29 begoña- oroitzirriak

Begoña

 

Herri txiki guztietan, batez ere Nafarroan,denda zahar bat izaten zen,herriko denda bakarra.Arraizun behintzat bai eta gainera kooperatiba deitzen zuten gure etxearen parean zegoen etxe funditu hura.Orain landetxe txukun bat bihurtu dute,txuri txuria eta barnizez tindatutako zur kolorezko ate eta leihoez hornituta. Itsusia.

Herri gehienetan bezala emazte batek dendaren ardura zeukan eta bertakoa Begoña genuen,andre potol bezain azkarra,amantal zahar batez estalita eta betaurreko lodi lodiak sudurraren gainean bere begi hauntuak izkutatzen zituztenak.Nahiz eta anteojoak ukan,ez zuen ongi ikusten eta dendan salgai zeukan edozein etiketa irakur zezan, itsu baten pare hurbildu behar zitzaion muxukatu nahi izan balu bezala.Bere alde, munduan dagoken gauza garrantzitsuarena bazeukan,onezia,bihotz zabaltasuna, eta zerbitzaltasuna, mugagabekoak.

Eta zer pazientzia.Harrigarria,bereziki denda hura ostatua zelako eta ez dut aipatu nahi hartan jasan zituen guztiak,mozkor andana haren gehikeriak,batez ere herri hartan biltzen ziren herriko hordi pisu haienak:Martin,Miguel Beltza,Jakes,Andoni... eta beste hainbeste.

Halere,beti fabore bat egiteko prest zegoelako Begoña denek maite zuten.

 

Kooperatiban denetatik aurki zitekeen,Elizondoko ia denda guztietan aurki zitekeen gehiena.Drogeria batean atxeman zitekeena,mertzeria batean aurkitzen ahal zen guztia ,elektrizista tailer batean edo fruitu eta egali denda batean atseman zitaikeena,gainera euliak opari.Denetatik!Bai jatekoa,edatekoa,konpontzekoa, edo jostekoa,bai garbitzekoa ere,han ez zen ezer falta.Egia aitor baneza garbitasuna ez etzuen bere grina haundiena

eta euli eta kukuxuen artean bizi daitekeela bere bizi guzian erakutsi zuen Begoñak.Begoña eta ulien arteko harremana berezia zen,bere bizi guzian haien hiltzeko entsaio berriak ekartzen baitzituen, betiko zinta hori bezain eransle hura, zintzilik euliz beterik egoten zena edo DDT bonba zaharra,likidoz betetzen zena eta kolpeka bultzatzen eta botatzen zena edo berriki, spray automatiko bat bere likido airetua botatzen zuena euli bat hurbiltzen zitzaion aldiro,ohartu gabe baso bat edaten ari zenari aldiro flit nazkagarri hura aurpegira iristen zitzaiola.Oroitzen ez naizen beste hainbeste entsaio guzti haien gainetik,kooperatibak euliz beterik segitzen zuen.

Nola ez!Atzeko aldean ate-oihal zoldatu baten gibelean ,ustez eta ongi babesturik izan,txerriak zeuzkan,txerri zikin bezain usaintsuak,eta ondoan untxiak kaiola urde bezain funditu batzutan preso.

Dena den, Begoña hala zen eta denek maite genuen.

Denda horretan beraz,denetatik bazegoen ,telefono publikoa,hil pausatokia,batez ere herritik urrun bizi ziren bordariendako,butanoa eta farmazia ahantzi gabe...

Behin,berrogeita hamarreko hamarkada hartan,frankismoak herriak pobrezian sartu zituelarik,gosea eta eskasia jabe zirelarik, zornez estalitako zauri itsusi bat zeukan herriko bordari bat ekarri omen zioten,dendan medikuaren zain egon zedin.Arras gaizki ezarri omen zen eta norbaitek penizilina beharko zuela esan zuen.Medikua ez zen heltzen.Penizilina eskas zen denbora hartan eta denen harriduraz,Begoñak halako zerbait bazeukala erran zuen eta zikinkerien artetik atera zuen penizilina garbi haren zizteko bat jarri zioten.Hala zen denda hura,misterioz beteta.

Gure etxearen parean genuen eta han gertatzen ohi zen guztia beti hurbil hurbiletik bizitzen genuen ,beti etxeko norbait kooperatiban zegoelako,osaba Jose Mari baso pare bat edaten ari zena edo etxean zerbait eskas zegoenean mandatuak egiteko borondate onez karrika gurutzatzeko beti prest zegoena.Gu,gazteak, Begoñaren semeekin jostetan edo musean edo solasean aritzen ginen ala gehienetan bezala,han deus egin gabe,egonean,egon lasaiean.Gure bigarren egoitza baigenuen.

