Prosa

71 Mikel Saindua-ipuina- Gure herria liburuan

Mikel saindua

 

Gau hura urteko lorik gabeko gau bakarra zen eta herriko etxe guztietan urduritasuna zen nagusi. Ume guztiak oheratzen zirenean biharamoneko ospakizuna gogoan zeukaten, igande hartan ospatzen zen Mikel Txiki sainduaren eguna, musika eta txistuaren omenaldi handia. Orain mende ainitz gertatutako gertaerak urtero festekatzen ziren eta herriko patroi handiaren ohorez jaietako egun nagusia ospatzen zen. Nondik zetorren ohitura hori inork garbi ez zekien aldiz plazaren erdian zegoen haritza adoratzen zela bai, jaia txorien txistuekin loturik zegoela ere bai eta Mikel txikia izan zela orduko izarra ere bai. Gau hartan umeek zegiten ametsetan lehengo gertaerak denei agertzen zitzaien eta burutxo gehienetan ixtorio berdina zagerien bainan hura ametsetako gauza bat baizik ez zen.

Iker ditzagun beraz herriko ume horien ametsak eta orduan gertatutakoak jakin ditzagun:

 

Igandero, herri txiki haren plaza hartan, haurreria guztia irria ezpainetan biltzen zen. Etxe guztietan goizeko bederatzietako amatxo guztiek haien seme-alabatxoak esnatzen zituzten, nork bere izena abots eztiez ahoskatuz, nork maitasun beteriko fereka atsegingarriz musukatuz, nork berezko ustegabeko oihu bortitz batez iratzarriz, nork, gelako atean danbaka kolpe batez, bakoitxak beren seme-alaben aldeko amodioa bere gisara erakutsiz . Maitasunaren neurria azaldu baino, hein desberdin horiek amatxo horien nortasuna edo momentuko sentimendua zerakusan, izan zedin lasai bezain gozoa edo nekatuta bezain nardatuta.Ume guztiek haien amatxo sakonki ezagutzen zutelako maitasun begiez edozein esnabidea onartzen zuten eta muxu ezti bat emanez ohetik jeikitzen ziren egun txoragarri bat pasatuko zutela jakinez.

Denak ordu berean gosaltzen hasten ziren, batzuek txokolatesnea bixkotxekin, besteek kafesnea ogi, gurin eta erreximentarekin, gutxienek esne hutsa, laranja zumoa ezti tanta batzukin.Igandeetan janzten zituzten jantziak beste egunetan baino dotoreagoak ziren, nahiz eta ator txuri eta ttettarrik ez eraman.

Hamart’erditako denak etxetik ateratzen ziren, nor aitamen eskutik, nor anai-arreben korriken atzetik, nor salto eta jauzika neguko hotzetik ihes egiteko moduan.Azaroko egun haietan inguruak ihintzez estalirik zeuden, ihintza txuri bezain dirdiratsu atsegingarriz.Igandea egun berezia zen eta belaietan zeuden txorimaloak familiak haien txapel zabalez agurtzen zituzten, eskolako bidea beste egunetan hartzen zutelarik egiten ez zutena. Herriko plazara iristeko behar zituzten hamar minutuak ahal bezain laster korritzen zituzten, ama guztien desitxaropenez, umeek zeukaten ibiltzeko neurkada segiezina baitzen. Harrizko lauki luze zabal haren lau bideetatik builaka agertzen zirenean, jadanik iritsi ziren beste laguntxoak agurtzeko poza zeukaten eta oihuz oihuz denak ohiko jostaleku haren erdian irriz beterik elkartzen ziren, astean zehar egunero elkarrekin zeudela ahantzirik.

