07 hirurogoita zortziko maiatza- Oroitzirriak

                                                                                                                 68eko maiatza

 

 

1968eko maiatzaren ikasleen iraultza izan zenean hamabost urte nituen eta Saint Bernardeko barnetegiko giroa pilpilean zegoen.Berriak zehazki segitzen genituen ea eskola madarikatu hori abandonatzeko parada agertzen zitzaigun.Nahiz eta jakin mugimendu hori unibertsitateko ikasleena zela,gure ateratzeko gogoa hain haundia zen, jadanik gure burua kanpoan,libro, ikusten genuela.

Urte hartan nere hirugarren kurtsoa errepikatu nuen eta nere desesperazioa izugarria zen,beste urte bat gehiago hantxe preso bete behar bainuen, bainan urtea jadanik osoki iragana zegoen eta ekainako oporrak gainean genituen.

Pariseko Sorbonan itxialdiak egiten zituzten,karrikan animaleko manifestaldiak baziren,poliziari harrika aritzen zitzaien,sindikatuek ikasleen urratsa hartu zuten,mugimendua beste hirietara hedatu zen eta Baionan ere, zerbait gerta zitekeenaren zain ginauden.Gure eskola pribatuetara zerbait iristeko Jaingoikoa fedegabetu behar zela bagenekien eta gure greba egiteko aukera txikia zen.Beharrik ikasle haundienak higitzen hasi ziren eta lainopetan zegoen zeru hura argitzen hasi zitzaigun.

Gure aukera haundia ez zen,txikien sekzioan ginaudelako eta nere errepikatzearen horretaz bihotzez damutzen hasi nintzen,haundien sekziora pasatu gabe,txikien azken sekzioan gelditu nintzelako.Halere nere lagun guziak goikoan zeuden eta bien arteko lotura egiteko presuna egokiarena ni nintzen.

Saltsa muntaturik hasita ikusi genuen ostegun arratsalde batez Marracq lizeoko ikasleek ,inor sar ez zedin, eskolako burdinezko sarratea katez itxi zigutenean .Orduan ,ostegun arratsaldea libre genuen eta barnetegian ziren gehienak etxerat ateratzen ziren ,urrun bizi ziren ikasleak eta ni baizik.Ostegun arratsalde batez katearen ekintza hori eginez aski ongi bazekiten pentsionerrak kanpoan zirela eta bostetako itzuli behar zutela. Atea zeratuz, bordela muntaturik zegoen.Ni barnean nintzela aldiz ez zekiten eta kartzela hartan gakotzen nindutela ere ez. Arratsaldeko bostetan,sarratearen aintzinean izugarrizko auto lerroa egin zen,gurasoak bertan ezin sarturik baitzeuden.Berebiletatik atera ziren ikasleek tropa alai bat osatzen zuten eskolara sar ez zitezkeela ikusirik.Barnean eta atearen inguruan bildu ginen pentsionerrak oraino tropa alaiagoa egiten genuen,larderiaren aurka modu horretan altxatzea txantxetakoa ez baitzen.

Azkenean « Ducul » gure prefeftoak eskolako langileei kate haiek pika zezaten manatu zien eta animaleko aistur batzukin traba hura moztu zutenean saltsa guzia bukatu zen.Halere,ez osoki,nahas mahas hark giro berezi bat sartu zuelako eta grebaren lainoa gure buruen gainean senditzen hasi ginen.

Asteburu hartan gauzak biziki okertu ziren Parisen eta beste hirietan eta mugimenduak indar ainitz hartu zuen.Iraultza hurbil zegoen.

Gure sekzio haundikoak hortan hasi ziren ere eta egun hartan tirrinta moduko txistuak jo zuenean ez ziren geletan sartu.Konspirazio hartan nik ere parte hartu nuen eta errepikaria izanez, bi sekzioen arteko lotura egiten nuen.Gure hirugarren kurtsokoei handien xedea adierazi nien eta gure arteko larderiaren aurkakook guk ere gauza bera egin behar genuela hedatzen hasi ginen.Txistu mehatsutzaile hura joko zuenean zer gertatuko ote zen denak haiduru ginauden.Zer igurikatze urdurigarria,denak zainbera ginauden,txistuaren beha,keinu ozen haren zain.

Bat-batean bere ohiko kaiolatik Ducul bildurgarria atera zen eta bere ezpain mazelak haunturik,kirol epaile moduko txistua gogorki jo zuen,denei mehatsu bat egin baligu bezala.Handiak mugitzen ez zirela oharturik,urrundik prefektoak txikiei aintzinera segitzeko ohiko keinua egin zigun eta hor ginauden buruak eta isilka denei esaten genien inor mugitu ez zela behar.Eta hala izan zen.

