08 Ene kantaldiak

Ene kantaldiak

Nere artista bizian taulen gainetara askotan igo naiz, eta antzerkilaria ez banaiz izan ere, ene fazeta desberdinek jendearen aintzinean egotera maiz ereman naute. Hamasei urteetan jadanik, Largenté eskolan ginelarik aro berezi bat bizi izan genuen, 1970ean izan zen Burgosko auzia eta horrek erakarri zituen ondorio guzia. Orduan « Ez dok hamairu » sortu zen eta Xabier Lete, Lurdes Iriondo, Joxe Angel Irigarai, Mikel Laboa eta Benito Lertxundi kantuak asmatzen hasi ziren eta jendearen aurrean kantatzen. Orduko kantu ezagunenak « Egun da Santi Mamiña », « Eta Poeta », « Zu gazte sentimental » edo « Zenbat gera » izan ziren. Beti gogoan izanen ditut,lehenbiziko kantuetatik aparte, Mikelek argitaratu zuen Bertold Brecht-en olerkiez osaturiko 45 itzuliko diska marroi txiki hura, Burgosko auzi bete-betean, “Denak ala inor ez” izenpean, baita ere eta Lertxundik atera zuen Euskal Herrian izan zen lehen 33 itzuliko LP urdin argi hura, bere aurpegi gaztea zerakutsana. Bertan “Ez kanta beltza”, “Ekaitza”, “Gure bida galduak” eta halako kantu ezagunak.

Nik jadanik gitarra jotzen nuen eta hegoaldean ainitz egoteagatik hango kantariak ongi ezagutzen nituen, Iparraldeko kantagintza egosten ari zelako oraino. Halere, Carrère eta Ospital jadanik kantuz plazaz- plaza hasi ziren eta Manex Pagolaren « Etzian aberatsa » zuten kanta ezagunenatik batto. Ezin ahantzi ere Telesfororen Itziarren semea edo Lepoan hartu edo Batasuna kantu hunkigarriak. Gu gazteak ginen, Ander Barrutia eta Txomin Laxalt baionarrak, Bixente Egiazabal hendaiarra eta laurok lehen eskolierren arteko taldea muntatu genuenean eta hamar bat kantu abestera ausartu ginen, aipatu ditudan horietatik aparte, Lekuonaren « Ez ez dut nahi » eta  Urretxindorrak  taldearen

«  Belardiak kantuz ». Gure lehen emanaldia, 1970eko ekainaren 10ean, Baionako Pax zineman eman genuen, ohiko eskolako bestan, eta oraino eskutartean dudan argazkiak orduko giroa erakuts dezake.

Hamazortzi urte nituenean eta liburu honetan dagerren « Batasuna » izeneko ixtorioan diodan bezala, jadanik kantu ainitz egiten nuen, bai olerkiak idatzirik, baita bertso zaharrak ere, liburuetan harturik. Behin, Donibane Lohizuneko La Pergola zineman, Donibane Lohizuneko ikastolak antolaturiko kantaldian, Xabier Letek, Manex Pagolak eta hirurok parte hartu genuen. Ezin urduriago nengoen eta lehen kantaldi publikoan parte hartzeagatik nere lagun guziak lehen lerroan ezarri ziren. Gazteena eta ezezaguna izateagatik, lehen- lehena pasatu nintzen, oraino gogoan ditudan kantuak abesteko: Telesforok emandako « Batasuna»,« Martin Koxe » eta « Santsin » nik musikaturiko bertso zaharrak eta oroitzen ez naizen beste bat ere. Pentsa, berrogei urte pasa direla ordutik.

Nere lagun guziek lehen lerro guzia hartu zuten eta taula gainetik nahiko ongi ikusten nituen, nahiz eta sala ilun- ilun egon. Kantaldi hura Xanpun bertsolari lagunak aurkeztu zuen eta beti oroituko naiz nola esan nion, otoi, Xabier izenarekin aurkezteko eta ez Abitxu ene betiko izengoitiarekin. Jadanik aintzinetik prestaturik zeukan bertsoa izorratzen niola konturatuz, Abitxu erabiltzea nahiago zuela esan zidan eta hala izan zen. Sekula ez dut taula gainean inoiz hain gaizki pasatu! Kantatzen hasi nintzelarik, sos baten soinua entzun bainuen ene ondoan eta berehala Jon, ene laguna, ni izorratzeko zerbaitetan ari zela ohartu nintzen, eta beste sos bat, eta beste bat eta Jon eta ondoko batzuk irriz lehertzen, beste batzuk, berriz, isilik egon zitezen aholkatzen zietelarik. Zerura begiratzea erabaki nuen eta ene lau kantu haiek Jainkoari botatzen banizkio bezala abestu nituen. Zer lotsa! Sekula ez dut izan halako laster bukatzeko gogoaren sentsaziorik izan, benetan larria. Nik ez dakit txikitandik neronek bera maiz izorratzeagatik mendekua izan zenez, baina sufrimendu egun hura oraino gogoan zizelkaturik daukat.


