Familia politikan
Soubelet familia arras eklektikoa izan da eta amatxik izan zituen sei semeak arras desberdinak izan ziren, gaur egun bi baizik bizirik ez egonez.
Aitatxik bere erroak Itsasun zituen, Zubeleta etxean, oraino jatorrizko izena errespetatzen duen etxalde horretan. Bere aita Ziburura etorri zenean xaia bat erosi zuen, Rue de la Fontaine den karrikan, gero Cuendek izan zuen xaia bera. Donibanen ere halako beste bat bazuen, geltokiaren parean “la Consolation” izena zuena. Zergaitik aitatxik arrain kontserbategi bat montatu zuen ez dakit, baina lantegi hura eraiki zuenean agian ez zekien Ziburuko ixtorioa nolazpait markatuko zuela, “Ets JP Soubelet” izeneko hura denbora luzetan herriko kontserbategi handienetarik izan baitzen, hirurehun langile baino gehiago ukanez. Barku armategi bat ere bazuten eta portuan izan zituzten barku gehienak han bertan eginak izan ziren, azkenak bederen. Lehengo denboretan Bermeon eraikitzen zituzten eta Bizkaian egindakoen izenak hauxe ziren, Roncevaux III, Ederrena eta Euskal Herria.
Aitatxi zergatik kostaldera hurbildu zen bai badakit, gerla denbora hartan, soldaduzka Sokoan egiten baitzuen, hantxe baitzen hegazkin basean eta Itsasutik txirrindaz heldu zela kontatu zidaten. Han, Laure Luce, hegan ingenier baten alaba ezagutu zuen eta geroztik Ziburu eta Donibaneko herriak bihotzeko pausa lekutzat hartu zituen, nere amatxi bilakatu zenarekin ezkondu arte.
Aitatxiren ondotik René osaba izan zen lantegiko zuzendari bainan ez luzerako, aitatxik nere aita, Robert, laster izendatu zuelako, familiakoa zen ontasuna ahal bezain ongi kudea zezan. Beste lau anaiek ere horretan parteak bazituzten, Louis, arkitektoa zena, Bernard albaiteroa edo marexala, orduan Casablancan zegoena, Jacques, aitarekin lan egiten zuena. Ttune, anai gazteena, orain frantses adituan Thyounet idazten zaiona, irakaslea zen lehenik, entrepresaria gero, baratze zaindaria orai, gero, nork daki?
Anai gehienek politika maite izan zuten eta seietatik lauk herriko lanetan sartu ziren, nor auzapez, nor kontseilari, nor zinegotzi. Nere bataioko aitatxi zen Osaba René Urruñako auzapeza izan zen bizpahiru aldiz, Paueko ekonomi kontseiluaren presidenta izan baino lehen. Gizon atsegina zen, bizia maite duten horietakoa eta agian gazterik arrazoin horrengatik hil egin zen. Bigarrena, nere aita, beti lanean zegoen eta kasu handirik ez zidan sekula egin, batez ere, berriro ezkondu zenean. Ama, bost urte nituelarik hil baitzitzaidan, nere sendimenduzko bizi gehiena nere amaren aldeko izeba Julitxorekin iragan nuen, bataioko amatxi neukan andere paregabea. Bost urteren buruan, berriz ere, aita ezkondu zen, haurdun gelditzeko ahalmen guztiak egin zituen biarnes kankailu batekin, Donibanera uda iragaitera heldu zen andre zozo harekin. Nik ez dakit haren aitak, Biarnoko kontseilari orokorra izateagatik, nerea politikan sartu zuenez, bainan, hauteskundeak zirela eta, bat-batean Ziburuko Rospide medikuaren izeneko zerrendan aitaren izena agertu zen, lehen adxuanta izateko asmotan. Eta lehen aldikotz, Ziburun betitik agintean izan ziren ezkertiarrek bozkak galdu zituzten eta aita lehen aldiz politikan sartu.
