18 Txistorradak

Txistorradak

Txistor biziki laguna izan nuen. Gazte denboretan, bai Begiraleak elkartean, baita Baionan ere, Basarrik montatzen zituen saltsetan. Aurtengo apirilean, hogoita hiru urte presondegian dagoela eta bisitara hurbiltzen natzaionean, orduko txistorradak gogorat maiz etortzen zaizkigu eta nola ez, Lannemezaneko “parloir” hits hartan elkarrrekin irriz lehertu.

Kontakizun honek berrogoita bat urte baditu eta orduan Olentzero egunean Begiraleak taldearekin astoa ateratzeko ohitura genuen, Senperekoek leku guzietara asto bat eremaiten zuten eta gurera ikazkin zaharrarena ospatzera ekartzen zuten ere.

Horretatik aparte, Donibane Lohizunen izan zen Aberri egunera ohiko kabala ekarri zuten. Senpertarra izanez, Txistorrek bertako jende gehiena ongi ezagutzen zuen eta Paskal Sanchez batek ekarritako asto hark, manifa guzia kurritu ondotik, Txistorren eskutan bukatu zuen, bere bizitzaren lehenbiziko parranda egitera zihoala batere susmatu gabe.


Gure astoa Balaan izan zerauku manifan” izan zitekeen kantu ezagunaren titulu berria buruan, gure lagunak kabala sokatik hartu eta ostatuz ostatu aperitifa luze batean murgildu ziren. Hain luzea, tabernetan sartzen ziren aldiro, Txistorrek edaten zuen Ricard haren erdia astoari ematen ziola, besotik zintzilka zekarren plastikozko untzi hartan isuriz. Ricard milikadak gustokoak zituen astoak eta ezer bitxirik adierazi gabe, hantxe sartzen zuen muturra anis usainezko edari hartaz egarria kentzeko. Gure adiskideak trago bat edaten zuen aldiro, beste hainbeste ematen zion astoari eta bikote xelebre baten pare, Ganbetta karrikatik barna, orduan zegoen La Consolation taberna aldera abiatu ziren. Harat iristerakoan, bertan zeuden lagunekin solasean hasi zen, ezker eskuin, nahiko berotua, edonor solaskide harturik, nor errefuxiatua, nor herriko ezaguna. Eta bitartean astoa karrikan bere beharrak aldizka uzten zituen lasaiki.

Suerte txarrez, edo onez, nork daki, poliziaren autoa ostatuaren aintzinetik iragan zen eta astoak leku guzietan kaka egiten zuela ikusi zuenean, Txistorri bi oihu eman zizkioten kabala hura handik lekutu zezan. Norekin sartu ziren ez zekiten, edo bai, eta haien arteko elkarrizketa berotzen hasi zen, batzuek handik asto harekin lekutu zedin eta besteak, ondoan zegoen komisaldegiraino oraitxe hurbilduko zitzaiela astoaren berri emateko. Ezetz, baietz, azkenean harantz abiatu ziren bai asto rikarzalea baita bere jabe irringarria ere. Nahiz eta aperitifa luzea egin eta nahiko piztuta egon, Txistorrek zerbait berezia buruan bazuela ageri zitzaion eta poliziei bihurrikeri bat egiteko asmotan zegoela sumatu ere. Hainbeste ordu astoarekin egon zen kabalaren erreakzioa aztertzeko denbora ausarki izan zuela eta barrabiletan ximiko bat egiterakoan, animaleko putarrak botatzen zituela ohartu zen. Zer urrezko okasioa astoa komisaldegira eramateko hantxe putinka has zedin! Eta halaxe izan zen, nahiz eta karrikan aurkituriko poliziek harantz ez joateko esan, bost axola, eta bost minuturen buruan, bikote xelebrea ate zahar haren aurrean zegoen. Atea nahiko gogorra izanez, instant batez ezin irekiz egon ziren baina azkenean eta indarrez, kabala sartzea lortu zuen. Gainera zer etortzen zitzaion berehala ohartuz, barnean zegoen polizia oihuka hasi zitzaien, animalia hura barne hartatik kanpora zezan, baina berdin zen zerbait esatea edo ez, bere baitan zeraman xede tinkoa bururaino bete behar zuelako.


Donibane Lohizuneko oraigo komisaldegia berria eta modernoa baldin bada,* lehengoa aski funditua zegoen, mehar xamarra eta hiru estai bazituen ere, beheko partea zur zaharrez egina zen, bai lurra, bai ateak, baita ere ezkerreko aldean zegoen kontuarra edo galdemahaia. Zer esan ere hortik goraino zegoen berina haren zikinkeriaz. Haren erdian, leihatila txiki bat, jendea barneko poliziarekin mintzo zedin egina.

Egun hartan gauerdian zegoen polizia euskalduna omen zen, aski potoloa eta ardo beltzak ematen duen kolore gorriaz hornitua eta Txistor ezaguna izanez, han barnean sartzen ikusi zuenean, oihuka hasi zitzaion handik atera zitezen.. Eta gureTxistor, komisaldegiko sarrera hartan bere kilimiska beroa prestatzen, astoari itzulia ematen hasi zitzaion, bizkarrez ezarriz, ipurdia kristalaren aldera emanez.

