Reavis Moore
Reavis Moore Estatu Batuetako Santa Fe herriko biztanlea da, behin Euskal Herrian aurkitu nuena eta, ustekabean, ene bizitza artistikoari gehikuntza berezi bat eman ziona. 1990eko hamarkadako urria zen eta Baztanen, larunbatero bezala, margolari talde batekin elkartzen nintzen, elkarrekin tinda genezan. Ana Mari Marin, Joxe Mari Apezetxea, Kepa Arizmendi, Jose Mari Rezola, donostiarra, Ismael Fidalgo eta Marcelino Bañales bizkaitarrak, Tomas Sobrino elizondarra eta zortziak. Orduan Hondarribian bizi nintzen eta bertako ezagunek larunbatetako gure elkartzearen berri bazeukaten, margotzeko gogoak astero, kostaldea utzirik, mendi aldera erematen baininduen. Egun horretan ere hantxe ginen eta bakoitzak bere oihala margotu ondotik ErratzukSalaberria tabernan sartu ginen, Teresa eta Juan Joxe jabeekin irri batzuk egitera.
Zer nekien nik, bitartean Reavis Moore gaztea, Amerikak utzi eta Zurichera hurbildu zela bere emazteak hantxe kantaldi bat eman behar zuelako. Bai, folk kantari ezaguna omen zen eta Europan zonbait kontzertu eman behar omen zituen orduan, lehen-lehena Suitzan izanik. Reavis bere senarra produktorea zen, batez ere literatura eta disken produktorea, Mexiko berria estatuan den Santa Fe hiriburuan bere lantokiko zuzendari izanez. Eta emaztea kantuz ari zen anartean, Reavis gogoan zeukan liburuaren gaiaren bila zebilen, Europan berak hautaturiko margolariei buruzko eskola liburua idazteko, omen. Baina ez ohiko liburua... Jadanik "Rainbow Warrior" izeneko produktore etxearen jabea, gizon nahiko berezia zitekeela zerakusan, ezkertiarra, ekologista, bitxia, amerikar bat izaten ahal den neurrian bederen.
Danimarkan egon ondotik, Irlandara abiatu zen artisten bila, bere arte orriak bazka zitzaten. Eskola liburu bat idazten ari omen zen, sorkuntzari buruzko liburua, sormenaren oinarrietan finkatua. Bidaia ahal bezain merke egin nahiez, trenez edo auto-stopez zebilen eta misterio sakon batengatik, patuak Hondarribiraino ereman zuen, ustekabean, eta hantxe ene ezagun batzurekin kasualitatez topo egin omen zuen, (oraindik ez dakit nor izan ziren). Haiekin hizketan hasi eta margolarien bila zebilela aipatu zien, liburu bat idazten ari zela esanez eta norbaitekin topo egitea gustatuko litzaiokeela.
Eta nola diren gauzak, nere ezagun omen ziren bere solaskideek esaten ziotela larunbatetan Baztanen margolari tropa bat biltzen zela elkarrekin tindatzeko eta harantz abiatuz, zorte pixka batekin topatuko zituela....
Biharamonean eta urriko larunbata arrunta izanez, hantxe ginauden beti bezala margotzen eta Reavis Moore, Behobiako bidean auto-stopa egiten hasi zen. Baztan alderantz abia zedin, bigarren zorion izugarrizko handiaz, bere aurrean gelditzen zitzaion autoa, gure tarteko margolarien seme batena izan baitzen, Txetxenkorena, Joxe Mari Apezetxearen tindakidearen semearena. Autoan sartu eta zuzen- zuzen Erratzuraino ereman zuen, taberna haren ateraino, hauxe esanez: "E aita, hemen duzue auto-stopean hartu dudan fenomeno bat, margolarien bila omen dabil, hor uzten dizuet, bale adio!" eta amerikar ezezagun hura ostatu haren atean bakar- bakarrik, norekin mintzatu behar ote zuen ez jakinez.
Hurbildu nintzaionean berehala gure hizkuntzaz ez zekiela ohartu nintzen, ez euskaraz noski, baina ezta espainolez edo frantsesez ere, ingelesez baizik. Sagardo bat eskaini genion eta denekin solasean hasi zen, keinuz, inork ez baitzuen ulertzen esaten zuena. Eskerrik neronek ingelesa apur bat banekiela eta berarekin solasteko ahalmena ireki niola, nahiko ongi biak elkar ulertuz. Eta hortxet jakin nuen liburu bat egiteko asmoa bazuela, margolariei buruzkoa, Danimarka eta Irlandatik zetorrela eta azken artista bat behar zuela aurkitu Zurichera itzuli baino lehen. Berehala Soubelet ea ni nintzen galdegin zidan, Hondarribian nitaz mintzatzen entzun baitzuen. Nik baietz esan nionean, aski pozik agertu zitzaidan, bere liburuaren azken kapituluaren hastapena jadanik idazten hasia izanen balitz bezala.
