30 Drumondville

Drumondville

Drumondville herria Quebec-en dago, Montreal eta Quebec hirien artean, eta bertan urte oroz folklore festibal erraldoi bat egiten dute, benetan ikusgarria den “Le Mondial des cultures”. 1998an, Begiraleak gure taldeak, Montrealeko euskal-etxeko kideei esker, bertara joatea eta lau egun bertan egotea lortu zuen.

Trois Pistoles herritik gentozen eta autobus hartan denak erdi lo ginauden, San Lorentzo ertzetan dagoen herrian gorputz eta arima guztia eman baigenuen, dantzan, kantan, musika jotzen, bertsotan, bertako garagardoa dastatzen eta gure sabelak jangaitzak ziren bazkal-afariak jasaten. Festibal berriaren arduradunek eman ziguten egitarauaren orria autobusean aztertzen ari ginen, iristeko ordu bat baizik gelditzen ez baitzitzaigun eta “interaction” hitz hark erotzen gintuen. Hura zer zen ez genekien nahiz eta dantza, kantua eta halako gauzekin ikustekorik bazeukala jakin.

Azkenean herrira ailegatu ginenean antolakuntza ezin hobea zela sumatu genuen, leku guztietan informazio txartelak baitzeuden eta gurutze hartan goaitatzen gintuzten antolatzaileek bidea erakutsi ziguten seigarren une hartaraino iristeko. Hirurak eta hamar ziren. Berehala egin behar genuena adierazi ziguten eta inizazio baten parera, ikuslegoa parte harrarazi behar genuen, euskal kulturan murgilarazi. Gure arteko solasek dantzarekin hasiko ginela erabaki zuten. Serge eta David, gure dantza arduradunek musikariei “Zazpi jauziak” jo zezaten keinu bat egin zieten eta berehala, oinak dantzan hasi ziren, Pika, erdixka, dobla, jauzi, lauetan erdixka! Denek lapurtarrak iduri zuten. BAAT, BII, HIIRU, LAAU, BOOOST, SEEI, ZAZPI!!!! eta dantza biziki gustatu zitzaien. Txaloen artean kantura pasatu ginen eta denak Dilin Dalan abesten ezarri genituen, Dilin, dalan, dalan, din dan boleran; Dilin, dalan, dalan din dan boleran. Azken koplaren ondotik mikrotik hitzak itzuli nizkien eta jendea ezin urusago gelditu zen.

Ondoren euskararen iniziazio batean murgildu ginen euskal hitzak jendeari errepikaraziz: AGUR..eta denek AGUR ozenki errepikatzen zuten, EGUNON eta denek EGUNON; ONGI ETORRI zioen entzun genezakeen oihartzunak... eta hala hamar bat hitz pasatu arte. Hizkuntzatik irrintzira pasatu ginen, une berezi hartan bat- batean bururatu zitzaigulako, eta eskerrik, halako irririk aspalditik ez genuelako egin. Dena militar erara antolaturik zegoen eta taldeak zigor bat jasotzeko arrisku bizia zuen. Iduriz, gure lehenbiziko hamar minutak barkatu zizkiguten eta eman genuen saioaren kalitateak zigorretik salbatu omen gintuen. Zer zigor izan zitekeen inork ez zigun esan.

Autobusean sar gintezen agindua eman ziguten eta herritik kanpo zegoen eskola izugarri batera ereman gintuzten, Derioko seminarioa eta Lekarozeko kolegioaren arteko eraikinaren pareko hartara.Talde bakoitzak bere gelak zituen, guk bi, bat bestearen gaineko ohez hornituta eta barne arauak ozenki irakurtzera etorri zitzaigun andereak isiltasun osoa eskatu zigun. -Oheak beti eginak! Gela beti garbia! Zakuak eta pardelak denak ordenean! Eta halako... Eta goizero gelatik pasatzen zen taldeari izarrez markatutako ordena nota bat emaitera. Goiz batez Begiraleak elkarteak izar beltz bat jaso zuela jakin genuenean irrifarrez hasi ginen. Inork ez zuen ulertzen zer garrantzi zeukan izar bat izateak eta biharamunean galdera egin ziotenean hauxe erantzun zuen: Ba begira gaztetxo, hiru izar baldin badituzue ezingo duzue gehiago gure festibalera etorri. Denak irriz lehertu ziren, jakin gabe hamabi urteren buruan berriz ere Drumondvillera itzuliko ginela.