Egun hartan plaza bazterrean zeuden zuhaitzak txoririk gabe zeuden eta haurren builakadei ohiko txistuek airerik ez zieten ematen, inguruetan isiltasuna nagusi. Irrifarrez egon arren denek eskas horretaz konturatu ziren eta bat besteari begira harridurez beterik egon ziren, gurasoak mezetara lerroka elizan sartzen ziren bitartean, herrixka haren ohitura bitxi baten arauak jarraituz, umeak meza denboran kanpoan jolasten uzteak plazari beste inon ez zegoen halako bereztasunik ematen zion. Askatasun une horretan bi aukera irekitzen zitzaizkien, bat ume guziei berez ateratzen zaien bihurrikeritan aritzea, joko tradizionaletan aritzea edo biak bat eginez, zirtzilkeriz beteriko zentzudun ekintzetan aritzea.

 

Txisturik gabeko zuhaitzek txikitxoen begiradak iltzatzen zituzten bitartean isiltasun haren arrazoina ikertu behar zutela erabaki zuten.Batek, hotzaren eraginez txoriak ez zirela atera zioen, besteek bideko txorimaloek haien eginbidea bete zutela, beste azkenek oraindik goizegi izan zitekeela bainan inork ez zioten kasu gehiegirik eman, eguraldi ederra baitzurbilen eta txoriak falta arren, ohiko bele kroakariak hor egon behar zuketeen. Mikel,haurren arteko txikienak erraldoiaren ixtoria berriro plazaratu zuen, beste batzuen onarpenez, ume gehienen jakin gosez. Denak konbenzitzeko denbora gutxi behar izan zuen eta guztiak lerroka, mezetara abiatzen balira bezala, ondoko oihanerantz abiatu ziren, eskas zeukaten txorien txistuak ezpainetan.Mikelek txioen eskasa zuzena ez zela ongi adierazi zien, bereziki halako gauzetan kasu asko ematen ez zutenei eta haren iturria jakin behar zutela esan zien.

Aspalditik erraldoi haren egoitza herrian aipatzen zen, oihan gaineko mendian zirekien leizezuloan bizitoki zeukala zioten ere.Goraino joatea inor ez ausartu arren, behin baino gehiagotan baso barruan ikusi omen zuten, bere urrats pisuez, bere gorputz astunaz eta bere beso luzeez. Batzuek gizon gaizto horren berri bazeukaten, behin baino gehiagotan etxeetan erraildoiaren mehatxua egin zietelako, gaizki portatzen zirenean edo jaten ez zutenean, beste batzuk aldiz ezaguna zeukaten, batez ere euskal ohiturak ezezagunak zituztena

Mikeltxok, haurren arteko eramaileak egungo plana beste guziei adierazi zien, egoera ahal bezain ongi esplikatuz, bereziki mugimendua segitzea baizik egiten ez zutenei.

-“Gaur txoriak eskas ditugu atzo gizandia jetsi zelako eta dena jan zituelako gu doinu alairik gabe uzteko asmotan, beraz zerbait egin dezagun halako gauzarik gehiago gerta ez dadin. Erraldoia herriratzen den aldiro txori guztiak eskuka adar gainetatik ahoratzen dituela badakizue eta herria txisturik gabe uzten dituela ere bai.Irakats diezaiogun gurekin ez jokatzea!”

Ume guztiak jakin gosez beterik Mikel txikiaren begira zeuden.

“-Zuek txistua ozenki joko duzue, ezpainen artetik ahal bezain gogorki jalgirik-“esan zion ezkerreko taldeari.

“-Zuek aldiz adar batekin enborren gainean joko duzue, danbor handi bat zanpatzen bazinute bezala”-eskuineko taldeari.

“- Beste guztiak, ostoak higituko dituzue ea bere gaineko egoitza hartatik oihan barneko bizia somatzen duen eta jestarazten dugun”

Ume guztiek bazekiten orain txorien eskasaren arrazoina, atzo erraldoiak bere izugarrizko pausu astunez basoratu eta herriratu zen bere gosea asetzeko asmotan.

Haritz baten zulo zahar batetik txoritxo baten mokoa agertu zitzaien, isil-isilik, izialduraz josirik:”-Aizue txikiak, atzo gauean erraldoia nola jetsi zen nik ikusi nuen eta nola nere laguntxo guztiak jan zituen ere, adar gainetatik eskukada betez txoritxoak harturik eta

kolpe batez ahoraturik. Segur oraintxe leizean erdi lo dagoela bere betekada pasarazten ,bainan kontuz ibili mesedez-“ esan zien bere burutxoa berriro zuloan sarturik.

