42 Boga boga marinela

Boga boga mariñela! Somaliako itsasoa, itsas urdina eta kolore bereko xardina igerikan dabila arin-arina, euskal saretan karmina. Kostan, gizonak sabelmina eta buruan galdegina: Zergaitik ez guretzat itsaskina? Eta beti iritsi soberakina, xardin ustel zikina, gosea eta larrimina? Boga boga mariñela! Joan behar duzu urrutira, bai, Indietara! India beltzetara, Somaliako ur galduetara, arraina ebastera eta dirua egitera, sakela betetzera. Armadore ustela erail eta krudela. Boga boga ikurrina! baduk gaur zeregina, zabalduz hondakina, eta itsaskina, bihurtuz sos mozkina. Kostan zain poxpolina, tabako ta txakolina Dantza ta kriolina eta eroskina, olio eta gasolina, hauntzeko dirukina. Eta berriz galdegina : Zergaitik ez aldegina Ez duk hori behargina, so, gure lurralde desegina: Lehorrean itogina, semea etorkina xerkatzera askamina eta laster herrimina, agian dolumina eta hi boga boga, ikurrina, zer bermeotar fina! Ondoan beltzen bihozmina, gose jasanezina eta nigar zotina. Oi bizi samina! Saretan ebaskina diru truke egina. Giza xuri higuina! Dilin! Dilin! Dilina! Akabo buruko mina eta bizi ozpina, ustelaren urrina, hartu behar uhina, erasotu hona jina ta bihurtu gaizkigina edo ongikina. Pirata aintzina! Buruarina? Garbirik daukat muina, jateko ahalegina, herriaren atsegina, inorentzat kaltegina. Aske guretzat xardina, fini gelditzeko ezina, Europa amets sorgina eta bihurturik etorkina. Fini, hil urrina, amai, herio ur lurrina, itsasotik eskumina eta bukaera berdina. Boga boga marinela, joan behar duzu urrunera, burbuilak dastatzera, arrainak bazkatzera eta bertan ehorztera. Ez duk , hik ikusiko hire plai ederra, agur, agur, agur, Ondarroako itsaso bazterra. Eta geroan, inor ez dadin etorri itsasperatu omen den altxorraren bila, dirukina herrian dagoelako erina.