Afalondoan jetsi ginenean gure begiek hizkuntza eta kultur desberdinetako gazteak elkarrekin dantza egiten ikusi zituzten. Gure gazteak liluraturik gelditu ziren. Afalondoko parranda hura handia izan zen, adinekoak gauerdiko ohera abiatu baginen ere, gazteak ordu ttikitan lo egitera joan baitziren.Biharamunean, hiru emanaldi eman behar izan genituen, lehenik kantu saio bat, gero dantza emanaldi nagusia eta azkenean supermerkatu bateko animazioa. Goizeko hamaiketarako parkean zegoen karpa handi batera iritsi ginen. Eszenatokiaren parean ziren kadirak hutsik zeuden, hogoi bat, bota zuen zaparradak jende gehiena etxeratu baitzuen. Halere, gurekin zegoen Oskarbi taldeak bere saioa egin zuen, kalitatezko kanta saio berezia eta hurbildu zirenen komentarioak paregabekoak izan ziren, inoiz ez zutela halako kantari talderik entzun eta pena bat zela hain jende gutxi egotea. Aulkien inguruan esermaila hutsetan jarririk ginen, Henri, Pello eta hirurok; eta nik, betiko aurkezle lanetan ariturik, eta mikroa eskutan, abestien esanahia adierazten nuen.

Lehen adierazpena ez zitzaidan ongi atera bainan inork ez zion ezer erreparatu. Horrek irri egiteko gogoa eman zigun eta niri xilimiska batzuk egiteko asmoa biztu zidan. Bigarren kantuaren itzulpenak ez zuen ezer ikustekorik izan kantatu zutenarekin, hirugarrenak oraindik gutxiago, laugarrenarena desbariazio handi baten parekoa izan zen eta ondoan neukan Henri, irrifarrez lehertzen, bosgarrenean handik lekutu egin zen galtzetan pixa isuri baino lehen. Beste lagun guztiak ere farrez zeuden, kantariak aldiz ez, bereziki frantsesa ulertzen ez zuten Pasaiako lagunak. Saioa bukatu genuenean, beste zerbaitera pasatu ginen.

Ordu batean dantza saio nagusia genuen, hiru mila pertsona izan behar zen saio berezia omen. Hamabietarako zintzilik zeuden oihalen atzera sartu gintuzten eta taularen gainean dantzan ari ziren neskek gure gazteak liluratu zituzten. Kolonbiako balet nazionala omen zen, hogeita hamar neska zoragarriez osatua, tripa eta zangoak airean zituzten beltxaran ederrak, erritmo frenetiko baten doinuan ezkerretik eskuinera eszenatoki osoa betetzen zutenak. Denak begiak borobildurik zeuden haiei begira, are gehiago haien arteko batek, musika gelditu gabe eta erritmoa segituz, taulatik atera zenean eta eskaileretatik behera gure gazteen artera keinu arin batez bere bular sostentzailea kentzera hasi zenean, mugimendu berean, berriz gorantz itzuliz. Dantzak zekarren koregrafiak berriz taularen erdira ereman zuen, bere titiak arinki binbilikatzen, musika higitu hari behar zuen erritmoa emanez.