Beste txantxangorri ausart baten abotsa entzun zutenean txori bat baino gehiago basoan bizirik bazegoela jakin zuten, denak gorderik, denak ikaraz beterik izkutaturik:

”-Bai basoan gogorki sartu zen, zuhaitz txikiak osoki zapaltzen eta aurpegian zafla ematen zioten osto adarrak kolpe batez irensten, eskutan txoriak estuki bizirik hartzen zituen eta iresten. Bere asmoa gosea asetzea ez zela ohartu nintzen, txistu ederrak isilaraztea baizik.Jakin ezazue lehen aldia ez dela, behin baino gehiagotan halakoak egiten ikusi baitut bainan otoi, zerbait egin ezazue laguntxoak.”-

Haurrak harriturik zeuden nahiz eta jakin behin baino gehiagotan halako sarraskia gertatu izan zela eta erraldoiak herria doinu alairik gabe gelditzea zeukala griña handiena.Zergaitik ote zeukan halako obsesiorik? Txistua belarriko mina egiten ziolako edo musikak nardatzen zuelako edo ohiko gaiztokeri hutsez dena jatera oihanera jesten zelako?

-“Gurasoak mezetatik atera baino lehen.ordu osoa daukagu, beraz lehenbailehen gure eginbeharrak egin ditzagun” -esan zuen Mikeltxok.

Une batez ume guztiak pentsaketetan jarri ziren, nork atso zaharren ixtoriotzat hartzen zuen ipuina egiazkoa zela oharturik, nork gurasoen mehatsutzat asmaturiko kontua errealitatez beterik zegoela ikusirik, nork taldeak ematen duen indarra baliatu behar zela pentsaturik , behingoan herria txistu alaiez betiko pozik egon zedin.Denek bat egin zuten eta komando bitxi hark gorputza hartu zuen.Militarren aparteko taldea osatu zuten, han larderirik ez baitzegoen, ez eta inposaketarik, are gutxiago orden handirik.Bakoitxak berea egin behar zuen bere baitan sentitzen zuelako, inolaz ez norbaiten aginduan egoteagatik.

Ume guztiek beren tokia hartu zuten eta Mikelek zimista batek jo zuen enbor kiskali bat han urrunean ikusi zuen.Gero eta hurbilago egonez izkutaleku hauta bat izan zitekeela gogartu zuen eta ezer gehiago esan gabe zulo beltz hartan sartu zen, adarrak besotzat harturik, begiak ontza baten pare borobildurik, gertatzen zen guztiaren buru belarri.Garrantzitsuarena dei emaileek haien lana ongi betetzea zen eta ostoz beteriko ardaxkak ozenki mugitzea denek jakin dezaten erraldoia esnatu zela eta leizetik ateratzeko gertu zegoela.Denek seinale horren zain zeuden eta ostoak eta ardaxkak mugitzen hasi zirenean, bat-batean haizea goratu zen, iparraize gogorra, bere indarrez umeei helburua lortzea lagundu zituena.Han altxatu zen soinua izugarria zen eta ufaka zegoen haizeak zeru lurreko bazter guatuiak ikaratzeko egina zegoen.

Erraldoia bere lo egonaldi luze hartan begiak ireki zituen eta berehala hostoen soinua entzun zuen. Nola zitekeen atzoko erasoaren ondotik basoan bizirik egotea? Nondik debru ateratzen ote ziren soinu iraingarri horiek? Leizetik atera zenean eta begietatik bere esku zabalez makarrak kendurik, beheko aldera soaldi luze bat bota zuen, umetxoak bere begira zeudela jakin gabe.Ostoen hotsak oihanena norbait bizirik zegoela adierazi zion bainan nor ote zitekeen aldiz ez zekien, beretzat txori bizirik ez baitzen gelditzen.

