26 Dibisak

Dibisak

Nere bizian suerterik ez dut ukan, batez ere ama eta arrebak bost urteetan galdu nituelako. Aitatxi eta amatxi ere gazterik joan ziren, berrogoita hamar urte aldera. Halako gertaerek egoera bitxi batzuk sortzen dituzte hala nola belaunaldien sailkapena errespetatu gabe, birramatxiren etxea eta ontasun bat edo beste zuzen-zuzen eskuratzea. Ez dakit suertea denez baina ene amaren aldeko familia diruaren aldetik nahiko lasai bizi izan da eta beti zonbait ontasun izan dute. Halakoetan, familiaren adar bakoitzaren partea beti errespetatua izan da eta nahiz eta besteak ene aitatxiren adinekoak izan, notariorenera joan ginen egun haietan , ni gazte-gaztea nintzen, ama eta amatxi laster galtzeagatik. Familia horretan beti ehuneko zortzia izan dut eta behin edo beste, dirua eskuratzea egokitu zaidanean nahiko arazo izan ditut, batez ere, frantses nazionalitatea nuelako. Beraz, niri beti zor zidatena eskura eman didate, sekula arrasto ofizialik uzten duten moduz, nahiz eta behin orduko diru mordo bat kobratzea suertatu zitzaidan. Liberak edo frankoak eskuratzea ez zen orduan hain erreza, eskerrik Elizondoko Banco de Bilbao-ko zuzendaria ezaguna genuela eta borondate onekoa.

Ni, Iparraldekoa izanez, Hegoaldeko banketxe batean ezin nuen dirurik ukan, dibisak baizik, hau da, Iparraldetik ofizialki ekarritako eta deklaraturiko dirua. Baina nere kasua bitxia zen, Nafarroan eskuratu nuen birramatxiren herentzia nolazpait banketxean sartu behar nuelako eta zer egin ez nekien.
Orduan, diru mugimenduak aise egiten ziren Baztanen eta joko horretan bakoitzak bere jukutria bazeukan, batez ere, banketxeetako zuzendariek.

Iruñeko diru hura eskuratu nuenean Elizondoko bankari hari ikustera joan nintzaion, ea zer egin nezakeen sos hura bankuan sartzeko. Denbora ainitzik ez zuen behar izan irtenbide zuzena aurkitzeko eta handik aurrera isiltzeko agindua eman zidan. Telefonoa hartu eta nere aintzinean Dantxarineko aduana bistari edo agintariari deitu zion hauxe esanez: “Egun on Don Julian, Miguel naiz, BBko zuzendaria. Begira "frantses"gazte bat etorri zait diru mordo batekin bankuan sartu nahi duela esanez eta nik berehala esan diot ea mugatik pasatzerakoan deklaratu ote duen? Ezetz erantzuterakoan hori legezkoa ez dela ihardetsi diot. Zer iduritzen zaizu nerekin mugaraino hurbiltzen bagatzaizkizu eta hortxe dibisen sarrera deklaratzen baginu?” Harrigarria!
Berehala baietz erantzun zion eta Dantxarineko bidea hartu genuen, bankari lagunaren autoa harturik. Hara iritsi ginenean berriz ere isiltzeko agindua eman zidan, erdaraz mintzatzen jakin ez banu bezala eta berriz ere, telefonoan esandakoak bistari errepikatu zizkion. Zein ez zen izan nere harridura aduanako agintari hura ikusi nuenean tanpoia hartzen eta sasi dibisa haiek esku kolpe batez legeztatzen. Tapa! Zigillu libratzailea paperaren gainean. Deus gerta ez balitz bezala, bankariak eskerrak eman zizkion, ni beti isilik, eta Otxondotik barna, Elizondoko bidea hartu genuen. Zein erreza agertu zitzaidan tranpa horietan aritzea. Nik ez dakit biek aski ongi elkar ezagutzen zuten edota elkarrekin kontrabando lanetan aritzen ote ziren, baina hain erreza iduritu zitzaidan diru beltza hala xuritzea, zalantza bizian sartu nindutela.


Beste egunetan ere, eta liberak behar nituenean, sortzez Erratzukoa zen bigarren zuzendariari horren berri ematen nion eta Izpegiko bentetan berehala prezio onean liberak lortzen zituen, beti egunkariko paperez inguratuta, banketxetik pasa ez balitz bezala eta komisio tikitto bat harturik.

Egia da Baztan izan dela beti kontrabandoko eremua eta sosa erreski mugitu den lurraldea. Pentsa Elizondo bezalako herri batek hamahiru banku bazituela orduan, hantxe industria edo komertzio pila bat izan balitz bezala. Lau mila biztanleko Elizondo berean Banco de Bilbao, Banco Vasconia, Banco Guipuzcoano, Banco Central, Caja de ahorros de Navarra, Banco de Santander, Banesto, Bankinter, Banco de Vizcaya, Ibercaja, Caja rural, Argentaria eta la Caixa bizi- bizirik zeuden, eta neure buruari galdetzen diot ea zer dirurekin hori? Iruritan, Oronozen eta Erratzun beste hiru banku sukurtsal baziren, orotara hamasei banketxe zortzi mila pertsonentzat, gehienak baserritarrak edo Lesakako entrepresan lanean ari zirenak, beraz inolaz ere aberatsak... Ibarran ez zegoen ezer, Ameriketatik igorritako dirua eta kontrabandoa baizik. Zenbat aldiz Elizondoko jendeen itzulia egin eta hasi kontatzen zenbat jende ari zen lanean eta zenbat ez? Harritzekoa zen ikustea jende gehienak lanik ez zuela egiten eta... Nola bizi ote??? Eta hamasei banketxe!!!


Nik bizituriko ixtorioa ez da ezer han gertatzen zenaren ondoan, kontrabandoa pil-pilean baitzegoen. Pedro Mari Esarte historiazaleak berriki Baztango kontrandoari buruzko liburu interesgarri bat idatzi du, protagonisten izenak emanez. Ez da familia ainitzen gustokoa izan. Halare, benetan irakurtzekoa.