Beste guziak laster etxerat joan ziren bazkaltzera eta nola ez, ni harekin soilik utzi ninduten. Zer egin? Zorionez, larunbata horretan Elizondoko "atso ferien" eguna baitzen eta harantz abiatu ginen lagunekin egon gintezen. Halakorik inoiz ez baitzuen ikusi, harriturik zegoen begi aintzinean zabaltzen zitzaizkion guziekin, hazienda feria galanta, behi, ardi, txekor, ahariko, ahuntza eta guzi. Artisaugintzako postuak ezker-eskuin, gasna egileak, txorizo saltzaileak, patxaran ekoizleak, arotzak, zurginak, arileak et nola ez, ohiko mairuak eta beltzak, haien lepoko eta eraztunak mahai gainean salgai. Euskal musika dendak, arropa eta gozoki saltzaileak, eta nola ez beharrezko estalki eta paisol saltzaileak, Elizondoko larunbateko "atso ferian" ohitura hori baitago eta ez da familiarik ohe estalki bat eta guardasola erosten ez duenik. Gure amerikarrak gure ohiturak laster ikasi zituen eta tabernaz taberna egin genuen poteoan ezin gusturago sartu zen, gu baino aise lehenago muturra beroturik, ohitura eskas noski. Eskisaroira bazkaltzera joan ginen eta hantxe kantuz bukatu genuen.
Abenturazale hura etxerik gabe zegoela berehala nabaritu nuen eta hotelik hartzeko asmorik ez zeukala ere bai, beraz orduko Arraiozko ene etxea eskaini nion hantxe lo egin zezan. Nahiz eta bestondo hiltzailea ukan, biharamun osoa nere tindurez solasean aritu ginen, argazkiak harturik, nerau tindatzen ikertuz eta liburu hartan agertu behar omen zuten derrigorrezko argazkiak ateraturik. Ni, egia esateko, ez nintzen sobera fido eta haren solasak ero solastzat hartzen hasi nintzen, bitxia egiten baitzitzaidan Santa Fetik, Zurichera joatea, eta handik neregana iristea, ustekabean, bere liburuan ager nitzan. Beste egun oso bat elkarrekin iragan genuen eta bertako ixtorioak kontatzen hasi nintzaion, mitologiazkoak ala ohitura zaharrekoak eta infernuko errekara ereman nuen hura guzia irudika genezan. Igande osoa halaxe iragan genuen, ipuinez ipuin, kontakizunez kontakizun, eta astelehen goizean, Iruneraino eraman nuen, trena har zezan, eta hantxe, ez dakit nondik ezagutzen zituen bi neska bilbotarrekin topo egin genuen, bere liburuko argazki batean agertzen diren bi neska lirainak. Muxuka aritu ziren eta ulergabeko ezagutze hura, jadanik honeraino etorri zela frogatu zidan, ala neska hura Zurich, Santa Fe edo munduko puntaraino behin edo hurbildu zitzaiola? Zer dakit nik, baina nahiko ezagunak ziren halako musutan aritzeko.... Handik lekutu zenean bi bilbotar euskaldunak agurtu nituen eta handik lekutu.
Paris aldera trena hartu zuenetik ez nuen bere berri gehiagorik izan. Zalantzarik gabe espantu bat edo, Hegoaldean dioten bezala, aprobetxategi bat izan zitekeela pentsatu nuen, baina berdin zitzaidan, asteburu hura nahiko gozoki pasatu bainuen. Behin eta bi urte iragan ondotik, postaz, pakete bat etxera iritsi zitzaidan, Ameriketatik igorria. Aspalditik ahantzi nuela Reavis Moore haren existentzia, baina egun hartan paketearen estalkia ireki nuenean, orduan esan zidan guzia egia zela ohartu nintzen, benetako liburu bat esku artean nuelako, "ARTIST NATIVE OF EUROPE " titulupean idatzi zuen arte eskola liburu bikaina: "What's creativity" hitzekin hasten zen liburu harrigarria, nere aldeko eskaintza idatzita eta guzti. Eta hantxe, argazkietan zagerien irlandar haren margo obrak alderdi horietatik egiazki ibili zela erakutsi zidan, baita ere danimarkar baten artegintzak Europako iparretik orduan iragan zela ere, eta ni, Basque Country izenpean, hantxe tindatzen, bospasei erreportaia luzeen artean, eta harrigarriarena, ene irudia, tinda paleta bat eskutan, liburuaren lehen orrialdeako argazkian. Baldigarria! Benetan baldigarria!
Patua badela derakusan ixtorio honek Estatu Batuetako "Mexiko berria" estatutik Euskal Herriraino iritsitako gizon hark gogoan zeukan arte liburua gauzatu zuela erakutsi zidan eta kasualitateak bultzaturik, egun horietan berarekin atsegina izateak bere ondorio eskergarriak ekarri zizkidala ere bai.
Horra hementxe liburuaren lehen orrian dagerren argazkia eta Artists native of Europe liburuaren estalkia.