Indarrez beterik eta beherantz zetorren bidexkari kasurik egin gabe,zelaietako hesiak kolpe batez bota zituen, iratze guztiak zapaltzen zituelarik.Argiak begietan min egin arren, eta bidea gogoz ezagutzeagatik begiak itxi zituen, itsu baten antzera aurrera joanik.Oihanean sartu zenean bere burua haritz eta pago garaien gailurreraino iristen zen eta eskuekin zuhaitz guztiak dinlindan ezartzen zituen, osoek begietan sartu eta min egin baino lehen.

Han urrunean erraldoia ikusi zuenean Mikelek txistu egin zuen, lagun guztiek enbor danborra jotzen zuten bitartean. Erraldoi gaiztoa geldi geldirik geratu zen ea zer txori ausarta txistuka egon zitekeen bera oihanean egonik? Nardaturik eta ezer ezin aurkiturik berriz ere txistuprobokatzailea entzun zuen.

Erdi itsurik,soinu galdu haren bila abiatu zen, bizigai izan zitezkeen beste guztiak bazterturik.Haritz ausart hari hurbildu zitzaionean erre zulo beltz bat bzela konturatu zen eta zuhaitz hil batean bizirik ez zitekeela izan pentsatu zuen. Halere zulo barnean begiratzen saiatu zenean txikitxoek higitu zuten adar ostotsu bat begian sartu zitzaion eta gizandiak berehala gorputza berriro altxatu zuen, bere esku zabalekin begian zeukan hazka kendu nahirik.Bainan berriro txistua hain hurbil entzun zuenean, bere burua apaldurik, zulo erre hura ikertzea erabaki zuen, debaldetan, inon ez zuelako aurkitu, ez zuhaitzaren sabelaren barnean ezta ere adar eta ardaxken gainean.Zer mixterio?

Gora, behera, barnera, esker eta eskuinera so eginez,zuhaitzaren iguruan jautsika, biraka, itzulika, ibilki, lasterka...nondik zetorren bada soinu madarikatu hura?

Asperturik eta osoki eroturik, bere indar guztiez arbola errotik atera zuen eta lurrera jaurtiki bainan txistuak jarraitzen zuen, gure gizandia erabat zoraturik utzirik.Mikeltxo zutitu zenean bere lagun guztiak txaloka hasi ziren, nor ostoak ozenki mugitzen, nor makilez enbor gainetan jotzen. Erraldoia zorabiaturik zegoen et Mikelen lehenbiziko urratsak segitu zituen, gogoa erabat galdu izan balu bezala. Mikeltxoren txistua gero eta alaiagoa zen eta bere lagun guztiak txistuka hasi ziren ere. Adimena galdurik erraldoia txistuaren atzetik dantzan zebilen eta herriko plazaraino ibilaldi ergel horretan ailegatu zen.Hain beste txistu entzunez, mezatik ateratzen ziren guraso guztiak irrifarrez hasi ziren, haien harridura ezin izkutaturik. Ume guztien artean erraldoia bultzatu zuten eta lurrera bota.

