11 Bisita bitxia- Oroitzirriak

Bisita bitxia

 

Nere emaztearen aita Joxe deitzen zen eta gerla zibilaren ondotik frankismoak egiten zituen garbitasun horietako batetan Madrilera kartzelara ereman zuten,mugaz beste aldera jendea pasatzeko akusazioaren pean.

Hango zulo beltzean urte andana bat igaro zuen eta gehienak inkomunikaturik berarekin bere lagunak Barriola Donostiko medikua eta Azpiazu gipuzkoar apeza zeuden bezala.Beste preso euskaldunak bezala bisitarik eukitzeko eskubiderik ez zeukan eta egun hartan harritu zen biharamunean norbaiten bisita jaso behar zuela eta.Nor ote zen ?Nehork ez baitzuen halako dretxorik.Bere burua dantzan ezarri zuen eta ezagutzen zuen jende garrantzitsuaz pentsatzen hasi zen.Hemengo apeza edo horko jauntxoa ?Hango diruduna edo bertako militarra ?Beste horko edo hango ahaidea? Batere ez zekien.

Bazekien bakarra han sartzeko eta bisita bat lortzeko,influentzia handia izan behar zela.Eta Madrilera joan,hura ez baitzen txantxetakoa ,Euskal Herritik etortzea ,Madrileko presondegi batean zegoen norbait ikustea ez zen denen eskutan egoiten ahal.Bainan besterik ez zitekeen,Euskal Herriko norbait izan behar zela baizik,Madrilen eta inguruetan ez baitzuen inor ezagutzen.Burua itzulipurdika zeukan.

Kartzelako guardei galdezka egon zitzaien bainan debaldetan.Batek antxarat bidaltzen zuela, besteak erantzunik ematen ez ziola,beste hark kolpe batez erantzuten ziola eta azken hark berak ezer ez zekiela erantzun ziola.Mixterio huts hartan gau guzia iragan zuen,ezin lorik egin.Berriz ere,hura txantxetakoa ez baitzen.

Biharamun goizean jeiki zenean dardar pilpilean zegoen .Bere ziegaren bakartasunean une zehatz haren zai egon zen,zer ordutan bere bila etorriko ziren ez baitzekien.Mintzatokira eremango al zuten ?Patioan elkar ikusiko ote zuten ?Nola demontres gertatuko ote zen ?

Goiz guztia halakoetan iragan zituen eta eguerdi baino lehen galdera guziei erantzuna eman zien.

Bat-batean soinu berezi batzuk korridorean entzun omen zituen eta jendeen arteko solasak.Berehala beretzat zetozela jakin zuen eta igarri .Burdinezko ate pisu haren gakosoinuak urduritasun beterik ezarri zuen eta ohiko guardak atea ireki zuenean kartzelako kapellan apeza ikusi zuen eta berarekin hain urduri espero zuen bisita,Erratzuko Boselia izeneko kontrabandista laguna.

-Aqui tiene una bisita,esan zion guardak

-Hola Joxe,aspaldikoa que tal estas?Euskaraz mintzatzeko debekua jaso baitzuen.

-Boselia,que tal estas?Y como has podido venir hasta aqui?

 

Omonier apezaren adiskidea zela esan omen zion eta bisita egiteko baimena eman ziotela ere.

Inkomunikaturik zegoela esan zion Joxek eta ea nola egin zuen hau guztia ardiesteko?

Ba zuzen ez zekiela bainan hari esker lortu zuela.

Mementu goxo bat elkarrekin pasa ondotik Boselia kartzelatik jalgi eta urte batzuetako ziega hartan bere laguna Joxe utzi zuen.

Bere bakardade hutsean berriro erori zen bainan pentsagai berri hori esker denbora murritzagoa egin zitzaion.

Nehork inoiz lortu ez zuena Boselia kontrabandista hark lortu zuen,eta eskertzekoa zen.Eskertzekoa Joxetaz oroitzeaz eta bisitatzeko baimena eskatzeaz,eskertzekoa ere hainbeste denbora galtzeaz eta Madrilera hortara etortzeaz.

Kartzelatik atera zenean Joxek ixtorio hori beti kontatu izan du,nola podere handiaren gainetik,lege eta arau guztien gainetik herriko kontrabandistak berari bisita egitea lortu zuen.

Baztan kontrabandisten eremua zela Koxek ere bazekien bainan hainbeste ate Madrilen irekitzeko ahalmena izatea ez!