Geroztik, mila aldiz tauletan egon naiz, batez ere Begiraleak elkartearen jaialdiak aurkezten, baina horrek ez zuen deus ikustekorik ene kantuak jendearen aintzinean botatzen nituen egunekin. Urduri egoteagatik edo, beti sintoma berdinak sentitzen nituen publiko baten aintzinean kantatzen nuenean, bereziki hantxe agertu baino lehen, gertatzen zitzaidana, boza galtzea. Bi aldiz gertatu zitzaidan, bat Donibane Lohizuneko lehen Kantari Egunean, mila bederatziehun eta hirurogeita hamahiruan, hogoi urte nituelarik. Pilotaleku zabalean ospatu zen besta horren aurkezle lanetan ari nintzelarik, kantari ezagun guzien gibeletik bi kantu abestu behar nituen. Ene boza jadanik apaltzen hasi zela nabaritu nuen eta erabat marrantaturik, ene kantu horiei hasiera eman nien, ezin zintzoki bukatuz. Azkenik eta besta bukatzeko kantarazi behar nuen
« Gernikako arbola » mutu baten antzekora bota nuen

Beranduago eta jadanik ene olerki eta kantuak plazaratzen hasi nintzenean, Iñaki Maritxalar adiskidea kitarra-jole lanerako bildu nuen eta elkarrekin kantaldi bat edo beste egin genuen, bereziki Urruñako zineman antolatu zuten Txomin Artolarenaren lehen partea. Hor ere lehen marranta keinuak kanta aintzin sentitu nituen eta zintzur zizta haiek, deus onik ez zitzaidala aterako abisatzen hasi ziren. Zer alukeria! Hainbeste denbora entsaiatzen bozik gabe gelditzeko! Halere zainen azalpena baizik ez zelako izan, baldintza zuzenetan kantatzeko gai izan nintzen.

Beste hainbeste aldiz ere bertsotan aritu izan naiz, bai Begiraleak elkarteak antolaturiko jaialdietan baita Iruñean ere, Rikardo bertsolari lagunarekin batean. Azkena liburuetan idazteko izan da! Lakort, ene Iruñeko ohiko lagun bat maiz igotzen da taula gainetara jendearen aurrean kantatzera, bere gusto handikoa baitu bere errepertorio zabala halaxe zabaltzea. Egun horretan, adiskideok alde zaharreko La Montañesa tabernan abesten zuela jakin genuenean, harat bertaratzea erabaki genuen. Gaueko hameketan antolatuta zegoen eta denak ate ondoan bildu ginenean, Lakort kantuz hasi zen, tangoak, Mikel Laboarenak, hegoamerikarrak, errepublikarrak.... denetarik abestu baitzuen. Bere errezitala bukatu zuenean tabernako jabeak ea zerbait kantatu nahi nuen luzatu zidan, eta nola ez, baietz erantzu nion. Lakorten kitarra hartu eta taula gainera igo. Esan behar dut hango taula jabe berak eginikoa zela, garagardo kaxa batzuen gainean zurezko taula batzuk emanik. Esan gabe doa hura ez zela batere gotorra. Eta kantuz hasi nintzen, euskal kantu ezagun batzuk lehenik, hirurogoigarren hamarkadakoetara laster pasatzeko. « Night in white satin », « San Francisco » eta halako kantu leunekin hasiz, Simon eta Garfunkel-en Missis Robinson eta halakoekin segitzeko. Agian berriki « The best of Rolling Stone » CDa eskuratu nuelako edo, rock kantu mugituari lotu nintzaion, eta Satisfaction eta halako aspaldiko kantuak abesten hasi.
Kitarra joleek erabiltzen ohi duten alki luze batean jarririk bainengoen, ene azpian taula apur bat mugitu zitzaidala somatu nuen, baina sobera erreparatu gabe. Erratzuko bestean behin gertaturikoa gogorat etorri zitzaidan, Aitor Muguruzaren taldea kantatzen ari zelarik, bat-batean nola taula mugitzen hasi eta danba lurrerat erori ziren. Baina hura amets gaizto bat baizik ez zen izan. Eta bat- batean, horra azpiko zurezko taulak ezker eskuin higitzen hasten zaizkidala eta oreka erabat galdurik ene alki luze horretatik lurreraino danba erortzen naizela, bi metro t'erdiko garaietik gutxienez.

Zer gertatu ote zen ez dakit baina garagardo kaxak dantzan hasi zirenean, zurezko zurak banandu zitzaizkidan eta lurrikara baten modura alkia bota eta ni eta Lakorten kitarra berria eskutan ipurdiaren gainean lurreraino jauzi. Denak irriz ari ziren, batez ere lagunak, hartu nuen kolpeaz ez zirelako konturatu, goizeko hirurak baitziren. Ni, aldiz, minez josia, bizkar-hezurra xehatuta eta ipur konkorra erabat minberatua, kitarra ez utzi nahiez. Lakort hurbildu zitzaidalarik ene osasunez ez zen kexatu, bere kitarra baizik ez zuelako buruan eta eskutik harturik altxatzen lagundu zidan, ea kolpetua egon ote zenez. Emeki- emeki mina joan zitzaidan eta nahiz eta bi astez haren ondorioak somatu, osoki sendatu nintzen. Sekula ez dut ahantziko nere azken taulen gaineko emanaldia, berrogoita zortzi urteetan emana, agian azkena. Ez dut uste! Asmatu dudan kantu pila hori nolazpait grabatzeko grina sartu zaidalako eta ahal bada, jendearen aurrean kantatuko ditut berriz ere.

Gaur, pozik nago, Nat Cazarré gitarrista bikaina prest legoke ni laguntzeko eta jadanik 2012eko maiatzaren 25ean Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean olerkien irakurketa eta kantaldia eginen dugu. Horren ondotik, CD bat grabatzeko irtenbidea ireki zaidala iduri du. Ene kantuak gal ez daitezen bide bakarra. Aspaldiko ametsa. Bikain!