Elizetan
Joan den larunbatean, abenduaren hogoita bederatzian, Donibaneko lagun bat hil zitzaidan, aspaldiko Ñaño eta urteko azken astelehenean bere ehorzketak izan ziren, benetan hunkigarriak, herrian nahiko maitatuta baitzen saltsa guztietan egoteagatik, eta tanborrada, txaranga, bestak, ospakizunak, omenaldiak eta mota guzietako emanaldiak antolatzeagatik. Elizako azken partean jendearen artean eserita nengoela nere ohiko laguna zen Txomin Laxalt berandu sartzen ikusi nuen, nengoen lekutik berandu iristen ziren guztiak kontrolpean bainituen. Eta gazte denboretako abenturak berriro gogora etorri zitzaizkidan, batez ere, elizarekin lotuta bizi izan genituen ixtorioak.
Hamasei-hamazazpi urte genituen Baionako Largenté serora eskolan ginenean eta gure grina handiena klase denboran eskolatik ateratzea zen. Lehen Oroitzirrian kontatzen nuen bezala Aguer apez-omonierraren etxera genituen ohiko ateraldiak bainan haiek ez ziguten eskolatik piper egiteko aukerarik ematen, eguerditan hara hurbiltzen ez baiginen baizik. Aldiz hark apezak egunero eskuratzen zuen Sud-Ouest egunkaria irakurtzeko parada ematen zigun eta Txomin eta biok barnetegitik ateratzeko asmaketa paregabea aurkitu genuen.
Egunero hamabigarren orrialde hura sakonki leitzen genuen, eskelak ala hil parte guztiak ongi ikertu arte, gehienetan ondoriorik gabe. Zeren bila genbiltzan? Gazte baten heriotzaren bila eta zalu, hil berri gaixo horrek bi lagun berri bazituen, hil ondoan egiten diren lagun mota bereziak, biharamonean haren ehorzketara bortxaz joan behar zutenak. Gure lan handiena haren eta bere familaren izenak ikastea genuen, denak gogoan zehazki hartzen baigenituen, bereziki hilaren izen eta adinak, zendu zen tokia, ehortzi behar zuten eliza eta biok nondik ezagutzen ahal genuen asmatzen genuen egoera, asmaketa horiek serora zuzendariaren aintzinean sineskorrak izan behar baitzuten.
Behin, Angelura joan ginela oroitzen naiz, eta elizaren pareko taberna batean sartu ginela ere, ea gordeleku babestu hartatik norbait ezaguna ikusten genuen. Nahiko iziturik ginauden serora bat ager zitekeela pentsatuz bainan ez, eta gure ausardiaz eta piper egiteko trebeziaz ohiko irriño maltzurra ezpainetan ateratzen zitzaigun.
Beste aldi batez, autobusa harturik Miarritzera joan ginen eta berriro ere arratsalde guztia galdu. Hirugarren aldiz urte berean gauza bera egin nahi genuela eta zuzendariak lagunekin nahiko suerte txarra genuela esan zigun eta galdeketa sakon batean hasi zitzaigun, aurrean zituen bi biligarroak ezin hobekiago ezagutzen baitzituen, eta laster ikusi zuen gure laguna hain adiskidea ez zela eta eskolatik ateratzeko aitzakitzat genuela ixtorio hura. Hasarrerik eman gabe, susmoak frogak ez baitira, baimenik ez zigun eman eta kitto!
Azken kurtsoa, terminalekoa, etxetik urrun egin nuen, Lot et Garonneko Marmande herrian, Tersac gazteluan zegoen eskola pribatuan eta handik ateratzea ez zen hain erreza. Baionan Txominekin asmatua berriro martxan ezarriko nuela gogartu nuen eta behin Josebari, Donibane Lohizuneko nire lagunari, gutun misteriotsu bat astelehenean igor zezan eskatu nion. Zer ote zen hura jakin nahian zebilela, jakinaren gainean ezarri nuen eta nik idatzitako gutunaren sekretua adierazi nion. Horra zer zekarren gutun-azal haren barnean zegoen orri txuri hark: Cher Monsieur directeur, je vous serais gré de bien vouloir donner l’autorisation à mon fils Xabier de quitter l’établissement afin de se rendre aux obsèques de son ami Dominique Laxalt, décédé en accident de moto. Veuillez agréer……(Zuzendari jauna, Dominique Laxalt nere semearen laguna hilketa dela eta, Xabier eskolatik ateratzen utzi ezazu otoi. Milesker…..)
