Ama berria
Ama berri bat izatea ez da txantxetakoa. Izan daitekeenik ez dakit ere. Nere aitaren arabera bai, hala galdetu baitzidan berriro ezkondu zenean:
Ama berri bat nahiko zenuke ? --erabili zuen esaldia betiko gogoan zizelkatu zitzaidan. Zer nekien nik? Amarik ez nuela bai bainan zer gehiago? Hamar urteko haur bati galdera hori egitea, legezkoa ote da? Eta ezetz erantzun banio. Total, espero zuen baietza aditu zuen. Bestela ez zidan halakorik galdegingo, ezta?
Nere amaren familiari, aldiz, ez zion ezer galdetu, ea iloba ttiki berri bat nahi zutenetz edo koinata berri bat? Deus ez! Aitak erantzuna jaso aintzinetik bazekielako isiltzea hobe zuela. Gainera, tripa haunturik « ama »berri hura ikusi zutenean, amaren senideen erreakzionea bortitza izan zuen, gure familian halakorik ez omen baitzitekeen.... Nik nere aitaren urratsak segitu nituen eta denak etxe berri batera bizitzera joan ginen, ama berria, Teresa, neskato zintzoa, eta kozkortzen ari zen ninia. Teresa gaixoak etorberri haiek ez zituen batere soportatzen, ama hil zenetik nere aitaz maitemindurik omen zegoelako, eta berak ezkontzeko bide guziak itxi omen baitzizkion. Etxean, andre horretaz dudan azken oroitzapena Kennedy erail zuten egunekoa da, tripa barnean gozoki zegoen nere anaia egun berean sortu baitzen eta Teresak garrantzi gehiago Kennedyri eman ziolako Arnaud izeneko sorberriari baino.
Ama berria Anne Marie Kankail deitzen zen, izen frantsesa omen, eta Arnaud sortu baino lehen, behin, Mami deitzen genuen nere aitaren familiko amatxiren etxean, era bitxi batez ezagutu nuena. Nik orduan hamar urte nituen, bost ama joan zitzaidanetik, eta nere bihotzeko bizia amaren aldeko familiarekin negien, Amatxi eta Txitxi adineko izebekin eta noski Teresarekin. Nahiz eta trastu zirtzil bat izan, beti ongi jantzirik eta orraztaturik ninduten, hartaz entsaiatzen ziren, bederen. Horrelako gauzekiko gorrotoa hortik jaso dudala uste dut. Egun hartan, arratsalde guzia lagunekin pasa ondoren, aitak emandako hitzordu garrantzitsura abiatu nintzen, jostetan aritzeagatik nahiko zikina, ezker belauna odoletan eta zapaten lokarriak dotore-dotore lotuta baina ez ohiko lokarri haritsuez koropilatuta. Nola ez gogoratu arren, arratsalde hartan oinetako baten lokarri bat hautsi zitzaidan eta halako hitzordu elegante batera joateko, buruan sartu zitzaidan nunbait sokatxo bat aurkitu behar nuela berriro zapatak lotu nitzan. Pentsa zer irudia ukan zuen nitaz Kankailu hark ene tenis zikinak soka batez lotuta sartzen ikusi ninduenean. Lehenbiziko elkartze hura gogoan pil-pilean daukat oraindik, nere aita parez-pare nere zapatei begira baitzegoen, lotsaz beterik, Teresa eta etxeko beste emakumeen aurkako pentsamenak agerian, zerbaiten hobendun izan balira bezala. Eta Kankail moko mehe hura bere frantses zerratuaz, apain-apainik, panpin dotore baten antzera. Zer nazka! Hari, itxura baizik ez zela, nabaritzen zitzaion, funtsean itsus-itsusia baitzen, ile lasto kolore luzeez hornitua, behor baten antzeko aho zabal-zabala eta zer zangoak! Luze bezain argalak, ziri batzuen antzekoak. Beharrik barnekoa oraino ez zitzaiola ikusten, ez umegaia ez eta bere muin eta sentimentu murritzak ere. Barkatu aita!