Mezondotik elizatik ateratzen zen apaizak gurutze bat bihotzean iltzatu behar zitzaiola oihukatu zuen eta berehala tripa ireki behar zitzaiola ere bainan Mikelek, bere enbor barnetik jalgirik , astokeri basetako unea ez zela buila egin zion hasarre eta hemen lortu behar zen bakarra txorien itzultzea zela, beraz apaizaren pretentsio salbaiak bertan bera gelditu zituen. Alaitasuna itzul zedin, zuhaitzaren zulo erre handiaren parean beste zulo bat behar zela pentsatzen egon zen zerurantz begira eta bat-batean goiko zeru gardena lainotzen hasi zen eta erabat goibeldu zen. Hedoien artean andre eder baten itxura agertu zen, azken eguzkiaren izpiez argituriko ile luze apaindutako emazte ederra, bere irri alaiez umeak hainbeste maite zituen emazte baten irudia. Gainean zeukan soineko txuriak denen begiraden dirdirak helatu zituen, zeruan inoiz ez den ikusi kolorez gartsuez.Bere inguruan hedoiak beltz-beltzak bihurtu ziren eta hegaldan zegoen andrearen itxura paregabekoa zitzaien. Gurasoak ere lilluraturik zeuden, begiak borobildurik, geldi geldirik, elizatean harriturik.Denek Mari zela pentsatu zuten, txikitik zaharrei aditu zioten emazte haren itxura, hainbeste ipuinetan agertu izan zitzaien irudikaturiko andre ederra, ibarreko inguru eta bazter guztietan sinistu izan zuten jeinuaren irudia. Apaiza aldiz ezin serioago zegoen, bere meza liburua eskutan, bere begi aintzinean zeukana ezin sinetsiz. Herritarrei zenbat aldiz ez ote zien esan halako zozokerietan ez sinestea eta euskal jeinu horiek lehengo denboretakoak zirela, Jesusen lehenagoko aro zaharrekoak eta mundu honetan Jainko bat baizik ez zela, Jaungoiko Jainkoa. Bere inguruan zituen gizon emazteak bitxiki begiratzen zien, zerbaitetaz damutzen balitz bezala bainan bere buruan baizik ez zegoen zeruan oraintxe zagerien idrudia jainko batena zela, gehienek hori gogoan ez zeukatelako eta ikusten zuten guztiari adierazpen zentzudunik ez zietelako ematen. Meteologiaren aldiberetasuna edo mirari bat izan zitekeen edo xinpleki alaitasunaren itxura, umeei musika eta txistua itzultzeko agertu zen gizaki lainotsua.

Gain gainetik, eta kolpe arin batez, etzanik zegoen erraldoiaren sabeleraino zimista argitsu bezain azkar bat bidali zuen,egur goroldiotsuan zulo ketsu bat sorturik. Denak zerbaiten zain zeuden, mirakuilu baten antzeko zerbaiten zain eta izugarrizko trumoiaren eztanda entzun zenean, txioak entzuten hasi ziren gero eta ozenago, ehunka, milaka eta bat-batean

sabel zulatu hartatik atera zen txolarre alaiak bazterrak berriro irriz bete zituen. Hegalda lasterretan zebiltzaten txoriak jira bira txorabiaturitan zihoazen, haien hegal egiteko ahalmena berriro berreskuratzen ari ziren bezala. Plaza inguruko zuhaitzak ohiko txoriez hornitu ziren, ondoko oihaneko arbola guztiak berriro kantuz hasi ziren, eliz dorreko zagita txori moltzoez estali zen eta inork uste izan gabe gure herria betiko alai bihurtu zen.Han zeuden guztiak berriro txaloka hasi ziren eta haien ezpainetan zagerien irrifarra luzarakoa izan zen. Denak irriz, apaiza izan ezik. Jakin ezazue zer zeukan buruan, bere elizkideen artean modu horretan xelebretuta egon ondotik.

 

Mikelen zuhaitza plazaren erdian landatu zuten eta erraldoi gaiztoa enbor errearen zulo beltz hartan sartu zuten. Zerua atertzen hasi zen eta desagertu baino lehen Marik zuhaitzari erre baino lehenagoko itxura eman zion, zimistak jo aintzin zeukan itxura zahar bezain ederra. Haritz hura betiko plazaren erdian egon zen, txorien kabi guztiak bere adarretan babesten. Herritar guztiek izugarrizko benerazioa zioten, Mari ongilearen emaitza zelako, alaitasuna herrira itzuli zelako eta Mikeltxori esker txoriak haien toki naturalera berriz ere etorri zirelako.

