25 Mikel Zabaltxo

Mikel Zabaltxo

Baztan, kontrabandixten lur sakratua izan da. Mugaren gaindi pasa izan dituzten mozkinak kontaezinak dira, jendeen kontakizunen araberakoak. Batzuek diote bertako kontrabandixtek aspalditik morala galdu dutela eta pekatura pasatu direla, droga hain zuzen, urrea, dibisak eta armak pekatutan sartzen ez direlako .

Gaueko lanetan ari zen herri bakoitzak bere jauntxoa bazeukan, agintari handiekin harremanetan zegoena edo bere sare propioa zuena eta herri lagunek haren ofizioa jakinda, isiltasuna zuten nagusi, denok beti jakin baitugu kontrabandoa euskaldunen pekatu ttikia izan dela. Kofesionalean aise garbi zezaketenik, bekatu izugarrira pasa ote direnez, ez nuke gaur baieztatuko, nahiz eta diru gosea noraino joan daitekeen aspalditik jakin.

Baztango ene herrian, denek ezagutzen zuten Mikel Zabaltxo eta herritar guziek ere bazekiten lan ofizialik ez zuela egiten. Laboraria ote zen Mikeltxo? Ageri zen ezetz, behi baten errapea ere zer zen hark ez baitzekien. Beste baztandar ugari bezala, Lesakako laminategian ari ote? Inork ez zuen goizeko autobusetan Mikel ikusten. Elizondok erakartzen zuen komertzio lanetan ari ote? Inundik ere, egunez ez baitzen karrikan inoiz ikusten. Batzuek zioten, batez ere, defenditu nahi zutenek, bere emaztearen bordan laguntzen ari zela, lur lanetan omen, bainan bere eskuei begiradatxo bat baizik ez zitzaien bota behar halako lanean ez zela ari jakiteko

Nondik orduan Mercedes eder hura? Audi 4 urdin ilun xarmangarri hura? 4L furgoneta txuri berria? Komertzianteen moduko bi kamioneta haiek ere? Eta ederrena, garagerik ez zuela hori guziak uzteko, bederen herrian, eta etxe azpian zeukan behe hura beti hutsik zegoen, badaezpada ere. Lanean ez zebilenean inguruko herrietako bide eta bidexkak lau gurpil guzi horien pausalekutzat hartzen zituen eta egunsentietan, gehienetan ihintzez estalirik, garraiobideak herrian agertzen zirenean, herritarrek bazekiten Mikel etxean zegoela, amatxo zaharrari bisitatxo bat egiten. Halere inork ez zuen sobera afera horietaz jakin nahi.

Behin, eguzkitan, gure etxeko terrazan elkarsolasean ginaudelarik, arratseko zazpiak aldera, zabalik zegoen atekatik berebil txuri bat sartu zitzaigun, martxa gogorrean, zuzen-zuzen han zokoan genuen garagean autoa uztera eta aurpegia gorderik, lasterka handik lekutu zen gizona ez genuen ezagutu. Harritzekoa norbait zure etxean sartzea eta nor den jakin gabe bertatik ateratzea ezer erran gabe, gu esistitzen ez bagina bezala. Harriturik, amatxik, hura zer izan zitekeen ikustera joateko agindua eman zidan eta emeki-emeki hango berebil misteriotsuraino hurbildu nintzen, nahiko izituta. Bat-batean eta nere harridurari txistuka egon balitzaiote bezala, ateka gaineko errepidetik guardia zibilen bi patroil ziztu bizian pasatu ziren, norbaiten gibeletik joan balira bezala. Ni berehala ohartu nintzen gure gizon mamutsua zela haien harrapagaia eta haienganik ihes egin zezan gure etxeko eskuineko bidea hartu zuela ere. Ez zen lehen aldia hori egiten zuela, hain trebeki gure etxeko garagean sartzeko eta gehienetan gordeleku hura hutsik zegoela aski ongi bazekien hark.

Emeki-emeki, beraz, kotxeari hurbildu nintzaion eta gibeleko aldeak ia lurra ukitzen zuela ohartu nintzen, kofrean zuen karga jasan ezinik balu bezala. Eskuineko atearen parera iritsi nintzenean, barneko alde guzia animaleko paper marroinezko zakuz beterik zegoela ikusi nuen, aintzina, gibelea eta oraino ez nuen iriki kofrea. Jarleku haien gainean berrogoita hamar kiloko hogoi bat zaku zeuden, batzuk lurrean, besteak aulkietan, denak, batzuk besteen gainean. Harriturik nengoen. Kofrea ireki nuenean beste hamar bat zaku bazegoela konturatu nintzen, orokorki mila eta bostehun bat kilo bat izan zitezkeela ohartuz.

Zer ote zen hura ? Atzean zegoen zaku baten puntta lehertuta zegoela eta hauts xuri bat isurtzen ari zitzaiola ikusirik, izigarriko beldurra sartu zitzaidan. Eta guardia zibila orain berean hona etortzen balitz? Nola froga nere garagean zegoen autoa ez zenik nerea? Nola froga haienganik ihes zebilen gidaria ni ez nintzela? Ateka ixtera joan nintzen eta amatxiri gertatutakoak kontatzera ere.