-“Sortez d’ici Monsieur! Sortez d’ici!” ---zioen balditurik poliziak. Ezetz, Txistor oihuka, zergaitik kalean kaka egiten zuen adierazi behar ziola zioen. Ea non ziren kalean ikusiriko poliziak? Hango kepidun agenteak ez zuen deus ulertzen, eta berriz ere ateratzeko agindua eman zion. Txistor ongi ezagutzea ez zen hori eta hain nekez astoa barnera sartzera lortu izan bazuen, zerbait izugarria egiteko zela zalantzarik ez zen.

Eta horra, Txistorrek barrabiletan eginiko ximikoari esker, astoa orroka hasten dela, alimaleko arrantzak botatzen eta izigarrizko jauziak emanez. Gure laguna irriz lehertzen zegoen, Ricard basoa eskutan eta astoaren edalontzia besotik zintzilka eta polizia ezer ezin eginez. Eta Txistorrek bigarren aldikotz astoaren barrabilak, gordezka eta indarrez, ximikatzen dituela izugarrizko putarra bota zezan, -“ Sortez-moi cet âne d’ici, ceci est un commissariat!” ---poliziaren aginduen artean.. Eta gure lagunak erantzun ezer ez zuela egiten ahal, erokeriaz harturik zegoela astoa eta sekulako iztar bat jaurtikiz, horra komisaldegiko zurezko galdemahai zahar hura hankaz gora botatzen duela, gaineko berina pusketan utzirik. Dena xehatua, kontuarra erabat urratua, gaineko kristala txikituta eta polizia mehatxuka eta oihuka, eta nola ez, astoa orroka, Txistor irrifarrez lehertzen, bere xede ezin hobekiago atera zitzaiola bere baitan pentsatuz. Hain irringarria zitzaion hura hirugarren aldiz ximiko astun bat barrabiletan egin ziola, asto hura zentzutik kanpo ezarri zedin, zalantzarik gabe edan zuen Ricard- arengatik, eta ostikadak eta orroak geldigabeak bihurtu ziren, komisaldegi zahar hura osoki xehatu arte.

Mazel gorriko polizi hura laguntzaren eske oihuka zegoen, eta agertu ziren beste agenteak Txistorri ea astoa berea zen galdetzen hasi zitzaioten. Eta berak ezetz, Larralde izeneko anbulantzien nagusiarena zela eta berak ustegabean karrikan atzeman zuela, eta borondate onez, ezin zuela bakarrik utzi. Ea zergaitik komisaldegian sartu zuen zioten builaka? Bere errua ez zela, bidean topo egin zuen polizia-autoak esan ziola karrikan kakik ez egiteko eta horretara zetorrela, astoak zergatik kaka kanpoan egiten zuen esplikatzeko, berak asto hura ez zuela ezagutzen eta bere jabeari itzultzeko asmoz, bide hoberena komisaldegirat ekartzea zela pentsatu zuela. Eta besteak asto hura ez zuela hantxe utzi behar eta lagun parranderoak baietz.

Txistorrek aurretik baitzekien astoa putarka hasten zela barrabilak ximikatzerakoan eta poliziak ikusi zituenean berehala burua etorri zitzaion komisaldegira putarrak egin zitzan ekarri behar zuela. Berriz ere Larralderena zela astoa zioen, herriko fatxen arteko fatxarena, eta agian hark kalean abandonatu omen zuela. Nahiz eta inork ez sinetsi ixtorio hori, Larralde eskuindar ezaguna saltsan sartu zuen ere eta poliziez inguraturik, denek mehatxuka hasi zitzaioten, bera nor zen bazekitela eta ez ziotela barkatuko. Horri Txistorrek ea komisaldegia konpontzeko segurua edo asegurantza ba ote zutenez galdetzen hasi zitzaion, astoak hautsi zuen hura bere errua ez zela eta haiek xehaketa haiek haien gain hartu behar zituztela. Nola bukatu zen ez dakit, aldiz, Txistorrek bere parranda segitu zuela eta astoa hantxe gelditu zela bai.

Berrogei urteren buruan kartzelako bisita lekutxo horretan, Txistorrek pozik gogoratu zuen egun hartan gertatua, hogoita hiru urte presondegi ez baitira txantxetakoak eta noizean behin halako irrifarrak sortzen zaizkionean, agian denbora lasterrago iragan liteke, ezta?

------------------------------

*Hauxe omen da, Peyuko oraiko auzapezaren esanez, Alliot-Marie ministro ohiak herriari ekarri dion gauza garrantzitsuarena, zeruan urtean behin dabilen Patrouille de France hegazkin militar eskadroiarekin batean. Milesker andere, gure herriaz arduratzeagatik!

* Testo hau Txistorren baimenarekin idatzia dago