Andere hark gugan konfiantza asko zeukan,batez ere nigan behar bada herrian besteak baino gehiago egon nintzelako,ez dakit.Egia da geroxago bertako neska batekin ezkondu nintzela eta han bizi izan ginela.

Beti oroituko naiz nola egun batez bere ipurdi txuria erakutsi zidan!Eta ez nintzela hain haurra.Gainera nik uste dut,bere senarraz aparte Begoñaren ipurdia ikusi duen gizon bakarra izan nintzela,ezta medikuak ere..

Ezkondu ondotik emaztea eta biok bolada batez Arraizun bizi izan ginen,hogoita bi urte genituelarik .Behin etxean ginaudelarik,Begoñaren etxera zerbaiten erostera abiatu nintzen emaztea bakarrik etxean utzirik.Dendan sartu orduko Begoña gaizki ikusi nuen,maingu eta aurpegi txarrarekin.Hirurogoi bat urte zituzkeen orduan .

“Bego,zer duzu ba,ez zaude ongi?”kartsuki galdegin nion .Ez nekiela zer gertatu zitzaion ?harriturik erantzun zidan ,etxeko eskaileko paretak txuritzen ari zelarik , zurubiak irrist egin eta buruz behera eskaileetan behiti erori zela aitortu zidan.

Nola egon zitekeen andere hori halako lanetan semeak eta senarra hor egonda,deus egin gabe,solasean,nola egon zitekeen erdi eroriak zeuden eskaila horiek txuritzen familia guztia ezer egin gabe hortxe egonda.Begoña hala zen eta erremediorik ez zeukan.Berak egin behar zituen eta kitto!Eta erori,zurubia eskaileetan ezarri ,lerratu eta gure Begoña beheraino botatu.Ni behar den bezala kontura nendin,bertaratu egin ninduen eta eskailek zeukaten erdibideko pausalekuraino ereman eta erakutsi.Hemen zurubia paretaren kontra ezarri zuela,hor kisu potea zintzilka azken mailatik zeukala,han argia pizteko botoina erdi hautsirik zegoela,eta bera zurubiaren gainean pareta txuritzen hasia.Hori guztia adierazten ari zitzaidalarik bat- batean esaten dit:

”Beno Xabier zu ezkonduta zaudenik berdin zaizu,beraz begira,erakutsiko dizut”…eta hara bere gona zaharra goratzen didala bere ipurdi xuria erakutsiz, mazel esnetxu haietan zeukan more kolorezko kolpea agerian utzirik. Zer inpresioa. Harrigarria!

Haragi potol txuri txuriaren erdian more-urdin ipurdi gizen hura ,kulero urdin ilun batez hornituta.Zer espektakulua!!Begiak borobildurik neukazkien,harriturik!

Eta bera solasean:

“Ze kolpea e Xabier ?”,”Ez dakit nola ez naizen hil”.Eta keinuz erakusten noraino erori zen,zurubia nola gelditu zen ,kisu poteak eskaila guztia nola txuritu zuen ere.....

Zer ixtorioa,eta ni irri egiteko gogoz,nahiz eta ezkondurik egon....

Hori izan baitzen politena,ni ezkonduta izateagatik ipurdia erakutsi zidala.

Pentsa zer farrak egin genituen emazteari kontatu nionean .Begoñaren ipurdi gizena ikusi nuela,senarraz aparte inork bizian ikusi ez ziona.

Ba Begoña hala zen eta denek maite zuten.Ni biziki maite ninduela horretan ere nabaritu nuen.

Bi mila ta seiko urri honetan oraindikan bizi da ,larogeita ez dakit zenbat urte izango dituen,larogeita hamarretik hurbil ,denda zahar hartatik bota zuten,jabeek bizitzeko behar omen zutela.Lehen maisterrak zirenek beste denda berri bat erosi eta modernoagoa muntatu zuten ,gaur egun Fidel semeak erematen duena.

Atzeko partean ama han dauka ,sukaldean,bere oinak ur berotan sartutak, aspalditik daukan flebitisa arintzeko gisan edo beti bezala hango sukalde txikian txistorrak,saldak,bustiak eta berak bizi guztian izan dituen espezialitateak egiten.

 

Xubiltz