Ehorzketa ostiralean izan behar omen zela finkatu nuen, ostegunetik astelehena arte eskolarik gabe egon nendin, gutuna asteazkenerako iristen balitz bederen, beraz asteartean postarat eman behar zuen. Beti arrisku ttiki bat bazen, postak behar baino gehiago irautea eta gutuna tenorez ez iristea edo bidaltzeko goizegi izatea, astearteetan hildakoak batzutan ostegunetan ehorzten zirelako . Afera nahiko konplikatua bainan egin nuen bakarrean bikain atera zitzaidan eta Donibanera iritsi nintzenean egin nuen lehen gauza Josebari deitzea izan zen, esanez plana ezin hobekiago atera zela. Ongi ulertuko den bezala tranpa hura behin bakarrik egin nuen bainan atera nion zuku zaporetsua oraino gogoan bizirik daukat, hogoita hamabosten urteren buruan.
Berriro urte baten buruan gauza berdina zehazki antolatu genuen, Joseba eta biok, ni Provins-en, etxetik mila kilometrora soldaduskan negoen herri eta urte hartan, bainan hura txantxetakoa ez zen izan etxetik urrun bainengoen eta gutuna tenorez iristeko nahiko zaila izan zen. Jadanik gogoan ez dudan ixtorio hori ezin hobekiago atera zitzaigula oroitzen naiz eta bigarren aldiz hildako Txominek nere orduko presondegitik salbatu ninduela.
Nahiz eta berandu mezetara ailegatu, pozik ohartu nintzen Txomin oraino bizirik zegoela eta abentura horiek oroitzeko parada ematen zidala. Egia da Donibaneko elizan sartzen naizen aldiro oroitzapen ugari datorkidala, txikitan bizitakoak, konfirmazionea eta komunionea egin nituenean, lagunekin zirtzilkeriak egiten genituenean, bortxaz mezara igortzen gintuztenei irain egiteko asmatzen genituen guztiak, hala nola galerietatik behera jendeen gainera liburuak bota, erori izan balira bezala.
Behin Rey izeneko lagun batek egindakoa benetan izutu ninduen, sakrilegio hutsa iduritzen zitzaidalako. Komunionea hartzera hurbildu zenean bere sakelan zeukan lukainka xerratxo bat atera zuen eta irrifarrez ostiarekin batean ahora ereman zuen.... Nik neukan heziketa erlijiosoarengatik hura sinesgaitza iduri zitzaidan, benetan iraingarria.
Halako ixtorioak gogora etortzen zaizkit jakinez orduan zazpi-zortzi urte genituela. Gure kofesionatzeko manera ere nahiko bitxia zen eta Don Txomini aitortzen genizkion pekatuak beti berdinak ziren. Nereak ordena honetan aitortzen nizkion: gezurrak esan ditut, desobeditu dut, hitz potoloak esan ditut eta nere lagunak jo ditut, beti berdinak, beti lerro berean. Ematen zizkigun penitentziak ere beti berdinak ziren eta belauniko otoitz egiten genituen bi agur maria eta gure aita irrien artean egiten genituen, behin edo beste Don Txomin izugarria kofesionaletik atera arte, bere boza ozenez hasarrea emateko.
Ez zen gurekin bakarrik hasarretzen, meza nagusia ematen zuen bitartean berandu iristen ziren jendeei mikrotik oihu egiten zien ere, bere frantses txarrean elizara tenorez ailegatu behar zela oihukatuz. Behin entzun nion galtza motxetan sartu ziren turistei izugarrizko builakada botatzen, mikrotik bere nardakeria guzia adieraziz. Eta bertako elizaren edertasuna ikustera sartu ziren gaixoak buru apalik atera ziren, apez haren ausardia elkarren artean komentatzen.
Oroitzapen beteriko eliza gero eta gehiago gustatzen zait eta ehorzketei esker lehen bizi izan genuen elizbizia berriro gogartzera ekartzen nau, galerietan izaten ziren gizon kantari xelebreak, Joseba, ene lagunaren aita tarteko, beretter lagunek janzten zuten arropa gorria, izentsuaren usain paregabea, eta beste hainbeste...
-