Berehala poliziarenera joan behar nintzela aholkatu zidan, arazorik ukan ez genezan, bainan nik hori ez nuen batere garbi eta nere ikerketa hura bururaino ereman behar nuela erabaki nuen. Autora berriro hurbildu nintzaion, hauts txuri hura zer zen aztertzera. Behatz puntan hartu nuen ttantta hura ahora ereman nuenean nahiko eztia zela ohartu nintzen, bainan zer nekien nik heroina, kokaina edo halako droga xurien gustua nolakoa zen. Hark usain txarra bazeramala berehala sumatu nuen.

Etxetik atera nintzen barridearengana hurbiltzeko eta Joxe Mari auzokideari norena zen berebil hura galdetu nionean, berehala Mikelena zela luzatu zidan. Ai ama! Zer saltsetan sartu ote ninduten? Herriko plazan zegoen bere etxera hurbildu nintzenean, danba itxirik agertu zitzaidan, hantxe inor bizi izan balitz bezala, leiho guziak zerraturik eta tirrinta jotzen hasi nintzen inoren erantzunik jaso gabe. Ama xaharra segur barnean zegoela banekien, etxetik inoiz ateratzen ez zen adineko andrea zelako, bainan semea lagundu nahiez, bere agindutara ezarri zen eta inori atea ireki ez.

Zer egin? Poliziarengana joatea azkena iduritzen baizitzaidan. Amatxirengana hurbildu eta terrazako aulkietan jarririk ea zerbait gertatzen ote zen itxoin genuen, erabat izuturik, erabat bildurturik, batez ere, guardia zibila bizpahiru aldiz etxe paretik pasatzen ikusi genuenean, harat-hunat, ezker-eskuin, lehenik gibelka, berriz ere bide zuzena harturik, azkenik inguruak begiraka, martxa lehunean berriro atzeraka.

Eta tona eta erdi droga izan banu etxean? Nola polizia konbentzitu ni ez nintzela deusetarako afera horretan sartuta? Zer erantzun denuntziarik ezarri ez nuela esango zidatenean? Eskerrik, egunarekin batean, berde haiek handik lekutu ziren eta gaueko giroak bazterrak inguratu zituen.

Gau hartan lorik ez nuen egin, hala uste izan nuen, behintzat, ez bainituen sumatu garajeraino sartu ziren haren urratsak, ez eta ere atekak egiten zuen ohiko harrabotsa. Gauza da biharamun goizean berebila ez zegoela hantxe eta norbaitek gauez handik ereman zuela.

Bizpahiru egun iragan ziren Mikelen etxeko leihoak ireki arte eta eguerdi hartan haren amari hurbildu nintzaion afera horren berri jakiteko. Atea ireki zidanean gorantz ereman ninduen eta hitz erdiz mintzatzen bezala eskerrak eman zizkidan nik ezer esan baino lehen–« Eskerrak ?Zergaitik ematen dizkidazu eskerrak? » ---esan nion deblauki. « Ba etxean semearen berebila atxikitzeagatik, noski! »

Zer kopeta! Nik ezer jakin gabe etxera sartu zitzaidan hark bere amari jadanik galdegin zion eskerrak eta barkamenak eska diezazkidan. Mikel izan zela bederen orain banekien segur eta zer esan jakin gabe haren etxetik atera nintzen .

Zenbat aldiz gure etxeko bidea egin ahal zuen jadanik? Zenbat aldiz otoak sartu ote zituen han bertan egun hori baino lehen? Zenbat aldiz kontrabandoko mozkinak hantxe gorde ote zituen? Hainbeste erantzunik gabeko galderak… Eta iaz gogora heldu zitzaidan mendian dagoen kanposainduko gure ehorztokiaren lauza hautsita agertu zela, zimendutik deserantsia bederen, eta nahiko garbi zageriela han barnean norbait ibili zela. Mikel Zabaltxo eta bere lagunak ote? Hainbeste galdera, hainbeste misterio. Bainan guk jakin gabe, gehienetan hor ez egoteagatik, mila ixtorio gure etxean gertatzen zela garbi zagerien, zer hobe astean zehar maiz itxirik zegoen etxe bat baizik halako gorde lanetan aritzeko ezta?

Hilabete baten buruan, Mikel Elizondoko karrikan ikusi nuenean hurbildu egin nintzaion. Deus gaizkirik egin ez balu bezala, eskerrak eman zizkidan eta behin edo beste muga pasatzeko beharra izanen banu, zalantzarik gabe beregana jotzeko aholkatu zidan. Hauts xuri horiek zer ote ziren galdegin nionean, sakarina zela luzatu zidan. Hala zenik ez dut sekulan jakin, hala izan zitekeela zalantzarik gabe baietz, bainan hala izan ez zitekeela ere inork ez dit ene burutik baztertuko.