 

 

 

 

 

 

Gertaera hoietatik hainbeste mende iragan zen jende guztiak benetan gertatu zena ahantzi zuela eta urtez urte egia gero eta apainduagoa zagerien. Hala eta guztiz ere zuhaitza plazaren erdian irauten zuen eta Mikel txiki sainduaren egunean jendea trumilka zurbilen, herrixka hartan txistu eta doinuaren eguna bilakatu baitzen. Elizak egun berezi hori bereganatu zuen eta besta eguna bihurtu zuen .Goizeko hamarretako meza nagusiak hasiera ematen zion, ohidura zahar batek igande horretan gurasoak mezetara sartzen ziren bitartean, haurrak plazan jostatzen uzten zituela erabat ahantziz. Bainan hori ez zen garrantzitsuarena, txorien txioak bizi bizirik zeudela baizik eta behin, haritz sakratu hori musikaren ohorez landatu zutela, elizako kantuen ohorez batzuentzat, euskal musika herrikoiarenez beste batzuentzat, musika naturalaren oroimenez beste azkenentzat. Inork ez zekien zoin zen egiazko arrazoina bainan musikarekin lotuta zegoela bai. Musika egun horretan hainbeste ospakizun bazen inork ez zezakeela esan zoin zen une nagusia, denek garrantzi handia baitzuten.Agian ospakizun nagusia goizean plazan egiten zena izan zitekeen, Mikel Sainduaren egun horretan herriko haurrak plaza erdiko zuhaitzaren inguruan elkartzen zirenean eta denak “ Txoria txori” deitutako aire bat txistukatzen zutenean, gurasoen miresturiko soak lekuko. Apaizarentzat garrantzitsuenak eliza ospakizunak ziren eta batez ere hori baino lehenago eliza barnean abesten zen kantua, lehen erdiko alkitan eserita zeuden ume guztiek, “Goizean argi hastean “ kantu zaharra abesten zutenean, gurasoek azken bi lerroak errepikatzen zituzten bitartean:

 

 

Goizean argi hastean,ene leiho hegian

Txori bat pausatzen da eta goraki hasten kantan

Txori eijerra, hain alegera, entuten haidanean

Ene bihotezko tristura laster duak airean(berriz)

 

Ene txoririk maitena zertaz jin hiz nigana

Iratzarrazi nialarik ametsik eijerrena

Jinik hain gizik uste hiena baniala anitx pena

Ez, ez habil kontsolatzera malerusago dena.(berriz)

 

Danba beterik zegoen elizan aditzen zen oihartzuna hunkigarria zen eta abesti ozen horien otoitza benetan negarra begietara erakartzen zuen. Apaizak bere predikuan Goliat baten ixtorioa kontatzen zuen, kopetaren erdian begi bat baizik ez zuen erraldoi baten ixtorioa, Mikel Txikitxo batek habaila baten bitartez harri bat bota ziona eta erahil zuena. Apaizak gauzak nahasten zituela bertakoei iduritzen zitzaien bainan isil-isilik egoten ziren buruan zeukan saltsa izugarriaren aurrean muturik egon nahiez, maiz halako nahaskeriak egiten baitzituen, hala aita, semea eta izpiritu saindua aipatzen zituenean nola hirutasun famatu hori adierazi nahi zuenean, bainan elizkideek barkatzen zuten, hain aditua ez zela jakinez.

 

Jendea elizatik ateratzen zenean atearen aurrean egoten zen ezkilen din-dan-bolerana entzuten eta hura bukatzen zenean plazaren erdira abiatzen zen, han jadanik bildu zen hainbeste kanpotiarren erdira. Egun hori peregrazione bat bihurtu zen eta Euskal herriko toki guztietatik erromes pila bat bazetorren musikaren egun berezi hori ospatzera.Hamabitan herriko musika bandak “Txoria txori”ren lehenbiziko azpiko re notak jotzen zituen eta denek “- Hegoak ebaki banizkion....- abesten hasten zuten, umeek airea txistukatzen zuten bitartean. Inork ez zekien nondik zetorren kantu hori, nork egina zeukan, non asmatuta zegoen, bazekiten bakarra euskal kantu zaharraren ondarean zegoela eta Mikel Saindua Txikiren egun horretan solemnoki kantatu behar zela.

