09 Dominixine

Domintxine

Bihurrietan bihurriena izan nintzatekeela badakit bainan gazte denborarekin desberdintasun handia da orain, halakoa nintzen eta arrazoinak ezagutzen ditut. Ez da meritu handia bainan adinak, adimenduak, pedopsikologiaren aldeko grinak, gazteen konportamenduen ulermenak eta nere irakasle ofizioak hori behintzat erakatsi didatela uste dut. Olerkiak idazteak ere bai, pentsamen sakonetan murgiltzen nauelako bereziki galdu nuen amaren gaia ukitzen dudanean. Gaietan gai nagusia dudala aitortu behar dut eta amaren sabela, leze urtsuetan biziaren ikertzea, “bizila”, iturburua, ur-hazia eta halako izaitearen filosofia izakorraren inguruko gaietan igerika ibiltzea gustukoa dut.

Hori guztia esateko gaztetan hain bihurria zergaitik nintzen orai badakidala eta adolesentzia madarikatu hartan nere zorionaren barnean zergaitik hain malerus izan nintzen ere bai. Eta Dominixine gogorat heldu zait.

Hameka urteetan Donibane Lohizuneko Santa Maria eskolan nengoen eta nota txarrak nituen, denbora gehiago bihurrikeritan iragaiten nuelako ikasketetan baino. Beharbada ere berez bihurria naizelako, bainan bereziki bost urteetan ama galdu nuelako, amaordeak etxean maite ez ninduelako eta aita beti lanean aritzen zelako, hitz batez, amodioaren bila nolabait nebilelako. Bosgarrenean nengoenean beste lagunek baino urte bat gutxiago neukan, halako urtea irabaztea modan baitzegoen orduan, moda nazkagarrian, batez ere egiazko burgesiako familiakoa izan nahi bazen. Ene gaurko irakasle ofizioak hala jarraitzen duela erakusten dit eta ez bakarrik eskuindar dirudun familietan baizik eta sasi intelektual ezkertiar hirurogeita zortzitarren artean ere. Beraz, nere hurbileko lagun batzuek bezala, urte hori irabazi nuen, zailtasunetan sartuko ninduen urte madarikatu hartan. Badakit ene kasuan zailtasunak ez zirela bakarrik hortik heldu eta nere familiako egoerak zirtzilkeriaren bideetan sartaraziko ninduela betiko.

Bosgarreneko maila hartan irakasle nagusia Elissalde matematikako irakaslea zen, gizon zorrotza, nere aitaren iduriko pertsona bildurgarria eta Claire, bere emaztea, geografia eta historiako irakaslea genuen. Behin asteko notak jaso nituela eta txarrenek ukaiten zuten boletin beltza izan nuen. Noten balioa karnet haren kolorearen araberakoa baitzen, beltzetik txurirat, laranja, berdea, urdina tarteko.Txuriak zeruarekin ikustekorik hark zerbait bazuela banekien, infernutik zeru gardenera zihoan salbazioa, eskola katolikoetan erakusten ziguten beti ereko zoriona. Beltza, aldiz, infernuko suaren baino haratagoa, kiskalien erre kolorekoa. Beraz, karnet beltza jaso nuen eta egia esateko nota ezin beltzagoak jaso nituen, batez ere, matematikan. Aitari hura erakustea ez zitzaidan posible izan eta nere muinak itzulipurdika ezarri nituen ea nola egin nezakeen noten orri txuri haren gainean aitaren sinadura jasotzeko hasarrerik bildu gabe. Notak faltsifikatzea? Nola? Orduan, generabiltzan idazteko tinta beltzak haren koloreko ideia eman zidan, bulego zahar haren zuloan dardarez zegoen ur beltza nere zain egon balitz bezala. Zergaitik ez dakit bainan matematikako notak tinta beltzez estaltzea bururatu zitzaidan, orban beltz batez estaltzea, ustegabeaan isurita izan balitz bezala. Orduan ezabatzeko txuririk ez zegoen, are gutxiago orain gazteek erabiltzen duten ezabagailu magiko hortarik.

