Euskal Herria
Infernuko atea itxirik zegoen,
urte askotan erabili gabekoa zirudien,
gakoa ta zerraila erdoildurik baitzeuden,
Luziferren ahotsa kanpotik entzuten nabarmen:
Noiztik ari dena deika? Nik ez dakit bederen,
bainan barnetik helduriko bozek oihuak ziruditen,
Zesar, Athaulf, Alarikenak garbiki entzuten,
Clovis, Carlo Magno, Abd el Ramann, Fernando, Isabelenak aditzen,
Henrike nafar hirugarrena, laugarretan frantsesten,
Napoletxar, Ferry eta Robespierre, garretan Le Monde irakurtzen,
Isabel, Cristina eta Espartero oraino Marotoz trufatzen.
Franco eta Léon Blum eskua tinko ematen,
Petain, Hitler eskuz esku, Vichyko ura edaten,
De Gaulle, eta Pompidou bosgarrenean errausten,
Mitterand bere ukapen eta gezurrez damutzen,
Gonzalez, Rubalcaba egarriz, Coca Gala beltza edaten,
Chirac, Suarez eta Giscard berbenan soinu demokratikoa jotzen,
eta denak harriturik atea ez dela irekitzen
Dantzan Aznar, Rajoy, Zapatero, Sarkozy, bildotsez mozorrotzen,
bizia zalantzan, sutan kiskaltzen ari direla daude oihukatzen,
« Non, basta », ez nauzuela erre, torturarik ez hemen,
« Denak aitortuko ditut nik ere », garrasia entzuten
eta aho batez, kanpotik diogu, gezurra dutela asmatzen
eta Garzon deabruaren zerbitzariari, aginduak dituela segitzen,
ondoan dauden guziak irriz berari eskerrak eskaintzen.
erretzeko denbora iritsi zaiela ez dutelako sinisten
Eta ni atean, ezin sarturik, ez nautelako entzuten,
agian ene helburua infernua ez delako izanen,
euskal gazteria nerekin dago kontzertuko atea bultzatzen,
kalimotxoz, lejiaz eta sagardoz sarratean kantatzen,
inork ez dielako atea irekitzen, agian ez merexi omen,
agian haien helburua infernua ez delako izanen,
agian ETAren aginduak inoiz ez zituztelako segitzen.
Hainbeste mende nere aurka denak ari elkartzen
bainan ezin ito, ezin erail, mendez mende beti irauten
eta euskaraz mintzatzen, euskaldun izaten,
lezeetatik itsasora etorri bainintzen,
menditik jetsi ta ordokia egoitzatzat hartu nuen
Eta geroztik Euskal Herria euskarak eraiki zuen.
Eta geroztik euskarak Euskal Herria ernatu zuen.
Hizkuntzak baitu herria tinko, tinko tinkatzen.
hizkuntzarik gabe gizarik ez inondik ere hozitzen,
euskara izan dadila betiko gure ama ta adimen,
arrotzek inbasioei esker, gu ukatu, oroitzapen!
Gure historia haiekin baizik ez dela hasten omen
bainan badakite betiko herria inork ez duela suntsitzen
badakitelako Euskal Herria euskaldun dela izanen.
Infernuko atea irekirik zegoen
denak erre, denak errauts, usain txarra baitzegoen,
izaera egoera berriak sartu diela onartzen.
Sua ere ados baitago nahiz eta ez barkatzen,
infernua paradisua betiko dela bilakatzen
eta hizkuntza ofiziala euskara bihurtu zen.
Esker mila Luzifer, Satanas, milesker ta miresmen,
ea orain gaituzten zinez denek pakean uzten.
Infernuko atea itxita baitago,
Euskal Herri gurea betiko arrago,
nahi duena orain joan haratago
etor dadin gurekin, euskara han dago.