Argitik argira
Hostoen ihintzetan, itsasoa dardarez
uzkurki, zortatxoa daror uhainez lurrerantz,
zerua isilik dago bere alaba negarrez dagoelako
zalantzaz gosetzen hasi da, ortotsez hasiko
Dantzan, itzal malutak argitzen ari dira,
intxaurrondoren udazkeneko azken hostoak berpiztu nahi
goserik, aserik
baina bideko beroak lorea ximeltzen hasi da
eta errekaren harri itoetan goroldioz betetzen ari.
Uraren dirdira ez da berea
Ai argi! Izaren gainean baratze bat bezala,
kolorez asea
bare, bizi, jauzi
txorien freskatze
zinpartez, ur biziarazle.
Mendixka preso da, lekuko,
zumelez estalia,kuka mikuka
itsasogaiaren bizi gabeko uhainei begira,
sapaz eta sargoriz
argia itzaltzen ari da, keinuka
ta emeki beltzerantz, isilik
Soroak iluntzen, logalez
gaua beltza badurbil
argirik gabeko izarra
baidager
uretan
jabal gezitan
eta haizea
badintza
harriak gor eta muturik
menditik zintzilka,
oinak zaplaka
eta tinko, irtenbiderik gabe, a.
Adarren artean ia
dardarez gia
xuxurlaz rgia
hitz hurbilez deika argia
isilik Argia.
Ontzen begiak haien baratzetik zuhaitzetara doaz
jauzika, hatsez hauntuta
hil lore urdinen pare
ihes lekurik gabe.
Urrunean argia
suez hornituta
lurartzetik
garretan neregana,
atzeraka,
goizeko euri lankarrari begira
hostoak negarrez,
hitzez
lurrinez
desagertzearen beldurrez
infernuko azken argi gorria badager bezala
eta ilargia hegaldakan
putzuan eroriz
eta pinpirinak ageriz
eta igelak irriz.
Goiza jeikiko al da
hego urdinez bustita?
Ezpainetan irriño isilez
baratzean nago,
argi berriari begira
dirdira.
Ekia hotza da
itzala aintzina datorkit
egarriz
iduzkiari esker
argiari milesker.
Leihoa irekirik
aurpegia gorderik
txorien kantuen artean ernerik
badoa erreka, itsasoari begira.
.
Nola ibiliko ote? Nork daki
hostoen bidean argiturik
hondar lehorretan bustirik
arratseko heriotzaren pare, isilik?
Itsasontzia arraunez aurrera badoa
ur zaba izkutuaren bila, badoa,
hitz erdiz, xuxurlaz, lurrez eta argiz
hegaldan, jauzika, isuriz.
Iritsiko zara, uste baino lehenago
aditzen zaitugu
abots galdua ozen eta ozenago
mugikor, geldikor
uraren itzala ukatuz
beheraino arte, jostatuz
hatsa berria hartuz
biziari lotua
izpi baten antzera
arina
klekuko hostoen firfira
urruti, piztu eta itzali.
Hain hurbil badatorkit
hain urrun badago
badoa
nortabidea aldatuz
hutsik, argiz beterik,
alaia,
lur loak hezetuz
esnatuz
arkaitz sendoen artean
higituz.
Txoriak egarriz
berriz
hitzik gabe
txistuka
aparren artean
arinki
hosto zimelduak igerikan
emeki
txorien pausaleku bihurtuz
polliki dilindan
lurartzerantz
dardarez
itsasorantz.
Argiak bere bidea kausitu nahi
adarren artean
hostoen artean
dirdiren artean
eta zerua irekitzen, argiago
itzala itotzen
txoriarekin hiltzen den kantuaren antzera
itsurik
argiaren bihotzeraino
itsasoaren hautseraino
uhainen ihintzeraino
muturik
dilingo
ur gaziaren egarriz
ametsetan
bi olatuen artean
pindarrez eta aparrez
haizez loturik
kantuz, isilik.
Ezpainetatik ihes eginez
zintzur barnetik joanez
badoa kantua
euriz neurkadatua
lanbroz
lainoz eta lurrinez
haizea irentsiz
ekiari irainez
eta bizia zintzilik
garbirik
lorez beterik
sortze berrira badoa
betiko.