Kantuaren ondotik prozesio bitxi bat mendiraino egiten zen, gertaera baten ospatzera edo, eta apaizak, elizan zegoen Mikel haurra sainduaren igeltsuzko irudia esku tartean harturik, otoitz eta kantuetan elizatik kanpo abiatzen zen, denak makilak edo ardaxka ostotsuak eskutan zeramatela. Irun eta Hondarribiko alardearen gizon-emazteek oraindik egiten zuten antzeko zerbaiten antzera, denak oihanetik mendira zihoan bidexkatik garai argitsuetan zirekien leizeraino igotzen ziren, kantuz eta musikaz. Leizearen aurrera iristen zirenean apaizak irudi sakratua leizearen paretan zegoen zulo batean uzten zuen, han aintzinean egiten zen bazkari herrikoia presiditzen balu bezela. Herri kantu bazkari erraldoi horretan milaka jende parte hartzen zuen eta inork ez zekien zuzen zergaitik lezearen parean egiten ohi zen, aldiz kantua eta musikarekin lotuta zegoela denen gogoetan zegoen.Mingaina eta babarrunak jatea zen ohitura. Mikel txiki sainduaren irudian irritxo bat ikus zitekeen, garbiki jalgitzen ez zen irritxoa bainan bai ordaintza bat zerakusana. Ordaintza hori jaiarekin lotuta zegoenez inork ez zekien ere ez bainan hala zen eta kitto! Bazkal ondotik ibilaldi saindua berriz herrira abiatzen zen arratsean antolatzen zen dantzaldian gazte guztiek parte har zezaten, zuhaitzaren inguruan egiten zen erromeria gisako jai alaitsuan, dantza eta kanta zezaten. Artesauak, liburu dendak eta oroitzapen “souvenir” saltokiak ere montatzen ziren, nork berak zizelkaturiko txistua saltzen, nork zuhaitzaren ixtorio edo ipuina erakusten, nork “doinu zuhaitza”-ren ikurra jendeari proposatuz. Giroa ezin hobeagoa zirekien eta haurreria guztia pailaso eta marioneten inguruan zebilen, irriz, musika-doinu haien ixtorioen aurrean farrez. Marionetek Mikeltxo ausart baten ipuina kontatzen zuten, herriari alaitasuna itzuli zion mutil koxkor baten ixtorioa, erraldoi gaizto batek irentsitako txoriak herriari itzultzen zizkionak, txorien kantu alaiak herriari eskaintzen zizkionak bainan hori guztia ipuin bat besterik ez zen eta umeetatik aparte inork ez zien kasurik egiten.

Arratseko hamarretan elizdorreko ezkilak ozenki errepika hasten zireneko apaizak Mikel txikitxoaren irudia elizeko itzalilunean uzten zuen et festari bukaera emateko bere elizatetik zonbait otoitz botatzen zituen plazaren erdian zegoen jendeari azken bedenkazio bat emateko gisan. Igeltsuzko irudia laster Euskal herriko herri gehienetatik zehar ibiliko zen, batez ere Nafarroan, menditik herrira zetorren Mikel saindua eskuz eskuz bazihoan euskaltasunaren sinboloa izan balitz bezala.

Emeki-emeki jende gehiena etxeratzen hasten zen, bereziki kanpotarrak, herrikoei zerbait arraroa gelditzen baitzitzaien egiteko.Herriko tabernaren aurrean bertako ohiko familiak elkartzen ziren nor osto batzuk eskutan, nor makil batzuk ahurretan.Eta horretan hasten zen gaueko estruendoa, musikarik gabeko soinualdi ozena, danborren eta ostoen soinuez egiten zen ibilaldi bitxia, norbait izutu nahi balitz bezalako ibilaldi izpiritu ihesarazlea. Egunean zehar zegoen ospakizun laiko bakarra zen, sinismenetik urrun zegoen ibilaldia eta horrek jende gehiago erakartzen zuen, alde batetik fededunak bere egunari bukaera eder bat eman zieizaioten, bestetik fedegabeak haien ustezko jaiaren egiazko iturburua errespeta izan zedin.

