39 Caro Baroja eta espainol inperioa- oroitzirriak

Caro Baroja eta español inperioa

 

 

 

“El derrotero de Baroja”,hauxe da Miguel Sanchez Ostiz idazleak Barojaz idatzi duen azken liburua.

Miguelen lagun ona naizenez liburuaren prestakuntza gehienak ezagutu izan ditut eta batez ere Pio Caro Baroja gaztearekin izan dituen harremanak. Pio Caro Barojaren semea, bere aita bezala ,Madrilen bizi da eta noizean behin Beran duten etxera,Itzeara,hurbiltzen da.Azken urte honetan aise gehiago, Miguelek bere osabaz liburu bat prestatzen ari dela eta.Pio gazteak ez dauka batere bere familian izan duten idazteko ahalmen handirik,nahiz eta berak uste idazlea izan daitekela ,bakarrik Pio Baroja haundiaren biloba izateagatik.

Miguel Sanchez Ostiz nere lagun ona azken urte horietan arras nonbratuta izan da ,Espainiko kritikaren lehen saria irabazi duelako eta Nafarroako Vianako Printzea saria jaso duelako ere eta horrek Pio gazteari sekulakoa iduritzen zaio, Miguelen itzala bilakatzeraino.Aitazulo bat egina,ezin berexizkoak.Leku guztietara elkarrekin joateagatik nik ere” Piopio”,nik deitzen nuen bezala, ezagutu nuen.Euskaldunek ongi ulertuko dute bi hitzez adieraziko dudan definizioa:Haundi putza.

Barojatarra izateagatik,Madrilen bizi den Itzeako semea izateagatik, “VTV”(vasco de toda la vida )dela uste du.Hala ere mutiko atsegina da,batez ere Miguelekin dagoenean eta Miguelek dituen lagunak ezagutzen dituenean.

Urte bat baino gehiago elkarrekin pasa genuen,batez ere Baztanen bainan noizean behin ere Donibane Lohizunen,elkarrekin afaltzen, hitz egiten ,gehienetan solas bizietan, bere “euskal”izaitez eta euskal abertzaletasunez.Nik ez nion ezer barkatzen,nere emazteak eta bere ahizpak ere ez.

Bere orduko Lurdes emaztegaia ere bizpahiru aldiz ezagutu nuen.Lurdes Donostiarra zen,euskalduna,Piopiok maite zuen jende horietako jatorri ezagunekoa,Churruca eta Areilza familikoen alaba.

Azkenean Miguelek liburua bukatu zuelarik , Donostiako liburutegiko areto berrian aurkezpena egin behar zuela eta,bertan egotera eta hitzaldia aditzera gomitatu ninduen.

“El derrotero de Baroja”-ren aurkezlearen ondoan Pio Caro Baroja,aita,eta argitaletxeko arduraduna zeuden,han leize iluna haren punta argitxu hartan.Entzuleen artean zegoen Lurdesi agurtzeko pott bat eman nion eta beste ezagunen artean eseri nintzen.Miguelek esandakoak arras interesgarriak izan ziren, Pio Carok kontatutakoak ere bai,batez ere bere buruari ematen zion garrantzia,berari eta bere leinuari.

Txaloen artean hitzaldia bukatu zen eta pareko taberna batera aperitibo bat hartzera hurbildu ginen,Barojatarrak,haien hurbilekoak,argitaletxekoak eta Miguelek gomitatu zituenak.Piopio semea eta Lurdes gure artean zeuden eta hitz erdi batez eta xuxurlaz ,lehen aldiko bere andregaia egun hartan aitari aurkeztu ziola aitortu zigun.

Irri batzuen ondotik, handik guretako batzuk jatetxe dotore batera abiatu ginen eta mahai luze hartan Miguelen aldamenean eseri nintzen,bere lagun guzien inguruan. Han ezagutu nituen Andu Lertxundi idazlea,Olariaga ,Zakilixuten marrazkilaria,Javier Mina margolaria eta orai ahantzi ditudan Miguelen beste lagunak,Txito Galbete tarteko.

Ederki bazkaldu ginuen,plater eta ardo hoberenetarik.