Haien dantza saioa bukatu zutenean jende guztia txaloka hasi zen, esku zarta ozenez neska talde haren emanaldi xoragarria eskertzeko. Dena danba beteta zegoen eta hortik aitzina guri zegokigun dantzan aritzea. Gure musikariak taulara igo eta aurkezpena hasi zen, Euskal Herritik heldu ginela, Donibane Lohizunetik, hain zuzen, eta bertako dantzak erakutsi behar genituela. Ni harriturik nengoen, igo nintzen eszenatokitik jende gehiena handik lekutzen ari zela ikusten nezakeelako eta hiru mila pertsonetatik hirurehun bat baizik gelditzen ez zen, bazkaltzeko ordua iritsi omen zitzaielako. Nahiz eta huste hark zimurtu gintuen, dantzan hasi ginen, bizkaitar dantzak lehenik eginez. Lerro meharrez egin genuen “Txontxongilo” dantzak azken gutti haiek lekutu zituen eta publiko murritz haren aintzinean egin beharretan aritu ginen.

Horren ondotik bazkaltzera ereman gintuztenean, eguneroko gustu gabeko “chicken” haren ixterrak ezin gogorragoak iduritu zitzaizkigun. Gure mutiko gazteek kontsolamendu bikaina izan zuten, kolonbiarren tropako neskak gurekin bazkaltzen zutela ere ikustean. Batekin eta bestearekin hitz egiten-eta, gure dantzaldi triste hura gogotik joan zitzaigun.

Arratsaldean modako ibilaldi batean parte har genezan eskatu ziguten eta aurkezpenerako Lapurditik bizpahiru hilabete lehenago beteriko galdeketa baliatu zuten. Beste bikote batzuen ondotik Begiraleak elkarteko bikotea deitu zuten eta Zelin eta Fredo taula gainera igo ziren, montatu zuten pasarelaren gainean erakutsi zieten urrats eta aireak egin zitzaten. Modako egiazko pasarela bat zirudien eta mikrotik ematen zituzten adierazpenak publikoa zuhurki aditzen ari zen. Urrats arinez eta besotik heldurik, bizkaitarrez jantzirik, aurrerantz lehen pausoak Fredok eta Zelinek egin zituzten eta berehala, mikrotik haien deskripzioa adierazten hasi ziren. Fredoren janzkera deskribatzean ez zuten batean ere asmatu, ez gerriko beltzean, gorria zuelako, ezta girgillen soinuan ere, girgilik ez zeramalako. Zelinen jantzitaz hasi zelarik berdin eta aipatu zuen amantal bordatutarik ere ez zeukan, eta abar. Gertatu zena da Euskal Herritik igorri genien gipuzkoar jantzien deskribapena Bizkaiari lotu ziotela eta ezer aintzinetik begiratu gabe, peperetan zutena errepikatu zuten. Guri bost axola, eta denak irriz hasi ginen.


Horren ondotik, taula gainean
“Quizz” titulupean egiten ari ziren joko hartan, gutaz aritu ziren ere eta hantxe zeuden hiru taldeak guri buruzko galderei erantzun behar zieten. Zer zirkoa! Hor ere guk igorritako fitxak baliatu zituzten galdera haiek asmatzeko, adibidez: Euskal hiru hitz horietatik zoin da musika tresna:gaita, gerrikoa edo Soubelet? Bai, bai,nere izena, entzuten duzuen bezala. Eta haien aintzinean zeukaten zapatzeko borobil hura bi esku pisuz indar lasterrez zapaldurik. “Azkena, azken hori, Soubelet hori” --esan zuen mutil potolo hark. “ Ba ez sentitzen dut, txistua da, Soubelet Begiraleak elkarteko presidentearen izena da” Zer jakin behar zuten gaizoek?