Ni handik ateratzeko gogoz nengoen, lagunak nere zain baitzeuden eta lehen aurkezpena eginik, han barnean ez nuelako ezer egitekorik. Aitak han egon nendin manatu zidan. Nik ez dakit nitaz zer pentsatuko ote zuen andere hark, bereziki nere zapatei luzaz begira ari zitzaienenean. Ezkondu ziren egunaz ez naiz batere oroitzen, gonbidaturik ez bainengoen eta amatxirekin
gelditu izan nintzatekeela gogoratzen dut. Ez dakit.
Ongi oroitzen naiz, aldiz, handik urte batera edo hala, bere ahizparen ezkontzara ereman nindutenean, Biarnoko Oloroera. Donibanetik berebilez abiatu ginen, beti aitak zeukan azken Peugeotaren barnean, senar-emazteak aintzinean eta ni gibelean, erdi- erdian, bi jarlekuen artean aurrera begira. Peugeot horiek zerbait txarra bazuten, berogailua pizten zenean ateratzen zuten usainak bazter guztiak txoratzen zituela eta niri, hura usaindu orduko, berehala sabela hankaz gora ezartzen zidan. Egun hartan berdin. Bidean gindoazelarik Biarnoko bide biradun meharretatik goitika botatzeko gogoa sartu zitzaidan bainan aitari hainbeste bildur nionez gero, ez nion ezer aipatu eta bat-batean nere bi jarlekuen arteko garai nengoen molde hartatik eta ezer esan gabe, horra nola, eskuinera begira, okaldia jalgi zitzaidan ama berriaren soineko dotorearen gainean. Zer oihuak! Goitik behera zipaturik, okaz beterik, zetazko soineko hura erabat lohiturik, osoki bustirik, usain nazkagarriaz estalirik. Zer nazka paregabea! Eta zer oihuak! Lehenik aitari halako semea izateagatik, gero niri, ulergaitzak nituen irainak trumilka botaturik, azkenik berriro aitari bide bazterrean geldi zedin…
Aitak autoa uzteko txoko bat aurkitu zuenean bazter belarditxo batean gelditu zen eta sakeletik atera zuen mokanesa eskuraturik bere emaztearen soinekoa garbitzen entsaiatzen hasi zen. Ni beti gibelean garbi- garbirik.
Ezker-eskuin begira, berehala zubi txiki bat bazegoela ohartu zen eta aita erreka bat ote zenez haraino hurbildu zen. Salbazioa ! Han beherean errekatxo bat zisurien eta aita, arroken arteko bidean abiaturik, beheraino iritsi zen ur pixar bat hartzera. Han zegoen, laupattaka, harrien gainean makurturik, ezin urik hartuz.
Eta, bat-batean, hara irristatzen dela eta uretara hankaz gora erortzen dela. Zer amorrua! Aita zipaturik errekan erorita, ama berria ezin likitsago, usaintxartuta, nere aurkako gorrotoz beterik, eta ni erdi irri gordean, izkuturik ezpainak ene eskuen atzean, nekuskeenaz isilka gozatuz. Aita, mokanesa bazterturik, jauzika goraino igo zitzaigun, bere narderia ezin jasanez, masaileko gotor bat eman zidan eta denoi berebilean sar gintezen agindua eman zigun, lehenbailehen Oloroera iritsi behar omen genuela eta...
Zer urrin usaina! Alde batetik oka zohiak, ondu-onduak, bestetik berogailu txoragai haren giroa eta azkenik, senar-emazteak mokoka, batek besteari isil zedin, aitak nola ez nuen deus erran iroiztatuz, eta ni ahalkez itota, isil- isilik atzeko jarlekuan eserita. Azkenean Oloroera iritsi ginen, baina aldatzeko jantzirik gabe, Kankailuren ahizpen desesperazioa lekuko. Soinekoa ezin garbituz, beste bat utzi zioten. Aitaren galtza nolazpait garbitu zuten eta lisagailuarekin idortu. Beharrik dutxa hark hasarre zegoen ama berriari usain guztia desagertarazi ziola. Apeza, jadanik, elizatean ezkonberrien zain zegoen eta beste auto garbiak harturik elizarantz abiatu ginen. Oloroeko etxe parean gelditu zen auto bakarra aitarena izan zen. Amaberria bere seme berriaz betiko oroitu zen eta ongi pagarazi ere bere bizitza guzian.