Herriko itzuli guztia ematen zuten, ahal bezain harrabots handiena eginez eta karrika estuetatik iragaten zirenean hotsak bere oihartzun miresgarriarena hartzen zuen, ehunka ardaxka ostotsuen eta beste hainbeste makilkada ozenen soinuez. Ibilaldi hostsu hura zuhaitzaren parean bukatzen zen, denak txistuka, nonbaitetik herrira galdu izan zen txistua itzuli izan balitz bezela. Eta ospakizun horretan bukatzen zen goizetik hasi izan zen jai miresgarria, Mikel sainduaren musikaren besta paregabekoa, herri osoak ospatzen zuen omenaldi txoragarria.

 

Gaua herrira jetsi zen orduko eta famili guztiak plazatik zedazen bide ilunetatik haien etxetara lehiatzen ziren, umeek egun guztiaren zehar bizi izan zutena berriro eta bizi-bizirik beren gurasoei kontatzen, herriko plazan, zuhaitzaren parean, leizearen pareko bazkarian, kantu somlemnetan eta azken higialdian. Mikel sainduaren egun berezi horrek herritarrengan eragin handia zeukan eta urtean zehar denak haren zain zeuden, egunero berriz ere egun haundia etorri arte gutxiago falta zela esanez. Eta hala urtero musikaren besta berezi hori umore onean iragaiten zen, herritar guztiak bildurik. Usoek ere parranda horretan parte hartzen zuten azaroko egun ospetsu horren inguruan ehizia debekatuta zegoelako eta ohiko ehiztariek haien udazkeneko postuak lagatzen zituztelako herrira etortzeko. Inork ez daki kasualitatez edo bainan Mikel sainduaren egun hartan usoaldiak ehunka zeru gainetik pasatzen ziren, agian haien burua babespean sentitzen zutelako eta nabari zen iparraldetik hegorantz herriaren gainean iragaiteko, egun hori urduri igurikatzen zutela. Halere herriko gizon batzuek, fedegabeak eta ihizilariak izateagatik, festa hori egutegitik kendu nahi zuten, haritza hura baino ehizia sakratuagoa zeukatelako, bainan jaiak herrian zeukan arrakastak haien galderei uko egiten zien eta urteroko galdeketa isilari ezezko borobil batez erantzuten zioten. Ihizilari horiek gutxienak ziren, batez ere herrira berandu etorri zirenak, bertan ezkondu zirenak ala lur lanetara herriratu zirenak ere, sinesgaitza baitzen egiazko herritar batek halako ospakizun berezia ukatzea, batez ere jai hunkigarri hori txikitatik bizi izan balute.

Eta usoak gainetik pasatzen ziren, denak agurka bezela, ehiztari gaiztoei irain eginez baino plazan bildurik zegoen jendaldiari eskuminak emanez. Eta jendeak txalokada batez erantzuten zien, iragaiten zen hegalaldi bakoitxari txalokada handiagoa.

Etxeko bidean haurren ahotan gehienetan itzultzen zen oroitzapena hori zen, urteroko uso hegalkadak gero eta handiagoak egiten zirelako eta hegoaizea laguntzat harturik, betiko agurra egitera iragaiten ziren.

 

Biharamonean umeek ikastolarik ez zeukaten Mikel Sainduaren festaren ondotik jai zutelako eta ametsetan aritzeko denbora auserki bazeukaten, nork atzoko oroitzapenak gogoan, nork txorien txistuak belarritan, nork ostoaldi eta makilkada ozenak buruan, nork ere Mikel txikiaren irritxoa ezpainetan.

Igande zortzi horretan apaizak elizeko jai nagusi hura oroitarazten zuen, bere predikuan Mikel txiki sainduari otoitz bereziak errezatzen .Bitartean tabernan zeuden herritarrak elizaren joko maltzurraz mintzatzen ari ziren, elizak besta herrikoia nola eskuratzen eta bereak egiten zituen komentatuz, salda bat edaten ari ziren bitartean.Olentzero, Mari eta halakoak aipatzen zituzten ere, euskal mitologiari lotuta zeuden sinesmen eta ospakizun guziak nola aldatuak eta ezabatuak izan diren azpimarratuz. Bainan ezkerreko fedegabe horiei kasu handirik ez zitzaien egiten, gizartea oinarri saindu bezain onetan tinkaturik zegoelako ...