Arratsean, nahiko nekaturik, gure egoitzara iritsi ginen, eta ohe gainean etzanik, lasai egon afaltzeko ordua ailegatu arte. Denek elkarrekin afaldu eta dantzatoki erraldoera hurbildu ginen. Gazteak dantzara joan ziren eta gu garagardo bana hartzera. Eguerdian herrian aurkitu genituen gazte quebekiar independentista batzuk gomitatu genituela oroitu ginen gure parez-pare ikusi genituenean. Han egon ginen Quebec eta Euskal Herriaren egoerak parekatzen garagardo batzuk edaten genituen bitartean.

Giroa berotzen hasi zen eta kolore eta hizkuntza guztietako gazteak dantzan ari ziren. Haien artean Eneko, gure adineko altzatarra, gure taldeko musikaria, han-hemenka, dantzalekutik gure artera. Halako batean zigarro bat ezpainetan (ai, ai, seinale txarra Eneko erretzen hasten denean) gure laguna hurbiltzen zaigu eta frantsesez hasten quebekiar haiekin mintzatzen (ai,ai,ai Eneko frantsesez hasten denean), eta gazte haietatik batek esaten diola: “Et toi que penses- tu de l’indépendance? Eta Enekok- “Non, non moi je danse pas, non, non, moi pas de danse”. Irrifarrak gero eta ozenagoak izan ziren, batez ere, bi egun lehenago Iñakirekin gertatu zitzaiguna burura etorri zitzaigunean.
Trois Pistoles herrian eta kaian barkua hartu behar genuela eta, gure etxeko andereak Enekori esan zion
: “Attention, il ne fait pas beau, prenez le chandail” ---eta Enekok erantzun: “Non, non moi j’ai des souliers, pas de sandales.”
Les sandales eta la danse hitzekin irrifarretan aritzeko parada luzea izan genuen, eta Kebekiarrek gurekin batean.

Hurrengo egunean, gure egonaldiaren barnean zegoen gauza garrantzitsuarenean parte hartu behar genuen, herritik barne talde guztiek egiten zuten ibilaldian, eta benetan harrigarria gertatu zitzaigun.Talde bakoitzak bere orga bazeukan, bere musikariak eramateko orga apaindua, eta haren atzean dantzariak, mundu guztikoak, txuriak, beltzak, horiak, urdinak, kolore guztietakoak. Inguruan jendaldia, goizetik lekua hartzera etorri zen jende amerikarra, mahai eta guzti, han bertan bazkaltzeko material guztia hedaturik, milaka jende, sei edo zazpi lerrotan jarririk, zutik, gazteak, haurrak, adinekoak, zahar-zaharrak, Ameriketan soilik ikus daitekeen espektakulo motakoa. Eta Begiraleak han, jendea gurekin dantza egin zezaten, jauzika, haurren arteko dantza jokoak egiten besotik, biraka, biribilketan jendea dantzan, eskutik, ufaka.Zoragarria! Beste taldeak ezin serioagoak zeuden, haien jakintza erakutsi nahian. Gu, aldiz, herrikoiak, jendearekin bat egiten, kaxkarot martxa airean ala biribilketetan. Gure dantzari gazteei autografoak eskatzen zizkieten eta artista ezagun batzuk balira bezala, hedaturiko paperak izenpetzen zituzten edozen zozokeria idatziz. Ibilaldiak hiru edo lau ordu iraun zuen. Gure gazteak xehatuta zeuden, nahiko unaturik, frango akiturik.