Azkenburukoak bururatu genituenean,Pio Caro aitak hitza hartu zuen Miguelen eleberriaz hitz egiteko eta niri, berez zirikatzailea,ez dakit zergaitik,agian jende dotore hori izorratzegatik,bere errainagaiaren berri zerbait galdegiteko gogoa sortu zitzaidan.Hizlariak bere ele guztiak bururatu zituenean Migueli aipamen berezi hori egiteko baimena eskatu nionean,”ni se te ocurra” –“ez ezazula egin”erantzuna eman zidan,isilik egoteko agindua eman balit bezala.

Nik ez dakit zergaitik halako gogoeta harkorrik sartu zitzaidan,beharbada urte luze batez Piopiori jasan behar izan nizkion guziengatik,behar bada ere haundiputzeri guzti horiek sakonki nardatzeagatik,seguru ere hainbeste euskal jatorri haundien arteko VTV,(de Vera de toda la vida), haiek izorratzeagatik hain zuzen.

Berriro Migueli baimena eskatu nion eta jaso nuen ezezkoak isildu ninduen.Pio Carok,zutik eta harro harro, bere matraka berriz ere hasi zuen.Bukatu zuenean Migueli berriz ere gauza bera galdegin nion eta “orain bai”erantzun libragarria eman zidanean ,txanpan kopa eskutan hartu,espantu baten pare altxatu eta erdera hutsean hauxe esan nuen:”Momentu solemne hau baliatu nahi nuke Baroja jaunari bere semearen emaztegaia zer iduritu zaion galdegiteko” Txin. Bat-bateko isiltasun haren erdian Pio Caro,benetan hunkiturik bere kopa eskutan harturik, altxatu zen eta ospetsuki hauxe erantzun zuen:

“-Hoy mi hijo me ha presentado a su novia Lurdes y estoy feliz porque esta chica aparte de ser una persona encantadora es de una familia de gran renombre : los Churruca.

-“Gaur nere semeak bere andregaia aurkeztu dit eta pozik nago neska atsegina delako bainan ere familia ospetsu batetik heldu delako”.......eta Churrucak gerla zibilaren ondotik egindakoak kondatzen hasi,gerlan nola tankeekin atera zen Francoren laguntzeko, jendakia zeukan Areilza ministroaren ekintzez eta haien eraginez ere aritu zen eta halako...eta bukatzeko..”y ademas estoy orgulloso porque esto es la seguridad de que vaya a perdurar el imperio español”.-“Eta gainera ezin harroago nago jakinez honekin inperio espainolak tinko iraungo duela.”

Denok harriturik ginauden, nere parean zeuden Andu eta Mikelen aurpegiak ikustekoak ziren,Miguelenaz zer esan,ni nere ausardiaren emaitzaz harro harro.

Belarrira Miguelek ederra muntatu nuela esan zidan.Hitzaldiari batzuek txaloka erantzun zioten,gehienek mututurik gelditu ziren.

Kafearen ordua iritsi zen eta jatetxetik atera baino lehenagoko solasak español inperio horretaz izan ziren.Pio Caro berak esandako astokeriaz ez dakit ohartu zenik, Donostian zegoela konturatzen zenik ez baitzuen iduri,bere ohiko girotaz aparte, Miguelen lagunen artean zegoela eta Madrileko bere betiko mundutik urrun.

Bazkaria bukatu zenean denak elkar agurtu ginen eta Lurdesi muxu bat ematea tokatu zitzaidanean belarrira xuxurlatu zidan:-”esta te la guardo”,sekulan ez zuela bazkari horretan nik egindakoa ahantziko.

Handik lekutu ginen Javier Minaren etxera joateko eta hortik Miguelekin Baztanerantz.Laster Lurdes eta Piopioren harremana bukatu zela jakin nuenean zerbaiterako ez nengoenez nere buruari galdegin nion,bainan ez,hala esan zidaten bederen.Geroztik Piopio ez dut gehiago ikusi,Lurdes oraindik gutxiago,Londonen bizi omen da,denen mesederako.Miguelekin Piopiok zeukan aitazulokeria laster moztu zuen.

Urteak pasa ziren eta etzi, Miguel Sanchez Ostizek Barojaren “Miserias de la guerra”argitaratu gabeko eleberria ezagutaraztera doala eta,oroitzapen guzti horiek burura heldu zaizkit.

 

Xubiltz