Dardarez beterik nengoen,egoerak hark izialduraz betetzen ninduelako .Bakarra ez nintzen,nere inguruko guztiak berdin ikusten nituelako.Ducul berriz ere bere kaiola hartara sartu zen eta zuzendaria berehala hurbildu zitzaion.Oren erdi baten buruan biak agertu zitzaizkigun.Bere boz sudurkari haren bidez,Ducul prefetak sekzio handikoak etxera joaten ahal zirela adierazi zuenean denek bota zuten oihu salbagarria ezin ozenagoa izan zen.

Eta txikiekin zer ?Laster jakin genuen eskolatik ateratzeko baimena ukan genezan ,gurasoei telefonoz deitu behar geniela eta gure bila etorri ezkero, etxera joateko aukera irekitzen zitzaigula.Gure arteko urduritasuna orokortu zitzaigun,inor deitzera ez baitzen ausartzen.

Gu,Donibandarrak Alain lagunaren aitarekin joan etorriak egiten genituen eta hala luzatu genion ea bere aitari gure bila etor zedin deitzen zioenez.Burutik joanak ginaudenez erantzun zigunez,beste irtenbide bat atxeman behar genuen.Nere aitarena pentsaezinezkoa zen,beste birena berdin, Nano Péréren aita baizik ez zen gelditzen.

-Hala Nano,zure aitari deitu iezaiozu,isilka esan nion .Ezetz zioen.

Bitartean Ducul prefektoak harro harro greba egin nahi zutenek urrats bat aintzinera eman zezaten esan zigun.

Guri jadanik hobekiago iduritu zitzaigun ezer ez genuela esan behar eta hitza hartzea zailena genuelako .

Nere aurrean zegoen Nanori belarrira urratsa eman zezan errepikatzen ari nintzaion bainan bildurti bat zen eta ez zen ausartzen.Inguruan zeuden Donibandarrak aholku beretan hasi ziren,berak urratsa eman behar zuela,bainan ez zuen nahi.

Bat-batean eta hitzekin ez genuela deus ardietsiko oharturik,bizkarrean bultzakadatxo bat eman nion eta nahita ez urrats fatidikoa eman zuen.Hura ikusiz prefektoak esan zion :

-« Jaun Péré greba egin nahi duzu ? »

-« Ez ez nere anaia,aitari bakarrik deitu nahi diot. »luzatu zion.

-« Zato nerekin bada » eta eremu haundi hura gurutzatuz,bere kaiolarat ereman zuen aitari telefonoz dei diezaion.

Gure lerroetan isil isilik ginauden ea gure pareko gelatxo hartan zerbait erabakigarririk gertatzen ote zen.Zerbait ongi bagenekien,bere aitarenganik Nanok animaleko zanpaldia hartuko zuela,maiz jotzen baitzuen .

Ducul prefektoak telefonoa hartu zuen eta Nanori tresna pasatu gabe, bere aitari deitu zion.

« -Jaun Péré,zure semea grebalari bat da.Zato bere bila. »

« -Monsieur,votre fils Jean est un gréviste,veuillez venir le chercher .»Eta telefonoa Nanori pasatu zionean isil isilik modu horretan urrundik ikustea bere aita oihuka zitzaiola bagenekien.Semeak esan zion bakarra eta desenkusatzeko moduan gu denen bila etorri behar zuela,Donibandarrek ez ginuela etxera joateko beste modurik eta bere zain ginaudela.

Deia bururatu zuenean,Nano gaixoa gure lerroetara itzuli zitzaigun,mazelak puzka haunturik eta eskuak arinki higituz, pasatu zuena izigarria izan zela adierazteko gisan.Bibaka aritu gintzaikion.

Oren erdi batean aita iritsi zenean oraindik denak kanpoan ginauden eta Ducul gogor hark Nano deitu zuen.Izialduraz beterik bere aitari hurbildu zitzaizkionean gure bistatik urrundu zitzaigun eta eskolak zeukan mintzategira sartu ziren.

Gertatu zenaren berri eman zigunean igurikatzen genuena izan zela baieztatu genuen,bere atzetik mahai handi haren inguruan lasterka ibili zela,Nano zalu ihes egiteko asmoz eta aita gibeletik zanpateko bat eman nahiez.Azkenean kolpez josi zuen eta Nano gaizoa gureganatu zenean ,irrinegarrez,joateko baimena bagenuela esan zigun.Hura egia ez zela iduritu zitzaigun bainan Ducul hurbildu zitzaigunean eta gauza bera esan zigunean,Nanori esker handienak eman genizkion.

Gure aferak har genezan barnetegiraino joan ginen eta zakuak lehenbailehen eginik eskailetatik behera autoraino abiatu ginen.

Donibaneko bidean Nanoren aitari gure errua izan zela esan genion,bere semeak guregatik behar zen urratsa eman zuela adierazi genion.

Biharamunean eta egoera hobetu arte eskola guzia itxi zuten.Denak etxera sartu ziren,barnetegitik urtean hiru aldiz baizik ateratzen zirenak barne.Burdinezko atea legezko katez itxi zuten eta 68eko maiatz hura hala iragan genuen.