Hurrengo egunean supermerkatu bat animatzera joan behar izan genuen eta Lapurdiko dantzak egin genituen, batez ere, ihauterietakoak, hala nola: “Bizar dantza”. Jendea pozik zegoen, batez ere, bizarginakbezeroari aurpegia bizar saboinez estali zionean. Amerikar umorean ezin hobekiago kokatzen zen txarlotada. Eguerdian, hego-afrikar mahori batzuekin ere jatetxe bat animatzera joan ginen eta azken gaualdi hartan parranda pixka bat egin behar genuela erabaki genuen, denok hainbeste eguneko lanaren ondotik, une gozoak ere noizean behin pasa behar genituelako. Gaueko ordu batean edo oheratu ginen bainan gela hartan zegoen irri egiteko gogoak lo egitera ez gintuen uzten, bereziki Iñaki. Asperturik eta hankekin maindireei ostikoak emanez, ohetik jeiki, maindirea gorputzaren inguruan ezarri eta gelatik atera zen hasarre bezala. Non ote zegoen ez genekien eta bere bila atera ginen. Eta han ikusi genuen, korridore luze haren erdian, mihisi txuri hartaz inguraturik, Ari Krisma baten antzera, lurrean eserita, kitarra eskutan, kantuz, eta eskale bat izan balitz bezala, platertxo bat ondoan. Denak bere inguruan elkartu ginen eta berarekin kantuz hasi. Parean zegoen gelatik italiar batzuk atera ziren, ardo botoil batzuk eskutan ea zerbait edan nahi genuenez. Arras lagunak egin ginen eta goizeko bostak arte haien gelan egon ginen kantuz eta hizketan. Denek izar zigorra jaso genuen.

Biharamunean denak berandu arte lotan egon ziren, Joseba, Mirentxu eta hirurok aparte. Goizeko zortzietan mahoriekin agurtzeko elkartze bat bagenuela esan ziguten eta festibaleko ohiturak dioen bezala opari aldaketa bat. Ni ezin jeikiz nengoen eta hortzak garbitzeko isipua sakelan sarturik bainugelan sartu nintzen, behar nituen gutxienekoak egitera behintzat. Josebak behera tiraka ereman ninduen eta han zeuden denak gure zain. Eskuak tinkatu ondotik hitz batzuk esan zituzten eta niri ere zerbait esatera egokitu zitzaidan. Zer esan ez jakin arren hitz batzuk jariotu nituen, ahal bezain ongi, eta opariak gurutzatzen hasi ginen. Euskal Herritik ekarritako presentak eman genizkien eta haiek guri ezer. Zergatik, aldiz, ez dakit, beharbada mamurru batzuk izateagatik. Ez dakit. Nekien bakarra eta Josebaren irrifarrak salatzen zuena, norbait agurtzeko eta eskua tinkatzeko kadiratik altxatzen nintzen aldiro, hortzak garbitzeko isipua sakelatik ateratzen zitzaidala, zintzilik bezala.

Hango pailazokeriak bukatu genituenean berriz ere gora abiatu ginen, herri hartatik joateko ordua iritsi baitzitzaigun. Pardelak egin genituenean norbait gure bila etorri zen izar bat jaso genuela esanez. Izar Bat? Zer izar mota bada? Zozoak eginez erantzun genien. Autobuserantz abiatu ginen, bainan lehenago beste zerbait bazegoen egiteko, argazkiak. Bat gorriz zegoen Kanadako guardia montatuarekin, besteak beste taldeekin. Irrigarriarena Iker gure dantzariak egin zuena, polizia zaldun bati bere espos-menotak eskatu baitzizkion eta besteak, inoxente, gerritik atera eta eskura eman. Ikusi izan behar zen polizia haren aurpegia, Ikerrek, atxilotzeko esku-gakoak zegoen gain hartatik teilatura botatzeko keinua egin zuenean. Haren bizi profesionala horretan bukatzen balitz bezala, txuri-txuria gelditu zen, sinesgabetua, jasoko zuen zigorraz jadanik pentsatzen. Eta beharrik Ikerren irriak berriro errealitatera ekarri zuela eta eskura esku-gakoak eman zizkiola. Zer patxada berea. Zer lasaitasuna. Denak agurtu genituen, autobusean sartu ginen eta handik urrundu ginen pasa genituen egun miresgarri haiek buruan.

Hamahiru urte iragan eta, berriz ere leku bererat abiatzera erabaki genuen eta gure gazteek berriro halako abentura xelebreak bizitzeko parada ukan zuten.

.