15 Euskal izenak

Euskal izenak


Euskal izenak etxeen izenetik datozela denek badakigu, izan dadin lekua erakusten duen abizena, Elizalde bezala, edo nolakoa den etxea, Etxandi edo Etxegorri, adibidez, edo jabearen izengoitia adierazten dutena, eman dezagun Okerra edo Handi, bere lana aipatzen dutena, Olaizola eredu, edo ohiko jabearen izen ttikia desatenak, Petrirena ala Martikorena.

Etxearen izena beti izan da garrantzi handikoa Euskal Herrian, batez ere gizartearen oinarria izan delako eta euskaldun guziek horren jakinaren gainean gaude. Gure herria bi lurraldetan hedaturik egoiteagatik, kutsu handiko elementuak badagerte, han eta hemen, frantses eta espainol kulturek indar handia izan dutelako gure bizian. Gehienetan ohargabeko influentzi horiek gure funtsaren moldatzaileak bihurtu dira eta nahiz eta uste, hau edo hura arras euskalduna izan, askotan kultura arrotzetatik heldu zaizkigun gauzak onartu ditugu, agian gure izatea aberastuz.

Hizkuntza izan da kutsu hori gehien pairatu duena eta latinak aspaldi gure hiztegiaren erdia baino gehiago hornitu baldin badu, gaurko frantses eta espainol erranak gure mintzairan sartu dira. Nahiz eta ahal den neurrian eztanda egiten duten esan horiek baztertu behar, beste batzuk salatu baizik ez dira egiten ahal hain sartuak baitaude.

Nere gaurko helburua ez da hiztegi eta sintaxi horretan sakonki sartzea nahiz eta gauza xinple batzuk aipatu behar ditudan, batez ere irakaskuntzak eta belarri irekitzeak erakutsi dizkidaten horiek. Harritzekoa da entzutea Hegoaldeko jendeek nola erabiltzen duten « es que » hitz multzoa, «es ke hori gertatu da», edo «es ke ez da etorri» adibidez esateko. Hain sartuta dago erabilpena « bait » aurrizkia ahantzia dagoela, hain polita da euskaraz «hori gertatu baita, edo ez baita etorri», eta erdal eske hori erabili behar. Eskean daudela dirudi eta ez dira ohartzen Iparraldeko batek ez dituela halako solasak ulertzen ahal.

Zenbat aldiz ere «hari ikusi diot» Hegoaldeko karriketan entzun daiteke, batez ere Bizkaian, hura ikusi duela esan nahiz. Nor-Nori-Nork horren erabilpena erdara hutsetik heldu baita, ustez eta erderan COD pertsonifikatuak erakartzen duen « a » hori, nori bat izan daitekeela, eta bistan da ez da hala. Euskaldun garbiek hori badakite nahiz eta lurralde bakoitzean akatsak modu bitxi batez sortu, ustez eta ongi esanak direla. Esaiezue Hondarribia, Irun, Urruña, Donibane Lohizune eta Ziburu, Azkaine, Biriatu, Senpere eta mugaren inguruan diren herritarrei, gaizki esana dela naturalki erabiltzen duten «hark zerbait eman nau » ohikoa.

Dagerren bezala halako akats ainitz bada, baita ere doinu arrotzek dakartzatenak, adibidez, Iparraldeko jendeek « e » mutua edo itsia, noiznahi sartzea, duda bat dutenean bereziki. Hitzen bila dabiltzatenean, e e e, herabetasunak dakarrenean, e e e, beste nonnahi e e e, e mutu hori euskaraz existitu balitz bezala. Gazteen artean arras hedatua dagoen « Mais bai » esateko zerbaitekin ados daudela, euskaldun berri edo euskara eskolan ikasi dutenek ainitz erabiltzen dute, gauza itsusiagorik ezin izanez. Espainolez, aipatu dudan « es que » hori ere ezin zabalduago dago eta hala beste hainbeste, hala nola, bueno, hombre eta edozoin tokitan sar daitezkeen halako hitz laburrak

Esan bezala nere solasaren helburua ez da hori, abizenetan izan diren aldaketak aipatzea baizik, bai Hegoaldean, baita Iparraldean ere. Ahoskatzeko manera berdintsua izaiteagatik, gaztelerak ez du euskara hainbeste kutsatu, ortografian ez bada, behintzat. CH -rekin dituzten Echegaray, Echeberri Echevarria eta halako hitzetan, Etchegaray, Etcheverry eta Etcheverria bihurtuko dira, eman dezagun Lapurdin edo Xiberoan. Akats eta kutsadura handienak Iparraldean sartu dira, frantsesen era arras desberdin ahoskatzen delako. Ortografiaz lehenik, R eta RR letren arteko diferentzia frantsesak ez duelako markatzen gaztelerak bezala. Zenbat aldiz R xinple hori ere L batekin nahasi, batez ere bi bokalen artean denean eta ene zonbait ikaslek esan eta idatziko dute hilia, hiriaren partez, elia eriaren partez, zaila egiten zaielako frantsesak ez duen R xinple hori ahoskatzea. Beste zerbait gertatzen zaie ere, R eta bi RR berdin galiarrez ahoskatzeagatik, nahasiko dituztela, « oroitu » « orroitu » esan, idatzi eta erakatsi arte, edo berdin « Buraso edo guraso », « burraso » esan arte. Harrigarria! Harriagoagoa oraino Donibane Lohizunen dagoen karrika batean irakur daitekeen  Rue de l'Euskarra,  euskara hitza bi RR-rekin idatziko balitz bezala, bainan euskaltasuna galtzen denean berdin zer eskatuko bada ba.

