarraitzen gintuelarik. Pellok ea ero nintzenez galdegin zidan,ea zer esango zidan osaba Roberrek orain,ea nere aitari ez nion beldurrik.Berak ongi bazekien baietz,aitaren itxurak izutzen ninduela eta hartuko nuen zanpaldia animalekoa izanen zela,bainan berdin zitzaidan eta gogoan neukan bakarra aitaren hasarraldia nuen,pozez itxoiten nuen hasarraldi izugarria.Nere bildurra handitzen zihoan eta bi egun horietako irriak itzali zitzaizkidan.
Lehen aldikotz eta behingoz nere bizia guzian tinko egin nion nere xedeari eta aitarenak errezibitzeko prest nengoen.Lehen aldikotz ,argiz beterik,hasarre haundi baten zai nengoen,hasarrearen nahi,amodioaren erakuspenaren haiduru.Beste gainerako guztiak berdin zitzaizkidan,irainak,oihuak eta kolpeak nahi eta behar bainituen.
Etxera alegatu nintzenean eguerdia zen eta nere lagunei eskatu nien laguntzea eta nerekin aitaren aurrean azaltzea.Christian zuzen bere etxera joan zen,bere aitaren hasarrearekin aski izango zuela pentsatuz. Pello aldiz nerekin sartu zen.
Bere berebilaren asotsa urrundik nabaritu genuelako,aita lanetik heldu zela igarri genuen.Dardarez egongelan sartu nintzen.Han zegoen,nere amordea ,Pello lehengusua agurtu zuena.Berehala aitaren urratsak senditu nituen,garagetik gora ximista bat bezala zetorrena .Atea ireki zuelarik parez pare ginauden,nik nereak buruan, ikaraturik.
« Kaixo Pello,aspaldikoa nola zira,ongi ?”muxu bana ematen ari zitzaigularik.
Mundua gainera erori zitzaidan, deus gertatu izan balitz bezala bere ilobarekin hitz egiten segitu zuen,nere egoeraz arduratu gabe ere.Ez nekien zer egin.Pozik egon hasarrerik ez jasotzegatik? Triste eta goibel ezer ez esateagatik? Hasarre ez oihukatzeagatik?Penatuta maite ez ninduelako?Bainan bai maite ninduela zirudien,Pellorekin mintzatzen ari zen bitartean behintzat,umore onez eta irriz bait zegoen.Nerekin ere bai.
Harrigarria!
Azkenean handik lekutzea erabaki nuen ,bainan zergaitik ez zidan galderarik egiten?Pello hor zegoelako?Ezer ez zekielako?Garrantzirik ematen ez ziolako?Maite ez ninduelako?Berriz ere galdera pilla horiek burura etortzen zaitzaizkidan.Batere ez nekien eta ez dut inoiz jakin izan nahi ere.Inoiz ez nuen ulertu zergaitik aitak bi egun horien eskusatzeko idatzi bat egin zidan ,deus galdegin gabe,nere egun horietako eskasa bere gain harturik,eri nintzela paper hartan idatziz.Bainan eri ez nengoen? Eta zergaitik ez ziguten hasarrerik eman eskolan?Ez niri ez eta Christiani?Zergaitik ez ote zuten etxera deitu astelehen goiz hartan gure eskasaz abisatzeko?Oraindik ez dakit nola ixtorio hori eraginik gabe pasatu zen?
Trizte nengoen,gero eta tristeagoa, nere testaren emaitzak txarrak izan zirelako.Nehor ez zen urduritu nere eskasarengatik,nehork ere ez
baitzidan deus esan. Aitak ez ninduela maite baldin banekien orain are gehiago.
Nere bizi guzia hala iragan dut,beste emaztearekin ukan zituen seme alabak bihotzez maite zituela ikusten.Adorazionez gozatzen zituen.Ni aldiz…ez dakit,inoiz ez dut jakin,inoiz ez dut jakinen.Hala ere, nere barkamena ukan dezala eta ea badakidan berak baino gehiago nere sendimenduak erakusten,hogoita hamar urteen buruan,
nere aurrean minbiziaz jota hiltzen ikusten nuelarik bigarren aldikotz aita maite nuela bururatu zitzaidan,berak bere erara maite izan ninduen bezala,molde gaitzez beharbada.Lehen aldia nere alaba ikastolatik egunero bere etxera bazkaltzera erematen zuelarik ikusi baitnuen. Goian bego Xubiltz