Aitak suerte txarra ekartzen ote zuen ez dakit bainan bere emaztea eta hiru alabak zendu ondotik, ez dela txantxetako gauza, hara Rospide auzapez berria ere hil zela eta aitak, zerrendan bigarrena eta lehen adxuanta izateagatik, bere lekua hartu behar izan zuela. Hauteskunde berriak izan arte, auzapez nonbratu zuten. Urte baten buruan edo, Fisher jauna eskuindarren zerrendaren buru agertu zen eta hauteskunde berrietan , berriz ere, aita bigarrengoa izan zen. Zenbat urte iraun zuen Fischerrek ez dakit bainan laster hil zen ere eta aita berriro auzapez nonbratu zuten. Nork ote zuen Ziburun halako esku beltzik ez dakit ere baina auzapezak bat bestearen atzetik hiltzen ziren eta aita bigarren.
Urrezko urteen ondotik, ohiko familiako entrepresa nahiko gaizki zebilen eta hura hondatu zenean Saupiquet multinazionalak bi sosetan eskuratu zuen, zituzten zorrak ordaintzeko baizik balio izan ez zuen salmentan. Egia aitortzeko, politika mundu barnean aitaren abentura aski bitxia izan zen, Frantzian zegoen Poher izenekoaren araberakoa, besteen malerusengatik bigarrenetik lehen postura ailegatuz. Halere eta ni abertzalea izateagatik, ildo horretan egin zituen gehienek, orduan bederen eta gazte izateki, lotsaz beterik uzten ninduten. Orai aldiz ez.
Hirugarren anaia, gazte denboretan ainitz ezagutu nuen osaba Louis zen, hamabi urte luzaz Donibaneko adxuanta izan zena, Larramendi alkatearen urbanismoko konfiantzazko zinegotzia. Gizon bitxia zen, erreski hasarretzen zen horietakoa, ikuspegi eskuindarrak zituen apasionaturiko gizona, apezen artean bizitzea gustatzen zitzaiona, elizkoi amorratua, hitz batez, Lapurdin izan ziren eskuin muturreko gizon euskaldun eliztiarren ildokoa, nahiz eta bihotz handikoa izan. Bere emazteak Evelyne zuen izena eta nere ama gazterik hil zitzaidanetik ostegun guziz bere etxera urte luzaz bazkaltzera konbidatu ninduen, arratsaldea Pierre, Catherine eta François nere lehengusuekin iragan nezan. Nahiz eta maitagarria izan, hura ere integrista hutsa zen. Oroitzen naiz nola hamairu urte inguru nituenean Antoine kantariak bere elukubrazio famatuak atera zituela eta, 45 itzuliko disko txikitxo hura gelditu gabe ezartzen genuela. Aldiro Evelyne izeba bat-batean soinua apaltzera etortzen zen, pasarte berezi bat isilpean iragan arte, kantariak zerbait entzungaitza esaten balu bezala. Sekulan ez genuen ezer ulertu, hura ez genuela entzun behar baizik. Geroago jakin nuen Antoinek “la pilule” aipatzen zuela eta antisorgailu haren aipamena zela sekretu haren iturria. Adibide horrek aski garbi erakusten du famili horren ikuspegia.
Astearteetan apez andana batek etxe hartan zeukan ostatu, Daguerre izeneko apeza, Darraidou ezpeletarra eta Laxague jaun erretorra, Finaly haurren aferan hain hurbil ibili zena. Denak eskuin muturrekoa zen Iribarnegaray diputatuaren aldekoak ziren eta osaba Louis Frantzian zen Tixier Vignangourt estremistaren aldekoa. Nik politika frantsesez gauza handirik ez nuen ulertzen bainan nekien bakarra abertzalea nintzela eta jende horiek nazka ematen zidatela. Pentsa zer desgustua hartu zuten osaba-izebek hamazortzi urteetan bere semeak andregaia haurdun utzi zuenean eta, urte berean, bigarren alaba komunista gazterietan sartu zenean. Hobe izan zuten musika hura ez apaltzea eta apez eskuindar haiekin gehiegi ez egotea, bainan bizia hala da eta harritzekoa bada ere, Louis bere azken hamabost urteetan euskaltzale eta abertzale bihurtu zen, AEKn inskribituta bere euskara hobetzeko asmotan eta EA alderdian sartuta bere abertzaletasuna nolazpait erakusteko. Beharrik bere azken nahiak errespetaturik ez izatea ez zuela jakin, bere ehorzketak euskaraz izatea eskatu baitzuen bainan debaldetan, Landesetako prefeta zen Pierre bere semeak beste erarat erabaki zuelako. Zer harro zegoen osaba semea prefeta izateagatik, ez hain pozik agian Mont de Marsaneko apezpikuak hil-meza zuzentzeko eskatu zuenean eta Pierre bere aitaren azken nahiak errespetatzen ez zenean ausartu. Politika bideetan ibili zen ere Pierre lehengusua, bi urtez edo Chereque ministro sozialistaren “directeur de cabinet” Parisen izan zenean, batez ere.