Tindagailua hartu nuen eta ahal bezain trebeki nota ustel haren gainean isuri nuen, zer egiten ari nintzen ohartu gabe, baina aitak ez zuen halakorik ikusi behar eta ideia tinko horrek zozokeria handiraino bulkatu ninduen. Ai ama! Nere izigarrizko urduritasunak tinda hura gaizki isurtzera ereman ninduen eta hango tatxa beltzaren azpian nota garbiki ageri zen oraino. Izugarriko bildurra sartu zitzaidan, aita nere tranpaz berehala ohartuko zela konturaturik. Nere haur pentsamendu hark beste animaleko zozokeria batera ninderamala ez nintzen ohartu ere eta tatxaren ondoan ohar ttiki bat idatzi nuen, esanez hark ez zuela balio, marrazkitu nuen zagitatxoaren puntan, « nul » hitza idatziz. Beraz, pentsa zer nota orria, boletin beltza, izugarrizko tatxa beltza, anulazio haren haur aipamen zentzugabea... eta hori guztia aitari matematikako nota txar hura ez erakusteagatik....

Pataska hura aitari erakutsi nionean, bere galderei gezurrekin erantzun nion, ikaraz beterik. Bi zafla jaso nituen eta matematikako irakasle nagusiarekin hitzordua hartu. Zergaitik ez ote nuen, beste behin edo beste egin nuen antzera, nere boletina galdu nuela esan, bederen tatxa eta anulazio inoxente haien seinaleak ezaba nitzan. Ez dakit. Han pasa nituen lotsak deskribagaitzak izan ziren eta dakidan bakarra nere aitaren aldeko ezponda sakona oraindik gehiago hondoratu nuela, eskolaren aldekoa bezala.

Zigorturik nengoen, etxean, eskolan, bihotzez eta buruz. Urte hura nazkagarria izan nuen eta irailean Baionako Saint Bernardera igorri ninduten. Han jadanik kontatu ditudan abenturak bizi izan nituen hirugarreneko urtea bukatu arte. Errepikatzera kondenatu ninduten eta nahiz eta urtearen azkenean BEPC azterketa gainditu, Domintxineko eskola zorrotzera uda pasatzera bidali ninduten. Baxenafar kulturakoa izan arren Zuberoan dagoen herrixka huntan zegoen ikastegiak Goienetxe apez zuzendari ezin zorrotzagoa zuen eta hura txantxetakoa ez zen, bihurri, zirtzil eta ikasle txar guztien biltoki makur zuzentzailea baitzen. Aitak udan harat igorriko ninduela esan zidanean negar putzutan ito nintzen. Ez bakarrik zigortuta nengoelako baizik eta nere salbazio emotiboa galduko nuelako eta Baztango Arraiozera ezin izanen nintzelako joan. Adio urtero neukan amodiozko pilen kargatzeari, adio nere libertate arnas hartze sakonari, adio ere munduan gehien preziatzen nuen uneari. Kabroia! Edo kabroiak, bera eta bere emazte madarikatua! Amatxiren erreguek ez zuten ezertarako balio izan eta harat igorri ninduten, ezin tristeago, negarrez.

Aitak beti bere itxura salbatu behar zuen eta atseginetan atseginena jendearen aintzinean agertu. Domintxinerako bidean abiatu baino lehen, etxeko kontserbategitik kartoi handi bat hartu zuen eta hango apezari oparitzat ereman. Egia da hark zanpaldietatik salbatu ninduela eta inoiz ez nuela jaso ez zaflarik, ez besteek hartzen zuten makil kolperik, ez eta ohiko gaitzipenik ere. Inoiz ere belauniko lurrean ezarri, sekula bizkar gainean aulki zahar haren zangoaren arrastorik ez edota aztarnik ere. Eskola hark zeukan fama ikaragarria zen eta ongi irabazia, hantxe jasotzen ziren zanpaldiak animalekoak baitziren. Eta berdin zen gorputzean aztarnak ubel gaiztoetan izatea, legea halakoa baitzen eta buraso nola ikasle, denek han gertatzen zena onartzen zuten.