Beste kapitulu batean aipatzen dudan bezala, bitxi da ikustea nola Kanta Donibane, herriko euskal kanta talde erdaldunekoek « Herrian kantan » afixetan ezarri beharrean, « Erian kantan » ezarri zuten eta inor, bost urtetan, ez dela zuzentzeko gai izan, ez haien artean, ez herriko etxean ezta turismo bulegoan ere. Iduriz erietxeetan kantatzen zuten, edo, eta gehiago sinesten dudana, eriak edo gaixoak, kantatzen ari direla, agian burutik eri edo sano ez direnak. Ez dakit... Berdin S eta X-ren arteko diferentzian, « xuabe » eta « sua » modu berdinez ahoskatuko dutelako, frantsesez halako S-rik ez dagoelako.

Frantsesak izan duen eta duen eragina izugarria izan da, bai naturalki hizkuntzek horretara erematen dutelako bainan ere kulturaz eta politikaz inperialismo hutsa izan delako. « La grandeur » eta « la langue de Molière » aberatsaren izenean eta kondairen zehar, Frantziak beste mintzairak zapaldu ditu, denak desagerrarazten lortu arte. Hemen Euskara bizi bada oraino, abertzaleei esker izan da eta hala izango da luzaz. Besteei sartu zaien lotsa eta ahalkea hain handia izan da, nahiago izan dutela frantsesez « ongui » mintzatu « baserritarren » hizkuntza atxiki baino. Zozo bezain gaixtoak, usu ez baitira ohartu ere sekula ez dutela frantsesa ongi mintzatu ezta ere euskara den altxorra bizirik atxiki, batez ere kostaldean.

Jadanik, hamazortzigarren mendean, euskal abizen edo deiturak frantsesten hasi ziren, haien euskaltasuna ukatu nahiz, batez ere hitz bukaeran agertzen zen A mugatzailea, lehen aipatu dudan E mutua bihurtu baitzen letra aditua, frantsesak naturalki darabilen letra handiputza. Eta hala Elizalde, Elissald « e » ala Elissalt bilakatu, Bonetbeltxa, Bonetbeltch « e », Errekarte, Errecart « e » bihurtu eta hainbeste halako. U letrarekin berdin eta Haranburu hitzetik Haranbürü esan, Haramboure ahantzi gabe, ainitzetan euskal U letra OU frantsesera iaraganez. Nere abizena dut lekuko eta berarekin gertatu izan diren aldaketak izugarriak izan dira. Orai beraz Soubelet idatziko den abizena Zubeletatik heldu da, Zubeldia, Zubeltzu eta halako izenetan dagerren errotik etorria. Euskal Z letra frantsesez ahoskatzeko manera S da eta hortik Soubeletena. Lehen aipatu dugun bezala U, OU bilakatu da eta hitzaren izena jadanik erabat aldatu, Zubel -etik Soub « e »l- era pasatuz. E itsua ez zen ahazten ahal beraz aken A horren ordez, E bat ezarri zioten, izena SOUBELETTE bilakatuz. Bi TT horiek usu ikus ditazke Hego Ameriketara joan ziren izen bereko jendeen deituretan , hala nola Venezuelan gure arbasoa izan den Bolivarren jenerala eta errepublikaren presidenta, Carlos Soubeletteren izenean.


Azken bolada moderno honetan, nere aitak bizi izan zuen horretan, frantses hiritar giroa modan egoiteagatik eta orotan azken kontsonanteak ahoskatzea laborarien mundukoa izan zitekeelakoan, « e » itsu hori emeki-emeki ezabatzera abiatu ziren eta ez gehiago ahoskatzera, frantses kutsuko zerbaiten antza ukan zezan. Zer nazka! Jakin ezazue ene izena ez dela Soubelet, frantsesek dioten bezala, baizik eta Zubeletatik datorren Zubelet ala Xubelet euskaldunek ahoska dezaketen bezala.

Zenbat aldiz halako aldaketarik ez den izan gure herrietan, hala nola Berroeta, Soroeta, Berhouet eta Sorhouet bilakatuz edo Danrancette lagun baten deitura. Zenbat aldiz ere pentsatu dugu kanpotik etorritako herriko etxeetako langileek, euskara ez jakiteagatik, ortografiazko faltak egiten zituztela, baina ez! Hemen maisu eta errientek helburu politiko bat bazuten, euskara suntsitzea eta ahalkea sortzea eta sartzea, herriko etxeko langileek, euskara lekutzea eta gure abizenak orotan frantsestea! Eta bestela begira ene lagun bati gertatu zitzaiona, Baztanetik Baionara etorri zen Monika Soroeta baztandar Arraioztarrari. Mila bederatzi ehunta berrogoigarreneko hamarkadan, Baztango mendiko borda utzi eta Lapurdiko hiriburura etorri, eta han, berehala, bere euskal izenari urradura handiak egin zizkioten, agian bere euskal izen hura ez zelako zibilizatua, eta zalantzarik gabe Soroeta hura Sorhouet bilakatu zuten, batere ez akats batengatik, baizik eta politika erabaki batengatik. Horra beraz bereganik lortu nuen paper ofizialak aski ongi erakusten duena zer bideak erabiltzen zituzten haien frantseskeri alua sartzeko.

* Liburuan, Lazaro Suhette, Soroeta egiazko izenekoaren ezkontza agiria agertarazita dago.

1