Bigarren aldiz nere senideen politika aukeraz lotsatu nintzen.
Hirugarren osaba Bernard nuen, gehienentzat Beñat zena, Marokotik itzuli zenetik Paueko Sanders etxean lan egiten zuena. Lana uzteko adina heldu zitzaionean politikan sartzeko grina berari ere sartu zitzaion eta mila eta bederatzirehun eta larogoita hamabosteko herriko hauteskundeetara bere burua aurkeztu zuen, edo aurkeztu zuten, zerrendaburu zen Alliot Marie ministroak lehen adxuantatzat hartu baitzuen, politikari profesionalik bere ondoan ez omen zuelako ikusi nahi. Nik ez dakit Alliot Marieren antzeko jendeek politika zer den badakiten, itxura eta postuaren aparte, eritzi politikoak badiren badakiten ere, niri ere zerrendan sartzeko aukera proposatu zidalako, hain zuzen. Beti oroituko naiz nola Gambetta karrikan zeukan bulegora egun batez deitu ninduen eta eskailerak igotzen ari nintzenean handik jeisten zen nere osaba gurutzatu nuen, hura putetxe baten sarrera izan balitz bezala. Hantxe, eta inor gehiago baino lehen, lehen adxuanta izanen zela jakin nuen, ezin izkutaturiko poz handi batekin aitortu baitzidan. Andere harekin izan nuen elkarrizketa, aldiz, modu berekoa ez zen izan, Donibanen ez zuela ezer egitekorik eta bere lekua Parisen edo Miarritzen zuela garbiki esan bainion.
Osaba Beñat sei urtez zinegotzi egon zen, bai bigarren auzapez, baita kulturako zinegotzi ere. Alliot Marie Donibanen inoiz ez egoteagatik osabari alkatetza birtuala utzi izan zion eta ni, horretaz baliatzen entsaiatu nintzen, bereziki Begiraleak elkartearen zuzendari bezala. Bere bulegoan etxean bezala sartzen nintzen eta lortu nituen gauzak garrantzitsuak izan ziren taldearendako, hala nola subentzio berriak, besta berrien antolamenduak edo gure egoitzarako gela berriak. Halere ixtorio guzian Donibanek izan duen kulturazko kontseilari txarrena izan zela hemen aitortu behar dut. Mandatua bukatu zitzaienean Alliot Mariek ez zuen osaba berarekin berriz hartu eta ezer esan gabe kanporatu zuen.
Nahiz eta euskal kulturaren hariak azpitik tiratu, hirugarren aldiz lotsa senditu nuen, batez ere osaba Beñat Alliot Marieren bigarrena izateagatik.
Beste bi osabek sekulan ez zuten politikan urrats berezirik egin, ez Jacquesek ez eta Ttunek ere. Lehengusuetan aldiz, Pierren aparte, ni izan naiz hautesle bakarra, beti galtzailea, bozka emaileek abertzaleak gure Lapurdi honetan kokatzen gaituzten leku horretan sartua, zokoratua, baina nahiz eta hala izan arima sekulan ez dudala salduko badakit. Halere, 1994eko kantonaletako hauteskundera , abertzaleen izenean, ene burua aurkeztu nuenean, emaitza nahiko onak atera genituen, baita ere herriko etxerako bozketan zinegotzi izan nintzenean, baina enea militantismoa zen, besteena aldiz ez dakit.