Bigarren salbamendu bat izan nuen, Louis-ek, nere aitaren anai arkitektoak, bertako trinketearen planoak apezari urririk egin zizkiola jakin nuen, apeztiarren arteko mesede gisa edo apezen aldeko eskaintza bezala. Beraz, sardinen, antxoen eta atunen gainetik trinketeko marrazkiak batzeuden eta haiek zanpaldietatik baztertzen ninduten. Besteek sekula ez zuten ulertu zergaitik haiek zanpatzen zituzten eta ni ez. Nik ez nien ezer erran.  Gure arteko batzuek halako tratamendua ez zuten soportatzen eta handik ihes egitea erabakitzen zuten, gehienetan korrika, eskola gibelean zegoen artolandatik barna. Helbururik gabeko ihesaldi hark beti irtenbide berara ekartzen zituen, zanpaldira. Batzuk gendarmeriak ekarriak, beste batzuk bakarrik itzuliak edo azkenak burasoen otoetan berriro eskolara eramanak. Jean Intxauspe eta Dominique Laxalt lagunak osin eta larren ziztekoz beterik gendarmeen artean ekarri zituztela gogoan dut, Alcatraz presondegiko ihesaldiaren filmean bezala. Hura benetako kartzela genuen, izialdurak goratutako sarez eraikitako presondegi bildurgarria. Eta ni han, denbora galtzen, ezer gehiagorik ez bainuen ikasten.


Etxaluz familaren etxaldean nengoen, bide nagusitik landa zegoen etxalde hartan, orduan denok herritarren etxeetan lo egiten baigenuen. Kontserbek eta trinketeak ni horra eramateko eragina izan zutenez ez dakit bainan etxe ederra zen, geroago ezagutuko nuen Christiane nere ohiko lagunaren etxea.

Nahiz eta harritzeko izan, Domintxinen neskak ere baziren bainan esistitzen ez balira bezala, sekulan elkarrekin ez baiginen. Han urrunean ikusten genituen, lerrotan emanik, haien klase berezietara sartzen. Bakoitzak bere egoitzak bazituen eta haien berri ez genuen sekulan izaten, urruneko buru keinu batzuez aparte. Pentsa, jadanik bizi nuen nesken aldeko ezezagutza nola sakondu zen herri hartan, izar helgaitz batzuen pare noizean behin agertzen baitzaitzaizkigun. Hurbilago ginauden leku bakarra eliza zen eta meza guzia haiei begira iragaiten genuen. Gure aurrean zeuden, lehenbiziko lerroetan jarririk eta zaila egiten zitzaien burua gureganantz itzultzea oihu bat entzun gabe, gu aldiz aurre-aurrean genituen eta gure jokoa haiei so egitea zen, haietaz trufatzea edo ele lizunetan aritzea. Lainoen artean gogorat orain heldu zait neska baten itxura, agian haien arteko politena izan zitekeena, ile iluneko neska azkar eder bat, beharbada Catherine deitzen zena, ez dakit, haien izenak ez bagenekizkien. Pentsa, iragan den denborarekin gainera.... orai berrogei urteko ixtorioak baitira.

Legeak hausteko modu bakarra zigarreten bitartez genuen, bai arto landan, zerbitzuetan edo lo egiten genuen lekuetan. Irakasleek haizu baitzuten erretzea eskola hartan, baita kurtsoetan ere eta hark erretzeko izugarrizko gogoa ematen zigun. Bru izeneko matematikako irakaslea beti gogoan izan dut, ordu guztiak hark kea nola irensten zuen begiratzen pasatzen genituen, lilluraturik, artista bat baitzen gure gizona, kea irensteko era berezia baitzuen, arnasaldi xarmangarri haiek nornahiri erretzeko gogoa sartzen zizkioten. Nahiko gisakoa genuen Bru hura eta noizean behin, denen isilpean, zigarreta bat ere eskaintzen zigun…

Hilabete osoa han iragan nuen, uztail madarikatu hura. Agorrila inoiz bezain zaporetsua izan nuen, nere Baztan amesgarrian bainan inoiz ez dut ahantziko uda hartan iragan nuen egoera latza.

Beste arrazoinengatik, Domintxineko eskola hura orai ere nahiko ezaguna dute, batez ere Frantziako integristen munduan, erreferentzia handiko halako motako eskola pribatua baita, Frantzia guzitik etortzen zaien ikasleez beteta. Nabarrenkoxeko lagun bat badiat, Donibane Lohizunen bizi dena eta bere herrian etxe bat alokatua duena. Nori? Bere militar lantokia Pauen ukaitea lortu duen komandante bati, haren semeak eskola integrista horretan ikas dezan. Nola hala bilakatu den ez dakit, herritarrek jakinen dute baina ez da goxo izan behar halako eskola bertan izatea. Gaixo herriko apeza, gaixo herritarrak, nahiago zanpaldi eta oihuak, segur.